175. zk., 2021eko irailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (371 KB - 15 orri.)
- EPUB (292 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4632
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 29koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko uztailaren 29ko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Pilotu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko uztailaren 29ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Pilotu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Pilotu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.
Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARIAREN 2021EKO UZTAILAREN 29KO EBAZPENAREN ERANSKINA.
ERABAKIA, 2021EKO UZTAILAREN 29KOA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUARENA, 2021EKO «PILOTU» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ONARTU, PROGRAMAREN DEIALDIA EGIN ETA ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.
Hala, Laguntza Programa hau diseinatu da, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak sustatzeko.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.
Gorago adierazitakoaren arabera,
HAUXE ERABAKI DUT:
Lehenengoa.– «Pilotu» 2021 Laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago erabaki honen Eranskinean.
Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari ahalmena ematea erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko.
Hirugarrena.– Erabaki honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio-kontseiluan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin agintzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
ERANSKINA
PILOTU 2021 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK.
XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.
Gobernu Programa horrek hala agindurik, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen atalean jasotakoa: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena».
Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, zeinaren helburua baita bultzada bat ematea nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzean dauden oztopoak gainditzeko.
Pilotu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira eta helburutzat dute babesa ematea nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzen duten euskal enpresei.
Zehazkiago, Pilotu programaren helburua da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak garatu behar dituzten Euskal Autonomi Erkidegoko enpresei laguntzea. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta.
Horretarako, ezinbestekoa da proiektu pilotua gauzatzeko eskumena duen atzerriko organismo publiko batek konpromisoa hartzea proiektu horren garapena partzialki finantzatzeko.
Programa hau jasota dago erakundeak 2021eko ekitaldirako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2020ko abenduaren 15eko Administrazio-kontseiluaren erabaki bidez).
1. artikulua.– Xedea.
Pilotu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin (zeintzuk jasota dauden XII. legealdiko gobernu-programan eta berau garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan), eta bere xedea da laguntza-programa bat arautu eta deitzea 2021eko ekitaldirako, dirulaguntza ez itzulgarriak emateko nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinu eta garapenean parte hartu nahi duten Euskal Autonomi Erkidegoko enpresei, eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesu osoan.
Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat dela eskala minimoko inbertsio bat, zeinaren helburua den aztertzea bideragarria ote den Inbertsio Publikoko Proiektu (IPP) bat egitea atzerrian, irabazi ukigarriak sortzeko. Horretarako, azterketa batzuk izan behar ditu frogatzeko proiektua sozialki errentagarria eta jasangarria dela eta bat datorrela jomuga-herrialdeko agintariek ezarritako lerro politikoekin.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.
2.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren arteko lehiaketa bidez tramitatuko dira.
3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak dira eta, beraz, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.
4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Oinarri hauetako 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 400.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Oinarri hauetako laguntzen onuradun izan daitezke:
– Euskal Autonomi Erkidegoan kokatuta dauden edo produkzio-instalazioren bat duten enpresak, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen eratutakoak. Deialdira aukeztu daitezke enpresa handiak, mikro-enpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE).
ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.
– Nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat dutenak. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta.
Eskatzaileak onuradun izan daitezke, akordio hitzartu bat badute esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publiko batekin, zeinak aurrekontu bat izan beharko baitu proiektuaren abiarazte-prozesua partzialki finantzatzeko. Orobat posible da akordio bat izatea erakunde publikoa ez den beste erakunde batekin -irabazi asmoduna nahiz irabazi asmorik gabea-, aipatu proiektu hori kudeatu dezan. Nolanahi ere, finantzaketa publikoa duten proiektuak izan behar dute.
2.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.
5. artikulua.– Laguntzetatik kanpo dauden enpresak.
a) Ez dira onuradun izango azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeretakoren batean dauden enpresak, berreskuratze-agindu baten menpe daudenak, erabaki bada Europako Batzordeak emandako laguntza bat legez kanpokoa edo merkatu erkidearekin bateraezina dela, eta ezta ere krisi-egoeran dauden enpresak, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (DO C249, 2014-07-31).
b) Ez dira onuradun izango administrazio-zehapen edo zehapen penal bat dutenak eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdua dutenak. Halaber, aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak, eta sexu bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekuren bat dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken seigarren xedapenean ezarritakoaren arabera.
c) 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.
d) Era berean, ez dira Pilotu programako laguntza publikoen onuradun izango 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izaera lortu ezin dela zehazten duten suposizioetan dauden enpresak, eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:
– Zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorrarekikoak edo/eta haren erakunde kolaboratzaileekikoak beteta ez izatea.
– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.
– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
– Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.
e) Ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresak edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik.
f) Azkenik, ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; ez dira onuradun izango ezta ere krisialdian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta exekuzio-epea.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira proiektuaren diseinu eta inplementazioarekin lotutakoak eta zerikusia dutenak emaitzak lortu eta aztertzearekin, emaitza horien bidez jakin baitaiteke proiektua erreplikatzeko modukoa den.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira:
– Proiektuan lan egiten duten langileen kostu zuzenak.
– Egiturazko kostuak: diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.
– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden material eta horniduren kostuak.
– Proiektua garatzeko soilik erabilitako kanpo-aholkularitzaren kostuak.
– Proiektuaren jarduerarekin lotutako bidaiak.
– Makineria edo/eta osagaiak garraiatu eta instalatzeko kostuak.
– Proiektuaren amaierako ziurtapen-kostuak.
3.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntzaren ebazpena eman eta gehienez hurrengo hamabi hilabeteetan eginiko gastuak.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin daiteke izan merkatuko balioa baino handiagoa, eta, nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuak azpikontratatu egin daitezke, gehienez % 50eko mugaraino.
Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikientzat zehaztutako zenbatekoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu, lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko behar besteko erakunderik.
5.– Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoek fakturatutako zerbitzuak, prezio publikoen menpe badaude.
7. artikulua.– Laguntza eskaera.
1.– Enpresa bakoitzak bi eskaera aurkeztu ahal izango ditu gehienez deialdi bakoitzeko.
2.– Proiektu edo konponbide berritzaile bera inplementatzeko, eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da herrialde bakoitzeko.
8. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.
Diruz lagundu beharreko proiektuaren guztizko zenbatekoa ezin daiteke izan 250.000 eurotik gorakoa, eta proiektu hori garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publikoak proiektu horren kostuaren % 49a jarri beharko du gutxienez.
Enpresa onuradunei emandako laguntzek muga hauek izango dituzte: onartutako aurrekontuaren % 51raino, eta 50.000 euroko dirulaguntza gehienez.
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek kontzeptu eta jomuga-herrialde bererako emandako beste edozein laguntzarekin.
2.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.
10. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko urriaren 15ean amaituko da.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.
3.– www.spri.eus/pilotu webgunean adieraziko da non aurkeztu behar diren eskaerak, erantzukizunezko adierazpenak eta erabili beharreko gainerako ereduak.
4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.
5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira www.spri.eus/pilotu helbide elektronikoan.
6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.
8.– Laguntza eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen lege-ordezkariari akatsak zuzendu edo derrigorrezko dokumentuak aurkeztu ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean.
11. artikulua.– Eskaeren edukia.
1.– Enpresa eskatzaileek eduki hauek jaso behar dituzte eskaeran:
a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik berau egoki baloratzeko oinarria.
b) Dirulaguntzaren xede den proiektu pilotuari buruzko memoria, bertan adieraziz bere izaera berritzailea, erabilitako metodologia eta nola egokitu zaion bere ingurune geografikoari.
c) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.
e) Erantzukizunezko adierazpena, azalduz zein diren aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.
f) ETEa dela egiaztatzen duen erantzukizunezko adierazpena (hala badagokio).
g) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa (hala izanez gero), 1. eranskinean azaldutako ziurtagirietan oinarrituta.
h) Enpresa esportazio-partzuergo, salmenta-talde, klusterren dinamizazio-elkarte edo elkarte sektorial bateko kide bada edo lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen badu, hori hala dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
i) Atzerriko erakunde publiko edo erakunde kudeatzaile batekin proiektu pilotuaren diseinuan parte hartzeko sinatutako akordioa. Akordio horrek bere baitan hartuko ditu alderdi biek proiektua gauzatzeko hartu duten konpromisoa, finantzaketa-hitzarmena, aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza, proiektua erreplikatzeko aurreikuspenak eta proiektua garatzeko egoki irizten diren gainerako alderdi guztiak. Halakorik ezean, posible da erantzukizunezko adierazpen bat aurkeztea, erakusteko badagoela aurre-akordio bat. Horretarako, 2. eranskina bete behar da.
2.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori. Hala, beharrezkoa bada, ikuskapen-bisita baten bidez egiaztatu ahal izango da erantzukizunezko adierazpenean azaldutako datu eta eskakizunak egiazkoak direla.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak emango zaizkie onuradun izateko irizpideak betetzen dituztela egiaztatzen duten enpresei, balorazio-irizpide hauen arabera:
– 1. irizpidea: aurkeztutako proiektu pilotuaren izaera berritzailea (teknologiagatik, metodologiagatik edo ingurune geografikora egokitzeko moduagatik). Proiektua berritzailetzat jotzeko, aintzat hartuko da azken belaunaldiko aurrerapen teknologiko eta ezagutzetan oinarritutako jakintza eta teknologia berritzaileak erabiltzea, baldin kostuen arloko abantailak badakartzate beste proiektu batzuekin alderatuta, eta orobat aintzat hartuko da jasangarritasuna eta inplementatzen den ingurunean izan duen inpaktua. Gehienez 35 puntu.
a) Kalifikazio altua: 35 puntu.
b) Kalifikazio ertaina: 20 puntu.
– 2. irizpidea: proiektuaren erreplikagarritasuna, 25 punturaino.
a) Probabilitate handia atzerriko erakunde publikoak konponbide tekniko hori eskalatu eta lehiaketa publiko baten xede den proiektu batean sartzeko, pilotua egin eta hurrengo bi urteetan. Gehienez 25 puntu.
b) Probabilitate handia atzerriko erakunde publikoak konponbide tekniko hori eskalatu eta lehiaketa publiko baten xede den proiektu batean sartzeko, pilotua egin eta hurrengo lau urteetan. Gehienez 15 puntu.
– 3. irizpidea: lankidetza. Gehienez 15 puntu.
a) Proiektu pilotua bi euskal enpresa edo gehiagoren arteko lankidetzan gauzatu da: 15 puntu.
b) Enpresa eskatzailea klusterren dinamizazio-elkarte, esportazio-partzuergo, salmenta-talde edo aliantza bateko kide da: 10 puntu.
c) Enpresa eskatzaileak lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen du: 5 puntu.
– 4. irizpidea: Erantzukizun soziala eta Jasangarritasuna. Gehienez 15 puntu. Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoa baloratuko da.
a) Laguntzaren xede den proiektu pilotuak ekarpen erabakigarriak egingo dizkio 2030 Agendako 17 Helburuetakoren bati jomugako herrialdean: 15 puntu.
b) Enpresa eskatzaileak 1. blokeko (Erantzukizun Soziala) ziurtagiriren bat dauka; edo Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide da; edo badauzka ziurtagiriak edo/eta planak 1. eranskinean zerrendatutako arloetan (jasangarritasuna, genero berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa): 5 puntu.
– 5. irizpidea: enpresaren tamaina. Gehienez 10 puntu.
a) Enpresa txiki eta ertaina (ETE) da: 10 puntu.
13. artikulua.– Laguntzen esleipena.
1.– Eskaerak baloratzean kontuan hartuko dira oinarri hauetako irizpideak eta bertan ezarritako mugak, eta ondoko portzentaje hauek 8. artikuluko zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira:
a) 50 eta 59 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei laguntzen % 35a esleituko zaie.
b) 60 eta 69 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei laguntzen % 40a esleituko zaie.
c) 70 eta 79 puntu bitarteko balorazioa eskuratzen duten eskaerei laguntzen % 45a esleituko zaie.
d) 79 puntutik gorako balorazioa eskuratzen duten eskaerei, laguntzen % 51 esleituko zaie.
Ebaluazioan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten laguntza-eskaerak ez dira onartuko.
14. artikulua.– Eskaeren analisia eta ebaluazioa.
Dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira.
Batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, oinarrietako 12. eta 13. artikuluetan jasotako irizpide eta puntuazioen arabera ebaluatuko ditu, eta txosten teknikoak egingo ditu. Horretarako, edozein unetan eskatu ahal izango du dokumentazio edo/eta informazio osagarria, beharrezkotzat jotzen badu proiektua ongi ulertu eta ebaluatzeko.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde kolaboratzaile bezala, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izendatutako ditu ebaluazio-batzordea osatuko duten langile teknikoak.
Honakoek osatuko dute proiektuen jarraipena egiteko Balorazio-batzordea:
– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, Batzordeko presidentea izango dena: Iñaki Ezkurra.
– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Jesús Maria Cantón.
– SPRIko (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) programen teknikaria, Batzordeko bokala izango dena: Inmaculada López.
– SPRIko (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) programen tramitazioko arduraduna, Batzordeko idazkaria izango dena: Iker Arruabarrena.
Txosten teknikoetan oinarriturik, SPRIko Nazioartekotzeko Zuzendaritzako laguntza zerbitzuak ebazpen-proposamen bat egingo du, bertan adieraziz zein laguntza emango diren eta zein eskaera ukatuko diren.
15. artikulua.– Dirulaguntzen ebazpena.
SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.
Ebazpen hori gehienez 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaio enpresari, espedienteak osatuta dauden unetik zenbatzen hasita.
Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: erakunde onuraduna, aurkeztu eta onartutako gastuen aurrekontua, dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikazio-fasea amaitu arte jarraitu beharreko urratsak eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ebazpena SPRIren web-gunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:
– Dirulaguntzaren % 5a emandako laguntza onartu ondoren edo, hala badagokio, hamabost eguneko epean.
– Gainerako % 95a, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.
2.– Bigarren ordainketa jasotzeko, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuaren diseinua eta garapena egiaztatzen duten justifikazio-agiriak.
3.– Justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu behar dira erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurarekin, proiektua amaitu ostean eta bi hilabeteko epean egun horretatik zenbatzen hasita. Hauek dira justifikazio-agiriak:
a) Proiektuaren idazketa, diseinu eta garapenaren memoria, bai eta diruz lagundutako proiektuaren izaerarekin bat datozen jarduera guztiena.
b) Obra- edo proiektu-harreraren akta, proiektuan kolaboratu duen atzerriko organismo publikoak egina.
c) Langileen kostu zuzenak justifikatzeko, orduen kostua ziurtatu beharko da. Horretarako honakoak aurkeztu beharko dira:
c.1.– Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari jarraiki.
c.2.– Proiektuan lan egin duten pertsonen 10T agiriak, euren nominak eta bankuko agiriak edo transferentzia telematikoak egiteko aginduak.
c.3.– Gizarte Segurantzako aplikazioaren bitartez sortutako Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) eta ordainketaren banku-agiria.
c.4.– Gizarte Segurantzako aplikazioaren bitartez sortutako Langileen Zerrenda Nominala (LZN).
c.5.– Proiektuan lan egin duten pertsonen laneko parteak, horietako bakoitzak proiektuari eskaini dizkion orduen xehetasunekin.
d) Zeharkako kostuen justifikazioa: zeharkako kostutzat hartuko da diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.
e) Material eta horniduren justifikazioa: gastu hautagarrien fakturak aurkeztu behar dira, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.
f) Bidaia-gastuak: garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztu behar dira bidaiaren egiaztagiri gisa.
g) Kanpo-aholkularitzaren gastuak: kontzeptu horregatik ordaindutako fakturak aurkeztu behar dira.
h) Proiektu pilotuaren erreplikagarritasun ziurtagiria.
i) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.
17. artikulua.– Likidazioen zuzenketak.
Justifikazio-epea amaitzean ez bazaio halakorik aurkeztu organo administratibo eskudunari, organo horrek onuradunari eskatuko dio aurkeztu dezala justifikazioa luzatu ezinezko hamabost eguneko epean, Dirulaguntzen Araudiko 70.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Ez bada justifikaziozko dokumentazio hori aurkezten atal honetan ezarritako epean, dirulaguntza itzuli beharko da eta araudi horrek ezarritako gainerako erantzukizun guztiei aurre egin beharko zaie.
18. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.
Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 14. eta 46. artikuluetan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
2.– Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.
3.– Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta bere kolaboratzaile den Basque Trade & Investment-Naziaortekotzeko Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
5.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.
6.– SPRIren sozietate filiala den Basque Trade & Investment-Nazioarteko Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik.
7.– Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.
8.– Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.
9.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesatuari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzeen arrazoien artean daude onartutako aurrekontuaren gaineko % 30etik gorako beheranzko desbideratzeak, salbu eta, SPRI-Epresen Garapenerako Euskal Agentziaren iritziz, salbuespen hori justifikatuta badago desbideratzeari buruzko txosten tekniko baten bitartez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen (EB) 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Datu pertsonalak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-estatutuetan eta garapen-araudian ezarritakoari jarraiki.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.
Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera. Era berean, harremanetan jar daitezke erakundeko Datuen Babeserako Ordezkariarekin dpd@spri.eus helbide elektronikoan.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.
Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Agentzia izango dela horren arduraduna. (www.avpd.euskadi.eus).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.