Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2021eko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5022

AGINDUA, 2021eko irailaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien zazpigarren deialdia onesten duena (2021. urtea).

2020-2024 Gobernu Programako konpromisoetako bat da «Administrazio irekiagoa eta gardenagoa bultzatzea, kontuak denbora errealean ematen dituena» eta ekimenetako batzuk hauek: «Gobernu irekiaren eta nazioarteko aitortzaren estrategia bultzatzea. Erreferentziako nazioarteko erakundearekin lankidetzan aritzea, Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzarekin (OGP), gobernu irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak sustatzeko tresnak garatzeko eta ebaluatzeko», eta «Herritarren parte-hartzea areagotzea eta haiek emandako iritziak modu aktiboan entzutea, eta kudeaketa publikoa denbora errealean informatzeko eta ebaluatzeko prozesuan adierazle-sistema birdiseinatzea.»

Gai publikoetan herritarren parte-hartzea eta lankidetza bultzatzeko konpromisoa, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriari lotuta dagoena, 2015., 2016., 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez, eta zazpigarren edizio honen bidez berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez-antolatuek aurkeztutako proiektu berritzaileak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetako batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa eta kultura, kohesio soziala; eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako parte-hartzea.

Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, funtsezko ezaugarri gisa.

Zazpigarren edizio honen bidez (bosgarrenean eta seigarrenean bezala) lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide direnez, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak sustatu behar dira.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2021. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan (2021eko martxoaren 9ko Aginduaren bidez onartutakoan) sartu da deialdi hau, bertan berariaz ezartzen baita «Elkarlan» sarien deialdiak egingo direla 5. helburu estrategikoari lotuta: «Herritarrek parte hartzeko proiektuen bitartez, erakundeen laguntzarekin edo gabe, herritar antolatuek sortutako balio publikoa aitortu eta ikusaraztea, Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria hedatzeko konpromiso gisa.» Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratu da plana. 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan badago deialdia honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzak du ekimena bultzatzeko ardura; izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila egituratzeko dekretuan, 12.1.a) artikuluan, Zuzendaritza horri esleitzen zaio honako eginkizun hau: «Politika publikoen zehaztapenean, gauzatzean eta ebaluazioan EAEko Gobernantza Publikoa ezartzeko eta hedatzeko prozesuak eta baliabideak diseinatzea eta garatzea».

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 12. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien 2021eko deialdia (zazpigarrena) onartzea, Agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Sariak xedapen hauen menpe daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (aurreko lege orokorraren araudia onartzeko den horretan) jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
Eusko Jaurlaritzaren balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako «Elkarlan» sarien zazpigarren deialdia, 2021. urterako. Oinarri arautzaileak

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da lau proiekturi sari bana ematea, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak ezagutzera emateko. Proiektu horiek eragina izan behar dute osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa – kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza - kultura demokratikoa - erabaki publikoetan parte-hartzea bezalako jarduera-eremuetan; baina, horrez gain, balio publiko partekatua modu berritzailean sustatu behar dute, gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.

Halaber, sariak ematen dira proiektuko jardunbide egokiak (parte hartzeko eta balio publiko konpartitua sortzeko pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko moduei lotutakoak) beste eragile batzuei transferitzeko prozesua formalizatzeko. Herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan ere aplikatzeko modukoak izan behar dira.

Bigarrena.– Sariak.

Balorazio onena izan duten lau proiektuetako bakoitzari emango zaio saria, honako esparru hauetan: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

Hona hemen sarien prestazioak:

a) 6.000 euro gordin emango dira, parte-hartzea sustatzeko modu ezberdinak aplikatzeko aukera ematen duen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea onartzeko.

b) 3.000 euro gordin emango dira, herritarren parte-hartzearen bidez pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua gauzatzeko egin behar den lana aitortzeko, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan.

c) Kanpoko aholkularitza izango da, beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan zehar, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.

d) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.

Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.

1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.

b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.

c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.

d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

e) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko modukoa izan behar da. Horretarako, honako hauek baliatuko dira: jarduteko protokoloak, tresnak, metodologiak, gidak, web euskarriak, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak...

2.– Sariak jasotzeko hautagai juridikoak nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.

Laugarrena.– Hautagaiak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.

2.– Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.

3.– Pertsona juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak modu automatikoan egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutako betebeharrak bete dituela hautagai gisa aurkeztu den pertsona juridikoak, hari baimenik eskatu beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz. Dena dela, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, baina horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

d) Ez edukitzea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

e) Ez edukitzea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako debekurik ezarrita ere.

f) Ezingo dira sariaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden pertsona juridikoak.

Aurreko a), c), d), e) eta f) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaile juridikoek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607

4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.

5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:

a) Javier Bikandi Irazabal, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria, batzordeburua gisa.

b) Miren Martiarena Barcaiztegui, Gobernu Irekiaren zuzendaria.

c) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadi proiektuaren arduradun teknikoa, batzordeko idazkari gisa.

d) Begoña Díez Arrola, Parkinson Bizkaia-ASPARBI elkarteko ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2020. urtean.

e) Jon Iriazabal Ochoa de Chinchetru, Ailaket elkarteko ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2020. urtean.

f) Miren Begoña Argote Ramos, Zubietxe elkarteko ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2020. urtean.

g) Itxaso Agirre Barandiarán, SOS Racismo Gipuzkoako ordezkaria. Elkarte horrek «Elkarlan» saria jaso zuen 2020. urtean.

h) Gotzon Bernaola Ariño, Innobasque herri-onurako elkartearen Gizarte Berrikuntzako zuzendaria.

i) Goizalde Atxutegi, Innobasque herri-onurako elkarteko berrikuntza publikoko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadiko 3. konpromisoaren arduradun teknikoa (2018-2020 Plana).

2.– Eusko Jaurlaritzakoak ez diren pertsonak Hautaketa Batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko) eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).

Seigarrena.– Baremoa.

1.– Lor daitekeen gehieneko puntuazioa 12 puntukoa da.

2.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:

a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. 0 eta 1 puntu bitartean.

b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu bitartean.

c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 2 puntu bitartean.

d) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko aukera. 0 eta 2 puntu bitartean.

e) Diseinuan eta ezarpenean generoaren ikuspegia txertatzea. 0 eta 1 puntu bitartean.

f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 1 puntu bitartean.

3.– Batzordearen balorazioa osatzeko, gainera, Irekia-n parte-hartze prozesua abiaraziko da. Horren bidez, herritarrek gehienez lau proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien jaso dituzten lau proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta azken puntuazioa Hautaketa Batzordeak emandako balorazioari gehituko zaio.

4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagaia den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela administrazio-prozedura kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko.

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria da.

3.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) bete behar duten eskabidearen eredua egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko. Seigarren klausulako 2. atalean zehazten diren sei alderdiak jaso beharko dira eskabidean, balorazioa behar bezala egin ahal izateko. Zehazki, d) atalari dagokionez, ondo zehaztu beharko da a priori nola formalizatuko den pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko. Kasu horretan, jardunbide egokitzat joko dira, modu berritzaile eta egokian parte-hartzea bultzatzen duten ezarritako jarduerak edo esperientziak. Hau da, beste esperientzia batzuei ekarpen handia egin ahal dieten ikasketak eta ezagutzak. Transferentzia formalizatzeko, garapen kontzeptual bat sar daiteke, orientazio gisa, honako hauek identifikatzeko: jardunbide egokia zertan datzan, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta inpaktuak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna...; material dokumentalak (gidak), grafikoak edo teknologikoak sortzea, transferentzian laguntzeko; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzaileak egitea, eta abar. Beste eremu eta espazio batzuetara transferitzeko aukera ematen duen guztia identifikatu daiteke bertan. Prozesua 6 hilabetetan garatu behar da, sariak ematen direnetik; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzak kanpoko aholkularitza eskainiko du.

4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Hautagaiek (pertsona juridikoak) euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabidearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607

8.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari. Horrekin batera, gainera, hautagaitza guztien balorazioa ere bidaliko dio.

10.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

11.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta egoitza elektronikoan argitaratuko da ebazpena (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607 Horrez gain, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

12.– Deialdiaren ebazpena 2021eko abenduaren 16a baino lehen emango eta jakinaraziko da. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14.– Saria emateko ebazpenean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua oinarrizko moduan identifikatuko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Prozesu hori eskabide-inprimakian aurkeztutako proposamenaren arabera garatu behar da.

Zortzigarrena.– Saria onartzea.

1.– Entitate sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena jakinarazi eta egutegiko 3 eguneko epearen barruan. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Saria onartzen bada, pertsona eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua garatu beharko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Saria emateko ebazpenean zehazten da.

3.– Saria ez bada onartzen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan, uko egiten zaiola ulertuko da; eta, kasu horretan, balorazio onena izan duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607 helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie saritua izan den entitateari eta deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten beste hautagaitzei. Egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean argitaratuko da ebazpen hori (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), aurreko artikuluko 14. ataleko aurreikuspen berberekin.

5.– Saritutako entitate bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027607 helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdi honetan parte hartu duten hautagaitza guztiei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Bederatzigarrena.– Sariak ematea.

1.– Sariak urteko lehen seihilekoan emango dira, ekitaldi publiko eta formal batean; ekitaldi hori, gainera, irekia izango da. Deialdian parte hartu duten entitate guztiak zuzenean gonbidatuko dira ekitaldira; horrez gain, saritutako pertsona batek joan beharko du ekitaldi horretara, pertsona juridikoaren legezko ordezkari gisa edo izendatutako ordezkari gisa. Pertsona horrek proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko ditu, labur-labur. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, ekitaldia egin baino 10 egun baliodun lehenago, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute euren izenean saria jaso dezan. Ordezkatzen dituen horren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutako pertsona sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du eta deialdia hutsik geratuko da. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ebazpen baten bidez ezarriko da deialdia hutsik geratu dela.

Hamargarrena.– Jardunbide onen transferentzia formalizatzeko prozesua.

1.– Pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa (saria emateko ebazpenean zehazten dena) betetzen ez bada, hari uko egiten zaiola ulertuko da. Kasu horretan, jasotako zenbateko osoa itzuliko da (9.000 euro).

2.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesuaren justifikazioa sei hilabeteko epean egin beharko da, sariak ematen direnetik zenbatzen hasita. Horretarako, memoria bat egin eta hilabeteko epean bidali beharko da, eta bertan identifikatuko da zertan datzan jardunbide egokia, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta eraginak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna... Horrez gain, memorian lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko materialki egindako jardueren edukia garatuko da: material dokumentalak (gidak), bideografikoak edo teknologikoak; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko partaidetza-prozesuak, eta abar. Transferentzia-prozesuan aritzeagatik 3.000 euroko saria emateak ez du esan nahi zenbateko hori gastu-faktura gisa justifikatu behar denik, baizik eta transferentzia-produktuak zehazteko, gauzatzeko eta zabaltzeko benetan gauzatutako jardueretan egin beharko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta sariak.

– Arduraduna: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza.

– Helburua: Laguntzen eta sarien deialdiak kudeatzea eta ebaztea.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: foru-aldundiak. Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa. Hautaketa Batzordea. Hedapen-jarduerak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

– Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Gure web-orrialdean begira dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza. https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/095100-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala