175. zk., 2021eko irailaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (310 KB - 13 orri.)
- EPUB (232 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4631
EBAZPENA, 2021eko uztailaren 29koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko uztailaren 29ko erabakia argitaratzen baita, 2021eko «Nazioarteko Gauzatu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartu, programaren deialdia egin eta argitaratzekoa.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko uztailaren 29ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Nazioarteko Gauzatu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartu, programaren deialdia egin eta argitaratzeko agindu zen. Horrenbestez, dagokion publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Nazioarteko Gauzatu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onarpenari eta deialdiari buruzko erabakia, zeina honen eranskin gisa atxiki baita.
Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendaria,
AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ERANSKINA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN NAZIOARTEKOTZE ZUZENDARIAREN 2021EKO UZTAILAREN 29KO EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2021EKO UZTAILAREN 29KOA, SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUARENA, 2021EKO «NAZIOARTEKO GAUZATU» LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK ONARTU, PROGRAMAREN DEIALDIA EGIN ETA ARGITARATZEKO AGINTZEN DUENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.
Hala, Laguntza Programa hau bereziki diseinatu da euskal enpresen atzerriko ezarpenak sustatzeko.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) 48.5 artikuluan agintzen du Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publikotasun-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.
Gorago adierazitakoaren arabera, hau
ERABAKITZEN DUT:
Lehenengoa.– «Nazioarteko Gauzatu» 2021 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago erabaki honen eranskinean.
Bigarrena.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari ahalmena ematea erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko.
Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluan, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
ERANSKINA
«NAZIOARTEKO GAUZATU» 2021 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.
Gobernu Programa horrek hala agindurik, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena, eta euskal enpresen kapitalean aldi batez parte hartzea funts publiko-pribatuen bidez, euren garapena eta atzerriko zabalkundea bultzatzeko».
Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, zeinaren helburua baita atzerriko merkatuetan inbertsioak egiten laguntzea enpresen posizionamendua hobetzeko.
Nazioarteko Gauzatu programak mailegu itzulgarriak ematen ditu produkzio-ezarpenak egiteko atzerrian eta atzerriko enpresak erosteko kanpo-merkatuetan.
Jarduera ekonomikoak eta mundu mailako merkataritzak ondorio kaltegarriak jasan dituzte COVID-19agatiko osasun-krisiaren lehen uneetatik. Pertsonen joan-etorriak eta salgaien mugikortasuna guztiz baldintzatuta dauden honetan, merkatuetan presentzia izatera bideratutako estrategiak bere garrantzia berretsi du. Horregatik, atzerrian produkzio-ezarpenak egiteko operazioak gero eta premiazkoagoak dira enpresentzat.
Nazioarteko Gauzatu programak helburutzat du enpresen premia berri horiek asetzea, eta arlo publikotik ahalegina egingo da errealitate berrietara egokitzeko.
Nazioarteko Gauzatu 2021 Programak badu behar besteko aurrekontu-kreditua, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 2021erako prestatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da laguntza hauen esleipena arautzea, zeintzuk bereziki diseinatu baitira atzerrian, hots, nazioartean dauden euskal enpresen ezarpenak (produkzio-ezarpenak edo produkzio-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoenak) kokatzen, zabaltzen eta berritzen laguntzeko, babesa emanez sendotu daitezen eta kanpo-merkatuko presentzia indartu dezaten, horrela euren lehiakortasuna eta, beraz, etorkizuneko bideragarritasuna handitzeko.
2. artikulua.– Laguntzaren izaera.
1.– Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.
2.– Laguntza hauek ondoz ondoko lehiaren prozeduraren arabera aitortuko dira, behar bezala jasotako eskaeren artean. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza egoki (oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin) bete den unearen arabera.
3.– Emango den laguntza finantzaketa itzulgarria izango da, interesik gabekoa, eta urtero ordainduko da, eginiko inbertsioen araberako proportzioan.
Interesik gabeko finantzaketa itzulgarria denez, itzuli behar ez den dirulaguntza gisa konputatzen den zatia izango da jasotako zenbatekoa merkatuko baldintzetan jaso balitz ordaindu beharko litzatekeen interes-tasaren baliokidea. Interes-tasa hori deialdia egin den urteko estatuko aurrekontu orokorretan dago zehaztuta.
4.– Jasotako finantzaketa linealki itzuliko da bost urteko epean, inbertsio-proiektua amaitu ondorengo bigarren ekitalditik aurrera.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2021eko baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2021eko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez dira onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerak. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/GauzatuInternacional) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Hauek dira oinarri hauetan jasotako laguntza eskuratu dezaketenak:
– Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak), zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB) –zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena–, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, zehazki araudi horren 17. artikulua, eta, subsidiarioki, laguntza horizontalen araudia eta baita ere laguntza sektorialena, betiere kanpoan uzten badira Salbuespenen Araudi Orokorreko 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategoriak.
– Enpresa handiak, zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).
ETE definizioa aplikatzeko kontuan hartzen da Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan adierazitakoa (DOUE Aldizkari Ofiziala, L 124, 2006-05-20, 0036-0041 orr).
2.– Enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon behar dute, edo instalazio produktibo bat izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
3.– Onuradun izateko baldintza guztiak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.
5. artikulua.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren inbertsio, erakunde eta enpresak.
1.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren inbertsioak:
a) Ez dira onartuko sektore hauetara zuzendutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta nekazaritzako ekoizpen primarioa.
b) Enpresa baten akzioak eskuratze hutsa ez da hartuko inbertsiotzat, Batzordearen 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorraren 17. artikuluaren arabera.
c) Ez dira diruz lagunduko ekipamendua edo makineria ordezkatzea beste helbururik ez duten inbertsioak, baldin eta ez badute aldaketa nabarmenik eragiten ekoizpen-prozesuan.
d) Ez dira diruz lagunduko atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.
2.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren erakunde eta enpresak:
a) Enpresa Handien kasuan, ez dira onuradun izango 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso dutenak, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak. Egoera horien artean daude:
– Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez egotea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharretan egunean ez egotea.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta izatea administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko debekuren bat izatea.
c) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituztenak, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.
d) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.
e) Krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (2014/C 249/01) krisi-egoeran dauden enpresa edo erakundetzat hartzen direnak, salbu eta betetzen bada COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko Estatuko laguntza-neurriei buruzko 2020ko martxoaren 19ko Aldi Baterako Esparruko 3.1.22.c bis atalean ezarritako salbuespena [C (2020) 1863].
f) Sexu-bazterkeriako ekintzaren bat egin dutenak, Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.
g) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Instituzionala osatzen duten erakundeak, sozietate publikoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak.
6. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen inbertsioak.
1.– Laguntza hau eskuratu ahal izateko, enpresa berriak sortuta edo lehendik daudenak erosita egon behar dira laguntza-eskaera aurkeztu aurretik. Era berean, laguntzaren xede diren inbertsioak eskaera aurkezten den deialdiaren ekitaldian hasi beharko dira, betiere aurre-eskaera edo eskaera aurkeztu ondoren.
2.– Diruz lagun daitezkeen proiektuek 120.000 euroko gutxieneko inbertsioa lortu beharko dute artikulu honetako 7. puntuan zehaztutako Kontabilitateko Plan Orokorraren kategorietan, eta inbertsioa, gehienez ere, 36 hilabeteko epean gauzatu beharko da. Gutxieneko inbertsioa euskal enpresak proiektuan duen partaidetzaren araberakoa izango da.
3.– Atzerrian ezartzeko proiektutzat jotzen da atzerriko herrialde batean establezimendu berri bat irekitzea, atzerrian lehendik irekita dauden establezimenduak berritu edo handitzea edo atzerriko sozietateak eskuratzea, betiere euskal enpresak horietan duen partaidetza gehiengoa bada, salbu eta inbertsioa jasoko duen herrialdeko legeak besterik agintzen badu.
4.– Enpresa onuradunen filialek atzerrian egiten dituzten inbertsioek bakarrik jaso ahal izango dute laguntza, betiere bi enpresen helburu sozialak lotura argia badu.
5.– Atzerriko sozietateen erosketari dagokionez, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) 17. artikuluan ezarritakoa bete behar da:
– establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz.
– aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.
– operazioa merkatuko baldintzetan egitea.
6.– Berritze proiektutzat joko dira lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra esanguratsuki aldatzen dutenak.
7.– Posible da laguntza ematea aktibo finko berriak eskuratzeko, baldin eta laguntzaren xede den ezarpenaren aktiboan txertatzen badira.
a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuko Kontabilitateko Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera edo inbertsioa egingo den herrialdeko Kontabilitate Planaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetan dauden aktiboak izatea:
– 203 Industri Jabetza eta Patenteak.
– 206 Aplikazio informatikoak.
– 210 Lurrak eta Ondasun naturalak.
– 211 Eraikuntzak.
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 214 Tresneria.
– 215 Bestelako instalazioak.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.
«Lurrak eta Ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren gehienezko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen berdina izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da kontuan hartuko laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa, laguntzak zehazteari dagokionez.
Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo destinoko herrialdeko baliokidea kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo martxan jarritakoak izatea. Lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak erosten diren kasuetan, berriak balira bezala hartuko dira.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea izan beharko dute, eta gutxienez hiru urtez egon beharko dute enpresaren aktiboan.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (eta, nolanahi ere, inoiz ez dira zenbatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoak baino balio handiagoarekin).
f) Ez dira diruz lagunduko bazkide batek kapitalari generotan egindako ekarpenak.
g) Posible izango da finantza-alokairuaren bidez finantzatutako inbertsioentzat laguntza ematea, baldin eta enpresa berariaz konprometitzen bada erosketa aukera gauzatzera.
h) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak enpresa onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarrenei merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta gutxienez bost urteko epean mantendu beharko dira enpresaren aktiboan.
Aurrekoa gorabehera, baldintza hauek betetzen direnean baino ez da diruz lagunduko establezimendu bateko aktiboen erosketa:
I.– Establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz.
II.– Aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.
III.– Operazioa merkatuko baldintzetan egitea.
8.– Enpresa elkartu edo lotuei aktiboak erostetik eratorritako inbertsioak espreski jakinaraziko zaizkio SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorreko I. eranskinaren arabera, eta kanpo-ikuskaritzetan oinarrituta baloratuko dira.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Oinarri hauetako 4. artikuluaren arabera, enpresa onuradunek laguntza hauek jaso ahal izango dituzte:
a) Enpresa txikiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50eko finantzaketa itzulgarria.
b) Enpresa ertainek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko finantzaketa itzulgarria.
c) Enpresa handiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko finantzaketa itzulgarria.
2.– Euskal enpresak proiektuan duen partaidetza % 100ekoa ez bada, gainerako enpresen partaidetzaren zati proportzionala deskontatuko da aurreko atalaren arabera dagokion laguntzaren zenbatekotik.
3.– Laguntza ezingo da izan 1.000.000 euro baino handiagoa enpresako.
4.– Proiektu bakar baterako laguntza emango da deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko.
5.– Laguntza kalkulatzerakoan ez dira kontuan hartuko proiektu horiei eragin diezaieketen zergak, edozein motatakoak direla ere.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek xede bererako ematen dituztenekin, baldin eta:
– Enpresa txiki eta ertainen kasuan, ez badute gainditzen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko Salbuespenen Araudi Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga, eta laguntza horien berri eman beharko diote SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzari. Muga hori gainditzen bada, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako laguntzari.
– Enpresa handien kasuan, ez badute gainditzen Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan ezarritako muga.
9. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2021eko urriaren 29an edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, jendearentzako arreta 2021eko urriaren 29ko arratsaldeko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua) amaituko da.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.
3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak www.spri.eus/gauzatuinternacional helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.
4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.
5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/gauzatuinternacional helbidean.
6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Laguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta, kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.
10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:
a) Eskaera telematikoa, enpresari buruzko datuekin behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta.
b) Inbertsio-proiektuari buruzko memoria xehea, zeinetan jasoko baitira inplementazio-egitasmoa, plan ekonomiko-finantzarioa eta horiek burutzeko epeak. Atzerriko sozietate bat erosten den kasuetan, beste enpresa batek egindako balorazioa aurkeztu beharko da, salerosketaren ondorioetarako. Berritze proiektu bat egiten den kasuetan, memoriak xeheki justifikatu behar du berritze horrekin esanguratsuki aldatu dela lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra.
Kasu guztietan, memoriak frogatu beharko du proiektuak indartu egiten duela enpresak merkatuan duen posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna, betiere Euskadin duen jarduera industrialari kalterik egin gabe.
c) Oinarri hauek argitaratu baino lehen aurre-eskaera bat aurkeztu bada, enpresak aurre-eskaera hori atxiki beharko du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ezarritako sarrera-zigiluarekin.
d) Enpresa eskatzailearen eta laguntzaren xede izan den ezarpenaren eratze-eskritura edota ordezkaritza ahalordea eta, hala badagokio, horren aldaketena.
e) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.
g) ETEen kasuan: Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 inprimakia, eskatzailea ETEa dela ziurtatzen duena.
h) Enpresa handien kasuan: aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren mende daudenak.
i) Azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan utzitako urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, edo, halakorik ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.
j) Emandako datuak egiazkoak direla dioen erantzukizunezko adierazpena.
2.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak behar den dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako laguntza-eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.
3.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentu horiek, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.
11. artikulua.– Eskaeren azterketa.
1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
2.– Epe hori igarotakoan, erakunde onuradunak ez badu akatsa zuzendu horretarako arrazoi justifikaturik gabe, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak txostena ebatziko du eta ebazpen horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.
3.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, eta, orobat, oinarri hauetako 17. artikuluan esleitzen zaizkion funtzioen barruan, txosten bat egitea, non enpresa-proiektua eta berorren bideragarritasuna aztertuko baitira.
Basque Trade & Investment-ek egiaztatuko du kategoria honetan sartzen diren enpresak ETEak direla, Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan adierazitakoaren arabera (DOUE Aldizkari Ofiziala, L 124, 2006-05-20, 0036-0041 orr).
12. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Aurkezten diren eskaerak ordenan tramitatuko dira, oinarri hauetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariari dagokio eskaerak ebaztea.
2.– Ebazpenetan adieraziko da eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren, eta laguntza ematen den kasuetan, alderdi hauek zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, onartutako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.
3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkio enpresa interesdun bakoitzari. Nolanahi ere, esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa enpresa interesatuei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota interesatuei ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertu beharko dute dirulaguntzaren eskaera ezetsi zaiela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 44.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskaera baiesteko edo ezesteko ebazpena, eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.
13. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek Basque Trade & Investment agentziari aurkeztuko diote gauzatutako inbertsioen aitorpen bat, aitorpen horri erantsiko dizkiotelarik fakturen koadroa –eman zaien ereduaren arabera– eta fakturak eurak. Horrez gain, kanpoko ikuskapen-txosten bat aurkeztu beharko dute, bere bitartez ziurtatzeko gauzatu direla ebazpenak xedetzat dituen inbertsioak eta benetan egokitzen direla oinarriotan adierazitakora.
Enpresa onuradunak, hala badagokio, SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Basque Trade & Investment-en esku jarriko ditu egindako inbertsioak egiaztatzeko eskatzen zaizkion agiri guztiak.
2.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, non adieraziko duen zein den enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala). Finantzaketa itzulgarria urtean behin ordainduko zaio enpresa bakoitzari.
3.– Goian adierazitako ebazpena, enpresa onuradunari ez ezik, Finantzen Euskal Institutuari ere igorriko zaio, ordaindu dadin bertan adierazitako zenbatekoa.
4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak erabaki negatibo bat hartu duen hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketaren eskaerarekin batera, hura ezeztatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da, ez baita ordainduko hori justifikatu arte.
14. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.
1.– Behin inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, lehen itzulketa egingo da proiektua amaitu eta hurrengo 2. urtean, eta gainontzekoak lau urtetan, bata bestearen ostean eta linealki.
Finantzaketaren itzulketak urtero egin beharko dira Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) kontu batean, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen bi hilabeteetan. Urte bakoitzean itzuli beharrekoa jasotako laguntzaren bosten bat izango da.
2.– Enpresa onuradunek autolikidazio txosten bat egin beharko dute emango zaien ereduari jarraikiz, bertan adieraz dezaten bost ekitaldietako bakoitzean egin beharreko itzulketaren kalkulua. Behin itzulketa egindakoan, enpresak autolikidazio txosten hori eta bankuko transferentziaren kopia bat bidaliko dio Basque Trade & Investment agentziari.
Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamen bat jasoko dute.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen inbertsioa egiteko eta emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa, edo ez baditu betetzen oinarri hauetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, ebazpen administratibo bidez adieraziko du onuradunak galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako laguntzaren printzipala eta dagozkion interesak itzuli behar dizkiola SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta beronen garapen arauetan ezarritakoari jarraikiz. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondorio guztietarako.
2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea, eta posible da espedientea Basque Trade & Investment agentziak edo Finantzen Euskal Institutuak (FEI) proposatuta abiaraztea itzulketei buruzko gorabeherak daudenean.
16. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Inbertsioaren exekuzioa atzeratzea: salbuespen gisa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak urtebeteko geroratze bakar bat eman ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Atzerapen horrek dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratuko du, gehienez urtebetez, betiere alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Atzerapen horrek ez du aldatuko onuradunak jasotako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ez eta itzultzeko baldintzak ere; soilik ekarriko du urtebete luzatzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datak.
2.– Luzapena itzulketen egutegian: salbuespen gisa, eta enpresaren finantza arloko egoera ebaluatu ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak luzapen bat eman ahal izango du, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Luzapen horrek eragina izan dezake hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztietan edo batzuetan, eta ezingo da izan hasieran finkatutakoa baino urtebete luzeagoa. Luzapen hau emateak berekin dakar dagozkion interes legalak ordaintzeko betebeharra, eta posible da luzapena eman aurretik bermeak eskatzea.
3.– Aldatu badira laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak –betiere beteta egonik laguntzaren xedea–, eta horrekin batera, eskuratu badira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak, posible da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, kontuan izanik arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko dela dirulaguntzaren onuradun izateko. Horretarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du, non emandako laguntzaren zenbatekoa berregokituko baita.
17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araubideari jarraituz ematen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua (FEI), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eta arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin bat etorriz.
2.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Inbertsio-proiektuak aztertu eta kalifikatzea.
b) Ezarpen-plana eta enpresa-proiektua aztertzeko txostenak prestatzea.
c) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.
d) Itzulketen autolikidazioak ebaluatzea.
e) Oinarri hauetako 16. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.
3.– Finantzen Euskal Institutuak (FEI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.
c) Programako funtsen finantza-kontrola.
d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.
e) Kontabilitateari eta izan litezkeen intzidentziei dagokienez, aldizkako komunikazioak helaraztea Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziari eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.
18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun diren enpresek betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, baldin eta laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat joko da.
2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.
3.– Hitzartutako inbertsioa bete eta justifikatzea.
4.– Inbertsioa egin bitartean, eskatutako informazio osagarri oro igortzea, Administrazioak egin ditzan proiektuaren garatze eta gauzatzeari buruz egokitzat jotzen dituen egiaztapen guztiak.
5.– Inbertsio-proiektuarekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea bost urtez.
6.– Eskatzen zaizkien agiri guztiak eman beharko dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, erakunde horiek, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dietenean.
7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginean, Dirulaguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein obligazio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa dela SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa, berau sortzen duen legeari eta garatzen duen araudiari jarraikiz.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi: https://www.spri.eus/nortzuk-gara/) transmititu ahal izango zaie.
Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
Bilbao, 2021eko uztailaren 29a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendaria,
AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.