221. zk., 2020ko azaroaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (279 KB - 4 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
INDARGABETUTAKO XEDAPENA
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
4748
38/2020 DEKRETUA, azaroaren 6koa, lehendakariarena, zeinaren bidez honako dekretu hau aldatzen baita: 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.
Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, hori guztia Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuak, bere eskumenak erabiliz, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.
Aipatutako lehendakariaren 36/2020 Dekretuan konpromisoa hartu zen neurrien ebaluazio jarraitua eta jarraipena egiteko, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko. Horren ondorioz, dekretu berri honetan egiten diren zehaztapenak ezarri dira, Labiren foroan horiek sakon aztertu ondoren.
Euskadiko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.
Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Aldatu egiten da lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren 1.1 artikulua. Dekretu horrek prebentzio-neurri espezifikoak ezartzen ditu, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Honela idatzita geldituko da:
«1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian dauden pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 22:00ak izango da, eta, muga horren amaiera-ordua, 06:00ak.»
Bigarrena.– Aldatu egiten da lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren eranskina. Dekretu horrek prebentzio-neurri espezifikoak ezartzen ditu, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko. Hauek dira aldaketak:
Bat.– Aldatu egiten dira maskara nahitaez erabili beharrari buruzko 1. eta 2. paragrafoak, kautela- eta babes-neurriei buruzko 1. apartatuan, eta honela geratzen dira idatzita:
«Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.
Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekita daudenean, bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik. Arrazoi medikoengatik maskarak erabiltzearen salbuespena ziurtagiri mediko ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.
Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Nolanahi ere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da.»
Bi.– 3. apartatuaren hasieran beste paragrafo bat gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.
Merkataritza-establezimendu guztiek –farmaziek eta erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneek izan ezik– dagokien araudiaren arabera itxi beharko dute, gehienez ere 21:00etan.»
Hiru.– Aldatu egiten da 5. apartatu osoa, eta honela idatzita geratzen da:
«5.– Kultu-lekuak.
Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren % 35 gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Gehieneko edukiera kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan».
Lau.– Aldatu egiten da 9. apartatu osoa, eta honela idatzita geratzen da:
«9.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.
Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuen erabateko itxiera ezartzen da, hoteletako eta ostatu hartuta dauden bezeroen zerbitzurako beste ostatu batzuetako jantokietan izan ezik. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte.
Itxieratik salbuetsita geratzen dira gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta -zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola-, lan- eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.
Kafetegi-zerbitzua modu osagarrian eskaintzen duten okindegi-gozotegi moduko establezimenduek ezin izango dute zerbitzu hori eskaini, eramateko izan ezik.»
Bost.– Hasierako tarteki bat gehitzen zaio 13. apartatuari, eta honela geratzen da idatzita:
«13.– Kultura-jarduera eta -ikuskizunak.
Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan.»
Sei.– Aldatu egiten dira 14., 19. eta 21. apartatu osoak, eta honela idatzita geratzen dira:
«14.– Kirol-instalazioak eta kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egitea.
19.– Aire zabaleko jarduera fisikoa.
21.– Igerilekuak.
Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan.
Salbuetsita daude, eta egin daitezke lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak.
Era berean, gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 40ra mugatuta badago.
Kirol-instalazio mota guztietako aldagelak eta dutxak ixtea erabaki da.
Debekatuta dago jendea kirol-ekitaldietara joatea.
Bakarka edo bizikideekin bakarrik egin ahal izango da kirola. Betiere, igerilekuetan izan ezik, banakako jarduera fisikoa edo kirola maskaraz egin beharko da hiri-inguruneetan.»
Zazpi.– Aldatu egiten da 18. apartatu osoa, eta honela idatzita geratzen da:
«18.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.
Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea erabaki da.»
Zortzi.– Aldatu egiten da garraio publikoa irteteko gehieneko ordutegiari buruzko 20.1.1 apartatuaren tartekia, eta honela idatzita geratzen da:
«Edozein motatako garraio publikoa –EAEko hiru lurralde historikoetako bakoitza baino eremu txikiagokoa– irteteko gehieneko ordutegia 22:30 izango da. Debeku horretatik salbuetsita dago taxiz edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa.»
Bederatzi.– 25. apartatua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«Adinekoentzako egoitza-zentroak.
Abenduaren 5eko Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuan oinarrituta, foru-aldundiek dute eskumena zentroek behar bezala funtzionatzeko eta erabiltzaileen eta profesionalen osasuna bermatzeko behar diren jarraibideak emateko, Osasun Sailarekin koordinatuta eta haren eskumen-eremuari dagozkion neurriak alde batera utzi gabe.»
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek 2020ko azaroaren 7ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.