Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2020ko abuztuaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3303

AGINDUA, 2020ko abuztuaren 14koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, COVID-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak eragindako egoera dela eta.

Azken alerta sanitarioek, bai lurraldean bai mundu osoan, agerian utzi dute aparteko eta premiazko neurriak hartu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19 birusaren edo herri-mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak 2020ko abuztuaren 14an ebazpena egin du, zeinean deklaratzen baitu Euskadin osasun publikoko larrialdi-egoera deklaratu behar dela eta horretarako arrazoi hauek daudela: egoera epidemiologikoa; nazioarteko aurretiazko esperientzia; Osasun Mundu Erakundearen gomendioak; erasan epidemiologikoa, eta Euskadiko Sistema Sanitarioaren egoera. Beraz, larrialdian gaudenez gero, nahitaezkoa da aparteko eta premiazko neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan COVID-19 birusaren edo herri-mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko.

2020ko abuztuaren 14an, Osasuneko sailburuak Segurtasun Sailari eskatu dio Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana formalki aktiba dezan, COVID-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.

Euskadiko Babes Zibileko Planak Euskal Autonomia Erkidegoaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren nolakotasunak, zabalkundeak edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak autonomia-mailako zuzendaritza eskatzen duenean (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 29.e) artikulua).

Osasun-agintariek azaldutakoa kontuan hartuta, beharrezkoa da haiek xedatutako neurriak indartzea, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistemak eskaintzen duen antolamenduaren laguntzarekin, haren arrisku-inbentarioan arrisku epidemiologikoa jasota baitago.

Gaur egun behar diren neurriek aditu epidemiologikoek onartutako osasun publikoko irizpideei erantzuten diete; hala ere, larrialdiak eta babes zibila kudeatzen dituen euskal sistema aktibatzeak lagundu dezake gutxitzen honelako egoera batek gizartean eragin lezakeen nahasmendua, uneoro behar diren sorospena eta laguntza ematen ditu eta.

Euskadiko Babes Zibilaren Plana ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu haren bidez, orobat, Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izenekoa onartu zen, eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio-bideak arautu ziren. Plan hura urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretuaren bidez aldatu zen (dekretu hark onartu zuen Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labiren aparteko berrikusketa).

Plan horren funtzionaltasuna bere malgutasunean oinarritzen da, bere aktibatzea eta unean-unean hartu beharreko neurriak egokituko baititu egoerak eskatzen duenera. Labiren aktibatzeak ez dakar dagoeneko badagoen antolamendua zokoratzea, ez eta osasun-erantzukizunak zokoratzea ere, Labiren beste mekanismo batzuekin bateratzea baizik, mekanismo hori beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuak bermatzeko edo osasun arlotik haratago doazen zenbait jarduera koordinatzeko.

Aktibatzea da, funtsean, agintari eskudunak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana martxan jartzea. Aktibatzea jende guztiari jakinarazi behar zaio, guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

Segurtasuneko sailburuak formalki aktibatu behar du Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana (Labi), Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren 11.h) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Segurtasuneko sailburuaren ardura izango dira, orobat, haren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa. Hala ere, Lehendakariak bere gain hartu ahal izango ditu eskumen horiek, haren hedapena berezia dela edo intentsitatea larria dela ikusiz gero.

Horregatik guztiagatik, eta Osasuneko sailburuaren eskariz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formalki aktibatzea Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, COVID-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko alerta epidemiologikoari aurre egiteko.

Bigarrena.– Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko planean aurreikusitako zuzendaritza-egitura beharren araberakoa izango da, eta barruan hartuko ditu orain arte alerta epidemiologikoaren kudeaketan ari diren organo, batzorde, talde eta azpibatzorde guztiak, eta haiei guztiei Labiren egiturak babesa emango die.

Hirugarrena.– Agindu hau sinatzen den unean bertan jarriko da indarrean Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana aktibatzea, eta aktibatze hori biztanleriari jakinaraziko zaio Planean aurreikusitako bideak erabiliz, eta Lehendakariari, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariari, udal- eta foru-agintariei ere jakinaraziko zaie, bai eta gainerako agintariei eta Plana giza baliabidez edo baliabide materialez hornitzen duten zerbitzuei ere.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abuztuaren 14a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala