Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2021eko maiatzaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
2867

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 3koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egiten duena 2021erako.

Ekainaren 30eko 79/2020 Dekretuaren bitartez arautzen da «Ignacio Ellacuría» saria, eta helburua da EAEko eta EAEtik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea, euskal gizartea eta nazioartekoa sentsibilizatze aldera.

Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, saria urtero deituko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, bertan zehaztuko dira edizio bakoitzaren aldi baterako oinarri espezifikoak. Bestalde, dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko duela saria.

Deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuen, 2021eko otsailaren 16an egindako bileran.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren 2021eko deialdia egitea, onartu diren eta eranskinean agertzen diren oinarriei jarraituz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: 79/2020 Dekretua, ekainaren 30ekoa, garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu eta arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 3a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN «IGNACIO ELLACURÍA» SARIAREN 2021EKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egitea, zeinaren helburua baita erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena eta ekimenak aitortzea eta behar den hedapena ematea, euskal gizartea sentsibilizatze aldera.

Bigarrena.– Sariaren ezaugarriak.

Saria 15.500 euroko zenbateko gordina izango da. Diru-zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.

Hirugarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra EAEn duten eta hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten garapenerako lankidetzako erakundeek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus edo http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orriaren bidez, deialdien atalean.

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabetekoa izango da hautagaitzak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Hautagaitzak euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Bosgarrena.– Hautagaitzak eta eskatzen den dokumentazioa.

1.– Hautagaitza eskabide-orri normalizatuan bete beharko da, behar bezala eta osorik, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.

2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu behar dira:

a) Pertsona fisiko edo juridikoaren ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa edo, hala badagokio, sarirako proposatutako ekimena, hautagaitza aurkezten duen erakundearen iritziz saria merezi duena.

b) Hala badagokio, hautagaitza aurkezten dutenek proposatutako hautagaitzaren alde aurkezten dituzten abalak edo atxikimenduak.

c) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako dokumentuetan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus edo http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orriaren bidez, deialdien atalean.

Seigarrena.– Epaimahaia.

Hautagaiak aztertzeko epaimahai bat eratuko da. Honako hauek izango dira epaimahaikideak:

– Lehendakaria: Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeko burua: Leixuri Arrizabalaga Arruza.

– Mahaikideak:

● Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasuneko zuzendaria, Monika Hernando Porres, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria, Miren Izaskun Landaida Larizgoitia.

● Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundearen lehendakaria: Sofía Marroquín Guerrero.

● Lankidetzaren eta garapenaren alorrean izen handia duen pertsona bat: Xabier Orue, 2019an Ignacio Ellacuría saria jaso zuen pertsonaren ordezkaritzan.

– Idazkaria: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arduraduna, Ana Rojo González.

Epaimahai horrek, deialdi honetan jasotako irizpideak kontuan hartuta, Agentziako Zuzendaritzari bidaliko dio dagokion ebazpen-proposamena.

Zazpigarrena.– Saria ematea.

Saria Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak xede horretarako antolatzen duen ekitaldi publiko batean emango da, Lehendakaritzaren egoitzan, Vitoria-Gasteizen.


Azterketa dokumentala