Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2020ko azaroaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5002

AGINDUA, 2020ko azaroaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, hirurehun eta hamar milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Azaroaren 3ko 248/2020 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2020ko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak aldatzen dituen urriaren 29ko 1/2020 Legeak araututakoaren arabera, 10.1 artikuluko Gobernu Kontseiluari emandako baimenari jarraituz.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– hirurehun eta hamar milioi (310.000.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, azaroaren 3ko 248/2020 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 310.000.000 euro.

b) Modalitatea: obligazioak.

c) Jaulkitze prozedura: jaulkipen pribatua.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2020ko azaroaren 24a.

e) Korritua: urteko nominalaren % 1,375, urtero urriaren 31n ordainduko dena; kupoi motz bat ordainduko da 2021eko urriaren 31n.

f) Jaulkitze-prezioa: % 98,787.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2070eko urriaren 31.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Harpidetza.

Jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, balore-merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde edo Finantza Politikako zuzendari, edonori, baimena ematen zaio zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetzen ordainketa erakunde mandatatu baten bidez egingo da; jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Baloreen Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemak Kudeatzeko Sozietateak egingo du, horretarako izendatutako Erakunde Eragilearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 13a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala