Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2021eko uztailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3943

AGINDUA, 2021eko ekainaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, 2021eko maiatzaren 25eko Aginduaren zati bat ondoriorik gabe uzten duena. Izan ere, agindu horren bidez, harremanak bitarteko telematikoen bidez ezartzeko betebeharra ezartzen zaie jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mendeko organismoekiko harremanetan, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren zenbait alderdi kontuan hartuta.

2021eko ekainaren 14an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko maiatzaren 25eko Agindua, zeinaren bidez harremanak bitarteko telematikoen bidez ezartzeko betebeharra ezartzen baitzaie jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mendeko organismoekiko harremanetan, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren zenbait alderdi kontuan hartuta.

Agindu horretan xedatzen da behean zehazten diren subjektuek harreman elektronikoa izan behar dutela Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzarekin, Laneko eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzekin eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin, guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren mendekoak. Zehazki, honako hauek:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik ez duten entitateak.

c) Diharduten jarduera profesionalean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera profesional hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako.

d) Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenak.

e) Jarduera ekonomikoa edo profesionala egiten duten pertsona fisikoak, banakako enpresaburuak edo autonomoak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren 2. apartatuak ezarri zuenez, administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta daude, administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko, gutxienez, honako subjektu hauek:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik ez duten entitateak.

c) Diharduten jarduera profesionalean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera profesional hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako. Kolektibo horretakotzat joko dira beti notarioak, jabetzaren erregistratzaileak eta merkataritza-erregistratzaileak.

d) Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak.

e) Administrazio publikoetako enplegatuak, enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen eran.

Lege hori indarrean sartu zenetik derrigortasuna bazegoen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren mendeko Lan Zuzendaritzan ez ziren garatu hura osorik gauzatzeko behar ziren aplikazioak, batez ere zehapen-prozedura izapidetzeari dagokionez, zeina arau-haustearen edo oztopatzeagatiko arau-haustearen aktak eginez hasten baita. Hori dela eta, 2021eko maiatzaren 25eko Aginduak indarrean jarraitzen du, aipatutako aginduaren xedapen-zatiaren lehen apartatuko a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuei dagokienez.

Bestalde, aginduaren derrigortasunean sartutako beste subjektu batzuentzat –jarduera ekonomikoa edo profesionala egiten duten pertsona fisikoak, banakako enpresaburuak edo autonomoak–, aipatutako kasuetan, harremana soilik elektronikoa izan beharra zabaltzeko aukerari dagokionez, ondoriorik gabe utzi behar da agindu hori subjektu horientzat, haiek lan-administrazioarekin harremanetan egoteko modurik onena zehazteko, inguruabar oso desberdinei eragiten baitiete.

Azaldutako guztia dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ondoriorik gabe uzten da Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2021eko maiatzaren 25eko Aginduaren xedapen-zatiaren lehen apartatuko e) letra. Agindu horren bidez, harremanak bitarteko telematikoen bidez ezartzeko betebeharra ezartzen zaie jarduera ekonomikoren bat egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei Eusko Jaurlaritzako Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzaren mendeko organismoekiko harremanetan, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren zenbait alderdi kontuan hartuta.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 28a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala