Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2020ko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
4448

AGINDUA, 2020ko urriaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko); bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean –Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua– aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.

Bestalde, errege-dekretu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, 3. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoa 3. fasean sartu zen ekainaren 8ko 00:00etan, agindu honen laugarren artikuluaren bosgarren puntuan xedatutakoaren arabera: SND/507/2020 Agindua, ekainaren 6koa, zeinaren bidez zenbait agindu aldatzen baitira nazio mailako murrizketa batzuk malgutzeko eta Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 2. eta 3. faseetara zer lurralde-unitate pasatuko diren ezartzeko.

Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarren dagoen murrizketa-araubidea –SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz–, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin –13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako–.

3. fasea gainditzeak eta, ondorioz, alarma-egoeraren indarraldia amaitzeak esan nahi du Euskadin ondoriorik gabe geratzen direla azken horren esparruan hartutako neurri murriztaile guztiak. Horrela ezartzen du ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak. Baina, aldi berean, horrek berekin dakar euskal lurraldean erabat aplikatu behar direla errege lege-dekretu honetan jasotako xedapenak: 21/2020 Errege Lege Dekretua, ekainaren 9koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena.

Hala ere, manu horrek ez du agortzen 3. fasea gainditu duten lurraldeetan aplikatu beharreko araubidea. Aitzitik, horren artikuluek «osasun-administrazio eskuduna», «hezkuntza-administrazioak» eta, behin eta berriz, «administrazio eskudunak» gaitzen dituzte prebentzio-neurri gehigarriak ezartzeko esku-hartze administratiboko hainbat eremutako jarduerei eta establezimenduei dagokienez. Hori dela eta, beharrezkoa da xedapen autonomiko bat ematea, arau-eremu hori estaliko duena, «administrazio eskuduna» Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra den arlo guztietan.

Bestalde, errege lege-dekretu horren 3.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie, beren eskumenen esparruan, dekretuan ezarritako neurriak behar bezala betetzen direla zaintzea, ikuskatzea eta kontrolatzea. Ondorioz, beharrezkoa da, halaber, Euskadiko administrazio autonomikoak eginkizun horiek betetzeko egingo dituen jarduerak babestu eta aginduko dituzten arauak ematea.

Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, Lehendakariak eman du 14/2020 Dekretua, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren 3. fasea gainditu dela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa normaltasun berrian sartu dela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.

Era berean, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Agindu bidez (2020ko ekainaren 19ko EHAA, 120. Zk.), COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak ezartzen dira, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen alarma-egoera amaitu ostean, osasun-krisialdi hori behin betiko amaitzen den arte.

Agindu honen bosgarren ebazpen-zatian aipatzen da eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurriei jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo zaiela, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Eta gaineratzen du ezen «(...) Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango dituela, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango dituela».

Gerora, hainbat neurri hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eta arau hauetan daude jasota:

– Agindua, 2020ko uztailaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartzen baitira Ordiziako udalerrian sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

– Agindua, 2020ko uztailaren 15ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (Lehenengo aldaketa).

– Agindua, 2020ko uztailaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Ordiziako udalerrirako mantentzen baita 2020ko uztailaren 8ko Aginduaren bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, eta neurri horien eraginkortasuna Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietara zabaltzen baita.

– Agindua, 2020ko uztailaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, batetik, Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietarako mantentzen baita 2020ko uztailaren 8 eta 16ko aginduen bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, bestetik, neurri horien eraginkortasuna Bergara eta Ermuko udalerrietara zabaltzen baita, eta, hirugarrenik, indargabeturik geratzen baitira Ordiziako udalerrirako hartutako neurriak.

– Agindua, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (Bigarren aldaketa).

– Agindua, 2020ko abuztuaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bitartez indarrik gabe uzten baitira Eibar, Ermua eta Zarauzko udalerrietarako hartutako osasun publikoko neurri bereziak (neurri horiek hemen daude jasota: 2020ko uztailaren 21eko Agindua, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, batetik, Eibar, Tolosa eta Zarauzko udalerrietarako mantentzen baita 2020ko uztailaren 8 eta 16ko aginduen bitartez hartutako osasun publikoko neurri berezien indarraldia, bestetik, neurri horien eraginkortasuna Bergara eta Ermuko udalerrietara zabaltzen baita, eta, hirugarrenik, indargabeturik geratzen baitira Ordiziako udalerrirako hartutako neurriak).

– Agindua, 2020ko abuztuaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko uztailaren 28koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero (Hirugarren aldaketa).

– Agindua, 2020ko abuztuaren 19koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Agindu hori uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko aginduen bidez aldatu zen (Laugarren aldaketa).

2020ko abuztuaren 19ko azken agindu horrek hirugarren ebazpen-zatian adierazten du leku desberdinetan gertatzen diren egoera bereziengatik, esaterako, nagusiki udalerri, eskualde edo lurralde batean hedatzen diren agerraldi epidemiologikoengatik, Osasuneko sailburuak neurri bereziak hartu ahal izango dituela lurralde-eremu horretan aplikatzeko, 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean jasotako neurriak osatze edo zabaltze aldera. Neurri horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

Horiek horrela, Segurtasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 14ko Agindu bidez, Osasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi aktibatu zen formalki, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean. Lehendakariaren abuztuaren 15eko 17/2020 Dekretu bidez, Lehendakariak Euskadiko Herri Babeseko Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi zuzentzeko eskumenak bereganatzen ditu, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean. Plan horren barruan, urrian onartu zen COVID 19-aren pandemiak Euskadin izan duen bilakaerari Erkidegoak emango dion erantzunaren balantzea eta aurreikuspena, Bizi Berri II izenarekin. Hain zuzen, Erreferentzia-panel bat sortzen du, unean-unean pandemiaren egoera baloratzeko eta pandemiaren bilakaerari erantzun soziala emateko neurriak arautzeko. 2020ko urritik, Labi bi eremutan dago egituratuta: batetik, Aholku Batzordea, Euskadiko instituzio nagusien ordezkariez osatua; eta, bestetik, Batzorde Teknikoa, Aholku Batzordeari laguntza emango diona. Ildo horretan, aipatutako organoek berretsi egin dituzte, 2020ko urriaren 17an egindako bileran, agindu honek hartzen dituen neurriak.

Horiek horrela, egoera epidemiologikoa azkar aldatu da azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko eremu jakin batzuetan. Zehazki, zenbait udalerritan gaixotasun-kasu batzuk gertatu dira, ezaugarri jakin batzuk dituztenak, eta, ondorioz, komeni da berriz ere prebentzio- eta kontrol-neurri bereziak abian jartzea, gaixotasunak biztanleengan izan dezakeen kutsagarritasuna murrizteko. Agerraldiak izan dira udalerri horietako aisialdiko zenbait tokitan, eta, gainera, komunitate-transmisioa adieraz dezaketen kasuak azaleratzen ari dira.

Agindu honetan hartutako neurri bereziak, nolanahi ere, aipatutako 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren eranskinean ezarritako neurrien osagarriak eta mugatzaileak dira, eta agindu horretan araututako gainerako neurriekin batera aplikatu behar dira, agindu honetan xedatutakoarekin kontraesanean ez dauden bitartean, eta oro har emandako beste xedapen batzuk ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, horiek ere aplikatzekoak izango baitira.

Neurri horiekin, ahal den neurrian, talde-harremanak saihestu nahi dira eremu publikoan zein pribatuan, eta arintzeko prebentzio-neurriak indartu nahi dira, arreta berezia jarriz gizarte- eta familia-bileren eremuan edozein espaziotan; izan ere, Osasun Sailak dituen datuen arabera, horrelako bileretan gertatzen ari dira kutsatzeak, eta ostalaritzan, familia-ospakizunetan eta jaialdietan gertatzen ari dira kasu horiek (ezkontza, bataio, jaunartze, sendotze eta bestelako jaialdi sozialetan eta familia-ospakizunetan, esaterako).

Ostalaritzarekin eta erlijio- eta gizarte-ospakizunekin lotutako agerraldien miaketaren bidez, eremu horietan neurriak hartzea justifikatzen duten ebidentziak daude.

Ostalaritzaren eremuko eta antzeko establezimenduetako (joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak, esaterako) kutsatzeei buruzko datuek beste murrizketa batzuk justifikatzen dituzte, hala nola barruko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izatea, mahai bakoitzean edo mahai-multzo bakoitzean sei pertsona gehienez, maskara nahitaez eta etengabe erabiltzea (kontsumitzeko unean izan ezik) edo 00: 00etan ixtea. Txokoetan eta elkarte gastronomikoetan jarduera oro debekatzea ere justifikatzen dute.

Gizarte- eta familia-ospakizunetako kutsatzeei buruzko datuek justifikatzen dute bizikidetza egonkorreko taldetik kanpo ekitaldi jakin batzuk ospatzeko edo gauzatzeko elkarrekin bizi ez diren pertsonen kopurua murriztea.

Neurriak hartu behar dira, era berean, erabilera komuneko espazioetan, non elkarrekin bizi ez diren pertsona-talde handiak elkartu baitaitezke eta kutsadura-arrisku larria sortu.

Laburbilduz, agindu honetan jasotako murrizketa-neurriek honako hauei eragingo die: ostalaritzari eta jatetxeei, belatorioei eta ehorzketei, kultu-lekuei, ospakizun sozial, erlijioso edo zibilei, bide publikoan jarduten duten merkatuei, akademiei, autoeskolei, irakaskuntza ez-arautuko zentroei eta prestakuntza-zentroei, jarduerak eteteari eta aire zabaleko erabilerako kirol-eremuei, eta eremu publikoko eta pribatuko bileretako pertsona kopurua seira mugatzeari. Era berean, higienearekin eta prebentzioarekin lotutako neurri orokorrak ere ezartzen dira, batez ere aireztatzeari dagokionez; izan ere, birusaren transmisioari buruzko ebidentzia zientifikoa gero eta sendoagoa da barne-espazioetan eta itxietan, eta, bereziki, gutxi edo gaizki aireztatuta dauden espazioetan. Hori kontuan hartuta, erabilera publikoko establezimenduak ahalik eta sarrien aireztatu beharko lituzkete lokalak, eta nolanahi ere, egunean 3 aldiz gutxienez.

Agindu honen bidez hartutako neurri guztien artean, batek, bileretan pertsonen kopurua sei izatera mugatzeak, eremu publiko eta pribatuetan, oinarrizko eskubideak murrizten ditu. Ildo horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak oinarrizko eskubideak mugatuak izan daitezkeela onartzen du, balio konstituzionalen arteko balizko talka egonez gero. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak zenbait oinarri kontuan hartuta muga daitezke. Lehenik eta behin, beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea badute oinarri (Konstituzio Auzitegiaren 43/1983 Epaia, maiatzaren 27koa), mugak beharrezkoak badira lortu nahi den helburua lortzeko (Konstituzio Auzitegiaren 13/1985 Epaia, urtarrilaren 31koa), helburu horretarako proportzionalak badira (Konstituzio Auzitegiaren 37/1989 Epaia, otsailaren 11koa), eta eragindako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzen badute Agindu honetan hartzen diren oinarrizko eskubideak murrizteko neurrien helburua da Euskadiko herritarren bizia eta osasun publikoa babestea, eta, bereziki, kutsatuak izateko eta, pandemian egiaztatu den bezala, bai adinagatik, bai birusarekiko zaurgarriagoak diren gaixotasunengatik sintomatologia larria pairatzeko edo hiltzeko arrisku handiena duten pertsonak babestea.

Horregatik, beste eremu batzuetan hartu izan diren neurriekin batera, beharrezkoa da orain gaixotasuna arintzeko prebentzio-neurriak areagotzea eta neurri horiek betetzen direla zaintzea, gaixotasunaren transmisioa murrizteko. Ildo horretan, areagotu egin behar dira familia- eta gizarte-izaerako bilerak murrizteko neurriak, horiek baitira transmisio-eremu nagusia. Hori dela eta, ezin da neurririk ezarri eremu publikoan eremu pribatuan ere neurriak hartu gabe; izan ere, bestela, kutsatze-eremu nagusia esku hartu gabe utziko litzateke, eta horrek neurrien eraginkortasun eza ekarriko luke bere osotasunean.

Muga horiek, gainera, proportzionaltasun-printzipioa betetzen dute arestian azaldutako guztiarengatik; izan ere, biltzeko eskubidea, eremu publikoan eta pribatuan, pertsona-kopuruari mugatzen zaio soilik, eta ez biltzeko eskubideari berari.

Agindu honetan hartutako neurriak proportzionatutzat jotzen dira, batetik, denbora-tarte jakin baterako hartzen direlako, eta, bestetik, kaltea txikiagoa delako hura saihestearekin gerta daitekeena baino, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartu behar direlako biztanleriaren bizitza ekonomiko eta sozialerako. Beraz, proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, eta azken helburura egokitzen dira (proportzionaltasun-printzipioa), hau da, norbanakoen osasuna eta osasun kolektiboa prebenitzera, babestera eta kontrolatzera; izan ere, haien helburua da kutsatze-kurba kontrolatzea eta apaltzea, osasun publikoko araudiaren esparruan kutsatzeen kontrola bermatzeko eta pertsonen bizitzeko eskubidea, osotasun fisikorako eta osasunerako eskubidea babesteko, eta ahal dela, neurri horiek eta interes ekonomikoak harmonizatzen saiatzea alde batera utzi gabe.

Agindu honek hartzen dituen neurrien arau-oinarria honako hau da: aipatutako 2020ko ekainaren 18ko Agindua; Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

Hain zuzen ere, aipatu beharra dago apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aurreikusten duela, bere lehenengo artikuluan, administrazio publikoetako osasun agintari guztiek lege horretan aurreikusitako neurriak hartu ahal izango dituztela, beren eskumenen esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunei gaikuntza ematen zaie osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela medio edo jarduera baten osasun-baldintzak direla medio. Eta gaixotasun transmitigarrien kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku transmitigarrien kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere. Eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak xedatzen duenez (artikulu hori Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolatzaileei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatu zuen), justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salen ardura izango da osasun-legeriaren arabera hartutako neurriak epaileen bidez baimentzea edo berrestea, hain zuzen, Estatukoa ez den eremuko osasungintzako agintaritzek osasun publikorako premiazkotzat eta beharrezkotzat jotzen dituztenak eta oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea dakartenak, hartzaileak banaka identifikatuta ez daudenean.

Nolanahi ere, hemen ezarritako neurriak etengabe ebaluatuko dira gaixotasunaren bilakaerari dagokionez, hala badagokio, gaixotasunaren hedapenari eusteko osasun-ikuspuntutik egokienak diren neurriak hartzeko. Hala, agindu hau argitaratu eta hamalau egun naturaleko epean, luzatu edo aldatu ahal izango da, edo ondoriorik gabe utzi, bestela, egoera epidemiologikora egokitzeko.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, osasun-arloko agintaritza baliatuz, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpen-zatian eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan araututakoaren arabera, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honen xedea da osasun publikoaren arloan neurri bereziak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz sortutako COVID-19 pandemiaren agerraldi epidemikoari eusteko.

Bigarrena.– Prebentzio-neurriak.

Neurri horiek mugatu eta osatu egiten dituzte Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren eranskinean ezarritakoak. Agindu horren bidez, laugarren aldiz aldatu zen COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzko Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskina, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Plan hori, 2020ko uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko Agindu bidez aldatu zen. Neurri horiek erabat aplikagarriak dira xedatutakoarekin kontraesanean ez dauden bitartean, eta oro har emandako beste xedapen batzuei kalterik egin gabe, horiek ere aplikagarriak izango baitira.

Herritarrek aktiboki lagundu beharko dute agindu honetan ezarritako prebentziozko osasun-neurriak betetzen.

Hirugarrena.– Efikazia.

Neurri hauek 2020ko urriaren 23tik 2020ko azaroaren 4ra arte egongo dira indarrean, biak barne, eta luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera. Egoera hori etengabe ebaluatuko da gaixotasunaren bilakaera behatzeko.

Ondorio horietarako, aldatu ahal izango dira edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira osasun-arloan eskumena duen saileko titularraren aginduz, baldin eta egiaztatzen bada osasunaren ikuspuntutik egokiagoak diren neurriak hartu behar direla gaixotasunaren hedapenari eusteko.

Era berean, agindu honetan hartutako neurriez gain, Osasuneko sailburuak beste neurri murriztaile batzuk hartu ahal izango ditu bere egoera epidemiologikoa larriagotzen den udalerri edo eskualdeetan.

Laugarrena.– Neurriak jakinaraztea.

Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu hau Zerbitzu Juridiko Nagusiari jakinaraztea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.8 artikuluan aurreikusitako berrespen judiziala eskatzeko, hala badagokio.

Bosgarrena.– Argitaratzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai eta Eusko Jaurlaritzaren informazio, izapide eta zerbitzuen orri ofizialean ere (www.euskadi.eus).

Gainera, aginduaren aplikazioan eta ondorioetan inplikatuta dauden agintari guztiei jakinaraziko zaie.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aldatu egiten da Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduaren eranskineko 5. puntua. Agindu horren bidez, laugarren aldiz aldatu zen agindu honen eranskina: Agindua, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero. Plan hori, 2020ko uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko Agindu bidez aldatu zen. Bada, 5. puntu hori, honela geratzen da idatzita.

«5.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerari buruzko neurriak.

5.1.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera presentzial guztiak, araubide orokorreko nahiz araubide bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila guztiak barne, eta goi-mailako hezkuntza, bai eta bizitzan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere, agindu honetan jasotako arauen arabera garatuko dira eta, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurka 2020-2021 ikasturtean jarduteko protokolo orokorrarekin bat etorriz. Protokolo hori Hezkuntza Sailak prestatu du.

5.2.– Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera guztia arautuko duen protokolo bat prestatu eta argitaratuko dute.

5.3.– Era berean, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari laguntzeko zerbitzuek eta administrazioak protokolo espezifiko bat prestatu eta argitaratuko dute, zeinean beren jarduera guztia arautuko baita.

5.4.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera presentzial guztiak prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak errespetatuz egingo dira, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz, eta maskarak erabiliz.»

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 22a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA
PREBENTZIO-NEURRIAK

1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

COVID-19aren goranzko joera itzularazteko eta horren eragina ahalik eta gehien gutxitzeko, herritarrek ezinbestez parte hartu behar dute.

Horretarako, herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

Ezertan eragotzi gabe osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatzeko betebeharra, gomendatzen da edozer talde edo bileratan parte hartzeko gehieneko kopurua sei pertsonakoa izatea, bai espazio publikoetan bai pribatuetan, elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan izan ezik.

2.– Talde espezifikoetako PCR baheketak.

Agerraldi epidemikoren bat izanez gero, edo egoera epidemiologikoak hala egitea gomendatzen duenean, PCR proben bidezko baheketak egingo dira arriskuko biztanlerian eta arriskupean egon daitekeen biztanlerian (adibidez: zentro soziosanitarioetan, transmisio komunitarioko auzoetan, ikastetxeetan, eraginpeko etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan, etab.).

3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.

3.1.– Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin.

3.2.– Hori kontuan hartuta, erabilera publikoko establezimenduak eta tokiak ahalik eta sarrien aireztatu beharko lirateke, eta nolanahi ere, egunean 3 aldiz gutxienez.

3.3.– Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 22:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Hori guztia, ostalaritzako eta jatetxeetako lokalen kasuan izan ezik; horiek irekitzeko eta ixteko ordutegi espezifikoa agindu honetan ezarri da.

4.– Beilak eta ehorzketak.

4.1.– Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.

4.2.– Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada. Gainera, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsona batek ere parte hartu ahal izango du. Leku itxian egiten bada, gehienez ere 10 pertsona izan ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

4.3.– Kasu guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea denbora guztian.

5.– Kultu-lekuak.

Kultu-lekuetan ezingo da edukieraren ehuneko 50eko kopurua gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia egon beharko da. Kulturako erabiltzen den espazioko ikusteko moduko toki batean erakutsi beharko da gehieneko edukiera.

6.– Merkatuak.

Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan, –azoka txiki gisa ezagutzen direnak– ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, halako moduz non pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko baitzaio. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsiko zaio.

7.– Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak, eskolak eta arautu gabeko prestakuntza-zentroak.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, halakoak dagokien erregistroan inskribatuta baitaude, presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.

8.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

8.1.– Barruan baimendutako gehieneko edukieraren % 50eko edukiera baimentzen da, eta mahaien eta, hala badagokio, mahai-multzoen arteko 1,5 metroko distantzia fisikoa ziurtatu beharko da, barruan zein kanpoan. 1,5 metroko distantzia hori mahaietatik edo mahai-multzoetatik gertuen dauden pertsonen artean neurtuko da. Mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko gehienezko okupazioa 6 pertsonakoa izango da, barruan zein kanpoan. Horretarako erabiltzen den mahaiak edo mahai-multzoak pertsona kopuruaren araberakoak izan behar dute, eta ahalbidetu behar dute pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia errespetatzea. Puntu honetan adierazitako distantziaren muga ez zaie aplikatuko bizikidetza-unitate bereko kideei.

8.2.– Kontsumoa eserita egingo da beti. Bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da beti, eta denbora guztian eserita egon beharko dute. Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 6 laguneko taldeetan. Betiere ziurtatu beharko da bezeroen edo bezero-taldeen arteko segurtasun-tarte egokia mantentzen dela, bai establezimenduaren barruko barran eta mahaietan, bai establezimenduaren kanpoaldean, eta bezero edo bertaratu guztiek eserita egon beharko dute. Puntu honetan adierazitako distantziaren muga ez zaie aplikatuko bizikidetza-unitate bereko kideei.

8.3.– Maskara nahitaez erabili beharko da une oro, kontsumitzeko berariazko unean izan ezik.

8.4.– Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta agindu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak ondoriorik gabe utziko dira.

8.5.– Ostalaritza eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuek, terrazek barne, 00:00ak baino lehen itxi beharko dute, bezeroz hustu ondoren. Lokala itxita egon beharko da jendearentzat eta ezin izango da berriro ireki 06:00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

8.6.– Aurreko puntuan ezarritako ordutegi-mugak ez zaizkie aplikatuko erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Zerbitzuguneen titularrek bermatuko dute instalazioetako komun- eta ostalaritza-zerbitzuak eskuragarri egongo direla garraio profesionaleko zerbitzuak ematen ari diren pertsonentzat soilik. Zerbitzu horien artean, honako hauek egongo dira: sukaldea duten establezimenduetako catering-zerbitzuak (sukaldea irekita egon ahal izango da); ostalaritza-zerbitzuak; edo prestatutako janaria saltzeko makinak. Zerbitzu horietan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, eta ezin izango dute beste zerbitzurik eskaini aurreko puntuan adierazitako ordutegi-mugaren barruan; horrez gain, gehienez ere hamar laguneko edukiera izango dute.

8.7.– Debekatuta dago txokoetan eta elkarte gastronomikoetan edozer jarduera mota egitea, eta itxita egon beharko dute.

9.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako gune komunak.

9.1.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera % 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

9.2.– Gehienez ere 6 pertsonako taldetan egin daitezke cocktail-ak eta buffetak, barne-lokal bakoitzeko edo behar bezala mugatutako kanpo-eremu bakoitzeko. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuta, maskara erabiliz.

9.3.– Animazio-jarduerak edo talde-eskolak gehienez ere 6 lagunentzako edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. Jardueran parte hartzen duten pertsonen arteko eta horien eta animatzailearen arteko distantzia errespetatu beharko da, edo, bestela, babes fisikoko neurriak erabili. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

9.4.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako kirol-instalazioen kasuan, hala nola igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.

10.– Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.

10.1.– Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida barne, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

10.2.– Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren % 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).

11.– Azoka-esparruak.

11.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte; eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Azoka-jarduera horri lotutako ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari dagokionez, agindu honen 8. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak bete beharko dira.

11.2.– Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

11.3.– Azoka-esparruek ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte bisitari, erakustoki, antolatzaile, hornitzaile eta langileei ingurune segurua ziurtatzeko, higiene- eta osasun-berme handienekin. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; osasun-agintari eta -zerbitzuekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarrien aurreko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.

12.– Kultura-jarduerak eta -ikuskizunak.

12.1.– Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta).

12.2.– Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren % 50eko gehieneko edukiera baimenduarekin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

13.– Kirol-instalazioak eta kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egitea.

13.1.– Kirol-instalazioetan, baimenduko den gehieneko edukiera izango da instalazioaren edukiera baimenduaren % 50. Aldagelak eta dutxak erabiltzea baimentzen da, babes-arauak betez eta pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia mantenduz. Taldean ematen diren eskoletan, gehienezko parte-hartzaile kopurua 6 lagunekoa izango da talde bakoitzeko, eta eskola ematen den espazioan puntu honetan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

13.2.– Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoa espazio itxietan dela; espazio horien edukiera baimenduaren % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da, eta gehienez ere 400 pertsonara arte izan ahalko dira. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

13.3.– Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoa aire zabalean dela; espazio horien edukiera baimenduaren % 50eko gehieneko edukiera baimenduko da, eta gehienez ere 600 pertsonara arte izan ahalko dira. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik; horiek ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

13.4.– Aire libreko kirol-lehiaketak egitean, esaterako, arraunketa, atletismoa, errepideko txirrindularitza, automobil-rallyak eta antzekoak, ekitaldia gauzatuko den espazioa edo ibilbidea aurrez mugatuko da, eta espazio edo ibilbide bakoitzean gehienez ere 600 pertsona baimenduko da. Bertaratzen diren edo parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantenduko da, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

14.– Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.

Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

15.– Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.

Taldeen bisitak gehienez ere 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida barne; jarduera egiten den bitartean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira.

16.– Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.

Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztiek ohiko ikuskizunetarako, ikuskizun orokorretarako edo bestelakoetarako beren zezen-jarduera egin ahal izango dute, baldin eta aurrez esleitutako eserlekuak badituzte eta baimendutako edukieraren % 50 gainditzen ez badute; nolanahi ere, gehienez ere 600 pertsona izango dira, eta esparruan modu homogeneoan banatuko dira. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.

17.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

Joko eta apustuetarako establezimendu eta lokalek 00: 00ak baino lehen itxi beharko dute. Lokal horiek itxita egon beharko dute jendearentzat, eta ezin izango dira berriro ireki 06: 00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

18.– Aire zabaleko jarduera fisikoa.

Banaka edo taldeka egin daiteke, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere 6 pertsonako taldeetan.

19.– Eskola-kirola.

Bertan behera uzten dira 2007. urtean eta hurrengoetan jaiotako ikasleek parte hartzen duten eskola-kiroleko lehiaketak, hau da, eskola-orduetatik kanpo eta eskolatze-aldian (16 urtera arte) ikastetxeetan, kirol-instalazio publikoetan edo pribatuetan (kirol-klubetan, esaterako) egiten diren kirol-jarduera antolatuak.


Azterketa dokumentala