Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2021eko irailaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4658

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 29koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko uztailaren 29ko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Elkartu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko uztailaren 29ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Elkartu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Elkartu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARIAREN 2021EKO UZTAILAREN 29KO EBAZPENAREN ERANSKINA
ERABAKIA, 2021EKO UZTAILAREN 29KOA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUARENA, 2021EKO «ELKARTU» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ONARTU, PROGRAMAREN DEIALDIA EGIN ETA ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomi Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza-programak.

Hala, Laguntza-Programa hau diseinatu da, lankidetzan eginiko nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesuan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Elkartu» 2021 Laguntza-Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago erabaki honen Eranskinean.

Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari ahalmena ematea erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko.

Hirugarrena.– Erabaki honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio-kontseiluan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
ELKARTU 2021 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu Programa horrek hala agindurik, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen atalean jasotakoa: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena».

Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, zeinaren helburua baita bultzada bat ematea nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzean dauden oztopoak gainditzeko.

Elkartu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira. Laguntza horiek helburutzat dute enpresen arteko lankidetza bultzatzea nazioartekotzearekin zerikusia duten proiektuetan eta, 17. GJHari jarraiki, aliantzak sortzea garapen jasangarria lortzeko.

Programa hau jasota dago erakundeak 2021eko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomi Erkidegoko enpresen arteko lankidetzarako dirulaguntzak arautzea eta 2021eko ekitaldirako deialdia egitea, lankidetzako nazioartekotze-jarduerak egin ditzaten, jarraian datozen artikuluen arabera.

Hala, Elkartu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin (zeintzuk jasota dauden XII. legealdiko gobernu-programan eta berau garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan), eta bere xedea da lankidetzako nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzea, eta garapen jasangarria sustatzea nazioartekotze-prozesuan.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.

2.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak dira eta, beraz, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 900.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Dirulaguntzak ordenan esleituko dira, espedientea noiz osatu den kontuan hartuta.

3.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez dira onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerak. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/Elkartu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira lankidetzan jardungo duten enpresa-elkarte eta -taldeak, besteak beste, esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpoko merkatuetan lankidetzan jarduteko konpromisoa duen bestelako edozein figura, juridikoki baliozkoa bada.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, berariaz adierazi beharko da (bai eskaeran eta bai dirulaguntza emateko ebazpenean) zein konpromiso hartuko dituen elkarteko kide bakoitzak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, denak izango baitira onuradun. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da talde osoarentzat, zeinak behar besteko ahalordea izango baitu taldeak onuradun gisa izango dituen obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

2.– Oinarri hauetan aurreikusitakorako, elkartetzat hartuko dira baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:

a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

c) Helburu nagusitzat izatea elkartutako enpresen nazioartekotzea eta plangintza bat edukitzea helburu hori erdiesteko.

3.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeek bete beharreko baldintza orokorrak:

a) Taldea osatuko dute elkarren arteko loturarik gabeko gutxienez 2 enpresa independentek, zeintzuek, beren operazio-sinergiek eskaintzen dizkieten abantailek bultzaturik, konpromisoa hartuko baitute kanpoko merkatuetan elkarrekin jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz. Egoitza soziala EAEtik kanpo duten enpresek ere parte hartu ahal izango dute taldean, baina beren partaidetza ez da izango partaidetza txikiena duen ETEarena baino handiagoa.

b) Onuradun izan daitezke egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomi Erkidegoan dituzten enpresa handiak eta ETEak, baldin eta indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratu badira.

c) Proiektuetan enpresa handiek parte hartzen badute, enpresa horiek trakziogileak izango dira eta gutxienez beste ETE bat sartu beharko dute taldean.

d) Jarduerek enpresa edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen batean (kontratu bat edo bestelako edozein dokumentu) oinarritu behar dute, eta hitzarmen horrek argi eta garbi jaso behar du alderdien konpromisoa.

e) Ekintza-plan edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, zeinetan adieraziko diren: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, euren produktu edo zerbitzuak, euren helburu eta igurikapen komertzialen definizioa, segmentu, bezero eta jomuga-merkatuen identifikazioa, garatuko diren jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak.

4.– Jatorriko (EAEn eratuak) nahiz jomugako (atzerriko herrialde batean eratuak) esportazio-partzuergoek, kategoria espezifiko bat direnez lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen barruan, baldintza berezi hauek bete beharko dituzte, 3. atalean ezarritakoez gain:

a) Izaera juridiko propioa izatea, taldeko gainerako enpresa edo erakundeekiko independentea.

b) Pertsona bat lanaldi osoan kontratatzea partzuergoa kudeatzeko.

5.– ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

6.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

5. artikulua.– Dirulaguntzetatik kanpo dauden enpresa eta erakundeak.

1.– Ezingo dituzte eskuratu deialdi honen xede diren dirulaguntzak:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeek. Egoera horien artean daude:

– Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez egotea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan egunean ez egotea.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta izatea administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen bat izatea.

b) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituzten erakundeek, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

c) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe dauden erakundeek, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

d) Krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (2014/C 249/01) krisi-egoeran dauden enpresa edo erakundetzat hartzen direnek, salbu eta betetzen bada COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko Estatuko laguntza-neurriei buruzko 2020ko martxoaren 19ko Aldi Baterako Esparruko 3.1.22.c bis atalean ezarritako salbuespena [C (2020) 1863].

e) Sexu-bazterkeriako ekintzaren bat egin dutenek, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken seigarren xedapenean ezarritakoaren arabera.

f) 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso dutenek, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

2.– Ezingo dira izan ez onuradun ez parte-hartzaile:

a) Bitartekaritza-lanak bakarrik egiten dituzten edota hirugarrenen produktuak bakarrik banatzen dituzten enpresak.

b) Europar Batasun barruko hurbileko operazio komertzialak soilik egiten dituzten enpresak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta exekuzio-epea.

Laguntza jaso dezakete 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatutako ekintzek.

1.– Taldearen sorrera sustatzeko, diruz lagundu ahal izango dira lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen sorkuntzari lotutako gastuak.

– Lankidetza-taldea dinamizatzeko eta koordinatzeko gastuak: proiektu bakoitzeko 10.000 euro gehienez barne-gastu bezala: proiektuarekin zuzenean lotutako langileen soldatak (enpresak Gizarte Segurantzara egin beharreko kotizazioak barne), lankidetzako enpresa-taldea diseinatzen, koordinatzen eta martxan jartzen emandako denboragatik.

– Kostu transbertsalak: diruz lagundu daitezkeen zuzeneko langile-kostuen % 15.

– Eskaintzak kudeatzea eta prestatzea lankidetzan egiten diren nazioarteko lizitazioetan.

– Taldearen sorkuntza-gastuak: alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioei buruzko kanpo-aholkularitza, akordioak egiteko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-taldeak sortzeko.

– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak edota kudeatzailearen soldata gordinaren kostua, esportazio-partzuergoen kasuan.

– Ekintza-planaren edo Nazioarteko Estrategiaren garapenerako gastuak: kanpo-aholkularitzako gastuak ekintza-plan bateratua egiteko.

2.– Gainera, diruz lagundu ahal izango dira jomuga-merkatuan operatzeko egin beharreko gastuak:

– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Azterlan bat baino ez da diruz lagunduko jomuga-herrialde bakoitzeko, betiere Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentziak) ezin badio erantzun eskaera horri. Enpresak horren berri eman beharko du erantzukizunezko adierazpen baten bidez. Zerbitzuak emateko eskaerak info@basquetrade.eus helbidera bidaliko dira.

– Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

a) Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, eta baita ere helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak.

b) Homologazioa eta ziurtapena: jomuga-herrialdean eskatzen diren derrigorrezko homologazioetatik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak.

– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: halakotzat hartuko dira gastu partekatuak edo transbertsalak: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak edo taldearen sustapen-jarduerekin lotutako beste edozein gastu partekatu.

– Jomuga-merkatuan merkataritza-agente bat edo ordezkari bat hautatzeko gastuak.

3.– Kontuan hartuko dira baita ere sustapenarekin zerikusia duten gastuak:

– Azoka eta kongresuetako gastuak: diruz lagunduko da erakusle bezala beste batzuekin batera parte hartzea nazioarteko azoka, kongresu edo foroetan.

– Onlineko nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta beharrezkoak diren bestelako gastuak.

Diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa (erakusgai jarriko diren produktuak garraiatzeko kostua barne), izen-emate kuota eta bi bidaia-poltsa azokako eta enpresa parte-hartzaileko.

a) Elkarteak: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: erakusketari bezala parte hartuko dute azoketan eta taldearen eskaintza bateratua aurkeztuko dute.

Horrelakoetan, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logotipoei) ikusgarritasuna ematea standean eta azokan erabiliko diren sustapen-materialetan.

– Zuzeneko misioak: prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko, edota bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko, edota azoketara joateko, edota kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko.

a) Elkarteak: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: partzuergoaren kudeatzaileak edo enpresa-taldea ordezkatzen duen ordezkariak/liderrak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindako bidaiak.

Diruz lagunduko dira gehienez 3 zuzeneko misio jomuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bi bidaia-poltsa emango dira erakunde parte-hartzaileko.

– Alderantzizko misioak, balizko bezeroentzako edo atzerriko preskriptoreentzako gonbidapenak.

a) Elkarteak: gonbidatuek elkartea eta EAEn kokatuta dauden elkarteko gutxienez hiru enpresa bisitatu beharko dituzte.

b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeak: partzuergoan edo taldean bildutako enpresak bisitatzeko gonbidapena.

Diruz lagundu ahal izango dira gehienez 3 alderantzizko misio herrialde bakoitzeko, eta gehienez 10 gonbidapen egingo dira misioko. Ostatu eta garraio gastuak gehienez 1.000 eurokoak izango dira gonbidapen bakoitzeko.

– Sustapen- eta zabalkunde-elementuak. Bakarrik onartuko da talde osoarentzako sustapen-materiala, eta material horretan adieraziko da zeintzuk diren enpresa parte-hartzaileak. Partzuergoen kasuan, beronen izena bakarrik erabili ahal izango da. Sustapen-elementuetan jomuga-herrialdeko hizkuntza ofiziala edo ingelesa erabili beharko dira.

– COVID-19ak sortu duen egoerari buruzko azterketak, alderdi hauek aztergai dituztenak:

a) Nazioartekotze-planak berriren berri prestatzea eta COVID-19ak eragindako egoerari egokitutako kontingentzia-planak lankidetzan idaztea.

b) Birdiseinatze-azterketak egitea eta ikuspegi sektoriala duten global supply chain alternatibak sortzea.

c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat egitea.

d) COVID-19aren ondoriozko eta lankidetzan eginiko kudeaketa globalari buruzko kanpo-aholkularitza juridiko, ekonomiko eta finantzaria.

Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.

Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko edo gastua dirulaguntza eman baino lehenago egin bada.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak osorik (% 100) azpikontratatu daitezke.

7. artikulua.– Laguntza eskaera.

Eskatzaile batek eskaera bat aurkeztu dezake gehienez.

8. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Dirulaguntzak portzentaje hauetara irits daitezke, onuradunak jasangarritasunarekin duen konpromiso-mailaren arabera:

– Onartutako gastuaren % 80raino, baldin eta erakunde onuraduneko liderrak egiaztatzen badu Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kide dela.

– Onartutako gastuaren % 60raino, baldin eta erakunde onuraduneko liderra ez bada Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kidea.

2.– Horrez gain, gehienezko zenbateko hauek ezarri dira dirulaguntza-eskaera bakoitzeko:

–. Gehienez 60.000 euro onuradun bakoitzeko partzuergoen kasuan, eta gehienez 20.000 euro partzuergoan parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.

– Gehienez 50.000 euro elkarte bakoitzeko.

– Gehienez 45.000 euro onuradun bakoitzeko, eta gehienez 15.000 euro enpresako, lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan; eta 20.000 euro enpresa trakziogilea izanez gero.

3.– Bidaia-poltsen gehienezko zenbatekoa jasota dago 1. eranskinean.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira:

a) Administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek jomuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

b) Klusterrak Dinamizatzeko Elkarteentzako laguntza-programakoekin.

10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2021eko urriaren 29an edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraiki. Aurrekoa gorabehera, publikoarentzako arreta 2021eko urriaren 29ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.

3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak Interneteko https://www.spri.eus/elkartu helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.

4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo erakundearen sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, https://www.spri.eus/elkartu helbidean.

6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Automatikoki eta behar beste bider egiaztatuko da eskatzaileak egunean daudela euren zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan, salbu eta eskatzaileek espresuki eta modu arrazoituan uko egiten badiote horretarako baimena emateari. Kasu horretan, eurek aurkeztu beharko dute betebehar horietan egunean daudela egiaztatzeko ziurtagiria.

11. artikulua.– Eskaeren edukia eta atxikitako dokumentazioa.

1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz ekintzei buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea. Sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

c) Eskatzaileak emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

e) ETE izaera duela egiaztatzen duen erantzukizunezko adierazpena (ETEak badira). Hala badagokio, enpresa horrek 3. eranskina bete beharko du.

f) Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren (BaqueTrade & Investment) kanpo-sareko bulegoaren bitartez erantzun ezin diren zerbitzuak (6. artikuluan jasotakoak) jasotzen dituzten eskaerek inguruabar horren berri eman beharko dute erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

g) Bai eskatzaileak eta bai enpresa parte-hartzaileek aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak. Enpresa parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.

h) Memoria, informazio hau jasoz: dirulaguntzaren xede diren jardueren zerrenda eta gastu-motaren banakapena, diruz lagundu daitezkeen gastuen arabera (6. artikulua).

i) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa, hala izanez gero.

2.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, ondoko hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Enpresen edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena, kontratua edo bestelako edozein dokumentu, non argi adieraziko baita alderdien konpromisoa. 2. eranskina bete behar da.

b) Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen ekintza-plana: sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan atxiki beharko da kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua.

c) Enpresa parte-hartzaileak ETEak direla dioen adierazpena, 3. eranskinean oinarrituta.

d) Bai eskatzaileak eta bai enpresa parte-hartzaileek aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak. Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldeko parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.

e) Lankidetzako enpresa-talde modalitatean parte hartzen duten enpresek euren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori. Hala, beharrezkoa bada, ikuskapen-bisita baten bidez egiaztatu ahal izango da erantzukizunezko adierazpenean azaldutako datu eta eskakizunak egiazkoak direla.

4.– Eskaera ez badago osorik beteta edo ez badu atxikita dokumentazio osagarria, erakunde onuradunari eskatuko zaio zuzendu dezala akatsa edo aurkeztu ditzala dokumentuak 10 egun balioduneko epean. Bestela, ulertuko da atzera egin duela bere eskaeran, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak eskaeren hurrenkerari jarraituz ebatziko dira, beraz, eskaerak aurkeztutako ordenan aztertu eta izapidetuko dira, eta egoki formalizatuta eta osatuta geratzen diren ordenaren arabera ebatziko dira. Eskaerak zuzendu beharreko akatsen bat badu, zuzenketaren data hartuko da aurkezpen datatzat.

2.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta analizatzeko lan materialak eta txosten tekniko gisa aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala egin direla egiaztatzea.

c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.

d) Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Txosten teknikoek informazio hau jasoko dute: baliozkotzearen xehetasunak eta eskaera bakoitzari dagozkion onartutako gastu hautagarriak.

2.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txostenetan oinarritutako proposamenak ikusirik, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak zuzeneko esleipen prozeduraren bidez ebatziko ditu laguntzak.

3.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ebazpen-epea. Ebazteko eta jakinarazpena egiteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da.

4.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

5.– Ebazpenak eduki hauek izango ditu gutxienez:

– Erakunde onuraduna.

– Aurreikusitako ekintzak.

– Aurkeztu eta onartutako gastuen aurrekontua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Ezesteko arrazoiak, hala badagokio.

– Bestalde, adieraziko da zein errekurtso jar daitezkeen ebazpenaren kontra, zein organo administratibo edo judiziali aurkeztu behar zaizkion eta zein epetan. Halere, interesatuek egoki iritzitako beste edozein errekurtso jar dezakete.

6.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak telematikoki emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gero.

– Gainerako % 50aren likidazioa, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.

2.– Laguntzak likidatzeko justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu behar dira 2022ko otsailaren 28a baino lehen (egun hori barne), erakunde onuradunaren lege-ordezkariak sinaturik. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua. Lankidetza-taldea dinamizatzeko eta koordinatzeko gastuak justifikatzeko orduan, derrigorrez adierazi behar da zein jarduerari edo jarduerei dagozkien lan egindako orduak eta zeintzuk diren partu hartu duten pertsonak.

– Gastu hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

– Barne-gastuak justifikatzeko, orduen kostua justifikatu behar da. Horretarako, ondoko hauek aurkeztu behar dira:

a) Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari jarraiki.

b) Proiektuan lan egin duten pertsonen 10T agiriak, euren nominak eta bankuko agiriak edo transferentzia telematikoak egiteko aginduak.

c) Gizarte Segurantzako aplikazioaren bidez sortutako Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) eta ordainketaren banku-agiria.

d) Gizarte Segurantzako aplikazioaren bidez sortutako Langileen Zerrenda Nominala (LZN).

e) Proiektuan lan egin duten langileen lan-parteak, inplikatutako pertsona bakoitzak proiektuari eskaini dizkion orduen xehetasunekin.

– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztea bidaiaren egiaztagiri gisa.

14. artikulua.– Zuzenketak.

Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 25eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

15. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

2.– Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.

3.– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza hori enpresa parte-hartzaileen artean banatzeko, eskaeran ageri diren enpresa guztiek adostutakoaren arabera.

4.– Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta bere kolaboratzaile den Basque Trade & Investment-Naziaortekotzeko Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

5.– Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

6.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

7.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik.

8.– Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

9.– Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

10.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen oinarri hauetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Onartutako aurrekontuaren % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratzeak berekin ekar lezake dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, salbu eta justifikatzen bada bete direla laguntzak xedetzat dituen helburuak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraiki.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

I. ERANSKINA
BIDAIA-POLTSA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PARTE-HARTZE ERABAKIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ETE ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
MINIMIS LAGUNTZEN / PROIEKTU BERERAKO LAGUNTZEN ERANTZUKIZUNEZKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala