45. zk., 2021eko martxoaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (257 KB - 3 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1248
8/2021 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdietarako Plan Berezietan uholdeen, arrisku sismikoaren, errepideko eta trenbideko salgai arriskutsuen garraioko istripu-arriskuaren, arrisku erradiologikoaren eta baso-suteen arriskuaren arloan egindako aldaketak baimentzeko erabakia.
Gobernu Kontseiluak, 2021eko otsailaren 16an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdietako plan berezien aldaketak baimentzeko erabakia onartu du, honako arrisku hauen aurrean: uholdeak; arrisku sismikoa; errepide eta trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioan istripuak gertatzeko arriskua; arrisku erradiologikoa; eta baso-suteen arriskua. Horrenbestez, eta behar den publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdi-plan berezien aldaketak baimentzeko akordioaren testua, honako arrisku hauen aurrean: uholdeak; arrisku sismikoa; errepide eta trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioko istripu-arriskua; arrisku erradiologikoa; eta baso-suteen arriskua. Erabaki hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 22KO 8/2021 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2021EKO OTSAILAREN 16KO ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LARRIALDI-PLAN BEREZIEN ALDAKETAK BAIMENTZEKOA, HONAKO ARRISKU HAUEN AURREAN: UHOLDEAK; ARRISKU SISMIKOA; ERREPIDE ETA TRENBIDE BIDEZKO SALGAI ARRISKUTSUEN GARRAIOKO ISTRIPU-ARRISKUA; ARRISKU ERRADIOLOGIKOA; ETA BASO-SUTEEN ARRISKUA
Babes Zibileko Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 3.1 artikuluak eta apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 1.2.d) artikuluak xedatzen dutenaren arabera, administrazio publikoek gauzatuko dute larrialdien prebentzioa eta kudeaketa, besteak beste, arrisku-egoerei aurre egiteko beharrezko bitartekoak eta neurriak planifikatuz. Horretarako, babes-planak eta taktika operatiboak idatziko dituzte.
Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomia Erkidegoko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere eskumenen esparruan. Lege beraren 11. artikuluak dioenez, Segurtasun Saila da Babes Zibileko politikaren organo arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorretara egokituko du bere jarduna.
Euskal Autonomia Erkidegoan arauek agindutakoa zehaztu zen babes zibileko planak onartuz. Orain arte onartu diren beste hainbat babes zibileko planen artean, honako plan berezi hauek daude:
– Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Berezia, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2015eko urtarrilaren 13ko Erabakiaren bidez onartua.
– Arrisku Sismikorako Larrialdi Plan Berezia, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2007ko urriaren 30eko Erabakiaren bidez onartua.
– Salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeko arriskua dagoenerako Larrialdi Plan Berezia, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2001eko uztailaren 30eko Erabakiaren bidez onartua.
– Arrisku erradiologikoaren aurreko Larrialdi Plan Berezia, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2014ko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez onartua.
– Baso-suteen arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2016ko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez onartua.
Apirilaren 24ko 407/1992 Errege Dekretuak onartutako Babes Zibileko Oinarrizko Arauaren 7.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aipatutako plan bereziak dagozkien Oinarrizko Jarraibideen arabera egin ziren.
Babes zibileko araudia desgaitasuna duten pertsonen eskubideetara egokitzeko, 2020ko urtarrilaren 3an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren: 734/2019 Errege Dekretua, abenduaren 20koa, babes zibila planifikatzeko oinarrizko jarraibideak eta babes zibileko estatu-planak aldatzen dituena, desgaitasuna duten pertsonei eta larrialdien aurrean zaurgarritasun-egoera berezian dauden beste kolektibo batzuei ematen zaien arreta hobetzeko; eta PCI/1283/2019 Agindua, abenduaren 27koa, Ministro Kontseiluaren 2019ko abenduaren 20ko Erabakia argitaratzen duena.
Bi arau horien bidez, babes zibileko plangintzaren oinarrizko jarraibideak eta babes zibileko estatu-planak aldatzen dira, desgaitasuna duten pertsonei eta larrialdien aurrean egoera bereziki ahulean dauden beste kolektibo batzuei ematen zaien arreta hobetzeko.
Akordio-proposamen honen xedea da zerrendatu diren Euskal Autonomia Erkidegoko plan bereziak aldatzea, abenduaren 20ko 734/2019 Errege Dekretuan eta Ministro Kontseiluaren 2019ko abenduaren 20ko Erabakia argitaratzen duen abenduaren 27ko PCI/1283/2019 Aginduan xedatutakora egokitu daitezen.
Proposatutako aldaketek ez dute plan bakoitzaren berezko egitura aldatzen, eta dagokion Plangintzako Oinarrizko Jarraibideetan aurreikusitako edukia eta elementuak errespetatzen dituzte.
Plan bereziak aldatzeko jarraitutako prozedurari dagokionez, honako hauek adierazi behar dira: ez dela beharrezkotzat jotzen entzunaldiko eta informazio publikoko izapideak egitea, proposatutako aldaketen helburua izan delako plan bereziak egokitzea araudi aplikagarrira, abenduaren 20ko 734/2019 Errege Dekretura eta abenduaren 27ko PCI/1283/2019 Agindura, eta 17/2015 Legearen 7. artikuluan aurreikusitako parte hartzeko eskubidea egikaritu delako Desgaitasunaren Kontseilu Nazionalaren esku-hartzearekin, zeinek aipatutako arauen gaineko txostena eman zuen. Babes Zibilaren Kontseilu Nazionalaren txostena ere ez da beharrezkoa, bere garaian arau horiei buruzko txostena igorri zuelako. Eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginaren 14.a) artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutzat jotzeko, nahikotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeari horren berri ematea.
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaia eztabaidatu ondoren, honako hau ebatzi du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko uholde-arriskuetarako Larrialdi Plan Bereziaren aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Sismikorako Larrialdi Plan Bereziaren aldaketa onartzea.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide eta Trenbideko Salgai Arriskutsuen Garraioan Istripu Arriskuari Aurre Egiteko Larrialdi Plan Bereziaren aldaketa onartzea.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Erradiologikorako Larrialdi Plan Bereziaren aldaketa onartzea.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko baso-suteen arriskuengatiko Larrialdietarako Plan Bereziaren aldaketa onartzea.
Seigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.