87. zk., 2021eko maiatzaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (413 KB - 18 orri.)
- EPUB (235 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2563
AGINDUA, 2021eko apirilaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, hautaketa-prozesu baterako deialdia egiteko dena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko bertako hautagai-zerrenda bat osatuko baita Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko.
Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluaren arabera, toki-korporazio guztiek beharrezko dituzte funtzio publiko hauek: idazkaritza, barnean hartuta fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza ematea; finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzea eta barrutik fiskalizatzea; eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa. Eta horren administrazio-erantzukizuna gordeta dago Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat.
Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 53. artikuluan, bitarteko izendapenak daude araututa, lanpostuak hornitzeko modu gisa, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetarako.
Halaber, artikulu horretan dago adierazita autonomia-erkidegoek beren hautagai-zerrenda eratu ahal izango dutela, bakoitzak bere lurraldean, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko funtzionarioen bidez betetzeko. Zerrenda hori osatzeko, autonomia-erkidegoek gaitasun-probetarako deialdia egin dezakete, betiere berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatuta. Halaber, hautagaien zerrenda hori eratzeko, lehentasuna emango zaie behar den azpieskalan sartzeko probetan ariketaren bat gainditu duten izangaiei. Hala ere, bakarrik izendatu ahal izango dira autonomia-erkidegoak aldez aurretik hautatutako bitarteko funtzionario horiek, baldin eta toki-korporazioak ez baditu proposatzen berak aldez aurretik hautatutako beste funtzionario batzuk.
Nabarmendu behar da gaur egun lanpostu huts asko daudela funtzionario horientzat gordeta, batez ere azken urteetako erretiroen ondorioz eta gaikuntza duten langile funtzionarioen belaunaldi-erreleboaren faltaren ondorioz. Horrenbestez, oso zaila da horretarako gordetako lanpostuak gaikuntza duten langileek betetzea beti eta nolanahi ere; beraz, askotan, ezinbesteko lanpostuak direnez, bitarteko izendapenaz baliatu beharra egoten da toki-entitateetan Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko.
Hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak ebatzi du hautaketa-prozesu baterako deialdia egitea hautagai-zerrenda bat egiteko, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenaren bidez aldi baterako betetzeko, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalarako, hain zuzen.
Deialdi honen helburua hau da: ahalik eta lasterren betetzea aldi baterako geroko premiak Euskadiko toki-entitateetan Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuetan, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan, hain zuzen. Horretarako, bete egingo da Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 10.2 artikulua –urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuta–, non ezartzen baita bitarteko funtzionarioak hautatzeko prozesuek azkarrak izan behar dutela, betiere berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatuta. Horretaz gain, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz dagoen osasun-larrialdia dela-eta, ezinezkoa da hautaprobak egitea jende askok parte hartu behar badu. Halaber, beharrezkoa da Estaturako gaikuntza duten lanpostuak betetzea, ezinbestekoak baitira; izan ere, hutsik badaude, eragozpenak daude edo ezin dira zenbait funtsezko administrazio-espediente izapidetu.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.i) artikuluan xedatutakoari dagokionez, eta kontuan hartuta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.3 artikuluan xedatutakoa, zeinaren bidez Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari esleitzen baitzaio toki-araubideari buruzko egitekoa, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hautaketa-prozesu baterako deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko bertako hautagai-zerrenda bat osatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko.
Bigarrena.– Hautaketa-prozesua arautzeko berariazko oinarriak onartzea (I. eranskina).
Hirugarrena.– Prestakuntza-ikastaroaren gai-zerrenda onartzea (agindu honen II. eranskina).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu hau garatzea.
Erakunde Harremanetarako sailburuordeak behar beste instrukzio eman ahal izango du agindu hau eraginkorra izan dadin.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzitarako Salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Aukeran eta aldez aurretik, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Hala eginez gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta berraztertze-errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo presuntzioz ezetsi arte.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
I. ERANSKINA
HAUTAKETA-PROZESUAREN BERARIAZKO OINARRIAK. HAUTAKETA-PROZESUAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BERTAKO HAUTAGAI-ZERRENDA OSATUKO DA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKI-ENTITATEETAKO IDAZKARITZA KONTU-HARTZAILETZAKO AZPIESKALAN ESTATURAKO GAIKUNTZA DUTEN TOKI-ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOENTZAT GORDETAKO LANPOSTUAK BITARTEKO IZENDAPENEZ BETETZEKO
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Hautagaien zerrenda osatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko, baldintza hauen arabera:
a) Kokapen geografikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako edozein toki-entitate.
b) Administrazioarekiko harremanak: bitarteko funtzionarioak izendatuko dira.
Hautagaien zerrenda hori egiteak ez du eraginik izango toki-korporazioek beren funtzionarioak hautatzeko duten eskumenean; beraz, toki-entitateak zerrenda horretaz baliatu ahal izango dira, baina, beti erabaki ahal izango dute beraiek egitea Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko hautaketa-prozesua.
Sortuko den hautagai-zerrendak ez du ezarritako lehentasun hau eragotziko: Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 53. artikuluak lehentasuna ematen die azpieskala horretan sartzeko probetan ariketaren bat gainditu duten eta Herri Administrazioaren Institutu Nazionalak bidalitako zerrendetan agertzen diren izangaiei. Zerrenda bakoitza indarrean dagoen bitartean, pertsona horiek lehentasuna izango dute prozesu honen bidez eratzen den zerrendako gainerako kideen aldean.
Bigarrena.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunak.
1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea.
c) Titulazioa: unibertsitate-titulua izatea edo titulua lortzeko eskubideak ordainduta izatea (Ingeniaritza, Arkitektura, lizentzia edo gradua). Titulua atzerrian eskuratu duten izangaiek homologazioaren egiaztagutuna edo, hala badagokie, baliokidetasun-ziurtagiria izan beharko dute.
d) Bete behar den lanpostuari dagozkion egitekoetarako gaitasun funtzionala izatea, eta egiteko horiek eragozten dituen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.
e) Bereizita ez egotea, diziplina-espedienteren baten bidez, ezein administrazio publikotatik edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen ezein zerbitzutatik; eta ez izatea desgaikuntza erabateko edo berezirik, ebazpen judizialen baten bidez, enplegu edo kargu publikoetarako, funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko, edo, langile lan-kontratudunen kasuan, bereiziak edo desgaituak izan diren lanpostuaren antzeko egitekoak betetzeko. Beste estatu batean, ez egotea desgaituta edo egoera baliokideren batean eta ez izatea diziplina-zehapenik edo baliokiderik, baldintza beretan enplegu publikora iristea eragozten duenik.
f) Ezgaitasuneko edo bateraezintasuneko legezko auzietan sartuta ez egotea.
g) 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hauek hartuko dira kontuan: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa –Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena–, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa –Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena–.
h) Ezin izango dute parte hartu Estaturako gaikuntza duten Toki-administrazioko eskalako karrerako funtzionarioek, alde batera utzita zein azpieskalatakoak diren eta zein administrazio-egoeratan dauden.
2.– Aurreko betekizun guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako. Betekizun horiek prozesu osoan bete beharko dira.
3.– Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.
a) Alegatutako euskarazko hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiri ofiziala edo tituluaren homologazioa, baldin eta Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko. Erregistro horretan agertzen ez bada, berariaz egiaztatu beharko da.
b) Sartzeko edo merituetarako alegatutako unibertsitate-titulazioaren ziurtagiri ofiziala, Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Unibertsitateetako Ministerioko Tituluen Erregistroan egiaztatzeko.
Alegatutako unibertsitate-titulu ofizialak aurkeztu egin beharko dira 1992. urtea baino lehen eskuratu badira eta erregistro horretan inskribatzeko eskatu ez bada.
c) Jakinarazpenetarako helbidea, harremanetarako telefono bat edo gehiago eta, hala badagokio, posta elektronikoa.
4.– Halaber, eskabideak aurkezteko epean zehar, izangaiek alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agirien kopiak erantsi beharko dizkiote eskabideari, epaimahaiak balora ditzan. Salbuespen bakarra unibertsitate-tituluak izango dira, kontsultatzeko baimena eman bada. Alegatutako merezimenduak zenbatzeko data eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data izango da.
Bakarrik baloratuko dira behar bezala eta epean alegatu eta egiaztatutako merezimenduak, ez besterik.
5.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hauek egiaztatuko ditu: parte-hartzaileek eskabidean alegatutako titulazio akademikoa eta euskara-ezagutzak.
Baten titulu akademikoa edo ziurtagiria erregistroetan ez badago, behar diren datu guztiekin batera, titulu horren kopia aurkeztu beharko du epaimahaiak ezarritako epean eta moduan.
Dena egiaztatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa beteko da.
Nolanahi ere, epaimahaiak hala eskatzen badie, hautaketa-prozesuko parte-hartzaileek jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri honetan hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.
Hirugarrena.– Instantziak.
3.1.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Parte hartzeko eskabidea telematikoki egin daiteke. Horrenbestez, prozesuan parte hartzeko, izangaiek ziurtagiri elektroniko onartu bat beharko dute identifikatzeko, eta eskabidea Internet bidez aurkeztu. Horretaz gain, helbide elektroniko honetan dagoen eredua bete beharko dute: www.ivap.euskadi.eus (Atala: Enplegu Publikoa, Toki Administrazioko Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lan-poltsa).
www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak helbide elektronikoan kontsulta daiteke zer ziurtagiri elektroniko dagoen onartuta. BakQ ziurtagiria hemen adierazitako eskaera-puntuetan lor daiteke: https://www.izenpe.eus/iee/eu/bakq.shtml
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren KZgune publikoen bidez ere gauzatu ahal izango da eskabide telematikoa. KZguneen zerrenda eta kokapena webgune honetan ikusi daitezke: www.kzgunea.eus
Onarpen-eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduen egiaztagirien kopia aurkeztu beharko da, epaimahaiak balora ditzan.
2.– Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztu ahal izango dira onarpen-eskabidea eta gainerako agiriak. Onarpen-eskabide hori posta elektronikoko helbide honetan eskatu ahal izango da: hautaketa@ivap.eus
3.– Hautagaien zerrenda egokiro kudeatzeko, hautagaiek SMS mezuak jasotzeko telefono-zenbaki bat eta helbide elektroniko bat adierazi beharko dituzte eskabidean. Eskabidean adierazitako helbide elektroniko edo telefono horietatik bidali beharko zaizkio administrazio honi poltsaren kudeaketarekin zerikusia duten komunikazioak. Telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa aldatuz gero, hautagaien zerrenda kudeatzen duen organoari jakinarazi behar zaio.
3.2.– Tasak ordaintzea.
Tasak ordaintzeko bi modu hauek daude:
1.– Lineaz kanpo ordaintzea, banketxe hauetako edozein sukurtsaletara joanda eta sistemak emandako inprimakia aurkeztuta:
– Kutxabank (BBK, Vital, Kutxa).
– Laboral kutxa.
– Caixabank.
– Banco Santander.
– BBVA.
– Sabadell Guipuzcoano.
– Bankia.
– Bankoa.
– Rural Kutxa.
– Banco Popular.
2 – Linean ordaintzea. Banketxe horietako banka elektronikoaren bezeroek banka elektronikoaren bidez ordain dezakete. Visa edo Mastercard txartelen jabeek ere ordain dezakete horien bitartez.
Tasaren zenbatekoa: 23,14 euro (A titulazio-taldea: goi-mailako teknikariak).
3.3.– Eskabideak aurkezteko epea.
10 egun balioduneko epea dago Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskabideak aurkezteko eta tasak ordaintzeko.
Laugarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Epaimahai kalifikatzailea izendatzeko, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak emango du ebazpena. Epaimahaiak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, eta kide hauek izango ditu, guztiak karrerako funtzionarioak:
– Epaimahaiburua: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak izendatutako bat.
– Epaimahaikideak:
• Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak izendatutako bat.
• Estaturako gaikuntza duen Toki-administrazioko eskalako bat, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalakoa, Idazkarien, Kontu-hartzaileen eta Diruzainen Elkargoak proposatua.
• Hiru, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundietako bakoitzak bat proposatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko karrerako funtzionario bat izango da idazkaria.
2.– Edonola ere, epaimahai kalifikatzaileak beste aholkulari batzuen laguntza eskatu ahal izango du hautaketa-prozesuan zehar, eta bakoitzak bere espezialitate teknikoan baino ez du jardungo.
3.– Epaimahai kalifikatzaileko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte. Idazkari-lanak egiten dituen pertsonak ez du azken hori izango. Epaimahaia kalifikatzaileak, erabakiak hartzeko, bertaratutakoen botoen gehiengoa behar du, eta, berdinketarik badago, epaimahaiburuak ebatziko du.
4.– Epaimahai kalifikatzailea, gainera, ordezkoek ere osatuko dute, eta titularrekin batera izendatu beharko dira. Ordezkoek titularren kualifikazio bera izan beharko dute.
5.– Epaimahai kalifikatzailea ezin izango da eratu, ez eta jardun ere, ez badira bertaratu epaimahaiburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta kideen erdiak, gutxienez, titularrak zein ordezkoak izan.
6.– Epaimahai kalifikatzaileko kideak parte hartzetik abstenituko dira eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinaraziko diote, eta izangaiek errekusatu ahal izango dituzte, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretariko baten bat bada.
Bosgarrena.– Hautaketa-prozesuaren garapena.
5.1.– Alderdi orokorrak.
1.– Izangaiek fase guztietan lortutako puntuazioak eta hautaketa-prozesuari buruzko iragarkiak Interneten argitaratuko dira helbide honetan: www.ivap.euskadi.eus (Atala: Enplegu Publikoa, Toki Administrazioko Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintzako lan-poltsa). Interesdunek eskuragarri izango dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Vitoria-Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Oñatiko egoitzetan ere.
2.– Epaimahai kalifikatzaileak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenak behar dituzten eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei, gainerako parte-hartzaileen aldean aukera-berdintasuna izan dezaten, betiere probaren edukia desitxuratu gabe eta eskatutako gaitasun-maila jaitsi edo urritu gabe.
3.– Prozeduraren edozein unetan, epaimahai kalifikatzaileak, jakin badaki izangairen batek ez dituela betetzen deialdiko betekizunak, interesdunari entzungo dio eta deialditik kanporatuko du gero. Horretaz gain, egun berean emango dio horren berri Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari.
4.– Prestakuntza-ikastarora sartzeko sailkapen-hurrenkera finkatzeko, kontuan hartuko da merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioen batura.
5.2.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak aginduko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitara dadila Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen webgunean eta iragarki-oholetan, eta, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko ditu.
Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bost egun balioduneko epea izango dute izangaiek, egoki iritzitako alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako epea amaituta, eta aurkeztutako alegazioak eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak behin betiko bihurtuko du onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda, eta merezimenduen behin-behineko balorazioa jakinaraziko du ebazpen baten bidez. Ebazpen hori ere modu berean argitaratuko da.
Merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bost egun balioduneko epea izango dute izangaiek, egoki iritzitako alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.
3.– Epe hori amaitutakoan, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak merezimenduen behin betiko balorazioa onartu eta argitaratuko du. Argitalpen horretan sartuko da lehenengo prestakuntza-ikastaroa egiteko onartutako izangaientzako deialdia.
5.3.– Merezimenduen balorazioa.
1.– Merezimenduen balorazioaren arabera zehaztuko da zer-nolako lehentasun-hurrenkera izango duten izangaiek prestakuntza-ikastaroak egiteko.
2.– Epaimahaiak deialdian baloratu beharreko merezimenduek baremo hauek beteko dituzte:
A) Titulazioak. Puntuazioa: 2 puntu, gehienez.
Lanpostuetako egiteko bereziak direla-eta, baloratuko da titulu akademiko hauetako baten bat izatea edo titulu hori lortzeko baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta titulazio bakoitzeko puntu 1 emango da:
– Gradu- edo lizentzia-titulua, ikasketa-arlo hauetan: Zuzenbidea; Politika eta kudeaketa publikoa; Soziologia; Administrazioa eta enpresa; Ekonomia; Finantzak eta aktuariotza; Finantzak eta kontabilitatea; eta Kudeaketa eta administrazio publikoa. Aipatutako ikasketa-arloei dagozkien graduak edo lizentziak Unibertsitateetako Ministerioaren titulazioen atalekoak izango dira:
Atzerrian eskuratutako titulazioak badira, homologazioa lortu behar izan da honen arabera: 967/2014 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, bai eta kualifikazioen espainiar esparruko mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko zein diplomadunen goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.
B) Ikastaroak eta masterrak. Puntuazioa: 2 puntu, gehienez.
Lanpostuarekin zerikusia duten ikastaro edo masterretara joateagatik, baldin eta gai hauei buruzkoak badira: zuzenbide publikoa, zuzenbide administratiboa, kontratazioa, langileak, ondasunak, toki-araubidea, finantza- eta tributu-zuzenbidea, ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, kontabilitate publikoa, hirigintza eta ingurumena. Horretaz gain, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo administrazio publikoen mendeko beste prestakuntza-zentro ofizial batzuek eman edo homologatu behar izan dituzte, hala nola unibertsitate publiko edo pribatuek eta elkargo ofizialek.
– Master ofizial bakoitzeko: puntu 1.
– Unibertsitateko 749 ordutik gorako berezko ikastaro edo titulu bakoitzeko: 0,6 puntu.
– Unibertsitateko 500 eta 749 ordu bitarteko berezko ikastaro edo titulu bakoitzeko: 0,4 puntu.
– Unibertsitateko 100 eta 499 ordu bitarteko berezko ikastaro edo titulu bakoitzeko: 0,2 puntu.
Ez dira baloratuko beste era bateko jarduerak, hala nola jardunaldiak, mahai-inguruak, topaketak, eztabaidak edo antzekoak.
Ikastaroen iraupena ECTS kredituetan soilik adierazita badago, kreditu bakoitza 25 ordu gisa zenbatuko da.
Iraupena ECTS ez diren kredituetan soilik adierazita badago, kreditu bakoitza 10 ordu gisa zenbatuko da.
Masterrak eta prestakuntza-ikastaroak egiaztatzeko, bakoitzari dagokion ziurtagiria edo tituluaren kopia aurkeztu behar da. Ez dira baloratuko iraupen-orduak edo kredituak adierazita ez dauzkaten prestakuntza-ikastaroak.
C) Esperientzia. Puntuazioa: 6 puntu, gehienez:
Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetan, organo eskudunak izendatuta, bitarteko edo halabeharrezko langile gisa egindako esperientzia-hilabete bakoitzeko: 0,1 puntu.
Zenbaketa egiteko, lanean emandako aldiak batuko dira eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
Lanbide-esperientzia egiaztatzeko, behar den toki-erakundeko idazkaritzak egindako ziurtagiria aurkeztu behar da, eta, horrekin batera, autonomia-erkidegoetako edo foru-aldundietako organo eskudunak egindako izendapenaren kopia autentikoa edo jatorrizkoa.
3.– Merezimenduen balorazioan berdinketarik badago, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:
– Esperientziaren ataleko puntuaziorik handiena.
– Titulazioaren ataleko puntuaziorik handiena.
– Ikastaro eta masterren ataleko puntuaziorik handiena.
– 5.3 atal honen bigarren puntuaren A) hizkian adierazitako tituluren bat izatea.
– Espediente akademikoko puntuaziorik handiena. Espediente akademikoa baloratzeko, onarpen-baldintza gisa alegatutako titulazioaren ziurtagiri akademiko pertsonalean ageri den batez besteko puntuazioa erabiliko da. Batez besteko puntuazio hori ageri ez bada edo unibertsitate-titulua atzerrian lortu bada, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak instrukzio bat emango du batez besteko puntuazio hori zehazteko.
5.4.– Prestakuntza-ikastaroa.
1.– Gutxienez puntu 1 lortzen dutenak hautagaien zerrendan sartu ahal izango dira, eta prestakuntza-ikastaroan parte hartu. Puntu 1eko puntuazioa lortzen ez dutenak prozesutik kanpo geratuko dira.
2.– Aurreko apartatuaren arabera onartutako izangaiek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egindako deialdiko eta antolatutako prestakuntza-ikastaroa egin beharko dute.
Deialdi mailakatua izango da, eta, lehenik eta behin, aurkeztutako eta baloratutako merezimenduen arabera onartutako lehen 60 pertsonei deituko zaie. Beste prestakuntza-ikastaro batzuetarako deialdiak egingo dira segidan, lan-poltsa osatzen duten pertsonentzat, lanpostu gehiago bete behar den heinean. Izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira baldin eta deitzen zaien uneko prestakuntza-ikastarora joaten ez badira.
3.– Azpieskalaren berezko egitekoei loturiko alderdi teoriko-praktikoak izango dira ikastaroaren ardatza.
4.– Ikastaroak gehienez 5 aste iraungo du, astean hiru saio, 5 ordukoak, arratsaldez. Saioak ZOOM aplikazioaren bidez emango dira.
5.– Saio batzuk euskaraz emango dira, eta beste batzuk gaztelaniaz.
6.– Prestakuntza-ikastaroaren informazioa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen webgunean argitaratuko da (edukia, egutegia, gaien banaketa, eta gainerako alderdiak).
7.– Prestakuntza-ikastaroa amaituta, parte-hartzaileen aprobetxamendua baloratuko da, aurrez aurrekoa izan daitekeen proba baten bidez. Proba nahitaezkoa eta ez-baztertzailea izango da, eta gehienez 30 punturekin baloratuko da.
8.– Izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira baldin eta ikastaroko asistentzia gutxieneko % 80tik behera badago. Asistentzia zenbatzeko, kontuan hartuko da ikastaroaren saioetan plataforman konektatuta emandako denbora. Ikastaroko asistentziak ez du eragingo inolako eskubiderik kalte-ordainak jasotzeko.
9.– Hautagaien zerrenda eratzeko prestakuntza-ikastaroan lortutako kalifikazioa edozein dela ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza horren ziurtagiria egiteko, 15 puntuko gutxieneko balorazioa lortu beharko da prestakuntza-ikastaroan, aurreko puntuan eskatutako asistentziaz gain.
10.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, epaimahaiak kalifikazioak bidaliko dizkio Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariari, onar ditzan, eta ondoren Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen webgunean eta iragarki-oholetan argitaratzeko. Argitalpenean, hautagaien zerrenda egongo da, zeina ordenatuta egongo baita hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioen baturaren arabera. Izangaiek bost egun balioduneko epea izango dute zerrendaren aurka egoki iritzitako alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.5.– 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
Hautaketa-prozesua amaituta, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten eta hala eskatu duten hautagaiei 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba batera deituko zaie, alde batera utzita hautagai-zerrenda eratzen den eta ondorioak dituen. Horrela lortutako hizkuntza-eskakizuna interesdunaren espedientean sartuko da, eta egiaztatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Seigarrena.– Hautagaien zerrenda osatzea.
1.– Epaimahai kalifikatzaileak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari helaraziko dio parte-hartzaileen zerrenda, une horretan zerrenda osatzen duten pertsonek aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu eta balora dezan. Dokumentazio hori aztertu ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak ebazpena emango du lehiaketa-fasean eta prestakuntza-ikastaroan lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako hautagaien zerrenda onartzeko, eta aurreikusiko du Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren Toki Araubidearen Zerbitzuaren webgunean argitaratzea.
Zerrendatik kanpo geratuko dira bai oinarri hauetan eskatutako dokumentazioa epez kanpo aurkezten duten hautagaiak, bai aurkeztutako dokumentazioaren arabera baldintzak betetzen ez dituztenak.
Hautagai-zerrenda horrek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren 2016ko otsailaren 11ko Ebazpenaren bidez sortutakoa ordeztuko du. Ebazpen hori iraungi egingo da Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalari dagokionez.
2.– Kontuan hartuta segidan beste prestakuntza-ikastaro batzuk egin ahal izango direla, ikastaroetako bakoitza amaitu ahala, zerrenda berriro barematuko da. Beraz, prestakuntza-ikastaroa egiten duten pertsonak hautagaien zerrendan sartuko dira –merezimenduen balorazioa gehi prestakuntza-ikastaroko puntuazioa batzetik ateratzen den puntuazioarekin–, eta horrek aldaketaren bat eragin diezaioke zerrendan une horretan dagoen hurrenkerari. Berdinketarik badago, bosgarren oinarrian adierazitako irizpidearen arabera ebatziko da. Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak oinarri honen lehenengo apartatuan aurreikusitako moduan jardungo du, eta baremazio berriaren ebazpena emango du. Halaber, agindua emango du Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren Toki Araubidearen Zerbitzuaren webgunean argitaratzeko.
3.– Lanpostua eskuratu ahal izateko, zerrendako hautagaiek nahitaez bete beharko dituzte lanpostu jakin horretarako ezarritako berariazko betekizun guztiak, bereziki indarrean dauden legeek eskatzen duen titulazio akademikoa eta, nahitaezkoa bada, hizkuntza-eskakizuna.
Pertsona horiek izendapenaren aurretik aurkeztu beharko dute bigarren eta bosgarren oinarrietan eskatzen den dokumentazioa. Horrekin batera, zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat egin beharko dute, non adieraziko baitute ez daudela bereizita ezein administrazio publikoren zerbitzutik diziplina-espediente baten bidez eta ez daudela desgaituta funtzio publikoak betetzeko.
4.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko dira hautagaien zerrenda kudeatzeko arauak.
Zazpigarrena.– Gorabeherak.
1.– Oinarri hauetan ezarri ez den guztirako, epaimahai kalifikatzaileak ahalmena izango du azaltzen den edozein zalantza ebazteko, bai eta lehiaketa ondo gauzatzeko behar diren erabakiak hartzeko ere.
2.– Deialdia, oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahai kalifikatzailearen jardunetik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dira, betiere, hemen aurreikusitako kasuetan eta moduan: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8., 14. eta 46. artikuluak.
Zortzigarrena.– Datu pertsonalak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Jakinarazten da datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzea». Hala egiten da behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, eta datu-babesaren alorrean indarrean dagoen gainerako araudia.
Tratamenduaren arduraduna: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.
Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuak kudeatzea eta jarraipena egitea Euskal Autonomia Erkidegoan.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da legezko betebeharrak betetzeko. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena. 128/2018 Errege Dekretua, martxoaren 16koa, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena.
Informazio-hartzaileak: foru-aldundiak, toki-entitateak, gaiko ministerio eskuduna.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, eta informazio gehigarrian azaldutako beste zenbait eskubide.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/131900-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
1. gaia.– Euskadiko toki-erakundeak: toki-autonomia eta udalerrien eskumenak.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: I. titulua; II. tituluaren I. kapitulua; III. titulua; lehen xedapen gehigarria; eta lehenengo eta hirugarren xedapen iragankorrak.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: I. titulua; II. tituluaren III. kapitulua, eta bigarren xedapen gehigarria.
2. gaia.– Euskadiko toki-erakundeak: udalerrien antolaketa eta funtzionamendua. Ordezkarien estatutua.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: IV. tituluaren I. eta II. kapituluak.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: II. tituluaren II. kapitulua, eta V. tituluaren I. eta V. kapituluak.
– Toki-araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua: II. tituluaren II. kapitulua, eta V. tituluaren I. eta III. kapituluak.
– Toki-entitateen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onartua: atariko titulua; I. titulua; II. tituluaren I. kapitulua; eta III. eta IV. tituluak.
3. gaia.– Administrazio-prozedura erkidea.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; artikulu hauek izan ezik: 62., 63., 64., 65., 67., 81., 85., 89., 90., 91. eta 92. artikuluak.
4. gaia.– Sektore publikoaren araubide juridikoa.
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: atariko tituluaren I. eta II. kapituluak (3. atalaren 2. azpiatala izan ezik), V. eta VI. kapituluak; II. tituluaren I. eta VI. kapituluak; III. titulua; eta lehenengo eta zortzigarren xedapen gehigarriak.
5. gaia.– Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.
– Araubide juridikoa: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena: atariko tituluaren IV. kapitulua.
– Prozeduraren espezialitateak: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: 65., 67., 81., 91. eta 92. artikuluak.
6. gaia.– Zehatzeko ahala.
– Zehatzeko ahalaren printzipioak: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea: atariko tituluaren III. kapitulua.
– Prozeduraren espezialitateak: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: 62., 63., 64., 85., 89 eta 90. artikuluak.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: XI. titulua.
– 2/1998 Legea, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: bigarren xedapen gehigarria.
7. gaia.– Sektore publikoko kontratuak.
– 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora–: atariko titulua, lehen liburua, bigarren liburua eta bigarren, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarriak.
8. gaia.– Toki-entitateen ondasunak.
– 33/2003 Legea, azaroaren 3koa, Administrazio Publikoen Ondareari buruzkoa (azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoaren arabera aplikatu behar den edo oinarrizko lege den guztiari dagokiona). Zioen azalpena eta 3., 28., 41., 42., 44., 45., 46.1, 48., 50., 55., 58. eta 68.2 artikuluak.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: VI. tituluaren I. kapitulua.
– Toki-araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua: VI. tituluaren I. kapitulua.
– Toki-entitateen Ondasunen Erregelamendua, ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren bidez onartua.
9. gaia.– Tokiko zerbitzu publikoen kudeaketa.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: VIII. titulua.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: VI. tituluaren II. kapitulua.
– Toki-araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua: VI. tituluaren II. kapitulua.
– Toki-entitateen Zerbitzu Erregelamendua, 1955eko ekainaren 17ko Dekretuaren bidez onartua.
10. gaia.– Toki-administrazioko dirulaguntzak.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa (azken xedapenetako lehenengoaren 1. eta 2. apartatuen arabera).
11. gaia.– Ingurumena, lurralde-antolamendua eta hirigintza.
– 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko lege orokorra.
– Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartuta.
– 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa: I., III., IV. eta VI. tituluak.
12. gaia.– Administrazio publikoetako langileak.
– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: VII. titulua.
– Toki-araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua: VII. titulua.
– 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
13. gaia.– Sektore publikoaren aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna.
– 2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.
14. gaia.– Toki-ogasunen baliabide ekonomikoak.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: IX. titulua.
– Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua: 1. artikulutik 19.era eta IV. titulua.
– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako toki-ogasunak arautzen dituzten foru-arauak:
• 41/1989 Foru Araua, uztailaren 19koa, Arabako Toki Ogasunak arautzen dituena: 1. artikulutik 18.era eta III. eta IV. tituluak.
• 9/2005 Foru Araua, abenduaren 16koa, Bizkaiko Toki Ogasunei buruzkoa: 1. artikulutik 19.era eta III. eta IV. tituluak.
• 11/1989 Foru Araua, uztailaren 5ekoa, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituena: 1. artikulutik 18. bis artikulura eta III. eta IV. tituluak.
15. gaia.– Tokiko tributuak.
– Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua: II. tituluaren II. kapituluko 3. atala.
– Toki-tributuak arautzen dituzten foru-arauak:
• Ondasun higiezinen gaineko zerga: Izaera. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Salbuespenak eta hobariak. Zerga-oinarria. Oinarri likidagarria. Kuota, sortzapena eta zergaldia. Katastro-kudeaketa. Zerga-kudeaketa. Katastro-ikuskapena.
• Jarduera ekonomikoen gaineko zerga: Izaera. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Salbuespenak. Kuota: tarifak. Kuota eta zergaldia. Errolda-kudeaketa eta zerga-kudeaketa. Probintziako errekargua.
• Trakzio-ibilgailuen gaineko zerga: Izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak eta hobariak; subjektu pasiboa; kuota; zergaldia eta sortzapena.
• Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga: Izaera eta zerga-egitatea; subjektu pasiboak; zerga-oinarria, kuota eta sortzapena; hobariak.
• Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga: Izaera eta zerga-egitatea; salbuespenak; subjektu pasiboa; zerga-oinarria eta kuota; sortzapena.
16. gaia.– Tasak, kontribuzio bereziak eta prezio publikoak.
– Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua: 20. artikulutik 38.era, 57. eta 58. artikuluak, eta I. tituluaren VI. kapitulua.
– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako toki-ogasunak arautzen dituzten foru-arauak.
– 41/1989 Foru Araua, uztailaren 19koa, Arabako Toki Ogasunak arautzen dituena: 20. artikulutik 38.era eta II. tituluaren VI. kapitulua.
– 9/2005 Foru Araua, abenduaren 16koa, Bizkaiko Toki Ogasunei buruzkoa: 21. artikulutik 39.era eta II. tituluaren VI. kapitulua.
– 11/1989 Foru Araua, uztailaren 5ekoa, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituena: 20. artikulutik 38.era eta II. tituluaren VI. kapitulua.
17. gaia.– Diru-bilketako jarduketak eta prozedura.
– 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, Zergei buruzkoa. V. kapitulua.
– Lurralde historikoetako zergei buruzko foru-arau orokorrak:
• 6/2005 Foru Araua, otsailaren 28koa, Arabako Zergei buruzkoa: III. tituluaren V. kapitulua.
• 2/2005 Foru Araua, martxoaren 10ekoa, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa: III. tituluaren V. kapitulua.
• 2/2005 Foru Araua, martxoaren 8koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzkoa: III. tituluaren V. kapitulua.
18. gaia.– Toki-entitateen aurrekontua eta gastu publikoa.
– Toki Ogasunak Arautzen dituen Legea, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua: VI. tituluaren I., II. eta III. kapituluak.
– EHA/3565/2008 Agindua, abenduaren 3koa, toki-entitateen aurrekontuen egitura onartzen duena.
– Lurralde historikoetako toki-entitateen aurrekontuei buruzko foru-arauak:
• 3/2004 Foru Araua, otsailaren 9koa, Arabako Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.
• 10/2003 Foru Araua, abenduaren 2koa, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.
• 21/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.
19. gaia.– Tokiko sektore publikoko entitateen barne-kontrolari buruzko araubide juridikoa.
– Toki Ogasunak Arautzen dituen Legea, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua: VI. tituluaren IV. kapitulua.
– 424/2017 Errege Dekretua, apirilaren 28koa, Tokiko sektore publikoko entitateen barne-kontrolerako araubide juridikoa arautzen duena.
– Lurralde historikoetako toki-entitateen aurrekontuei buruzko foru-arauak:
• 3/2004 Foru Araua, otsailaren 9koa, Arabako Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: IV. titulua.
• 10/2003 Foru Araua, abenduaren 2koa, Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: IV. titulua.
• 21/2003 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-entitateen aurrekontuei buruzkoa: IV. titulua.
20. gaia.– Toki-entitateen kontabilitate-esparru erregulatzailea.
– EHA/4040/2004 Agindua, azaroaren 23koa, tokiko kontabilitatearen oinarrizko ereduaren jarraibidea onartzen duena.
– HAP/1781/2013 Agindua, irailaren 20koa, tokiko kontabilitatearen ohiko ereduaren jarraibidea onartzen duena.
– HAP/1782/2013 Agindua, irailaren 20koa, tokiko kontabilitatearen eredu sinplifikatuaren jarraibidea onartzen duena eta azaroaren 23ko EHA/4040/2004 Aginduaren bidez onartutako tokiko kontabilitatearen oinarrizko ereduaren jarraibidea aldatzen duena.
– 56/2015 Foru Dekretua, azaroaren 3ko Diputatuen Kontseiluarena, Arabako Lurralde Historikoko toki-entitateen kontabilitatearen arau-esparrua onartzen duena: 1. eranskina (Arabako toki-entitateen kontabilitateari buruzko jarraibidea), 2. eranskina (Toki-entitateen aurrekontu egitura) eta 3. eranskina (Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra toki-administrazioari egokituta).
– 139/2015 Foru Dekretua, uztailaren 28koa, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bizkaiko toki-entitateen kontabilitatearen arau-esparrua onartzen duena. 1. eranskina (Bizkaiko toki-entitateen kontabilitateari buruzko jarraibidea), 2. eranskina (toki-entitateen aurrekontu-egitura) eta 3. eranskina (Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra toki-administrazioari egokituta).
– 86/2015 Foru Dekretua, abenduaren 15ekoa, Gipuzkoako toki-entitateen kontabilitatearen arau-esparrua ezartzen duena: 1. eranskina (Gipuzkoako toki-entitateen kontabilitateari buruzko jarraibidea), 2. eranskina (Toki-entitateen aurrekontu-egitura) eta 3. eranskina (Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra toki-administrazioari egokituta).
21. gaia.– Euskararen erabilera Administrazio publikoan Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa.
– Euskararen arloko toki-eskumenak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arabera.
– 179/2019 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa.
– 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.
22. gaia.– Gardentasuna, informazio publikorako irispidea, gobernu ona eta herritarren parte-hartzea euskal toki-mailan.
– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa: I. eta II. tituluak.
– 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa: VI. titulua eta bosgarren eta seigarren xedapen iragankorrak.
– 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena: V. tituluaren IV. kapitulua.
23. gaia.– Gizon-emakumeen berdintasuna.
– 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa: atariko titulua, eta I. eta II. tituluak.
24. gaia.– Datu pertsonalen babesa.
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Eskubide digitalak.