Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3346

3/2021 FORU ARAUA, apirilaren 15ekoa, 2021. urterako zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onesten dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «3/2021 Foru Araua, apirilaren 15ekoa, 2021. urterako zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onesten dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2021eko apirilaren 15a.

Diputatu nagusia,

Markel Olano Arrese.

HITZAURREA

Zergen aplikazioaz arduratzen diren organoek zerga araudia etengabe aplikatzeak agerian uzten du, zenbait kasutan, beharrezkoa dela aldaketak egitea lurralde historikoko erakundeek arautu ditzaketen tributuen erregulazioetan. Era berean, tributuz kanpoko beste arau esparruetan tributuen araudian zuzenean edo zeharka eragiten duten alderdiak aldatu izanak eskatzen du araudi hori aldaketa horietara behar bezala egokitzea, haren koherentzia eta egitura gordetzeko.

Horretarako, beharrezkotzat jotzen da foru arau honen bitartez zerga arloko zenbait aldaketa sartzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren hamaika arauren barruan.

Hartutako neurrien artean, nabarmentzen da atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharraren aldaketa eta horrek zergetan duen eragina. Aldaketa hori egiteko, betebehar hori arautzen duten artikuluak aldatzen dira bai Zergen Foru Arau Orokorrean, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Foru Arauan eta bai sozietateen gaineko zergaren Foru Arauan.

Atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruzko informazioa emateko betebeharra garrantzi handiko tresna bihurtzen da, dudarik gabe, zerga iruzurrari aurre hartzeko eginkizunean. Hori hala izanik ere, Europako Batzordeak zalantzan jarri du neurri hori, haren ustez, Europar Batasuneko zuzenbidea urratu lezakeelako. Horren froga dugu Batzordeak Espainiaren aurkako errekurtso bat jarri duela Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, betebehar horrekin lotuta.

Argi utzi beharra dago, dena den, Auzitegi horrek oraindik ez duela iritzirik eman gai horri buruz, eta, beraz, informatzeko betebeharrak indarrean jarraitzen du. Nolanahi ere, Auzitegiak neurriaren aurkako epaia ematen badu etorkizunean, horrek zuzeneko ondorioak izan ditzake Gipuzkoako Zerga Administrazioak, betebehar horretan oinarrituta, iruzur fiskala prebenitzeko egiten dituen jarduketetan.

Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Lurralde Historikoak ezin du utzi alde batera, ez eta arriskuan ikusi ere, zerga iruzurraren aurka hain eragin eta garrantzi handia duen neurri baten segurtasun juridikoa, zerga iruzurra baita bere Zerga Administrazioaren helburu nagusietako bat. Horregatik, betebehar horren inguruan auzitegiek erabaki dezaketenari aurre hartze aldera, beharrezko irizten da figura hori aldatzea, haren erregulazioari segurtasun juridiko gehiago emateko eta, aldi berean, Auzitegiak eman dezakeen epaiak hura edukirik gabe uztea galarazteko.

Betebehar hori Erkidegoko zuzenbidearen aurkakoa izan litekeela jotzeko Europako Batzordeak erabili duen argudio nagusietako bat, labur aipatua, da Batasunaren barruan dauden ondasunetarako ezin dela tratu desberdintasunik egon, zergadunaren egoitzako herrialdean egon ala ez. Hortaz, a sensu contrario, Batzordeak ez du auzitan jartzen neurriaren balioa Europar Batasunetik kanpo dauden ondasunetarako, baina bai haren lurraldearen barruan kokatuta daudenetarako. Europako Batzordeak egiten duen banaketa bikoitz horretatik abiatuta, atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruzko informazioa emateko betebeharraren arauketa berria eta hura ez betetzearen ondorioak bereizita daude oso ondo desberdintzen diren bi eremutan: batetik, erregulazio bat ezartzen da ondasunak eta eskubideak Europar Batasunaren barruko herrialde eta lurraldeetan kokatzen direnerako, eta, bestetik, beste erregulazio bat ezartzen da Batasunetik kanpo kokatzen direnerako.

Horrela, printzipioz, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan kokatutako ondasun eta eskubideei dagokienez, bai informatzeko obligazioak eta bai haren urraketak apenas du aldaketarik. Horrek esan nahi du Zerga Administrazioarentzat zerga iruzurra prebenitzeak indar eta balio handiko tresna izaten jarraitzen duela, eta administrazioak zilegi duela hura erabiltzea zergadunen ondasunak Europar Batasunetik kanpo kokatzen direnean (ez da ahaztu behar esparru honetan paradisu fiskal ugari daudela).

Funtsezko aldaketa, beraz, sortzen da atzerrian kokatu baina Europar Batasunaren barruan dauden ondasun eta eskubideei dagokienez. Zentzu horretan, eta gaingiroki, zehapen araubidearen erregela orokorrak erabiltzen dira. Bestalde, kontuan izanik Batzordeak auzitan jartzen duela ondasunak Europar Batasunaren barruan daudenean erregularizatzeko eperik ez egotea, epe berri epe bat ezartzen da herrialde horietan kokatutako ondasunen aitorpena erregularizatzeko, gehienez ere 10 urtekoa.

Hala ere, epe hori 4 urteko preskripzio epe orokorra baino luzeagoa da, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berak hura justifikatu du, Passenheim-van Schoot C-157/08 gaian bereziki, bertan onartzen duen arau batek esaten baitu «beste estatu kide batean dauden ondasunen kasuan epe luzeago bat aplikatzen dela». Herbehereei dagokien kasu partikularrean, onartzen du kasu horietarako 12 urteko likidazio epe osagarria ezartzea, zerga kontrolen eraginkortasuna bermatu eta zerga iruzurraren aurka egiteko.

Hori, jakina, zerga iruzurra, zerga ihesa eta abusuzko jardunbideak prebenitzeko beharragatik gertatzen da, edo zerga kontrolen eraginkortasuna bermatzeko beharragatik; izan ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren iritziz, premia horiek, batera hartuta, interes orokorreko nahitaezko beharrak dira, eta Auzitegiak ezarritako oinarrizko askatasunak baliatzeko murrizketa justifikatu dezakete.

Bestalde, zalantzan jar litezke bai kontrol gehigarri horien beharra eta bai horrelako obligazio baten beharra. Izan ere, gaur egun nabarmen hazi dira Europar Batasuneko herrialdeen artean informazioa trukatzeko obligazioak, Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak, zuzeneko fiskalitatearen alorreko lankidetza administratiboari buruzkoak, ekarritakoak hain zuzen. Alabaina, Europako Batzordeak berak aitortzen du informazio trukea oso ahula dela oraindik. Aurrenik, ondasun askori buruzko informazio trukea sorburuko herrialdeak datu hori duenean bakarrik eskatu daitekeelako; aldiz, sorburuko herrialdeak datu hori ez badu, informazio trukea ez da derrigorrezkoa, eta, horren ondorioz, badago informazio ugari sorburuko estatu kideetan ez biltzeagatik trukatu gabe geratzen dena.

Baina, gainera, Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentaraua, zuzeneko fiskalitatearen alorreko administrazio lankidetzari buruzkoa, aplikatzeari buruz egindako txostenak (Brusela, 2017-12-18), adierazi du arazoak daudela zerga administrazioen arteko lankidetzan. Onartzen du lankidetza hori ez dela modu eraginkorrean aplikatzen kasu guztietan, eta informazio trukea ez dela behar bezain ohikoa.

Horrenbestez, Europar Batasuneko estatu kideen artean informazioa trukatzeko sistemak oraindik dituen gabeziak kontuan hartuta, gaur egun justifikatuta dago eta egokia da Europar Batasunaren barruan dauden ondasunen gainean horrelako kontrol gehigarriak ezartzea, hain zuzen ere iruzur fiskala, zerga ihesa eta abusuzko jardunbideak prebenitzeko beharragatik. Gainera, Auzitegiak berak interes orokorreko nahitaezko premiatzat jotzen ditu behar horiek, Auzitegiak aitortutako oinarrizko askatasunak baliatzeko murrizketa justifikatzen dutenak, gorago esan dugun bezala.

1. artikuluak urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua aldatzen du, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena, eta hiru une diferente bereizten ditu haren aplikazioan. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, bi aldaketa sartzen ditu. Lehenengoak 41.2 artikuluari eragiten dio, eta haren helburua da ezartzea akzioak edo partaidetzak langileen alde eskualdatzen denean ondare irabazi edo galerarik ez dela egongo baldin eta eskuratzailea akzioak edo partaidetzak eskualdatzen zaizkion entitateko edo taldeko entitateetako langileek bakarrik partaidetutako entitate bat bada. Berritasuna da erretiroa hartuta dauden langileei ere aukera ematen zaiela langileek bakarrik partaidetutako entitatearen akzioetan parte hartzeko.

89.1 artikuluaren aldaketak eduki bera du, baina, kasu honetan, langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik araututako kenkariari aplikatuta. Horrekin bilatzen dena da akziodunen osaera moderatzea aktiboan dauden beste langile batzuek erretiroa hartu duten langileen partaidetza eskuratzeko likidezia ez izatea ez dadin izan oztopo bat pizgarria aplikatzeko.

Ondorioen bigarren unea 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten da, eta zazpi aldaketa dakartza. Lehenengoa 9. artikuluko 9. eta 21. apartatuei dagokie, eta horietan arau igorpenak eguneratzen dira.

Bigarren aldaketak, 9. artikuluaren barruan hau ere, errenta salbuetsitzat jotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan 1978. eta 1999. urte bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen dien uztailaren 28ko 12/2016 Legearen arabera aitortzen diren kalte-ordainak.

Hirugarren aldaketak berrikusi egiten du enpresetako jantoki zerbitzuaren zeharkako formuletatik ondorioztatzen diren gauza bidezko ordainsariak gauza bidezko lan etekintzat ez hartzeko kasua, egoera hori urrutiko lanaren edo telelanaren kasuan ere aplikagarria dela argitzeko.

Laugarren aldaketa kapital higigarriaren etekinaren izaerarekin lotuta dago (34. artikulua), eta zer ikusia du izaera bereziko eskubide ekonomikoak gauzatzeagatik jasotzen diren zenbatekoekin, eskubide horiek, zuzenean edo zeharka, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko IV. kapituluan ezarritako araubide berezia aplikagarri zaien sozietateetatik edo arrisku-kapitaleko funtsetatik datozenean. Tratamendu hori emateko eskatzen diren beharkizunetako bat da etekinak jasotzen dituenak langile edo goi zuzendaritzako kide izan behar duela sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean, eta bertan partaidetza bat eduki, zuzenean edo zeharka. Aldaketaren helburua da argitzea baldintza hori betetzat joko dela partaidetzen titulartasuna ezkontideek edo izatezko bikotekideek partekatzen dutenean, eta horietako bat aipatutako sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean langile edo goi zuzendaritzako kide denean edo izan denean.

Bosgarren aldaketa 50. artikuluan arautzen diren justifikatu gabeko ondare irabaziekin lotuta dago, zergadunak atzerriko ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharra bete ez duenean. Edukiari dagokionez, ikus gorago esandakoa.

Seigarren eta zazpigarren aldaketek 57. artikuluan jasotako denborazko egozpenaren erregelei eragiten diete. Zehazki, Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean nekazari gazteek lehen instalazioa egiteko aurreikusitako laguntza publikoen egozpenarekin daude lotuta. Laguntza horiek nola gauzatzen diren, hau da, jardueraren garapenerako erabiltzen diren edo nekazaritza enpresa sozietarioen kapitalean parte hartzeko erabiltzen diren, jardueraren etekin gisa edo ondare irabazi gisa egotziko dira, baina betiere lau zatitan, horiek lortzen diren zergaldian eta hurrengo hiruetan.

Ondorioen hirugarren unea 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten da, eta hamabi aldaketa hartzen ditu, horietako asko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren gai desberdinei buruzkoak, eta horietako batzuk komunak. Azken horietatik hasita, 17., 18., 60., 70. eta 106. artikuluak aldatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko ekainaren 3ko 2003/41/EE Zuzentaraura egiten zen igorpena (enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruzkoa) eguneratzeko. Zuzentarau horren ordez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentaraua aipatzen da, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruzkoa. Era berean, 27. artikuluan igorpena egin beharrean martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko I. eranskinera, gaur egun indarrean dagoen testu bategineko I. eranskinera igortzen da (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina, urriaren 30ekoa 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Elkar lotuta dauden beste aldaketa batzuk foru arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren sorrera berriko entitate berritzaileen inguruan sartzen diren lau aldaketak dira. Lehenengoa 17. artikuluan jasotako erregulazioari buruzkoa da, eta haren helburua da ezartzea ezen langileek eskuratutako akzio eta partaidetzen merkatuko balio normalaren eta akzio eta partaidetza horien eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa agerian jartzen bada foru arauaren 89 ter.1 artikuluan aipatzen diren entitateen akzio edo partaidetzen gaineko aukerak baliatzeagatik, ez dela gauza bidezko etekintzat hartuko aukera baliatzeko eskubide hori ematen denetik gutxienez hiru urte igaro ondoren gauzatzen bada. Langileek eratutako enpresa proiektuari egonkortasuna eta etorkizunerako proiekzio bat eman nahi zaio horrekin. Arrazoi horretan ere oinarrituta, aldatzen da 20. artikulua, akzioen gaineko aukerei buruzkoa.

Hirugarren aldaketak aurrezpenaren zerga oinarrian errentak integratu eta konpentsatzea arautzen duen 66. artikuluari eragiten dio. Kasu honetan, zilegi jotzen da entitate berritzaileen akzio edo partaidetzak kostu bidez eskualdatzeagatik gertatzen diren ondare galerak 10 urteko epean konpentsatzea (4koa da epe orokorra), akzio edo partaidetza horien harpidetzak eskubidea eman badu sorrera berriko entitate berritzaileak eratzeagatik 89 ter artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko. Azkenik, 89 ter artikuluan luzatu egiten da entitate bat «sorrera berrikotzat» hartzeko epea, eta epe hori bost urtekoa izatetik zazpi urtekoa izatera pasatzen da, eraketatik kontatuta. Bi neurri horiek 2020ko ekitaldirako ere onartu ziren.

Ohiko etxebizitza alokatzeagatik araututa dagoen kenkariaren ondorioetarako, berritzailea gertatzen da etxebizitza kooperatibetako edo beste elkarte mota batzuetako bazkideek edo irabazi asmorik gabeko elkarteetako kideek erabilera lagapeneko araubidean ohiko etxebizitzagatik ordaintzen dituzten kanon edo errenta sozialak ohiko etxebizitza alokatzeagatik ordaindutako zenbatekoekin parekatzen direla, kasu jakin batzuetan.

Foru arauaren 2. artikuluak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan sartzen ditu aldaketak, eta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan bezala, hemen ere aldaketa horiek une desberdinetan hasten dira izaten ondorioak. Horrela, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, artikulu honek bost apartatu sartzen ditu, bakoitza aldaketa banarekin.

Lehenengoa 14. artikuluan araututako ondare sozietateei buruzkoa da, eta entitate bat ondare sozietatetzat hartzeko eskatzen den baldintzari eragiten dio, alegia, sozietatearen aktiboaren erdia baloreek osatua behar duela izan. Bada, ondorio horietarako, kanpoan uzten diren baloreen barruan sartzen dira baldintza jakin batzuk betetzen dituzten arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsetan pertsona fisikoek zeharka parte hartzea artikulatzen dutenak. Baldintza horietako bat da eskubide ekonomiko bereziak honako hauek jasotzea, zuzenean edo zeharka: inbertsio itxiko entitateen sozietate kudeatzaile batean edo kudeatzaile gisa diharduen arrisku-kapitaleko sozietate batean lan egiten dutenek edo lan egindakoak direnek, edo haietan goi zuzendaritzako kide direnek edo kide izandakoek. Testuinguru horretan, aldaketaren helburua da argitzea baldintza hori betetzat joko dela partaidetzen titulartasuna ezkontideek edo izatezko bikotekideek partekatzen dutenean, eta horietako bat aipatutako sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean langile edo goi zuzendaritzako kide denean edo izan denean, hori guztia Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauaren 34. artikuluan sartu den aldaketaren zentzu berean.

Bigarren aldaketak zerikusia du ondare elementuen balio narriaduragatik galerak sortzen dituzten kaudimengabeziei lotutako gastuen zuzenketarekin (22. artikulua). Bertan ezartzen denez, zordunen kaudimengabeziengatik kredituen narriadurak ekar ditzakeen galerak kengarriak izango dira, baldin eta zergaren sortzapenaren unean zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen bada: zorduna konkurtso egoeran egotea, edo obligazioak epaile bidez erreklamatuak izatea edo auzi judizial edo arbitrajezko jardunbidean egotea. Aldaketa honekin, ahalbidetzen da kenkari hori aplikatu ahal izatea zirkunstantzia horiek autolikidazioa aurkezteko epea hasi aurretik gertatzen direnean.

Hirugarren aldaketak eguneratzen du Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko I. eranskinera 31. artikuluan egiten den igorpena (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina). Izan ere, lehenago adierazi bezala, orain gaur egun indarrean dagoen 1. eranskinera egiten da igorpena (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina, urriaren 30ekoa 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Laugarren aldaketak zuzentzen du zergaren foru arauko 54. artikuluan 11. apartaturik ez egotea.

Bosgarren aldaketak 123. artikuluan aipatzen diren aitortu gabeko errentekin du zerikusia, atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruz informatzeko betebeharra betetzen ez denean; izan ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan bezala, errenta horien tratamendua aldatu egiten da, lehen adierazitako zentzu berean.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, zortzi apartatu bereizten dira, aldaketa banarekin. Azaltzeko garaian, horietako batzuk elkartu egin daitezke, oinarrian motibazio bera dutelako. Hala gertatzen da, esate baterako, enpresak berregituratzeko araubidearen inguruan zergaren foru arauaren VI. tituluko VII. kapituluko 105., 106. eta 111. artikuluei eragiten dieten aldaketekin. Aldaketa horien bidez, artikulu horietan jasota dagoen erregulazioa ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunengana hedatzen da.

Enpresak berregituratzeko araubide bereziarekin ere lotuta, zuzenketa tekniko bat egiten 101. artikuluan, eta 107 bis artikulua gehitzen da, entitateen kapitalean edo funts propioetan partaidetzak eskuratzera bideratutako finantza gastuen kenkaria mugatzeko.

Bestalde, 51. artikulua aldatzen da kenkariaren oinarria aldatzeko helburuz eta bide batez oztopoak kendu eta kenkaria aplikatzea errazagoa izan dadin, zerga ondorioetarako ondare garbiari eragiten dioten zuzenketak aldatzen direlako. Azken neurri horrek beharrezko egiten du erregulazio iragankor bat ezartzea 51. artikulua 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen aplikatu zutenentzat. Haren bitartez finkatzen da ondare garbiaren zer kontzeptu aplikatu behar den, zerga ondorioetarako, aipatutako artikuluan aurreikusten den iraupen epea bete behar den bitartean.

Azkenik, hamabosgarren xedapen gehigarrian aldaketak sartzen dira ikus-entzunezko lanen ekoizpenarekin lotuta, eta helburua da Europar Batasunak emandako agindua betetzea, hau da, jasota utzi beharra dagoela, berariaz, ikus-entzunezko lanen ekoizpenerako laguntzen araubidea onartu eta Europako Batzordeari jakinarazteko erregelamendua 2023ra arte luzatu dela. Horrek esan nahi du laguntzen araubidea berriro jakinarazi beharko dela, eta 2023-12-31ra arte izango dituela ondorioak.

3. artikuluak ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua aldatzen du, Ondarearen gaineko Zergarena. 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 5. artikulua aldatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko ekainaren 3ko 2003/41/EE Zuzentaraura egiten zen igorpena kendu eta, haren ordez, zuzentarau hau aipatzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentaraua, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta gainbegiratzeari buruzkoa.

4. artikuluak abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua aldatzen du, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena, eta hiru arlotan egiten du hori. Batetik, zuzenketa tekniko bat egiten da 28. artikuluaren euskarazko bertsioan; bestetik, arauaren barruan sartzen da lehenago Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Zerga Araubideari buruzko uztailaren 15eko 7/1988 Foru Arauan jasotzen zen salbuespena, zeina, araugintzako sistematika arrazoiengatik, ukitzen duen zergaren erregulaziora eramaten baita esanez salbuespen hori pentsio funtsei ere aplika dakiekeela eragiketa berberengatik; eta, azkenik, «Egintza juridiko dokumentatuen» modalitateko mailakako kargari dagokionez, ahalbidetzen da lokal bat erosteko kreditua bermatzen duen hipoteka eratu edo deuseztatu dela dokumentatzen duten notario eskrituren lehenengo kopiei dagokien zerga itzulketa eskatzea, baldin eta lokal hori etxebizitza gisa gaitu bada erosi zenetik 18 hilabeteko epean eta hau ohiko etxebizitza bada.

5. artikuluak aldaketak sartzen ditu Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 15.1.d) artikuluan, hobariaren aplikazioa beste energia berriztagarri batzuetara ere zabaltzeko. Orobat, ezartzen da udalerriek, ordenantza fiskalen bidez, zergaren kuota osoaren 100eko 50erainoko hobaria arautu ahal izango dutela ondasun higiezinetarako, efizientzia energetikoko etiketa A edo B motakoa dutenean. Ondorio horietarako, hobariaren portzentajea aldakorra izan daiteke, etiketa energetikoa zein motatakoa den.

6. artikuluak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren 5.1.b) artikulua aldatzen du, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Arauarentzat azaldutako helburu berberarekin, baina, kasu honetan, eraikuntza, instalazio eta obra jarduketei zein eraikinen birgaitze energetikoa xede dutenei aplikatzeko.

7. artikulua dela medio, aldaketak sartzen dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsita dagoen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategineko 14. bis artikuluan. Helburua da ezartzea ezen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek ez badituzte zerga horiek Gipuzkoan aitortzen, behartuta daudela urtero beren negozioen zifra garbia Ogasun eta Finantza Departamentuari komunikatzera, testu bategineko 5.1.c) artikuluan aurreikusten den salbuespena aplikatzearen ondorioetarako.

Orobat, «Tarifak» izena duen I. eranskinaren lehen sekzioan zenbait epigrafe aldatzen dira maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 3. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

8. artikuluak martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua aldatzen du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, eta sei apartatu ekartzen ditu, bakoitza aldaketa banarekin. Lehen apartatuak 28. artikulua aldatu eta 100eko 15etik 100eko 5era jaisten du premiamenduzko errekargu murriztua. Bigarren apartatuak 204. artikulua aldatzen du, gaztelaniazko testuan zuzenketa tekniko bat egiteko. Hirugarren apartatuak 242. artikulua aldatzen du, Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian judizio aurreko arazoak planteatzeko aukera bertan behar uzteko; Europako jurisprudentziak berariaz deklaratu du debeku hori.

Laugarren apartatuak hamaikagarren xedapena aldatzen du, atzerrian kokatutako ondasun eta eskubideei buruz informatu beharra ez betetzeak dakartzan arau-hausteen eta zehapenen araubidea aldatzeko; horrela, ezartzen da Europar Batasuneko lurraldean dauden ondasun eta eskubideengatik Zergen Foru Arau Orokorraren zehapen araubide erkidea aplikatuko zaiela.

Amaitzeko, bost eta sei apartatuen bidez hamazazpigarren eta hamazortzigarren xedapen gehigarriak aldatzen dira, biak ere planifikazio fiskaleko mekanismo jakin batzuei buruzkoak, betiere hobekuntza jakin batzuk sartzeko.

9. artikuluak Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua aldatzen du, eta hamar apartatu eta beste horrenbeste aldaketa dakartza, horietako gehienak foru arau horren edukia Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Lege berrian jasotako edukietara egokitzeko. Halaber, eguneratu egiten da Kreditu entitateen diziplinari eta esku-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legera egindako igorpena, eta orain ekainaren 26ko 10/2014 Legera bidaltzen da, kreditu entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkora.

10. artikuluak abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua aldatzen du, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzkoa, bi helburu hauek jarrita: alde batetik, kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik establezimendu iraunkorrik gabe lortutako interesei eta gainerako etekinei aplikatzen zaien salbuespena, bai eta ondasun higigarrietatik datozen ondare irabaziena ere, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan ezarritakora egokitzea, Akordio horren parte diren estatuek ere Europar Batasuneko estatu kideek bezalaxe aplika dezaten salbuespen hori. Bestetik, Espainiako lurraldean egoitza duten sozietate filialek Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batzuetan dituzten sozietate nagusiei edo azken horiek Europako Esparru Ekonomikoan kokatuta dauzkaten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinengatik aplikatzen den salbuespena aldatzea, salbuespen hori ez dadin aplikatu partaidetzaren eskurapen balioa 20 milioi eurotik gorakoa denean. Baldintza gisa ezartzen da gutxieneko partaidetzak, zuzenekoa zein zeharkakoa, 100eko 5ekoa izan behar duela eta ezarrita dauden gainerako beharkizunak bete beharko direla. Azken aldaketa horrek xedapen iragankor bat gehitzea ekarri du berekin, aldaketa hori 2121etik 2025era bitartean neutralizatzeko. Hori guztia Ekonomia Itunaren 21. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

Azkenik, aldaketa tekniko bat sartzen da, zeinaren ondorioz, hamaikagarren xedapen gehigarriaren edukia foru arau horren hamargarren xedapen gehigarriaren edukia izatera pasatzen baita, eta, azken horren edukia, bere aldetik, hamaikagarren xedapen gehigarriaren oraingo eduki bihurtzen da.

11. artikuluak urriaren 21eko 70/1997 Foru Dekretua aldatzen du, Gipuzkoako zerga araudia Zerga, Administrazio eta Gizarte alorreko neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legean xedatutakora egokitzen duena, aseguru primen gaineko zergari dagokionez. Zehazki, 100eko 6tik 8ra igotzen du zerga horren karga tasa. Ekonomia Itunaren 32. artikuluan aurreikusitakoa betetzeko egiten da hori.

Xedapen gehigarri bakarraren zergatia foru arau honen bitartez jarduera ekonomikoetan sortzen diren epigrafe edo talde berriak dira. Izan ere, ekitaldi honetarako beharrezkoa da epe bereziak ezartzea zergaren epigrafe horietan alta eta baja aitorpenak aurkezteko.

Xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu egiten du Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregimen Fiskalari buruzko uztailaren 15eko 7/1988 Foru Arauaren 7. artikulua, haren edukia Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan sartu baita.

Azken xedapen bakarrak ezartzen du noiz jarriko den indarrean foru araua, gorago aipatu diren ondorio zehatzak izatea eragotzi gabe.

1. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:

Lehenengoa.– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, manu hauek aldatzen dira:

Bat.– 41.2 artikuluko d) letraren a’) beharkizuna honela geratzen da idatzita:

«a’) Akzioak edo partaidetzak eskualdatzen dituen entitateko edo taldeko entitateetako langileak izatea partaide bakarrak, eta langile horiek d) letra honetan adierazitako lehen beharkizuna betetzea.

Entitateko akziodunen osaerari begira, ulertuko da entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez dela bete gabe geratzen bertan parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean erretiroa hartzeagatik edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik.

Era berean, ulertuko da entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez dela bete gabe geratzen partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hil diren langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilearen heriotzatik aurrera.»

Bi.– 89.1 artikuluko c) letraren a’) beharkizuna honela geratzen da idatzita:

«a’) Partaide bakarrak apartatu honetako a) eta b) letretan aipatzen diren entitateetako langileak izatea, eta langile horiek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan lan egindakoak izatea bertan, letra horietan jasotako eran.

Entitateko akziodunen osaerari begira, ulertuko da entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez dela bete gabe geratzen bertan parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean erretiroa hartzeagatik edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik. Era berean, ulertuko da entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez dela bete gabe geratzen partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hil diren langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilearen heriotzatik aurrera.»

Bigarrena.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, manu hauek aldatzen dira:

Bat.– Aldaketak sartzen dira 9. artikuluko 9. apartatuaren bigarren paragrafoan eta artikulu horretako 21. apartatuan, eta honela geratzen dira idatzita:

«Honako hauek ere salbuetsita egongo dira: martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak, doktoratu aurretik prestakuntza jasotzen duten langile ikertzaileen estatutua onartzen duenak, definitzen duen alorreko ikerketetarako herri administrazioek eta aurreko paragrafoan aipatutako irabazi asmorik gabeko entitateek emandako bekak, eta orobat, entitate horiek herri administrazioetako funtzionarioei eta gainerako langileei nahiz unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileei ikerketak egiteko emandakoak.»

«21.– Zerbitzu publikoen funtzionamenduak pertsonei eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik administrazio publikoek emandako kalte-ordainak, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotzen diren prozeduren arabera ezarritakoak badira.»

Bi.– 35. zenbakia gehitzen zaio 9. artikuluari, honela dioena:

«35.– Euskal Autonomia Erkidegoan 1978. eta 1999. urte bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen dien uztailaren 28ko 12/2016 Legearekin bat aitortutako kalte-ordainak.»

Hiru.– 17.2 artikuluko a) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«a) Enpresetako kantina edo jantokietan nahiz izaera sozialeko ekonomatoetan langileei prezio beheratuan entregatzea produktuak. Zerbitzua emateko zeharkako formulak enpresetako jantokietan prezio beheratuan emandako produktuen entregatzat hartuko dira haien zenbatekoa erregelamendu bidez ezarritakoa baino handiagoa ez denean. Horretarako, ez da kontuan hartuko zerbitzua ostalaritza establezimenduaren lokalean bertan edo hortik kanpo ematen den, enplegatuak produktua aldez aurretik jasota edo hari zuzenean entregatuta, dela lantokian bertan, dela telelana edo urrutiko lana egiteko aukeratutako lekuan.»

Lau.– 34.f) artikuluko b’) letra honela geratzen da idatzita:

«b’) Zergadunak lan egitea edo lan egindakoa izatea aipatutako sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean, edo bertan goi zuzendaritzako kide gisa jardutea edo jardun izana.

Baldintza hori betetzat joko da partaidetzen titulartasuna ezkontideek edo izatezko bikotekideek partekatzen dutenean, eta horietako bat aipatutako sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean langile edo goi zuzendaritzako kide denean edo izan denean.

Langile edo goi zuzendaritzako kide izandako pertsona hil bada, baldintza hori oinordekoek ere betetzen dutela joko da. Oinordekoen heriotza kasuan, beste horrenbeste ulertuko da haien oinordekoei dagokienez, eta berdin hurrengoekin ere.

Ondorio horietarako, ulertuko da goi zuzendaritzako kide direla azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 45.2 artikuluan aipatzen diren pertsonak (22/2014 Legea, arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk, eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak arautu, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea, Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzkoa, aldatzen duena).»

Bost.– 50. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«3.– Nolanahi ere, justifikatu gabeko ondare irabazitzat hartuko dira, eta erregularizatu daitezkeen eta preskribatu gabe dauden zergaldien arteko zaharrenaren oinarri likidagarri orokorrean sartuko dira, edozein ondasun edo eskubide edukitzea, aitortzea edo eskuratzea, baldin eta, ondasun edo eskubide horiei dagokienez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren hamaikagarren xedapen gehigarrian ezartzen duen informazio obligazioa ez bada bete ezarrita dagoen epean edo Zerga Administrazioak egiaztapen prozedura bat hasi duela jakinarazi baino lehen.

Dena den, apartatu honetan ezarritakoa ez da aplikatzekoa izango kasu hauetan:

a) Zergadunak frogatzen duenean ondasun edo eskubideen titulartasuna aitortutako errentei dagokiela.

b) Zergadunak frogatzen duenean ondasun edo eskubideen titulartasuna zerga honen zergadun izan ez zen zergaldietan lortutako errentei dagokiela.

c) Europar Batasuneko herrialdeetan kokatutako ondasun edo eskubidean kasuan, duela 10 urte baino gehiago eduki, aitortu edo eskuratu direnean.

d) Europar Batasuneko herrialdeetan kokatu eta azken 10 urteetan eduki, aitortu edo eskuratu diren ondasun edo eskubideen kasuan, baldin eta zergadunak frogatzen badu ondasun edo eskubide horiek Europar Batasunean kokatuta dauden eta epe hori baino lehen eduki, aitortu edo eskuratu diren ondasun edo eskubideen kargura eskuratu zirela, eta horrela hurrenez hurren. Nahitaezko baldintza da, baita ere, guztira 10 urteko epe hori gainditzea.

Aurreko c) eta d) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, 10 urteko epea zenbatzen hasiko da ondasun edo eskubide horiek deskubritzea helburu duen zerga prozedura hasten den egunetik aurrera.

4.– Artikulu honen aurreko apartatuan xedatutakoaren aplikazioak zerga arloko arau-hauste bat egitea ekarriko du, eta era honetan zehatuko da:

a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan jasotako eran, Europar Batasunaren barruan dauden ondasun edo eskubideekin zerikusia duenean.

b) Zehapenaren oinarriaren 100eko 150eko diruzko isun proportzionalaz, beste edozein kasutan.

Zehapenaren oinarria aipatutako manua aplikatuta ateratzen den kuota osoaren zenbatekoa izango da. Zehapenaren oinarria kalkulatzeko eta ez besterako, egiaztatu nahi den ekitaldian aurreko ekitaldietako zenbatekoak geratzen direnean konpentsatzeko, deduzitzeko edo aplikatzeko, zenbateko horiek ez dira kontuan hartuko zerga oinarria edo oinarri likidagarria edo kuota osoa gutxitu badezakete.

Letra honetan adierazitako zehapena bateraezina izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 195. artikulutik 199. artikulura bitartean tipifikatutako arau-hausteengatik aipatutako manuan araututako errentak lortzeko presuntzioarekin lotuta ezar litezkeenekin.

Letra honetan aurreikusitakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan jasotakoa aplikatuko zaie.»

Sei.– 57.1 artikuluko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Jarduera ekonomikoen etekinak Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak ezarritako eran egotziko dira, foru arau honetan edo erregelamendu bidez ezar daitezkeen berezitasunak eragotzi gabe.

Hala ere, nekazari gazteen lehenengo instalaziorako laguntza publikoak, Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean aurreikusitakoak, lau zatitan egotzi ahal izango dira: laurden bat jasotzen diren zergaldian eta laurden bana hurrengo hiruretan.»

Zazpi.– 57.2 artikuluko k) letra aldatu eta l) letra gehitzen da, jarraian zehazten den eran:

«k) Laguntza publikoen ondorio diren ondare irabaziak kobratzen diren zergaldiari egotziko zaizkio, apartatu honetako l) letran jasotako aukera eragotzi gabe.»

«l) Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean nekazari gazteen lehenengo instalaziorako aurreikusten diren laguntza publikoak, nekazaritzako sozietate enpresen kapital partaidetza bat eskuratzeko erabiltzen badira, lau zatitan egotzi ahal izango dira: laurden bat jasotzen diren zergaldian eta laurden bana hurrengo hiruretan.»

Hirugarrena.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, manu hauek aldatzen dira:

Bat.– 17.1 artikuluko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetako bazkide babesleek egindako kontribuzio edo ekarpenak, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako pentsio planen sustatzaileek egindakoak, edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, aurreikusitako enpresa sustatzaileek ordaindutakoak.»

Bi.– 17.2 artikuluari h) letra gehitzen zaio, honela dioena:

«h) Langileek eskuratutako akzio eta partaidetzen merkatuko balio normalaren eta eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa, sorrera berriko entitate berritzaileen akzio edo partaidetzen gaineko aukerak baliatzeagatik agerian jarritakoa, baldin eta aukera eskubidea baliatzen bada ematen denetik gutxienez hiru urte igaro eta gero.

Sorrera berriko entitate berritzaileak foru arau honen 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera eduki beharko du izaera hori, eta aurreko paragrafoan esandako aukera eskubidea ematen den unean bete beharko ditu artikulu horren 4. apartatuan aipatzen diren beharkizunak.»

Hiru.– 18.a) artikuluko 3. zenbakiaren b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Pentsio planen onuradunek jasotako prestazioak, barruan sartuta azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginaren 8. artikuluko 8. apartatuan jasotako kasuetan modu aurreratuan erabilitako kopuruak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, araututako pentsio planetatik jasotakoak.»

Lau.– 3. apartatu bat gehitzen zaio 20. artikuluari, honela dioena:

«3.– Artikulu honetan xedatutakoa foru arau honen 17.2 artikuluko h) letran xedatutakoaren kalterik gabe ulertuko da.»

Bost.– 27. artikuluko 5. arau bereziaren bat apartatua honela geratzen da idatzita:

«5.a Bat. Oro har, honako gastuak ez dira kengarriak izango: turismo ibilgailuen, atoien, ziklomotorren eta motozikleten erosketarekin, inportazioarekin, errentamenduarekin, mantenimenduarekin edo balio-galerarekin zerikusia duten gastuak, eta haien erabilerarekin lotuta dagoen beste edozein.

Ondorio horietarako, turismo ibilgailu, atoi, ziklomotor eta motozikletatzat hartuko dira urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategineko I. eranskinean hala definitutakoak, baita eranskin horretan ibilgailu misto gisa definitutakoak ere, eta, kasu guztietan, lur orotako ibilgailuak edo "jeep" motakoak.»

Sei.– 60.2 artikuluko e) letra honela geratzen da idatzita:

«e) Beren zenbateko osoan, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateetako bazkide babesleek eta pentsio planen sustatzaileek ordaindutako kontribuzioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, arautzen diren enpresa sustatzaileek ordaindutako kontribuzioak, eta, orobat, enpresariek Pentsio Plan eta Funtsak arautzen dituen Legearen testu bateginaren lehen xedapen gehigarrian eta hura garatzen duen araudian jasotako pentsio konpromisoei aurre egiteko ordaindutako kopuruak. Era berean, mendetasun aseguruei enpresaburuek ordaindutako diru kopuruen zenbatekoa.»

Zazpi.– 66.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«b) letra honetan aipatzen diren errentak integratu eta konpentsatu ondoren, emaitzak saldo negatiboa ematen badu, zenbateko hori letra honetan aipatu eta hurrengo lau urteetan agerian jartzen diren irabazi eta galeren saldo positiboarekin baino ezingo da konpentsatu, salbu eta entitate berritzaileen akzioak edo partaidetzak kostu bidez eskualdatzeagatik sortutako ondare galerak badira, eta haien harpidetzak foru arau honen 89 ter artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea eman badu (entitate berritzaileak eratzeagatik araututako kenkaria). Kasu horretan, epea hurrengo hamar urtekoa izango da, b) letra horretan aurreikusitako baldintzetan.»

Zortzi.– 70.1 artikuluaren 3. azpiapartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«3.a Partaideek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, araututako pentsio planei egindako ekarpenak, enpresa sustatzaileek egindako kontribuzioak barne, betiere beharkizun hauek betetzen badira:»

Bederatzi.– 70.6 artikuluko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Apartatu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko ekarpenak eta kontribuzioak honako hauei egin zaizkienean: enpleguko pentsio planei, enpresaren gizarte aurreikuspeneko planei, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, araututako pentsio planei, gizarte aurreikuspeneko mutualitateei edo enpleguko gizarte aurreikuspeneko entitateei; orobat, ez da aplikatuko foru arau honetako artikulu honen 3. apartatuan eta 72. artikuluan aipatzen diren ekarpenak direnean.»

Hamar.– 86. artikuluari 5. apartatua gehitzen zaio, eta honela dio:

«5.– Aurreko apartatuetan xedatutakoaren ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoekin parekatuko dira etxebizitza kooperatibetako edo antzeko elkarte motetako bazkideek edo irabazi asmorik gabeko elkarteetako kideek erabilera lagatzeko araubidean dauden ohiko etxebizitzengatik ordaintzen dituzten kanon edo errenta sozialak, betiere baldin eta haietan ez badira ematen ostalaritzako industriari dagozkion zerbitzu osagarriak, hala nola otordu zerbitzuak, gelak, arropa edo antzekoak garbitzekoak, edo gizarte laguntza edo osasunekoak.

Hala ere, ez dira parekatuko ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoekin honako hauek: erabilera lagatzeko araubidean dauden ohiko etxebizitzengatik ordaindutako kanon edo errenta sozialak, erosteko aukera eskubide bat edo jabetza transferitzeko klausula bat dakartenean, eta etxebizitza kooperatibetako edo bestelako elkarte motetako bazkideek edo irabazi asmorik gabeko elkarteetako kideek ordaintzen dituztenak, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituztenean.

Babes publikoko etxebizitzen sustapenak administrazio publiko baten jabetzako lurren gaineko azalera eskubidea eratuz egiten direnean, erabilera eskubidearen izaera mugagabea betetzat joko da elkartutakoen erabilera eskubidearen iraupena aipatutako azalera eskubidearen iraupenarekin bat datorrenean.»

Hamaika.– 89 ter.1 artikuluko b) letraren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«b) Entitate bat sorrera berrikoa izango da apartatu honetan aipatzen den harpidetza egin aurreko zazpi urteen barruan eratu denean.»

Hamabi.– 106.1 artikuluko b) letraren azken aurreko paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Europar Batasuneko beste estatu batean helbideratuta dauden pentsio funtsek Espainiako legeriari lotuta dauden enpleguko pentsio planak garatzen badituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauak, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoak, ezarritakoari jarraituz, edo, kasua bada, haien entitate kudeatzaileek, atxikipena eta konturako sarrera egin beharko dute Espainian egiten diren eragiketei dagokienez.»

2. artikulua.– Urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Lehenengoa.– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, manu hauek aldatzen dira:

Bat.– 14.2.a) artikuluko bosgarren marratxoaren bigarren baldintza honela geratzen da idatzita:

«Bigarrena. Eskubide ekonomiko bereziak honako hauek jasotzea, zuzenean edo zeharka: inbertsio itxiko entitateen sozietate kudeatzaile batean edo kudeatzaile gisa diharduen arrisku-kapitaleko sozietate batean lan egiten dutenek edo lan egindakoak direnek, edo haietan goi zuzendaritzako kide direnek edo izandakoek.

Baldintza hori betetzat joko da partaidetzen titulartasuna ezkontideek edo izatezko bikotekideek partekatzen dutenean, eta horietako bat aipatutako sozietate kudeatzailean edo arrisku-kapitaleko sozietatean langile edo goi zuzendaritzako kide denean edo izan denean.

Langile edo goi zuzendaritzako kide izandakoa hil denean, baldintza hori oinordekoek betetzen dutela joko da. Oinordekoen heriotza kasuan, beste horrenbeste ulertuko da haien oinordekoei dagokienez, eta berdin hurrengoekin ere.

Ondorio horietarako, ulertuko da goi zuzendaritzako kide direla azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 45.2 artikuluan aipatzen diren pertsonak (22/2014 Legea, arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektibo itxiko beste entitate batzuk, eta inbertsio kolektibo itxiko entitateen sozietate kudeatzaileak arautu, eta azaroaren 4ko 35/2003 Legea, Inbertsio kolektiboko erakundeei buruzkoa, aldatzen duena).»

Bi.– 22. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Zordunen kaudimengabeziengatik kredituen narriadurak ekar ditzakeen galerak kengarriak izango dira, baldin eta zergaren sortzapenaren unean zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Obligazioaren mugaegunetik sei hilabete igaro izana.

b) Zorduna konkurtso egoeran izatea.

c) Zorduna edo, zordun hori entitate bat bada, haren administratzaile edo ordezkarietakoren bat ondasunak ostentzeagatik auziperatuta egotea.

d) Obligazioak epaile bidez eskatuak izatea, edo auzi judizial edo arbitrajezko jardunbidean egotea eta, kobratzeko, horien ebazpena behar izatea.

Aurrekoa gorabehera, zordunen kaudimengabeziengatik kredituen narriadurak ekar ditzakeen galerak kengarriak izango dira, aurreko b) eta d) letretan aurreikusitako inguruabarrak zergaren autolikidazioa aurkezteko epea hasi aurretik gertatzen direnean.»

Hiru.– 31. artikuluaren 3. apartatuko azken paragrafoa honela berridazten da:

«3. apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, turismo ibilgailu, atoi, ziklomotor eta motozikletatzat hartuko dira urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategineko I. eranskinean hala definitutakoak, baita eranskin horretan ibilgailu misto gisa definitutakoak ere, eta, kasu guztietan, lur orotako ibilgailuak edo "jeep" motakoak.»

Lau.– 54. artikuluko 12. eta 13. apartatuak artikulu horretako 11. eta 12. apartatuak izatera pasatzen dira, hurrenez hurren.

Bost.– 123. artikuluko 6. eta 7. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«6.– Dena dela, ondasunak eta eskubideak aitortu gabeko errenta baten kargura eskuratu direla ulertuko da –errenta hori erregularizatu daitezkeen eta preskribatu ez diren zergaldien artetik zergaldi zaharrenari egotziko zaio–, baldin eta, ondasun eta eskubide horiei dagokienez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren hamaikagarren xedapen gehigarrian ezartzen duen informazio obligazioa ez bada bete ezarrita dagoen epean edo Zerga Administrazioak egiaztapen prozedura bat hasi duela jakinarazi baino lehen.

Dena den, apartatu honetan ezarritakoa ez da aplikatzekoa izango kasu hauetan:

a) Zergadunak frogatzen duenean ondasun edo eskubideen titulartasuna aitortutako errentei dagokiela.

b) Zergadunak frogatzen duenean ondasun edo eskubideen titulartasuna zerga honen zergadun izan ez zen zergaldietan lortutako errentei dagokiela.

c) Europar Batasuneko herrialdeetan kokatutako ondasun edo eskubidean kasuan, duela 10 urte baino gehiago eduki, aitortu edo eskuratu direnean.

d) Europar Batasuneko herrialdeetan kokatu eta azken 10 urteetan eduki, aitortu edo eskuratu diren ondasun edo eskubideen kasuan, baldin eta zergadunak frogatzen badu ondasun edo eskubide horiek Europar Batasunean kokatutako ondasun edo eskubideen kargura eskuratu zirela, haien edukitza, aitorpena edo eskurapena epe hori baino lehen gertatu bada, eta horrela hurrenez hurren, betiere baldin eta guztira 10 urteko epe hori gainditzen bada.

Aurreko c) eta d) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, 10 urteko epea zenbatzen hasiko da ondasun edo eskubide horiek deskubritzea helburu duen zerga prozedura hasten den egunetik aurrera.»

7.– Artikulu honen aurreko apartatuan xedatutakoaren aplikazioak zerga arloko arau-hauste bat egitea ekarriko du, eta era honetan zehatuko da:

a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan jasotakoari jarraituz, Europar Batasunaren barruan dauden ondasun edo eskubideekin zerikusia duenean.

b) Zehapenaren oinarriaren 100eko 150eko diruzko isun proportzionalaz, beste edozein kasutan.

Zehapenaren oinarria aipatutako manua aplikatuta ateratzen den kuota osoaren zenbatekoa izango da. Zehapenaren oinarria kalkulatzeko eta ez besterako, egiaztatu nahi den ekitaldian aurreko ekitaldietako zenbatekoak geratzen direnean konpentsatzeko, deduzitzeko edo aplikatzeko, zenbateko horiek ez dira kontuan hartuko zerga oinarria edo oinarri likidagarria edo kuota osoa gutxitu badezakete.

Letra honetan adierazitako zehapena bateraezina izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 195. artikulutik 199. artikulura bitartean tipifikatutako arau-hausteengatik aipatutako manuan araututako errentak lortzeko presuntzioarekin lotuta ezar litezkeenekin.

Letra honetan aurreikusitakoaren arabera ezartzen diren zehapenei Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan jasotakoa aplikatuko zaie.»

Bigarrena.– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko, manu hauek aldatzen dira:

Bat.– 51. artikuluaren 2. apartatua honela berridazten da:

«2.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ondare garbitzat hartuko da, zerga ondorioetarako, foru arau honen 47. artikuluko 2. apartatuan arautzen den kontzeptua, ekitaldiko emaitza kanpoan utzi gabe.

Dena den, honako hauek ez dira izango ondare garbiaren parte, zerga ondorioetarako:

a) Bazkideen ekarpenak.

b) Kredituen konpentsazioak eragindako kapital zabalkuntzak edo funts propioenak.

c) Akzio propioekin egindako eragiketengatik edo berregituratze motakoengatik funts propioetan egiten diren zabalkuntzak.

d) Foru arau honen 52. eta 53. artikuluetan aipatzen diren erreserba bereziak zuzkitzeko erabilitako kopuruak.

e) Finantza tresna konposatuen jaulkipen bati dagozkion funts propioak.

f) Zerga honen karga tasa handitu edo txikiagotzean sortutako zerga geroratuen aktiboak aldatzearekin zerikusia duten funts propioak.

g) Entitatean zuzeneko edo zeharkako partaidetza bat duten bazkideen ekarpenen zenbatekoa, baldin eta, bost urteko epean, bazkideak murriztapen hau aplikatu duen zergaldia amaitzen denetik, artikulu honetan xedatutakoa aplikatu badute.»

Bi.– 101. artikuluko 2. apartatuan desagertzen da 1. azpiapartatuari egiten zaion erreferentzia.

Hiru.– 105. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetako lehen paragrafoa eta 5. apartatua honela berridazten dira:

«1.– Balore trukea dela-eta agerian geratzen diren errentak ez dira sartuko zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga oinarrian, betiere beharkizun hauek betetzen badira:»

«2.– Balore trukea egiten duen entitateak jasotako baloreak ekarpena egiten duten bazkideen ondarean zuten balioaren arabera baloratuko dira, zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arauei jarraikiz, non eta haien merkatuko balio normala ez den txikiagoa, horrelakoetan azken horren arabera baloratuko baitira.»

«3.– Bazkideek jasotako baloreak emandako baloreen balioaren arabera baloratuko dira zerga ondorioetarako, eta balio hori zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arauei jarraikiz zehaztuko da, dagokionaren arabera. Balorazio horri gehitu edo gutxituko zaio dirutan entregatu edo jasotako konpentsazio osagarriaren zenbatekoa.»

«5.– Paradisu fiskaltzat jotzen diren lurralde edo lurraldeetan helbideratutako edo finkatutako entitateek esku hartzen duten eragiketetatik lortutako errentak edota haien bitartez lortutakoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren edota zerga honen zerga oinarrian sartuko dira.»

Lau.– 106. artikuluko 2. eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«2.– Bat-egite, xurgatze eta zatiketa oso zein partzialeko eragiketengatik jasotako baloreak emandako baloreen balioaren arabera baloratuko dira zerga ondorioetarako, eta balio hori zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arauei jarraikiz zehaztuko da, dagokionaren arabera. Balorazio horri gehitu edo gutxituko zaio dirutan entregatu edo jasotako konpentsazio osagarriaren zenbatekoa. Jasotako baloreek emandakoen eskurapen data gordeko dute.»

«4.– Paradisu fiskaltzat jotzen diren lurralde edo lurraldeetan helbideratutako edo finkatutako entitateek esku hartzen duten eragiketetatik lortutako errentak edota haien bitartez lortutakoak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren edota zerga honen zerga oinarrian sartuko dira.»

Bost.– 107 bis artikulu berria gehitzen da, hitzez hitz honela dioena:

«107 bis artikulua. Entitateen kapitalean edo funts propioetan partaidetzak eskuratzera xedaturiko finantza gastuen kenkaria mugatzea.

Foru arau honen 25 bis artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, edozein motatako entitateen kapitalean edo funts propioetan partaidetzak eskuratzera xedaturiko zorretatik eratorritako finantza gastuak kengarriak izango dira eskurapen hori egin zuen entitatearen onura operatiboaren ehuneko 30eko muga gehigarriarekin; dena den, onura operatibo horretan ez dira sartuko eskurapen hori egin eta hurrengo 4 urteetan harekin bat egingo duten entitateei dagokiena, fusio horretarako zerga araubide berezi hau aplikatzen bada. Finantza gastu horiek hartu beharko dira kontuan, halaber, 25 bis artikuluko 1. apartatuan aipatzen den mugan.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuz kengarriak ez diren finantza gastuak hurrengo zergaldietan kendu ahal izango dira, betiere artikulu honetan eta foru arau honen 25 bis artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako muga kontuan hartuta.

Artikulu honetan aurreikusitako muga ez da aplikagarria izango entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzak eskuratu diren zergaldian, baldin eta eskurapen hori zor bidez finantzatu bada, gehienez ere, eskurapen prezioaren ehuneko 70eko mugarekin. Era berean, muga hori ez da aplikatuko hurrengo zergaldietan, baldin eta, eskurapenaren unetik, zor horren zenbatekoa, gutxienez, hurrengo 8 urteetako bakoitzari dagokion zati proportzionalean murrizten bada, zorra eskurapen prezioaren 100eko 30era iritsi arte.»

Sei.– 111. artikulua honela geratzen da idatzita:

«111. artikulua.– Diruzkoak ez diren ekarpenak.

1.– Zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak aukeratu dezake kapitulu honetan ezarritako araubidea diruzkoak ez diren ekarpenei aplikatzea, haietan baldintza hauek betetzen badira:

a) Ekarpena jasotzen duen entitatea lurralde espainiarrean egoiliarra izatea, edo bertan egiten dituen jarduerak emandako ondasunak atxikita dauzkan establezimendu iraunkor baten bitartez burutzea.

b) Ekarpena egindakoan, zerga honen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadun den ekarleak gutxienez ehuneko 5eko partaidetza edukitzea ekarpena jasotzen duen entitatearen funts propioetan (% 3koa, sozietate partaidetuaren akzioek bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzen badute).

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo Espainiako lurraldean establezimendu iraunkorrik ez duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek akzio edo partaidetza sozialak ekartzen badituzte, a) eta b) letretan ezarritako baldintzez gainera ondoko hauek ere betetzea:

a’) Zein entitateren kapital sozialaren ordezkagarri diren, entitate horri ez aplikatzea Espainiako edo Europako interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa batasunen araubide berezia, foru arau honetako VI. tituluaren III. kapituluan arautua, eta, halaber, foru arau honen 14. artikuluan aipatzen den ondare sozietate ez izatea.

b’) Partaidetza gutxienez entitatearen funts propioen 100eko 5ekoa izatea, edo 100eko 3koa, sozietate partaidetuaren akzioek bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzen badute.

c’) Ekarpena egiten duena haien jabe izatea, etenaldirik gabe, ekarpena formalizatzen duen agiri publikoa egin aurreko urtean.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo Europar Batasuneko estatu kideren batean egoitza duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek c) letran aipatutakoez bestelako ondare elementuak ekarriz gero, elementu horiek jarduera ekonomikoei atxikita egotea, eta jarduera horien kontabilitatea Merkataritza Kodean edo legeria baliokidean xedatutakoaren arabera egitea.

2.– Kapitulu honetan ezarritako araubidea jarduera adarren ekarpenei ere aplikatuko zaie, baldin eta ekarpen horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo Europar Batasuneko estatu kideren batean egoitza duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek eginak badira eta, betiere, haien kontabilitatea Merkataritza Kodean edo legeria baliokidean xedatutakoaren arabera egiten badute.

3.– Ekartzen diren ondare elementuak ezin izango dira baloratu, zerga ondorioetarako, merkatuko balio normaletik gora.»

Zazpi.– Hamaikagarren apartatu bat gehitzen zaio hamabosgarren xedapen gehigarriari, honela dioena:

«Hamaika. Xedapen gehigarri honetan ikus-entzunezko obretarako aurreikusitako laguntzen araubidea Europar Batasunari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita dago eta bateragarria da barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituenak, 54. artikuluan eta I. kapituluan ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituelako. Araubide horren aplikazioa 2023ko abenduaren 31ra luzatu da, erregelamendu hau dela medio: Batzordearen 2020/972/EB Erregelamendua, 2020ko uztailaren 2koa, 1407/2013/EB Erregelamendua aldatzen duena haren luzapenari dagokionez, eta 651/2014/EB Erregelamendua aldatzen duena haren luzapenari eta bidezko doikuntzei dagokienez.»

Zortzi.– Hogeita seigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hogeita seigarren xedapen iragankorra. 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen aplikatutako enpresa kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioa.

2021eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan 51. artikulua aplikatu zuten entitateek, foru arau honen 51. artikuluaren lehen apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako iraupen epea betetzeko, kontuan hartu beharko dute, zerga ondorioetarako ondare garbiari dagokionez, 2021. urterako zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onesten dituen apirilaren 15eko 3/2021 Foru Arauak 51. artikulua berridatzi ondoren ondorioztatzen den kontzeptua, edo, bestela, kenkaria aplikatzeko unean indarrean zegoena.»

3. artikulua.– Ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena, aldatzea.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldatu egiten da Ondarearen gaineko Zergaren, ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 5. zazpi artikuluko b) letra. Honela idatzita gelditzen da:

«b) Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, aipatzen direnak barne.»

4. artikulua.– Abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldatu egiten dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren xedapen hauek:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 28. artikuluaren bigarren paragrafoaren euskarazko testua:

«Hipoteka bermea duten mailegu eskriturak direnean, mailegu hartzailea hartuko da subjektu pasibotzat.»

Bi.– 42. zenbakia gehitzen zaio 41.I.B) artikuluari, honela dioena:

«42.– Foru arau honetako 18. artikuluan jasotakoaren arabera zergari lotuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean araututa dauden borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateak eratzea, desegitea eta gainerako sozietate eragiketak egitea.

Era berean, salbuetsita egongo dira Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko Legearen testu bateginak –azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak– arautzen dituen pentsio funtsak eratzea, desegitea eta handituz edo txikituz aldatzea.»

Hiru.– Azken paragrafo bat gehitzen zaio 41.I.B) artikuluaren 30. zenbakiari. Hona hemen testua:

«Zergapekoa pertsona fisikoa denean eta hipotekak eratuta daudenean etxebizitza moduan gaitutako lokal bat eskuratzeko erabiltzen den mailegu edo kreditu baten ordainketaren berme gisa, baldin eta lokal horren eskualdaketari foru arau honetako 11. artikuluaren c) letraren azken paragrafoan aipatutako itzulketa aplikaziozkoa bazaio, hala eskatu ondoren, itzuli egingo du hipoteka horren eraketari edo deuseztapenari buruzko notario eskrituren lehen kopiei dagokienez benetan ordaindutako zerga, betiere etxebizitzak aurreko paragrafoan aipatutako ohiko etxebizitzaren kontzeptua betez gero. Itzulketa horrek ez du berandutze interesik sortuko.»

5. artikulua.– Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldatu egiten da Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 15. artikuluko 1. apartatuaren d) letra. Honela idatzita gelditzen da:

«d) Zergaren kuota osoaren 100eko 50era bitarteko hobari bat, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako. Hobari hori aplikatzekotan, beroa sortzeko instalazioek administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistemak (UBS) eduki behar dituzte.

Era berean, zergaren kuota osoaren 100eko 50era bitarteko hobari bat arautu ahal izango dute A edo B motako energia eraginkortasuneko etiketa bat duten ondasun higiezinetarako. Horretarako, hobari portzentajea aldakorra izan daiteke, energia etiketaren motaren arabera.»

6. artikulua.– Uztailaren 5eko 15/1989 Foru Araua, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergarena, aldatzea.

Aldatu egiten da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren 5. artikuluaren 1. apartatuko b) letra. Honela idatzita gelditzen da:

«b) 100eko 95era bitarteko hobari bat, eraikuntza, instalazio edo obretan, baldin eta:

– Eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen badira. Hobari hori aplikatzekotan, beroa sortzeko instalazioek administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak edo berokuntzako eta ur beroko sanitarioko sistemak (UBS) eduki behar dituzte.

– Haien xedea bada A edo B motako energia etiketa bat lortzeko energia birgaikuntza. Horretako, hobari portzentajea aldakorra izan daiteke, energia etiketaren motaren arabera.

– Haien xedea bada energia birgaikuntza eta irisgarritasuna barne hartzen dituen higiezinen birgaikuntza integrala. Horretarako, energia birgaikuntzaren xedea izan behar da A edo B motako energia eraginkortasuneko etiketa bat lortzea.

– Udalerriko auzo edo eremuetan energia berriztagarriak sartzeko birgaikuntza integraleko proiektuen testuinguruan egiten badira.

Letra honetan aipatutako hobaria aplikatuko da, bakar bakarrik, indarrean dagoen legeriaren arabera derrigorrez inbertitu behar ez diren kopuruen gainean.»

7. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bategina, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsia, aldatzea.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, artikulu hauek aldatzen dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginean, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitakoan:

Bat.– 14 bis artikulua honela berridazten da:

«14 bis artikulua.

5.1 artikuluko c) letran jasotako salbuespena aplikatzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek urtero beren negozio zifraren zenbateko garbia komunikatu beharko diote Ogasun eta Finantza Departamentuari, zerga horien aitorpena Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkezten ez dutenean. Obligazio hori aplikagarria izango da, halaber, sozietate zibiletako eta Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateetako pertsona eta entitate bazkide, oinordeko, komunero edo partaideentzat.

Ondorio horietarako, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakiko du zein izango den komunikazio horren edukia, eta nola eta zer epetan aurkeztu beharko den.»

Bi.– «Tarifak» izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioan 15. multzoaren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«15. multzoa. Energia elektrikoa, gasa, lurruna eta ur beroa produzitu, garraiatu, banatu eta merkaturatzea.»

Hiru.– «Tarifak» izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioan 15. multzoko 151. taldearen izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«151. taldea. Energia elektrikoa produzitu, garraiatu, banatu eta merkaturatzea.»

Lau.– «Tarifak» izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioko 15. multzoaren barruan, 151.6 epigrafe berria gehitzen zaio 151. taldeari, eta honela dio:

«151.6 epigrafea. Energia elektrikoa merkaturatzea.

Kuota.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 64,06 euro.

Probintziako kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.

Estatuko kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.»

Bost.– «Tarifak» izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioko 15. multzoaren barruan, 152. taldea aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«152. taldea. Gasa fabrikatu, banatu eta merkaturatzea.

152.1.– epigrafea. Gasa fabrikatu eta banatzea.

Kuota:

Kw bakoitzeko: 16,33 euro.

Oharra: Epigrafe honen barruan gasa banatzeko sareen instalazioa sartzen da.

152.2 epigrafea. Gasa merkaturatzea.

Kuota.

Gutxieneko udal kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 64,06 euro.

Probintziako kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.

Estatuko kuota:

1.000 abonatuko edo zatiki bakoitzeko: 141,60 euro.»

Sei.– «Tarifak» izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioko 661. taldearen barruan 661.9 epigrafe berria gehitzen da, eta honela dio:

«661.9 epigrafea. Bestelako merkataritza mistoa edo azalera handietan integratua, hau da, produktuen erakusketarako eta jendaurreko salmentarako 2.500 m2 edo gehiagoko azalera erabilgarria duten establezimenduetan modu espezializatuan egindakoa, brikolajearekin, etxeko ekipamenduarekin, etxeko eta bulegoko altzariekin, artikulu elektroniko eta etxetresna elektrikoekin, eta automobilerako, kirolerako edo antzekoetarako artikuluekin lotutako produktuak direnean.

Kuota:

10.000 m2-raino: 1,40 euro metro karratuko.

10.001etik 20.000 m2-ra: 1,35 euro metro karratuko.

20.001etik 30.000 m2-ra: 1,25 euro metro karratuko.

30.000 m2-tik gora: 1,15 euro metro karratuko.

Oharra: Erakusketarako eta jendaurreko salmentarako azalera erabilgarritzat hartuko da artikuluak zuzeneko salmentarako erakusten dituena, estalita egon edo ez, kontsumitzaileak benetan erabil dezakeenean.»

Zazpi.– Tarifetako Lehen Sekzioko 661. taldearen 2. ohar komuna aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.a Talde honetako kuotak kalkulatzeko, establezimenduaren azalera osoa konputatuko da (biltegi handi, hipermerkatu, biltegi popular edo bestelako azalera handiarena), bulegoetarako, aparkaleku estalirako, biltegietarako, eta abarrerako erabilitako eremuak ere barruan sartuta. Orobat, hirugarrenek erabilera lagapenaren bidez edo beste edozein tituluren indarrez okupatutako eremuak ere konputatuko dira. Aldiz, estali gabeko azalerak ez dira konputatuko, haien erabilera edozein dela ere.»

Zortzi.– Tarifak izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioko 664. taldeari 664.2 epigrafe berria gehitzen zaio, «664.2 epigrafea. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak» izenekoa, bi azpiepigrafe dituena, 664.21 eta 664.22 zenbakidunak. Azpiepigrafe horien izenburua eta edukia 655.4 eta 655.5 epigrafeena izango da hurrenez hurren, azpiepigrafe horiei eta 664. taldeari dagokien ohar komuna barne.

Bederatzi.– Tarifak izena duen I. eranskinaren Lehen Sekzioko 655. taldean 655.4 eta 655.5 epigrafeak desagertzen dira, haien ohar komuna barne.

8. artikulua.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra, aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 28. artikuluko 3. apartatua:

«3.– Premiamenduzko errekargu murriztua 100eko 5ekoa izango da, eta aplikatuko da borondatezko epean ordaindu ez den zor osoa eta errekargua bera foru arau honetako 61. artikuluaren 5. apartatuan premiatutako zorrak ordaintzeko jartzen den epea amaitu aurretik ordaintzen direnean.»

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 204. artikuluko 2. apartatuaren lehen paragrafoaren gaztelaniazko testua:

«2.– También constituye infracción el incumplimiento de la obligación de presentar autoliquidaciones, declaraciones u otros documentos con trascendencia tributaria por medios electrónicos, informáticos o telemáticos en aquellos supuestos en que hubiera obligación de hacerlo por dichos medios.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 242. artikuluko 3. apartatua:

«3.– Europar Batasuneko Justizia Auzitegian judizio aurreko arazo bat aurkeztu bada, eten egingo da prozedura ekonomiko-administratiboa, haren hasieratik judizio aurreko arazoa ebazten duen ebazpena jaso arte. Halaber, etenda geratuko da beste prozedura ekonomiko-administratibo batzuen izapidetzea, prozedura horiek ebazteko beharrezkoa bada aurkeztutako judizio aurreko arazoaren emaitza ezagutzea. Etendura hori prozedura ekonomiko-administratiboko interesdunei jakinaraziko zaie, eta, haren ondorioz, foru arau honetako 65. artikuluak ezarritako eskubideen preskripzio epearen konputua ere etenda geratuko da. Etenduraren ondoren, planteatutako arazoaren ebazpena Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan jasotzen denean hasiko da berriro konputatzen epea.»

Lau.– Aldatu egiten dira hamaikagarren xedapen gehigarriaren 2. eta 3. apartatuak, eta xedapen horri 4., 5., 6. eta 7. apartatuak gehitzen zaizkio. Honela idatzita gelditzen dira:

«2.– Zerga arloko arau haustetzat jotzen da xedapen gehigarri honetan aipatzen diren aitorpen informatiboak epe barruan ez aurkeztea, bai eta aitorpenok osatu gabe, okerreko datuekin edo datu faltsuekin aurkeztea ere.

3.– Arau hausteok erregela hauen arabera zehatuko dira:

a) Aitorpena epez kanpo aurkeztu denean, Zerga Administrazioak hura aurkezteko errekeritu ondoren, foru arau honetako 202.1.c) artikuluan jasotakoaren arabera jarriko da zehapena.

b) Aitorpena epez kanpo aurkeztu denean, Zerga Administrazioak hura aurkezteko errekeritu gabe, foru arau honetako 202.2 artikuluaren lehen paragrafoan jasotakoaren arabera jarriko da zehapena.

c) Epe barruan aurkeztu denean, baina osatu gabe, okerreko datuekin edo datu faltsuekin, foru arau honetako 203.2.c) artikuluaren bigarren paragrafoan jasotakoaren arabera jarriko da zehapena.

d) Aitorpena osatu gabe, okerreko datuekin edo datu faltsuekin aurkeztu denean eta ondoren aitorpen osagarria edo ordezkoa epez kanpo aurkezten denean, aurretik errekeritu gabe, foru arau honetako 202.2 artikuluaren bigarren paragrafoan jasotakoaren arabera jarriko da zehapena.

4.– Dena den, aurreko 3. apartatuko a) eta c) letretan aurreikusitako zehapenak letra horietan xedatutakoagatik ezartzen direnen bikoitza izango dira, eman beharreko informazioa Europar Batasunetik kanpo dauden ondasun edo eskubideei buruzkoa denean.

5.– Aitorpen berean Europar Batasunaren barruan zein hortik kanpo kokatutako ondasun edo eskubideei buruzko informazioa jasotzen denean edo jaso behar denean, eta arau haustea bi informazio mota horiei dagokienez egiten denean, zehapena aurreko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.

Dena den, bere kasuan egoki den zehapen osoaren gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak aurreko 4. apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatuko dira.

6.– Artikulu honetan jasotako zehapen araubidearen ondorioetarako, datutzat edo datu multzotzat hartuko da:

a) Atzerrian kokatutako kreditu entitateetako kontuei buruz informatzeko obligazioa betetzen ez denean, kontu berari buruzko datuak.

b) Atzerrian gordailatu, kudeatu edo lortutako titulu, aktibo, balore, eskubide, aseguru eta errentei buruz informatzeko obligazioa betetzen ez denean, beren motaren arabera banaka kontuan hartutako ondare elementu bakoitzari buruzkoak datuak.

c) Aurreko 1. apartatuaren c), d) eta e) letretan aipatutako ondasun higigarri eta higiezinei eta haien gaineko eskubideei buruz informatzeko obligazioa betetzen ez denean, ondasun higigarri edo higiezin berari edo haietako bakoitzaren gaineko eskubide berari buruzko datuak.

7.– Tributu bakoitza arautzen duten foru arauek berariazko beste ondorio batzuk ezarri ahal izango dituzte xedapen gehigarri honetan zehazten den informazioa emateko obligazioa betetzen ez denerako.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da hamazazpigarren xedapen gehigarria:

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Planifikazio fiskaleko mekanismo jakin batzuei buruz informatzeko betebeharra.

1.– Pertsona edo entitate bitartekariek eta zergapeko interesdunek Zerga Administrazioari informazio hau eman beharko diote, Kontseiluaren 2011ko otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauan (Fiskalitatearen esparruko lankidetza administratiboari buruzkoa, 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetzen duena) eta foru arau honetako 17. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan eta 29. eta 91. artikuluetan jasotakoaren arabera:

a) Kontseiluko 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.18 artikuluan definitutako mugaz gaindiko mekanismoak, zeinetan esku hartu edo parte hartzen baitute aipatutako zuzentarauaren IV. eranskinean jasotako ezaugarri bereizietako bat gertatzen denean.

b) Kontseiluko 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.24 artikuluan aipatutako mugaz gaindiko mekanismo komertzializagarrien eguneratzeari buruzko informazioa.

c) Aurreko a) eta b) paragrafoetan aipatutako planifikazioko mugaz gaindiko mekanismoak Espainian erabiltzeari buruzko informazioa.

Informazioa emateko obligazio honen ondorioetarako, ez dira aitortu beharreko plangintza fiskaleko mugaz gaindiko mekanismotzat hartuko Europar Batasunari komunikatu zaizkion eta hark espresuki baimendu dituen araubide fiskaletan oinarritutako akordioak, negozio juridikoak, eskemak edo mugaz gaindiko eragiketak.

2.– Kontseiluko 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter artikuluaren 5. apartatuan aipatutako sekretu profesionaleko betebeharrarengatik informatzeko obligaziotik salbuetsita egongo dira zuzentarau horri jarraituz pertsona edo entitate bitartekaritzat hartuta daudenak, beraiek egiten duten jarduera ekonomikoa kontuan hartu gabe, baldin eta aholkua eman badute zuzentarauan definituta dauden mugaz gaindiko mekanismo bat exekutatzeko diseinuari, komertzializazioari, antolaketari, exekutatzeko eskura jartzeari edo kudeaketari dagokionez, betiere haien helburu bakarra izan denean mekanismo hori araudi aplikagarrira nola egokitzen den ebaluatzea, haren ezarpena saiatu edo erraztu gabe.

Sekretu profesionala gordetzera behartutako pertsona edo entitate bitartekaria betebehar horretatik libre gelditu ahal izango da, zergapeko interesdunak modu frogagarri batean komunikatutako baimenaren bidez.

3.– Planifikazio fiskaleko mekanismoei buruz informatzeko obligazioa, Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauan aipatua, pertsona edo entitate bitartekariek betetzea, legez ezarritako terminoetan, ez da izango kontratu edo arauetan informazioa zabaltzeari buruz ezartzen diren murriztapenen arau haustea, eta behartutako subjektuentzat ez du inolako erantzukizunik ekarriko informazio horren titular diren zergapeko interesdunari dagokionez.

4.– Zerga arloko arau haustetzat jotzen da xedapen gehigarri honetan aipatzen diren aitorpen informatiboak epe barruan ez aurkeztea, bai eta aitorpenok osatu gabe, okerreko datuekin edo datu faltsuekin aurkeztea ere.

Zerga arloko arau haustetzat joko da, orobat, aitorpen horiek bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoekin aurkeztu behar direnean bestelako bitartekoekin aurkeztea, bitarteko horiek erabiliz aurkeztea derrigorrezkoa denean.

Aurreko arau hausteetan, zehapena 2.000 euroko isun finkoa izango da aitorpen berari buruzko datu edo datu multzo bakoitzeko edo modu osatugabean, okerrean edo faltsuan emandako datu bakoitzeko. Gutxieneko kopurua 4.000 eurokoa izango da, eta, gehienekoa, berriz, jasotako ordainsariak, jaso beharrekoak, edo mugaz gaindiko mekanismotik eratorritako balio fiskalari dagokion zenbatekoa, erregelamenduz ezarritako eran kalkulatua, arau hauslea pertsona edo entitate bitartekaria den edo zergapeko interesduna den, hurrenez hurren. Gehieneko muga ez da aplikatuko hura 4.000 euro baino txikiagoa denean.

Aurrekoa gorabehera, mugaz gaindiko mekanismoak ez badu baliorik erregelamenduz ezarritako baldintzetan eta arau hauslea zergapeko interesduna bada, gehieneko muga pertsona edo entitate bitartekariak jasotako edo jaso beharreko ordainsarien balioa izango da.

Ordainsaririk ez badago, muga izango da arau hauslea pertsona edo entitate bitartekaritzat hartzera eraman duen jardueraren merkatuko balioa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42.1 artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatua.

Aipatu diren gehieneko mugak aplikatzeko, ordainsarien edo balio fiskalaren existentzia eta kopuruak frogatu beharko ditu, modu sinesgarrian, arau hausleak.

Informazioa epez kanpo eta Zerga Administrazioak errekerimendurik egin gabe aurkezten bada, apartatu honetan aurreikusitako zehapena eta gutxieneko eta gehieneko mugak erdira murriztuko dira.

Informazioa ez bada aurkezten bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabilita, horretarako obligazioa dagoenean, 250 euroko isun finkoa ezarriko da aitorpen berari buruzko datu edo datu multzo bakoitzeko. Gutxieneko muga 750 eurokoa izango da, eta gehienekoa 1.500 eurokoa.

5.– Xedapen gehigarri honetan arautzen diren zehapenak eta arau hausteak ez dira bateragarriak izango foru arau honen 202. eta 203. artikuluetan ezarritakoekin.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da hemezortzigarren xedapen gehigarria:

«Hemezortzigarren xedapen gehigarria. Planifikazio fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoak aitortu beharrak partikularren artean sortzen dituen obligazioak.

1.– Sekretu profesionala gorde beharra dela eta, planifikazio fiskaleko mugaz gaindiko mekanismoen aitorpena aurkeztetik salbuetsita dauden gainerako pertsona edo entitate bitartekariek salbuespen horren froga sinesgarria eman beharko diete mekanismo horietan parte hartzen duten gainerako pertsona edo entitate bitartekariei eta zergapeko interesdunei, zeintzuk derrigortuta egongo baitira erregelamenduz ezarritako baldintzetan aitorpena aurkeztera.

2.– Legez aitortzera behartuta dauden pertsonek edo entitateek aitorpena behin aurkeztuta, gertatzen bada aurkezpen horrek berekin dakarrela obligazio horretatik salbuestea gainerako pertsona edo entitate bitartekariak edo, hala badagokio, mugaz gaindiko mekanismo horietan parte hartzen duten beste zergapeko interesdunak, aurkezpen hori komunikatu beharko diote, modu sinesgarrian, salbuetsi diren zergapeko horiei, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

3.– Zerga arloko arau hausteak dira xedapen gehigarri honetan aipatzen diren komunikazioak ezarritako epean ez egitea, edo komunikazio horiek egitea datuak kenduta edo datu faltsuak, osatugabeak edo okerrak sartuta.

Artikulu honetako arau hausteari 600 euroko isun finkoa ezarriko zaio.

Baldin eta, arau hauste hori egitearekin batera, beste bitartekari batek edo, hala badagokio, aitorpena aurkeztu behar izan duen zergapeko interesdunak ez badu epe barruan aurkeztu foru arau honen hamazazpigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuko a) letran aipatutako plangintza fiskaleko mekanismoa, aipatutako aitorpena epe barruan ez aurkezteak dakarren arau haustearen modura jarriko da zehapena, aipatutako xedapen gehigarriaren 4. apartatuan jasotakoaren arabera.»

9. artikulua.– Maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Araua, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa, aldatzea.

Xedapen hauek aldatzen dira Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauan.

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 5.1 artikuluaren b) letra:

«b) Nekazaritza eta elikagai arloko kooperatibak.»

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 7. artikulua:

«7. artikulua.– Nekazaritza eta elikagai arloko kooperatibak.

Nekazaritza eta elikagai arloko kooperatibak bereziki babestutzat joko dira, honako beharkizun hauek betetzen dituztenean:

1.– Bertako kideak pertsona fisikoak izatea, hauek nekazaritza, baso edo abeltzaintza ustiapenak nahiz ustiapen mistoak beren titularitzapean edukitzea, eta ustiapen horiek kooperatibak, estatutuen arabera, jarduteko duen eremu geografikoaren barruan kokatuta egotea.

Bertako bazkide izan ahal izango dira, halaber, beste nekazaritza eta elikagai arloko beste kooperatiba batzuk eta elkarlanean ustiatzeko beste kooperatiba babestu batzuk, foru arau honen lehen xedapen gehigarrian aipatutako eraldaketarako nekazaritza sozietateak, ente publikoak, kapital sozial gehiena ente publikoen esku duten sozietateak eta, azkenik, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituzten eta pertsona fisikoek bakarrik osatuak diren ondasun eta eskubide komunitateak.

2.– Beren nekazaritzako jardunean honako muga hauek errespetatzea:

a) Kooperatibak bere ustiapenetan zein beren bazkideen ustiapenetan bakarrik erabiltzeko zeinahi den eran erosi, errentan hartu, prestatu, ekoiztu edo fabrikatzen dituen materia, produktu edo zerbitzuak ezin zaizkie bazkide ez direnei laga, salbu eta kooperatibaren jardueraren gerakin arruntak direnean edo lagapena kooperatibari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik egiten denean.

Nekazaritzako kooperatibek petrolioaren produktuak txikizka banatu ahal izango dizkiete bazkide ez diren hirugarrenei, betiere Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 113. artikuluko 2. apartatuan jarritako mugen barruan.

b) Kooperatibaren edo bazkideen ustiapenetan sortutakoen pareko produktuak beste ustiapenetatik iritsi eta hauek kontserbatu, tipifikatu, manipulatu, eraldatu, garraiatu, banatu edo merkaturatuz gero, horien zenbatekoak ezingo du, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko, produktu propioek merkatuan duten prezioaren 100eko 5 gainditu edo, estatutuek hala aurreikusten badute, prezio beraren 100eko 49tik gorakoa izan.

Kooperatibak beste batzuen nekazaritza produktuak erabiltzen dituenean, portzentajea independenteki zehaztuko da apartatu honetan adierazitako prozesu bakoitzerako.

3.– Bat apartatuan aipatutako eremu geografikoaren barruan bazkide bakoitzak kokaturik dituen landa izaerako ondasunak direla eta ordaindu behar duen ondasun higiezin gaineko zergaren zerga oinarriak 60.101,21 eurotik gorakoak ez izatea.

Abeltzaintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzen dituzten kooperatibetan abeltzaintza independenteko ustiapenen bazkide titularrak integratzen direnean, bazkide hauetako bakoitzak, kooperatiba barruan nahiz hortik kanpo, ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten dituen salmenta edo entregen bolumena ezingo da 300.506,05 eurotik gorakoa izan; ente publikoak eta kapital sozial gehiena bazkide horien esku duten sozietateak ez dira horietan sartzen.

Muga horien aplikazioaren ondorioetarako, bazkide gisa beste kooperatibista, beste sozietate edo beste ondasun komunitate batzuk ageri direnean, zerga oinarriak edo salmenten bolumenak estatutuek ezartzen duten proportzioan egotziko zaizkio bertako bazkide bakoitzari.

Bazkideen zerga oinarriak edo salmenta bolumena adierazitakoak baino handiagoak direnean, horien parte hartzea salbuespen gisa onartuko da, baldin eta kopuru horiek baturik gainontzeko bazkideei dagozkienen 100eko 30 gainditzen ez bada.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 8. artikuluko 1. beharkizunaren bigarren paragrafoa:

«Erabilera eta aprobetxamendu eskubideak lagaz gero, kooperatibaren bazkide egin ahal izango dira, halaber, ente publikoak, kapital sozial gehiena ente publikoen esku duten sozietateak, pertsona fisikoek osatutako ondasun eta eskubide komunitateak, nekazaritza eta baso ustiapenak, esku komuneko mendiak, eta Zuzenbide Zibiletik edo Euskal Zuzenbide Zibiletik arautzen diren antzeko gainerako erakundeak.»

Lau.– Honela idatzita gelditzen da 10 bis.1.b) artikuluaren bigarren paragrafoa:

«Ondorio horietarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 87.8 artikuluan halakotzat hartutakoa.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 10 bis artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Bereziki babestutako kooperatibatzat hartu dadin erabakigarria den beharkizuna egiaztatzeko eskubidearen preskripzio epea –etxebizitza bazkideen ohiko bizileku gisa erabiltzeari buruzko baldintza– urtarrilaren 17ko 3/02014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 87.8 artikuluan aipatutako hiru urteko epea amaitzen denetik aurrera hasiko da.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 12. artikuluko 3. apartatua:

«3.– Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 72. artikuluan ezartzen duen kontribuzioaren diru kopuruak artikulu honetan aurreikusi ez diren helburuetarako erabiltzea.»

Zazpi.– Honela idatzita gelditzen da 16. artikuluko 4. apartatua:

«4.– Bazkideek kapital sozialari beren borondatez nahiz derrigorrez egindako ekarpenek sortzen dituzten interesak (Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 60.6 artikuluan araututako ekarpenenak barne), eta aipatutako legearen 70.2.a) eta 72. artikuluetan aurreikusten den kontribuziora zuzendutako zuzkiduretatik datozenak, betiere haien interes tasak, bazkideentzat bi puntutan gehituta eta bazkide laguntzaile eta jardun gabekoentzat lau puntutan gehituta, diruaren legezko interesa gainditzen ez badu. Ekitaldi ekonomiko bakoitza ixtean indarrean dagoen legezko interes tasa izango da erreferentzia.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 26.1 artikuluaren c) letra:

«c) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legeak 72. artikuluan ezarritako kontribuzioaz baliatuta, artikulu horretan jasotako helburuak betetzeko.»

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 32.2 artikuluaren lehen paragrafoa:

«2.– Ez dira halakotzat hartuko, nahiz eta izen hori erabili eta kalifikazioa oraindik galdua ez izan, Kreditu entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legeak larri edo oso larritzat kalifikatzen dituen arau hausteengatik zigortuak izan diren kreditu kooperatibak, edota foru arau honetako 12. artikuluan aurreikusten diren egoeretakoren batean sartzen direnak. Artikulu horretako 6., 10. eta 13. apartatuetan jasotako egoerak aldatu egiten dira kreditu kooperatibei aplikatzerakoan, horientzat honako hauek ezartzen dira eta:»

Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 40. artikulua:

«40. artikulua.– Talde buru den entitatea.

Sozietate talde baten ordezkari den entitateari lege eta zerga arloko ordenamenduak ematen dizkion ahalmen, erantzukizun eta obligazio guztiak talde buru den entitateak hartuko ditu, betiere foru arau honetan ezarritakoarekin bat badator.»

Hamaika.– Honela idatzita gelditzen da 41. artikulua:

«41. artikulua.– Herri onurako kooperatiben definizioa.

Zerga ondorioetarako, herri onurako kooperatibatzat hartuko dira otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuaren bidez onartutako Herri onurako sozietate kooperatiboen prozedurari eta beharkizunei buruzko Erregelamenduak jasotakoaren arabera kalifikazio hori lortu duten kooperatibak, baldin eta beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Inoiz izan daitezkeen emaitza positiboak banatu ezin izatea bazkideen artean, eta haien helburuak gauzatzera bideratzea.

b) Artezkaritza kontseiluko karguak dohaineko izaeraz betetzea.

c) Bazkideak edo Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 42.3 artikuluan sar daitekeen loturazko harreman bat bazkideekin duten pertsonak eta entitateak ez izatea jardueren hartzaile nagusiak, ez eta zerbitzuen lorpenaz gozatzeko prestazio edo baldintza berezirik edukitzea ere.»

10. artikulua.– Abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena, aldatzea.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketa hauek sartzen dira Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauan:

Bat.– 14.1 artikuluko b) eta g) letrak honela geratzen dira idatzita:

«b) Kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako interesak eta gainerako etekinak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 35. artikuluan aipatuak, eta, orobat, ondasun higigarrietatik datozen ondare irabaziak, betiere Europar Batasuneko edo Europako Esparruko Ekonomikoko beste estatu kide batean egoitza duten egoiliarrek establezimendu iraunkorrik gabe lortuak badira edo egoiliar horiek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomiko beste estatu kide batean kokatuak dituzten establezimendu iraunkorrek lortuak badira.

Europako Esparru Ekonomikoko parte diren estatuak ez badira Europar Batasuneko estatu kideak, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikagarria izango da baldin eta haietan zerga arloko informazio truke eraginkorra badago, Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) hamargarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

Entitate baten akzioak, partaidetzak edo bestelako eskubideak eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziei ez zaie aplikatuko aurreko paragrafoetan xedatutakoa, kasu hauek gertatzen badira:

1.– Entitatearen aktiboa, zuzenean edo zeharka, euskal lurraldean kokaturik dauden ondasun higiezinez osatuta egotea nagusiki.

2.– Eskualdaketa egin aurreko hamabi hilabeteak hartuta, aurreko momenturen batean zergadun pertsona fisikoek gutxienez entitate horren kapital edo ondarearen 100eko 25eko partaidetza izatea, zuzenean edo zeharka.

3.– Entitate ez-egoiliarren kasuan, eskualdaketak betetzen ez baditu Sozietateen gaineko Zergaren Legeko 21. artikuluan aurrez ikusitako salbuespena aplikatzeko beharkizunak.»

«g) Lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europar Batasuneko beste estatu batzuetan egoiliar diren sozietate nagusiei edo horiek beste estatukide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinak, beharkizun hauek betetzen badira:

1.– Bi sozietateak Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten tributuetako bati lotuta eta salbuetsigabe egotea –Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen zerga araubide erkideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatutako tributuetako bat izan behar du–, eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea haiek kokatuta dauden estatuan.

2.– Mozkinaren banaketa sozietate filiala likidatzearen ondorioa ez izatea.

3.– Bi sozietateek eduki behar dute Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauko eranskinean ezarritako formetako bat (zuzentarau horretan Batasuneko estatu desberdinetan ari diren sozietate nagusi eta filialei aplikatu beharreko araubidea ezarri zen), eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 8ko 2014/86/EB Zuzentarauak aldatu zuen.

Beste sozietate baten kapitalean, zuzenean zein zeharka, gutxienez 100eko 5eko partaidetza duena hartuko da sozietate nagusitzat. Beste sozietate hori sozietate filiala izango da. Partaidetza hori etenik gabe mantendu behar da banatzen den mozkina exijigarri den egunaren aurreko urtean edo, bestela, behar den denboran mantendu behar da urtebetea osatu arte.

Epea zenbatzeko, kontuan hartuko da, gainera, partaidetza hori zer epetan eduki duten, etenik gabe, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan sozietate talde bereko parte izateko aipatzen diren inguruabarrak betetzen dituzten beste entitateek, haien egoitza eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra gorabehera. Azken kasu horretan, ordaindutako zerga kuota epe hori behin igaro ondoren itzuliko da.

Estatu kidean indarrean dauden legeen arabera zehaztuko da egoitza, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenetan ezarritakoa eragotzi gabe.

Aurrekoa hala izanik ere, elkarrekikotasun baldintzapean, erabaki ahal izango da g) letra honetan ezarritakoa honako hauei ere aplikatzea: Zuzentarauaren eranskinean ezarritakoa ez bezalako forma juridikoa duten sozietate filialei, eta Espainian egoiliar den sozietate filial batek sozietate nagusiari emandako dibidenduei, baldin eta azken horrek filialaren kapitalean duen gutxieneko partaidetza, zuzenean zein zeharka, 100eko 5ekoa bada, eta letran honetan ezarrita dauden gainerako baldintzak betetzen badira.

Letra honetan ezarritakoa ez da aplikatuko, baldin eta sozietate nagusiaren boto eskubide gehienak pertsona fisikoek edo juridikoak badituzte, zuzenean zein zeharka, eta pertsona horiek ez badira Europar Batasuneko estatu kideetako egoiliarrak edo ez badira gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea duten Europako Esparru Ekonomikoko estatuetako egoiliarrak (2005eko martxo aren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen du zeintzuk diren estatu horiek), salbu eta arrazoi ekonomiko baliodunak eta funtsezko arrazoi enpresarialak badaude sozietate nagusiaren eraketarako eta jardunerako.

Letra honetan xedatutakoa berdin aplikatuko da lurralde espainiarrean egoitza duten sozietate filialek Europako Esparru Ekonomikoko estatuetan dituzten sozietate nagusi egoiliarrei edo azken horiek beste estatu kide batzuetan dituzten establezimendu iraunkorrei banatutako mozkinen kasuan, beharkizun hauek betetzen badira:

1.– Sozietate nagusien egoitzak dauden Europako Esparru Ekonomikoko estatuek gure lurraldearekin zergei buruzko informazio trukea edukitzea, 2005eko martxo aren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, hamargarren xedapen gehigarrian ezartzen denaren arabera.

2.– Sozietate horiek Europar Batasuneko estatuetan entitate juridikoen mozkinak kargatzen dituzten zergen baliokide den bati lotuta eta salbuetsi gabe egotea (mozkin horiek Europako Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, 2.c) artikuluan aipatuak dira), eta establezimendu iraunkorrak zergari lotuta eta salbuetsi gabe egotea horiek kokatuta dauden estatuan.

3.– Europako Espazio Ekonomikoko kide diren estatuetan egoiliar diren sozietate nagusiek hartzea Europako Kontseiluaren 2011ko ekainaren 30eko 2011/96/EB Zuzentarauak, estatu kide desberdinetako sozietate nagusi eta filialen araubideari buruzkoak, eranskinean jasotako formen baliokideetako bat.

4. g) letra honetan jarritako gainerako beharkizunak betetzea.»

Bi.– Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hamaikagarren xedapen gehigarriaren edukia foru arau horren hamargarren xedapen gehigarriaren edukia izatera pasatzen da, eta, azken horren edukia, bere aldetik, hamaikagarren xedapen gehigarriaren oraingo eduki bihurtzen da.

Hiru.– Gaur arte indarrean izan den xedapen iragankor bakarra lehen xedapen iragankor berrizendatzen da, eta bigarren xedapen iragankor bat gehitzen da, honela dioena:

«Bigarren xedapen iragankorra. 14.1.g) artikuluko salbuespenaren araubide iragankorra.

2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eskuratutako partaidetzek aplikagarri izango dute 14. artikuluaren 1. apartatuko g) letran aipatzen den salbuespena 2021ean, 2022an, 2023an, 2024an eta 2025ean, baldin eta haien eskurapen balioa 20 milioi eurotik gorakoa izan bada, eta 14.1.g) artikuluan ezarrita dauden gainerako baldintzak betetzen badira. Horretarako, ez da beharrezkoa izango gutxieneko kapital partaidetza, zuzenekoa edo zeharkakoa, % 5ekoa izatea.»

11. artikulua.– Aldatzea urriaren 21eko 70/1997 Foru Dekretua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia Zerga, Administrazio eta Gizarte arloko neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legera egokitzen duena aseguru primen gaineko zergari dagokionez.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 11. artikuluko lehen paragrafoa aldatzen da urriaren 21eko 70/1997 Foru Dekretuan, zeinak Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia Zerga, Administrazio eta Gizarte arloko neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legera egokitzen baitu aseguru primen gaineko zergari dagokionez, eta honela geratzen da idatzita:

«Zerga tasa 100eko 8 izango da.»

Xedapen gehigarria

Baldin eta zergadunek jarduera ekonomikoen gaineko zergaren 151.6, 152.1, 152.2, 661.9 eta 664.2 epigrafeetako jarduerak egiten badituzte eta, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kudeaketarekin lotutako zenbait alderdiri buruzko azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuak 7. artikuluan jasotakoari jarraituz, zerga horren matrikulan alta emateko aitorpena foru arau hau indarrean jarri aurretik aurkeztu behar izan bazuten, indarrean jartzeko data horren ondorengo hilabeteko epea izango dute aipatutako alta aitorpena aurkezteko.

Era berean, jarduera horiek lehendik dagoen beste epigrafe baten barruan egiten aritu diren zergadunek aurreko paragrafoan jarritako epe bera izango dute, zergaren matrikulako alta aitorpena aurkezteko.

Xedapen indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira foru arau honetan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Bereziki, indargabetuta gelditzen da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregimen Fiskalari buruzko uztailaren 15eko 7/1988 Foru Arauaren 7. artikulua.

Azken xedapena

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean foru arau hau, bere xedapenetan jasotako ondorio espresuak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala