Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2021eko urtarrilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
46

AGINDUA, 2020ko abenduaren 29koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, honako agindu hau luzatzeko dena: Agindua, uztailaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta deitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Saltoki-Bonua» programa.

2020ko urriaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Agindua, zeinaren bidez arautu eta 2020rako deitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreetako establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Saltoki-Bonua» programa.

Agindu horren helburua zen Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko neurri gisa balio izatea. Programa hori gainerako euskal erakundeekin koordinatuta egin zen, «Euskadi Saltoki-Bonua» delakoaren funtsezko elementuen diseinu orokorrean.

Helburu hori betetzeko, beharrezkoa da normaltasun-baldintza sozial batzuk egotea, besteak beste, honako alderdi hauei dagokienez: pertsonen mugikortasuna, merkataritza-establezimenduetako edukiera eta merkataritza-zerbitzuetako ordutegiak.

SARS-CoV-2 delakoak eragindako infekzioak ez zabaltzeko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua argitaratzeak eta Euskal Autonomia Erkidegoan hori aplikatzeko emandako Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak (zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko) nabarmen aldatu dituzte «Euskadi Saltoki-Bonua» programa arrakastaz garatzeko beharrezkoak diren normaltasun-baldintza horiek.

Bi arau horietan jasotako neurriak, praktikan, bateraezinak dira aipatutako sektoreko saltokietan jarduera dinamizatzea eta ondasunak, produktuak eta zerbitzuak erostea helburu duen programa baten ohiko garapenarekin.

Testuinguru horretan, programan parte hartzen duten erakundeek, jakitun izanik programa behar bezala gauzatzeak duen garrantzia merkataritza sektoreko establezimendu eta enpresetan (hau da, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioek gehien kaltetu dituztenak) kontsumoa sustatzeko, guztion artean programa hori mantentzeko erabakia hartu dute, ezarritako helburuak lortzeko haren epeak luzatuz.

Horretarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren uztailaren 28ko Aginduaren 15. artikuluaren («Programaren indarraldia») 1. paragrafoa aldatu nahi da. Agindu horren bidez, arautu eta 2020rako deitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Saltoki-Bonua» programa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egungo egituraren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio merkataritzaren arloko eskumenak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuaren 3. artikuluak xedatutakoa kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Saltoki-Bonua» programa arautu eta 2020rako deitzen duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2020ko uztailaren 28ko Aginduaren 15.1 artikulua aldatzea. Honela geratzen da idatzita artikulu hori:

«15. artikulua.– Programaren indarraldia.

1.–"Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Saltoki-Bonua" programaren indarraldia programa indarrean jartzen den egunean hasi eta 2021eko otsailaren 28an amaituko da, honako epe hauen arabera:

1) Establezimenduak programa indarrean jarri eta hurrengo hiru asteetan atxikiko dira.

2) Pertsonek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak, programa indarrean dagoen bitartean egindako erosketetarako.»

Bigarrena.– Agindu honek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 29a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala