255. zk., 2020ko abenduaren 22a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (386 KB - 12 orri.)
- EPUB (265 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5489
279/2020 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, zeinaren bidez Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika Babes Bereziko Kultura-ondasun izendatzen baita, Monumentuaren kategoriarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumenaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kulturako sailburuordeak, Conservas Ormaza fabrikak duen interes kulturala ikusita, EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren Zerbitzu Teknikoek egindako proposamenaren arabera eta arlo horretan aplikagarria den araudian xedatutakoa betez, 2020ko abuztuaren 24ko Ebazpenaren bitartez (abuztuaren 28ko EHAA, 169. zk.), espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen, Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika Babes Bereziko Kultura-ondasun izendatzeko, Monumentuaren kategoriarekin.
Esandako espedientearen izapidetza administratiboak ekarri zuen espedientea bera jendaurrean jartzea eta interesdunen entzunaldi-epea irekitzea, indarrean dagoen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluaren eta arlo bereko beste arauen arabera.
Informazio publikoko aipaturiko izapideak eta interesdunen entzunaldi-epea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16 eta 18.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 15eko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.
Babes Bereziko Kultura-ondasun deklaratzea, Monumentu kategoriarekin, Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika, Dekretu honen III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra aplikatuz.
2. artikulua.– Kultura-ondasunaren mugaketa.
Conservas Ormaza fabrikaren mugaketa Dekretu honen I. eranskinean jasotzen denaren arabera ezartzea, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.
3. artikulua.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.
Conservas Ormaza fabrikaren deskribapen formala egitea, Dekretu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.
4. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.
Eskaera egitea Bermeoko Udalari (Bizkaia), Conservas Ormaza fabrika babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikulua betetzeko asmoz.
5. artikulua.– Argitaratzea.
Dekretu hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango die Bermeoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inskribatuko du Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrika Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan aurreikusita dagoen Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.
Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketak eraikina bera hartzen du soilik; izan ere, hiri-lurzorua da, eta zatirik handienean eraikinak daude. Beraz, eraikinaren perimetroaren mugek zehazten dute mugaketa-eremua.
Proposatutako mugaketaren arrazoia da Bermeoko (Bizkaia) Conservas Ormaza fabrikaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko. Horregatik, eta hiri-ingurunea denez, nahikotzat jotzen da eraikinaren beraren mugaketa.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Conservas Ormaza fabrikaren eraikina Bermeoko alde zaharretik hego-mendebaldera dago. Zehazki, udalerriko hiri-egituran txertatutako orube batean dago. Fatxada nagusiak, hegoaldekoak, Askatasun Bidea kalearen aurrera ematen du, eta iparraldean zeuden nabeak (gaur egun desagertuta daude) Erreñe Zubi kaleraino iristen ziren.
Historikoki, Bermeon, arraina eraldatzeko eta kontserbatzeko industria hiru fasetan garatu izan da: hasieran, San Pedro Kofradiaren Eskabetxeria Etxea sortu zen, eta monopolioa ezartzen saiatu zen; ondoren, bigarren fasean, aduanak kostaldeetara eraman eta sektorea liberalizatu egin zen, eta portu inguruan kontserbak egiteko guneak sortu ziren; eta azkenik, 1910etik aurrera, soilik jarduera horretan aritzen ziren higiezinak agertu ziren.
Hain zuzen ere, aipatutako azken etapan koka dezakegu Conservas Ormaza fabrika. Ruperto Ormazak sortu zuen 1923an, eta ondoren, 1941n, haren seme Antonio Ormazak hartu zuen enpresaren ardura. Hain justu, orduantxe egin zuen gaur egungo eraikina Pedro Ispizua arkitektoak. Fabrika hau eraikitzeak inflexio-puntua eragin zuen ordura arte eraikitako kontserba-fabrikekiko; izan ere, itxura tradizionaletik estilo «modernora» igaro ziren.
Aipatu bezala, Pedro Ispizua Susunaga arkitekto bermeotarra arduratu zen Conservas Ormaza fabrikaren proiektua egiteaz. Pedro Ispizua 1895eko apirilaren 29an jaio zen, eta, Elías Mas Serraren hitzetan, «mende honetako (XX. mendeko) Euskal Arkitekturaren panoramako pertsonarik erakargarrienetakoa» izan zen. Haren ustez, Pedro Ispizuaren arkitekturak «izaera eklektikoa» du, eta arkitektura-mota hori «nekez gaindi daitekeen obra da, denboraren eta gaien aldetik duen hedaduragatik eta bere proposamenen kalitate formalagatik». Hori dela-eta, zaila da Ispizua estilo edo mugimendu jakin batean kokatzea, bere lana hizkera erregionalista batetik abiatzen delako eta beste mugimendu batzuetarantz doalako, hala nola, Art Decó-rantz, arrazionalismorantz, espresionismorantz, eta abar. Hala ere, haren obrak izaera eklektikoa du, eta hori da «berau identifikatzeko funtsezko elementua».
1940tik 1965era, Ispizuaren obra heldutasun-fasean sartu zen. Bere monografian, garai hori «eklektizismo garaile» gisa izendatzen da, eta, hain zuzen ere, une hartan, aurreko fase arrazionalista igarota, «eklektizismoa behin betiko hedatu zen». Sasoi hartan kokatzen da, hain zuzen ere, Conservas Ormaza fabrika: arrazionalismoaren oinordeko izanik, «itxura soila eta apaindurarik gabea dauka, nolabaiteko klasizismo-dosiarekin eta dekorazio-ukituarekin fusionatuta».
Eraikinak programa mistoa dauka (industria eta bizitokia), eta horrek ekonomia familiarraren izaera nabarmentzen du. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zenaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari dagokion bolumen erantsiak multzo bat osatzen dute, eta multzo horrek hegoaldera ematen du, orain Askatasun Bidea deitzen den kalerantz. Nabea beste bi bolumenen atzealdeko fatxadari zegoen atxikita, eta orubearen amaieraraino heltzen zen. Gaur egun, nabea bota egin denez, leku asko geratu da hutsik orubean.
Etxebizitzarako erabiltzen zen multzoa programa funtzional batean zegoen oinarritua. Beheko solairua dauka, bulego gisa erabiltzen zena, eta goiko bi solairu, etxebizitza zegoen lekuan. Bolumen horretatik, kontserba-instalazioetarako erabiltzen zen bi solairuko eranskinera sar zitekeen. Gune horrek, gainera, sarrera independentea zuen, ibilgailuak sartzeko.
Itxura bolumetrikoari eta kanpoko itxurari dagokienez, bizitokiaren inguruan izkina egiten duen atal bat dago; fatxada konkaboa dauka, eta dorre batek errematatzen du. Dorre hori ur-biltegia da, eta, aldi berean, oinplanoa artikulatzen du; horren oinarrian, berriz, sustatzailearen izena ageri da. Fatxadako baoen funtzionaltasunak kontraste egiten du dorre formako errematearen monumentaltasunarekin. Bestalde, industria-eranskina bizitokiari atxikita dago, laukizuzen etzanaren formako bi solairuko bolumen zuzen baten bidez. Multzo horren fatxadan, forma zuzen eta kurbatuko balkoi jarraitua nabarmentzen da, baranda metalikoa duena, baita idi-begia ere, gainerako bao erregularretatik bereizten dena. Era berean, harlandua imitatzen duen eta multzo osoa lotzen duen zokalo baten gainean dago. Eraikinaren irudi korporatiboa, dorrean bezala, «Ormaza» abizenaren errotulazioaren bidez ere identifikatzen da bolumen honetan.
Ormaza fabrikaren eraikina kalearen morfologiara egokitzen da, haren kokapeneko kurbadura indartuz. Izan ere, eraikin irregularra da, izkinan eraikita balego bezala, eta horrek balio erantsia eta handiagoa ematen dio obrari. Elementu urbanoa formen bidez sustatzeari eta estimulatzeari buruz, hauxe dio Amaia Apraiz historialariak: «hori da fabrika honek Euskal Herriko Arkitekturaren Historiari egindako ekarpen handienetakoa».
Bestalde, materialak modu desberdinean erabiltzen dira bi bolumenetan. Alde batetik, adreilua bolumen industrialerako dago erabilita, eta Lehen Industria Iraultzaren garaiko fabrika ingeles gehienetan erabilitako materiala gogorarazten du; bestetik, hormigoia etxebizitzarako dago erabilita, eta, material eta teknologia modernoen erabilera islatzeaz gain, eraikinaren ildo arrazionalista nabarmentzen du.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Conservas Ormaza eraikina, Monumentuaren kategoriarekin, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
Ondoren zehazten den babes-araubidea I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.
3. artikulua.– Balio kulturalak.
1.– Conservas Ormaza eraikin-monumentuaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari garrantzi berezia ematen diotenak, eta ondorioz monumentua interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi berau aintzat hartu eta transmititzeko.
2.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik:
– Arraina eraldatzeko eta kontserbatzeko prozesuak Bermeori ekarri zion iraultza berezia, ikuspuntu historiko, ekonomiko eta antropologikotik.
– Kontserba-industriaren garapenari lotutako teknologia berriak eta aurrerapen teknikoak agertzea.
– Eraikinaren tipologia arkitektonikoa aldatzea, sektoreko fabriken itxura tradizionalarekin konparatuta; izan ere, modu horretan, Bermeoko kontserba-industria Mugimendu Modernoaren aroan sartu zen.
3.– Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi artistiko, tekniko eta arkitektonikotik:
– Arkitektura-lerro arrazionalistak eta funtzionalak, elementu ikonografikoak eta nolabaiteko monumentaltasuna uztartzen dituztenak.
– Sinpletasuna eta lotura funtzionala, familia-enpresa tradizionalaren eskemari erantzuten diona, egoitza- eta industria-programa mistoa erabilita.
– Izkinako konfigurazioa. Horrek adierazkortasun eta dinamismo handia ematen dio eraikinari, eta kalearen morfologia egokitzen eta indartzen du.
– Erabilitako materialak: adreilua, lehen industria-iraultzaren garaia gogorarazten duena; eta hormigoia, material modernoa.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako ondasun kulturalaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Babes Araubide honek eragindako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.
3.– Babestutako kultura-ondasunen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, baita informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, baita bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.
4.– Babestutako ondasuna osorik edo partez eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIOKO IRIZPIDE KOMUNAK
6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, dagokion foru-aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.
7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.
1.– Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeetan ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haien balorea nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.
2.– Babestutako ondasunaren erabilerak bateragarria izan beharko du araubide honek babesten dituen balioekin, eta, betiere, ondasuna kontserbatuko dela eta haren balioa nabarmenduko dela bermatu beharko da.
3.– Esku-hartzeak ezinbestekoak baino ez dira izango, eta ahalik eta gutxien. Zehazki, babes-araubide honen eraginpeko ondasunaren balio kulturalen transmisioa eta aplikatzen diren prozeduren itzulgarritasuna ziurtatzeko ezinbestekoak direnak.
4.– Esku-hartzeek errespetatu egingo dituzte ondasunean bizirik dirauten eta ondasunaren bilakaerari buruzko informazioa ematen duten garai guztietako eranskinak, halakorik balego. Era berean, ahal den heinean, kendu egingo dira babestutako ondasunaren elementu degradatzaileak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da atzealdeko fatxada babes-araubide honen 12.c) artikuluan zehaztutako baldintzetan zaharberritu beharko dela.
5.– Esku-hartzeetan, barneko egiturak, banaketak eta akaberak babestu beharko dira, kanpoko inguratzaileen babes-maila berarekin. Gainera, elementu horien osagaiak ez dira eraitsi behar, salbu eta ordezkatzeko. Kasu horretan, elementuz elementu ordezkatuko dira eta antzeko egiturak jarriko dira.
6.– Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknika edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea, babes-araubide honen arabera. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.
8. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.
1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta gauzatzen diren jarduerak bat badatoz ondasunaren kultura-balio babestuekin. Conservas Ormaza eraikinari dagokionez, ahal den heinean, doikuntzak eraikuntza-multzoaren mendebaldean egingo dira, etxebizitzaren bolumenerako sarbidea dagoen tokian. Honako hauek egin ahal izango dira:
– Sarrerako atean zolata beheratzea.
– Atariko lehen mailen arteko desnibela gainditzeko arrapala eraikitzea, babestutako ondasunaren balioekin bateragarriak diren materialekin eta modu itzulgarrian.
– Igogailua jartzea mendebaldeko eskaileraren erdiko begian. Mozteko aukera egongo da eskailera-atalen zabaleran, betiere, eraikuntzaren arloan indarrean dauden araudiak eta ordenantzek baimendutako gutxieneko mugetaraino.
Esku-hartze horiek gauzatzea planteatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko dira. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla ere. Horretarako, Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.
9. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.
1.– Babes-araubide honek eragindako ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.
2.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak egiteko, horri buruzko azterketa historiko-arkitektonikoa egin beharko da. Profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, eta profesional eta enpresa espezializatu horiek egiaztatu beharko dute proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko gaitasun teknikoa dutela, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea dutela ere. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.
3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.
10. artikulua.– Debekatuta dauden jarduketak.
1.– Mugatu egingo dira eraikuntza osoan baimendutako esku-hartzeak. Babestutako balio kulturalak kontserbatzea da neurri horren helburua.
2.– Oro har, debekatuta egongo dira ondoren aipatzen diren esku-hartzeak, eta, era berean, debekatuta egongo dira higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei kalteak edo galerak eragin diezazkieketen esku-hartzeak, bai eta babes-araubide honen edozein zehaztapenen aurka doazenak ere. Ondorio horretarako, honako hauek hartuko dira berariaz debekatutako ekintzatzat:
a) Eraikuntza-multzoaren bolumena aldatzea.
b) Azalerak aldatzea, baldin eta aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea edo eraikinaren oinplanoa luzatu edo zabaltzea.
c) Fatxadak, beren osagaiak, deskribatutako eraikuntza-multzoaren jatorrizko kokapenak eta fatxadetako bao-kopurua aldatzea; izan ere, horien jatorrizko formak, neurriak eta proportzioak mantendu beharko dira.
d) Estalkien jatorrizko kokapenak (jasodurak, malda-aldaketak eta abar) eta dorre formako gailurra aldatzea.
e) Egituraren antolaketa orokorra aldatzea.
f) Garbiketa-tratamenduak, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko testura eta akaberen osaera.
g) Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku-hartzeen berariazko araubidea) aurreikusten ez den esku-hartze oro.
2. ATALA
ESKU-HARTZEEN BERARIAZKO ARAUBIDEA
11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.
1.– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 38.1 artikuluan ezarritakoa betez, babes bereziko monumentuetan egiten den esku-hartze orok irizpide hauek bete beharko ditu:
a) Kontserbaziorako gutxieneko esku-hartzeak baimenduko dira, baldin eta horien bitartez eraikuntza-sistemen osotasunari eutsi ahal bazaie eta horiek huts egiteak kalte konponezinak eragin baditzake monumentuan, estalkietan, inpermeabilizazioetan, egituretan eta zimenduetan.
b) Beste eraikuntza-sistema batzuetan (itxiturak, zatiketak, arotzeriak eta estaldurak) jardun behar bada, haien osotasunari eusteko baino ez da egingo esku-hartze hori, sistema horien funtsezko aldaketa oro saihestuta.
c) Instalazio-sistemak eguneratu ahal izango dira, baldin eta monumentuaren erabilera hobetzeko bada eta eguneraketa horren ezarpenak ez badu modu kaltegarrian eragiten babestutako balioen kontserbazioan.
d) Erabilerak aldatu ahal izango dira, aldaketa horiek ezinbestekoak direnean monumentua kontserbatzeko eta haren balioa nabarmentzeko. Era berean, frogatu beharko da erabilera berria bateragarria dela monumentuaren osotasunarekin.
12. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.
Baimendutako esku-hartzeak honako hauek izango dira, betiere, eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen badituzte:
a) Espazio arkitektonikoa zaharberritzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara lehengoratzea, honako hauen bitartez:
– Fatxadak zaharberritzea, eraikinaren atzeko orube hutsera ematen duen fatxada barne (eraitsitako nabearekiko mehelina).
– Barruko espazioak zaharberritzea.
– Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritzea, bai fatxadako baoetan, bai ateetan. Era berean, errementaritzako elementuak (adibidez, barandak), apaingarriak (adibidez, inpostak eta zokaloak) edo beste elementu interesgarri batzuk ere zaharberritzea.
– Barruko espazioen jatorrizko banaketa eta leku-antolaketa kontserbatzea edo lehengoratzea.
b) Egiturazko elementu hauek finkatzea, berreskuratu ezin diren parteak ordezkatuta, posizioa edo kota mugitu gabe:
– Egitura.
– Eskailerak.
– Estalkiak.
c) Interesik ez duen edo eraikuntzaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datorren edozein obra-mota kentzea. Baimenduko diren esku-hartze bakarrak eraikinak kontserbatzeko betebeharrari buruz aplikagarria den hirigintza-legeriak baimentzen dituenak izango dira. Horri dagokionez, atzealdeko fatxada (eraitsitako nabera ematen zuen mehelina) elementu degradatzailetzat har daiteke, gaur egun duen itxuragatik; izan ere, ez dago ondo kontserbatuta eta mantenduta, eta horrek multzoaren balio estetikoak kaltetzen ditu. Hori dela-eta, jatorrizko ikusgarritasuna bueltatuko dion tratamendua behar du.
d) Barneko banaketa eta antolaketa eraberritzea, betiere eraikuntza-multzoaren egiturazko antolaketa orokorraren ezaugarriei, fatxadei eta horien bolumetriari eragiten ez bazaie. Alde horretatik, banaketak eraikinaren tipologia mistoa (bizitokia eta industria) eta interkonexioa mantendu behar ditu, bai eta espazio esanguratsuenak errespetatu ere.
e) Hondatuta dagoen elementuren baten akabera konpontzeko lanak.
f) Barneko lanak; esate baterako, entokatzea eta pintatzea; zoladurak eta sabaiak egin eta konpontzea; barneko arotzeria-lanak; iturgintzako, berokuntzako eta fumisteriako konponketa-lanak; instalazio elektrikoa eta telekomunikazioko instalazioak; betiere, babes-araubide honetan adierazitakoaren kontra ez badoaz.
13. artikulua.– Kutsadura bisuala eta/edo akustikoa sortzen duten elementuak.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak kentzeko aukerak sustatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baldin eta elementu horiek eragotzi, zaildu edo desitxuratu egiten badute monumentua ikusteko modua, eta haren testuinguruari buruzko balioak hondatzen badituzte.
2.– Aurreko puntuari dagokionez, kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren gaineko nahasmen bisuala eta/edo akustikoa eragiten duten kasuetan:
– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentuaren pertzepzioa eralda dezaketen instalazio iraunkorrak zein aldi baterakoak.
– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, beren forma edo tamainagatik kultura-ondasun babestuan eragin handia badute.
– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide honi lotutako ondasunaren kultura-balioak kaltetzen badituzte.
– Hiri-altzariak jartzea (besteak beste, olanak, mahaitxoak, kioskoak eta antzeko beste elementu batzuk), babestutako ondasuna ikusteko modua desitxuratzen badute.
– Tamaina handiko hiri-hondakinak biltzeko elementuak jartzea; adibidez, zaborrerako edukiontziak.
– Zarata-maila handia sortzen duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea zailtzen dutenak.
Nolanahi ere, monumentuaren inguru hurbilean planteatzen den edozein eraikuntza berrik ondasunaren kultura-balioak errespetatu beharko ditu.