37. zk., 2021eko otsailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 3 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
938
AGINDUA, 2021eko urtarrilaren 25ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, joko-jardueretan banku-txartelen edo antzeko gailuen erabilera arautzen duena.
Ordainbide elektronikoen garapena eta eskudiruaren erabilera transakzio ekonomikoetan pixkanaka murriztea errealitate bat dira gure gizartean. Alde horretatik, joko-jarduerek txanponak nabarmen erabiltzea dakarte, eta horrek zailtasunak dakartza joko-operadoreek eskudirua kudeatzean, bai eta egindako eragiketen trazabilitatea murriztea ere. Bestalde, ordainketa-sistema elektronikoen ezarpena bizkortu egin da COVID-19k eragindako osasun-krisiagatik eta dagozkion prebentzio-neurriak hartzeagatik.
Agerikoa da ordainketa elektronikoen onura, erabiltzaileen osasuna ikuspegi epidemiologikotik bermatzeko. Hala ere, aldi berean bermatu behar da kolektibo kalteberenen babesa, hala nola adingabeena eta jokoarekin zerikusia duen nahasmenduren bat duten edo izan dezaketen pertsonena, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 50. artikuluaren 2.e) atalak ezartzen duen bezala.
Alde horretatik, sistema elektronikoen bidez ordaintzea joko problematikoaren edo mendekotasunen prebentzioan lagun dezakeen elementua izan daiteke, pertsonen joko-jardueren trazabilitatea ahalbidetuz, eta, ondorioz, gerta daitezkeen nahasmenduak garaiz detektatuz eta prebentzio-neurri egokiak hartuz. Hala ere, sistema horiek eskudirua lortzeko premia larriari aurre egiten lagundu behar dute, apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 50. artikuluaren 2.b) letran ezarritakoari jarraituz, eta joko-langileek erabiltzaileei kredituak emateko debekua errespetatuz.
Era berean, komeni da adieraztea ordainketa horiek zer-nolako eragina duten joko-lokalen segurtasuna hobetzeko eta horietan egiten diren transakzioen trazabilitatea hobetzeko; horrela, iruzurra eta kapital-zuritzea murrizten lagunduko da.
Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuak, 112. artikuluan, joko-lokaletan instalatutako «B» eta «C» motako makinen sariak ordaintzeko modua jasotzen du. artikulu horrek aukera ematen du, sariak ordaintzeko, baimendutako legezko edozein bide erabiliz, aldez aurretik jokalariak eskatuta eta lokalak hala erabakitzen badu.
Era berean, 112. artikuluko 3. paragrafoaren bigarren lerrokadak xedatzen duenez, kasu horietan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimena eman ahal izango du ordaintzeko eta itzultzeko txartelak edo euskarri fisikoak erabiltzeko, aurretiaz establezimenduan bertan eskuratuko den legezko diruaren ordez, eta, kasu horretan, sariak modu berean eman ahal izango dira, eta legezko diruarekin edo legezko beste ordainketa-bide batzuekin trukatu ahal izango dira, establezimenduan bertan. Orain arte, sistema horien erabilera sariak kobratzera mugatu da, bai eta euskarri hori hurrengo jokaldietarako berriz sartzeko aukerara ere.
Horregatik, beharrezkoa da zenbait baldintza ezartzea euskarri edo txartel horiek banku-txartelak onartzen dituzten irakurgailuak erabiliz erosteko, erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babesten direla bermatzeko.
Bestalde, 120/2016 Dekretuaren 56. artikuluak joko-elementu guztiak homologatzeko betebeharra ezartzen du, hau da, Jokoaren Erregelamenduan araututako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren material, sistema, makina, terminal, software-material, tresna edo material guztiak homologatzeko betebeharra. Horrenbestez, joko-jarduerak egiteko euskarri elektronikoak edo txartelak eskuratzeko sistema bat dagokion homologazioa bete behar duen joko-elementu bat da.
Azaldutako guztia ikusita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak emandako eskumenak baliatuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
Agindu honen xedea da joko-jardueretan banku-ordainketako txartelak edo antzeko beste gailu batzuk erabiltzea baimentzeko betekizunak arautzea, joko-saloietan eta bingo-lokaletan dauden B motako joko-makinetan erabiltzeko txartelak edo ordainketa-euskarri fisiko edo elektronikoak erosteko.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Ordainketarako banku-txartelen edo antzeko gailuen erabilera, txartelak edo euskarriak erosteko, B motako joko-makinak dauden joko-lokalen barruan egin beharko da, eta ezin izango dira inola ere ostalaritza-lokaletan instalatu.
2.– Debekatuen zerrendan dauden pertsonak sistema honetan sar ez daitezen, ezin izango dira instalatu erabiltzaileak jokatzeko debekurik ez duela egiaztatzen duen onarpen-kontrolik ez duten lokaletan, adingabea delako edo jokoaren debekuen erregistroan inskribatuta dagoelako.
3.– Txartelak edo antzeko beste gailu batzuk irakurtzea ahalbidetzen duten gailu elektronikoak txanponak aldatzeko, sariak ordaintzeko eta tiketak kudeatzeko makinetan sartu beharko dira.
4.– Sistemak zordunketako ordainketa-eragiketak baino ez ditu onartuko. Ezingo dira, inola ere, txartelak edo kreditu-gailuak edo gailu dualak erabili.
5.– Zordunketa-txartelaren edo antzeko gailu baten bidez eskuratzen den eta jokatzeko eskubidea emango duen txartelak edo euskarriak, eguneko 300 euroko gehieneko muga izango du.
6.– Banku-txartelen eta bestelako gailuen irakurgailuak eta onargailuak dituzten txartelak aldatzeko, ordaintzeko edo kudeatzeko makinak sarrera-kontrola igaro ondoren instalatu beharko dira, lokaleko langileek ikusteko moduan.
7.– Banku-oharrean argi eta garbi adierazi beharko da joko-lokalaren izena, eta, kontzeptuan, jokorako txartela edo euskarria eskuratzeko eragiketa bat dela. Nolanahi ere, erosketa-eragiketa txartelaren edo antzeko gailuaren titularrak baliozkotu beharko du, identifikazio pertsonaleko zenbakia sartuta edo dagokion banku-segurtasuneko sistema baliokidearen bidez. Nolanahi ere, sistemak tiket bat edo egindako eragiketaren egiaztagiria eman behar dio kontsumitzaileari, eta tiket batean edo eskuratutako txartel edo euskarrian bertan jaso ahal izango da.
3. artikulua.– Homologazioa eta aurretiazko baimena.
1.– Bankuko zordunketa-txartelaren edo antzeko gailuren baten bidez ordaintzeko sistema duen tiketak aldatzeko, ordaintzeko eta kudeatzeko makina instalatu aurretik, Jokoa Arautzeko Agintaritzak baimendu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren 56. artikuluan eta hurrengoetan joko-elementuak homologatzeko ezarritako prozeduraren arabera.
2.– Halaber, aplikatu beharreko banku-araudiaren arabera ordainbideetarako ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Hori betetzen dela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.
3.– Tiketak aldatzeko, ordaintzeko eta kudeatzeko makina, zordunketako banku-txartelaren edo homologatutako antzeko beste gailu baten bidez ordaintzeko sistema bat duena, Jokoaren Erregistro Nagusiaren IV. liburuko 5. atalean inskribatuko da.
AZKEN XEDAPENa
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 25a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.