Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2021eko urriaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5242

EBAZPENA, 2021eko irailaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2021eko urritik 2022ko irailera bitartean emandako euskara-ikastaroengatik Euskal Etxeei dirulaguntzak emateko deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.a) letrak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber dekretu horrek, bere 19. artikuluaren 3.b) apartatuan aipatzen du, munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez, dela EEIren eginkizunetako bat.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da munduko euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2021eko martxoaren 3an, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza-deialdi hau onartu zuen, beronen irizpideekin batera, eta dirulaguntza hau Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago. Plan Estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako, eta sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024).

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Zuzendaritza Kontseiluak onartutako deialdi hau argitaratzea: 2021eko urria eta 2022ko iraila bitartean Euskal Etxeek emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzen dituena.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

EEIren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 290.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 78.000 euro, 2021eko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 212.000 euro, 2022ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Euskal Etxeekiko harremanetarako den maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak, eskakizun hauek betetzen badituzte, betiere:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

e) Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

2.– Betekizun akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente (2015eko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.).

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz egingo dira eta EEIren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio hurrengo helbidean: Andre Zigarrogileak Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

Aurrez aurreko eskabideak aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

2.– Eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskabideek jaso beharko dute ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskariek bereizi beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren. Eskabideak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, dirulaguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

3.4.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena «minimis» laguntzak jasotzeari dagokiona (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesatuak eskubidea dute Administrazio jardulearen esku dauden edo beste administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen hutsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galdu duela, aurretiazko ebazpen baten bidez.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien dirulaguntzen modulua 13,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, dirulaguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren ebazpena.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.

2.– Esleipen-ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- zehapen-prozedura oro. Laguntza publikoak jasotzeko ezgaitasunarekin edo dirua itzuli beharra ezarriz amaitzen bada prozedura, eta ordainketa egiteko borondatezko epean egiten ez bada, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezarriko baita.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, EEIren zuzendariak kitapen ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz, proportzionaltasun printzipioaren baitan.

10. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epean eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntzen ebazpena ematen den momentuan 2021eko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2022ko martxotik aurrera, 2021eko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2022ko urtarril/irailerako erabakitako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, EEIren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada, betiere.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek dirulaguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako II. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian jasotzen den eredua erabiliz egingo dira eskuragarri izango den eredua erabiliz eta ondoko informazioa bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, hori guztia dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratuko truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

Aurrez aurreko justifikazioetarako aurretiazko hitzordua eskatu behar da.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako dirulaguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honen 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, halakorik lortzea ezinezkoa den kasuan, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

6.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2021eko urritik abendura bitartekoak, 2022ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2022ko urtarril-iraila bitartekoak, 2022ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakin hartarako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazio oro ematea.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, dirulaguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

e) Halaber, aplikagarria da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazten honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. Eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitaldietan zehar. Diru-kopuruan hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dute ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko helburuarekin.

Betekizun honetatik salbuetsita daude egoitza soziala Europar Batasunetik kanpo duten eskatzaileak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko informazioa:

Datu pertsonalak erabili egingo dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua sortzekoa eta arautzekoa (2007-05-10eko EHAA, 89. zk.).

Hartzaileak: Ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea izango du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Honako web-orri honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ID: 0573.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dioen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2021eko irailaren 27a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

I. ERANSKINA
Eskabidea
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
Zuriketa eredua
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Zigor administratibo edo penalik ez dueneko erantzukizunpeko agiria
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
Bateragarritasun-adierazpenak
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala