Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2021eko maiatzaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2922

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntzen Azpitek 2021 programa.

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Plan berriak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programa berriarekin lerrokatuta baitago, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe Esparru Programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: talentua.

– I. zutabea. Bikaintasun zientifikoa: oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea du helburu, baita gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak handitzea ere.

– II. zutabea. Lidergo teknologiko industriala: Euskadiren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta euskal gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta inpaktua hobetuta.

– III. zutabea. Berrikuntza irekia: Lankidetzako berrikuntza sustatzea du ardatz, bai teknologikoa, bai ez-teknologikoa, eta arreta berezia jartzen du enpresa txiki eta ertainetan.

– Talentua: Pertsonak dira ikertzen eta berritzen dutenak, eta, beraz, beren talentua behar dugu aurreko elementuak erabat garatu ahal izateko eta zutabe estrategikoen funtzioa bete ahal izateko, eta, horrela, plan honetarako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Helburu horiek hurrengo atalean daude azalduta.

Horrela, bada, 2030erako ZTBP planaren hiru zutabeetako bat «Bikaintasun Zientifikoa» deiturikoa da, zeinaren helburua baita oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea, baita gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak handitzea ere.

Euskadik erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko agertoki batean, industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea. Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+Bren mende dago. Industriak produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan teknologiak txertatzeko duen gaitasuna funtsezkoa da produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko. Testuinguru horretan, enpresek I+G+Bko eragileekiko lankidetza indartu behar dute, eta bermatu behar da abangoardiako azpiegitura zientifiko-teknologikoak (AZ-T) erraz lortu ahal izatea.

Zientziatik eta teknologiatik Euskadik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko, beharrezkoa da azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak izatea, Euskadin eragina duten 3 trantsizioei heltzeko: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio soziala eta sanitarioa.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoak (erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-labak eta abar barnean direla) I+G+Bko ekosistemen eta berrikuntzan oinarritzen diren balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, AZ-Tek teknologiaren baterako garapena eta sorkuntza bultzatzen dute, kontzeptu-probatik eta laborategietan baliozkotzetik hasi eta industria-ingurunean egindako prototipoen erakustaldiraino, teknologia eskuratzea ziurtatzeko helburuarekin; kontuan hartu behar da horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragin sozioekonomikoa.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. AZ-Tek I+G+b arloko eragileekin lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Diseinutik hasi eta produktu, zerbitzu edo prozesu osoen azken probara arte, baldintza kontrolatutan, segurutan eta errealitatetik hurbil, bezeroen eta inbertitzaileen aurreko baliozkotzea barnean dela. Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago, teknologiak hobetzeko, garatzeko, baliozkotzeko eta prototipoak sortzeko, merkatuari soluzio teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, AZ-Tek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izaten dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren AZ-T propioa izan.

Azpiegitura Zientifiko-Teknologikoak Eskuratu edo Eguneratzeko programaren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzea, eta I+G+b jarduera eta emaitzak baliozkotzea eta erakustea bultzatzea. Horretarako, kalitatezko ikerketa gauzatzeko, emaitzak hobetzeko, eta horien eragin zientifikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematen du.

Eusko Jaurlaritzak programa bat abiarazi du, Euskadiko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzera bideratuta dagoena, honako eremu hauetan aurrerapausoak emateko helburuarekin:

a) Trantsizio teknologiko-digitala – Industria da Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialaren motorra. Iraganeko aldaketa teknologikoetara egokitzen jakin duen industria, gaur egun hobeto prestatuta dagoena trantsizio teknologiko-digitalaren erronkei aurre egiteko, desafio berriak baitaude horretarako. Horrela, teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresna bihurtzen dira balio erantsi handiagoa ekarriko duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta soluzio berriak garatzeko.

"ZTBP Euskadi 2030 – Oinarrizko lerro estrategikoak eta ekonomikoak" dokumentuan, teknologia digitalak edo birtualak eta teknologia fisikoak, biologikoak, kimikoak edo materialenak integratzen dituen oinarrizko teknologien mapa bat identifikatzen da: adimen artifiziala eta big data/datuen zientzia, gauzen Internet eta 5G teknologiak, zibersegurtasuna, sistema ziberfisikoak, materialen eta prozesuen teknologiak, energiaren biltegiratzea, potentzia-elektronika, bioteknologiak eta genetika, nanoteknologiak eta teknologia kuantikoak eta neutronika.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoetan eginiko inbertsioak ahalbidetuko du teknologia horiek ikertu, garatu eta baliozkotzea, bai eta euskal industriak horiek ezartzea ere.

b) Trantsizio energetiko-klimatikoa – 2030erako Euskadiko Energia Estrategiak energiaren esparruko ikerketa, garapen teknologiko eta industrialeko lehentasunezko 9 arlo ezartzen ditu, energiaren sektoreko euskal enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen sarearen lehiakortasuna bultzatzeko. Oinarrizko jarduketa-eremuek honako hauek aurreikusten dituzte: energia eolikoa, olatuen energia, eguzki-energia fotovoltaikoa, hidrogenoa, oil&gasa, energia-efizientzia, mugikortasun elektrikoa, energia-biltegiratzea, sare elektrikoak eta potentzia-elektronika.

Bestalde, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren helburua da ingurumena funtsezko faktore bihurtzea jasangarritasunean, lehiakortasunean eta enplegu-sorreran, eta hazkunde ekonomikoa bereiztea baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko gasak igortzetik. Estrategiak 4 jarduketa-eremu eta 10 jarduketa-lerro ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira negozio-eredu zirkular berriak sortzea, ekonomia zirkularrean berrikuntza eta teknologia berriak sortzea, material jasangarri berriak garatzea, produktu eta eraikinen ekodiseinua eta fabrikazio efizientea.

Estrategia horietan lortu nahi diren jasangarritasunak eta egonkortasunak eragin zuzena dute ZTBP Euskadi 2030 berrian txertatutako trantsizio energetiko-klimatikoan. Teknologia berriak ikertu eta garatzeko aukera ematen duten azpiegitura zientifikoetan inbertitzeak eta ondoren industriara transferitzeak efizientzia, erresilientzia eta jasangarritasuna optimizatzea ahalbidetuko du energiaren eta fabrikazioaren bizi-ziklo osoan, energiaren eta materialen hornikuntza-kateak barnean direla, eta horrek eragin nabarmena izango du industria-sarean eta gizartean, oro har.

Hori guztia dela eta, beharrezkotzat jotzen da laguntza-programa berri bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko, eta emaitzen baliozkotzea eta frogatzea bultzatzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Azpitek Programaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan, eta deialdia egitea, 2021eko ekitaldirako, I+G+b garatzeko behar den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko eta haren emaitzak baliozkotu eta frogatzeko laguntzetarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan oinarri hauetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 5a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
AZPIEGITURA ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOEN AZPITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2021ean eman beharreko laguntza-programa bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoak diren azpiegitura zientifiko-teknologikoak eta ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu eta eguneratzeko, eta emaitzen baliozkotzea eta frogatzea bultzatzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori. Hori guztia emaitzen kalitatea eta emaitzen eragin zientifiko-teknologikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzera bideratuta dago.

Laguntzei buruzko araudi honek, azpiegitura zientifiko-teknologikoen jarduera ekonomikoari dagokionez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra), ikerketa-azpiegituretarako inbertsioetarako laguntzei dagokienez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honetan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 5.313.631 euro– Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aurrekontuetan izendatuta dagoena, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, betiere horretarako akreditatuta badaude foku anitzeko teknologia zentroen eta ikerkuntza kooperatiboko zentroen kategorietan, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako erakunde onuradunek berek egin beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuaren jardueraren zatiren bat EAEn edo EAEtik kanpo azpikontratatzea.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

4.– Erakunde onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo bestelako ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Krisialdian dauden enpresa eta erakundeak ezingo dira onduradun izan, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan –Batzordearen Komunikazioa– xedatutakoarekin bat etorriz (2014/C 249/01).

7.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak ezin izango dira onuradun izan.

8.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

9.– Likidazioaren unean ere bete beharko da erakunde onuradun izateko baldintza.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira azpiegitura zientifiko-teknologikoak eta ekipamendu zientifiko-teknikoa (aurrerantzean, azpiegitura eta ekipamendu ZT) eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko jarduketak, barnean direla eraikinak eraikitzeko, birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan erabilitako altzariak, baita horien emaitzak baliozkotzea eta frogatzea ere.

Deialdi honen ondorioetarako, azpiegitura eta ekipamendu ZT honako hau dela ulertzen da: I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoak (ekipoak) eta instalazioak (behar diren baliabide fisikoak dituen barrutia), baita horien emaitzak baliozkotzea eta frogatzea ere. Ekipamendu hori ekipamendu bakar bat izan daiteke, edo instalazio bat edo ekipamendu-multzo bat espazio bakar bat edo helburu jakin bat hornitzeko; era berean, ekipamendua zertarako erosten den, helburu hori bete ahal izateko beharrezkoak diren aldaketak, gehigarriak, osagarriak edo aparatu laguntzaileak barne hartu ahal izango ditu.

2.– Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.

3.– Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak garatzen dituenean:

a) Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.

b) Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute. Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko konpentsazioa saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.

c) Kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-programan eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Gastu finantzagarritzat hartuko dira 2021eko abenduaren 31ra arte egindako exekuzio-kostuak –aktibo finko materialetan eta immaterialetan eginikoak–, 4. artikuluan zehaztutako azpiegitura eta ekipamendu ZT eskuratzetik zuzenean eratorritakoak, bai eta eguneratzeko beharrezkoak diren osagarriak edo tresna lagungarriak eskuratzea ere, eta ekipamendua abian jartzeko eta funtzionatzeko behar diren beste kostu batzuk. Era berean, software espezializatuko lizentzia iraunkorrak ere finantzatu ahal izango dira, baldin eta ikerketarako baino ez badira eta eskuratutako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen badute.

Eguneratze-jardueratzat jotzen dira soilik ekipamenduaren prestazioak nabarmen handitzea edo ekipamenduaren zaharkitzea atzeratzea dakartenak.

2.– Azpiegitura eta ekipamendu zientifiko-teknikoen proiektu bakoitzaren guztizko inbertsio-kostua 100.000 eurokoa edo hortik gorakoa eta 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa izan beharko da. Ez da onartuko 1.000.000 eurotik gorako aurrekontua duten ekipamenduak hainbat proiektutan zatikatzea. Proiektu berean ere ez dira onartuko 100.000 euro baino gutxiagoko kostu unitarioa daukaten eta beren artean loturarik ez duten elementuak. Eskuratze-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

Muturreko berezitasuna duten proiektuek (ebaluazio teknikoan 90 puntutik gorako puntuazioa lortu dutenek) 1.000.000 euroko muga gainditu ahal izango dute aurrekontuan.

Zentro bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoa ezin izango da izan I+Gko ustiapen-sarreren % 10 baino handiagoa.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren hirugarren apartatuan ezarritakoa betez, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak gaindituz gero Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu erakunde eskatzaileak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

4.– Gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren laugarren apartatuan xedatutakoaren arabera, azpiegitura eta ekipamendu inbentariagarriak eskuratu, instalatu eta eguneratzean, erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, bost urtez gutxienez, erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.

Erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; alderdi horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

Erabilera-betebehar hori ez betetzea, zeina betiere ondasuna besterentzearekin edo kargatzearekin batera gertatuko baita, itzultzeko arrazoia izango da, eta ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita geratuko da, edozein dela ere edukitzailea, dirulaguntzei buruzko lege orokorraren 31. artikuluaren laugarren apartatuak horretarako arautzen dituen salbuespenekin.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 13. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 13. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

3.– Agindu honen 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoen arabera esleituko zaizkie dirulaguntzak onartu diren proiektuei.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako laguntza handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkien laguntzen ehunekoak hauek izango dira gehienez:

– % 50, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ekonomikoarekin lotuta badago.

– % 100, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ez-ekonomikoarekin lotuta badago.

3.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-zuzkidura nahikoa ez bada eskaera guztiei erantzuteko, dirulaguntzetara bideratutako gehieneko guztizko zenbatekoa hainbanatu egingo da erakunde onuradunen artean.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduera horiek burutzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren 8. eta 26. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo erakunderen batetik dirulaguntzak eskuratu dituztela jarduera bererako, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan. Horrela, bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

9. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren agintariek aipatutako erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zorrotz errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baitute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorreko 11. artikuluaren b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz, eta, batez ere, zuzenketei buruz aipatutako dekretuaren 28.3 artikuluarekin; baita E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz ere (2006ko martxoaren 3ko EHAA, 44. zk.).

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1110701/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110701/ (euskara)

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura.

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2021eko ekainaren 24ra bitartean aurkeztu ahal izango dira.

5.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu behar da, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo puntuan aipatzen diren agiriak izan behar ditu, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

6.– Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektua eskatzen duen erakundeak sinatua, egin beharreko jarduerak eta aurreikusitako aurrekontua zehaztuta.

b) Azpiegitura edo ekipamendu zientifiko-teknikoaren proposamena deskribatzen eta justifikatzen duen memoria tekniko-ekonomikoa (II. eranskineko ereduaren arabera).

c) Erakunde eskatzailearen jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskripzio-memoria, erakundearen jarduera ekonomikoaren eta ez-ekonomikoaren xehetasuna barnean dela.

d) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantzen egoera-orrien auditoria-txostena.

e) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: erakundearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.

f) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.

g) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren sarrera eta gastuen aurrekontua.

h) Erakunde eskatzailearen pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia digitalizatua.

i) Jarduketaren kostua egiaztatzen duten aurrekontuak edo proformako fakturak, halakorik badago.

j) Obra-lizentzia, hala badagokio.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, diruz lagundu daitezkeen kostu berberei dagozkien de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Erregelamenduari lotuta. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, artean konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta Merkatu Erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki duela-eta irekitako berreskuratze-agindu baten menpe ez dagoela erakunde eskatzailea.

– Erakunde eskatzailea ez dela krisialdian dagoen enpresa edo erakunde bat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen (2014/C 249/01) definizioaren arabera, salbu eta 2020ko martxoaren 19ko aldi baterako esparruaren 3.1.22.c bis apartatuan ezarritako salbuespena –egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzkoa– [C (2020) 1863].

– Hala badagokio, efektu pizgarriari buruzko adierazpena, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– hau eska dezakete: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan berariaz adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

8.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera:

– Administrazio jarduleak izapideak egiteko behar diren dokumentuak eskatu edo kontsultatu ahal izango ditu –bertan daudenak edo beste administrazio batzuek egin dituztenak–. Hala ere, erakunde eskatzaileak tratamendu horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, betebeharra bete duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

– Prozedura bideratzeko, erakunde eskatzaileek ez dute beharrik izango organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkezteko, eta eskabidean adierazi egin beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik zenbatzen hasita bost urte igaro ez badira. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, organo eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren betekizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

9.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta estrategia arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion ekintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zere egun eta ordutan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta proiektuak onartzeko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoko lehendakaria teknologiaren eta berrikuntzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da, Alberto Fernández González, edo karguan hura ordezten duen pertsona, eta ordezkoa, berriz, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako titularra, Leire Madariaga Bilbao, edo karguan hura ordezten duen pertsona.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

– Industriaren eta trantsizio energetikoaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra, Mikel Amundarain Leibar, edo karguan hura ordezten duen pertsona, eta ordezkoa, berriz, industria-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat, Agustín García Pérez.

– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Saileko ordezkari bat, Amaia Martínez Muro, eta ordezko, Cristina Oyón.

– Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo zientifiko-teknologikoaren ordezkari bat, Rikardo Bueno Zabalo, eta ordezko, Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean teknologia eta berrikuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Sonia Larrabide Izurieta, eta ordezko, Natividad Niño Bartolomé.

Ebaluazio-organoaren osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Sailak egingo ditu, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako bokaletako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, proiektuetan aldaketak egitea iradoki ahal izango zaie erakunde eskatzaileei, proiektuak hobetu egokitu daitezen ezarritako helburuetara.

13. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTko proiektuak hautatzeko eta, hala badagokio, emango zaien laguntza-ehunekoa zehazteko, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Funtsezko irizpideak eta irizpide espezifikoak:

1) Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren kalitatea eta garrantzia (40 puntu):

1.– Kalitate teknikoa: Azpiegitura edo ekipamendu ZTak gaur egun eskatzaileak eskura ez dituen zenbait ezaugarri tekniko eta prestazio betetzen ditu (15 puntu).

2.– Egokitasuna: Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren ezaugarriak egokiak dira lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, eta horrek ekipamenduaren beharra edo hura eguneratzeko beharra justifikatzen du (15 puntu).

3.– Ekarpena: Zientzia eta teknologia erabiltzeak eta teknologia industriara transferitzeak aurrera egiten laguntzen du laguntza eskatzen duen erakundearen ikerketa-ildoetan, eta bat datoz Euskadiren estrategiarekin: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Plana eta RIS3 Estrategia (10 puntu).

2) Ustiapen-eredua (20 puntu):

1.– Erabilera- eta kudeaketa-plana: Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren erabilera- eta kudeaketa-plana eta ustiapen-eredu xehatua ditu, baita fase bakoitzaren kronograma zehatza ere (10 puntu).

2.– Lagapen- eta lankidetza-plana: Azpiegitura edo ekipamendu ZT tokiko edo nazioarteko eragile eta ikertzaileekin eta nazioarteko erakunde erreferenteekin lankidetzan erabiltzea (10 puntu).

3) Eragin zientifiko-teknologikoa eta sozioekonomikoa (20 puntu):

1.– Eragin zientifiko-teknologikoa: Besteak beste, honako hauek baloratuko dira: argitalpen zientifikoak, doktorego-tesiei laguntzea, I+G+b proiektuei egindako ekarpena –bai enpresekin, bai ZTBESko eragileekin eta nazioarteko beste eragile batzuekin–, bai eta azpiegitura edo ekipamendu ZTaren erabileran oinarrituta sortzea espero den patente-kopurua ere (10 puntu).

2.– Eragin sozioekonomikoa: Azpiegituraren garapenetik eta azpiegituratik eratorritako proiektuetatik lortutako emaitzak baloratuko dira (ahal bada, fakturazioari, inbertsioari, merkatu berriei, zuzeneko enpleguari, zeharkako enpleguari eta abarri dagokienez), baita trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaiekeen ekarpena ere; horrez gain, herritarrek azpiegitura zientifiko-teknologikoetan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea eta ekipamenduak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena ere baloratuko dira (10 puntu).

b) Irizpide orokorrak (20 puntu).

1.– Lantaldea: Erakunde eskatzailean ekipamenduaren ardura duen taldearen osaera eta esperientzia, haren erabilera eta kudeaketa, eta erakunde eskatzaileak orain arte egindako proiektuen eta ekarpenen garrantzia. Positiboki baloratuko da gizonen eta emakumeen presentzia orekatua izatea ikerketa-taldean (10 puntu).

2.– Aurrekontua: Aurrekontua bat dator jarduketarekin eta egokia da lortu nahi diren helburuei eta egin beharreko jarduerei dagokienez (10 puntu).

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, guztira atera daitekeen gehieneko notaren % 50era iristea ebaluazioan (50 puntu), eta, bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaerak, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamen arrazoitua.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Prozedura bakar baten bidez ebatziko dira aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako laguntzaren zenbatekoa; horrekin batera, jakitera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaio erakunde eskatzaile bakoitzari. Hori guztia, eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako dirulaguntzak, herritar guztiak jakitun egon daitezen.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, jarraibideekin, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

6.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, zatika, honako modu honetan:

a) Ebazpena jakinarazi ostean, dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, 17.3.a) artikuluan zehaztutako epean berariaz uko egiten ez bazaio.

Emandako zenbatekoak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3. artikuluaren bigarren apartatuan ezarritako mugak gainditzen dituenean, ordainketa aurreratua egingo da, artikulu horretan bertan adierazitako moduan banku-abala eratu eta aurkeztu ondoren. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira.

b) Dirulaguntzaren gainerako % 20a ordaintzea aldez aurretik honako hauek agiri bidez justifikatzearen baldintzapean egongo da: dagokion jarduera egitea; finkatutako helburuen exekuzio-maila, eta egindako gastua.

2.– Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo lauhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, erakunde onuradun bakoitzari dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio.

Justifikazio-kontuak honako hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduketa-memoria. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: egindako jarduketak; lortutako emaitzak kuantifikatuta eta/edo baloratuta; eskatutako eta emandako aldaketak; kontratu, hitzarmen, akordio eta abarren azken betetze-mailari buruzko txostena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzen duena, honakoez osatua:

– Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

– Fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-indar baliokidea duten edo administrazio-eraginkortasuna duten agiriak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan sartzen direnak; eta, hala badagokio, ordainketaren frogagiria.

– Tasazio independentearen ziurtagiria, behar bezala egiaztatua eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua, ondasun higiezinak eskuratuz gero.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

c) Kontuen auditoretza-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da. Ondorio horietarako, maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jarduketa-araua aplikatuko da. Agindu horren bidez, Estatuko sektore publikoaren eremuan dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanak egiteko kontu-auditoreen jarduketa-araua onartzen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 74. artikuluan aurreikusitakoaren arabera –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua–.

Txostena osatzeko, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan emandako egiaztapen-zerrenda bat aurkeztuko da. Zerrenda horrek mugarri batzuk izango ditu, eta auditoreak egiaztatu beharko du horiek bete direla.

2.– Laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 10. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa (hala eskatzen bazaio).

3.– Erakunde onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horretan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, eta agindu honen 5.1 artikuluan aipatutako epean. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, exekuzio-epea bukatu eta hurrengo lau hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan.

3.– Gainera, erakunde onuradunek honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak onar ditzakeen, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta, agindu honen 27. artikuluan ezarritako moduan, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren berariazko baimena lortu bada.

c) Baimena ematea teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari edota hark izendatutako auditoreari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» esaldia azaldu beharko dira, emandako jarraibideetan zehaztutakoaren arabera –dirulaguntza emateko ebazpenari erantsiko zaizkio jarraibide horiek–. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Laguntza ematea teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

i) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.

j) Honako hauen aginduak bete izana: martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena; martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena; eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Lege Dekretua, emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-berdintasunari buruzkoa.

18. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea– izendatu da erakunde laguntzaile, honako hauetan ezarritakoaren arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikulua; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren–; eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Eskaerak jasotzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Proiektuak aztertu eta ebaluatzea.

c) Justifikazio-agiriak jasotzea.

d) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izango laguntza edo dirulaguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

2.– Itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.4 artikulua eta haren erregelamenduzko garapena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan arautua –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.

3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, honako inguruabar hauek atzematen baditu:

– egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– hirugarrenen eskubideak ez direla kaltetu.

– onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren kausak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzaren zenbateko efektiboa eta behar bezala justifikatua ordainduko zaio onuradunari, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

Era berean, desbideratze horren konpentsazioak egin daitezke behar bezala justifikatu eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, erakunde onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduketak. Nolanahi ere, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektua porrot teknikoarekin amaitzen bada, erakunde onuradunak laguntzak emateko administrazio-ebazpena aldatzeko ere eskatu ahal izango du, egindako proiektu-zatiari egokitzeko.

Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldaketa onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.

Porrot teknikotzat jotzen da eskaera egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea ezinezkoa izatea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

5.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla –dirulaguntzaren xedea edo izaera funtsean aldatzen ez dutenak– eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den administrazio-baimenaren izapidea ez denez egin, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango da, betiere hori eginda hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

II. ERANSKINA
MEMORIA TEKNIKO-EKONOMIKOA

Memoria tekniko-ekonomikoak honako atal hauek izan beharko ditu:

1.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren beharraren justifikazioa, edo hura eguneratu beharraren justifikazioa, eta azpiegituraren onura jasoko duen eskatzailearen I+G+b jarduerak zehaztea.

2.– Eskatutako azpiegitura edo ekipamendu ZTaren deskribapena, azpiegitura edo ekipamendu horretan eskatzen diren gutxieneko prestazioak eta ezaugarri teknikoak adierazita; deskribapen horrek ez du, inola ere, marka komertzialik aipatuko.

Azpiegitura edo ekipamendu ZT hori eskuratzeak edo eguneratzeak ekarriko dituen abantaila teknikoen eta prestazio berrien zehaztapenen deskribapena, erabiltzen ari diren beste ekipamendu batzuen aurrean teknika instrumental hori erabiltzeko beharra adierazita.

Ekipamenduaren ezaugarri teknikoen eta eskatzailearen helburu zientifiko-teknologikoak lortzeko ezaugarri horien egokitzapenaren arteko lotura deskribatzea.

Azpiegitura edo ekipamendu ZTak jorratutako gaiaren/teknologiaren nazioarteko egoeraren azterketa laburra.

Instalazio- eta egokitzapen-obrak egin behar badira, horien aurreikuspenaren deskribapen laburra egingo da.

3.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTarekin lortu nahi den erabilera zientifiko-teknologikoaren eta industriarako teknologia-transferentziaren deskribapena, baita laguntza eskatzen duen erakundeak garatzen dituen ikerketa-lerro eta -proiektuen aurrerapenean egiten duen ekarpena eta Euskadiko estrategiarekin duen lerrokatzea ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Planean eta RIS3 Estrategian oinarrituta.

Azpiegitura edo ekipamendu ZT jarduera ekonomiko bati edo jarduera ez-ekonomiko bati atxikita egotearen justifikazioa. Azpiegitura edo ekipamendu ZT atxikita dagoen jarduerak partaidetza ekonomikoa zein ez-ekonomikoa baditu, jarduera ez-ekonomikotzat hartuko da jardueraren erabilera ekonomikoa osagarria baino ez denean.

4.– Azpiegitura edo ekipamendu ZT eta industriara teknologia transferitzeko aukera erabiltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko plana, zeinak lerrokatuta egongo baitira RIS3 Euskadi estrategiarekin. Kronograma bat sartu beharko da, bai azpiegitura diseinatu, garatu, instalatu eta martxan jartzeko edo hobetzeko, bai laguntza eskatzen duen erakundearen ikerketa-proiektuetarako ustiatu, erabili eta kudeatzeko.

Azpiegitura edo ekipamendu ZT hirugarrenek ere erabiltzeko irekiera-plana, tokiko zein nazioarteko eragile eta enpresentzat.

5.– Azpiegitura erabiltzeari esker sortu nahi den eragin zientifiko-teknologikoaren deskribapena; hauek, besteak beste: enpresekin zein ZTBESko beste eragile batzuekin eta nazioarteko ikerketa-zentroekin egindako I+G+b proiektuetarako ekarpena, azpiegitura erabiltzetik eratorritako argitalpen zientifikoak, teknologia industriara transferitzea, sortutako patenteak, etab.

Azpiegitura edo ekipamendu ZT erabiliz garatutako I+G+b aplikatzeko sektore eta eremu nagusiak identifikatzea. Horietan izan dezakeen eraginaren garrantzia baloratzea (kualitatiboa eta kuantitatiboa), bereziki euskal egitura ekonomikoaren barruan.

Honako hauek identifikatzea: azpiegitura garatu eta erabiltzetik eratorritako emaitzek trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaieketen ekarpena; herritarrek azpiegitura edo ekipamendu ZTan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea, eta azpiegiturak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena.

6.– Laguntza eskatzen duen erakundean azpiegitura edo ekipamendu ZT erabiltzeko ardura duen taldea. Taldearen curriculum vitaea erantsi beharko da, adierazita kualifikazio teknikoa, aurretiko esperientzia eta arloan egindako jarduketak (deialdiaren datatik zenbatzen hasita azken 6 urteei dagokienez); horrela, I+G+b proiektuak, lortutako emaitzak, eskura dituzten baliabide fisikoak eta giza baliabideak eta abar zehaztuko dira. Ildo horretan, positiboki baloratuko da ikerketa-talde horren genero-osaera paritarioa.

7.– Gastu-kontzeptuen arabera banakatutako aurrekontua, jarduketaren guztizko kostua jasoko duena. Justifikatu beharko da aurrekontu hori beharrezkoa dela azpiegitura edo ekipamendu ZT eskuratzeko edo eguneratzeko, bai eta hura instalatzeko, egokitzeko eta abian jartzeko garatu behar diren lan osagarrietarako ere. Horrez gain, azpiegitura edo ekipamendu ZT eguneratzeko beharrezkoak diren tresna osagarri edo lagungarriak eskuratzeko kostua zehaztuko da.


Azterketa dokumentala