Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2021eko urtarrilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
111

1/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 12koa, lehendakariarena, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan, adierazpen orokor bat egiteaz gain, eranskin bat ere gehitu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak xeheki eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, betiere, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Etengabeko ebaluazioak eta jarraipenak, egoera epidemiologikora etengabe egokitzen dela bermatzeko, aldaketa hau egin beharra ekarri dute, LABIren foroko zehaztapenak eta neurri sakonak aztertu ondoren, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian, betiere.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea.

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 1. artikulua. Honela idatzita geratuko da:

«1. artikulua.– Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 22:00etan mantentzen da, eta, muga horren amaiera-ordua, 06:00etan.

2.– Ordutegi-muga hori gorabehera, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko soilik zirkulatu ahal izango dute pertsonek erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

c) Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

g) Ezinbestean edo premia-egoera dela eta.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

i) Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako errepostajea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.»

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 2. artikulua. Honela idatzita geratuko da:

«2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.

2.– Nolanahi ere, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

j) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.

4.– COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, mugatu egingo da pertsonen sarrera eta irteera udalerriaren barrutian, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenekin.

5.– Horrez gain, pertsonak bizi diren lurralde historikoko sarrera-irteerak murrizten dira, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenekin, eta lurralde historiko desberdinetako udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimentzen da, salbu eta bizi diren udalerrian edo udalerri mugakidean COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa bada.

6.– Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak bere erantzukizunpean adierazten duen betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Lekualdaketaren jatorriari, xedeari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren baldintzak zehaztu beharko dira adierazpen horretan, bai eta bisitatzen den senidearen edo hurbileko pertsonaren harremanetarako datuak ere. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da lekualdaketarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.»

Hirugarrena.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 3. artikulua. Honela idatzita geratuko da:

«3. artikulua.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan –itxietan nahiz aire zabalekoetan– eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona taldeen mugari. Gehienez ere sei laguneko taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen direnak ere.»

Laugarrena.– Prebentzio-neurri espezifikoak eguneratzea.

Ezabatu egiten dira abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren eranskineko ataletan jasotako Gabonetako ekitaldiei eta ospakizunei buruzko neurri espezifiko guztiak. Gainerakoek indarrean jarraituko dute, eta ondoren ezartzen diren neurri berriak txertatuko dira:

Merkataritza-establezimenduak, -instalazioak eta -lokalak.

150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduek edukieraren ehuneko 40ko gehieneko edukiera baimendua izatera igaroko dira, eta, hala badagokio, gehieneko edukiera hori bera aplikatuko zaie merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean, haien azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurri nahikoak jarriko dituzte muga hori betearazteko.

Debekatuta dago jolaslekuak, haurrentzako guneak edo atsedenlekuak erabiltzea, eta itxita egon beharko dute.

Merkataritza-instalazioetan kokatutako ostalaritza- edo jatetxe-establezimenduek establezimendu mota horietarako xedatutakoa bete beharko dute.

Merkataritza-zentroetan kokatuta ez dauden eta 150 metro koadro arteko azalera duten merkataritza-establezimendu, -instalazio eta -lokal txikizkariek ezin izango dute guztizko edukieraren ehuneko 60 gainditu, edozein dela ere lokalean egiten den jarduera.

Kultura-jarduerak, -ikuskizunak eta -ekitaldiak.

Dantza-talde ez-profesionalen entseguei berrekitea baimentzen da, eta, nolanahi ere, zorrotz errespetatu beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziaren, maskara erabiltzearen eta kontaktu fisikorik gabeko sei laguneko taldeen prebentzio-baldintzak.

Kirola.

Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan, eta lehiaketetan.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, honako arau hauen arabera garatu ahal izango da kirol-jarduera:

– Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

– Lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. Federazio bakoitzari, bere eremuan, eta, kasua bada, lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.

– Eskola-kiroleko entrenamenduei berrekin ahal izango zaie, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Horretarako behar diren udal-instalazioak prest daudenean berrekingo zaie, betiere.

– Entrenamenduetan, joan-etorrietan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

– Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da. Kirola bakarka edo taldeka egin ahal izango da, gehienez 6 laguneko taldeetan. Taldeka ematen diren eskoletan, gehienez 6 lagunek parte hartu ahal izango dute talde bakoitzean, eta ematen den espazioan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

– Aldagelak erabili ahal izango dira betiere gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta ireki aurretik eta itxi ondoren ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu.

– Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol-jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan. Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astero, astelehenetan eta ostegunetan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat zabalduko da, udalerriaren araberako tasen zerrendarekin, eta erreferentzia eraginkorra izango da hurrengo egunetik aurrera, paragrafo honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, joko- eta apustu-lokalak berriz irekiko dira, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin. Joko- eta apustu-jarduerak banaka egin beharko dira, eta pertsonek eserita egon beharko dute. Gehienez sei laguneko taldeak izango dira. Jokalarien artean, 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Joko-posizio bateko parte-hartzaileen aldaketa bakoitzean bermatu beharko da erabilitako espazioaren garbitasuna eta ez dela objekturik trukatzen. Establezimendu hauek beranduenez 20:00etan itxi beharko dira –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat.

Gizarte- eta osasun-zerbitzuetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.

Eguneko zentroen kudeaketaren eskumena duten erakundeak zentroak dauden udalerriko egoera epidemiologikoari egokitutako neurri murriztaileak hartu ahal izango dituzte, bai edukierari, ordutegiei edo establezimendu horien itxierari dagokienez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko urtarrilaren 13ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala