Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2020ko abenduaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5229

AGINDUA, 2020ko azaroaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 6ko Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak arautzen baitira eta 2020ko deialdia egiten baita.

Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 6ko Aginduaren bidez, osasun-arloko profesionalak prestatzeko 2020ko bekak eta laguntzak iragarri eta arautu ziren.

Beken eta laguntzen onuradun izateko, nahitaezkoa da dagokion elkargo profesionalean elkargokide izatea, eta, beraz, aipatutako betekizunarekin, izapidetze elektronikoa ezartzen da eskabideak aurkezteko modu bakartzat.

Laguntzen eta beken onuradun izan daitezkeen osasun-arloko profesionalen kopurua handitzeko, deialdi horren aginduaren 2. eta 10. artikuluak aldatu dira.

Hori dela eta, indarrean dagoen legediak aitortzen dizkidan ahalmenez baliatuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak arautzen dituen 2020ko Aginduaren 2. artikulua aldatzea. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«2. artikulua.– Onuradunak.

Bekak edo laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, Dirulaguntzen Lege Orokorrak 13. artikuluan xedatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, honako hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulua izatea.

b) Beka- edo laguntza-eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.

c) 1. artikuluan zehaztutako prestakuntza-jardueraren bat egitea.

d) Ez egotea egoitza-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.

Gainera, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 23.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera arauan eta deialdian ezarritako agiriak eta informazioa bidali beharko dute interesdunek; ez dute halakorik bidali beharko baldin eta administrazio jardulearen edozein organoren esku badaude eskatutako dokumentuak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan».

Bigarrena.– Osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak arautzen dituen 2020ko Aginduaren 10.3 artikulua aldatzea. Bada, orain, honela geratuko da idatzita:

«10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

3.– Eskabideak aurkezteko bideak:

a) Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoarekin eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikuluarekin.

b) Aurrez aurre: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten diren erregistro-bulegoetan».

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau indarrean jarri eta Osasuneko sailburuaren 2020ko urriaren 6ko Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartu diren eskabide guztiak (agindu horren bidez, osasun-arloko profesionalak prestatzeko 2020ko bekak eta laguntzak iragarri eta arautzen dira), agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, aldatzeko agindu honetan xedatutakoaren arabera izapidetu eta, hala badagokio, emango dira.

Era berean, eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzen da, hilabetekoa, aldatzeko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 13a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala