193. zk., 2021eko irailaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 17 orri.)
- EPUB (283 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4920
AGINDUA, 2021eko irailaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikia suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.
XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta. Ardatz horien artean lehena Oparotasuna izenekoa da, eta ardatz horren inguruan artikulatzen dira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan jasota dagoenez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementuetako bat, tokiko hazkunde ekonomikoan eragiten baitu.
Ardatz horrek dituen bederatzi jarduera-arloetako bat merkataritzari eta ostalaritzari dagokio, non merkataritza suspertzeko jarduera-konpromisoa nabarmentzen baita. Proposatzen diren ekimenen artean, tokiko erakundeekin lankidetzan, tokiko kontsumoa sustatzea xede duen erakundearteko kanpaina bat garatuko da, bonuen bidez saltoki txikietako kontsumoari bultzada bat emateko, eta, hala, balioa emango zaio hurbileko merkataritzari eta horrek ekonomian eta enpleguan duen garrantziari.
Horrela, tokiko eta auzoko merkataritza sostengatzen da, eta hiri-inguruneak dinamizatzen eta gizarte-ehuna kohesionatzen, merkataritza-jardueraren bidez.
Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globaltzat deklaratu zuen koronabirusaren agerraldia, eta oraindik ez gara pandemia horretatik irten. Gertakarien bilakaera hain azkarra izan denez, bai Espainia mailan, bai nazioartean, egoera berri horri aurre egiteko berehalako neurri eraginkorrak hartu behar izan ziren.
Hasteko eta behin, neurriak hartu beharra zegoenez, Espainiako Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko, eta, beraz, herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko.
COVID-19 pandemia geldiaratzeko ezarritako neurriek, merkataritza-establezimendu ia guztiak automatikoki ixtea ekarri zuten pandemiaren hasieran, premia-premiazkotzat hartutako saltokiak izan ezik, zeinak aipatutako 463/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluan jaso baitziren.
Alarma-egoera bukatu ondoren, populazioa zorrotz konfinatuta eta merkataritza-establezimenduak itxita izan eta gero –funtsezko saltokiak salbu–, merkataritza pixkanaka berreskuratzea espero zen, bereziki txikizkakoa.
Baina egoerak lehenean zirauenez, estatuko Gobernuak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua eman behar izan zuen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzuen berriro, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiaraztearren; hala, autonomia-erkidegoetako agintaritzek gobernu zentralaren eskuordetu gisa jokatu zuten, kogobernantzan parte hartuz.
2021eko maiatzaren 9an amaitu bazen ere 926/2020 Errege Dekretuak ezarritako alarma-egoera, COVID-19 pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa edo haren parte bat, COVID-19 pandemiarekin lotutako arrazoiak direla eta, alarma-egoeran dagoen bitartean, legeria organikoak aurreikusitako araubidearen arabera, edo Euskal Autonomia Erkidegoan, titulu honetan zerrendatzen direnen artetik alerta-maila apalena (1. maila) zehazten duten adierazle epidemiologikoak mantentzen diren artean, indarrean jarraitu ahal izango du adierazitako larrialdi-egoerak, hain zuzen ere, 2020ko abuztuaren 17ko «Plan de Protección Civil de Euskadi, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI» izeneko plana aktibatzearen bitartez.
2020ko abuztuaren 17ko EHAAn, Osasuneko sailburuaren eta Segurtasuneko sailburuaren agindu bana eta Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretua argitaratu ziren. Hiru arau horien artean aktibatzen dute «Plan de Protección Civil de Euskadi, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI» deritzana, eta lehendakariak hartu zituen bere gain EAEko Larrialdi Plan honetan aurreikusitako larrialdiko jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa, COVID-19ak eragindako alerta epidemiologiko egoerari aurre egiteko.
Hori zela bide, EAEn birusa gero eta gehiago transmititzen ari zenez eta ospitaleen okupazioan eta zainketa intentsiboetako unitateetan asistentzia-inpaktua gero eta handiagoa zenez, LABIren Batzorde Teknikoak, Osasun Sailak, Osasuneko Lurraldearteko Kontseiluak eta LABIren Aholku Batzordeak ezinbestekotzat jo zuten birusaren transmisio-katea eteteko neurri gehiago hartzea; horrenbestez, neurri murriztaile berriak hartzera behartu zuten Eusko Jaurlaritza. Neurri horiek hainbat dekreturen bidez hartu dira, eta horrek nahitaez bete beharreko murrizketa berriak eragin ditu.
Araudi horretan jasotako neurri guztiek, bereziki mugikortasuna, ordutegiak eta jarduerak murrizteari dagozkion neurriek, berriz ere inpaktu gogorra izan dute merkataritzaren sektorean.
Pandemiaren ondoz ondoko olatuen eta berragerraldien ondorioz, hainbat neurri hartu behar izan dira egoera epidemiologikoaren arabera, funtsean mugikortasuna mugatuz bai autonomia-erkidego mailan, bai lurralde historiko mailan, bai udalen artean; bidenabar, merkataritzako establezimenduei propio zuzendutako neurriak ere hartu dira, esaterako, bezeroen edukiera mugatzea barrualdeetan eta dendak irekitzeko eta ixteko ordutegiak mugatzea. Halaber, ostalaritzari ezarritako mugek eta, une batzuetan, ostalaritza ixteko neurriek agerian utzi dute sinergiak daudela merkataritzaren, ostalaritzaren eta aisialdiaren artean.
Neurri horien ondorioz, eskaintza eta eskaria ezegonkortu egin dira, eta merkataritza-sektorea izan da kaltetuenetako bat.
Hasiera-hasieratik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bere eskumeneko sektoreen erresistentzia-plan bat jarri zuen abian, eta, zuzeneko laguntzen bidez, pandemiaren inpaktu ekonomikoa murrizten lagunduko du. Ildo horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila hainbat neurri hartzen ari da tokiko merkataritza dinamizatzeari begira, batez ere autonomoek, mikroenpresek eta txikizkako merkataritza-sektoreko enpresa txikiek eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuek osatzen duten tokiko merkataritza hori.
Horiek horrela, beren borondatez programarekin bat egiten duten tokiko erakundeekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» deritzan programa hau ezarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza establezimenduetan eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan kontsumoa sustatzeko asmoz. Pizgarri- eta estimulu-sistema bat da Euskal Autonomia Erkidego osorako, herritarrek beren lurralde-eremuko saltokietan eskuragarri dituzten deskontu-bonuen bitartez.
Merkataritza-sektorea sustatzea xede duen programa honek barnean hartzen ditu bai Eusko Jaurlaritzak finantzatutako deskontu-bonuak –banaketa-irizpidea lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-establezimenduen kopuruarekiko proportzionala izango da–, bai gainerako erakunde parte-hartzaileek finantzatutakoak ere –dagokien lurralde-eremuan banatuko dira–.
Programa honen denbora-garapena sektoreak planteatutako aurreikuspenei erantzunez diseinatu da. Horretarako, egutegi bat prestatu da, sektorea behar bezala berraktibatzen eta urtarokotasuna gainditzen laguntzeko, bai eta programa lurraldean ahalik eta gehien hedatzeko ere.
Laguntza-programa honek 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduaren bidez onartutako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.
Azaldutako guztiagatik, bat etorriz Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programaren oinarriak onartzea. Programa horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek kudeatutako hiriko merkataritza-jardueran aritzen diren establezimenduetako ondasunak kontsumitzea eta zerbitzuak ematea sustatu nahi da.
2. artikulua.– Kanpainaren helburuak.
1.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritzako eta zerbitzuen sektoreko enpresaburu autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei indartzen eta sendotzen laguntzea.
2.– Eskaria estimulatuta, herritarrei eta enpresa-sareari laguntzea, horiengan oinarritzen baitira merkataritza-sektorea eta hiriko merkataritza-jarduera.
3.– Hiriko merkataritza-jarduera dinamizatzea, hark udalerrian eta eskualdean duen eragina sustatuta.
4.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin zuzeneko lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.
5.– COVID-19 pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz establezimenduek pairatutako hainbat motatako murrizketen ondore ekonomikoa arintzea.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bitartez, 4.650.000 euroko zuzkidura ekonomikoa emango du programa hau garatzeko.
4. artikulua.– Laguntzen izaera.
Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeaz arduratzen den organoa.
1.– Merkataritza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo arduraduna, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egitea.
2.– Programa honen kudeaketa-lanak eta dirulaguntzen funtsen banaketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin (aurrerantzean, EAEko ganberak) elkarlanean egingo dira.
3.– Programa honi esleitutako funts publikoak honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira:
a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeriarik eza.
b) Administrazio laguntza-emaileak finkatutako helburuak efikaziaz betetzea.
c) Baliabide publikoen esleipen eta erabilera efizientea.
6. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– EAEko ganberekin lankidetzan banatuko dira «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» bonuak trukatzearen bidez lortzen diren eta diruz lagun daitezkeen funtsak, eta egiaztatuko dira salmenta-eragiketa bakoitzaren baldintzak eta eskakizunak, erakunde laguntzaileak baitira ganberok.
2.– Programa garatu ahal izateko, erakundeen elkarlana lankidetza-hitzarmen bidez gauzatuko da; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra izango ditu ardatz, eta lege horietan eta dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileentzako garapen-xedapenetan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio erakundeari.
7. artikulua.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuraduntzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako pertsona fisikoak, baldin eta hiru lurralde historikoetan banatutako «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» direlakoak eskuratzen badituzte, agindu honetan ezarritako bitarteko eta bideen arabera.
8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezakeen jarduera.
1.– Kanpainara atxikitako hiriko merkataritza-jarduerarekin erlazioa duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako kontsumoa lagunduko da diruz, horietan eskuragarri egongo den mota bakarreko deskontu-bonu baten bidez.
2.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» horietako bakoitza 10 euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten den 30 euro edo gehiagoko erosketan aplikatu ahal izango da.
3.– Deskontu-bonuak trukatzeko erabiliko den sistema hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduetan trukatuko den bonua izango da.
Deskontu-bonuak trukatzeko ezarritako epean, establezimenduek aktiboki eskainiko dituzte bonuak, eta erosketaren unean trukatuko dituzte.
Deskontu-bonuen aplikazioa establezimenduek beraiek egingo dute; ondasunak eskuratzen edo zerbitzuak hartzen dituen onuraduna EAEn bizi dela egiaztatu eta identifikatuta.
Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.
4.– Horretarako, erakunde laguntzaileak behar diren mekanismoak eduki beharko ditu aurreko apartatuan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko, eta, halaber, behar dituen tresnak izan beharko ditu erosketa-tiketetan identifikatutako pertsona bakoitzeko 5 deskontu-bonuen muga kontrolatzeko. Era berean, atxikitze-aldia amaitzean eta programaren baldintzak bete direla egiaztatzean, bonuak programara atxikitako establezimenduen artean banatuko dira.
5.– Pertsona bakoitzak, gehienez, bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu, berrogeita hamar euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo batean baino gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Halaber, deskontu-bonuak erosketa bakarrean edo hainbat erosketatan erabili ahal izango ditu onuradun bakoitzak.
6.– Establezimenduek modu aktiboan eskainiko dizkiete bonuak bezero guztiei, harik eta establezimenduko bonuak agortzen diren arte. Establezimenduek ezin izango dute bonurik gorde, ez atxiki, ezta artikulu jakin batzuen salmentarako erabili ere. Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.
7.– Bi epe edo aldi ezarri dira deskontu-bonuak trukatzeko. Lehenengoa, programa indarrean jartzeko finkatutako egunean hasi eta 2021eko abenduaren 5ean amaituko da, eta bigarrena, aldiz, 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.
Bonuak trukatzeko lehen aldia amaitu ondoren, programak establezimendu batzuetan eta besteetan izan duen efizientzia aztertuko da, eta berriro bonuak banatzeari ekingo zaio, bigarren truke-aldiari begira, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9. artikulua.– Establezimenduek bete beharreko baldintzak programara atxikitzeko.
1.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxiki ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Agindu honen I. eranskinean jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe eta/edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.
b) Enpresaburu autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren 2.2 eta 2.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen du, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
– ETEen kategorian, enpresa txikitzat hartzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
– ETEen kategorian, mikroenpresatzat hartzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
2.– Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.
Horiek betetzen ez dituzten erakundeek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko.
10. artikulua.– Programara atxikitzeko prozedura.
1.– Programa honetara atxiki nahi duten hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek II. eranskinean jasotako atxikitze-inprimakia formalizatu beharko dute. Inprimaki hori honako helbide hauetan egongo da eskuragarri:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/1107902
– EAEko ganberetako bakoitzaren web-orriak, lurraldean lurraldekoa.
https://www.euskadibonodenda.eus/
2.– Artikulu honen 1. apartatuan jasotako atxikimendu-inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, honako alderdi hauekin:
a) Eskatzailea erakundearen ordezkaria dela eta ordezkaritza horretarako behar adinako aginpidea baduela.
b) Ezagutzen eta onartzen dituela «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» dirulaguntza-programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.
c) Betetzen dituela laguntza-programa arautzen duen aginduaren 9. artikuluan ezarritako atxikitze-baldintzak.
d) Programara atxikitzen dela eta bertan ezarritako konpromisoak beteko dituen hitza ematen duela.
e) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
f) Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, hala badagokio.
g) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikulua betez, ez duela dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik.
i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diola egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.
Erantzukizunpeko adierazpenean interesdunak adierazitako funtsezko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua gertatzen bada edo eman ez bada, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten, ezinezkoa izango da egikaritu nahi den eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horiek jakiten diren momentutik aurrera. Gainera, itzuli egin beharko dira deialdiaren baldintzak betetzen ez zirela bonuak trukatzeagatik jasotako zenbatekoak. Era berean, erator litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar litzake (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.
3.– Eskatzaileek, atxikimendu-inprimakia eta aginduko baldintza guztiak konplitzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena betetzeaz gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Identifikazio fiskaleko zenbakia (NAN, autonomoen kasuan, eta IFK, pertsona juridikoak direnean).
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, laguntza jasoko duen establezimenduarena.
– Establezimenduaren argazkia.
– Bankuko kontuaren ziurtagiria.
4.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hiru asteko epea izango dute saltokiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskaera egiteko.
5.– Programara atxikitzeko eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.
6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du programara atxikitzea eskatzen duten establezimenduek berariaz eta formalki onartzen dituztela deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.
7.– Programarekin bat egiteko aldia behin amaituta, EAEko ganberek gehienez ere 5 egun balioduneko epea izango dute «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzea eskatzen duten establezimenduek 9. artikuluan jasotako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.
Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrari jakinaraziko diote programan sartzeko eskaera egin duten establezimenduak onartzeko edo baztertzeko proposamena. Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du atxikitzeko prozesuan onartutako eta baztertutako establezimenduen behin betiko zerrendarekin, eta Saileko egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da. Erakunde kudeatzaileak establezimendu eskatzaile guztiei emango die horren berri, baita esleitutako deskontu-bonuen kopurua ere.
8.– Atxikitako establezimenduei beharrezko den dokumentazioa eta programa sustatzeko materiala emango zaie. Material hori nabarmen eta herritar guztiek ikusteko moduan egongo da establezimenduan programak dirauen bitartean.
Programaren sustapen-materialak, gutxienez, honako dokumentazio hau izan beharko du:
– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela egiaztatzen duen kartela. (Gutxienez 2 kartel edo establezimendu bakoitzean behar diren guztiak).
– 3/2018 Lege Organikoari buruzko informazioa (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa).
– Deskontu-bonuak agortu izanaren kartela. Establezimenduko deskontu-bonuak agortu bezain laster, bezeroei egoera horren berri emateko, establezimenduan eskuragarri zeuden bonuak agortu direla jakitera ematen duen kartela ipiniko da, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela adierazten duten kartelen ondoan.
– Kanpainaren arduradunen iritziz, programak behar bezala funtzionatzeko, merkataritza-establezimenduei eman beharreko beste dokumentazio oro.
11. artikulua.– Deskontu-bonuen banaketa.
1.– Deskontu-bonuen guztizkoa lurralde historiko bakoitzean programara atxiki diren establezimenduen artean banatuko da, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.
2.– Lurralde historiko bakoitzaren barruan, merkataritza-establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta programarekin bat egin duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa.
3.– Deskontu-bonuak erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:
Araban: % 15,01; 69.797 bonu.
Bizkaian: % 52,24; 242.916 bonu.
Gipuzkoan: % 32,75; 152.287 bonu.
Eskura egongo diren bonuak, guztira: 465.000 bonu.
4.– Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko 465.000 bonu baino gehiagotara iristeko aukera.
5.– Hala ere, eskariaren egoera zein den, eta, betiere, jarraipen-batzordeak onartzen duen kasuan, doikuntzak egin ahal izango dira bonuak lurralde historikoen artean banatzeko orduan, onuradunei ahalik eta bonu gehien helarazi ahal izateko, eta horren berri emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
6.– Establezimendu batzuen eta besteen arteko trukatze maila desberdina dela eta, bonuak birbanatzeko premia hautemanez gero, honako irizpide honi jarraituko zaio:
– Lehenengo birbanaketa diruz laguntzekoa den lehen aldia amaitzean egingo da. Diruz laguntzekoa den lehen epe edo aldian, kanpainaren hasieran establezimenduari zegozkion bonuen % 10 baino gutxiago trukatu dutenek trukatu gabe geratzen zaizkien bonuen % 50 itzuli beharko dituzte. Itzuli diren bonuak birbanatzeko, handitu egingo da bonu gehien trukatu dituzten establezimenduek izango dituzten bonuen hasierako kreditua, birbanatu beharreko bonuak agortu arte.
– Bigarren birbanaketa 2022ko martxoaren 1ean egingo da. Egun horretan, bigarren aldiaren hasieran zituzten bonuen % 75 baino gutxiago trukatu dituzten establezimenduak trukatu gabeko bonuen % 25ekin geratuko lirateke. Itzulitako bonu horiek modu bidezkoan birbanatuko dira kanpainan zehar esleitutako bonu guztien % 80 baino gehiago trukatu edo agortu dituzten establezimenduen artean. Establezimendu bakoitzari gutxieneko bonu kopuru bat ziurtatzeko xedez, birbanatutako bonuen kopurua ez da inoiz 10 bonutik beherakoa izango. Birbanaketa horretako lehentasun-hurrenkeran, lehenik eta behin, establezimenduak esleitu zaizkion bonuak zein egunetan agortu dituen hartuko da kontuan, eta, bigarrenik, trukatutako bonuen ehunekorik handiena nork izan duen.
7.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa gauzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren eta EAEko ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan, kudeatu beharreko laguntza-funtsen zenbatekoaren % 90 sartu beharko da dagokion hitzarmena sinatu duten EAEko ganberek adierazitako banku-kontuan. Une horretatik aurrera, ganberak izango dira funtsen gordailuzain, eta gordailuzainak gordailu zibilean dituen zaintza-betebeharrak hartuko dituzte beren gain (Kode Zibilaren 1.758 artikuluan eta hurrengoetan daude araututa).
Gainerako % 10a programa garatzen den bitartean eta amaitu aurretik sartuko da, deskontua duten salmenta-eragiketen arabera. Beranduenez, 2022ko maiatzaren 31n aplikatu ahalko dira deskontuak.
8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak programaren https://www.euskadibonodenda.eus web orrian argitaratu eta eguneratuko du «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako establezimenduen zerrenda.
12. artikulua.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» trukatzeko funtzionamendu- eta kudeaketa-sistema.
1.– Dirulaguntzen programa kudeatzeko, plataforma teknologiko espezifiko bat ez ezik, deskontu-bonuak abian jartzeko eta funtzionamendu-operatiboa efikaziaz gauzatzeko egokienak diren aplikazio informatikoak ere erabiliko dira.
2.– Plataforma horren bidez egingo dira dirulaguntzen programara atxikitzearekin lotutako izapide guztiak, bai eta deskontu-bonuak jaulki, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak formalizatu ere, agindu honetan zehaztutako baldintzetan.
3.– Kanpainara atxikitako saltokiek erabiltzaile-izena eta pasahitz pertsonalizatuak izango dituzte plataforman sartu ahal izateko, eta bertan izango dituzte eskura esleitu zaizkien deskontu-bonuak.
4.– Deskontu-bonu bakoitzak dagokion zenbaki espezifikoa izango du, bakarra bihurtuko duena eta atxikitako saltoki zehatzari lotuta egongo dena.
5.– Atxikitako saltokiak aktiboki eskainiko dizkie bezeroei deskontu-bonuak, betiere arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
6.– Programara atxikitako saltokiak erabili diren eta oraindik erabiltzeko dauden bonuei buruzko informazioa izan ahalko du kanpaina indarrean dagoen bitartean.
7.– Programara atxikitako saltokiek aplikatutako deskontu-bonuak betearazi eta kobratu ahalko dituzte astero.
8.– Saltokiak plataforman formalizatuko ditu salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko momentuan erabilitako bonu guztiak, eta, justifikazio-agiri gisa, erosketa-tiketa erantsi beharko du, non eroslearen NANa jasota egongo den.
Saltokiak tiketaren kopia bat gordetzera behartuta daude, erosketa horretan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera.
9.– Eskatutako baldintzak betetzen direla behin egiaztatu ondoren, dagokien zenbatekoa likidatu eta ordainduko zaie programara atxikitako saltokiei, xede horretarako eman beharko duten banku-kontuan.
10.– Programa honetara atxikitako saltokiek plataforman jarraitu ahal izango dute dagokien lurralde-eremuan parte hartzen duten erakundeek etorkizunean egin ditzaketen ekintzetarako, baldin eta, atxikitzeko unean, hori esplizituki adierazten badute, Datuak Babesteko Legea aplikatuz.
13. artikulua.– Programara atxikita dauden saltokien betebeharrak.
«Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako saltokiek, atxikitze-eskaera sinatu ondoren, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Establezimenduko kokapen nabarmen eta ageri batean programan parte hartzen duela ezagutzera ematea, dagozkion publizitate-materialak jaso eta ipintzearen bitartez.
Saltokiei banatzen zaien materiala erraz ikusteko moduko lekuan jarri beharko da, eta, betiere, gutxienez, kanpoaldean, sarbide bakoitzetik hurbil eta kutxa-mahaietatik gertu.
b) Establezimenduek aktiboki eskainiko dizkiete deskontu-bonuak bezeroei, eta salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko unean trukatuko dituzte. Saltokiek bezero guztiei eskainiko dizkiete bonuak, harik eta bonuak agortzen zaizkien arte.
c) Erabat debekatuta dago deskontu-bonuen erabiltzaileei edonolako diskriminazioa edo tratu desberdina ematea.
d) Erosleei ez zaie, ezein kasutan, eskudirurik itzuliko. Itzulketak egin behar diren kasuan, erosketa eta NAN horrekin lotura duten bonuak askatuko dira.
e) Bezeroek ikusteko moduko leku batean kanpainaren balorazioari buruzko galdetegi labur bat eskaintzea, nahi duenak bete dezan. Galdetegiak bete ondoren, horretarako ematen den helbidera bidaliko dira.
f) Harremanetan jartzeko aukera ematea, programak ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta prozesuari eta kanpainari buruz zer iritzi duten jakiteko.
g) Saltokiek nahitaez gorde beharko dute erosketa-tiketaren edo jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duen fakturaren kopia bat, erosketan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio-zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera. Dokumentu horiek gorde egin beharko dira, harik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera bidaltzen diren momentura arte, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentuak egiaztatu eta kontrolatu ahal izan ditzan.
h) Plataformara sartzeko kodeak arduraz zaintzea, inork oker erabili ez ditzan; horretarako, kode horiek inori ez jakitera emateko konpromisoa hartuko da.
i) Kanpainaren amaieran inkesta bat betetzea, azken balorazioa eginez, establezimenduaren ikuspegitik.
j) Eskaeran adierazitako datuek egiazkoak izan behar dute, eta izapideen edozein unetan egiaztatu ahal izango dira.
Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua balitz, dagokion zehapena izango du administrazio- zein zigor-araubidearen arabera.
k) Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen ari direla, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko diete programara atxikitako saltokiek.
14. artikulua.– Erakunde laguntzailearen betebeharrak.
1.– Lankidetza-hitzarmena sinatzen duen erakunde laguntzaileak honako ekintza hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:
a) Kanpainaren kudeaketan laguntzea eta parte hartzen duten saltokiekin harremanak izateko bidea izatea, haien atxikimendua artikulatzeko eta haren arabera hartutako konpromisoak behar bezala betetzen diren kontrolatzeko.
b) Programari zabalkundea ematea bere webgunearen eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduei informazioa emateko beste bitarteko propio batzuen bidez; hedapen hori sareko lankidetza-eskema baten bidez egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen, Merkataritza Federazioen eta beste merkatari-elkarte batzuen bitartez.
c) Programari buruzko interesa duten establezimenduekiko elkarrekintza:
– Informazioa ematea.
– Laguntza ematea saltoki interesdunei, kanpainarekin formalki bat egin dezaten.
d) EAEko ganberek, behin «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko ezarritako epe edo aldia amaitzen denean, gehienez ere 5 egun balioduneko epea izango dute programarekin bat egitea eskatu duten establezimenduek agindu honen 9. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten edo ez egiaztatzeko.
e) Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, programara atxikitzeko eskaera egin duten saltokiei jakinaraziko zaie programan onartu dituzten edo ez, bai eta, hala badagokio, zenbat deskontu-bonu esleitu zaizkien ere.
f) Atxikitako establezimenduei 10. artikuluko 8. puntuan jasotako programaren sustapen-materiala emango zaie.
g) Atxikitako saltokiekiko interakzioa:
– Mezu elektronikoa kanpaina-aldiaren hasieran eta amaieran.
– Birbanaketari buruzko mezu elektronikoa, behar den orotan.
– Mezu elektronikoa programaren kudeaketari buruzko ohiko galderekin eta kontsultak egiteko kontaktuarekin.
– Programaren amaierako balorazioari buruzko inkesta.
– Programaren arduradunek prozesuan zehar egoki ikusten duten beste edozein interakzio-premia.
h) Funtsen gordailuzain eta banatzaile izatea, pertsona fisiko onuradunei bonuak banatzeko eragiketak koordinatzea eta hobaria jaso duten salerosketa-eragiketetan erabilitako bonuak trukatzea.
i) Programara atxikitako enpresaburu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei deskontu-bonuei dagozkien zenbatekoak ordaintzea, 12. artikuluko 7. puntuan adierazitako epearen barruan.
j) Kontuan programarako jarritako funtsak behar bezala erabiltzen direla kudeatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea, sinatutako hitzarmenarekin bat etorririk eta, hala dagokion kasuan, Eusko Jaurlaritzak erakundeari emandako berariazko jarraibideen arabera.
k) Kudeatutako guztiaren berri ematea, sinatutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako txostenen eta programaren arduradunak beharrezkoak jotzen dituen beste guztien bidez.
2.– Aurreko klausuletan adierazitako konpromiso eta betebeharrak ez ezik, EAEko ganberek betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:
a) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitako betebehar guztiak; halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak onartuko dituzte, jarduketak gauzatzeari eta garatzeari dagokienez.
b) Honako hau betetzea: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezarritakoa, eta, batez ere, berdintasunaren arloko printzipio orokorrei buruz 3. artikuluan esaten dena; estatistikei eta azterlanei buruz 16. artikuluan esaten dena; euskarri orotan hizkera eta iruditeria ez-sexista erabiltzeari buruz 18.4 artikuluan esaten dena; eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari buruz 23. artikuluan esaten dena.
c) Finantzaketa publikoa dela eta finantzaketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura dagoela zabaltzea, irudi korporatiboaren anagramak eta logotipoak, programaren berariazko irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren claim-a erabilita, formatu bakoitzerako modurik egokienean (Jarraipen Batzordeak baliozkotuko du). Programaren berri eman beharko dute, dagokion atariaren edo webgunearen bidez.
d) Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontrata daiteke. Azpikontratazio horrek xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikulua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).
e) «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako saltokiei zuzendutako argitalpen, iragarki, publizitate eta komunikazio guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira eta gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie erabiltzaileei eta kontsumitzaileei entitate onuradunekin dituzten harremanetan.
3.– Jarduketa hauek gauzatzean, konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dira, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez. Egiaztatze-jarduketak egin eta gero, dokumentazio guztia Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari helarazi beharko zaio.
4.– Erabat debekatuta dago hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak diskriminatzea edo tratu desberdina ematea.
15. artikulua.– Programaren indarraldia.
1.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programaren indarraldia agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da, honako epe hauen arabera:
1.1.– Programa indarrean jarri eta hurrengo hiru asteen barruan gauzatuko da establezimenduen atxikimendua.
1.2.– EAEko ganberek, atxikitzeko epea edo aldia amaitu ondoren, gehienez ere 5 egun balioduneko epea izango dute «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskatzen duten establezimenduek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko eta bonuak banatzeko.
1.3.– Erabiltzaileek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Erosketa hobaridunak, 8.7 artikuluaren arabera, diruz laguntzen diren bi alditan egindakoak izango dira. Lehenengoa programa indarrean jartzen den egunetik 2021eko abenduaren 5era artekoa izango da, eta bigarrena, 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.
2.– Programa amaitzen den dataren ostean, deskontu-bonuek galdu egingo dute zuten balioa.
3.– Aurreko paragrafoan adierazitako data baino lehen, esku artean dugun programa honekin lotutako funts publikoak agortzen badira, Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak horren berri eman beharko du.
4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, programaren indarraldiaren egunak aldatu ahal izango ditu, egoerak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiek hala aholkatuz gero, eta horren berri emango du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Programa honen ez-betetzeak iritziko zaie ondoren zerrendatzen diren kasu hauei:
a) Agindu honetan ezarritako obligazioak ez betetzea, hala erakunde laguntzailearentzat 14. artikuluan jasotakoak, nola merkataritza-establezimenduentzat 13. artikuluan xedatzen direnak.
b) Establezimendu batek 13. artikuluan adierazitako edozein obligazio beteko ez balu, baja emango zaio berehala programa honetatik, eta saltokiari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.
2.– Aurreko apartatuan jasotzen diren ez-betetzeez gainera, programara atxikitako establezimenduek ez-betetzeren bat egingo balute, saltoki horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarekin duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri emango lioke erakunde laguntzaileari, horien deskontu-bonurik trukatu ez dezan.
17. artikulua.– Ikuskapena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, programaren arduradun den heinean, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak, ikuskapenak eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak ongi erabiltzen direla eta programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.
Establezimendu atxikiek ez-betetzeren bat eginez gero, saltoki horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri eman erakunde laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.
18. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honen babesean lortutako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde pribatuetatik eta eskualdeko, estatuko, edo nazioarteko erakundeetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, sostengu, diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, eta horren ondorioz bonuaren balioa galtzen bada erosketaren kostua gainditzen duen zenbatekoan, galera horrek inolako itzulketarik eragin gabe.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENATAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENATAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 21a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
KANPAINARA ATXIKI DAITEZKEEN JARDUERA-SEKTOREAK, JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN EPIGRAFEAREN ARABERA (JEZ)
– 6443 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6444 Izozkien txikizkako merkataritza.
– 6445 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.
– 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.
– 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, oinetakoen, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.
– 6522 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
– 6523 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.
– 6524 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.
– 653 Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.
– 6542 Lehorreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.
– 6545 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).
– 6546 Mota orotako ibilgailuetarako gurpil-azalen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.
– 656 Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasunen txikizkako merkataritza.
– 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.
– 659. Txikizkako bestelako merkataritza.
– 662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
– 971 Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.
– 972 Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.
– 9731 Argazkigintza-zerbitzuak.
– 975 Markogintza-zerbitzuak.