156. zk., 2021eko abuztuaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (615 KB - 12 orri.)
- EPUB (898 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4328
199/2021 DEKRETUA, uztailaren 27koa, zeinaren bidez Asparrenako (Araba) Marutegiko Gaztelua Babes Bereziko kultura-ondasun izendatzen baita, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumenaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kulturako sailburuordeak, Marutegiko Gazteluak duen interes kulturala ikusita, EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren Zerbitzu Teknikoek egindako proposamenaren arabera eta arlo horretan aplikagarria den araudian xedatutakoa betez, 2021eko maiatzaren 4ko Erabakiaren bitartez espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen (2021eko maiatzaren 14an argitaratu zen, 94. zenbakiko EHAAn), Asparrenako (Araba) Marutegiko Gaztelua kultura-ondasun izendatzeko, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin.
Aipatutako espedientearen izapidetze administratiboak ekarri zuen espedientea bera jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko epea irekitzea, indarrean dagoen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluaren eta arlo bereko beste arauen arabera.
Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapide horiek egin ondoren, alegazioak aurkeztu zituen Arabako Foru Aldundiak. Alde horretatik, onartu egin da Kontserbazio Bereziko Eremua aipatzea Aizkorri-Arazko Parke Naturala aipatzen denean. Bestalde, ez da onartu Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginean (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua) aurreikusitako zehapen-araubideari buruzko aipamen bat egitea, maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak araubide espezifiko eta berezi bat jasotzen duelako babestutako kultura-ondasunen gainean egin daitezkeen arau-hausteei dagokienez.
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16 eta 18.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 27ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.
Babes-maila Bereziko kultura-ondasun deklaratzea, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin, Asparrenako (Araba) Marutegiko Gaztelua, dekretu honen III. eranskinean jasotzen den berariazko araubidea aplikatuta.
2. artikulua.– Kultura-ondasunaren mugaketa.
Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean jasotzen denaren arabera ezartzea, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.
3. artikulua.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.
Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren deskribapen formala egitea, dekretu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.
4. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.
Eskaera egitea Asparrenako Udalari (Araba), Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoa babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Argitaratzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango die Asparrenako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inskribatuko du Asparrenako (Araba) Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan aurreikusita dagoen Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabetza-Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangitzaren egokitzapena burutu aurreko egoera.
Udal plangintza dekretu honetan Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikorako ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia izan arte, babesturiko kultura-ondasunen gainean egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen baitute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33.1 eta 46.1 artikuluek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Dekretu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Eremua erraz mugatzen da, bere izen bera duen haitzaren harkaitz-azaleratzera zedarritzen baita ia. Mugaketak mendigune harritsua baino metro batzuk gehiago biltzen ditu, goiko aldeetatik eroritako edo botatako materialak gordetzeko eremuak barne hartzeko. Mendebaldean, ordea, eremu hori txikiagoa da, orografia dela eta, harkaitzak ez baitu habitat-baldintzarik eremu horretan.
Mugatutako eremu osoa eremu arkeologiko gisa sailkatuta dago, bai hondakin materialak egon daitezkeelako, bai egiturak daudelako, bai egin beharreko esku-hartzeetan ager daitezkeen hondakin materialak daudelako.
Multzoaren mugak errazago identifikatu ahal izateko, planoa gehitu da eranskin honetan.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Mendigune harritsu baten tontorrean dagoen gaztelu bat da.
Ondo mugatutako bi esparru ditu. Alde batetik, beheko esparru bat, non neurri handiko eraikin bat baitago (31 x 12 m), ondo landutako horma indartsuak (1,5 m-ko lodiera) dituena; horiek itxiko lukete espazioa, harresi gisa.
Bestetik, goiko esparru bat, non legokeen omenaldiko dorrea, zaintza-talaia eta gotorlekuaren azken defentsa. Haitzaren puntako eraikuntza dorrera egokitzen da, eta helburu logiko egiten du espazioaren aprobetxamendua, hori falta baita. Hor dagoen eraikinak «D» formako solairu bat du, 10,5 x 9 metrokoa. Lodiera ezberdina du: ekialdean, 2,70 metro, eta, mendebaldean, 1,40 metro. Horrek erakusten du orduan zegoen defentsa-beharra. Dorre horretara hegoaldetik sartuko zen, lurraren arrasetik, goragunerik edo bestelako defentsa-elementuren beharrik izan gabe.
Barrualdean bi lurzoru-maila zeuden; horiek prestatuta zeuden hura irregularizatzen zuten harkaitz-azaleratzeak ezabatuta, batetik, eta kare-esne baten bidez, bestetik. Hiru metroko altueran, kontserbatutako hormaren hondakinen arabera, bigarren solairu bat zegoen.
Leku gutxi egon arren, dorrea perimetroko harresi batez inguratuta egongo zen; harkaitzaren kaxaketa da horren lekuko. Tamaina ertaineko harlanduxkak multzoaren batasuna erakusten du berriro. Eremu horretako atea irisgarri dagoen eremu bakarretik zabalduko zen.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Erdi Aroko gaztelu ugari ditugu, eta denek dute interpretazio-zailtasun nabaria, ez bakarrik hondakinen tasunari dagokionez, higaduragatik edo esku-hartzeak pilatzeagatik, baita Erdi Aroko prozesu historiko erabakigarrietako parte hartzeari buruzko interpretazio orokorrari buruz ere. Fenomenoaren garrantzi historikoagatik, fenomenoa testuinguruan kokatzen duten gertaera historiko erabakigarriengatik eta Marutegiko Gazteluak dituen ikerketa- eta dibulgazio-aukerengatik, garrantzi handiko ondasun baten aurrean gaude Euskal Herriko arkeologia-panoraman.
Ez da aurkitu elementu degradatzailerik mugaketaren barruan.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio eremua.
Arabako Lurralde Historikoko Asparrenako Marutegiko Gazteluaren Babes Bereziko Gune Arkeologikoak bere mugaketaren barruan hartzen dituen gune, aurkikuntza, egitura eta eraikuntza guztiei aplikatuko zaie babes-araubide partikular hau.
2. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide partikular hau Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera idatzi da. Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoa Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeko izapidearen parte da, eta loteslea da hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnei dagokienez, lege horren 47.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. artikulua.– Babes-maila eta hori justifikatzen duten balio kulturalak.
Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoari Babes Bereziko maila eman zaio, EAEko ondare-balio bikainak dituelako, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 8.1 artikuluak adierazten duen moduan. Hauek dira:
1.– Erdi Aroko Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko mugan dagoen gazteluetako bat da, Araban. Gaztelu horiek, oso elementu monumentalak izan arren, ez dira oso ugariak.
2.– Aztarnategiaren egoerari eta okupazio puntualari esker, erabilera-garaian kapsularatutako elementuak berreskura daitezke, lehenengo funtzioarekin zerikusirik ez duten elementuen interferentziarik gabe.
3.– Okupazio-eredu hori ez da autonomoa, gaztelu-sare bat osatzen du, eta erreinua defendatzeko eta zaintzeko eginkizuna betetzen dute horiek guztiek. Lurraldea defendatzeko eta egituratzeko katean beste maila bat da.
4.– Dimentsio txikiak dituenez, osorik landu daiteke, ikerketa, balioa ematea eta zabaltzea erraztuz.
5.– Kokapen horietan estratigrafia urria izan ohi den arren, gaztelua behar bezala aztertu ahal izateko moduko egiturak ditu.
4. artikulua.– Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-plangintza egokitzea.
Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoa Babes Berezikotzat hartu beharko da Asparrenako udalerriko hirigintza-plangintzako tresnen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune honen antolamenduari dagokionez, babes-araubide partikular honetan mantentze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute plangintza-tresna horiek. Nolanahi ere, horiek onartzeko, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Baldin eta kultur ondasun honen babes-araubidea eratu baino lehenago idatzitakoak badira plangintza-tresnak, egokitu egin beharko dira, babes-araubide partikular honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.
II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA
5. artikulua.– Irizpide orokorra.
Oro har, eta aurrez zehaztutako babes-mailaren arabera, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea da ez baimentzea aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri edo honda dezakeen erabilerarik eta jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari dagokionez (ikus daitezkeenak zein lurpean ezkutatuta daudenak), baita gordailu arkeologikoaren ordena historikoa alda dezakeen edozein jarduketa ere.
Aurretik adierazitakoarekin bat etorriz, eremu honetan baimendutako erabilerak zientifikoak eta kulturalak izango dira soilik, eta planteatutako esku-hartzeak soilik izango dira ingurua finkatzekoak, kontserbatzekoak eta/edo zaharberritzekoak eta balioa ematera bideratutakoak, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutako jarduera arkeologikoen modalitateak ere.
Babes-araubide partikular honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide partikular honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.
Arreta berezia jarriko da Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Aizkorri-Arazko parke naturala kontserbatzeko eta hedatzeko esparruan egin beharreko jardueretan, eta, nolanahi ere, ondare-ondasunarekin bateragarria dela ziurtatuko da.
6. artikulua.– Baimendutako esku-hartzeen araubidea.
5. artikuluan baimendutako esku-hartzeak jarraian adierazten den moduan ulertu beharko dira, eta, nolanahi ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan (bereziki 1., 4. eta 5. apartatuetan) eta 35., 37. eta 38.3 artikuluetan ezarritakoa errespetatu beharko da. artikulu horietan, mota honetako aztarnategietan esku-hartzeak egiteko irizpide orokorrak eta baldintza orokorrak ezartzen dira:
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/1990 Legearen 64. artikuluan aipatutako esku-hartze arkeologikoak.
Ezinbestekoa da aurrez pentsatutako plan baten bidez lan egitea, eta aurki daitezkeen hondakinen gaineko jarduketa-aurreikuspenak jasotzea plan horretan.
2.– Zaharberritzea.
Inoiz ezin izango da zaharberritzeari buruz hitz egin, baldin eta ez bada zaharberritu nahi denari buruzko azterketa zehatzik egin aldez aurretik, horretarako metodologia arkeologikoa aplikatuz. Azterlan horrek multzoaren berreraikuntza zehatza eta balioztatzea ziurtatuko duten oinarriak eta irizpideak ezarri beharko ditu, haren eraikuntza- eta okupazio-historiaren arabera (azterketa eta ikerketa horren emaitza gisa). Gainera, ez du kanpoko irizpiderik ezarriko.
Interes eta kontserbazio-maila handia duten aztarnategi-zatiak zaharberrituko dira, horien azterketa arkeologikoa amaitu ondoren. Zaharberritze-prozesu oro aztarnategiari balioa emateko programa global batean sartuko da. Horretarako, gaian adituak diren pertsonak egongo dira zuzendaritza-taldean, eta horien artean arkeologia-arloko profesionalak, erabakigarriak izango direnak jarduerak arautuko dituzten irizpideak ezartzeko orduan.
Erabilitako teknikak eta materialak edozein direla ere, horien bitartez aztarnategian aplikatutako tratamenduak itzulgarriak izango dira, eta ez da horren aztarnarik geratuko.
Multzoko parteren bat apurtzen bada, berreraiki ahal izango da, baldin eta hori egitea beharrezkotzat jotzen bada multzoa ulertu eta interpretatzeko; hala ere, berreraikitze-mailak ez du multzoaren ikuspegia menderatuko. Nolanahi ere, berreraikuntzak fidela izan beharko du jatorrizko egiturarekiko, azterketa arkeologikoak ezarritako jarraibideen arabera. Hain zuzen ere, azterketa horrek berreraiki beharreko zatiari buruzko informazio zehatz eta sinesgarria eta irizpideak eman beharko ditu. Ahal dela, jatorrizko materialak berrerabiliko dira, edo, bestela, antzeko kolorea, forma, egitura eta abar duten materialak. Hala ere, jatorrizko egituraren zatia eta berreraikia argi bereiztea izango da errespetatu beharreko arau nagusia, horretarako bi aldeen arteko bereizketa egingo duen kolore desberdineko materiala erabiliz (adibidez).
3.– Finkapena eta kontserbazioa.
Aztarnategi arkeologikoetako egiturak, materialak eta abar (hormak eta konpartimentazioak, baoak, aztarnak lurpean eta abar) babesteko egiten diren jarduketa, tratamendu eta esku-hartzerik berehalakoenak dira, aipatutako elementuak finkatzeko eta sendotzeko egiten direnak, ez daitezen hondatu, hobeto ikus daitezen, eta haiek ulertzea eta zabaltzea ahalbidetu dadin. Batez ere, ikuspuntu historiko-arkeologikotik esanguratsuak diren egiturei aplikatuko zaie.
Finkapen- eta kontserbazio-programak sustatu beharko dira, aztarnategian egin beharreko jarduerak artikulatzeko. Modu horretan, aztarnategia zainduta egongo dela bermatuko da, babes-araubide honen babespeko jarduerak egiten diren bitartean eta egin ondoren.
Programa horiek gaian adituak direnek artikulatu beharko dituzte, arkeologiako profesionalen aholkularitzarekin, betiere. Era berean, prozesu horiek itzulgarriak izango dira beti. Nolanahi ere, 6/2019 Legearen 68.2 artikuluaren arabera, finkatzeko, zaharberritzeko edo balioa emateko proiektu orok Arabako Foru Aldundian arkeologia-gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimena izan beharko du.
7. artikulua.– Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera baimenduak.
1.– Jarduera zientifikoak eta hondakinak «in situ» mantentzea.
Aztarnategian mugimenduak dakartzaten jardueren artean, ikerketa zientifikora bideratutakoak baino ez dira onartuko, eta, nolanahi ere, lan horiek egin baino lehen, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak baimendutako proiektu bat izan beharko da. Arabako Foru Aldundian arkeologia-gaietan eskumena duen zerbitzuak ezarri beharko ditu aurretiazko proiektuaren eta egindako esku-hartzeari buruzko memoriaren edukiak, kasu bakoitzaren premiak eta ezaugarriak kontuan hartuta.
Eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta, horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagungarriak izan beharko dira, haren balioa agerian jartzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera egiteko, premisa hau bete beharko da: metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako hondakin arkeologiko higiezinak agertu diren toki berean babestu beharko dira.
Arkeologo batek koordinatu beharko du aztarnategi honen zoruan eta zorupean esku-hartzeak egiteko proiektu oro, eta Arabako Foru Aldundian arkeologia-gaietan eskumena duen sailak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da haren gaitasun profesionala. Esku-hartze proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak modu egokian kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak zein diren adieraziko da beti, bai eta lan horien egikaritze-egutegia eta aurrekontua ere. Eskakizun horiek bete ezean, eremu horretarako jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.
Multzoaren hondakinak finkatzeko eta zaharberritzeko proiektuak, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak baimendu ditzan, arkeologo batek eta zaharberritze-lanetako profesional batek sinatu beharko dituzte. Hain zuzen ere, arkeologo horrek koordinatuko ditu lanak, eta zaharberritze-lanetako profesionala, material-mota hauei aplikatutako tekniketan aditua izango dena, arduratuko da kasu bakoitzerako egokienak diren tratamenduak ezartzeaz.
Proiektu horrek, nolanahi ere, hauei buruzko azterketa zehatza jaso beharko du: esku-hartzearen xede izango diren egiturak edo hondakinak, zer esparrutan dauden sartuta, kontserbazio-arazoak, agente degradatzaileak, eta abar. Analisi horretatik abiatuta ezarriko dira garbiketarako, finkapenerako eta epe luzera mantentzeko tratamendurik egokienak. Nolanahi ere, tratamenduen itzulgarritasuna bermatuko da. Gainera, kaltetutako egituraren zatien berrikuntzak ahalik eta txikienak izan beharko dira, epe luzera zati horiek zainduta eta kontserbatuta egongo direla bermatzeko bestekoak.
Aztarnategiari balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko urteroko eta gutxieneko jarraipen-programa baten bidez. Arabako Foru Aldundian arkeologia-gaietan eskumena duen sailaren ardura izango da berme horiek eskatzea, esku hartzeko baimena eman aurretik. Hain zuzen ere, esku-hartzea egingo duen administrazioari edo erakunde pribatu edo publikoari eskatu beharko dizkio bermeak.
2.– Kultura-jarduerak eta aztarnategiaren zabalkundea.
Aztarnategiko hondarren kontserbazioarekin bateragarriak diren kultura-jarduerak egin eta sustatu ahal izango dira, tokiaren eta bertako ondareari buruzko ezagutza hedatzen laguntzen duten jarduerak. Babestutako eremua kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da, gunea bisitariak hartzeko egokituta: ondasuna sendotzeko egitasmo xumeak egingo dira, kartelak jarriko dira, egitasmoen berri emateko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, eta abar.
Marutegiko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren mugen barruan jarduera kulturalak egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, ekintza hori aztarnategiaren kontserbazioarekin uztargarria dela bermatzeko. Horretarako, arkeologia arloko profesional batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.
3.– Baso-erabilerak eta landaredia.
Gune Arkeologikoan zuhaitz gutxi dauden arren, eskuz egin beharko dira zuhaitzen gaineko jarduera guztiak, makineria astunik sartu gabe. Mozketa sustraiak erauzi gabe egin beharko da, motzondoak bere horretan utzita. Era berean, ezingo da mendi-pistarik edo biderik egin basogintza-lanetarako, ezta bestelakoetarako ere, naturagunea eta ondasun arkeologikoa kontserbatzeko lanek eragindakoetarako izan ezik.
Gorabehera horiek guztiak aldez aurreko proiektu batean zehaztu beharko dira. Nolanahi ere, jarduera egiteko, arkeologia arloko profesional batek hartu beharko du parte, eta berak gainbegiratu beharko ditu beti lurra ateratzeko lanak.
Jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta sail horrek eman beharko du horretarako baimena, hala badagokio.
Aztarnategia KBEan eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan sartzeko, parkearen kontserbazio-araudiarekin bateragarri egin beharko da egin beharreko jarduera arkeologiko oro. Era berean, KBEaren barruan egin beharreko jarduerak, Marutegiko Gazteluaren eremuari dagokionez, babes-araubide honetan hitzartutakora egokitu beharko dira.
4.– Teledetekzio-aparatuak.
Monumentu-multzo honen esparru mugatu osoan, berariaz debekatuta dago metalen detektagailuak edo teledetekziorako edo bilaketarako beste edozein gailu erabiltzea, izan ezkutukoak, eskuzkoak, mekanikoak edo elektronikoak, Arabako Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren baimenik gabe. Lagin bidezko prospekziotzat hartuko dira, eta soil-soilik baimenduko dira Gune Arkeologikoaren azterketa globaleko proiektu baten parte badira. Arabako Foru Aldundiko arkeologia-zerbitzu teknikoen txostena eduki beharko dute, eta arkeologia arloko profesional batek zuzendu beharko ditu beti.
8. artikulua.– Erabilerak eta eraikuntza-jarduerak, instalazioak eta itxitura baimenduak.
Eraikuntza arloko erabilera eta jarduerei dagokienez, soil-soilik baimenduko dira ingurua babestea helburu dutenak, bai eta ikerketa edota zabalkunde kulturalerako bideratuta dauden eta horretarako beharrezkotzat jotzen diren eraikinak eta instalazioak ere. Ahal den neurrian, gune arkeologikotik kanpo jarriko dira. Soilik baimenduko dira, baldin eta aztarnategia ikertzeko eta balioztatzeko proiektu global batek (eskumena duen teknikari arkeologo batek sinatuta) egokitzat eta beharrezkotzat jotzen badu. Nolanahi ere, hori egin aurretik, Arabako Foru Aldundiak baimena eman beharko du.
Aztarnategirako irisgarritasuna errazteko, esku-hartze bigun eta itzulgarriak egin ahal izango dira, aztarnategian aztarnarik uzten ez dutenak, sarbide-arazoak izan ditzaketen eremuetara iristea errazteko. Horiek KBEa eta natura-parkea kontserbatzeko arauekin bateragarriak izan beharko dute beti.
Debekatuta dago seinaleztapen-elementu edo azpiegitura berriak jartzea (mugarriak, banderak, seinaleak, postontziak, eta abar), baldin eta beraien helburua ez bada ondarea babestea edo balioestea. Azken kasu horretan, ahalik eta gehien mugatuko da, eta elementutik eta berau kokatuta dagoen ingurunetik batere distraituko ez duten materialekin eta formatuekin lan egingo.
Debekatuta dago gaztelua dagoen harkaitz-mendigunearen osotasunari eragiten dion esku-hartze edo jarduera oro.
Debekatuta dago eskalada-bideak irekitzea.
9. artikulua.– Ondasunaren irisgarritasuna.
Paraje natural batean dago, eta orografia egokia du defentsa bat ezartzeko, eta, beraz, zaila da bertara iristea; gainera, zenbait eremu ere arriskuan daude. Tokiaren kokapenak eta bertara heltzeko zailtasunak (ezaugarri horiek orduko biztanleek aukeratu eta sustatu zituzten) asko zailtzen dute monumentuaren irisgarritasun fisiko unibertsala, kalterik egin gabe ingurumen-, natura- edo ondare-balioei. Muinoaren oinarriraino iristea erraza da oinez edo ibilgailu egokian. Horregatik, ahalegina egin beharko da garatzen diren balioztatze-proiektuetan informazioak, ahal den neurrian, irispidearen unibertsaltasuna izan dezan. Gaian adituak diren tokiko edo lurraldeko eragileek eta elkarteek parte hartu behar dute toki honi balioa emateko proiektuetan, betiere ondare-balioei kalterik egin gabe. Modu horretan, tokiaren aukerak aztertuko dituzte, eta horren arabera jokatuko dute.