Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

261. zk., 2020ko abenduaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5592

AGINDUA, 2020ko abenduaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Ortuellako (Bizkaia) Udaletxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Ortuellako (Bizkaia) Udaletxeak kultura aldetik dituen balio historikoa eta arkitektonikoa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Ortuellako Udaletxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, 2020ko uztailaren 22ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 154. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 6/2019 Legearen 12. eta 13 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, Ortuellako Udalak alegazioak aurkeztu ditu, eta babes-araubideko 8., 11. eta 13. artikuluak aldatzeko eskatu du.

Sektoreko eta irisgarritasuneko araudia aplikatzeari buruzko 8. artikuluari dagokionez, etorkizuneko igogailua alboko bi hormarteetan (ezkerrean eta eskuinean) instalatu ahal izatea eskatu zuen. Espedientean dagoen alegazioei erantzuteko txosten teknikoan jasotakoa ikusita, alegazioa baiesten da eta artikuluaren idazketa aldatzen da, proposamenaren izaera azpimarratzeko.

Fatxaden egungo osaera, apaindura, armarria, kolorea eta jatorrizko arotzeriak zaintzeko betebeharrari dagokionez (11. artikulua, bigarren apartatua), eraikinaren fatxada nagusiko beheko eta lehen solairuetan kokatutako leiho esanguratsuen hutsuneetara mugatzea proposatzen zuen. Horrez gain, eskatzen zuen 11. artikuluko laugarren ataletik kanpo uzteko osoko bilkuren aretoko lanparak eta goiko solairura heltzeko eskailera mantentzeko betebeharra.

Lehen aipatutako txosten teknikoaren ondorioz, bi eskaerak ezetsi egin dira; izan ere, jatorrizko arotzeria guztia, dagoen solairua edo fatxada edozein dela ere, eraikin historikoaren benetakotasuna kontserbatzeko alderdi garrantzitsuetako bat da, eta bai osoko bilkuren aretoko lanparek bai goiko solairura heltzeko eskailerak mantendu eta babestu beharreko balio artistikoak eta kulturalak dituzte.

13. artikuluari dagokionez (ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak), estalkiaren jatorrizko xedapena aldatzeko eskatu zuten, estalkipeko aprobetxamendua baimentzeko aukerarekin, haren jatorrizko osaera mantenduz. Era berean, fatxaden egungo osaera eta materialak mantentzeko betebeharra eraikinaren fatxada nagusira mugatzea eskatu zuten. Ildo beretik, arotzeriari eta haren zaharberritzeari dagokienez, betebehar hori fatxada nagusiko leiho berezien baoei buruzkoa baino ez zela zehazteko eskatu zuten. Azkenik, berreskuratu ezin diren egiturazko elementuak ordezteari dagokionez, eskatzen zuten betebehar hori ez egotea egitura horren edo ordeztu beharreko elementuen posizioa edo kota mantentzearen baldintzapean, eta kota apur bat aldatu ahal izatea eraikinaren eskakizun tekniko berrien arabera.

Txosten teknikoa ikusita, partzialki baiesten da eraikinaren bolumen-aldaketei buruzko alegazioa, ondasunaren inguruan doikuntza txiki hautemanezinak egiteko aukera barne hartzeko, estalkipeko espazioari aprobetxamendua emateko, Aldundiak aldez aurretik oniritzia emanda; izan ere, udalak proposatutako artikuluaren idazketa alternatiboa onartezintzat jotzen da, zehaztugabea delako.

Era berean, eraikinaren fatxadei buruzko alegazioa partzialki baiesten da, iparraldeko fatxadan bao berriak ireki ahal izateko; izan ere, monumentalena eta estetika- eta konposizio-aberastasun handienekoa den arren, onar ditzake, baldin eta erritmikoki eta eskailera-baoen egungo ardatza errespetatuz egiten badira.

Azkenik, partzialki baiesten da finkapenari buruzko alegazioa, berreskuragarriak ez diren zatiak ordezkatuz, eta, ondorioz, artikuluaren idazketa aldatzen da forjatuen edo kontserbazio-egoera txarrean dauden eremuen kota-posizioa aldatzea ahalbidetzeko, 11. artikuluan babestu beharreko elementuen artean ez badaude, zaharberritze kontserbatzailean onartutako esku-hartzeetako bat baita.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 6/2019 Legearen 18. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Ortuellako (Bizkaia) Udaletxea, monumentu kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun izendatzea. Ondorioz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako babes-araubidea aplikatu behar zaio, eta, zehazki, lege horren artikulu hauetan jasotakoa: 27.etik 35.era, 41.etik 43.era eta 46.etik 51.era.

Bigarrena.– Kultura-ondasun babestuaren deskribapen formala.

Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera, II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita eta III. eranskineko babes-araubide partikularra kontuan izanik, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Ortuellako Udalari higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Laugarrena.– Argitaratzea.

Izendatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die eragindako jabeei, Ortuellako Udalari (Bizkaia), Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura-ondasun babestuan esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honek babesten dituen kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduerak egiteko aurreko apartatuan aipatu diren baimenak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Ortuellako (Bizkaia) Udalari eskatuko dio udalaren hirigintza-araudia egokitzeko, babestutako ondasun higiezina babestu eta kontserbatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak jaso ditzan, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoa betez.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitzea.

Udal-plangintza agindu honetan ezarritako aldaketei egokitu arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oniritzia eman arte, kultura-ondasun babestuen gainean egin beharreko esku-hartzeak egiteko, beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketa.

Mugaketak, batetik, eraikina bera hartzen du, eta, bestetik, eraikina inguratzen duen ingurunea, hau da, Maiatzaren Lehena Plaza eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea. Horrela, mugaketa-eremua dokumentazio grafikoan finkatutako mugen arabera zehazten da. Hona hemen mugak: Babestutako ondasunaren aurrealdetik, Maiatzaren Lehena Plaza sartzen da eremuan, Geltokiko etorbidearen ondoko tartearekin, eta espazio eta bide publikoak hartzen ditu barnean, mugakide diren jabetza pribatuen mugetaraino; atzealdetik, inguruak atzealdeko kalearen tartea hartzen du barnean, mugakide den jabegoaren mugetaraino; iparraldetik, Geltokiko etorbidearen tartea hartzen du barnean, jabetza pribatuen mugetaraino; eta, hegoaldetik, trenbidearen mugetaraino doan bide-zatia hartzen du barnean.

b) Justifikazioa.

Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Ortuellako Udaletxearen eraikinak duen ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasun kulturala behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta, horretarako, espazialki eraikinarekin erlazionatuta eta haren ondoan dauden espazioak babestu behar dira, Udaletxearen berezko izaera gordetze aldera eta haren balioa azpimarratze aldera. Hori dela eta, mugaketa honek, eraikina bera ez ezik, aurrealdea ere hartzen du barnean, hau da, Maiatzaren Lehena Plaza eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Ortuellako udaletxearen eraikina udalerriaren hego-mendebaldean dago. Zehazki, trenbidearen trazaduratik hurbil dago, Maiatzaren Lehena Plazako fronteetako bat eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartea ixten dituen orubean.

Ortuellako udalerria Santurtzitik banandu ondoren, eta alondegiaren eraikina udaletxe gisa erabili ondoren, 1903ko abenduan, «La Constructora» sozietate anonimoak herriko plazan zuen eraikina erostea erabaki zuen Udalak. Cipriano Arteche arkitekto eta ingeniariak egin zuen eraikin hori berritzeko proiektua, eta eraikina Ortuellako Udaletxe bihurtu zen. Ortuellako udal arkitekto gisa (1901-1905) lan egin zuen garaiko eraikin publiko garrantzitsuenetariko bat izan zen. Birgaikuntza-proiektua bi fasetan egin zuen: lehena, barne-birgaikuntza (1905eko urtarrila) eta, bigarrena, fatxada (1905eko uztaila); hala, eraikina 1905eko urriaren 22an inauguratu zen. Gorka Pérez de la Peña Oleagaren hitzetan, «udaletxeetan eklektizismoa aplikatzearen erakusle aparta da, Bizkaiko arkitekturaren berezienetako bat».

Hiru solairu eta erdi-sotoa dituen eraikina da, nahiz eta fatxada nagusitik azken hori ez den ikusten. Oinplano angeluzuzena du, besoetako bat fatxada nagusia da, ekialdera orientatua, herriko plazara begira (Maiatzaren Lehena plazara).

Kanpotik, eta fatxada nagusira begira, eraikina bi gorputz horizontaletan eta hiru bertikaletan antolatzen da. Fatxadaren antolaketa horizontalari dagokionez, lehenengo bi solairuetan, hormek harlandu-imitazioa dute, urdinkara, zokaloetan izan ezik, horiek bai baitaukate harlanduzko akabera. Goiko zerrenda horizontalak, goiko solairuari dagokiona, emokadura akabera du. Bi gorputz horiek erlaitz batez bereizten dira. Eraikinaren gainerako fatxadetan emokadura baino ez dago.

Fatxada nagusiaren banaketa bertikalari dagokionez, hiru atal ditu, hiru hormarteri dagozkienak, eta zortzi bao-ardatz. Erdiko gorputza aurreratuago dago presentzia eta garrantzia emateko, hor biltzen baitira elementu adierazgarrienak: sarrera nagusia, beheko solairuan, arku karpanelekin; diskurtsoetarako balkoia, beste bi arku karpanelen bidezko sarbidea duena; eta Ortuellako armarria, Santurtziko Kontzeju zaharrari zegokiona, 1901ean Ortuellan eratu zen Udalak oinordetzan jaso zuena. Armarriaren gainean, goiko solairua, fatxadaren gainerakoak bezala, bi arku beheratu dituena. Era berean, erdiko gorputzak bi pilastra erraldoi ditu, bi alboetan, basetatik atera eta teilatu-hegaleraino iristen direnak.

Fatxada nagusiaren alboko zatiketa bertikalak erdiko gorputzarekiko erretrankeatuta daude. Beheko solairuan, albo bakoitzean arku karpanelez osatutako hiru bao daude (erdikoak sarrera gisa balio du); lehenengo solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude, erdikoa handiagoa da eta, gainera, balkoi txiki bat du balaustrekin; eta, azkenik, goiko solairuan, arku beheratuz osatutako hiru bao daude.

Alboetako fatxadak emokatuta daude eta ez dute apaingarririk edo apaindurazko errepertoriorik. Hutsune-erretikuluaren bidez ordenatuta daude, besterik gabe. Atzeko fatxadan, baoen ardatzen kopurua bat dator fatxada nagusikoarekin (zortzi), eta erdian eskailera-kaxako beiratea nabarmentzen da.

Eraikina lau isurkiko teilatu batez estalita dago, zurezko teilatu-hegal zabal batekin.

Udaletxearen barrualdeari dagokionez, egitura mistoko armazoi batek osatzen du egitura, sotoko, beheko eta lehen solairuetan, Ortuellako Ybarra y Hermanos enpresaren zurezko forjatuen eta burdinazko zutabeen oinarrian eraikia. Bigarren solairuak zurezko egitura du.

Eraikinaren antolaketa funtzionalari dagokionez, Artechek Udaletxearen behar berrietara egokitzeko moldatu zuen. Beheko solairuan Arte eta Lanbide Eskola kokatu zen, lehenengoa egoitza administratiborako eta, bigarrena, etxebizitza eta Udal Epaitegirako bideratu zen.

Erdiko hormartean zegoen sarbidea, atarte nagusian, eta bi altuerako eskailera nagusira ematen zuen; eskailera hori lehen solairuko osoko bilkuren aretora iristen zen. Lehen solairu horretan, beste eskailera batek bigarren solairua komunikatzen zuen.

Espazioen arteko erlazio hori apaindurazko dekorazioarekin osatzen zen. Gorka Pérez de la Peña historialariak honela deskribatzen du: «Eskailera nagusia, iparraldeko pinuzko armazoiarekin egin zuena; haritzezko zangoak, lehenengoa izan ezik, Ereñoko marmolarekin eta pinoteako eta barandaleko fronteekin egina; intxaurrondozko eskudelak eta egurrezko balaustrak (hasierako platabandarako, lehendik zegoen burdinazko zutabea baliatu zuen); moldura, atondoko sabaietan, eskailera-zuloan, saio-aretoan eta eskailerako beirateko leihatean; Bilboko T. García beiragileak 1905ean egindako eskailera-kaxako beiratea; eta eskailera-kaxako enpanelatuak, lehen solairuko korridorea eta saio-aretoa».

Ondoren, zaharberritzeko eta finkatzeko zenbait lan egin dira, baita eraikinaren barnealdea berrantolatu ere. Horren ondorioz, gaur egun Udaletxeak duen banaketa jatorrizko proiektuaren oso desberdina da. Kanpoaldean, fatxadak, bao askotako zur-lanak, Ortuellako armarria eta beheko solairuko burdinak kontserbatzen dira. Barrualdean, egiturazko armazoia, hormartea edo erdiko gorputza kontserbatzen dira, eskailera nagusiarekin eta bere osagai eta apaindura guztiekin, orobat lehen solairuko korridorea, osoko bilkuretarako aretoa, bigarren solairura heltzeko eskailera eta bigarren solairuko etxebizitzaren zati bat.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Ortuellako Udaletxea, monumentuaren kategoriarekin, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Ondoren zehazten den babes-araubidea I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Balio kulturalak.

1.– Ortuellako Udaletxeko eraikin-monumentuaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari interes handia ematen diotenak, belaunaldiz belaunaldi ezagutu eta transmititzeko.

2.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak ikuspegi historiko-antropologikotik eta ingurumenekotik:

– Eraikina Ortuella Santurtziko udalerritik desanexionatzearen mugarritzat eta sinbolotzat hartzea.

– Udaletxea eta aurrean duen plazak, Maiatzaren Lehena Plaza, Ortuella udalerriaren erdian daude kokatuta, eta eremu hori berritzea estrategikoa da Ortuellarentzat.

3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak ikuspegi artistiko, tekniko, arkitektoniko eta teknologikotik:

– Estilo eklektiko argiko tipologia arkitektonikoa, adierazgarritasun eta monumentaltasun jakin batekin konbinatuta.

– Burdinazko zutabeak erabiliz eraikuntza-teknologia berriak erabiltzea.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako ondasun kulturalaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Babes Araubide honek eragindako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, baita informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, baita bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeetan ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haien balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta gauzatzen diren jarduerak bat badatoz ondasunaren kultura-balio babestuekin. Horri dagokionez, Ortuellako Udaletxeko eraikinerako, doikuntzak, modu lehenetsian, eraikuntzaren alboetako hormarteetan egitea proposatzen da. Honako hauek egin ahal izango dira:

– Sarbide nagusiko bi mailen arteko desnibela gainditzeko arrapala eraikitzea, arina eta babestutako ondasunaren balioekin bateragarriak diren materialekin egina, eta izaera itzulgarriarekin.

– Eraikinaren ezkerraldeko edo eskuinaldeko hormartean igogailua jartzea, eraikinaren egiturazko armazoian ahalik eta eragin gutxien izateko moduan, bereziki burdinazko zutabeetan.

Irisgarritasuna bermatzeko esku-hartze horiek edo beste batzuk gauzatzea planteatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko dira. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla eta babes-araubide honen 11. artikuluan ezarritako ondasunaren eta babestu beharreko elementuen kultura-balioei eusten zaiela ere. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betez –babestutako kultura-ondasunaren informaziorako sarbide unibertsalari buruzkoa da–, monumentu hori ezagutarazteko edo balioa emateko sortutako edozein material berri inklusiboa izan beharko da, irisgarria, eta kolektibo horiei egoki erantzun beharko die.

9. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide honek eragindako ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.

2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko duten proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea ere. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

2. ATALA
ESKU-HARTZEAREN BERARIAZKO ARAUBIDEA

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, edozein erabilera-aldaketa onartuko da, betiere ondasunaren balio babestuei eragiten ez badie eta kontserbatzeko eta balioa emateko baldintza hobeak ekartzen baditu.

11. artikulua.– Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak.

Kultura-ondasun babestuan gorde beharreko elementuak honako hauek dira:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa; lau solairuak, fatxadak eta lau isurkiko estalkia.

– Fatxaden gaur egungo osaera, apaindura, armarria, kolorea eta jatorrizko zur-lanak.

– Sotoko, beheko eta lehenengo solairuetako egitura mistoa (zura eta burdina) eta goiko solairuko zurezko egitura.

– Eraikinaren erdiko hormartearen barruko banaketaren ardatz nagusia (sarbidea, atondoa, eskailera nagusia eta bilkura-aretoa), materialak eta apaingarriak (moldurak, enpanelatuak, eskailera-beiratea eta bilkura-aretoko lanparak), lehen solairuko erdiko korridorea apaingarriekin (enpanelatuak) eta goiko solairura heltzeko eskailera.

12. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren elementu degradatzaileak.

Elementu degradatzaileak dira jarraian aipatzen direnak:

– Beheko eta lehenengo solairuetako alboko hormarteen barne-banaketa (bilkura-aretoak lehen solairuan hartzen duen espazioa izan ezik).

– Bigarren solairuko eskuineko hormartearen barruko banaketa.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko berariazko zehaztapenak.

1.– Orokorrean, esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei, edo horietan zaindu beharreko balioei, kalteak edo galerak ekar badiezazkie eta baita babes-araubide honen edozein zehaztapenen aurka badoaz ere. Bestalde, esku-hartzeak baimentzen dira, eraikinaren elementu tipologiko, formalak eta egiturazkoak errespetatzen direnean.

2.– Horretarako, ondoren, babestutako ondasunean aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen berariazko zehaztapenak eta zaindu beharreko elementuak aipatzen dira, babes-araubide honen 11. artikuluan definitutakoak:

a) Ez dira baimentzen eraikinaren bolumen- eta azalera-aldaketak, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oina luzatu edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere ez da aldaketarik onartuko, babestutako ondasunaren ingurutik antzeman ezin diren doikuntza txikiak izan ezik, baldin eta horiek estalkipeko espazioari aprobetxamendua emateko balio badute. Salbuespen hori azterlan edo proiektu tekniko baten bidez justifikatu behar da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko organo eskudunaren oniritzia izan behar du.

b) Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadako baoen kopurua mantendu behar dira, eta haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioei eutsi behar zaie. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratu eta zaharberritzea izango da.

Iparraldeko fatxadaren kasuan, Geltokiaren hiribidera ematen duena, bao berriak ireki ahal izango dira, betiere modu erritmikoan eta lehen solairuko eskailerako leihoen egungo ardatza errespetatuz egiten badira.

c) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, bai fatxadako baoetan, bai ateetan, baita errementaritzakoak ere, hala nola barandak, apaingarriak (inpostak eta zokaloak, esaterako), edo beste elementu interesgarri batzuk. Era berean, jatorrizko materiala berreskuratu behar da, materiala jatorrizkoa ez den beste batera aldatu bada arotzeria-elementuren batean.

d) Kultura-ondasunaren egiturazko antolamendu orokorrari eutsi behar zaio. Egitura mistoa izan behar du (zura eta burdina) sototik lehen solairura, eta zurezkoa goiko solairuan. Eraikinaren esku-hartzea definitzen duen proiektuak aztertu beharko du beheko solairuko burdinazko zutabeak agerian uzteko aukera.

Bestalde, finkapena baimentzen da berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, egiturazko elementu hauen posizioa edo kota aldatu gabe: egitura, eskailerak eta estalkia. Higiezinaren zati batzuk kontserbazio-egoera kaskarrean badaude, azterlan edo proiektu tekniko baten bidez justifikatuta, forjatuen kotak aldatu ahal izango dira, baldin eta leihoen kotak eta erlaitz-lerroak finko mantentzen badira. Salbuespen hori gauzatzeko, esku-hartzeak ez die eragingo babes-araubide honetako 3. eta 11. artikuluetan ezarritako babestu beharreko elementuei eta haien kultura-balioei.

Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuak berriekin ordezkatzea onartuko da, betiere, jatorrizko materiala mantentzen bada, eta behar bezala justifikatutako kasu berezietan soilik baimenduko dira materialen aldaketa partzialak, itzulgarriak eta egituraren material generikoa errespetatzen dutenak.

e) Eraikinaren jatorrizko kolorea mantendu behar da. Azterlan baten bidez zehaztuko balitz jatorrizko kolorea eta egungoa desberdinak direla, jatorrizkoa berreskuratu ahalko da.

f) Babes-araubide honen 11. artikuluan definitutako erdiko hormartearen ardatzaren, lehen solairuko korridorearen eta goiko solairura heltzeko eskaileraren banaketa eta jatorrizko elementuak mantendu behar dira. Egiten den esku-hartze ororen helburua espazio arkitektoniko horiek eta haien apaindurazko errepertorio osoa zaharberritzea izango da, baita aldatutako elementu, zati edo materialak lehengoratzea ere. Espazio horien gaineko esku-hartzea definitzen duen proiektuak kontuan hartu beharko du eskailera nagusitik bilkura-aretora sartzeko atearen jatorrizko kokapena berreskuratzeko aukera.

g) 12. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak edo 3. artikuluan zehaztutako kultura-balioak, eta 11. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestutik zaindu beharreko elementuen balioak kaltetzen dituzten elementuak desagerrarazteko esku-hartzeak baimenduko dira. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

h) Beharrezko diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 11. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

14. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren ingurunea.

1.– Babestutako kultura-ondasunaren ingurunean esku hartzea definitzen duen proiektuak, hau da, Maiatzaren Lehena Plazan eta Geltokiko etorbidearen ondoko tartean esku hartzekoak, espazio horren jatorrizko izaera eta funtzioa plaza publiko gisa berreskuratzea izan behar du helburu, garrantzi handia baitu udalerrian, erdigune eta toki estrategiko gisa. Era berean, plazaren beste aldean, hegoaldean, dagoen eraikinaren gaineko esku-hartzeak arautzen dituen proiektu berak edo beste proiektu batek, espazio publiko horren beste elementu egituratzailetzat hartzen denak, plazaren eta Udaletxeko eraikinaren ingurumen- eta arkitektura-balioak errespetatu beharko ditu.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, monumentua ikustea eragotziz, zailduz edo desitxuratuz eta haren testuinguru-balioak hondatuz.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren ikusmen- eta/edo soinu-nahasmena eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak babestutako ondasunaren inguruan.

– Altuera dela, bolumena dela edo distantzia dela, Monumentuaren pertzepzioa nahasten duten aldi baterako eraikuntzak edo instalazioak.

– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide honi lotutako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen dituztenak.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, tamaina (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa oztopa dezaketenak.

– Zarata-maila handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea zailtzen dutenak.

3.– Baimena ematen da hiri-altzariak jartzeko, barne hartuta toldoak, mahaitxoak, kioskoak, markesinak eta ondasun babestuaren parean dagoen plaza antolatzeko beharrezkotzat jotzen diren antzeko elementuak, baldin eta eraikinetik 15 metro baino gehiagora badaude, kultura-balioei kalterik eragiten ez badiete eta artikulu honetako 2. puntuko kutsadura bisual eta akustikoa sortzen duten elementuen zerrendan ez badaude.


Azterketa dokumentala