251. zk., 2020ko abenduaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (319 KB - 8 orri.)
- EPUB (226 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5382
275/2020 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.
Nekazaritza-politika bateratuaren finantzaketari buruzko Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 (EE) Erregelamenduak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa (NBEF) eratu zuen, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruko nekazarientzako zuzeneko ordainketak, merkatuko neurriak eta bestelako neurriak, eta nekazaritza-eremuak finantzatzera bideratutako Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa (LGENF) finantzatzeko. Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez ezartzen dira Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (EE) Erregelamenduak ezartzen dituen xedapenak, erakunde ordaintzaileen eta bestelako organoen baimenari eta FEGA eta LGENFen kontuen likidazioari dagokienez.
Aipatutako araudia aplikatuta, egindako aldaketa handien eta Europako funts berrien sorreraren ondorioz, EAEko erakunde ordaintzailea eratzeko urriaren 3ko 194/2006 Dekretua onartu eta argitaratu zen, zeinaren bidez Nekazaritza-politika bateratuaren gastuen erakunde ordaintzailea Euskal Autonomia Erkidegoan eratzeako, eta erakunde horren antolaketa eta funtzionamendua ezartzeko irailaren 26ko 425/1995 Dekretua indargabetu baitzen.
Aipatutako dekretuan, antolaketa eta funtzionamendua ezartzeaz gain, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailea eratu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Araua bera izan zen erakunde ordaintzailearen sorrera-egintza.
Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera, estatu kide bakoitzak lehia-agintaritza bat esleitu behar du, erakundeari baimena eman edo ukatzeko eskumena izango duena, eta agintaritza horrek eman edo ukatuko die baimena erakunde ordaintzaileei egintza ofizial baten bidez, baimen-irizpideen azterketan oinarrituta.
Euskal Autonomia Erkidegoan, «agintaritza eskuduna» Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua da, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l) artikuluaren arabera; izan ere, artikulu horren arabera, gobernu-kontseiluari dagokio «garrantzia edo izaera dela-eta Jaurlaritzak ezagutzea edo aztertzea eskatzen duten gai guztiez arduratzea...».
Aipatutako araudia aplikatuta, 2006ko urriaren 10eko Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiz, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren bitartez eratutako erakunde ordaintzailea baimendu zen.
Halaber, hiru urtean behin, gobernu-kontseiluak hasieran emandako baimen hori luzatu izan du, EAEko erakunde ordaintzaileak Europar Batasuneko araudian ezarritako baimen-irizpideak betetzen jarraitzen duela ikusita. Azken berriztapena 2019ko apirilaren 9koa da, eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabaki bidez egin zen.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduak, zeina Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa baita eta Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) erregelamenduak indargabetzen baititu, nekazaritza politika bateratuaren finantzaketari aplikatu beharreko baldintzak eta arau berariazkoak ezartzen ditu, landa-garapena barne.
Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuak, zeinaz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen baita, erakunde ordaintzaileei eta bestelako organoei, finantza-kudeaketari, kontu-likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokionez, besteak beste, erakunde ordaintzaileak baimentzeko irizpideak finkatzen ditu.
Batzordearen abuztuaren 6ko 908/2014 (EB) Exekuzio-Erregelamenduak, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-xedapenak ezartzen baititu erakunde ordaintzaileei eta bestelako organoei, finantza-kudeaketari, kontu-likidazioari, kontrolen, bermeen eta gardentasunaren gaineko arauei dagokienez, 2. artikuluan, alderdi horien gaineko ikuskapen jarraitua ezartzeaz gain, agintaritza eskudunari betebehar hau ezartzen dio: hiru urtean behin idatziz jakinaraziko dizkio egin dituen ikuskapen- eta jarraipen-lanak batzordeari, eta ikuskatutako erakunde ordaintzaileak baimen-irizpideak betetzen dituen egiaztatuko du.
Erakunde ordaintzaileen eta nekazaritzako Europako funtsak (NBEF eta LGENF) koordinatzeko araubidea ezartzen duen martxoaren 2ko 92/2018 Errege Dekretuaren arabera, NBEF da erakunde koordinatzailea; alegia, besteak beste, Europako Batzordearen esku utzi beharko den informazioa zentralizatuko duen erakundea. Halaber, beharrezko irizten dio autonomia-erkidego bakoitzean NBEFren eta LGENFren ondoriozko gastuak ordainduko dituen erakunde bat eta agintaritza eskudun bat egoteari. Azken horrek aipatutako erakundea baimenduko du, eta egoki funtzionatzen duela zaindu eta kontrolatuko du.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da urriaren 3ko 194/2006 Dekretua indargabetzea eta dekretu hau onartu eta argitaratzea. Nolanahi ere, dekretu berriak lehengoari eutsi egingo dio, Europar Batasunaren funtsen kontura finantzatutako gastuen ordainketan erakunde ordaintzaileak EAEn dituen egoera, funtzioei eta eginbeharrei dagokienez.
Urriaren 3ko 194/2006 Dekretua indargabetzeak ez dio eragingo EAEko erakunde ordaintzailearen izanari eta eraketari, EAEko agintaritza eskudunak behar bezala baimenduta baitago.
Dekretu honen xedea da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17an onartutako 1306/2013 (EE) Erregelamendu berrian xedatutakora egokitzeko. Halaber, erakunde ordaintzaileak ordainketen gainean aurretiaz egin beharreko ikuskapena indartu nahi da. Hala, egiten den funtzioen banaketa berriak saileko egitura organikoari buruzko dekretua aldatzera behartzen du. Dekretu horrek, orain arte, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren eta Zerbitzu Zuzendaritzaren artean banatzen zituen auditoretza eta kontabilitate funtzioak, hurrenez hurren, baina aurrerantzean Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak bete beharreko funtzioen artean sartuko da. Aldaketa horren ondorioz, bi funtzioen kontrola eta zuzendaritza erakunde ordaintzailearen zuzendariak egingo ditu.
Dekretu honek hiru kapitulu, xedapen indargabetzaile bat, xedapen gehigarri bat eta hiru azken xedapen ditu. I. kapitulua orokortasunen gainekoa da; II. kapituluan, NBEF funtsei dagozkien arauen xedapenak daude jasota; eta III. kapituluan LGENF funtsei dagozkien arauen xedapenak.
Dekretu hau prestatzerakoan, kontsulta egin zaie Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoei.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta 2020ko abenduaren 9ko Gobernu Kontseiluak gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Erakunde hori EAEko erakunde ordaintzailea eratzeko urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren bitartez eratu zen, Eusko Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak, EAEko «agintaritza eskudun» gisa 2006ko urriaren 10ean onartutako erabakiaren bidez.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea da nekazaritzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen saila.
2. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen eginkizunak hauek dira:
a) Ordainketak baimendu eta kontrolatzea, onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa Europar Batasunaren araberakoa den zehazteko; zehazki, administrazio-kontrolak eta lekuan bertako kontrolak egingo dira.
b) Ordainketak egitea: eskatzaileari (edo haren lagapendunari) onartutako zenbatekoa ordaintzea, edo landa-garapenaren kasuan, Batasunaren kofinantzaketari dagokiona ordaintzea. Horretarako, Bulego Likidatzaile Ofizialari ordainketa-agindua eman beharko zaio.
c) Ordainketen kontabilitatea: erakundearen kontu-liburuetan, erakundeak NBEF eta LGENF funtsekin loturik egindako gastu guztiak erregistratzeko beharrezko ekintza guztiak egitea, Europar Batasuneko araudiak ezarritako maiztasunarekin (diruz lagundu beharreko neurriaren araberakoa izan ohi da). Kontu horietan, funtsek finantzatutako aktiboak ere erregistratuko dira; kontu-hartzailetzako izakinak, likidatu gabeko aurrerakinak, bermeak eta zordunak, batez ere.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa betez garatuko ditu bere jarduerak, bai eta Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EE) Erregelamendu eskuordetuan eta Batzordearen 2014ko abuztuaren 6ko 908/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduan xedatutakoak ere. 908/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dira, erakunde ordaintzaileei eta beste erakunde batzuei dagokienez, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, kontrolei, bermeei eta gardentasunari buruzko arauei, eta Europar Batasunean arlo horretan aplikagarri den gainerako araudiari dagokienez, aipatutako arauaren arabera bere eginkizunak zehatz betetzeko beharrezko neurriak hartuz.
3.– EAEko erakunde ordaintzailearen antolaketa-egiturarekin, bermatuta egongo da 1. apartatuko a), b) eta c) azpiapartatuetan adierazitako eginkizunak zein bere aldetik gauzatzea.
3. artikulua.– Zerbitzuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak zerbitzu hauek izango ditu:
a) Barne Auditoretzako Zerbitzua: zerbitzu horrek egiaztatu beharko du (nazioartean onartutako arauen arabera) erakunde ordaintzailearen prozedurak, jarduerak, sistemak eta jarduera-mekanismoak Batasuneko araudiarekin bat datozela, bai eta kontabilitatea zehatza, osoa eta egokia dela ere.
b) Zerbitzu teknikoa: ordainketen izapide-prozesuko lan guztiak egin beharko ditu; bai araudiaren jarraipena, informazio-sistemen diseinua eta datu-baseen mantentze-lana, bai ikuskapen-planak eta kontrolak.
4. artikulua.– Zuzeneko esleipenak.
1.– Ordainketak gauzatzea, ordainketen kontabilitatea eta barne-auditoretzako zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak gauzatuko dituen zerbitzuak eta eginkizunak izango dira, eta zuzenean eta eskuordetzeko aukerarik gabe burutuko ditu.
2.– Erakunde ordaintzailearen zuzendaritza-organoa nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko eskumena duen sailean nekazaritza- eta elikadura-arloko eskumena duen zuzendaritza izango da.
5. artikulua.– Harremana.
Estatuko koordinazio-erakundearekiko harremanen ardura, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF) eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEF) datozen gastuen ordainketari dagokionez, gaia zein den kontuan hartuta, erakunde ordaintzailearen zuzendaritzako titularrarena eta ekintzari dagozkion jarduera-arloen ardura duten zuzendaritzena izango da.
6. artikulua.– Egiaztapen-erakundea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, EAEko «agintaritza eskuduna» den aldetik, izendatu eta baimendu duen egiaztapen-erakundeak, aplikatu beharreko Europako araudian ezarritakoarekin bat, irizpen bat emango du, nazioartean onartutako auditoretza-arau hauen arabera egingo dena:
a) Erakunde ordaintzailearen urteko kontuen osotasuna, zehaztasuna eta egiazkotasuna.
b) Barne-kontroleko sistemaren funtzionamendu egokia.
c) Batzordeari itzultzea eskatzen zaion gastuaren legezkotasuna eta zuzentasuna.
2.– Era berean, irizpenean adieraziko da azterketan zalantzaren bat azaltzen den erakunde ordaintzailearen zuzendaritza-organoak kudeaketari buruz egin beharreko aitorpenean azaltzen diren baieztapenen gainean.
7. artikulua.– Gainbegiraketa.
1.– Nekazaritzaren eta elikaduraren arloan eskumena duen saileko titularra izendatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko «agintaritza eskudun», Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea baimentzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko.
2.– «Agintaritza eskudunak» gainbegiratuko du, Europar Batasuneko araudiak ezartzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen funtzionamendu egokia, bai eta baimen-irizpideak betetzen direla ere.
8. artikulua.– Europar Batasuneko eta autonomia-erkidegoko arauak aplikatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea Europar Batasuneko arauen mende egongo da, ordainketak baimendu eta kontrolatzeari, gauzatzeari eta horien kontabilitatea eramateari, eta Europako funtsen diru-sarrerei dagokionez.
2.– Aurrekoa gorabehera, EAEko aurrekontu-araubideko arauak ere aplikatuko dira, edo urteroko aurrekontu- eta diruzaintza-legeetan jasotakoak, funtsaren esleipen ekonomikoen gaineko araudi espezifikoaren arabera.
3.– Ordainketak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiaren berariazko kontu bat erabiliko da.
4.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduaren 47.1 artikuluan xedatuarekin bat, aipatutako funtsei aplikatu beharko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak ezarritako kontabilitateko eta kontu-hartzeko kontrolak.
5.– LGENF eta NBEF funtsen kontura finantzatutako eragiketetan irregulartasunik izanez gero, horiek hauteman eta behar ez bezala ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko, hauek aplikatuko dira: Batzordearen 2015eko uztailaren 8ko 1971/2005 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, zeinaren bidez osatu egiten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsean eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsean hautemandako irregulartasunak jakinarazteari buruzko xedapen espezifikok ezarriz, eta Batzordearen 1848/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen baita; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituena. Halaber, hala dagokionean, Europar Batasuneko araudian xedatutako administrazio-zehapenak aplikatuko dira.
9. artikulua.– Erakunde ordaintzailearen informazio-sistemen segurtasuna.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen informazio-sistemen segurtasuna ISO/IEC 27002 Arauan oinarrituko da, edota Europako Batzordeak baimen dezakeen beste zeinahi arautan, Batzordearen abuztuaren 6ko 907/2015 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren 1. eranskineko 3.B) apartatuan xedatuarekin bat.
10. artikulua.– Finantza-erantzukidetasuna.
1.– LGENF eta NBEF funtsen kontura finantzatutako laguntzen gaineko kudeaketa- eta kontrol-jarduketak direla kausa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoetako foru-organoek beren gain hartuko dituzte zuzenketa finantzarioak, Europar Batasuneko organoek hartutako erabakien eta aipatutako jarduketa horien ondorio badira.
2.– Aurreko apartatuko kasuetan, COPAFA Nekazaritza Funtsen Batzorde Paritarioa izango da ebatziko duena NBEF eta LGENF funtsen kontura finantzatutako laguntzei dagozkien zuzenketa finantzarioak nori esleitu.
3.– Nekazaritza- eta elikadura-arloko eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez ezarriko dira foru-organoei edo Euskal Autonomia Erkidegoari zuzenketa finantzarioak kuantifikatzeko eta esleitzeko irizpideak eta prozedura.
II. KAPITULUA
NBEF FUNTSAK
11. artikulua.– Gastuak finantzatzea NBEF funtsaren kontura.
NBEF funtsaren kontura eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen bitartez, finantzatuko dira Nekazaritza-politika bateratuaren finantzaketari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 4.1 artikuluan aurreikusitako gastuak.
12. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak zuzenean gauzatutako eginkizunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak zuzenean beteko du merkatuak arautzeko edo laguntzeko neurrien ordainketak baimentzeko eginkizuna. Zehazki, nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko zuzendaritza eskudunak garatuko du eginkizun hori, nekazaritza-merkatuak arautzeko neurrien kasuan, eta elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak, nekazaritza-merkatuei laguntzeko neurrien kasuan.
13. artikulua.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoen eginkizunak.
1.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek nekazarientzako eta abeltzainentzako informazio- eta aholkularitza-jarduerak, eskaerak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak gauzatzeko jarduerak egingo dituzte, dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duen Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan ezarritakoaren arabera, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeak eta euroaren erabilerari dagokienez.
2.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen likidazio-bulego ofizialak diren aldetik, onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak intsuldatuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen zuzendariak emandako ordainketa-exekuzioko ebazpena betez, dekretu honen 4. artikuluari jarraikiz.
III. KAPITULUA
LGENF FUNTSAK
14. artikulua.– Gastuak finantzatzea LGENFren kontura.
Batasunaren LGENF funtsaren kontura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen bitartez, finantzatuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatu gastuak, izan lurralde historikoetako foru-organoek kudeatutako laguntzei dagozkienak, izan nekazaritzaren eta elikaduraren arloko sail eskudunak kudeatuei dagozkienak.
15. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak zuzenean gauzatutako eginkizunak.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak zuzenean garatuko du, landa-garapeneko programa eta jarduerei dagokienez, nekazaritzaren eta elikaduraren arloan eskumena duen sailak kudeatutako gastuen ordainketak baimentzeko eginkizuna. Zehazki, baimena emateko eginkizun hori arlo horretan eskumena duten zuzendaritzek beteko dute.
16. artikulua.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek garatutako jarduerak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek, haiek kudeatutako landa-garapenerako laguntzei dagokienez, nekazarientzako eta abeltzainentzako informazio- eta aholkularitza-jarduerak, eskaerak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak gauzatzeko jarduerak egingo dituzte. Jarduera horiek dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duen Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan ezarritakoaren arabera, erakunde ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokienez.
17. artikulua.– Foru-aldundiek kudeatzen dituzten landa-garapenerako laguntzetan jarduteko prozedura.
1.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek, beraiek kudeatzen dituzten landa-garapenerako laguntzei dagokienez, ebazpen bakar batean ebatziko dituzte aurkeztu diren landa-garapenerako laguntzen eskaera guztiak, hala foru-aldundiak finantzatutako zatian, nola LGENF funtsekin finantzatutako zatian.
2.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek laguntzen balizko onuradunei dagokien guztizko zenbatekoa ordainduko dute, hala foru-aldundiak finantzatutako zatian, nola LGENF funtsekin finantzatutako zatian, Batasuneko araudia aplikatuta.
Onuradunei ordainketa egin eta gero, foru-aldundiek erakunde ordaintzaileari Batasuneko funtsak itzultzea eskatuko diote.
3.– Erakunde ordaintzaileak, kontrolak egin direla ikusten duenean eta ordainketa Europako arautegiak errespetatuz ondo egin dela ikusi ondoren, foru-aldundi bakoitzari ordainketa horri dagozkion funtsak bidaliko dizkio.
18. artikulua.– Nekazaritzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen sailak kudeatutako landa-garapenerako laguntzetan jarduteko prozedura.
1.– Nekazaritzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen sailak kudeatzen dituen landa-garapenerako laguntzei dagokienez, gaian gaiko sail eskudunek ebazpen bakar batean emango dute Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuaren konturako laguntza, egoki denean, eta, halaber, erakunde ordaintzaileari proposatuko diote LGENF funtsen konturako laguntza eskuratu ahal izatea. Ebazpen hori jakinarazi eta onuradun bakoitzari EAEko aurrekontuaren kontura finantzatutako laguntzaren zenbatekoa sartuko zaio.
2.– Erakunde ordaintzaileak, behar diren betekizunak eta Europar Batasuneko araudia betetzen direla egiaztatzen duten kontrolak egin ostean, LGENF funtsaren kargura finantzatutako laguntzaren zatia ordaintzeko ebazpena emango du, eta onuradun bakoitzari laguntzaren zenbatekoa ordainduko dio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan ageri diren Europako eta estatuko arau zehatzei egindako erreferentziak unean-unean haiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten arauei egindakotzat hartu behar dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratuko da urriaren 3ko 194/2006 Dekretua, eta dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren lerrun baxuagoko xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Nekazaritzaren eta elikaduraren arloko eskumena duen sailaren titularra gaitzen da, beren eskumenen esparruan, agindu bidez ezar ditzan dekretu hau Europar Batasuneko araudian gerta daitezkeen aldaketa teknikoetara egokitzeko behar diren xedapenak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 9an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.