Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2021eko irailaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
4612

AGINDUA, 2021eko abuztuaren 17koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, Konstituzio Auzitegiaren 2021eko uztailaren 14ko 148/2021 Epaiaren epaitza dela eta, zenbait jarduketa egitera agintzen duena.

EGITATEZKO AURREKARIAK

Lehenengoa.– Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera ezarri zuen, COVID-19k eragindako osasun-egoera kudeatzeko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. eta 3. apartatuak, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeari buruzkoak, honela diote, hitzez hitz:

«1.– Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, pertsonek erabilera publikoko bide edo espazioetatik zirkulatu ahal izango dute soilik honako jarduera hauek egiteko. Jarduera horiek banaka egin beharko dira, salbu eta desgaitasuna duten pertsonei, adingabeei edo adinekoei laguntzeko bada, edo beste arrazoi justifikaturen batengatik bada:

a) Elikagaiak, farmazia-produktuak eta premia larriko produktuak erostea, bai eta beste produktu batzuk erostea eta zerbitzuak ematea ere, 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetara joatea.

c) Lantokira joatea lan egitera, lanbide-jardunera edo enpresa-jardunera.

d) Ohiko bizilekura itzultzea.

e) Adingabeei, mendekoei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntza eta zaintza ematea.

f) Finantza- eta aseguru-erakundeetara joatea.

g) Ezinbesteagatik edo premia-egoeragatik.

h) Antzeko beste edozein jarduera.

[...]

3.– Era berean, erabilera publikoko bideetan ibilgailu partikularrek aurreko paragrafoetan aipatutako jarduerak egiteko edo gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan erregaia hartzeko zirkulatzea baimenduko da.

[...]».

Bigarrena.– Konstituzio Auzitegiaren 2021eko uztailaren 14ko 148/2021 epaiak partzialki onetsi du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren aurka jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat. Ondorioz, Konstituzioaren aurkakotzat eta deuseztzat jo ditu, besteak beste, 7. artikuluko 1. eta 3. apartatuak.

Hirugarrena.– Aipatutako epaiaren epaitzaren 2.a) apartatua aplikatuta, jarduketa hauek burutu behar dira:

Lehenik eta behin, zehapen-prozedurarik ez hastea, baldin eta arau-hauste bakarra COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta/edo 3. apartatuak urratzea izan bada.

Bigarrenik, amaitzea, bai prozedura hasiei dagokienez oraindik zehapen-ebazpenik ez duten prozedurak, bai zehapen-ebazpena jaso arren, ebazpen irmorik ez duten prozedurak ere, legez ezarritako epean gora jotzeko errekurtsoa jarri zaielako eta oraindik errekurtso horiek ez direlako ebatzi.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1. eta/edo 3. paragrafoetan xedatutakoa urratzeagatik, salaketa-akta ugari egin dira eta hainbat zehapen-prozedura administratibo izapidetu dira.

Manu horiek Konstituzioaren aurkakotzat jo direnez, ez da bidezkoa zehapen-prozedura administratiborik hastea baldin eta haien oinarri bakarra martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta/edo 3. paragrafoetan agindutakoa haustea bada; halaber, izapidetzen ari diren zehapen-prozedura administratiboak amaitu behar dira, dela oraindik zehapen-ebazpenik eman ez delako, dela ebazpen horren aurkako errekurtsoa garaiz jarri delako eta oraindik ez delako ebatzi.

Bigarrena.– Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak honako eskumen hau esleitzen die, oro har, Eusko Jaurlaritzako sailetako titularrei:

«Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek honako eskudantzia hauek dituzte: [...] 4. Beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea».

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 89.1.c) artikuluak ezartzen duenez, frogatutako egintzak, argi eta garbi, administrazioko arau-haustea ez direnean, instrukzio-organoari dagokio prozedura amaitzea eta jarduketak artxibatzea.

Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluak ezartzen duenez, goragoko organoek berenganatu ahal izango dute gai baten edo batzuen ardura, baldin eta, ohiko moduan edo eskuordetzaz, haien mendeko administrazio-organoek ebatzi behar badituzte, arrazoi tekniko, ekonomiko, sozial, juridiko edo lurralde-arlokoek hala eskatzen dutenean.

Artikulu horrekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak Lehen lehendakariordeari eta Segurtasuneko sailburuari ematen dizkioten ahalmenak kontuan hartuta, bidezkoa da hark berarentzat bereganatzea Konstituzio Auzitegiaren 2021eko uztailaren 14ko Epaiaren epaitzak eragindako kasuen aniztasuna.

Zehazki, badira inguruabar tekniko-juridikoak, 2021eko uztailaren 14ko Konstituzio Auzitegiaren Epaiaren epaitzaren ondorioz sortutako egoera juridikoen aniztasunari administrazio-egintza bakar batean erantzutea justifikatzen dutenak.

Beraz, Agindu hau emateko eskumena Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak du.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ez hastea arau-hauste bakarra martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta/edo 3. apartatuak urratzea izan duten administrazioko zehapen-prozedurarik (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen duena).

Bigarrena.– Amaiera ematea, burututako ekintzak artxibatuz, zehapen-ebazpen irmorik jaso ez duten eta, gainera, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta/edo 3. apartatuak urratzeagatik bakarrik hasi diren zehapen-prozedura administratiboei.

Hirugarrena.– Baiestea zehapen-prozedura administratiboen aurka epearen barruan jarritako gora jotzeko errekurtsoak, ezarritako zehapena deuseztatzeko soilik, betiere agindu hau ematen den egunean errekurtso horiek ebazteko administrazio-ebazpen irmorik eman ez bada, baldin eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluko 1. eta/edo 3. apartatuak urratzeagatik ireki badira (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera aitortzen duena).

Laugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 17a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala