212. zk., 2020ko urriaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (1090 KB - 30 orri.)
- EPUB (942 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4504
AGINDUA, 2020ko urriaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko arauak ezartzen baitira eta 2020ko deialdia egiten baita.
Osasun Sailaren helburuetariko bat da zerbitzu sanitarioen kalitatearen hobekuntza sustatzea, talde sanitarioaren prestakuntza areagotuz; horregatik, epe ertain eta luzeko estrategia bat planteatu da, Euskal Sistema Sanitarioko langileek praktika profesionalean duten gaitasuna areagotu dezaten.
Horrela, kualifikazio optimoa bermatzeko eta langileen garapen profesionala indartzeko tresna da prestakuntza. Berariaz sustatu nahi dira atzerriko prestakuntza-egonaldiak eta prestakuntza-jarduerak, eta estatuko unibertsitate-ikastegietan konpetentzia aurreratuak eskuratzea alor hauetan: kudeaketa sanitarioa; osasun publikoa (haurren obesitatea); zainketa aringarriak; integrazio asistentziala; familia- eta komunitate-medikuntza; suizidioa prebenitzeko estrategien garapena; Euskadiko Onkologia Plana, eta Nahasmendu Neurodegeneratiboak eta Neuromuskularrak. Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.
Beka- eta laguntza-programa hau bi xedapen hauetan jasota dago: Osasuneko sailburuaren otsailaren 11ko Agindua (Osasun Sailaren 2020ko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duena) eta abenduaren 27ko 13/2019 Legea (Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena).
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da osasunaren arloan 2020. urtean hasiko diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko bekak eta laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egitea. Honako modalitate hauek daude aukeran:
a) Estatuko unibertsitate-ikastegiek, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizatearen Ministerioaren mendeko osasun-institutuek edo autonomia-erkidegoen mendeko osasun-eskolek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea; edo aipatutako erakundeek ematen ez badituzte ere, hitzarmen baten bitartez halako izaera lortzen duten ikastaroetan parte hartzea, baldin eta unibertsitatearen berezko graduondoko tituluen sortzaile badira eta arlo hauetan konpetentzia aurreratuak eskuratzera bideratuta badaude:
– Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola; marketina; giza baliabideak; zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza; kalitatearen kontrola; arreta soziosanitarioa; langile sanitarioen arriskuak; erakunde sanitario motak; kudeaketa sanitarioko politikak; plangintza estrategikoa; zerbitzu sanitarioen ikuskapena, eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.
– Osasun publikoa: nabarmendu behar dira haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia), eta plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak, gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak, eta osasunaren sustapena).
– Zainketa aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; zainketa aringarrietako zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
– Familia- eta komunitate-medikuntza: horren garapena sustatu eta bultzatzea.
– Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, bereziki prozesu asistentzialak integratuz, Euskadiko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.
– Suizidioa prebenitzeko estrategiak.
– Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak.
– Nahasmendu neurodegeneratiboak eta neuromuskularrak.
Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta garatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.
b) Atzerriko unibertsitate-ikastegietan emandako graduondoko ikastaroetara joatea eta prestakuntza-egonaldiak egitea, epe mugatu batez, atzerriko zentro sanitarioetan edo ikerketa sanitarioko zentroetan, osasun-zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutzak eta trebetasunak areagotzera bideratutako prestakuntza-programa indibidualizatuak garatzeko.
2.– Ikastaroek gutxienez 60 ECTS kredituko karga akademikoa izango dute, eta titulu ofizialak zein propioak lortzera bideratuta egon daitezke.
3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.
2. artikulua.– Onuradunak.
Bekak edo laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, Dirulaguntzen Lege Orokorrak 13. artikuluan xedatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, honako hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulua izatea.
b) Beka- edo laguntza-eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.
c) 1. artikuluan zehaztutako prestakuntza-jardueraren bat egitea.
d) Ez egotea egoitza-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.
e) Dagozkien elkargo profesionaletako elkargokide izatea.
Gainera, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 23.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera arauan eta deialdian ezarritako agiriak eta informazioa bidali beharko dute interesdunek; ez dute halakorik bidali beharko, baldin eta administrazio jardulearen edozein organoren esku badaude eskatutako dokumentuak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan.
3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.
1.– 2020. urtean, 108.010 euro bideratuko dira bekak eta laguntzak finantzatzera; horietatik, 64.806 euro 2020ko ekitaldiari dagozkio, eta 43.204 euro, berriz, 2021eko ekitaldiari.
2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu bekak eta laguntzak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kategoria hauetan multzokatzen dira:
a) Beka: hemen sartzen dira b) apartatuan adierazitakoez bestelako mantenu-gastuak eta elkarren segidako hiru (3) hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza-egonaldietan zehar onuradunarekin bizi diren seme-alaba adingabeek sortzen dituzten gastuak –bidaia-gastuak izan ezik– ordaintzeko laguntza osagarria.
b) Laguntza: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua eta ikasmateriala erosteko gastuak hartzen ditu.
2.– Prestakuntza-jarduerarekin batera jarduera ordainduren bat egiten duten pertsonek laguntzak soilik jaso ahalko dituzte; jarduera ordaindurik egiten ez dutenek, berriz, laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte.
3.– Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak:
a) Lekualdaketen kasuan, ostatu-gastuak: mila (1.000) euro hileko.
b) Matrikularen eta ikasmaterialaren gastuak: zortzi mila (8.000) euro.
c) Bidaia-gastuak, guztira: bi mila (2.000) euro.
d) Laguntza-osagarria: hirurehun (300) euro hileko, seme-alaba bakoitzeko.
e) Mantenu-gastuak: bostehun (500) euro hileko.
f) Beka edo laguntza, guztira, aipatutako kontzeptu guztiak aintzat hartuta: mila eta bostehun (1.500) euro hileko.
4.– Beka edo laguntza, gehienez ere, urtebeterako emango da, eta, epe horren barruan, 60 kredituak gainditu beharko dira. Luzeagoa bada egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-plana, beka edo laguntza berriro eskatu beharko da hurrengo deialdian.
5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.
1.– Lehia-konkurrentziako prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.
2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.
3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:
a) Egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek jarduera profesionalarekin duten erlazioa; edo, langabezian badago, eskatzaileak egin dituen ikasketekin duten erlazioa (30 puntu, gehienez).
– 30 puntu emango dira, prestakuntza-jardueraren helburua bada eskatzaileak –orain edo etorkizunean– hobeto betetzea bere lanpostuan esleituta dituen eginkizunak.
– 15 puntu emango dira, prestakuntza-jardueraren helburua bada lanbidearen garapenean eta sustapenean laguntzea, hau da, gaitasuna eta garapen profesionala ematea eskatzailearen lanpostua ez den beste baten zereginak bete ahal izateko. Era berean, 15 puntu emango dira apartatu honetan, eskatzailea langabezian badago.
b) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20 puntu, gehienez).
1) Atzerriko unibertsitate-ikastegietan edo atzerriko unibertsitate-ikastegiei lotutako ospitaleetan edo ikerketa-zentroetan ematen dituzten graduondoko ikastaroetan parte hartzea eta prestakuntza-egonaldiak egitea: ARWU Academic Ranking of World Universities sailkapenaren azken edizioan unibertsitateak duen postuaren arabera.
– Lehenengo 100 postuen artean badago: 20.
– 101. eta 200. postuen artean badago: 15.
– 201. eta 300. postuen artean badago: 10.
– 301. eta 500. postuen artean badago: 5.
2) Unibertsitate-ikastegiek emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea:
– Euskal Herriko Unibertsitatea: 20 puntu.
– Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako unibertsitateak: 17 puntu.
– Estatuko gainerako unibertsitateak.
BBVA-IVIE Fundazioaren unibertsitate espainiarren U-sailkapenaren azken edizioan unibertsitateak duen mailaren arabera.
– Lehenengo 4 mailak: 15.
– 5., 6., eta 7. mailak: 11.
– 8., 9., eta 10. mailak: 8.
– 11. maila eta goragokoak: 5.
3) Atzerriko unibertsitatez kanpoko ikastegietan egindako prestakuntza-egonaldiak.
Prestakuntza-egonaldia unibertsitateari lotuta ez dagoen zentro batean egiten bada, ikasgaian espezializatutako zentroen sailkapen bat bilatuko da –nazioartean onartuta dagoena–, sailkapen horretan zentroa nola dagoen kokatuta, horren arabera egingo da balorazioa.
– Lehen kuartila: 20.
– Bigarren kuartila: 15.
– Hirugarren kuartila: 10.
– Laugarren kuartila: 5.
Ez badago ikasgaian espezializatutako eta nazioartean onartutako zentroen sailkapenik, gaian aditu direnekin kontsultatuko da.
c) Eskatzailearen titulua/k (10 puntu, gehienez).
– Lizentzia edo gradua: 5.
– Masterra: 7.
– Doktoretza: 10.
d) Eskatzaileak zer lan-harreman duen Euskadiko sistema sanitarioarekin, eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen diren arteko egunetan (10 puntu, gehienez).
– Langile finkoa izatea edo espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea agindu hau argitaratu aurreko bi (2) urteetan: 10.
– Bitarteko langilea: 5.
– Behin-behineko langilea edo ordezkoa: 2.
6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea, zenbatekoak zehaztea eta ebazpena proposatzea.
1.– Balorazio Batzordearen eginkizuna izango da eskabideak ebaluatzea, dirulaguntzen zenbateko indibidualak zehaztea eta dirulaguntza eman edo ukatu behar den proposatzea; batzordea artikulu honen 2., 3., eta 4. apartatuetan ezarritakoaren arabera arituko da, eta honela osatuta egongo da:
a) Batzordeburua: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria. (Mikel Sanchez Fernandez).
b) Batzordekideak:
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Laguntza Sanitarioko zuzendaria (Andoni Arcelay Salazar).
– Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko arduraduna (Antonia Daza Gutierrez).
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuko burua (Pako Serna Rodriguez).
– Idazkaria: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikaria (Rafael Andrés Barruso).
2.– Bi fasetan egingo da eskabideak ebaluatzeko eta zenbateko indibidualak zehazteko prozesua:
a) Lehenengo fasea: Programa honen azken hiru (3) deialdietan beka edo laguntzarik lortu ez duten pertsonen eskabideak edo, beka edo laguntza lortu izanik, 2019ko deialdian diruz lagundutako prestakuntza-jarduera batekin jarraitzeko beka- edo laguntza-eskabidea aurkeztu duten pertsonen eskabideak ebaluatuko dira, eta dagozkien zenbatekoak ezarriko.
b) Bigarren fasea: Lehenengo faseko laguntzak emateko proposamenek ez badute aurrekontua agortu, gainerako eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.
3.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak:
a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzenketa egiteko eskaria bete dela 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.
c) 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.
d) Kanpoan uztea hogeita hamabost (35) puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.
e) Gutxienez hogeita hamabost (35) puntu lortu dituzten eskabideei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastuak kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua bat etorriko da 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin.
f) Zenbatekoak zehaztea, diruz lagundu daitekeen gastuari ehuneko hauek aplikatuz.
– % 100: 60 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak.
– % 90: 49 eta 59 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.
– % 80: 35 eta 48 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.
Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa ez bada aski gutxieneko puntuazioa lortu eta gainerako baldintzak bete dituzten eskabide guztiei erantzuteko, apartatu honetan adierazitako zenbatekoetan, zuzkidura ekonomikoa eskabideen artean banatuko da, hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.
4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, ebazpen-proposamena egin eta Osasuneko sailburuordeari bidaliko zaio. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira eskabide bakoitzari dagokionez:
a) Dirulaguntza onartuz gero: onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta dirulaguntzaren zenbatekoa, kategoria zehaztuz.
b) Dirulaguntza ukatuz gero: eskatzailearen nortasuna, zer prestakuntza-jardueratarako egin duen eskaera eta zergatik ez zaion onartu.
7. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez amaituko da prozedura, non 6.4 artikuluan zehaztutako datuak adieraziko baitira; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da ebazpena.
2.– Ebazpena argitaratzeko, gehienez hiru (3) hilabeteko epea egongo da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahalko dute beren eskabidea.
3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko (1) epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Uko egitea.
Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek jakinarazpen-idazki bat aurkeztu beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, 10.3 artikuluan ezarritako bideren bat erabilita, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar (10) eguneko epean.
Onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari epearen barruan, ulertuko da onartu egin duela, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluarekin.
9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.
1.– Bekak ez dira bateragarriak jarduera berbera finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzekin.
2.– Laguntzak bateragarriak dira jarduera berbera finantzatzeko emandako beste dirulaguntza batzuekin, baina, baterako zenbatekoa handiagoa bada jarduerak sortzen dituen gastuak baino, laguntzaren zenbatekoari gaindikinaren zenbatekoa kenduko zaio.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak egiteko, agindu honen eranskinetan jasota dauden eredu normalizatuak beteko dira –erabilgarri daude www.euskadi.eus webgunean–, eta, horrekin batera, prestakuntza-egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-plana bidali beharko da, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.
Hauek dira web-orrian eskura dauden eredu normalizatuak:
– Eskabide-eredua eta eskatzailearen erantzukizun-adierazpena, alderdi hauek egiaztatuko dituena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak eskatzen duenaren arabera:
– Xede eta helburu bererako beste laguntzaren bat jasotzen ari den edo ez administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.
– Ez duela itzulketa-betebeharrik eta ez dagoela Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gainerako debekuen eraginpean.
– Beste administrazio publiko edo erakunde pribatu baten laguntza eskatu duen, eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.
– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez duela ezarrita laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko desgaikuntza berekin dakarren legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
– Eskatzaileak ez duela ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerei dedikazio egokia eskaintzeko, ordaindutako lana edo beste edozein okupazio edukitzeagatik.
– Aitorpen edo ekitaldi horri dagokion denboran zehar aurreko betebeharrak betetzen jarraituko duela, eta baldintzen edozein aldaketa jakinaraziko diola administrazioari, erabateko ez-betetze kasuak eta hirugarrenen eskubideak kaltetzen direla saihesteko.
– Laguntza hauen deialdiaren oinarrietan eta onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela (I. eranskina).
– Adostasuna: deialdiaren organo kudeatzaileari baimena ematea administrazio eskudunera jo eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko. Adostasuna ematearen aurka egonez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.
– (I. eranskina) Prestakuntza-egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren prestakuntza-plana, non hauek jasoko baitira:
– Egonaldiaren edo graduondoko ikastaroaren programa.
– Programaren edukia.
– Jarduerak.
– (II. eranskina) Eskatzailearen curriculuma.
– Datuen alta / Hirugarren interesduna.
– Eskatzaileak Euskadiko Osasun Sistemarekin duen lan-harremanaren ziurtagiria, zerbitzuak ematen dituen entitatearen langile gaietako organo eskudunak emana.
– Egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukien eta eskatzailearen jarduera profesionalaren arteko harremanaren ziurtagiria, zerbitzuak ematen dituen unitatearen arduradunak emana.
– Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo graduondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia.
2.– Prestakuntza-jarduera bat baino gehiagorako dirulaguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.
3.– Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoarekin eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikuluarekin.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa (1) da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar (10) egun emango zaizkio interesdunari akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela.
11. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da justifikazioa; hau da, jatorrizko fakturak eta merkataritza-trafikoan baliozkoak diren edo administrazio-eraginkortasuna duten gainerako frogagiri baliokideak aurkeztuko dira. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak.
Dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntzak edo baliabideak erabili badira jarduerak finantzatzeko, justifikazio horretan, funtsen zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira, bai eta diruz lagundutako jardueretarako erabili izana ere.
Egin beharreko jarduera egin eta hura finantzatzeko funtsak horretarako erabili izana justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, beken zein laguntzen kasuan:
– Egindako gastuen zerrenda, eta horietako bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak.
– Amaierako memoria, egindako prestakuntza-jardueraren deskribapen zehatza jasotzen duena.
– Asebetetze-mailari buruzko galdetegia (III. eranskina).
– Zentroak emandako titulua.
2.– Agiriak 2021eko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, 10.3 artikuluan ezarritako moduan.
12.– artikulua.– Ordainketa.
Ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Zenbatekoaren ehuneko hirurogei (% 60) 8. artikuluan zehaztutako epea igaro eta gero ordainduko da.
b) Gainerakoa (% 40) 11.1 artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztu eta gero ordainduko da.
Salbuespenez laguntzaren % 60 aldez aurretik ordaintzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.1.h) artikuluari jarraituz egin ahal izango da, eta justifikatuta dago onuradunek, askotan, prestakuntza-jarduera hasi aurretik, hainbat gasturi aurre egin behar izaten dietelako.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Indarrean dauden lege- eta erregelamendu-arauetan eta agindu honetako artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte onuradunek, eta konpromiso hauek hartu:
a) Beka edo laguntza jaso izanaren berri emango dute diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egitearen ondoriozko edozein agiri edo zabalkunde-ekitalditan.
b) Diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabiltzeko aukera emango diote Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, zabalkunde eta komunikazio korporatiboko planak lantzeko, eta parte hartuko dute zuzendaritza horrek antolatzen dituen zabalkunde-ekitaldietan.
Gainera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki hauek:
a) Jarduera burutzea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza jasotzeko edo baliatzeko ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituela eta egin beharreko jarduera egin duela.
c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapen-jarduketak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo dituen kontrol-jarduketak onartuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusita dauden jarduketak ere.
d) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik bestelako dirulaguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.
e) Laguntza eman duen erakundeari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak.
Era berean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, esaterako:
a) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
b) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago dirulaguntza jaso duen onuraduna, edo agindu honetan nahiz aplika daitekeen gainerako araudian edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osasuneko sailburuak ebazpen bat emango du, zeinaz deklaratuko baita ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela onuradunak, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza –osorik edo zati bat– eta aplika daitezkeen legezko berandutze-interesak –dirulaguntza ordaindu zenez geroztikoak– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan litezkeen gainerako ekintzak.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
15. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.
Jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta Garapen Profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Ezaugarri hauek ditu tratamendu horrek:
Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Helburua: eskaeren kudeaketa eta irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizuna betetzeko (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: webgune honetan eskura daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086107
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei bi xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie oinarrizko araudi gisa: azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezarritakoa aplikatuko zaie. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 6a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.