Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2020ko abuztuaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3159

1/2020 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena.

Eusko Legebiltzarrak uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legearen azken xedapenetako lehenengoak Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dio legea indarrean jarri eta hamabi hilabeteko epean arau horren testu bategina prestatu eta onetsi dezan, segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak proposatuta. Horretarako, behar den guztietan, berriz zenbakituko dira artikuluak, kapituluak eta xedapenak; legeen barne-igorpenak egokituko dira; hizkuntza harmonizatuko da sexismorik gabeko hizkuntzaren eskakizunen arabera, eta batu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatuko dira.

Baimen hori dela bide, testu bategin hau prestatu da irizpide hauen arabera:

Lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legea aldatu duten arauak bildu dira, xedapen horiek baloratzeko xedez. Izan ere, testuaren barruan sartuko dira indarrean dauden eta, edukiari erreparatuta, testu bateginaren parte izan behar dutenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legea bost aldiz aldatu da, eta aldaketak testu ia osoan egin dira; gainera, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak haren edukiaren zati handi bat bereizi zuen, eta, horren ondorioz, izatez, haren xedea eta esparrua aldatu ziren; izan ere, zenbait alderdi igaro ziren arau horretara, adibidez: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, Udaltzaingoaren koordinazioa, eta segurtasun publikoaren sistema planifikatu eta antolatzeko beste alderdi komun batzuk. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legea mugatuta geratu zen poliziaren antolaketaren berezitasunera eta langileen estatutu-araubidera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legetik eduki horiek ateratzeak, gainera, poliziaren legearen beraren egiturari eragiten dio, berriro pentsatu behar delako zer-nolako zatiketa egin zen Udaltzaingoaren erregulazioan, I. eta V. tituluen artean banatuta. Eta, Udaltzaingoari dagokion horretaz gain, eduki-hustuketa horrek poliziaren legearen barne-egituran nolabaiteko desoreka utzi du segurtasunaren administrazioari buruzko tituluari dagokionez, eta 15/2012 Legearen manuekin harmonizatu behar da, lotuta dago eta.

Hori guztiori dela eta, lehendik zeuden arauak ordenatu eta zenbakitu behar dira eta, hala behar bada, zenbait manu ere birkokatuko dira edukiari begira sistematikoki ondoen egokitzen zaien tokian.

Harmonizatu, erregularizatu eta argitu behar hori argi nabaritzen da, era berean, aldaketak egiteko legeetan agertu diren arau batzuk integratzeko ere; izan ere, xedapen gehigarri, iragankor eta azken xedapen gisa agertu dira eta baliteke gaur egun ere indarrean egotea.

Bigarrenik, erabilitako lexikoa eguneratu eta berraztertu dugu, baita kontu gramatikalak ere, eta, horrekin batera, lan zorrotza egin dugu testuan desberdin erabiltzen ziren termino batzuk bateratzeko, testuak behar duen barne-kohesioa izan dezan. Sailen izenak bateratu ditugu, sexismorik gabeko hizkuntza normalizatu eta euskarazko bertsioaren termino-zaharkitzeari erantzuna eman.

Horretaz gain, hobekuntza teknikoen artean, artikuluak antolatzeko moduan egindako aldaketak nabarmendu behar ditugu; izan ere, artikulu batzuek eduki trinko eta luzea daukate, izan dituzten aldaketa guztien ondorioz. Alde horretatik, manu luze batzuk zenbait artikulutan banatu daitezke.

Horri loturik, artikuluen zenbakiak egokitu ditugu eta, ondorioz, euren arteko igorpenak eta konkordantziak ere; halaber, lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzeko behar diren aldaketak ere egin ditugu, ez baita ahaztu behar testu bategin honen bidez berritzeko gaitasuna postu horietara soilik muga daitekeela; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren baimena ez dago testu bakar bat egite hutsera mugatuta.

Hori dela eta, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 30ean egindako bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onestea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen da honen bidez. Honi erantsita dago testua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.

Beste xedapen batzuetan Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeari egindako arau-erreferentziak testu bategin honetako manuei egindakotzat hartuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen testu artikulatua eta hura aldatu duten legeak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean legegintzako dekretu hau eta dekretuak duen testu bategina.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO POLIZIAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA.
ATARIKO TITULUA

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea honako hauek erregulatzea da: Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren araubidea eta administrazioa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen mendeko langileen araubide espezifikoa ere.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko poliziari aplikatu behar zaio eta, lege honen ondoreetarako, hauek osatzen dute polizia:

a) Ertzaintza –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoa–, eta

b) Udaltzaingoa –Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen mendeko toki-poliziaren kidegoak eta zerbitzuak–, baldin eta legeak ez badu esklusiboki Ertzaintza aipatzen, hartara eragotzi barik tokiko funtzionario horiei aplikatu behar zaizkien oinarrizko estatu-legeak.

2.– Euren estatutu-araubideari dagokionez, modu osagarri batean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko lege orokorretan xedatutakoa bete behar dute Ertzaintzako eta Udaltzaingoko funtzionarioek.

3.– Halaber, hauei ere aplikatu behar zaie, legean bertan adierazitako moduan:

a) Udaltzain-laguntzaileen irudiaren araubide espezifikoa.

b) Mugikortasun-agenteen irudiaren araubide espezifikoa.

4.– Lege honetan aurreikusi ez den guztirako, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren jarduketa, zerbitzu eta prestazioetan honako hauetan xedatutakoa beteko da: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, eta, era berean, segurtasun publikoaren ordenamendu aplikagarria.

3. artikulua.– Misioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren misioa hau da: eskubideak eta askatasunak askatasunez balia daitezen babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea; horretarako, legearekin bat etorriz, elkarbizitza baketsua zaindu behar dute eta pertsonak eta ondasunak babestu behar dituzte.

4. artikulua.– Orientazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasunaren politika gizarte-ongizatea lortzera bideratuko da. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazioetan garatzen diren politikekin koordinatuko da gizarte-bazterkeriari erantzun bat emateko, eta gizarte-eragileen eskaerak ere hartuko ditu kontuan.

I. TITULUA
SEGURTASUNA ADMINISTRATZEA
I. KAPITULUA
ORGANOAK ETA ESKUMENAK

5. artikulua.– Segurtasunaren arloko agintariak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskudantzien esparruan, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 4. artikuluan adierazitakoak dira segurtasunaren arloko agintariak.

6. artikulua.– Segurtasunaren arloko sail eskuduna.

1.– Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu orokorrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan saila da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasunaren politikaz arduratu behar duen organoa.

2.– Eusko Jaurlaritzaren aginte gorena lehendakariaren bitartez gauzatzen da, eta, haren agindupean, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailari dagozkio Ertzaintzaren eta haren zerbitzu osagarrien burutza eta goi-zuzendaritza, batez ere eginkizun hauei dagokienez:

a) Zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta ikuskatzea.

b) Planen plangintza orokorra eta koordinazio tekniko-operatiboa gauzatzea.

c) Jardun ekonomikorako planak eta proiektuak egin, koordinatu eta exekutatzea, Gobernu Kontseiluari eta beste organo batzuei dagozkionak izan ezik, indarreko legeekin bat etorriz.

d) Antolaketari, koordinazioari eta garapenari buruzko azterlan orokorrak egitea.

e) Ertzaintzako funtzionarioen estatutu-araubidea aplikatu eta gainbegiratzea, Gobernu Kontseiluari dagozkion ahalak eta beste organo batzuei emandakoak izan ezik, lege honetan xedatutakoaren arabera; eta, langile funtzionarioen ordezkariekiko negoziazioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaritza zehaztea.

f) Ertzaintzaren zerbitzu osagarriei atxikitako langileak kudeatzea, Euskal Funtzio Publiko osoari aplikatzen zaizkien irizpide orokorrekin bat etorriz.

3.– Segurtasunaren arloko sail eskudunari dagokio Ertzaintza eta zerbitzu osagarriak Udaltzaingoarekin koordina daitezen sustatzea, betiere Udaltzaingoaren autonomia organikoa eta funtzionala errespetatuta.

4.– Aurreko apartatuan adierazitako eskumenak direla eta, ez da eragotziko indarreko arauek emandako beste ezein eskumen, eta sailaren organoei dagokie eskumen horiek baliatzea euren egitura organikoan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Udalerriak.

Udalerriek segurtasuna mantentzen hartzen dute parte, honako hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: lege honetan, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean, eta Udaltzaingoaren zerbitzuei aplikatzen zaien gainerako ordenamenduan. Horretarako, parte-hartze horretan, tokiko polizia-zerbitzuak planifikatu, zuzendu eta kudeatzea dagokie udalerriei.

8. artikulua.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ardura da Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidego eta -zerbitzuetako langileen gaikuntza profesionala eta, hala badagokio, langileen hautaketa, lege honetan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen II. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

II. KAPITULUA
ERTZAINTZAREN KONTSEILUA

9. artikulua.– Izaera eta osaera.

1.– Ertzaintzaren Kontseilua sortzen da organo paritario gisa, Ertzaintzaren aholku- eta proposamen-organoa izan dadin.

2.– Kontseiluburua segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburua izango da, eta sail horretako bost ordezkarik eta kidegoko funtzionarioen beste bost ordezkarik osatuko dute kontseilua.

3.– Segurtasunaren arloko sail eskudunaren ordezkariak izendatzea eta kargutik kentzea sail horretako sailburuari dagokio.

4.– Funtzionarioen ordezkariak hauteskunde-entzunaldiaren sistemaren bidez izendatuko dira, eta kontuan hartuko dira kapitulu honetan xedatutakoa eta garapenerako ematen diren erregelamendu-arauak.

10. artikulua.– Eginkizunak.

Ertzaintzaren Kontseiluari hauek dagozkio:

a) Proposamenak egitea lanpostuak hornitzeko lehiaketetan aplikatu beharreko irizpideei buruz.

b) Kontsultak erantzutea estatutu profesionalari buruzko gaietan.

c) Lan egiteko metodoak eta teknikak modernizatzeko programak egiten parte hartzea.

d) Txostenak egitea diziplina-espedienteen ebazpen-proposamenei buruz, baldin eta zerbitzutik kentzeko zehapena proposatzen bada, eta inputatutako egitateak izan ziren garaiko ordezkari sindikalen kontra instruitutako espediente guztietan. Halaber, entzuna izatea funtzionarioak birgaitzeko espedienteetan.

e) Txostenak egitea, hilabeteko epean, estatutu-araubideari buruzko gaiak ukitzen dituzten xedapen orokorretarako proiektuetan eta lege-aurreproiektuetan.

f) Bere antolaketa- eta funtzionamendu-arauak onestea; horretarako, akordio-araubideari dagokionez, arauok egokituta egongo dira sektore publikoaren araubide juridikoaren gaineko indarreko arauetan kide anitzeko organoetarako xedatutakoaren arabera.

g) Neurriak eztabaidatu eta proposatzea Ertzaintzako langileen gaineko politikaz eta, batez ere, sartzeko sistemez, lanpostu-zerrendez, sustapenaz eta karrera profesionalaz, baita lansariak aplikatzeaz ere, eta txostenak egitea berariazko osagarria eta produktibitate-osagarria zehazteko irizpide orokorrez.

h) Kideetako edozeinek proposatutako aztergaien berri jakitea eta haien berri ematea, eskumeneko gaiei badagozkie, eta egoki iritzitako neurriak proposatzea.

i) Aldian-aldian informatuta egotea ea dominarik eman zaien Ertzaintzako langileei polizia-merezimenduagatik, edo ea aitortu den 136. artikuluan aurreikusitako ohorezko igoerarik. Halaber, entzuna izatea zerbitzu-egintzetako deklarazio-espedienteetan.

j) Txostenak egitea bigarren jarduerara igarotzeko erabakigarriak diren ezintasunen taula arautzen duten erregelamendu-xedapenen gainean.

k) Legeek eta xedapen orokorrek ematen dizkioten gainerako eginkizunak egikaritzea.

11. artikulua.– Izendapena.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailaren ordezkariak izendatzea eta kargutik kentzea sail horretako sailburuari dagokio.

2.– Funtzionarioen ordezkariak izendatzea lege honen 119. eta 120. artikuluetan xedatutakoaren araberako ordezkaritza lortu duten erakunde sindikalei dagokie, bakoitzak lortu dituen botoen proportzio berean, eta aipatutako manuaren bosgarren apartatuan ezarritako arauak beteko dituzte. Edonola ere, kidegoko karrerako funtzionarioak izango dira, zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran daudenen artean aukeratuta.

12. artikulua.– Kargu-uztea.

1.– Funtzionarioen ordezkariek ordezkari izateari utziko diote arrazoi hauetariko edozeinengatik:

a) Agintaldia amaitzea, lau urtekoa baita. Hala ere, epe hori amaituta, beste ordezkari batzuk izendatu ezean, agintaldia luzatutakotzat hartuko da izendatu arte.

b) Funtzionario izateari uztea.

c) Zerbitzu aktiboa eta bigarren jarduera ez den beste administrazio-egoeraren batera igarotzea.

d) Hiltzea.

e) Uko egitea, espresuki eta kontseiluburuari zuzendutako idazki baten bidez adierazita.

f) Izendatu dituen erakunde sindikalak postutik mugiaraztea. Espresuki mugiarazi beharko da, eta kontseiluburuari zuzendutako idazki baten bidez adierazi.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako egoeretan, hutsik geratu den postua betetzeko hautagaia dagokion erakunde sindikalak izendatuko du. Ordezkoa ordezko izango da agintaldia amaitu arteko denboran.

III. KAPITULUA
KONTROL- ETA GARDENTASUN-MEKANISMOAK

13. artikulua.– Kontrol-mekanismoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia erantzule da herritarren aurrean bere jardunaren zuzentasunaz eta efikaziaz, lege honetan aurreikusitako mekanismoen bidez, bai eta administrazio-jarduerarako dauden kontrol jurisdikzionalaren eta kontrol parlamentarioaren bidez ere.

2.– Kexak tratatzeko eta ustezko jardunbide txarrak ikertzeko prozedura eraginkorrak eta inpartzialak ezarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak dauzkaten administrazio publikoek; prozedura horiek erantzukizuna erraztuko dute, eta herritarren eta poliziaren arteko komunikazioan eta elkar-ulertzean oinarrituko dira.

LEHENENGO ATALA
KEXAK TRATATZEKO SISTEMA

14. artikulua.– Kexak aurkeztea.

1.– Herritarrek Ekinbiden aurkeztu ahal izango dituzte polizia-zerbitzuen funtzionamenduari buruzko kexak. Segurtasun publikoko sistema hobetzeko ekimen herritarren bulegoa da Ekinbide, eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 16. artikuluan dago araututa. Nolanahi ere, toki-administrazioetako zerbitzuetan dauden kexa-mekanismoetara ere jo ahal izango dute.

2.– Ekinbiden Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoen zerbitzuei buruz jasotako kexak tokiko agintariei bidaliko zaizkie, izapidetu ditzaten.

15. artikulua.– Gatazkak ebazteko metodo alternatiboak.

1.– Gatazkak ebazteko metodo alternatiboak arbitratu ahal izango dira, hala nola bitartekaritza, metodook erantzuna emateko eraginkorragoak badira eta aldeak ados badaude betiere.

2.– Ez dira baliatuko metodo alternatibo informal horiek, gaitzespen penal edo diziplinazkoren bat merezi duten jokabideengatiko kexak badira.

16. artikulua.– Jarraipena eta publikotasuna.

1.– Ekinbidek aurkezten diren kexen jarraipena egingo du, errepikatzen den elementurik dagoen aztertzeko eta, hala bada, arrazoiak ikertzeko.

2.– Argitara emango dira Ekinbidek kexei buruz egindako ebazpen-txostenak, betiere datu pertsonalen konfidentzialtasuna errespetatuta, edo legearen arabera konfidentzialtasunez edo erreserbaz gorde behar diren bestelako datuen konfidentzialtasuna errespetatuta.

3.– Kexak tratatzeko sistemaren emaitzak Ekinbidek Legebiltzarrari aurkezten dion urteko memorian sartuko dira, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Ekinbidek formatu arautu bat sortuko du Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideen zerbitzua hartu duten pertsonen esker ona eta zorionak biltzeko, aurreko puntuetan adierazitako oihartzun berarekin. Halaber, zorion eta esker on horiek kontuan hartuko dira dominak edo kondekorazioak emateko, horrela badagokio.

BIGARREN ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO POLIZIAREN KONTROL- ETA GARDENTASUN-BATZORDEA

17. artikulua.– Sorrera eta eginkizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzen da, kide anitzeko organo gisa, zeinak autonomia funtzionala izango baitu polizia-erakundeari eta Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailari begira. Horrela, legitimitatea eta herritarren konfiantza indartu nahi dira, hau da, polizia-jardunaren gaineko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibotasunarekiko konfiantza.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruko jokabide edo jardunbideak ikertzea, 19.1 artikuluan adierazitako erakundeek hala eskatuta, baldin eta eskubideak urratzeagatiko kexaren bat jaso bada, edo bestelako kexaren bat, eta horrek benetako kezka sortzen badu, herritarren konfiantza kaltetu dezakeelako.

b) Gorabehera hauek ofizioz eta nahitaez ikertzea: poliziaren esku-hartze edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean, norbait hiltzea edo larriki lesionatzea. Ertzaintzak edo Udaltzaingoak, nahitaez, berehala jakinarazi beharko diote batzordeari zer gertatu den.

c) Aurreko eginkizunak gauzatzeko egindako ikerketak ikusita, jardunbide onak gomendatzea, poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide-patroiak edo jardunbideak identifikatzea, eta neurri zuzentzaileak edo prebentziozkoak proposatzea.

3.– Aztertzen ari den polizia-jarduketa agindu edo mandatu judizialak betetzearen ondorio denean, batzordeak ez ditu agindu edo mandatu horiek aztertuko; hala ere, hori ez da eragozpena izango ikertzeko nola bete diren, baldin eta polizia-erabakiren baterako tarterik egon bada.

18. artikulua.– Osaera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea hauek osatuko dute: batzordeburuak eta Gobernu Kontseiluak izendatutako beste bost lagunek, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak proposatuta. Horretarako, emakumeen eta gizonen presentzia paritarioaren printzipioa beteko da, eta hautatuek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia izan beharko dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan.

Kideen herenak izango dira Eusko Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan egon diren edo orain dauden pertsonen artetik aukeratuak, eta, gutxienez, hamabost urteko esperientzia izan beharko dute kidegoan; kideen beste herenak, berriz, arlo horietan prestigio akademiko aitortua duten langileen artetik aukeratuko dira.

Batzordeak berak hautatuko du, osoko bilkuran, zer batzordekide izango den batzordeburua.

2.– Izendapena bost urterako izango da argitaratzen den egunetik aurrera. Izendapen hori bitan baino ezin izango da berritu, iraupen bereko denboraldietarako.

3.– Egoera hauetan baino ez dute kargua utziko: hilez gero; agintaldia amaituz gero; karguari idatziz uko eginez gero; abstentzio- eta isiltasun-eginbeharren ez-betetze larria izanez gero, batzordeko gehienek hala iritzita; epai irmo baten bidezko ezgaitze-deklarazioa izanez gero, edo dolozko delituagatiko kondena izanez gero epai irmo baten bidez.

4.– Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko bat ezarriko da, batzordeak bere lanak egin ahal izateko behar bestekoa.

19. artikulua.– Ikerketak.

1.– Batzordeak esku hartuko du hala eskatzen badio Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuak, dagokion udal-agintaritzak edo arartekoak; eta lege honek espresuki adierazitako kasuetan baino ez du egingo ofizioz.

2.– Batzordekideek berek gauzatuko dute batzordearen jarduna, eta, hala behar bada, ikerketa jakin batzuk egiteko, funtzionarioen laguntza eskatu ahal izango dute zerbitzu-eginkizunetan. Kasu horietan, ez dute jaso beharko jatorri-destinoko agintedunek emandako agindurik.

3.– Polizia-arduradunek batzordeari erraztu beharko diote bai polizia-instalazioetan sartzea, bai irispidean izatea polizia-etxeetako datuak, dokumentuak, datu-baseak eta bideo- eta audio-grabaketak, bai eta edozein polizia-fitxategi lortzea ere. Poliziako langile guztiak daude behartuta ikerketan laguntzera; horretarako, zitazioetara joan beharko dute, eta behar diren datuak eta informazioa eman. Alde horretatik, polizia-azpiegitura edo -eraikin orotarako sarbidea mugagabea izango da une oro eta aldez aurretik jakinarazi gabe.

4.– Batzordeak ikertzen dituen egitateak lotuta badaude uneko ikerketa penal edo diziplinazkoren batekin, ikertu ahal izango da, baina ikerketa horri loturik ez dauden edo ikerketa hori kaltetzen ez duten alderdiak soilik. Batzordeak ikertzen dituen egitateak uneko ikerketa penalen batekoak badira, agintaritza judizial eskudunari jakinaraziko dio batzordeak berak, interferentziarik ez izateko, ez ikerketa penalean, ez jardunen erreserban.

Hala izanez gero, eginbide penaletako langile ikertuak ez daude behartuta batzordeari laguntzera; eta batzordeak kasuan diharduen agintaritza judizialaren onespena lortu beharko du kasuari lotutako administrazio-dokumentuak irispidean izan behar baditu edo ikuskapenen bat egin behar badu in situ.

5.– Edozein unetan, batzordeak, irizten badu ez-zilegitasun penal edo administratiboren bat egon daitekeela, agintaritza eskudunari jakinaraziko dio.

20. artikulua.– Txostenak.

Ikerketa horiek amaituta, batzordeak txosten bat egingo du, non hau guztia jasoko baitu laburbilduta: kasuaren gorabeherak; egindako jarduketak; polizia-jarduketaren zuzentasunaren ebaluazioa indarreko jardun-arau, -estandar, -prozedura eta -protokoloei jarraikiz, eta azpiko arazoen azterketa. Horrez gain, gomendio bat ere idatziko du, non, hala badagokio, neurri zuzentzaileak, prebentziozkoak edo hobetzekoak proposatuko baititu, gabeziei aurre egiteko edo hautemandako arazoak ez errepikatzeko.

21. artikulua.– Batzordearen gardentasuna.

1.– Argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea egon badagoela, eta, horrekin batera, zabalkundea egingo da, eginkizunen, funtzionamenduaren eta egindako lanen berri emateko.

2.– Batzordeak bere jarduerei buruzko txosten bat egingo du bi urterik behin, eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio.

IV. KAPITULUA
KODE DEONTOLOGIKOA

22. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Polizia-zerbitzu publikoan, Konstituzioa, Autonomia Estatutua eta gainerako ordenamendu juridikoa errespetatuko da, eta zerbitzu publiko horri dagokio legeak ezartzen dizkion eginbeharrak betetzea, erkidegoaren aldeko lanean eta pertsonen babesean, eskubideak eta askatasunak askatasunez baliatzea galarazten duten legez kontrako egitateen aurka.

2.– Kapitulu honetan eta lege honen gainerakoan xedatzen dena modu loteslean interpretatu behar da, Europako Kontseiluaren gomendioetan Poliziaren Etikaren Kode Europarrari buruz adierazitako printzipio eta arauen argitan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 3. artikuluan adierazitako printzipioekin bat etorriz. Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek eta agintariek bete behar dituzte, eta edozein lege- edo arau-hausteren aurka egin.

23. artikulua.– Justiziarekiko harremanak.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako kideek auzitegien agintaritza errespetatuko dute, eta, polizia judizial gisa jarduten dutenean, Justizia Administrazioaren zerbitzura eta mende egongo dira legeek xedatutakoaren arabera.

24. artikulua.– Neutraltasuna, inpartzialtasuna eta osotasuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideen jokabidea erabat izango da politikoki neutrala eta inpartziala, eta ez dute izango inolako abusu-praktikarik edo praktika arbitrariorik; izan ere, une oro, berdintasun-printzipioa eta diskriminaziorik ezeko printzipioa ez ezik, Konstituzioan eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean adierazitakoak ere errespetatu behar dituzte.

2.– Osotasunez eta duintasunez jokatu beharko dute beti; horretarako, ez dute izango euren eginkizunekiko konfiantza eta begirunea galaraz dezakeen edo Administrazioaren prestigioa edo efikazia arriskuan jar dezakeen jokabiderik. Bereziki, ustelkeria-egintza guztietatik jare izan behar dute, eta, erabaki sendoz, horrelakoen aurka egin.

25. artikulua.– Herritarrekiko harremanak eta gardentasuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek honela jokatuko dute herritarrekiko harremanetan:

a) Tratu zuzena eta zaindua izango dute; horretarako, enpatiaz jokatuko dute, eta lagundu egingo diete berehala jarduteko eskatzen duten egoeretan, arriskurik edo babesgabeziarik izan ez dadin.

b) Inpartzialtasun-printzipioaren arabera jokatuko dute; horretarako, ekitatez esku hartuko dute, eta berdin errespetatuko dituzte norbanako edo talde guztiak, euren tradizioak, sinesmenak edo bizimodua, baldin eta legeekin bateragarriak badira eta herritarren segurtasuna nahasten ez badute betiere.

c) Ez dute inola ere diskriminatuko, arraza, etnia, erlijioa, sinesmenak, sexua, orientazio sexuala, adina, ideologia, desgaitasuna edo beste edozein arrazoi direla medio.

d) Izaera profesionala egiaztatuko dute hala behar den guztietan eta euren jarduketekin zerikusia duten pertsonek hala eskatuz gero. Euren buruak identifikatuko dituzte herritarren aurrean, edozein polizia-jarduketa hasi aurretik, eta ziurtatuko dute herritarrak ohartu direla zer diren. Horretarako, zerbitzuak iraun bitartean erregelamenduzko uniformea jantzi behar badute, uniformearen ageriko toki batean eramango dute agente bakoitzari dagokion identifikazio pertsonala. Erregistro batean egongo dira jasota erabilitako identifikatzaile pertsonal horiek, bakoitza nork eramaten duen jakin ahal izateko moduan.

e) Esku-hartzeek ukitzen dituzten pertsonei behar beste informazio ulergarri emango diete esku-hartzeoi buruz. Halaber, modu berezi batean artatuko dituzte delituen biktimak eta kolektibo bereziki kalteberetako pertsonak.

2.– Herritarrekiko harremanetan, 10/1982 Legeak aitortutako hizkuntza-eskubideak hartuko ditu aintzat Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak (10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa). Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak mendean dauzkaten administrazioak ahaleginduko dira euren zerbitzura aritzen diren langileak behar bezala gaitzen, gizarte elebidun batean zerbitzua eman dezaten; horretarako, behar diren neurriak hartuko dituzte, eta sustatuko dute kidego horietan euskara erabil dezaten. Nolanahi ere, herritarren arretan, herritarrak berak aukeratutako hizkuntza baliatuko da.

3.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak mendean dauzkaten administrazioak ahaleginduko dira euren langileak sentsibilizatzen eta gaitzen bai herritarren aniztasunaren kudeaketan, bai desberdin izate hutsak, gorrotoak eta diskriminazioak pertsonen aurka eragiten duten ez-zilegitasunaren kontrako borrokan.

26. artikulua.– Hierarkia, agintaritza eta menderakuntza.

Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideek, jardun profesionalean, hierarkia- eta mendekotasun-printzipioen arabera jokatuko dute; izan ere, agintariei eta hierarkian gainetik daudenei begirunea eta obedientzia zor diete. Halere, ez dituzte beteko argi eta garbi delitu diren edo legeen kontrakoak diren aginduak, eta, hori gertatuz gero, ez da hartuko euren kontrako inolako diziplina-neurririk.

27. artikulua.– Konfidentzialtasuna.

Sekretuan gorde beharko dute euren eginkizunetan edo eginkizunen ondorioz dakiten informazio oro, ez badaude bestela jokatzera behartuta eginkizun horien edo lege-xedapenen bidez.

28. artikulua.– Etengabe jarduteko eginbeharra.

Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileak behartuta daude, zerbitzutik kanpo badaude ere, euren eginkizunei datxezkien eginbeharrak betetzera; hau da, esku hartu beharko dute beti legearen eta herritarren segurtasunaren defentsan, eta lagundu beharko dute istripuetan, hondamen publikoetan edo ezbehar partikularretan.

29. artikulua.– Esku hartzeko eta armak erabiltzeko printzipioak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek behar besteko erabakitasunaz jardungo dute euren eginkizunetan, eta ez dute indarra baliatuko arrazoizkoa ez bada, eta betiere egokitasun-, premia- eta proportzionaltasun-printzipioak bete beharko dituzte eskura dauzkaten bitartekoak erabiltzeko orduan.

2.– Ez dute armarik erabili behar, baldin eta ez badago euren edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arriskurik edo ez badago herritarren segurtasunerako arrisku larriko inguruabarrik, eta, hala bada, aurreko apartatuan adierazitako printzipioak beteko dituzte beti. Su-armak muturreko neurritzat hartuko dira; beraz, ez dira inoiz erabili behar ez badago erresistentzia armaturik edo, nola edo hala, ez badago arriskuan euren edo hirugarrenen bizitza, eta erasotzailea atxilotu edo menderatu ahal bada bestelako neurriez.

30. artikulua.– Atxiloketa.

Norbait atxilotzen dutenean, euren buruak behar bezala identifikatu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideak diren aldetik, eta behar besteko arduraz beteko dituzte ordenamendu juridikoak eskatzen dituen izapide, epe eta betekizun guztiak.

31. artikulua.– Zainpeko pertsonak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek atxilotuen edo zainpekoen bizitza eta osotasun fisikoa zaindu behar dute, eta euren ohorea eta duintasuna eta legez dagozkien eskubideak errespetatuko dituzte.

2.– Ezin izango dute egin, eragin edo onartu inolako torturarik edo bestelako tratu anker, gizagabe edo umiliagarririk, eta ezin izango dute horrelakoak justifikatzeko arrazoitzat hartu ez nagusien aginduak, ez inguruabar bereziak, hala nola gerra-mehatxua edo segurtasun nazionalerako arriskua, ez beste edozein larrialdi publiko.

3.– Zainpekoen osasunaren babes osoa bermatu beharko dute. Zainpekoen egoerak hala eskatzen baldin badu, asistentzia medikoa lortuko diete eta artatu dituen fakultatiboaren jarraibideak beteko dituzte; horretarako, begiratu behar dute zaintza bermatzen duten segurtasun-neurriak inola ere gutxitu ez daitezen.

32. artikulua.– Erantzukizuna eta defentsa juridikoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakide guztiek izango dute euren egintzen gaineko erantzukizun pertsonal eta zuzena, baldin eta legezko edo erregelamenduzko arauak hausten edo urratzen badituzte jardun profesionaleko egintzetan, hargatik eragotzi gabe Administrazioari dagokion ondare-erantzukizuna, hala badagokio.

2.– Halere, jardun judizialetan, eginkizunetan jardun bitarteko egintzen ondoriozko erantzukizunik eskatzen bazaie, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziakideek eskubidea izango dute gainean duten Administrazio publikoak izendatutako profesionalen ordezkaritza eta babesa izateko, Administrazioaren kontura.

Administrazioa atzerabideko eskubideaz baliatu ahal izango da, ebazpen jurisdikzional irmoak egiaztatzen badu erantzukizunaren eskaera eragin duten egintzak polizia-jarduna erregulatzen duten arauen kontrakoak direla.

33. artikulua.– Kode-urratzeak salatzea.

Funtsezko arrazoirik badaukate pentsatzeko kode hau urratu edo urratuko dela, horren berri emango diete nagusiei eta, hala behar bada, hertsapen-eskudantziak dauzkan edozein agintariri.

II. TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO POLIZIAREN ANTOLAKETA
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
LEHENENGO ATALA
EGITURA PROFESIONALA

34. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia osatzen duten kidegoak izaera zibila eta egitura eta antolakuntza hierarkikoa duten institutu armatuak dira. Poliziakideek izaera hau izango dute: karrerako funtzionarioak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan edo udalerrietan; eta agintaritza-agenteak izango dira, euren eginkizunetan diharduten bitartean, lege-ondore guztietarako.

2.– Organikoki, Ertzaintza kidego bakar gisa eratzen da eta, haren barruan, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen kidegoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 17.5 artikuluarekin bat etorriz. Hala ere, lurralde historikoetan, Ertzaintzako zerbitzu bana egongo da honela izendatuta:

– Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa.

3.– Udal kidego bakarrean batuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bakoitzeko udaltzaingoko zerbitzuak eta langileak.

35. artikulua.– Eskalak eta kategoriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoek egitura hierarkiko eskaladuna dute eta, eskala horietan, kategoria hauek daude:

a) Goi-mailako Eskala: intendenteen kategoria.

b) Betearazpen Eskala: komisarioen eta komisariordeen kategoriak.

c) Ikuskapen Eskala: ofizialen eta ofizialordeen eskalak.

d) Oinarrizko Eskala: agente lehenen eta agenteen kategoriak.

2.– Eskalak honela daude sailkatuta lanbide-talde eta -azpitaldeen arabera:

a) Goi-mailako Eskala: A taldea, A1 azpitaldea.

b) Betearazpen Eskala: A taldea, A2 azpitaldea.

c) Ikuskapen Eskala eta Oinarrizko Eskala: C taldea, C1 azpitaldea.

3.– Halaber, Ertzaintzan, Fakultatiboen eta Teknikarien Eskala ere egongo da. Eskala horretako plazak sailkapeneko A1, A2 eta C1 azpitaldeetakoak dira, kasu bakoitzean eskatzen den titulazioaren arabera.

36. artikulua.– Eskalen araberako eginkizunak.

1.– Goi-mailako Eskalako langileei dagozkie, lehentasunez, unitate operatiboak eta segurtasun publikorako beste unitate espezifiko batzuk zuzendu, bideratu eta koordinatzeko eginkizunak, ikerketa-jardueran arreta berezia jarrita.

Betearazpen-eskalako langileei dagozkie, lehentasunez, polizia-talde edo -zentro operatiboetako koordinazio- eta aginte-eginkizunak, Goi-mailako Eskalaren zuzendaritzapean.

Ikuskapen Eskalako langileei dagokie Herritarren Segurtasunerako, Informaziorako eta Ikerketarako unitateen barruko azpitaldeen gaineko erantzukizuna.

Oinarrizko Eskalako langileei dagozkie polizia-eginkizunen ataza exekutiboak, bai eta aginte-eginkizunak ere eskalako funtzionario batekiko edo gehiagorekiko zerbitzu operatiboan.

2.– Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalari dagokio, polizia-eginkizunean laguntzeko, bakoitzaren lanbideak berezko dituen atazak egitea; izan ere, sartzeko eskatutako titulazioak ataza horiek egiteko gaikuntza ematen du, bai eta prestakuntza akademiko zehatz baten jakintza propio eta espezifikoak eskatzen dituzten eginkizunak egiteko ere.

3.– Aurreko apartatuetan adierazitakoa gorabehera, funtzionarioak behartuta daude polizia-zerbitzuak eta herritarren segurtasunerako beharrizanak betetzeko behar diren zereginak egitera.

37. artikulua.– Espezialitateak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoek behar diren espezialitateak izango dituzte, jakintza espezifiko batzuen maila jakin bat izatea eskatzen duten atazak egiteko. Espezialitate horietan sartzeko, bakoitzari dagokion espezializazio-ikastaroa gainditu beharko da eta, hala badagokio, kasu bakoitzean ezartzen diren titulazioak edo jakintza eduki beharko dira.

2.– Espezialitateetako langileei espezialitateotarako iraute-konpromisoa eskatu ahal izango zaie, bai eta aldizka eguneratze-hautaprobak gaindi ditzatela ere, baldin eta lanpostuen zerrendan hala jasota badago.

3.– Erregelamenduz zehaztuko dira honako hauek: espezialitateak, bakoitzaren definizioa, sartzeko, jarraitzeko eta uzteko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak, eta haien arteko bateragarritasuna.

BIGARREN ATALA
LANGILEAK ANTOLATZEKO TRESNAK

38. artikulua.– Lanpostuen antolamendua.

1.– Lanpostu-zerrendak lanpostu multzoaren adierazpen ordenatua dira. Hor agertzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, eskalen eta kategorien arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidego bakoitzak bere lanpostuen zerrenda izango du.

2.– Lanpostu-zerrendek honako zehaztapen hauek behintzat adierazi behar dituzte:

a) Izena.

b) Hornitze-sistema.

c) Jarduna erreserbatuta daukan eskala edo kategoria.

d) Jardunerako eskatutako betekizunak. Besteak beste, honako hauek adierazi behar dira: hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.

e) Destino-osagarriaren maila eta, hala badagokio, berariazko osagarria.

f) Lotuta daukan gutxieneko iraunaldia. Betiere, horren funtsa izan behar du jardun horretarako behar den prestakuntza edo gaikuntza berezia izateak, kontuan hartuta ekonomiaren eta efikaziaren arrazoiak.

g) Lotuta daukan gehieneko iraunaldia. Eginkizun bereziak egin behar izateak izan behar du horretarako arrazoia, eta, edonola ere, gomendagarria izan behar du gaitasun fisikoaren eta oreka psikologikoaren arrazoiengatik.

3.– Halaber, lanpostu-zerrendek, barne hartzen dituzten lanpostuen artetik, adieraziko dute zein har ditzaketen langileek bigarren jarduerako.

4.– Lanpostu-zerrenden bitartez sortu, aldatu, batu eta kenduko dira lanpostuak.

5.– Artikulu honetan xedatutakoa ulertzeko, toki-administrazioari dagokionez, kontuan hartuko da honek ez duela eragotziko lanpostu-zerrendak eratzeko emandako beste ezein arau, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 90.2 artikulua aplikatuz gero.

39. artikulua.– Lanpostu-zerrenden onespena.

1.– Ertzaintzako lanpostu-zerrendak onestea Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailari dagokio; eta, toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoetakoak, berriz, toki-erakundeko organo eskudunari. Edonola ere, aurrekontu-aurreikuspenen arabera egokituko dira lanpostu-zerrendak, eta ezin izango da egon ekitaldirako aurrekontu-plantillan adierazitako kredituez ordaindu ezin den zuzkidura duen lanposturik.

2.– Ertzaintzako lanpostu-zerrendak eta egiten zaizkien aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira; eta, toki-erakundeetakoak, berriz, bakoitzari dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean.

HIRUGARREN ATALA
ETENGABEKO PRESTAKUNTZA, EUSKALDUNTZEA

40. artikulua.– Etengabeko prestakuntza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek prestakuntza eta gaikuntza profesional etengabea hartuko dute, eginkizunak egokiro betetzen dituztela bermatzeko.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo ditu programazioak, trebezia eta gaitasun profesionalak iraunaraztera eta hobetzera zuzendutako prestakuntza-jardueretarako, eta jarduerak orokorrak eta aldizkakoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako funtzionario guztientzat.

3.– Administrazio bakoitzak egingo du bere plangintza, helburuen eta polizia-zerbitzuak betetzeko beharren arabera, eta zehaztuko du zer langilek hartuko dituzten bai akademian etengabeko birziklatze eta prestakuntzarako planifikatzen diren jarduerak, bai babes pertsonalerako ematen zaizkien bitartekoak erabiltzen entrenatzeko aldizkako beste praktika batzuk.

Praktiken xede diren langile guztiek egingo dituzte praktika horiek. Polizia-zerbitzua ez eteteko moduan egingo dira, bateragarriak izan daitezen, eta unitate bakoitzari erregelamendu bidez ezartzen zaion maiztasunarekin, zereginak eta eginkizunak aintzat hartuta.

4.– Jardueren xede diren funtzionarioek ezinbestean egin beharko dituzte nahitaezko gisa ezarritako jarduerak, eta interesdunaren espedientean jasoko da zer-nolako errendimendua izan duen.

5.– Prestakuntza-jarduerak egiteak eta, hala badagokio, gainditzeak, berez, ez du eskubiderik emango lanpostu zehatz bati atxikitzeko. Hala ere, deialdian espresuki hala adierazita badago, gainditzen duten funtzionarioek ezinbestean eskatu beharko dituzte jakintza eta prestakuntza hori eskatzen duten lanpostu huts horiek guztiak, egiten den lehenengo deialdian eta lehentasunez; eta, horrela egin ezean, nahitaezko atxikipena ezar dakieke lanpostu huts horietako edozeinetan.

41. artikulua.– Baliozkotzea.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ematen diren ikastaroetan, akademiak berak baliozkotu ahal izango dizkie ikasgai batzuk lehenago gainditu izana egiaztatzen dutenei, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, betiere ikasgaiok zentro ofizialetan edo polizialetan ikasi badituzte.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak antolatu dituen prestakuntza-ikastaro baliokideak baliozkotu ahal izango ditu, izangaiak hala eskatzen badu eta lehenagoko beste hautaketa-prozesuren batean gaindituta badu. Hala bada, lehenagoko sarrera-ikastaroan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan.

42. artikulua.– Hizkuntza-gaikuntza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako hizkuntza-normalizazioa egiteko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuei aplikatzen zaizkien arauetan xedatutakoa.

2.– Hala ere, Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak ikusita, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez definituko du zer berezitasun izango dituen sektoreko hizkuntza-normalizazioak; horretarako, definituko du bai zer-nolako hizkuntza-eskakizunak aplika dakizkiokeen Ertzaintzari, zer arauren arabera ezarriko diren derrigortasun-datak, eta zer-nolako ikastaroak izango dituzten Ertzaintzako funtzionarioek hizkuntza-gaikuntzarako.

3.– Gobernu Kontseiluari dagokio Ertzaintzako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunen definizioa eta bakoitza esleitzeko irizpideak onestea, hargatik eragotzi gabe lege honen 39. artikuluko lehenengo paragrafoan lanpostu-zerrenda onartzeaz xedatutakoa.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak ahaleginduko dira euren mendeko polizia-funtzionarioek hizkuntza-gaikuntza egokia izan dezaten.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio Ertzaintzako langileen hizkuntza-gaikuntza egokia ahalbidetzen duten prestakuntza-jarduerak programatzea, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

LAUGARREN ATALA
BERDINTASUNAREN SUSTAPENA

43. artikulua.– Sartzea, hornitzea eta sustatzea.

Kidego horietako lanpostuetan sartzeko, hornitzeko eta sustatzeko hautaketa-prozesuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak mendean dauzkaten administrazioek bermatuko dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoak aplikatzen direla; horretarako, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatutako dute segurtasunaren zerbitzu publikoan.

44. artikulua.– Berdintasun-planak eta emakumeen presentzia sustatzeko planak.

1.– Berariaz edo berdintasun-planen parte gisa, planak egingo dira polizia-kidegoetan emakumeak sustatzeko, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna berma dadin, kidegoetan sartzeko eta karrera profesionala egiteko.

2.– Plan horietan ezarriko da, plangintzaldirako, emakumeen zer ehuneko lortu nahi den lanpostu-zerrendan, emakumeen azpiordezkaritza zuzentzeko, bai eta polizia-efikazia areagotzeko ere. Horretaz gain, neurri espezifikoak hartu ahal izango dira emakumeen alde, egitezko desberdintasun nabariak zuzentzeko, harik eta desberdintasun horiek desagerrarazi arte. Neurri horiek arrazoizkoak eta neurrikoak izan beharko dute, lortu nahi den helburuaren araberakoak.

II. KAPITULUA
ERTZAINTZA EDO EUSKAL POLIZIA AUTONOMOA
LEHENENGO ATALA
ANTOLAKETA OROKORRA

45. artikulua.– Ertzaintzaren eginkizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eskumenen esparruan, Ertzaintzaren funtsezko misioa honako hau da autonomia-erkidegoko lurralde osoan: pertsonak eta ondasunak babestea; eskubideak eta askatasunak libreki balia daitezen bermatzea, eta herritarren segurtasuna zaintzea. Horretarako, ordenamendu juridikoak segurtasun-kidegoei ematen dizkien eginkizunak betetzen ditu Ertzaintzak.

2.– Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioek lege honetan berariaz ematen zaizkien eginkizunak beteko dituzte.

46. artikulua.– Uniformetasuna, armamentua eta ekipamendua.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren eskumena daukan sailak zehaztuko ditu honako alderdi hauek: jantziak, ematen zaien erregelamenduzko armamentua, eta Ertzaintzako funtzionarioen uniformea osatzen duten gainerako ekipamenduak eta gauzak; bakoitza nor den egiaztatzen duten bitartekoak eta kategoria bakoitzaren bereizgarriak, eta, horiek nola erabili behar diren ezartzen duten arauak.

2.– Halaber, sail horri dagokio ezartzea zer ikur bereizgarri erabili behar diren polizia-etxeetan, ibilgailuetan eta bitarteko mugikorretan, eta zein komunikazio publikoko manifestazioetan.

3.– Edonola ere, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen zerbitzuei atxikitako funtzionarioen uniformea osatzen duten jantzi, ekipamendu eta gauzen deskribapenean, diseinuan eta ezaugarri teknikoetan, bete beharko dira zerbitzu bakoitzari dagokion diputatu nagusiak horretarako emandako preskripzioak.

47. artikulua.– Egitura organikoa eta lanpostu-zerrenda.

1.– Ertzaintzako eskaletako eta kategorietako lanpostu-zerrendek ezin izango dituzte gainditu aurrekontu-plantillek ezarritako kopuruak.

2.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuak banatu eta onetsiko ditu Ertzaintzaren egitura organikoa osatzen duten atal, unitate, sekzio, talde edo zerbitzuak lanpostu-zerrendetan, kidegorako orokorrean onartutako zuzkidurekin eta kopuruekin bat etorriz.

3.– Gizarte-errealitateak une bakoitzean zer eskatzen duen kontuan hartuta, Ertzaintzaren eginkizunen esparruan, egitura horrek honako arlo hauek hartuko ditu barnean: herritarren segurtasuna, polizia administratiboa, ikerketa kriminala, baliabide operatiboak eta, oro har, polizia-administrazioa.

4.– Ertzaintzaren egitura organikoan, kontuan hartuko da lurralde historikoetan honako zerbitzu hauek egongo direla eta kasuan-kasuan adierazitako maila organikoa eta lurralde antolamendua izango dutela zerbitzuok:

• Arabako Foru Aldundiko Miñoien Sekzioa.

• Bizkaiko Foru Aldundiko Foralen Sekzioa.

• Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikeleteen Sekzioa.

Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioen egitura organikoa, lanpostu-zerrendak eta plantillak zehaztu baino lehenago, foru-aldundiei egingo zaie horri buruzko kontsulta.

BIGARREN ATALA
MIÑOIEN, FORALEN ETA MIKELETEEN SEKZIOAK

48. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Foru-erakundeak ordezkatzea.

b) Foru-agintariak babestea.

c) Foru-ondareko ondasunak babestu eta zaintzea, instalazioak eta zerbitzuak erabiltzen dituztenen segurtasuna bermatuta.

d) Hertsatzea, nahitaezko betearazpenetarako, lurralde historikoari dagozkien eta Ertzaintzaren beste zerbitzu batzuei ez dagozkien eskumeneko eginkizunetan.

e) Kidegoko gainerako unitate edo zerbitzuei laguntzea, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak ematen dituen arauekin bat etorriz.

2.– Halaber, polizia-eginkizunak ere bete ditzakete arlo hauetan: errepideko garraioa zaindu eta ikuskatzeko; errepideak kontserbatzeko, eta errepide-poliziari dagozkion eginkizunak betetzeko.

49. artikulua.– Foru-erakundeekiko mendekotasuna.

Aurreko artikuluan adierazitako eginkizunak betetzeko, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioei atxikitako funtzionarioak dagokien foru-aldundiaren mendekoak izango dira funtzionalki; eta foru-aldundiaren eskumena izango da aipatutako zerbitzuak egiteko agindu zuzenak ematea eta zerbitzu-araubideak edo -eskuliburuak zehaztea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailari dagozkien ahalmenak, eta, bereziki, honako eskudantzia hauek:

a) Sekzioan bertan zerbitzu-eginkizunak ematea.

b) Oporrak baimentzea.

c) Baimenak eta lizentziak ematea.

d) Diputatu nagusiak hasi behar ditu diziplina-espedienteak, instrukziorako behar beste egintza xedatu, eta falta astun eta arinengatiko zehapenak ezarri.

HIRUGARREN ATALA
POLIZIA JUDIZIALA

50. artikulua.– Antolaketa.

1.– Ertzaintzako funtzionario guztiei dagokie, polizia judiziala diren aldetik, laguntzea delituak aztertzen eta delitugileak aurkitzen eta segurtatzen, euren eskumenen esparruan. Eskumenok hauetan daude definituta: Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan eta Segurtasun Batzordeak eginkizunak mugatzeko sinatutako akordioetan, betiere agintari judizialen eta fiskaltzaren zuzendaritza-eginkizunak kaltetu gabe.

2.– Ertzaintzaren egituran, ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateak ezarriko dira, zeinak funtzionalki agintari judizialen eta fiskaltzaren mende egongo baitira gomendio uzten dizkieten jarduketa guztietan. Jarduketa horiek Botere Judizialaren Lege Organikoan daude adierazita. Polizia-unitate horien arduradunen erantzukizuna izango da agintari judizialek eta fiskaltzak egiten dituzten errekerimenduak bideratzea, unitate horietako langileek eta bitartekoek ikerketetan parte har dezaten.

3.– Jardueren erritmoa eta langileen prestasuna kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak iraunkortasunez eta egonkortasunez atxiki ahal izango dizkie ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateetako zerbitzuak, sekzioak edo taldeak epaitegi edo auzitegi jakin batzuei.

51. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bidez, prestakuntza espezifikoa emango da ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateei eta zerbitzuei atxikitako funtzionarioentzat, eta, hala badagokio, praktikak egiteko aldiak izango ditu, zeinetan epaileek eta fiskaltzako kideek ere parte hartu ahal izango baitute.

2.– Ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateetako lanpostuak betetzeko, beharrezkoa izango da espezializazio egokia izatea.

52. artikulua.– Polizia judizialari atxikitako langileen araubidea.

1.– Ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateei atxikitako funtzionarioek esklusibotasunez beteko dute eginkizun hori; baina, nolanahi ere, delinkuentzia prebenitzeko misioak eta Ertzaintzari dagozkion eginkizunen artean gomendio uzten zaizkien gainerakoak ere bete ditzakete, egoerak hala eskatuta.

2.– Organo judizial edo fiskaltza eskudunak ikerketa jakin bat gomendio utzi badie zenbait funtzionariori, funtzionario horiek ezin izango dira kargutik edo ikerketa-gomendiotik kendu, 50. artikuluan adierazitako eginkizunetan jardun bitartean, ez bada Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

3.– Jurisdikzio penaleko organo judizialek eta fiskaltzak Segurtasuneko Indar eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 35. artikuluak ematen dizkien ahalmen berberak izango dituzte, iraunkortasunez atxikitzen zaizkien ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateei dagokienez.

4.– Ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateetako funtzionarioei diziplina-espediente bat irekitzen bazaie eta espediente horren xede diren egitateek lotura zuzena badute gomendio utzi zaien ikerketarekin, funtzionario horiek mendean dauzkan organo judizial edo fiskalaren txostena eskatuko da, hargatik eragotzi gabe egokitzat iritzitako beste batzuk ere egitea.

5.– Atal honetan xedatutakoa kenduta, ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateetako funtzionarioen araubidea lege honetan Ertzaintzarentzat orokorrean adierazitakoa izango da.

53. artikulua.– Foroetan parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak bultzatuko du Ertzaintzak parte har dezan ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko jarduerak koordinatzeko garrantzitsuak diren eskualde-, estatu- eta nazioarte-batzorde eta foroetan.

III. KAPITULUA
TOKIKO KIDEGOAK ETA ZERBITZUAK
LEHENENGO ATALA
UDALTZAINGOKO KIDEGOAK

54. artikulua.– Sorrera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, bost mila biztanle edo gehiago dituzten udalerriek polizia-kidego propioak sortu ahal izango dituzte.

2.– Salbuespen gisa, bost mila biztanle baino gutxiagoko udalerriek ere sortu ahal izango dituzte Udaltzaingoko kidegoak, baldin eta zalantzarik gabeko beharrizan- eta komenigarritasun-arrazoiak badaude horretarako. Hala izanez gero, kidegoa sortu aurretik, Eusko Jaurlaritzak eman beharko du horretarako baimena.

3.– Edonola ere, Udaltzaingoko kidegoak sortzeko erabakiak hartzeko, korporazioko legezko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da.

4.– Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuak beren udalerriaren mendekoak baino ez dira izango, hau da, ez dute izango mendekotasun organikorik edo funtzionalik ez Eusko Jaurlaritzarekin, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin.

55. artikulua.– Udaltzaingoaren eginkizunak.

1.– Udaltzaingoko kidegoek eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Udal-agintariak babestea eta udal-eraikin eta -instalazioak zaintzea.

b) Hiriguneko edo herriguneko trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan xedatutakoaren arabera.

c) Hiriguneko edo herriguneko zirkulazio-istripuen atestatuak instruitzea.

d) Administrazio-poliziaren lanak egitea, udaleko ordenantza, bando eta gainerako xedapen eta egintzei dagokienez, eta ingurumenaren eta ingurune-babesaren arloko indarreko arauak bete daitezen zaintzea, gai horietarako toki-eskumenen esparruan.

e) Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, polizia judizialeko unitateekiko elkarlanean.

f) Laguntza ematea istripu, katastrofe edo hondamen publikoetan; horretarako, legeek adierazitako moduan hartuko dute parte, babes zibileko planak bete daitezen.

g) Delitu-egitaterik ez izateko behar diren prebentzio-eginbideak eta jarduketak gauzatzea.

h) Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza kontzentrazioetako ordena gordetzen laguntzea, horretarako errekerimendua egiten zaienean.

i) Gatazka pribatuak ebazten laguntzea, horretarako errekerimendua egiten zaienean.

2.– Aurreko apartatuaren c) eta g) paragrafoetan adierazitakoaren ondorioz egiten diren jarduketen berri emango zaio gai horretako eskumen orokorra daukan segurtasun-indar edo -kidegoari.

3.– Udaltzaingoko kidego bakoitzak bera mendeko daukan toki-erakundeari dagokion lurralde-eremuan jardungo du; hala ere, hortik kanpo ere jardun ahal izango du, larrialdi- edo beharrizan-egoeretan, alkateak baimena ematen badio, agintaritza eskudunak horretarako errekerimendua eginda.

4.– Toki-korporazioetako agintariak babesteko eginkizunak betetzen badituzte, udal-mugartetik kanpo jardun ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailaren baimena izanez gero. Baimen hori modu orokor eta iraunkor batean eman ahal izango da.

56. artikulua.– Uniformetasuna, armamentua eta ekipamendua.

1.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 37.1 artikuluko h) eta i) letretan xedatutakoa garatzeko ezarritakoa bete behar dute Udaltzaingoaren uniformeek, armek eta ekipamenduek.

2.– Erregelamenduz zehaztutako armak, bitarteko tekniko-operatiboak eta babes-bitartekoak eramango dituzte Udaltzaingoko kidegoetako funtzionarioek, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 37.1.h) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Toki-erakundeak emango dizkie su-armak, bitarteko tekniko-operatiboak eta babes-bitartekoak, eta leku egoki eta seguruak antolatuko ditu erregelamenduzko armak gorde eta zaintzeko, indarreko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Polizia-zerbitzuetan, bide publikoetako segurtasuna babesteko eta segurtasun- eta zaintza-zerbitzuak egiteko, armak eramango dira. Hala ere, alkateak erabaki ahal izango du, arrazoituta eta udaltzainburuak aldez aurretik txostena emanda, zer zerbitzu emango den armarik gabe, baina, betiere, funtzionarioen edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez badago.

57. artikulua.– Eskalen eta kategorien sorrera.

1.– Udaltzaingoko kidegoetan eskalak eta kategoriak sortzeko, Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezartzen dituen kategorien arteko proportzionaltasun-irizpideak bete behar dira, kontuan hartuta biztanleria, herriaren ezaugarriak eta poliziakide kopurua, eta nahitaez sortu beharko dira kategoriak kasu hauetan:

a) Intendenteen kategoria, 150.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edo hango polizia-kidegoak 200 kide edo gehiago badauzka lanpostu-zerrendan.

b) Komisarioen kategoria, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edo hango udaltzaingoak 100 kide baino gehiago badauzka lanpostu-zerrendan.

c) Komisariordeen kategoria, 25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edo hango udaltzaingoak 40 kide baino gehiago badauzka lanpostu-zerrendan.

d) Ofizialen kategoria, 15.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edo hango udaltzaingoak 20 kide baino gehiago badauzka lanpostu-zerrendan.

e) Ofizialordeen kategoria, 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eta hango udaltzaingoak 5 kide edo gehiago badauzka lanpostu-zerrendan.

2.– Goragoko kategoria bat eratzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik beheko kategoria guztiak sortuta egotea.

58. artikulua.– Kidegoaren burutza.

Udaltzaingoaren burutzako lanpostuei dagokien kategoria sortzea Udaltzaingorako onartutako hierarkia-egituran goren dagoen kategoriari dagokio, baldin eta pertsona bakarreko burutza bada, aurreko artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz.

59. artikulua.– Behin-behineko beharrizanak.

1.– Udalen batek beharrizana badu, Udaltzaingoko kidegoetako kategorietan, premiaz eta aldi baterako lanpostuak betetzeko, legez ezarritako udalarteko lankidetza-mekanismoen arabera jokatu ahal izango du edo bitarteko funtzionarioak izendatu ahal izango ditu funtzio publikoari buruzko lege orokorrek ezarritakoaren arabera, betiere bermatuta bitartekoek oinarrizko prestakuntza daukatela lan hori egiteko. Azken kasu horretan, lanpostu-zerrendako plaza hutsak badira, ezin izango da inor izendatu, ez badira sartu plaza huts horiek enplegu-eskaintza publikoan aldez aurretik, eta ez bada hasi plazok jabetzan betetzeko prozesua, edo ez bazaio egin Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari hautaketarako kudeaketa-gomendioa.

2.– Toki-erakundeek Ertzaintzaren laguntza eskatu ahal izango diote segurtasunaren arloko sail eskudunari, Udaltzaingoko kidegoei dagozkien polizia-eginkizun hutsetarako, eta hiri-zeharbideetan trafikoa antolatu eta zuzentzeko, baldin eta polizia-kidegorik ez badaukate edo, izanda ere, poliziakide nahiko ez badaukate eskumeneko zerbitzu guztiak emateko. Azken kasu horretan, lankidetza ezin izango da iraunkorra izan.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak lan-poltsak eratu ahal izango ditu, akademiak berak antolatutako oinarrizko ikastaro espezifikoak gainditu dituztenak barnean hartuta, bitarteko funtzionarioak udaltzain-laguntzaile edo udaltzain-funtzionario izendatzeko. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak zehaztuko du zer baldintza dagoen ikastaro horietan sartzeko.

BIGARREN ATALA
BESTELAKO IRUDI BATZUK

60. artikulua.– Kidegorik sortu ez duten udalerrietako zerbitzua.

1.– Udaltzaingoko kidegorik ez duten udaletan, udaltzaingo-zerbitzu bat sortu ahal izango da, gehienez ere bost agente-plazarekin, eta agente horien artean buru koordinatzaile bat izendatu ahal izango da izendapen askearen bitartez. Zerbitzu horren eginkizunak lege honen 55.1 artikuluan adierazitakoak izango dira, eta, besteak beste, lanpostuen monografian adierazitakoak.

2.– Zerbitzu horietako langileak, armak eraman zein ez, agintaritza-agenteak izango dira euren eginkizunetan, uniformea jantziko dute eta agenteak direla egiaztatu beharko dute behar den dokumentazioaren eta bereizgarriaren bitartez. Udaltzaingo-zerbitzu bakoitzari dagokion udalerria izango da haren jardun-eremua, hargatik eragotzi gabe katastrofe edo hondamen publikoko egoeretarako dauden indarreko legeetan xedatutakoa.

3.– Udaltzaingo-zerbitzuetako langileak sailkapeneko C1 azpitaldeko funtzionarioak izango dira, ondorio guztietarako egongo dira parekatuta Udaltzaingoko kidegoen Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriarekin, eta, ondorioz, lege honetan xedatutakoa ez ezik, toki-administrazioko funtzionarioei aplikatu beharreko estatutua ere aplikatuko zaie.

4.– Udaltzaingoko kidegoetako agenteen kategoriarako ezarritako irizpide beren arabera hautatuko dira, eta aldez aurretik prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

61. artikulua.– Polizia-laguntzaileak.

1.– Udaltzaingoko kidegoak dauzkaten udalerriek, hala eskatzen duen behin-behineko beharrizana izanez gero, bitarteko funtzionarioak izendatu ahal izango dituzte, polizia-laguntzaileen eginkizunetarako; izan ere, Udaltzaingoari lagunduko diote lege honen 55.1 artikuluko d) eta i) paragrafoetako eginkizunak betetzen, eta, mugikortasun-agenterik gabeko udalerrietan, Udaltzaingoarekiko elkarlanean arituko dira herriguneetan trafikoa antolatzeko.

2.– Euren eginkizunak betetzeko, udaltzain-laguntzaileek udaltzainei dagokien uniformea jantzi beharko dute, plaka-ikurrik gabe eta sorbaldako bereizgarririk gabe, eta argi agerraraziko dute polizia-laguntzaileak direla, bai uniformean, bai akreditazio profesionalaren dokumentuan.

62. artikulua.– Mugikortasun-agenteak.

1.– Biztanleria handiko udalerrietan, udaleko osoko bilkurak korporazioko beste funtzionario batzuk mugikortasun-agente izendatu ahal izango ditu. Mugikortasun-agenteek herrigunean trafikoa antolatu, seinaleztatu eta arautzeko eginkizunak baino ez dituzte betetzeko, eta zirkulazio-arauetan eta bide-segurtasuneko arauetan ezarritakoaren arabera egingo dute. Hori dela eta, ez da poliziakideen kopurua handituko eta ez da langile-kostu handiagorik izango.

2.– Euren eginkizunetan dihardutela, agintaritza-agentetzat hartuko dira eta Udaltzaingoan dagokien kidegoko langileen mende egongo dira, baina kidego horietan integratu gabe; beraz, ezin izango dute su-armarik eraman eta euren uniformeak argi bereizi beharko dira Udaltzaingoko kidegoei berez dagokien uniformetik.

3.– Plaza horietan sartzeko, sailkapeneko C-2 taldeari dagokion titulazioa edo haren baliokidea eskatuko da, eta aldez aurretik gainditu beharko da ikastaro teoriko-praktiko bat, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo akademiak eskuordetutako prestakuntzako udal-zentroetan emana. Gainerako kontuetarako, tokiko funtzionarioentzako arau komunak beteko dira.

III. TITULUA
HAUTAKETA ETA SARRERA
I. KAPITULUA
HAUTAKETA
LEHENENGO ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

63. artikulua.– Printzipio orokorrak.

1.– Hala dagokion Administrazio publikoak hautatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioak, eta horretarako deialdi publikoa egingo du, printzipio hauek betetzen direla bermatuta: lehia askea, berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna, hautaketa-prozesuaren publikotasun-printzipioarekin batera.

2.– Hautaketa-prozesuetan, zainduko da egin beharreko probak egokiak direla bete beharko diren eginkizunen edukiari begira; horretarako, barnean sartu ahal izango dira honako hauek: jakintza orokorreko edo espezifikoko ariketak, teorikoak edo praktikoak, test psikoteknikoak, gaitasun fisikorako probak, elkarrizketak, praktikaldiak eta bestelako sistema egoki batzuk, hautagaiek eginkizunak betetzeko ezaugarri kognitibo, psikikoak eta fisioak dauzkatela bermatzeko.

64. artikulua.– Hizkuntza-gaitasuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan sartzeko deialdien edukiak egokia izan behar du euskaraz eska daitezkeen hizkuntza-gaitasunaren mailetarako eta hizkuntza hori jakiteari eman behar zaion baloraziorako, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen V. tituluan xedatutako aurreikuspenekin bat etorriz.

2.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben edukian eta forman, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ezarritako preskripzioak bete beharko dira. Proba horietako epaimahai kalifikatzailean, erakunde horren ordezkari batek hartuko du parte.

65. artikulua.– Proba espezifikoak.

Hornitu beharreko plaza hutsak nolakoak diren kontuan hartuta, hautaketa-prozesuek proba espezifikoak eduki ahal izango dituzte, jardun horretarako gaitasun berezia ebaluatzeko, hargatik eragotzi gabe eskala edo kategoria horretan sartzeko eskatu behar den gaitasun orokorra ebaluatzeko behar diren gainerako probak. Deialdi horien bitartez sartzen diren funtzionarioak deialdiok eragin dituzten plaza hutsei atxikiko zaizkie, lehen destino gisa; hala ere, horrek ez du ez kalterik ez eragozpenik eragingo gerora hornitzen direnetarako.

66. artikulua.– Berdintasunerako neurriak.

1.– Hautaketa-prozeduretako sailkapenaren hurrenkeran puntuazio-berdinketarik badago, berdinketa horiek ebazteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideak beteko dira, legean bertan aurreikusitako kasuetan.

2.– Agenteen eta komisariordeen kategorietan txanda irekiaren bidez sartzeko hautaketa-prozeduretan, plaza kopuru bat zehaztuko da emakumeek bete dezaten, segurtasunaren zerbitzu publikoan emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izateko helburua betetze aldera, sustapen-planean xedatutakoarekin bat etorriz.

Plaza kopuru hori, beraz, lortu nahi den helburuaren proportziokoa izango da, eta ezin izango du gainditu deialdiko plazen % 40; halaber, ezin izango da izan arrazoiz ezartzen den ehunekoa baino txikiagoa, hau da, kontuan hartuta emakumeak sustatzeko planak eta hautaketa-prozesuetan lehiatu eta gainditu ohi duten ehunekoen gaineko estatistika-datuak.

Oro har, emakumeak sustatzeko plan horiek ezarri arte, gutxieneko ehunekoa ezin izango da izan % 25 baino txikiagoa, betiere, deialdian hiru plaza baino gehiago badago.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako hautaketa-prozeduretan, azken izangai-zerrenda bakar baten arabera esleituko dira deialdiko plaza hutsak; izan ere, azken zerrenda horretan izangaiak hurrenkeran adieraziko dira, lortutako puntuazioen arabera, eta berdinketak legez ebazteko irizpideen arabera ordenatuta.

Aurreko apartatuan adierazitako ehunekoaren helburua lortu ezin bada, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera behintzat, lehentasuna emango zaie emakumezko hautagaiei gizonezko hautagaien aldean, harik eta helburua lortu arte; baina, horretarako, hauek bete behar dira:

a) Gaitasunak baliokidea izan behar du; zeina zehaztuko baita hautaketa-sistemako oposizio-faseko probak eta ariketak gaindituta.

b) Lehentasun horri esker hautatutako emakumezko izangaien eta lehentasun horren ondorioz atzean geratutako gizonezko izangaien arteko puntuazio-aldea ezin da izan % 15 baino handiagoa oposizio-aldian, eta, hala badagokio, lehiaketa-fasean ere ez, hautaketa-sistemaren arabera.

c) Beste hautagaiak ez du izan behar neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duen lege-arrazoirik, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dauzkaten beste kolektibo batzuetakoa izatea, sexu-diskriminazioa eragiten duten arrazoiak izan gabe.

4.– Aurreko apartatuan adierazitako lehenespena ez da aplikatuko, baldin badago emakumezko funtzionarioen % 33 edo gehiago hautaketa-prozesuaren deialdiko kidegoan, eskalan eta kategorian.

67. artikulua.– Hautaketa-organoak eta epaimahaiak.

1.– Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa-organo iraunkor espezializatu gisa jarduten du Ertzaintzaren hautaketa-prozesuetan eta toki-administrazioek gomendio uzten dizkioten Udaltzaingoaren hautaketa-prozesuetan.

Toki-administrazioetako epaimahai edo hautaketa-organo bakoitzean, organo iraunkorrak izan edo ez, Poliziaren eta Larrialdietako Euskal Akademiak izendatutako ordezkari bat egongo da, eta ordezkari horrek bere izenean jardungo du.

2.– Epaimahaiek garatu eta ebaluatuko dituzte hautaketa-sistema osatzen duten probak; zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo dute, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango dira, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

3.– Epaimahaiek edo hautaketa-organoek kide anitzekoak izan behar dute, eta inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioen arabera osatu behar dira, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioaren arabera ere.

4.– Inpartzialtasun-printzipioari jarraikiz:

a) Epaimahaikideak edo hautaketa-organoetako kideak beti izango dira kide norberaren izenean, hau da, ezin dira kide izan inor ordeztuz edo inoren kontura.

b) Hauek guztiak ezin izango dira izan hautaketa-epaimahaikideak: hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudunak, ezta azken bost urteotan enplegu publikoan sartu nahi zuten izangaiak prestatzen ibili direnak ere.

c) Hautaketa-epaimahaikideek eta hautaketa-organoetako kideek ezin izango dute parte hartu, arrazoi pertsonal edo profesionalengatik edo bestelakoengatik, euren inpartzialtasuna zalantzan egon daitekeen kasuetan, ezta indarreko ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.

5.– Espezialitate-printzipioari jarraikiz, boto-eskubidea duten kide guztiek izan beharko dute sartzeko eskatzen den ikasketa-maila bereko edo goragoko titulazioa, eta, kideen erdiek, gutxienez, jakintza-arlo bereko titulazioa.

6.– Ordezkaritza orekatuaren printzipioari jarraikiz, justifikatutako ezintasunik ez badago, hautaketa-organoak orekaz eratuko dira, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonei begira. Ordezkaritza orekatutzat hartuko da baldin eta, lau kidetik gorako hautaketa-organoetan, sexuetariko bakoitzak gutxieneko % 40ko ordezkaritza badauka, eta, gainerakoetan, sexu biak ordezkatuta badaude.

7.– Epaimahaiak aholkulari espezialisten partaidetzaz baliatu ahal izango dira euren lanetan, hautaketa-prozesua osatzen duten proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari espezialista horiek aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango euren espezialitateen jardunaren gainean. Aholkulari horien jardunak ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioak bete beharko ditu.

8.– Prestakuntza-ikastaroetan eta praktikaldietan tutore eta gainbegirale izan nahi dutenek egokitasun- eta inpartzialtasun-eskakizunak bete beharko dituzte, eta zeregin horietatik kanpo geratuko dira horretarako arrazoiren bat badago.

68. artikulua.– Epaimahaien jarduna.

1.– Epaimahaiek ematen dituzten ebazpenak lotesleak izango dira funtzionarioak izendatzeko organo eskudunarentzat; hala ere, irregulartasun baliogabetzaileren bat hautemanez gero, lotespen horrek ez du eragotziko organo horrek ebazpenak berrikustea, administrazio-prozedura arautzen duten arauekin bat etorriz.

2.– Epaimahaiek ezin izango dute hautatu gisa deklaratu deialdiko plazak baino izangai gehiago, eta muga hori hausten duten proposamenak erabat deusezak izango dira.

3.– Erregelamenduz zehaztuko da nola osatuko diren epaimahaiak eta zein izango diren plazak esleitzeko formulak.

69. artikulua.– Udaltzaingoan sartzeko arauak.

1.– Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak ezarriko du zein diren oinarrizko arauak Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuen eskala eta kategorietan sartzeko; horretarako, Ertzaintzan horien baliokide direnetan sartzeko ezarritako irizpideen antzeko irizpideetan oinarrituko da.

2.– Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuetan sartzeko deialdietako hautaprobetarako epaimahaietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ordez, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiak izango du ordezkaritza, euskal enplegatu publikoei buruzko lege orokorrekin bat etorriz.

3.– Toki-erakundeek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren gomendio utzi ahal izango dute, akademiak aldez aurretik onartzen badu, Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuetan sartzeko hautaketa-prozedurak batera egitea, bai eta, hala badagokio, mugikortasun-agente izateko hautaketa-prozedurak ere. Gomendio hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak egingo ditu hautaketa-prozedura horiek.

4.– Erregelamenduz zehaztuko da nola osatuko diren epaimahaiak eta zein izango diren plazak esleitzeko formulak.

BIGARREN ATALA
HAUTAKETA-PROZESUA

70. artikulua.– Hautaketa-sistemak eta -faseak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan sartzeko, oposizioaren, lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren sistemak baliatuko dira, eta, horiek osatzeko, prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak ere izango dira hautaketa-prozesuko beste fase bat.

2.– Hautaprobak oposizio-lehiaketaren sistemakoak badira, lehiaketa-fasearen balorazioak ezin izango du gainditu oposizio-fasean lor daitekeen puntuazio handienaren ehuneko berrogeita bost; eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioa ezin izango da erabili oposizio-faseko ariketak gainditzeko, ezta ariketa horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko ere.

71. artikulua.– Hautaketa-deialdiak.

1.– Hautaketa-prozesuetarako deialdiak, oinarriekin batera, Ertzaintzakoak badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira; toki-erakundeetakoak badira, berriz, zein bere lurralde historikoko aldizkari ofizialean.

2.– Deialdiaren oinarrietan, alderdi hauek adierazi behar dira ezinbestean:

a) Zer plaza diren: kidegoa, eskala, kategoria eta titulu-taldea adierazita.

b) Zer betekizun bete behar dituzten izangaiek.

c) Probak, gai-zerrenda eta, hala badagokio, merezimenduen zerrenda, bai eta ebaluatzeko irizpideak eta arauak ere.

d) Epaimahaiaren osaera.

e) Zer-nolako prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak egingo diren.

f) Erregelamenduz zehaztutako gainerako kontuak.

3.– Deialdietan, zehaztuko da zer plaza hornitu behar diren, eta adieraziko da zer hizkuntza-eskakizun eskatuko den eta zenbat plaza erreserbatuko den barne-sustapenerako.

4.– Administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunek oinarri orokor batzuk onetsi ahal izango dituzte, bakoitzak bere eremuan, hurrenez hurren egiten diren deialdietan aplikatzeko. Oinarri orokor horiek argitaratuta badaude, deialdietan, oinarriok barnean hartzen duten testua alde batera utzi daiteke; baina, espresuki aipatu beharko dira oinarri horiek, eta zer egunetan eta zer aldizkari ofizialetan argitaratu diren adierazi.

5.– Deialdiaren oinarriak lotesleak dira Administrazioarentzat, hautaketa-sistema epaitzen duten epaimahaientzat, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten izangaientzat.

Deialdiak edo oinarriak, argitaratu badira, administrazio-prozedura erkidea arautzen duten arauetara hertsiki loturik baino ezin izango dira aldatu. Deialdiko plaza hutsen kopurua aldatu nahi bada edo huts materialak edo egitezkoak zuzendu nahi badira, ez da nahitaezkoa izango eskabideak aurkezteko beste epe bat hastea.

72. artikulua.– Prestakuntza eta praktikak.

1.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia ezin izango dira batera egin, eta bakoitzaren iraupena edo bien iraupen metatua ezin izango da hogeita hamar hilabetetik gorakoa.

2.– Jardun-eremuak kontuan hartuta, praktikak zentro eta instalazio egokienetan egingo dira, hau da, izangaiei prestakuntza osoa eta destino-administrazioko polizia-zerbitzuen egituraren eta funtzionamenduaren gaineko jakintza bereziak emateko egokienak diren horietan.

73. artikulua.– Prestakuntza-ikastaroaren eta praktiken izaera baztertzailea.

1.– Prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak baztertzaileak izango dira, banaka kontuan hartuta. Gainditu ezean, izangaia automatikoki geratuko da hautaketa-prozesutik baztertuta, eta zegokion eskalan edo kategorian sartzeko zeuzkan eskubide guztiak galduko ditu.

2.– Aurreko apartatua gorabehera, ezinbesteko kausaren bat duten izangaiek, ikastaroa edo praktikaldia hasi ez edo amaitu ezin badute, antolatzen diren hurrengoetan egin ahal izango dute, eragozpenak desagertu ondoren. Ikastaroa eta praktikak antolatzeko eta garatzeko ardura daukan organoari dagokio kausa baloratzea, eta behar den ebazpena emateko organo eskuduna ere izango da bera.

74. artikulua.– Praktiketako funtzionarioak.

1.– Prestakuntza-ikastaroetan eta praktikaldietan sartzen diren izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko dituzte, eta egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa edo praktikak hasten direnetik karrerako funtzionario izendatu arte edo hautaketa-prozesutik kanporatu arte.

2.– Praktiketako funtzionarioak diren bitartean, euren jarduna dagokien kidegoaren barrukotzat hartuko da, gizarte-segurantzaren estaldura izango dute, zer kidegotako izangai diren kontuan hartuta; eta hartuko duten lansaria ere izangai diren kidego-sailkapeneko taldeari dagozkion soldataren eta aparteko ordainsarien baliokidea izango da. Lansari hori handitu egingo da praktiketan betetzen den lanpostuaren arabera, lanpostu horri dagozkion lansari osagarriak emanda. Hori gorabehera, kidego bereko beste kategoria batekoak direnek, kategoria horretako zerbitzu aktiboan badaude, jatorri-postuari dagozkion lansariak hartzen segituko dute, baldin eta ez badute aukeratzen apartatu honetan adierazitakoak hartzea.

3.– Ikastaroak eta praktikek iraun bitartean, edo amaitutakoan, behar beste proba mediko igaro beharko dituzte izangaiek, kategorian sartzeko ezarritako bazterketa medikoen taularen arabera egokiak direla egiaztatzeko. Egiten dizkieten probetan, baztertzeko kausaren bat azaltzen bada, organo arduradunak proposatu ahal izango du, gaixotasunaren edo akats fisikoaren larritasunaren arabera, izangaia hautaketa-prozesutik kanporatzeko, eta izendapena egitea zegokion organo eskudun berari dagokio behar den ebazpena ere ematea.

75. artikulua.– Kalifikazioen lotespena.

Ikastaroaren eta praktiken ardura duten prestakuntza-zentroek emandako kalifikazioak lotesleak izango dira karrerako funtzionarioak izendatu behar dituen Administrazioko organoarentzat; hala ere, hori ez da eragozpena izango organoak kalifikazioak berrikusteko, administrazio-prozedura arautzen duten arauetan adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
ESKALA ETA KATEGORIA BAKOITZEKO SARRERA

76. artikulua.– Kategoria bakoitzeko hautaketa-sistemak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia osatzen duten kidegoetako agenteen kategoriarako sarbidea txanda irekikoa izango da, oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren bidez.

2.– Komisariordeen kategoriarako sarbidea barne-sustapena eta txanda irekia izango dira, oposizioaren, lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren sistemen bidez; eta, hutsik dauden plaza guztien ehuneko berrogeita hamar gorde ahal izango da, gehienez, txanda irekian hornitzeko. Barne-sustapeneko txandan bete gabe geratzen diren plazak txanda irekiko deialdikoei gehituko zaizkie, txanda irekiko sistema aplikagarria bada. Txanda irekian hutsik geratzen diren plazak barne-sustapeneko txandako deialdikoei gehituko zaizkie.

3.– Gainerako kategorietarako sarbidea barne-sustapena izango da, oposizioaren, lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren sistemen bidez.

4.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, hirurogei mila biztanletik beherako udalerrietako udaltzaingo-kidegoetan, ofizialordeen eta ofizialen kategorietarako sarbidea barne-sustapena eta txanda irekia izan daitezke, oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren sistemen bitartez.

5.– Erregelamenduz arautuko da aukera dagoela txanda irekiko deialdiko plaza hutsen ehuneko zehatz bat Euskal Autonomia Erkidegoko beste polizia-kidego edo -zerbitzu batzuetako funtzionarioek oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko. Horretarako, funtzionario horiek deialdiko plaza-kategoria baliokide bat izan behar dute eta, gutxienez benetako bost urte egon behar izan dute kategoria horretan, edo bi urte Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriarako bada. Hala badagokio, txanda horretan bete gabe geratzen diren plazak txanda irekiko gainerako plazei gehituko zaizkie.

77. artikulua.– Txanda irekiko sarbidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionario izateko txanda irekiko hautaprobetan onartua izateko, euskal enplegu publikoa arautzen duten legeetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, berezitasun hauekin:

a) 18 urte bete izana. Agenteen kategorian sartzeko, 38 urte bete ez izana; nolanahi ere, muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.

b) Kondenatu ez izana dolozko delituagatik, ezta Administrazio publikoko zerbitzutik kendua ere, ezta eginkizun publikoetarako desgaitua edo etendura hartua ere, hargatik eragotzi gabe birgaitua izateko aukera, arau penalen eta administratiboen arabera.

c) Sartu beharreko kategorian eskatzen den titulazioa izatea.

d) Ez egotea erregelamenduz ezarritako bazterketa medikoen taulan.

e) Erregelamenduz ezarritako gutxieneko garaiera izatea, zeina bat izango baita emakumeentzat, eta beste bat gizonezkoentzat.

f) Eskatzailearen deklarazioaren bidez, konpromisoa hartzea armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko.

g) Deialdi bakoitzean ezarritako motako ibilgailuetarako gidabaimena edukitzea.

h) Deialdian adierazitako eginkizunekiko eta atazekiko lotura objektiboa duten beste betekizun espezifiko batzuk.

2.– Aipatutako betekizunak, beraz, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik bete beharko dira, g) letrakoa izan ezik, deialdi bakoitzean zehaztutako egunerako eduki beharko baita.

78. artikulua.– Barne-sustapeneko sarbidea.

1.– Barne-sustapeneko txandan lehiatzeko, kategorian sartzeko ezarrita dauden betekizun orokorrak bete beharko dituzte funtzionarioek; horretaz gain, manu honek adierazitako administrazio-egoeretan egon behar dute eta eskatzen diren zerbitzu-urteak eginak izan behar dituzte, kasuan kasu, hartu nahi den kategoriaren edo eskalaren beheragoko hurrengo kategorian edo eskalan, eta ez dute zehapenik izan behar falta astuna edo oso astuna egin izanagatik, edo, zehapenik ezarri bazaie, zehapen hori ezereztuta egon behar da.

2.– Barne-sustapenaren bidetik lehiatzeko gaitzen duten administrazio-egoerak hauek dira: zerbitzu aktiboa edo zerbitzu bereziak; seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko eszedentzia, eta genero-indarkeriagatiko eszedentzia.

3.– Barne-sustapenean lehiatzeko, hona hemen zenbat zerbitzu-urte izan behar diren beteak hartu nahi den kategoriaren beheragoko hurrengo kategorian? edo eskalan, kasuan kasu:

a) Agente lehenen kategorian sartzeko, Oinarrizko Eskalako agente gisa emandako benetako hiru zerbitzu-urte.

b) Ofizialordeen edo ofizialen kategorietan sartzeko, Oinarrizko Eskalako kategoriaren bateko benetako lau zerbitzu-urte.

c) Komisariordeen edo komisarioen kategorietan sartzeko, Ikuskapen Eskalako kategoriaren bateko benetako lau zerbitzu-urte, eta urte horietako bi, gutxienez, ofizialen kategorian.

d) Intendenteen kategorian sartzeko, Betearazpen Eskalako kategoriaren bateko benetako lau zerbitzu-urte.

4.– Jatorrizko kategorian edo eskalan egindako benetako zerbitzuen denbora kalkulatzeko, barne-sustapeneko sarbidea ahalbidetzen duten administrazio-egoeretan emandako denbora eta aurretik egindako praktikaldiaren denbora gehituko dira; baina, betiere, hautaketa-prozesua gainditu bada.

79. artikulua.– Barne-sustapeneko hautaprobak.

1.– Jatorrizko eskalaz besteko eskaletako kategorietarako barne-sustapenerako, beharrezkoa izango da txanda irekiko sarbiderako ezarritako proba berak gainditzea, biak aldi berean egiten badira. Hala ere, barne-sustapenean lehiatzen direnak salbuetsi ahal izango dira zenbait proba, prestakuntza-jarduera edo praktika egitetik, baldin eta jatorrizko kategorian sartzeko eskatu zaizkien ezagutza berak egiaztatzeko badira edo jardun profesionalean egiaztatu badituzte; horretarako, hala adierazita egon behar du deialdiaren oinarrietan.

2.– Eskala beraren barruko beste kategoria baterako barne-sustapenerako, beharrezkoa izango da deialdian ezarritako hautaprobak gainditzea eta merezimenduak baloratzea; baina ezin izango da eskatu prestakuntzako eta praktiketako denboraldi bat gainditzeko, baldin eta ez badago hala adierazita deialdiaren oinarrietan.

80. artikulua.– Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalarako sarbidea.

1.– Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalarako sarbidea Ertzaintzako funtzionarioen barne-sustapena izango da, oposizioaren, lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren sistemen bidez. Hala ere, plaza hutsak ez badira betetzen barne-sustapenaren bidez, txanda irekian egin ahal izango da deialdia.

2.– Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalan Ertzaintzaren beste eskaletako batetik sartzeko, beharrezkoa izango da hau betetzea: barne-sustapenerako sarbidea ahalbidetzen duen administrazio-egoeraren batean egotea, jatorri-eskalan benetako bi zerbitzu-urte bete izana, eta zehapenik jaso ez izana falta astunagatik edo falta oso astunagatik, edo zehapen hori ezereztuta egotea.

3.– Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalara sartzen diren langileek parte hartu ahal izango dute Fakultatiboen eta Teknikarien Eskala horretan sartu aurretik zeukaten kategoriako lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapeneko deialdietan.

IV. TITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO POLIZIA-FUNTZIONARIOEN ESTATUTU-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
FUNTZIONARIOTZA ESKURATZEA ETA GALTZEA

81. artikulua.– Eskuratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako karrerako funtzionario izateko, kidegoetako eskala edo kategoria horiei dagokien aurrekontu-plantillako plazetan sartu behar da eta, horretarako, betekizun hauek bete behar dira hurrenez hurren:

a) Hautaketa-prozedura gainditzea.

b) Agintaritza eskudunak izendatzea.

c) Behar den epean lanpostuaz jabetzea.

82. artikulua.– Galtzea.

1.– Funtzionario izateari utziko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuei aplikatzen zaizkien lege orokorretan aurreikusitako arrazoiengatik.

2.– Halaber, hauek ere galduko dute funtzionariotza:

a) Edozein administrazio-egoeratako gehieneko iraunaldia igarota edo egoera-deklarazioaren kausa azkenduta, zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzeko eskatzen ez dutenek galduko dute, baldin eta benetako zerbitzuetan behar besteko denbora eman ez badute interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoera igarotzeko.

b) Nahitaezko eszedentzian egonda, lanpostuak hornitzeko lehiaketetan parte hartzen ez dutenek edo, Administrazioak nahitaez hala egiteko xedatzen badu, zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzen ez direnek galduko dute, baldin eta benetako zerbitzuetan behar besteko denbora eman ez badute interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoera igarotzeko.

83. artikulua.– Erretiroa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako funtzionarioen erretiroa euskal enplegu publikoa arautzen duten legeetan aurreikusitako eran hartuko da, eta kontuan hartuko dira Gizarte Segurantzaren arauek Ertzaintzarako edo Udaltzaingorako adierazitako berezitasunak.

2.– Bidezkoa izango da erretiroa hartzea eta, aldi berean, erretiroa hartzeko egunean betetzen zen lanpostua erreserbatzea, baldin eta, aplikagarria den gizarte-aurreikuspeneko araubidearekin bat etorriz, ezintasunaren hasierako onarpenean ezarri bazen ezintasun hori gerora berriro aztertu behar zela, izan zitekeelako hobetzea eta lan egin ahal izatea gehienez bi urteko epean.

84. artikulua.– Birgaitzea.

1.– Funtzionariotza diziplina-zehapen baten ondorioz galdu dutenak birgaitu ahal izango dira jatorrizko eskalara eta kategoriara itzulita; baina, horretarako, hala badagokie, lehenago egiaztatu beharko dute aurrekari penalak ezereztu dituztela, egotzi zaizkien erantzukizunak bete dituztela, eta birgaitzeko eskumena daukan organoaren iritziz onura hori merezi dutelako jokabidea daukatela.

2.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuak edo toki-erakundeari dagokion udaleko organo eskudunak hartuko du birgaitzeko erabakia; ezin izango da birgaitu diziplina-zehapena irmoa denetik sei urte igaro arte. Birgaitzeko eskabidea ezesten bada, ezin izango da berriro eskatu bi urte igaro arte.

3.– Interesdunak zerbitzu aktibora itzuli beharko du hilabeteko epean gehienez, birgaitzea xedatzen duen erabakia edo ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Horrela egin ezean, eta ezinbesteko kausarik ez badago, eskubidea galdutakotzat hartuko da eta birgaitzeak ez du efekturik izango.

II. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO-EGOERAK

85. artikulua.– Administrazio-egoerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langileak euskal enplegu publikoaren lege orokorretan aurreikusitako egoera administratiboren batean egongo dira, kapitulu honetan adierazitako berezitasunekin, edo bigarren jarduerako administrazio-egoera espezifikoan.

86. artikulua.– Hauteskundeetan parte hartzeko borondatezko eszedentzia.

1.– Bidezkoa izango da borondatezko eszedentziaren egoera deklaratzea ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai izan nahi duten funtzionarioentzat; izan ere, hautaezintasun-arrazoia da zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran egotea.

2.– Kargurako hautatuak izanez gero, legez dagokien administrazio-egoerara igaroko dira. Bestela, zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzeko eskatu beharko dute hogeita hamar egunean gehienez; horrela egin ezean, interes partikularragatiko borondatezko eszedentziara igaroko dira, horretarako eskakizunak betetzen badituzte.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek ez dute lansaririk hartuko egoera horretan dauden bitartean. Hala ere, lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute eta eszedentzian emandako denbora zenbatu ahal izango zaie hirurtekoetarako, gradu pertsonala sendotzeko eta eskubide pasiboetarako.

87. artikulua.– Eginkizunak etetea.

Eginkizunak behin-behinean edo irmo eten daitezke eta, etenak dirauen bitartean, eginkizunak eta funtzionariotzari datxezkion eskubideak kenduko zaizkio funtzionarioari, hargatik eragotzi gabe 88. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa.

88. artikulua.– Eginkizunak behin-behinean etetea.

1.– Salbuespenez, behin-behinean eteteko erabakia kautela-neurri gisa har daiteke diziplina-prozedura edo prozedura judizialetan; horretarako, organo eskudunak ebazpen arrazoitua eman beharko du, hala behar bada interes publikoa babesteko. Horretaz gain, funtzionarioaren aurkako espetxe-autorik eman bada, nahitaez deklaratu beharko da.

2.– Behin-behinean ezin izango da sei hilabetetik gora eten, salbu eta interesdunari inputatzen zaion diziplina-espedientea geldiarazten bada edo, amaitu ahal izateko, egitate berengatik izapidetzen ari den dolozko delituagatik izapidetutako prozedura penalaren behin betiko ebazpenaren zain geratzen bada, eta, azken kasu horretan, luzatu ahal izango da diziplina-espedientea amaitu arte. Eten behar bada funtzionarioaren aurkako espetxe-autoa eman delako, luzatu ahal izango da epaia eman arte edo askatasuna dekretatu arte.

3.– Eginkizunak behin-behinean eten zaizkien langileek eskubidea izango dute oinarrizko lansariak eta familia-laguntza jasotzeko, salbu eta euren erruz luzatzen badira diziplina-espedientearen izapideak edo azaltzen ez badira; hala bada, horren ondorioz, lansari orotarako eskubidea galduko dute.

4.– Espedientea ebatzi ondoren, eten irmoa deklaratzen ez bada edo zerbitzutik kentzea erabakitzen ez bada, funtzionarioak berehala itzuli beharko du lanpostura; jaso ez dituen lansariak ordainduko zaizkio, eta zerbitzu aktibo gisa zenbatuko zaio behin-behineko eginkizun-etenean eman duen denbora.

5.– Behin-behineko eginkizun-etendura behin betiko bihurtzen bada, etendurak iraun bitartean jaso duena itzuli beharko du funtzionarioak. Behin-behineko eginkizun-etendura ez bada zehapen irmo bilakatzen, Administrazioak itzuli beharko dio funtzionarioari benetan jaso dituen hartzekoen eta eskubide guztiak izanez gero jaso beharko zituen hartzekoen arteko aldea.

6.– Behin-behineko eginkizun-etenduran emandako denbora kontuan hartuko da eginkizun-etendura irmoa betetzeko eperako.

89. artikulua.– Adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiboa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioek –Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalakoak izan ezik–, zerbitzu aktiboan badaude, eskatu ahal izango dute adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiboaren modalitatera igarotzeko, zerbitzu aktibo hori emateko, baina zerbitzua emateko baldintzetan egin beharreko aldaketak eginda.

2.– Administrazio bakoitzak ezarriko ditu, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiboa onartzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak. Erregulazio horretan, datu hauek guztiak sartuko dira:

a) Zer adinetatik aurrera onar daitekeen adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiboa.

b) Zer aldaketa egin behar den zerbitzua emateko baldintzetan.

c) Urteko onarpen-kopurua mugatzeko aukera, salbuespenez eta arrazoituta, bestela polizia-zerbitzuaren jarraitutasuna bermatu ezin bada.

d) Unitate singularrak egoteko aukera, non adinaren araberako zerbitzu-egokitzapenak bateratu ezin baitira lanpostuarekin, zerbitzuaren beraren izaera dela eta. Kasu horretan, erregelamenduak jaso beharko du beste lanpostu huts bati berratxiki beharra, hartan aritzeko bete beharreko baldintzak betetzen baditu, lehen betetzen zuen postua hornitzeko bete beharreko baldintza beretan eta interesdunak aukeratzeko eta lehentasuna ezartzeko ezartzen diren bermeekin.

3.– Adinaren arabera egokitutako zerbitzua baimentzeko baldintza izango da borondatezko erretiro aurreratua eskatzeko konpromisoa, erretirorako behar den adina betetzen denean, kasu bakoitzerako Gizarte Segurantzaren araubideak xedatutakoaren arabera. Konpromiso hori atzeratu ahal izango da, baldin eta, erretiro aurreratua hartzeko adina betetzen denean, ez badira betetzen oinarri arautzailearen ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa hartzeko behar diren betekizunak.

90. artikulua.– Bigarren jarduera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioak –Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalakoak izan ezik–, zerbitzu aktiboan badaude, bigarren jarduerako administrazio-egoerara igaro ahal izango dira; baina, horretarako, ahalmen psikiko edo fisikoak nabarmen moteldu behar izan zaizkie eta, horren ondorioz, euren kategoriako eginkizun propioak osorik gauzatzeko ahalmenaren urritze iraunkorra izan, betiere polizia-lanbidearen oinarrizko atazak eraginkortasunez egitea galarazi gabe.

Lege honetarako, polizia-lanbidearen oinarrizko atazak hauek dira: ordena eta herritarren segurtasuna mantendu eta berrezartzea; delituzko egitateak prebenitzea, ikertzea eta errudunak pertsegitzea; eta beste ataza batzuk, zeinek eraginkorrak izateko oinarrizko gaitasuna eskatzen baitute, bai su-armak eta erregelamenduzko gainerako defentsak erabili eta maneiatu behar direlako, bai egoera normaletan ibilgailuak gidatu behar direlako, oinarrizko mugimendu-gaitasun bat ere izanik.

2.– Administrazio-egoera horretara igarotzeko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasi ahal izango da. Horretarako, ez zaio eskatu behar aldez aurretik Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari ezintasun iraunkorraren deklarazioa.

3.– Hiru fakultatibok osatutako epaimahai ebaluatzaile batek balioetsiko ditu muga funtzionalak. Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak edo toki-erakundeko organo eskudunak izendatuko ditu fakultatibo horiek, eta horietariko bat ordezkari sindikalek proposatuko dute. Epaimahaiak espezialisten parte-hartzea eskatu ahal izango du bere eginkizuna zuzen betetzeko beharrezkotzat jotzen badu, eta, gainera, horretarako behar dituen proba, azterketa edo miaketa guztiak egitea erabaki.

4.– Epaimahai ebaluatzaileak ematen dituen irizpenak lotesleak izango dira bigarren jarduerako egoera deklaratzeko eskumena daukan organo eskudunarentzat; hala ere, prozesua baliogabetu dezakeen irregulartasunen bat hautemanez gero, organo horrek aukera izango du berrikusteko, administrazio-prozedura arautzen duten arauekin bat etorriz. Baldin eta, egindako azterketen ondorioz, epaimahaiak, hautematen badu funtzionarioengan euren eginkizunetarako ezintasun iraunkorra dakarren ezintasun fisikorik edo ahalmen-gutxitzerik, irizpenean jasoko du egoera horren berri, behar diren ondorioak izan ditzan.

5.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzen diren funtzionarioek utzi egingo dute atxikita duten lanpostua, ez bada bigarren jarduerako langileek egiteko modukoa, eta behin-behineko atxikipena emango zaie bigarren jarduerako zerbitzuak ematen ari diren unitateko lanpostuetan. Baldin eta unitate horretan lanpostu hutsik ez badago, interesdunak proposatutako hiru lanpostuen artetik Administrazioak ezartzen duen lantokiari atxikiko zaio funtzionarioa, baina, betiere, lantoki horretako polizia-kidegoaren lanpostu-zerrendan definitutako posturen batek hutsik egon behar du.

Lanpostu hutsik ez badago aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, edo lanpostu huts horiek funtzionarioa zerbitzuak ematen ari den lantokiaren inguru mugakidetik kanpo badaude eta interesdunak borondatez proposatutakoak ez badira, aldi baterako eta aukera hori ez dagoen bitartean, Administrazio eskudunak funtzionalki egokituko du betetzen ari zen lanpostua interesdunaren gaitasunetara, epaimahai ebaluatzaileak ematen duen irizpenaren arabera.

6.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko borondatez eskatzeak berekin dakar borondatezko erretiro aurreratua eskatzeko konpromisoa, erretirorako behar den adina betetzen denean, kasu bakoitzerako Gizarte Segurantzaren araubideak xedatutakoaren arabera. Konpromiso hori atzeratu ahal izango da, baldin eta, erretiro aurreratua hartzeko adina betetzen denean, ez badira betetzen oinarri arautzailearen ehuneko ehunaren baliokidea den pentsioa hartzeko behar diren betekizunak.

7.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerako funtzionarioek euren kategoriako oinarrizko lansariak jasoko dituzte, maila pertsonalean onartuta dauzkatenekin batera eta barnean hartuta hirurtekoei dagozkienak ere, zeinek egoera horretan ere hobetzen segituko baitute. Lansari osagarriei dagokienez, betetzen den lanpostuari edo plazari dagozkionak jasoko dira.

Gizarte Segurantzako organo eskudunek ezintasun iraunkorreko egoeran deklaratu dituzten funtzionarioei, nahitaezko erretiroa hartu beharrik ez badaukate, lansari osagarriak murriztuko zaizkie kontzeptu harengatik onartuta daukaten aldizkako prestazioaren zenbatekoan.

8.– Bigarren jarduerako administrazio-egoerako funtzionarioek eskubidea dute adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiborako aurreikusitako egokitzapen berberak hartzeko, baldintza beretan.

91. artikulua.– Destinorik gabeko salbuespenezko egoera iragankorra.

Salbuespenez, adinaren arabera egokitutako zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran aritzen diren funtzionarioek, baldin eta, aldi baterako, destinorik gabe eta polizia-kidegoaren esanetara badaude, egoera horrek dirauen bitartean, kategoriako oinarrizko lansariak eta maila pertsonalean onartuta dauzkan lansariak jasoko dituzte, bai eta bete duten azken lanpostuko lansariak ere, berariazko osagarriaren osagai berezia izan ezik.

92. artikulua.– Zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzea.

1.– Plaza eta destinoa erreserbaturik ez daukatenek, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoerara itzultzeko, lanpostuak hornitzeko deialdietan parte hartu beharko dute, lehiaketako edo izendapen askeko sistemen bidez. Halaber, lanpostu hutsik badago, lanpostu horrekiko behin-behineko atxikipenez itzuli ahal izango dira.

2.– Ezintasun fisiko edo psikikoaren ondoriozko bigarren jarduera deklaratu bada, egoera horretatik zerbitzu aktibora itzultzeko, ezinbestekoa izango da funtzionarioa erabat sendatu dela frogatzea; horretarako, aldez aurretik, epaimahai ebaluatzaileak horren aldeko irizpena eman beharko du (90. artikuluaren 3. apartatua).

III. KAPITULUA
LANPOSTUAK HORNITZEA

93. artikulua.– Atxikipen bereizi gabea.

Oro har, lanpostu oro atxiki dakieke bereizketarik gabe lanpostu horiek erreserbatuta dauzkaten eskala eta kategorietako funtzionario guztiei, hargatik eragotzi gabe lanpostuok hornitzeko eskatzen diren betekizun espezifikoak, zeinak bete beharreko eginkizunen ezaugarriek finkatuko baitituzte eta lanpostu-zerrendetan ezarrita baitaude.

94. artikulua.– Hornitze-sistema.

Lanpostuak hornitzeko, lanpostu-zerrendetan ezarritakoa beteko da, merezimendu-lehiaketako eta izendapen askeko sistemen bidez.

95. artikulua.– Merezimendu-lehiaketa.

1.– Lehiaketa da hornitze-sistema normala. Lehiaketan, hautagaien gaitasunak lanpostuaren eginkizunetara egokitzen diren baloratuko da.

2.– Lanpostuak hornitzeko deialdietan, baloratu beharreko merezimenduak definituko dira, besteak beste, hauek: antzinatasuna, gradu pertsonal zehatz bat izatea edo –hala badagokio– garapen profesionalaren gradu jakin bat izatea eta egindako lana eta euskararen jakintza-maila egiaztatua baloratzea –jakintza hori betekizuna ez bada–.

3.– Halaber, deialdian hala ezartzen bada, hauek ere sartu ahal izango dira: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak; titulazio eta gradu akademikoak; hizkuntzak jakitea, edo irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduera, eta hornitu beharreko lanpostuaren ezaugarri propioetarako egokiak diren gainerakoak.

4.– Halaber, bete beharreko eginkizunak nolakoak diren kontuan hartuta, deialdietan, proba bereziak egitea ezarri ahal izango da izangaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetarako egokiak diren ebaluatzeko.

96. artikulua.– Izendapen askea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izango dira soilik lanpostu-zerrendetan hala hornitzeko gordetako lanpostuak, bai erantzukizun bereziko lanpostuak direlako, bai konfiantza pertsonala ezinbesteko duten lanpostu bereziak direlako. Hala ere, hornitze-modu horretarako erreserbatutako postuak ezin dira izan lan-zerrenda osoaren % 7 baino gehiago.

2.– Zehazki, hauek hornitu ahal izango dira izendapen askeko sistemaren bidez:

a) Polizia-kidegoetako Goi-mailako Eskalarako gordetako burutza-postuak.

b) Betearazpen Eskalarako gordetako burutzetako postuak, baldin eta ez badaude izendapen askerako erreserbatutako beste postu baten mende unitate berean eta eskala berean. Hala ere, hornitze-modu horretarako, eskala horretako postuak ere erreserbatu ahal izango dira, baldin eta modu espezifikoan inteligentzia-atazetan aritzen badira edo agintariak babesteko jarduera bereziak koordinatzeko atazetan.

c) Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako postuak, baldin eta salbuespen gisa horrela xedatzen bada lanpostu-zerrendan, erantzukizun bereziagatik edo konfiantza bereziagatik; baina, guztira, eskala biak batera hartua, lanpostu guztien % 6ko muga gainditzen ez bada.

3.– Postuak izendapen askez hornitzeko deialdiak publikoak izango dira, eta argitara emango da zer gaitasun profesional behar den deialdiaren xede den posturako. Izendapen askean, organo eskudunak irizpen diskrezional bat egiten du hautagaien egokitasunari buruz, lanpostu jakin batean jarduteko eskatutako betekizunetan oinarrituta, eta, horretarako, prozesuan, hauek egin ahal izango dira: curriculumaren balorazioak, egokitasun-txostenak, elkarrizketak, eta izangaien egokitasuna egiaztatzeko egokia den beste edozein ebaluazio-prozedura. Nolanahi ere, hornitze-deialdietan, adierazi beharko da zer egokitasun-alderdi eta -elementu hartuko diren kontuan.

97. artikulua.– Hornitze-sistemetan parte hartzeko ukaezintasuna eta mugak.

1.– Merezimendu-lehiaketen bidez lortutako destinoei ezin zaie uko egin.

2.– Ezin izango da merezimendu-lehiaketetan parte hartu harik eta bi urte igaro arte funtzionarioak bere behin betiko destinoa lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik. Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko behin-behineko atxikipeneko egoeran daudenei, baldin eta egoera hori ez bada postuari uko egitearen ondorio, 103.2 artikuluaren c) letran ezarritakoaren arabera.

3.– Jarduneko gutxieneko iraunaldi bereziari loturiko lanpostuei atxikitako funtzionarioek ezin izango dute parte hartu postuak hornitzeko deialdietan kasu bakoitzerako ezarritako denbora horretan, bi kasu hauetan izan ezik: aurreko apartatuan xedatutakoa salbuesten duen egoera gertatzea edo lotura eta arrazoi bera daukan beste postu baterako izangaia izatea.

98. artikulua.– Espezialitateko postuak betetzea.

1.– Espezialitatearen betekizuna duten lanpostuak betetzeko, lanpostuak hornitzeko prozedurak egingo dira espezialitate hori dutenen artean.

Espezialitateko ikastaroetarako deialdiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Administrazio eskudunak batera egiten dituztenean, deialdietan parte hartu eta prestakuntza gainditzen dutenei esleituko zaizkie espezialitate horretan hutsik dauden lanpostuak, behin betiko hornitu arte.

2.– Espezialitate-ikastaroa gainditu dutenak behartuta egongo dira gainditzen dutenetik aurrera egiten den lehenengo deialdian aurkeztera eta espezializazio hori behar duten lanpostu huts guztiak lehentasunez eskatzera. Horrela egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango zaizkio hutsik dagoen horrelako edozein lanposturi.

3.– Espezializazioaren betekizuna duten lanpostuek gutxieneko eta gehieneko iraunaldi berezia eduki ahal izango dute lotuta, eta lanpostu-zerrendan adieraziko da.

99. artikulua.– Bigarren jarduerako postuak betetzea.

Bigarren jarduerako langileek bete ditzaketen lanpostuak hornitzeko, lehentasuna izango dute administrazio-egoera hori onartuta daukaten funtzionarioek.

100. artikulua.– Deialdiak.

1.– Lanpostuak lehiaketaz edo izendapen askez hornitzeko deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, edo lurralde historiko bakoitzeko aldizkari ofizialean, toki-erakundeetakoak badira, eta hauek hartu beharko dituzte barnean:

a) Lanpostuaren izena, tokia, maila eta berariazko osagarria.

b) Lanpostuan jarduteko behar diren betekizunak.

c) Eskabideak aurkezteko epea; epe hori ezin izango da izan inola ere hamabost egunetik beherakoa, aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

d) Merezimendu-lehiaketako prozeduretan: merezimendu-baremoa, sartzen diren proba espezifikoak, postuan sartzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa eta hautaketa-batzordearen osaera.

2.– Deialdiaren ebazpena aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan argitaratuko da; salbu eta, egin beharreko eginkizunen izaerari datxezkion berezko konfidentzialtasunagatik edo erreserbagatik, berariaz salbuesten diren lanpostuen kasuan, hargatik eragotzi gabe interesdun izan daitezkeenei banaka jakinaraztea.

101. artikulua.– Eskakizun bereziko lanpostuak eta eskakizun berezirik gabeko lanpostuak.

1.– Eskakizun bereziko lanpostutzat hartuko dira behar dituzten eduki edo baldintza espezifikoengatik zerrendetako gainerako lanpostuetatik banakatu edo bereizten direnak.

2.– Zerbitzu-premiak direla-eta, eskakizun berezirik gabeko lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioak euren eskala eta kategoria bereko eta maila eta berariazko osagarri bereko beste lanpostu batzuetarako esleitu ahal izango dira, baldin eta egoitza ofiziala aldatzea ez badakar.

102. artikulua.– Atxikipena.

1.– Funtzionario sartu berriak lanpostuei atxikitzeko, hautaketa-prozesuko behin betiko sailkapen-hurrenkerari jarraituko zaio, haiek adierazitako lehentasunen arabera, betiere, lanpostuak hornitzeko eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

2.– Barne-sustapenaren bidez sartzen diren funtzionarioak eskala edo kategoria berriko lanpostu propioei atxikiko zaizkie eta, hornitu beharreko lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izango dute txanda irekiko izangaien aurretik.

3.– Aurreko apartatuetan adierazitako funtzionarioek ezin izango dute parte hartu lanpostuak hornitzeko hurrengo deialdietako lehiaketetan, lanpostuaz jabetu eta hurrengo bi urteetan. Denbora-muga hori ez zaie aplikatuko behin-behineko atxikipeneko egoeran daudenei, baldin eta egoera hori ez bada postuari uko egitearen ondorio, 103.2 artikuluaren c) letran ezarritakoaren arabera.

103. artikulua.– Lanpostuko kargu-uztea.

1.– Estatutu-harremanen egonkortasuna eragotzi gabe, lanpostua betetzea ez da funtzionarioak eskuratutako eskubide bat.

2.– Lanpostuari atxikita egoteari utziko zaio arrazoi hauengatik:

a) Lanpostu-zerrenden bidez ezabatzea.

b) Beste lanpostu baterako izendatzea.

c) Uko egitea, organo eskudunak onartuz gero.

d) Zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran egoteari uztea, arrazoi hauengatik izan ezik: zerbitzu berezietara igarotzea; sei hilabetetik beherako eginkizun-etendura irmoa, edo seme-alabaren bat zaintzeko borondatezko eszedentzia, lehenengo eszedentzia-urtean.

e) Bigarren jarduerako egoerara igarotzea, funtzionarioaren administrazio-egoera edozein dela ere eta egoera horretako lanpostu-erreserbarako eskubidea edozein dela ere, baldin eta betetzen den lanpostu hori ez bada bigarren jarduerako langileek egiteko modukoa.

f) Gehieneko iraunaldia betetzea.

g) Mugiaraztea.

3.– Lanpostu bati uko egitea eskatzeko eta onartzeko, arrazoitu egin behar da, eta ez da halakorik erabakiko ezohiko kasu justifikatuetan baino, postua eraginkortasunez bete ezin delako.

4.– Lanpostua lehiaketaz lortu duten funtzionarioak mugiarazi ahal izango dituzte euren lanpostutik gerora sortutako arrazoiengatik, hau da, lanpostu-zerrenden bidez lanpostuaren edukia aldatzeagatik, non deialdiaren oinarria izan ziren egoerak aldatzen baitira; edo lanpostuan aritzeko gaitasun-falta izateagatik, zeinak lanpostuko eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten baitu (behar besteko errendimendu faltaren bidez adierazita). Mugiarazteko, kontraesaneko espediente baten ondoren, ebazpen arrazoitu bat eman beharko du izendapena egin zuen organo berak.

5.– Diskrezionaltasunez mugiarazi ahal izango dituzte lanpostuari izendapen askez atxikitako funtzionarioak.

104. artikulua.– Kargu-uztearen osteko behin-behineko atxikipena.

1.– 103. artikuluaren bigarren apartatuko a), c), f) eta g) paragrafoetan eta bosgarren apartatuan xedatutakoaren ondorioz kargua uzten duten funtzionarioak behin-behinean atxiki ahal izango zaizkio eskala eta kategoria bereko beste lanpostu bati.

2.– Lehen betetzen zuten lanpostutik kendu edo mugiaraztearen ondorioz, lanpostua ezabatzearen ondorioz edo gehieneko iraunaldia betetzearen ondorioz beste lanpostu bati behin-behinean atxikitako funtzionarioek lehentasunezko eskubidea izango dute, egiten den hurrengo lehiaketan eta behin bakarrik, herri berean dauden postu hutsak hornitzeko, lehen betetzen zuten edo amortizatu den lanpostuak zeukan destino-osagarriaren maila bereko edo beheragoko bateko postu hutsak, hain zuzen.

3.– Funtzionarioek, lanposturen batean behin-behinean egon bitartean, lanpostu horri dagozkion lansari osagarriak jasoko dituzte eta, edonola ere, kategoriari dagokion destino-osagarria, Ertzaintzakoak badira, edo kontsolidatuta daukatena, Udaltzaingokoak badira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, behin-behineko atxikipenaren kausa lehengo lanpostua ezabatzea izan bada eta lanpostu berriari dagozkion lansariak amortizatukoak baino txikiagoak badira, lansari bien arteko aldea berdintzeko osagarri iragankorra ordainduko zaio funtzionarioari. Osagarri horri eutsiko zaio interesdunak parte hartzen duen edo parte har dezakeen lehen lehiaketa ebatzi arte.

4.– Behin-behinean atxikita dauden funtzionarioak behartuta egongo dira, horrela dauden bitartean, euren kidegoko edo eskalako lehiaketetarako deialdietan parte hartzera, eta hornitu ditzaketen postu huts guztiak eskatu beharko dituzte. Horrela egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango zaizkio horietariko edozeini.

5.– Espezialitate jakin bati lotuta daudela erregelamenduz ezarrita duten lanpostuen kasuan, 103.2.f) artikuluan adierazitako arrazoiagatik kargua utzi behar izan duen pertsonak osagarri pertsonal bat izango du, baldin eta benetako zerbitzua bete badu denboraldi horretan lanpostu horietan. Osagarri pertsonal hori zehazteko, kontuan hartuko da zenbateko aldea dagoen utzi behar izan duen postuko berariazko osagarri bereziaren eta behin-behinean edo behin betiko atxikitzen zaion postuari dagokionaren artean.

105. artikulua.– Zerbitzu-eginkizunak.

1.– Salbuespeneko kasuetan, eta lanpostua erreserbaturik, zerbitzu-eginkizunak esleitu ahal izango zaizkie funtzionarioei, euren eskala edo kategoriako lanpostuetan jardun dezaten edo atxikitako lanpostuari dagozkion eginkizun espezifikoez bestelako eginkizunak egin ditzaten. Halaber, behar den eskalan eta kategorian funtzionario nahikorik ez badago, eta zerbitzuaren beharrizanak hala eskatzen badu, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango dira norberarena ez beste kategoria bateko lanpostuak edo eginkizunak betetzeko, betiere eskala berean edo goragoko hurrengoan.

2.– Zerbitzu-eginkizunak borondatezkoak dira; baina, hori ezinezkoa bada eta presako eta geroratu ezineko beharrizana badago, nahitaez eman daitezke, interesdunari entzun ondoren.

3.– Zerbitzu-eginkizunak ezin du hiru urte baino gehiago iraun, zerbitzu berezietan dagoen titular baten lanpostua betetzeko ez bada; eta publikoki jakinarazi beharko da zein diren araubide horren arabera hornitu beharreko lanpostuak, interesdunek jakin dezaten.

4.– Zerbitzu-eginkizunetako funtzionarioak bere kategoriari dagozkion oinarrizko lansariak jasoko ditu, betetzen duen lanpostuko lansari osagarriekin batera. Hala ere, zerbitzu-eginkizuna nahitaez eman bazaio eta betetzen duen lanpostuari dagozkion lansariak bere lanpostukoak baino txikiagoak badira, bien arteko aldea berdintzeko osagarria ordainduko zaio interesdunari egoerak dirauen bitartean.

5.– Zerbitzu-eginkizunak lanpostu bati zehazki lotuta ez dauden ataza bereziak egiteko badira edo lanpostuen titularrek koiunturalki bete ezin dituzten eginkizunak betetzeko badira, funtzionarioari bere lanpostuari dagozkion lansariak ordainduko zaizkio, lege honen 116.2 artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe.

6.– Zerbitzu-eginkizunak diskrezionaltasunez ezeztatu ahal izango ditu eman zituen organo berak, eta horrela hornitutako lanpostuak eskaini beharko dira erregelamenduz betetzeko egiten den lehenengo deialdian.

106. artikulua.– Kidegoen arteko mugigarritasuna.

1.– Ertzaintzako eta Udaltzaingoko kidegoetako lanpostuak bateko eta besteko funtzionarioek bete ahal izango dituzte, baldin eta espresuki hala adierazita badago lanpostuen zerrendetan, eta, betiere, artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, postu hutsa erreserbatuta daukan kategoriaren baliokidea den kategoria batekoak badira eta horretarako ezartzen den prestakuntza-maila badaukate.

2.– Aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera beste Administrazio publiko bateko lanpostuak betetzera igarotzen diren funtzionarioek jatorrizko Administrazioko funtzionariotzari eutsiko diote.

Destinoko Administrazioarekiko harreman funtzionalak dirauen bitartean, horko indarreko legeak ezarriko zaizkie eta, bereziki, sustapen profesionalari, administrazio-egoerei eta lansari- eta diziplina-araubideei buruzko arauak, zerbitzutik behin betiko kentzeko zehapena izan ezik, zeina hau jatorrizko Administrazioko organo eskudunak erabaki beharko baitu.

Nolanahi ere, destinoko Administrazioarekiko harremanak azkenduta geratuko dira, legez ezarritako mugigarritasun-mekanismoen arabera, beste Administrazio publiko bateko lanposturen batera igarotzen direnean.

3.– Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko du zelako baliokidetza dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako kategorien artean, bai eta zelako prestakuntza-maila eskatuko den kategoria bakoitzeko lanpostuak jatorrizkoa ez den beste kidego batzuetan hornitzeko. Prestakuntza-maila ezartzeko, hauek hartuko dira kontuan: sartzeko betekizunak eta gainditutako probak eta egindako prestakuntza- eta hobekuntza-aldiak; hargatik eragotzi gabe horretarako ezartzen diren gaikuntza-ikastaro osagarriak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatuko dituenak.

IV. KAPITULUA
KARRERA PROFESIONALA

107. artikulua.– Garapen profesionalerako sistemak.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak eta udalerriek laneko garapen profesionalerako sistemak ezarri ahal izango dituzte polizia-kidegoetako langileentzat, jardun eta jokabide profesionala baloratzearen ondorio gisa.

2.– Ezartzen den sistema aplikatu ahal izango zaie zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan dauden funtzionarioei.

3.– Edonola ere, garapen profesionalerako sistemek bi fase izango dituzte:

a) Mailaketa-fasea.

b) Jardunaren urteko ebaluazioaren fasea; fase hau gainditu behar da aitortutako mailari dagozkion lansariak jasotzeko.

4.– Ezartzen diren garapen profesionalerako sistemek lau maila izan behar dituzte eskala profesional bakoitzeko, kontuan hartuta zenbat antzinatasun-urte behar diren maila bakoitza eskatu ahal izateko.

Maila Antzinatasun-urteak

I. maila 5 urte edo gehiago.

II. maila 11 urte edo gehiago (+ 6)

III. maila 17 urte edo gehiago (+ 6)

IV. maila 25 urte edo gehiago (+8)

5.– Mailaketa-prozesuan, gainditu beharko da horretarako sortutako organo teknikoek egindako ebaluazioa, Administrazio publiko bakoitzean garapen profesionala arautzen duten arauekin bat etorriz, eta, ebaluaziorako, kontuan hartuko dira alderdi hauek behintzat:

a) Jardun profesionala.

b) Gaitasun eta kualifikazio profesionala.

c) Antolakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa.

108. artikulua.– Garapen profesionalaren maila aitortzea.

1.– Garapen profesionala mailakatzeko eskabidea borondatezkoa izango da.

2.– Mailaketa ukatuz gero, ebaluazioa gainditu ez delako, bi urteko epea igaro beharko da beste eskabide bat egiteko.

3.– Mailaketa eskatzeko deialdi bakarra egingo da urtean, eta eskabidea egin ahal izango dute eskatzen diren antzinatasun-urteak beteta dauzkatenek kasu bakoitzean aurreikusitako zerbitzu-urteen kopurua betetzen duten urtearen hasieran.

109. artikulua.– Garapen profesionalaren maila galtzea.

Eskuratutako mailak galdu egingo dira arrazoi hauengatik:

a) Falta astun edo oso astun bat izatea sei hilabeteko edo gehiagoko epean.

b) Bere ardurapeko langileen ebaluazioa egiteari uko egitea.

c) Polizia-kidegoko funtzionariotza galtzea.

d) Interes partikularragatiko borondatezko eszedentziara igarotzea.

2.– Funtzionarioak, aipatutako arrazoiengatik galtzen badu lortuta zeukan maila, berriro eskatu ahal izango du hurrengo urteko deialdian maila aitortzeko, kasu hauetan:

a) Aurreko apartatuaren a) letran adierazitako zehapena bete ondoren.

b) Bere ardurapeko langileen ebaluazioa egiteari uko egin duenetik urtebete igaro ondoren, aurreko apartatuaren b) letraren kasuan.

c) Funtzionariotzarako birgaitzea.

d) Zerbitzu aktibora edo bigarren jarduerara itzultzea, aurreko apartatuaren d) letran adierazitako egoerarako.

110. artikulua.– Jardunaren eta efektu ekonomikoen urteko ebaluazioa.

1.– Garapen profesionalaren maila aitortuz gero, garapen profesionaleko osagarria jasoko da urtero karrera profesionalaren osagarri gisa, jardun profesionalaren ebaluazioa gainditzeari loturik, erregelamenduz ezartzen diren baremoekin bat etorriz, besteak beste, hauek kontuan hartuta: jokabide profesionala, emaitzen lorpena, eta lan-ordutegia eta laneratzea noraino bete dituen.

2.– Edonola ere, aitortutako mailek efektu ekonomikoak izango dituzte mailaketa-prozedura hasi eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera.

3.– Funtzionarioren bat kategoria altuago batera igotzeak ez du izango eraginik aitortutako garapen profesionalaren mailan, ez, behintzat, goragoko maila batean mailakatuta egon arte.

4.– Garapen profesionaleko osagarria ezin izango da inola ere jaso aldi berean kategoria profesional baterako baino gehiagotarako.

5.– Garapen profesionala aitortzeko, norberaren kategoriari baino ez zaio erreferentziarik egingo, nahiz eta goragoko kategorietako eginkizunak eginak izan.

V. KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

111. artikulua.– Eskubideak.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langileek hauetarako eskubidea izango dute:

a) Kargurako eta lanpostuan irauteko, lege honetan xedatutako mugak eta baldintzak izanik.

b) Lansariak hartzeko, bakoitzaren lanpostuaren eta gizarte-aurreikuspeneko araubidearen arabera.

c) Administrazio-karrerarako eta barne-sustapenerako.

d) Prestakuntza profesional etengaberako.

e) Informazioa jasotzeko eta lan-baldintzak ezartzen parte hartzeko, legeek ezarritakoaren arabera.

f) Osasun-laguntzarako eta onartutako gizarte-prestazioetarako, bai eta laneko segurtasunerako eta higienerako ere.

g) Norberaren espedienteak zer dioen jakiteko eta irispidean izateko askatasunez.

h) Eskubideak eta askatasun sindikalak egikaritzeko, legeek ezarritakoaren arabera.

i) Zerbitzu aktiboko urtebete bakoitzeko gutxienez hilabeteko oporraldi ordaindua izateko; edo, lanean emandako denbora laburragoa bada, proportzioan behar diren egunak izateko. Zerbitzuko beharrizanen arabera zehaztuko da noiz hartu.

j) Euskal Funtzio Publikoaren Legean oro har ezarritako lizentzietarako, hargatik eragotzi gabe estatutu profesional berezikoak izateagatik erregelamendu bidez egiten zaizkien egokitzapenak.

k) Bizi-maila eta gizarte-egoera hobetzeko, administrazioek sustatutako arreta sozialeko neurrien bidez.

112. artikulua.– Lanaldia eta atsedenen araubidea.

1.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailak edo toki-erakundeko organo eskudunak zehaztuko dute zein diren lanaldiaren iraupena eta antolamendua eta atsedenaldien, ordutegien eta jaiegunen araubidea.

2.– Salbuespenezko kasuetan, zerbitzu-arrazoiek beharrezko egiten badute, funtzionarioei errekerimendua egin ahal izango zaie euren lanalditik kanpoko zerbitzua egiteko. Halaber, eta arrazoi berengatik, polizia-etxeetan edo prestasun-egoeran egoteko betebeharra ezar dakieke.

113. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek zorrotz bete behar dute indarreko legeek ezarritako bateraezintasunen araubidea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek bete dadila eskatu.

2.– Ezin izango dute bete, euren jarduerekin batera, bigarren lanposturik, kargurik edo jarduerarik, ez sektore publikoan, ez sektore pribatuan, ez eurek zuzenean, ez ordezko bidez.

Dena den, lanpostu, kargu, lanbide edo jarduera publiko edo pribatu bat eduki ahal izango dute, indarreko arauek administrazio publikoetako langileentzat adierazitako kasuak, baldintzak eta betekizunak izanez gero, salbu eta bigarren lanpostu horrek polizia-kidegoaren irudia eta prestigioa hondatzea badakar edo oinarrizko jardun-printzipioen kontrakoa bada. Ezin izango zaie bateragarritasunik baimendu edo onartu burutza-osagarria jasotzen duten langileei, hor sartuta baitago bateraezintasun-faktorea.

3.– Ertzaintzako zerbitzu aktiboa ezin da bateratu Indar Armatuetako erreserbista izatearekin edo krisialdi edo larrialdietan polizia-kidegotik at eginkizun publikoetarako hartutako bestelako konpromiso pertsonal batzuekin.

VI. KAPITULUA
LANSARIAK

114. artikulua.– Lansarien egitura eta araubidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langileen lansarien egitura eta araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileei aplikatzen zaizkien legeetan xedatutakoaren mende egongo da, hartara eragotzi gabe Ertzaintzako kidegoari aplikatzen zaizkion zehaztapenak.

2.– Ertzaintzaren izaera eta berezitasun funtzionalak ikusita, Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ezarriko du zer-nolako araubidea izango duten kidego horretako langileek lansarietarako eta kalte-ordainetarako, zerbitzu-arrazoiak direla eta.

115. artikulua.– Ertzaintzako lansari osagarriak.

1.– Ertzaintzaren lansari osagarriak zehaztapen hauen araberakoak dira:

a) Destino-osagarria da funtzionarioaren kategoriaren mailari dagokion lansari osagarria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrek urtero zehaztuko dute zenbatekoa den; horretarako, Ertzaintzako Goi-mailako Eskalako, Betearazpen Eskalako, Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako lanpostuak zazpi mailatan daude sailkatuta, eskala honen arabera:

– Agenteen kategoria: 1. maila

– Agente lehenen kategoria: 2. maila

– Ofizialordeen kategoria: 3. maila

– Ofizialen kategoria: 4. maila

– Komisariordeen kategoria: 5. maila

– Komisarioen kategoria: 6. maila

– Intendenteen kategoria: 7. maila.

Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalako lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako lanpostuetarako ezarritako mailen arabera sailkatzen dira, zer sailkapen-taldetakoak diren kontuan hartuta.

b) Berariazko osagarri orokorraren bidez, hauek ordaintzen dira: arriskua, arduraldia eta Ertzaintzako kidegoko lanpostu guztietan ageri diren gainerako berezitasunak. Gobernu Kontseiluak erabakiko du zenbatekoa izango den kategoria bakoitzerako.

c) Berariazko osagarri berezia edo postukoa bakarra izango da lanpostu-zerrendan hala esleituta daukan lanpostu bakoitzeko, eta, haren bidez, soil-soilik ordainduko dira, hala badagokio, lanpostu horrek dauzkan ezaugarri partikularrak, hala nola zailtasun tekniko berezia, erantzukizuna, arduraldia, nekagarritasuna, arriskua, edo lanpostu horrek daukan beste edozein egoera. Haren zenbatekoa lanpostuen balorazio eta azterketatik eratorriko da, eta ezin izango du gainditu, eskala bakoitzeko, elementu hauen baturaren % 35: oinarrizko soldata, aparteko ordainsariak, destino-osagarria eta eskala horretako beheko kategoriari dagozkion berariazko osagarriaren osagai orokorra.

d) Burutza-osagarriaren bidez, Goi-mailako Eskalako eta Betearazpen Eskalako postuen aginte-egoera berezia ordaintzen da; izan ere, parte hartu behar dute segurtasun publikoko politikak formulatzen; euren gain hartu behar dituzte goi-ordezkaritza instituzionaleko eginkizunak; autonomia maila handiz zuzendu eta kudeatu behar dituzte pertsonak eta bitartekoak, eta zerbitzuarekiko euren arduraldiak beste edozein jarduerarekiko bateragarritasuna eragozten du. Haren zenbatekoa berdin-berdina izango da eskala horietako postu guztietan; Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, eta ezin izango du gainditu elementu hauen baturaren % 30: oinarrizko soldata gehi Betearazpen Eskalako beheko kategoriari dagokion oinarrizko soldatari dagozkion aparteko ordainsarien zatia.

2.– Ertzaintzako garapen profesionaleko osagarria urtero jasoko da produktibitate-osagarriaren parte gisa, eta lotuta egongo da garapen profesionaleko sistemaren mailetan aurrera egitearekin eta jardun profesionalaren ebaluazioa gainditzearekin, lege honen 110. artikuluan adierazitakoaren arabera.

116. artikulua.– Ertzaintzako ezohiko zerbitzuengatiko haborokinak.

1.– Ertzaintzan, ezohiko zerbitzuengatik ordaindutako haborokinak ezin dira finkoak izan, ez zenbatekoan, ez aldizkakotasunean; eta, haien bidez, hauek ordainduko dira: ohiko lanalditik kanpo egindako zerbitzuak, baldin eta ordutegian konpentsatzen ez badira lan-baldintzak arautzen dituzten akordioetan xedatutakoaren arabera, eta nekagarritasun eta arrisku bereziko egoeretan egindako lanak, soilik baldin eta inguruabar horiek noizbehinkakoak badira eta lanpostuari atxikitakoak ez badira.

Ez da horrelakorik jasoko arduraldi berezia edo nekagarritasun edo arrisku bereziko egoerak haztatuta dauzkaten lanpostuetan, baldin eta lanpostu horietako berariazko osagarria zehazteko kontuan hartu badira.

2.– Halaber, ezohiko zerbitzuengatiko haborokinen bidez, zerbitzu-eginkizunetako erantzukizuna, arduraldia, nekagarritasuna edo arriskua ordaindu ahal izango dira, lege honen 105.5 artikuluan adierazitako kasuetan, baldin eta egoera horiek ordaintzen ez badira lanpostu propioan eta eginkizun horiek esleitu ez bazaizkio berariaz beste lanpostu bati.

Horrela bada, ezohiko zerbitzuengatiko haborokinak aldizka ordaindu ahal izango dira eginkizun horietan jardun bitartean eta, nolanahi ere, lege honen 105.3 artikuluak adierazitako denbora-muga izango dute.

Ertzaintzan, apartatu honetan adierazitako kontzeptuan ezartzen diren ezohiko haborokinen multzoa ezin izango da inola ere izan kidego osorako ezarritako soldata-masaren % 1 baino handiagoa; eta organo eskudunari dagokio norbanakoentzako zenbatekoa zehaztea, Ertzaintzaren negoziazio-mahaiaren esparruan ezartzen diren irizpideekin bat etorriz, lege honen 125.2 artikuluan adierazi bezala.

117. artikulua.– Zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioek zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak jasoko dituzte, hala badagokie.

2.– Zerbitzuko jardunean kalte-galerak hartuz gero, eta, horiek direla eta, hirugarren bat judizioz kondenatu eta kaudimengabe deklaratzen badute, polizia-funtzionarioa zerbitzuan daukan Administrazioak ordaindu beharko dio kalte-ordainaren zenbatekoa, kontzeptu horrengatik kaltetutako pertsonak dituen eskubideetan subrogatuta.

3.– Zerbitzu aktiboaz besteko egoeretan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-funtzionarioek eta erretiroaren ondorioz funtzionariotza galdu dutenek eskubidea izango dute aktiboan dauden funtzionarioentzat ezarritako zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak jasotzeko, baldin eta judizioren batera joan behar badute, lekuko edo peritu gisa, zerbitzu aktiboko denborarekin zerikusia duten egitate edo ikerketengatik. Judizioan bertaratu daitezen errazte aldera, egungo bizilekua jakinarazi beharko diote Administrazioari.

VII. KAPITULUA
ORDEZKARITZA ETA ERTZAINTZAREN LAN-BALDINTZAK ZEHAZTEKO PARTE-HARTZEA

118. artikulua.– Askatasun sindikala.

1.– Ertzaintzako funtzionarioak, interes profesional, ekonomiko eta sozialak ordezkatu, defendatu eta sustatzeko, eurek aukeratutako sindikatuetan, federazioetan edo konfederazio sindikaletan afiliatu ahal izango dira.

2.– Askatasun sindikalaren jardunean, Ertzaintzako funtzionarioek erabat errespetatu beharko dute lege honetan ezarritako kode deontologikoa, eta, bereziki hartu beharko dute kontuan eskubide eta askatasun publikoen bermea.

119. artikulua.– Langileen ordezkariak.

Erakunde sindikalek eskubidea izango dute ordezkari-kopuru bat izateko, barruti bakoitzean; hurrengo artikuluan eta bera garatzeko ematen diren arauetan xedatutakoaren arabera aukeratuko dira ordezkariak, eta kopuruak eskala honen arabera zehaztu:

a) 1.000 funtzionariorainokoak, hautesle direnen artetik: 14.

b) 1.001etik gorakoak: 3 ordezkari mila funtzionarioko edo hautesle direnen zatiki bakoitzeko.

120. artikulua.– Langileen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak.

1.– Ertzaintzan ordezkaritza duten erakunde sindikalek proposatuta, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuak egingo du deialdia ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetarako, eta dauden ordezkarien agintaldia amaitu aurreko hiru hiletan egin beharko du.

2.– Hauteskunde-prozesua hasten den eguna abiapuntutzat harturik, hautesle eta hautagai honako hauek izango dira: zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoeretan dauden karrerako funtzionarioak eta, prestakuntza-ikastaroa gainditu ondoren, praktiketan ari diren funtzionarioak.

3.– Legez eratutako erakunde sindikalek sustatu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak. Hautagai-zerrenda bakoitzean, zenbat ordezkari aukeratu behar diren, hainbat hautagai aurkeztu beharko dituzte.

4.– Hauteskunde-barruti bat egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzean.

5.– Ordezkaritza proportzionaleko sistema baten bidez, zerrenda bakoitzari postu kopuru bat emango zaio, zatiketa honen zatiduraren arabera: bete beharreko postu kopurua zati botoen % 5 edo gehiago lortu duten zerrendetako boto baliodunen kopurua. Soberako postuak, halakorik badago, bakoitzak lorturiko gainerako botoen arabera esleituko zaizkie zerrendei, kopuru handienetik txikienerako hurrenkeran.

121. artikulua.– Langileen ordezkarien agintaldia eta kargu-uztea.

1.– Langileen ordezkarien agintaldia hautetsiak aldarrikatzen dituztenean hasi eta lau urtera amaituko da.

Hala ere, epe hori amaituta, beste hautetsi batzuk aldarrikatzen ez badituzte, agintaldia luzatuko da aldarrikapen hori egin arte.

2.– Ordezkariek ordezkari izateari utziko diote arrazoi hauetariko edozeinengatik:

a) Agintaldia amaitzea.

b) Funtzionariotza galtzea.

c) Zerbitzu aktiboa eta bigarren jarduera ez den beste administrazio-egoeraren batera igarotzea.

d) Hiltzea.

e) Uko egitea; berariaz egin behar da eta ordezkaritzaren xede den organo eskudunari jakinarazi behar zaio.

f) Erakunde sindikalak mugiaraztea; berariaz egin behar da eta ordezkaritzaren xede den organo eskudunari jakinarazi behar zaio.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako egoeretan, hutsik geratu den postua automatikoki beteko du zerrenda bereko hurrengo hautagaiak edo, hala badagokio, ordezkoak. Ordezkoa ordezko izango da agintaldia amaitu arteko denboran.

122. artikulua.– Ordezkari sindikalak.

1.– Erakunde sindikalek, atal sindikalik sortuz gero, atal horietarako ordezkariak izenda ditzakete.

2.– Eskubide hori eragotzi gabe, eta lege honen 123. artikuluan ezarritako berme eta eskubideen araubidea aplikatzeko baino ez, 119. eta 120. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, hauteskunde-barrutietan ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek ordezkari kopuru jakin bat izango dute hauteskunde-barrutietako bakoitzean, hain zuzen ere, bina ordezkari 250 funtzionarioko, eta, hala badagokio, beste bat gehiago geratzen den hondarrerako.

3.– Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, ordezkaritza proportzionaleko sistemaren bidez, erakunde sindikal bakoitzari hauteskunde-barruti bakoitzean dagokion ordezkari kopurua esleituko zaio, kontuan hartuta zenbat boto lortu duen hautagai-zerrenda bakoitzak hauteskunde-barruti bakoitzean, eta zatiketa honen zatiduraren arabera: ordezkariak lortu dituzten erakunde sindikalek barruti horretan lortutako boto guztien kopurua zati izendatu beharreko ordezkarien kopurua. Soberako postuak, halakorik badago, bakoitzak lorturiko gainerako botoen arabera esleituko zaizkie erakunde sindikalei, kopuru handienetik txikienerako hurrenkeran.

4.– Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen emaitzen iragarpen publikoa egin eta hogeita hamar eguneko epean izendatuko dituzte erakunde sindikalek ordezkariak; horretarako, kontuan hartu behar dute ordezkari horiek izan behar dutela zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran dauden kidegoko karrerako funtzionarioak edo prestakuntza-ikastaroa gainditu duten eta praktikaldian dauden praktiketako funtzionarioak.

123. artikulua.– Bermeak eta eskubideak.

1.– Euren eginkizunetan, ordezkari sindikalek berme eta eskubide hauek izango dituzte:

a) Polizia-etxeetan askatasunez sartu eta ibiltzea, agintaritza eskudunari horren berri eman eta hark adostasuna adierazi ondoren, betiere polizia-zerbitzuen ohiko funtzionamendua oztopatu gabe.

b) Gai profesional eta sindikalei buruzko orotariko argitalpenak banatzea.

c) Ertzaintzaren Kontseiluak txostena egingo du, ebazpena eman aurretik, agintaldian eta ondorengo lehen urtean ordezkariei irekitzen zaizkien diziplina-espedienteen gainean.

d) Hilean berrogei orduko kreditu bat izatea, lanaldiaren barruan eta benetako lan gisa ordainduta. Erakunde sindikalek, organo eskudunari jakinarazi ondoren, ordezkari sindikalei dagozkien orduak metatu ahal izango dituzte; baina, ezin izango dira metatu praktiketako funtzionarioen alde, eta ezin izango dira izan hilean hamar ordu baino gehiago izendapen askez hornitutako lanpostuak betetzen dituzten funtzionarioen alde.

e) Eginkizunak dirauen bitartean, ez dira lekualdatuko eta ez zaie zehapenik ezarriko, ezta agintaldia amaitu eta hurrengo urtean ere, baldin eta lekualdaketaren edo zehapenaren arrazoia ordezkaritza-jardunetik eratorritako ekintzak badira.

f) Ez dira diskriminatuko, ez sustapen ekonomikoan, ez profesionalean, euren ordezkaritza-lanagatik, hain zuzen.

2.– Jarduna errazte aldera, berrehun eta berrogeita hamar funtzionario baino gehiagoko polizia-etxeetan, lokal bat jarriko da erakunde sindikalek erabiltzeko, eta erakunde sindikalekiko akordioen bidez bideratuko da lokalaren erabilera. Halaber, polizia-etxe guztietan egongo dira iragarki sindikalak erakusteko lekuak, funtzionarioek irispide egokian izango dituztela bermatuta.

3.– Aurreko apartatuetan jasotako berme eta eskubideak ez dira eragozpen izango beste berme edo eskubide batzuk izan ahal izateko, edo erakunde sindikalekin sinatutako akordioen bidez onartzen diren baldintza onuragarriago batzuk izateko. Erakunde sinatzaileei ez ezik, ondoren atxikitzen diren gainerakoei ere aplikatuko zaie akordio horien edukia, hala badagokio.

124. artikulua.– Biltzeko eskubidea.

1.– Erakunde sindikalek bileretarako deialdiak egin ahal izango dituzte ordezkari sindikalen bidez; bilera horiek polizia-etxeetan egin daitezke, baina zerbitzu-orduetatik kanpo eta agintaritza eskudunaren aldez aurretiko baimena izanda. Edonola ere, bilerek ezin izango dute inolako eraginik izan zerbitzuetan.

2.– Bilera egiteko baimena idatziz eta gutxienez lau egutegi-egun lehenago eskatu behar da, eguna, ordua, bilera-tokia eta gai-zerrenda adierazita. Bilera baino hogeita lau ordu lehenago ez badute behar den ebazpena jakinarazi, egin ahal izango da bilera, baldin eta zerbitzuetan inolako eraginik ez badu.

3.– Bilerara deitu dutenak izango dira erantzuleak bilera normaltasunez egin dadin.

125. artikulua.– Negoziazioa.

1.– Ertzaintzako funtzionarioek parte hartuko dute euren lan-baldintzak zehazten, artikulu honen hurrengo apartatuan aipatutako ordezkaritza egiaztatu duten erakunde sindikalen bidez.

2.– Aurreko apartaturako, Ertzaintzan, negoziazio-mahai bat eratuko da, non egongo baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariak eta Ertzaintzako ordezkaritza duten erakunde sindikalen ordezkariak. Honako hauek baino ez dira izango ordezkaritza duten erakunde sindikalak: lege honen 119. eta 120. artikuluetan xedatutakoaren arabera, gutxienez, ordezkari hautetsien gutxieneko ehuneko hamarrera iritsi direnak.

Ertzaintzako negoziazio-mahai horrek eskumena izango du bere esparruko funtzionarioen lan-baldintzak zehazteko; baina eragozpenik gabe egokitu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionario guztien lan-baldintzak zehazteko eratutako negoziazio-mahai orokorrak gai hauen gainean hartutako erabakietara:

a) Urteko gehieneko lanaldia eta lansarien igoera orokorra.

b) Lanpostuen zerrendak egiteko irizpide orokorrak.

c) Eskubide sindikalen esparru orokorra.

d) Lan-osasunari buruzko politika.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenei dagokienez, honako gai hauek izango dira negoziazioen xede:

a) Lansarien igoera, zehaztapena eta aplikazioa, eta lansari-araubidearen egokitzapena.

b) Barne-sustapenerako, prestakuntzarako eta hobekuntzarako programen eta funtsen zehaztapena, hargatik eragotzi gabe Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskumen propioak.

c) Eskubide sindikalei eta parte hartzeko eskubideari buruzko proposamenak.

d) Lan-osasunari buruzko neurriak.

e) Gizarte-arreta.

f) Lanaldia, lan-egutegia eta opor-araubidea, 112. artikuluaren lehen apartatuari dagokiona, eta manu beraren bigarren apartatuan adierazitako egoerei dagozkien konpentsazioak.

g) Lizentziak eta baimenak.

h) Lanpostuen sailkapena eta lanpostuotan jarduteko eskakizun profesionalak.

i) Sartzeko, hornitzeko eta sustapen profesionalerako sistemak.

126. artikulua.– Itunak eta akordioak.

1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren Administrazioaren eta erakunde sindikalen ordezkariek itunak eta akordioak egin ahal izango dituzte hor adierazitako gaiei buruz.

2.– Gobernu Kontseiluaren eskumeneko gaien gainekoak izango dira akordioak; eta, baliozkoak eta eraginkorrak izateko, organo horren berariazko onespena behar dute.

3.– Izenpetzen duen organoaren eskumen-eremuari dagozkion gaien gainekoak izango dira itunak, eta lotesleak izango dira zuzenean alderdientzat.

4.– Negoziazioan akordiorik lortzen ez bada, edo artikulu honen bigarren apartatuan adierazitako berariazko onespen formala lortzen ez bada, Gobernu Kontseiluari dagokio lan-baldintzak zehaztea.

5.– Euskal Administrazio Publikoko Administrazioak eta erakunde sindikalek, xede horretarako izenpetutako akordioen bidez, prozedurak ezarri ahal izango dituzte lan-baldintzak zehazteko gatazkak edo itunak edo akordioak ez betetzearen ondoriozko gatazkak ebazteko.

VIII. KAPITULUA
OSASUNA ETA BABESA

127. artikulua.– Osasunaren babesa eta arriskuen prebentzioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak dauzkaten administrazio publikoek begiratu behar dute poliziakideek eginkizunak gauzatzeko behar duten egoera psikofisikoari eusten dioten. Xede hori izanik, osasun-zerbitzua egongo da eta, horretarako, kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira medikuekin edo erakunde sanitario publiko edo pribatuekin.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileek onartu behar dute euren osasuna zaintzapean izatea, laneko arriskuak prebenitzeko planean ezartzen den moduan eta laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzuaren jardun-esparruan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako lan-arriskuen prebentzioa jarduera guztietan txertatu beharko da honako hauek eginda: laneko arriskuak ebaluatu, neurri zuzentzaileak ezarri, eta lan-arriskuak prebenitzeko plana ezarri eta aplikatu. Plan horrek arrisku-faktore hauek behintzat hartuko ditu kontuan:

a) Eraso fisiko, jauskera, kolpe, lan-istripu, zirkulazio-istripu eta abarrekin zerikusia daukaten arriskuak.

b) Ingurumen-arriskuak, arrisku biologikoak edo laneko higieneari lotutakoak, hala nola kutsadura biologikoaren arriskua, kutsadura kimiko edo erradiologikoa, ingurumen fisikoaren eragina (zarata, bibrazioak eta abar); mugigarritasuna eta ibiltaritza; zenbait produktu maneiatu edo ukitzearen ondoriozko intoxikazioa, eta abar.

c) Arrisku ergonomikoak, barnean hartuta objektu, lanpostu, makina, ibilgailu eta ekipamenduei lotutako arrisku-faktore guztiak, eta horiek dakarten zama fisikoa.

d) Arrisku psikosozialak, barnean hartuta funtzionarioen osasunean kalte psikiko, sozial edo fisikoak sor ditzaketen diseinuko, antolakuntzako, lan-zuzendaritzako eta ingurune sozialeko alderdi guztiak. Horrek barnean hartzen ditu honako hauek: polizia-lanaren berezko eskakizun psikologiko emozional, sentsorial, kuantitatibo eta kognitiboetatik eratorritako faktoreak; trauma osteko estresa; txandakotasuna eta gauekotasuna; neke profesionalaren sindromea, gaixotasun profesionalak, eta abar. Jardun-protokoloak ezarriko dira modalitate guztietako lan-jazarpenerako.

e) Aparteko beste arrisku batzuk: in itinere istripuak; pertsonarteko gatazketako bitartekaritza; larrialdietan edo hondamenetan jardutea, eta abar.

f) Haurdunentzako berariazko jardun-protokoloak ezarriko dira, non jaso beharko baita lanpostuan dauzkaten arriskuak berehala ebaluatu eta neurri zuzentzaileak hartu beharra, lan-baldintzak, lan-erritmoak, atseden-pautak eta lekuak interesdunaren osasun-beharrizanetara egokitzeko.

128. artikulua.– Ertzaintzarako prebentzio-zerbitzua.

1.– Ertzaintzako funtzionarioentzako berariazko prebentzio-zerbitzu bat egongo da eta, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

a) Prebentziorako lan eta programak diseinatu, aplikatu eta koordinatzen laguntzea; baita prebentzio-neurrien eraginkortasuna zaintzea ere.

b) Ertzaintzako langileen lan-arriskuak ebaluatzea.

c) Lehentasunak ezartzea prebentzio-neurri egokiak hartzeko, kontuan hartuta egindako arrisku-ebaluazioak eta haien eraginkortasunaren zainketa.

d) Ertzaintzako langileak informatu eta prestatzea lan-segurtasunaren eta lan-osasunaren gaietan.

e) Prozedurak ezartzea eta eguneratuta izatea antolakuntzaren eskakizunei egokitutako sistema-aurreikuspenen egokitasuna egiaztatzeko.

f) Prebentzio-helburuen betetze-maila egiaztatzea; arriskuak prebenitzeko erregistroak, auditoretza eta ikuskapenen emaitzak eta prestakuntza- berrikuspenak eta -erregistroak kodetu eta artxibatzea.

g) Larrialdietako eta lehen sorospenetarako planak egitea, eta lan-zentro bakoitzak berea ezarriko du.

h) Ertzaintzako langileen osasuna zaintzea, euren lanaren ondorio diren arriskuei dagokienez, duintasuna eta intimitaterako eskubidea errespetatuta. Medikuek eta osasun-agintariek beste inork ez du izango irispidean norberaren informazio medikoa.

i) Istripuak ikertzea, kexak eta iradokizunak izapidetzea, eta prebentzioaren arloko arazo zehatzak aztertu eta konpontzea.

j) Segurtasun eta Osasun Batzordeari babesa, aholkua eta informazioa ematea, prebentzio-zerbitzuak segurtasunaren eta osasunaren arloan egiten dituen jarduerei buruz, horien berri jakiteko eskumena badauka.

k) Osasuna zaintzeko eginkizunetik eratorritako azterketa mediko eta psikologikoak aldizkakoak eta borondatezkoak izango dira, salbu eta azterketa mediko eta psikologiko horiek egitea beharrezkoa bada egiaztatzeko ea langileren baten osasun-egoera arrisku izan daitekeen harentzat edo hark betetzen duen eginkizunarekin zerikusia duten gainerako pertsonentzat.

129. artikulua.– Langileen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langile guztiek zaindu beharko dute, nork bere ahalbideen arabera eta kasuan kasuko prebentzio-neurriak beteta, bai beren segurtasuna eta osasuna jardunean, bai beren jarduera profesionalaren eraginpeko gainerako pertsonen segurtasuna eta osasuna –egite eta ez-egiteak direla kausa–, hartutako prestakuntzarekin eta jarraibideekin bat etorrita. Bereziki, honako betebehar hauek dituzte:

a) Egokiro erabili, nolakoak diren kontuan hartuta eta aurreikusteko moduko arriskuen arabera: makinak, aparatuak, erremintak, substantzia arriskutsuak, ekipamendua eta, oro har, jarduerak betetzeko behar duten beste edozein baliabide.

b) Zuzen erabili, jasotako jarraibideen arabera: babes indibidual edo kolektiborako emandako bitartekoak eta ekipamendua, eta segurtasuneko babesgailuak, egon badaudenak eta norberaren jarduerarako bitartekoetan edo tokietan instalatzen direnak.

c) Berehala informatzea, bide erregularretik, babes- eta prebentzio-jarduerak egiteko izendatutako langileak, arrazoizko zioengatik segurtasunerako eta osasunerako arriskua izan daitekeen edozein egoerari buruz.

d) Agintedun eskudunek segurtasuna eta osasuna babesteko ezarri dituzten betebeharrak betetzen laguntzea eta lankidetza leiala izatea zerbitzurako baldintza seguruak bermatzeko.

130. artikulua.– Arriskuen prebentzioko parte-hartzea.

1.– Lan-arriskuak prebenitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileen ordezkaritza- eta partaidetza-araubidean, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean adierazitako printzipioak eta irizpideak beteko dira.

2.– Langileen ordezkaritza eta partaidetza prebentzio-ordezkarien bidez bideratuko da. Ordezkari horiek erakunde sindikalek izendatuko dituzte hauteskundeetan lortutako ordezkaritzaren arabera. Prebentzio-ordezkari izan ahal izango dira erakunde sindikalek izendatutako funtzionarioak, langileen ordezkari edo ordezkari sindikal izan ez arren.

3.– Prebentzio-ordezkariek eginkizun hauek dituzte:

a) Prebentzio-ekintza hobetzen laguntzea.

b) Langileen lankidetza bultzatu eta sustatzea lan-arriskuak prebenitzeko arauak betearazteko.

c) Zaindu eta kontrolatzea lan-arriskuak prebenitzeko arauak bete daitezen.

4.– Euren eginkizunetan, prebentzio-ordezkariek ahalmen hauek dituzte:

a) Teknikariei laguntzea lan-inguruneko prebentzio-ebaluazioak egiten, bai eta, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 40. artikuluan adierazitakoaren arabera, laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei ere, lantokietan lan-arriskuak prebenitzeko arauak betetzen diren egiaztatzeko egiten dituzten bisitetan eta egiaztapenetan; eta egoki iritzitako ohar guztiak egin diezazkiekete.

b) Irispidean izatea, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 22. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako mugak izanik, eginkizunak betetzeko behar duten lan-baldintzei buruzko informazioa eta dokumentazioa, eta, bereziki, lege horren 18. eta 23. artikuluetan aurreikusitako informazioa. Informazio horrek aipatutako mugak baldin baditu, konfidentzialtasuna errespetatuta baino ezin izango da eman.

c) Administrazioak informazioa eman behar die langileen osasunari eragindako kalteei buruz, kalte horien berri jakindakoan; eta egitateen lekura joan daitezke, baita lanorduetatik kanpo ere, egitateak zer egoeratan gertatu diren jakiteko.

d) Administrazioak eta langileen segurtasunaren eta osasunaren arloko eskumena daukaten organismoek daukaten informazioa jasotzea, hain zuzen, enpresan babes- eta prebentzio-jarduerez arduratzen diren pertsonek edo organoek emandako informazioa, hargatik eragotzi gabe Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 40. artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekiko lankidetzaren arloan xedatutakoa.

e) Lantokietara bisitan joatea zaintza- eta kontrol- lanak egiteko zer-nolako lan-baldintzak dauden ikusteko, eta, horretarako, lantokiko edozein gunetara sartu ahal izango dira, eta lanaldian zehar langileekin hitz egin, zerbitzuan enbarazurik eragin gabe.

f) Administraziotik lortzea prebentzio-neurriak eta langileen segurtasunaren eta osasunaren babes-mailak hobetzeko neurriak, eta, horretarako, Administrazioari proposamenak egin ahal izango dizkio.

g) Oro har, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 3/1995 Legearen 36. artikuluan onartutako gainerako eskumenak garatzea, kontuan izanik, hala badagokio, zer-nolako mugak dauden lege horren 3.2 artikuluaren arabera kanpoan geratu behar duten jardueretan.

5.– Administrazioek prebentzioaren arloko bitartekoak eta prestakuntza eman beharko dizkiete prebentzio-ordezkariei, zeinak euren eginkizunak gauzatzeko behar baitituzte. Prestakuntzan emandako denbora lan-denboratzat joko da ondore guztietarako.

6.– Kide anitzeko partaidetza-organoak eratuko dira, zeinetan Administrazioak eta langileek ordezkaritza paritarioa izango baitute, lan-arriskuen prebentzioaren arloan.

131. artikulua.– Ertzaintzako prebentzio-ordezkariak.

Ertzaintzaren esparruan, zortzi izango dira prebentzio-ordezkariak, eta Ertzaintzaren ordezkaritza duten sindikatuek izendatuko dituzte, lege honen 125.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, hauteskunde sindikaletan lortu duten ordezkaritzarekiko proportzioan.

132. artikulua.– Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordea.

1.– Ertzaintzaren esparruan, Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordea egongo da, laneko arriskuen prebentziorako planak, programak eta ebaluazioak erregulartasunez eta aldian-aldian kontsultatzeko kide anitzeko organo gisa, eta hamasei batzordekidek osatuko dute, ordezkaritza paritarioari eutsita: erdiak prebentzio-ordezkariak, Ertzaintzako langileen ordez; beste erdiak, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan saila ordezkatzen dutenak, batzordeburua eta idazkaria barne.

2.– Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 39. artikuluak onartutako eskumenak izango ditu Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordeak, eta informatuta egon beharko du bigarren jarduerako epaimahai medikoaren jardunaz.

3.– Batzordekideek euren egitekoetan ematen duten denbora ohiko lanaldiaren barrukotzat hartuko da ondore guztietarako, jarduera hori egiteko itundu den sistemarekin bat etorriz; eta, nolanahi ere, horretarako, denbora eginkizun horietan emateko, unitateburuari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik.

133. artikulua.– Babes soziala.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langileen babes sozialeko araubidea langileok mendeko diren erakundeko funtzionarioei dagokiena izango da gizarte-segurantzari buruzko arauek ezartzen dizkieten berezitasunekin.

2.– Ertzaintzako funtzionarioek Gizarte Segurantzako araubide orokorrarekiko lotura eta haren babesa izango dute, erregimen horrek ezartzen dizkien zehaztapenekin.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak barnean hartzen dituzten administrazio publikoek babes sozial osagarriko mekanismoak arbitratuko dituzte aldi baterako ezintasunerako, baldin eta zerbitzuaren ondorioz hartutako gaixotasun edo istripu profesionalek eragindako lesioak edo patologiek sortu badute ezintasun hori, eta, betiere, kaltetuaren aldetik ez bada dolorik edo arduragabekeria edo trebetasun larririk egon. Halaber, istripu-aseguruak hitzartuko dituzte, eginkizunetako lesioen ondoriozko heriotza, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia edo lesio iraunkorrak sortzen direnerako.

IX. KAPITULUA
POLIZIA-ZEREGINAREN AINTZATESPENA

134. artikulua.– Zerbitzu-egintzetan kalte pertsonalak izan dituen polizia-zereginaren aintzatespena.

1.– Polizia-zeregina aintzatesteko neurri gisa, zerbitzuaren ondorioz hilez gero, edo poliziakide izateagatik funtzionarioaren kontrako egintza ez-zilegien ondorioz hilez gero, ezkontide edo bikotekide alargunduak –edo, halakorik egon ezean, legezko jaraunsleek– eskubidea izango dute kobrantza bakarrean jasotzeko hildakoak hiltzeko unean betetzen zuen lanpostuan jasotzen zituen lansari osoen bi urteko zenbatekoa, edozein izanik ere lanpostua hornitzeko modua.

2.– Polizia-zeregina aintzatesteko neurri gisa, funtzionarioak nahitaezko erretiroa hartu behar izanez gero, zerbitzu-arrazoiengatik edo poliziakide izateagatik haren aurka hirugarrenek egindako egintza ez-zilegien ondorioz, funtzionario horrek eskubidea izango du aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko, zeina, pentsioari gehituta, ohikoa zein apartekoa izan, helduko baita eskubide hori eragin duen egitatea gertatu zen unean betetzen zuen lanpostuaren lansari finkoen eta aldizkakoen ehuneko laurogeira.

Prestazio hori ezin da laneko errentekin batera jaso, ezta legez bateragarriak diren beste pentsioekin edo subsidioekin batera ere. Jasotzen dituen prestazio ekonomikoaren, pentsioen eta hartzeko pasiboen batura ezin izango da gizarte-aurreikuspeneko araubide publikoan aurreikusitako gehieneko pentsioa baino handiagoa.

Prestazio ekonomikoa honela eguneratu eta ordainduko da: urteko gehikuntza izango du, aipatutako lansari finko eta aldizkakoei aplikatu behar zaienaren arabera; eta hilero ordainduko da, adinagatiko nahitaezko erretiroa deklaratu behar izan den egunera arte, ez bada lehenago hiltzen.

135. artikulua.– Ohorezko kondekorazioak.

1.– Erregelamendu bidez ezarriko da polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako funtzionarioak saritzeko, baldin eta euren eginkizunetan egiaztatzen badute gizartearen mesederako zenbait ezaugarri nabarmen dutela, hala nola eredugarritasun, sakrifizio, eraginkortasun eta ardura nabarmengarriak.

2.– Erregelamendu bidez arautuko dira polizia-merezimenduengatiko domina motak eta dominok emateko aurrekontuak eta prozedura. Ofizioz hasiko da prozedura, organo eskudunak egokitzat jotzen duenean, dauden informazioak kontuan hartuta.

3.– Erregelamendu bidez ezartzen diren kasuetan, ondore ekonomikoak ezarri ahal izango dira polizia-merezimenduagatiko domina ematearekin batera, baldin eta ez badira aurreko artikuluan aipatutako prestazio ekonomikoak onartu behar.

136. artikulua.– Ohorezko igoerak.

Polizia-jardunean izandako jarduketa heroikoren bat egin eta, ondorioz, hil edo ezintasunagatik erretiratu diren funtzionarioak igo ahal izango dira, diskrezionaltasunez, une horretan zeukaten kategoriaren hurrengo kategoriara, ohorezko igoera gisa, hori justifikatzen duen inguruabar bereziak izanez gero. Aintzatespen horrek ez du izango ondore ekonomikorik.

X. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

137. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Kapitulu honetan ezarritako diziplina-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioei aplikatuko zaie, edozein administrazio-egoeratan daudela ere.

2.– Funtzionarioaren administrazio-egoerak ezinezko egiten badu zehapena betetzea ebazpena ematen den unean, egoera-aldaketak aukera ematen duenean beteko da zehapena.

3.– Ezin izango da diziplina-erantzukizunik eskatu funtzionariotza eskuratu aurreko edo galdu ondorengo egintzengatik, hargatik eragotzi gabe hurrengo paragrafoan xedatutakoa.

4.– Praktiketako funtzionarioek bete beharreko diziplina-araubideko arauak polizia-prestakuntzako zentro bakoitzaren erregelamenduan ezarritakoak izango dira, bai eta, osagarri gisa, kapitulu honetan ezarritakoak eta kapitulu hau garatzeko ematen diren xedapenak.

138. artikulua.– Erantzukizuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioei euren eginbeharrak eta betebeharrak ez betetzeagatik baino ezin izango zaie zehapena ezarri, baldin eta ez-betetze hori diziplina-falta bada.

2.– Diziplina-erantzukizunak ez du eragotziko funtzionarioen erantzukizun zibil edo penala.

3.– Diziplina-erantzukizuna izango dute, falta-egileek ez ezik, falta onartzen duten nagusiek eta falta egitera bultzatzen duten edo falta estaltzen duten funtzionarioek ere.

4.– Diziplina-espedientea eragin duten egitateak delitu izan daitezkeela iritziz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Justizia Administrazioari.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioen aurkako prozedura penalen bat hasteak ez du eragotziko egintza berengatiko aurretiazko informazioa edo diziplina-espedientea ere hastea, eta, hala badagokio, espedientepekoei behin-behineko etendura ezarriko zaie eta behar diren gainerako kautela-neurriak hartuko dira. Hala ere, prozedura horietako behin betiko ebazpena emateko, itxaron behar da eremu penalean emandako epaia irmoa izan arte, epaiko egitate frogatuen deklarazioa loteslea izango baita Administrazioarentzat.

139. artikulua.– Faltak.

1.– Diziplina-faltak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

2.– Falta oso astunak hauek dira:

a) Dolozko delitua den eta askatasunaz gabetzeko zigorra dakarren edozein jokabide.

b) Polizia izateaz baliatuta nagusitzea eta, horren ondorioz, herritarrei, mendekoei edo Administrazioari kalte larria eragitea; bai eta polizia-jardunean sortzen diren harremanetako pertsonei eta, bereziki, zainpekoei edozein tratu anker, umiliagarri, diskriminatzaile edo iraingarri ematea ere. Tratu diskriminatzailetzat joko da Konstituzioaren 14. artikuluan adierazitako arrazoiren batean oinarritzen dena.

c) Zerbitzuak dirauen bitartean edo eskuarki mozkortzea edo droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea, bai eta uko egitea ere behar diren egiaztapen teknikoei, anormaltasun fisiko edo psikiko nabarmeneko egoeretan.

d) Sekretu profesionala urratzea eta karguaren ondorioz dakizkien gaiek behar duten isiltasuna ez gordetzea, baldin eta kalte larria eragiten bazaio polizia-jardunari edo edozein pertsonari.

e) Grebetan, greben ordezko ekintzetan edo antolatutako jarduketetan parte hartzea zerbitzuen ohiko funtzionamendua asaldatzeko.

f) Banaka zein taldeka, men ez egitea agintariei edo agintedunei, eta ez obeditzea haiek legez emandako aginduak eta jarraibideak.

g) Errendimendu falta nabarmena agertzea, behin eta berriz eta justifikaziorik gabe; eta nabarmenki ez betetzea lanpostuari datxezkion funtsezko eginkizunak edo gomendioan utzitako eginkizunak.

h) Erregelamenduzko arma edo karguaren bereizgarriak nabarmenkeriaz erakustea, justifikaziorik gabe eta edozein pertsonarentzako kalte larria eraginda edo kidegoaren izen ona larriki lohituta; bai eta erregelamenduzko arma zerbitzutik kanpo erabiltzea ere, 29. artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

i) Armak zabarkeria barkaezinagatik galtzea edo lapurtzea.

j) Laguntza berehala ez ematea jardutea nahitaezko den egitate edo inguruabar larrietan.

k) Lankidetza falta agerikoa izatea segurtasuneko indar eta kidegoetako gainerako kideekin, zerbitzuari kalte larria eraginda edo herritarren segurtasunari ondorio larriak ekarrita.

l) Falta astuna egitea, lehendik ere zehapenik jaso bada bide administratiboko ebazpen irmoen ondorioz eta egindako falta hori bezain astunak edo astunagoak diren beste bi faltagatik, baldin eta haren idatzoharrak ez baditu ezerezteko betekizunak betetzen.

m) Sexu-jazarpena, jazarpen sexista eta laneko jazarpena. Laneko jazarpena zerbitzu-harremanen esparruan sortzen da, eta jazarpen psikologikoko eta etsaitasuneko egintza errepikakorrek osatzen dute.

n) Segurtasuneko indar eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzko legeetan falta oso astuntzat hartutako arau-hausteak.

o) Aurreko puntuetan aipatu ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako funtzionarioentzako lege orokorretan falta oso astuntzat hartzen den beste edozein portaera.

3.– Falta astunak eta arinak erregelamenduz zehaztuko dira, 141. artikuluko irizpideen arabera.

140. artikulua.– Zehapenak.

Kapitulu honetan aipatutako faltak direla kausa, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dira:

1.– Falta oso astunak direla kausa:

a) Zerbitzutik kentzea.

b) Eginkizunak etetea urte batez eta egun batez, gutxienez, eta bi urtez, gehienez.

2.– Falta astunak direla kausa:

a) Eginkizunak etetea lau egunez, gutxienez, eta urtebetez, gehienez.

b) Destino-aldaketa, destinoa galduta edo galdu gabe.

3.– Falta arinak direla kausa:

a) Ohartarazpena.

b) Eginkizunak etetea egun batez, gutxienez, eta hiru egunez, gehienez; baina antzinatasuna zenbatzeko orduan eraginik izan gabe.

Funtzionarioei ezarritako zehapena nahitaezko lekualdatzea bada, funtzionario horiek ezin izango dute lortu beste destino bat, inolako prozeduraren bidez, lekualdaketagatik utzitako zentroan edo unitatean, urtebetetik hiru urtera bitarteko aldian, zehapen-ebazpenean ezarritakoari jarraikiz, hurrengo artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

141. artikulua.– Mailakatze-irizpideak.

Faltaren astuntasuna handiagoa edo txikiagoa den ezartzeko eta ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, proportzionaltasun-irizpidearen gidaritzapean, kontuan hartuko dira, egite eta ez-egite objektiboak ez ezik, elementu hauek ere:

a) Intentzionalitatea.

b) Noraino parte hartu den egite edo ez-egiteetan.

c) Zer nahasmendu eragin zaion Administrazioaren eta polizia-zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.

d) Zer kalte eta galera edo begirune-falta eragin zaien herritarrei eta mendekoei.

e) Noraino urratu diren diziplina-, hierarkia- eta lankidetza-printzipioak.

f) Historia profesionala; baina, honetarako, inguruabar aringarri gisa baino ezin izango da baloratu.

g) Berrerori den. Berrerortzea izango da, baldin eta funtzionarioa, falta egiten duenean, lehendik ere zehatuta egon bada ebazpen irmoen bidez, beste falta astunago bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi falta egiteagatik, eta falta horiek ezereztu ez badira. Berrerortze-kasuetan, ez dira zenbatuko ezereztu diren edo ezereztu behar diren diziplina-aurrekariak.

h) Administrazioaren edo polizia-zerbitzuen irudia hondatu den.

i) Oro har, zer garrantzi duen herritarren segurtasunerako.

Delituagatiko faltak badira, espezifikoki baloratuko da epai irmoaren bidez ezarritako zigorraren zenbatekoa den edo nolakoa den, bai eta zer-nolako lotura daukan ere delitu-jokabide horrek polizia-eginkizunekin.

142. artikulua.– Diziplina-prozedura.

1.– Ezin izango da falta astun edo oso astunengatiko zehapenik ezarri, ez bada horretarako instruitutako espedientearen ondorioz. Falta arinengatiko zehapenak ezartzeko, ez da nahitaezkoa izango aldez aurretik espedientea instruitzea, entzunaldiaren izapidea izan ezik.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioentzako zehapen-prozedura erregelamenduz ezarriko da; irizpide hauek beteko ditu: ofiziozko bultzada, inpartzialtasuna, arintasuna, eraginkortasuna, publikotasuna eta kontraesanezkotasuna; eta, funtsean, informazio-eskubidea, defentsa-eskubidea, entzunaldi-eskubidea eta espedientea ikusteko eskubidea hartuko ditu barnean.

3.– Espedientepekoek eskubidea dute ez deklaratzeko, nork bere buruaren aurka ez deklaratzeko, nork bere burua erruduna dela ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko. Instrukzio-egileak bermatuko du une oro espedientepekoaren defentsa-eskubidea, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.

Espedientepekoak konfiantzazko jarduneko abokatu bat, ordezkari sindikal bat edo polizia-kidegoko funtzionario bat aukeratu ahal izango du, haren aholkularitza eta laguntza izateko, prozedurako jarduketa guztietan.

Bigarren aukera hori hartuz gero, agintariek erraztuko diote izendatutako funtzionarioari espedientepekoaren agerraldi pertsonaletan egon dadin, diziplina-agintarien zein espedienteetako instrukzio-egileen aurrean. Funtzionarioaren aholkularitza borondatezkoa izango da beti, eta izendapenak ez dio inolako eskubiderik emango laguntzatik eratorritako gastuak ordain dakizkion.

4.– Diziplina-espedientea hastearekin batera, edo geroago, agintari eskudunak erabaki ahal izango du funtzionarioari behin-behineko etendura ezartzea, lege honen 88. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta behar diren kautelazko beste neurri batzuk ere har ditzake ematen den ebazpenaren eraginkortasuna edo zerbitzuaren prestazio eraginkorra bermatzeko.

5.– Udaltzaingoko kidegoetako funtzionarioen aurkako diziplina-espedienteak hasi edo ebatziz gero, langileen ordezkaritza-organoei eman behar zaie horren berri.

6.– Prozedura hasi eta sei hilabetera ez bada ebazpena jakinarazi, prozedura iraungiko da eta administrazio-prozedurari buruzko indarreko legeetan aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu. Sei hilabeteko epe hori etenda geratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean adierazitako kasuetan ez ezik, prozedura geldi dagoen bitartean ere baldin eta gelditu bada interesdunari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoiengatik edo prozeduraren xede diren egitateekiko lotura daukaten jarduketa judizial-penalak egoteagatik.

143. artikulua.– Zehapenak ezartzeko eskumena.

1.– Ertzainei diziplina-zehapenak ezartzeko organo eskudunak honako hauek dira:

a) Zerbitzutik kentzeko zehapenetarako, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburua.

b) Falta oso astun eta astunengatiko zehapenetarako, Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuordea, egitura organikoan zehaztutakoaren arabera.

c) Falta arinengatiko zehapenak ezartzeko, eskudunak izango dira, aurreko organoak ez ezik, zehatzaileak zerbitzuan dauden polizia-etxeetako edo unitateetako buruak ere.

2.– Toki-araubideko legeek ezarriko dute zein den organo eskuduna Udaltzaingoko langileei diziplina-zehapenak ezartzeko.

3.– Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez du eragotziko lege honen 49. artikuluak diputatu nagusiei ematen dien eskumena, zeina Miñoien, Foralen eta Mikeleteen sekzioei atxikitako funtzionarioei baitagokie.

144. artikulua.– Erantzukizuna azkentzea.

1.– Diziplina-erantzukizuna azkentzeko arrazoiak honako hauek dira: zehapena betetzea, hiltzea, falta edo zehapena preskribatzea, indultua edo amnistia.

2.– Falta oso astunek bi urtera preskribatuko dute; astunek, urtebetera; eta arinek, hilabetera. Falta egiten den unetik aurrera hasiko da kontatzen preskripzio-epea.

3.– Falta oso astunengatik ezarritako zehapenek bi urtera preskribatuko dute; falta astunengatik ezarritakoek, urtebetera; eta falta arinengatik ezarritakoek, hilabetera. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izan eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen preskripzio-epea.

4.– Diziplina-zehapenak langileen erregistroan idatziko dira. Idatzohar horiek ofizioz ezeztatuko dira epe hauetan: preskripzio-epeari dagokion denbora igarotakoan, falta oso astunagatiko edo falta astunagatiko zehapenak badira; eta hiru hilabete igarotakoan, falta arinagatiko zehapenak badira. Zehapenak betetzen direnetik aurrera hasiko dira epeok, baldin eta denbora horretan ez badu zehatuak beste diziplina-prozedurarik eragin, eta, ondorioz, beste zehapen bat hartu.

145. artikulua.– Exekutibotasuna.

1.– Diziplina-zehapenak exekutiboak izango dira bide administratiboko inolako errekurtso arruntik jarri ezin zaien unetik aurrera. Horren aurretik, exekutiboak izan arte, behar diren kautela-xedapenak eman ahal izango dira eraginkortasuna bermatzeko, esaterako, hartuta dauden behin-behineko neurriei eutsi ahal izango zaie.

2.– Ebazpena exekutiboa denean, kautelaz eten ahal izango da, baldin eta interesdunak adierazten badio Administrazioari asmoa duela bide administratiboko ebazpen irmoaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko.

Kautelazko eten hori amaituko da, batetik, legez aurreikusitako epea amaitzen bada interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri gabe, edo, bestetik, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren izapidean bertan eskatu ez bada aurkaratutako ebazpenaren kautelazko etena edo, eten hori eskatuta, organo judizialak epaia ematen badu eskatutako kautelazko etenaren gainean, eta hor adierazitakoaren arabera egingo da.

146. artikulua.– Zehapena betetzea.

1.– Diziplina-zehapenak ezartzen diren ebazpenean adierazitakoaren eta daukaten izaeraren arabera exekutatuko dira; zehatuari ahalik eta kalterik txikiena egiteko moduan beteko dira, eta zehapena exekutiboa den egunean bertan hasiko da betetzen, baldin eta hasiera hori geroratzen ez bada arrazoi justifikatuak direla medio eta ebazpenaren beraren bidez, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Ebazpena ematen den unean, ezin bada zehapena bete funtzionarioaren administrazio-egoerak hori egitea eragozten duelako edo nahitaezko erretiroa hartu behar izan duelako, egoera-aldaketak ahalbidetzen duenean baino ez da gauzatuko zehapena, preskripzio-epea igaro ez bada, behintzat.

3.– Eginkizunak eteteko zehapen bat baino gehiago egonez gero, zehapenak betetzeko, zehapen horiek ezartzeko ordena kronologikoari erreparatuko zaio, eta, ordena horretan, astunenetatik hasiko da, eta sei urteko mugara heldu arte. Zehapenen baturak muga hori gainditzen badu, ez da beteko zehapena gainerako denbora horretan.

4.– Eginkizunak eteteko zehapenaren exekuzio ekonomikoa berehala gauzatuko da zehatuaren kargura.

5.– Falta arinen edo astunen ondorioz 15 eguneko edo gutxiagoko eginkizun-etendurarekin zehatutako funtzionarioak, zehapena betetzeko ordezko neurri gisa honako hau egitea aukeratu ahal izango du, baldin eta aldez aurretik Administrazioak hala egitea onartzen badio: ezarritako lanalditik kanpo lan egitea, inolako ordainik edo konpentsaziorik gabe, ezarritako zehapenari dagokion denbora bera emanda, eta lanaldien arteko atsedenen-bermeak errespetatuta betiere.

6.– Eusko Jaurlaritzan segurtasunaren arloko eskumena daukan sailburuak eta udal-organo eskudunak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, erabaki ahal izango dute, bidezko arrazoiren bat badago, zehapenaren exekuzioa etetea, preskripzio-denbora gainditzen ez duen denboraldi batez, edo partzialki edo osorik ez exekutatzea. Zehapena etenda egondako denbora kontuan hartuko da zehapena ezerezteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Polizia-administrazioko postuak.

Ertzaintzako funtzionarioek polizia-administrazioko postuak bete ahal izango dituzte, lan-zerrendetan zehaztutako kasuetan eta baldintzetan; hala ere, postuotan emandako denbora hori ez da kontuan hartuko gradu pertsonala sendotzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Unibertsitateko lehengo diplomaturarekiko baliokidetza.

Lege honetarako, unibertsitateko diplomadunen tituluaren baliokidetzat hartuko da hiru lizentzia-ikasturte oso gaindituta izatea.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Negoziazio-mahai orokorra.

1.– Lege honen 119. eta 120. artikuluetan xedatutakoaren arabera hautatutako ordezkariak kontuan hartuko dira bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen lan-baldintzak zehazteko negoziazio-mahai orokorraren konfigurazioa zehazteko, bai eta Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluko langileen ordezkaritza ezartzeko ere.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako mahai orokorrak jakingo ditu eta eztabaidatu ahal izango ditu Ertzaintzaren mahaian egiten den negoziazio kolektiborako prozesuaren gaineko alderdiak.

3.– Aldian-aldian, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluari jakinaraziko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen estatutu-araubideko gaiak ukitzen dituzten xedapen orokor guztiak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikuskapen Eskalarako sustapena.

Lege honen artikuluetan adierazitako titulu-eskakizun orokorra betetzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen Oinarrizko Eskalako funtzionarioak barne-sustapenaren bidez Ikuskapen Eskalan sartzeko prozeduran lehiatzen badira.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako langile erretiratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako funtzionarioek, baldin eta funtzionario izateari utzi badiote erretiroa hartu dutelako, kidegoko kide erretiratuaren izaerari eutsiko diote, erretiroa hartzerakoan zuten kategoriarekin, eta, ondorioz, uniformea jantzi ahal izango dute ekitaldi instituzional eta sozial ospetsuetan, eta dagozkien agiri profesionala eta ikur-plaka gordeko dituzte, zeinak behar bezala aldatuko baitira erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udaltzaingoa polizia judizial eta ikerketa kriminaleko polizia gisa prestatzea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko prestakuntza-jarduera espezifikoak antolatu ahal izango ditu Udaltzaingoko kidegoek eginkizun horiek bete ditzaten, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 44. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren esparruan.

Erregelamendu bidez arautuko da Udaltzaingoko kidegoetako funtzionarioek aukera izan dezaten zerbitzu-eginkizunetan Ertzaintzako ikerketa kriminaleko eta polizia judizialeko unitateei atxikitzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udaltzaingoko kidegoetako trukea.

1.– Alkateek, Udaltzaingoko buruen aldez aurretiko txostena izanik, baimena eman dezakete destinoak trukatzeko zerbitzu aktiboan dauden eta zenbait udalerritan zerbitzua ematen duten udaltzainen artean, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte betiere:

a) Biak Udaltzaingoko karrerako funtzionarioak izatea.

b) Eskala eta kategoria berekoak izatea.

c) Eskatzaileetako bat ere ez egotea burutzako edo izendapen askeko postuetan.

d) Etenik gabeko bost urteko zerbitzu aktiboa izatea eta zerbitzu-urteen kopuruen arteko aldea hamar urte baino gehiago ez izatea.

e) Gutxienez hamar urte falta izatea legez ezarritako erretiro-adina betetzeko.

f) Trukatzaile batek ere ez hartzea borondatezko erretiro aurreratua edo borondatezko eszedentzia, trukea egin eta hurrengo bi urteetan. Hala izanez gero, eraginpeko bi korporazioetako edozeinek ezezta dezake trukea, erregelamendu bidez ezartzen den prozeduraren bitartez.

g) Eskatzaileetako batek ere ez izatea diziplina-espedienterik irekita, edo zehapenen bat betetzen ez egotea.

2.– Trukatzaileek ezin dute beste truke bat eskatu truketik trukera bost urte igaro arte.

3.– Lanpostuak hornitzeko prozesu honetan emandako baimenetan, aintzat hartuko da funtzionarioen bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aribideko hautaketa- eta hornitze-prozesuak.

Egun hasita dauden hautaketa- eta hornitze-prozesuek euren deialdiko arauen arabera segituko dute.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kondekorazio-araubidea eta zerbitzu-egintza.

Harik eta zerbitzuaren ondoriozko heriotzagatiko edo nahitaezko erretiroagatiko prestazioei buruzko artikuluetan eta ohorezko aintzatespenen araubide berriari buruzko artikuluetan ezarritakoa erregelamendu bidez garatu arte, testu bategin honen aurka egiten duen guztian, honako hauek izango dira aplikagarriak: 202/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena; eta 27/2010 Dekretua, urtarrilaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Diziplina-espedienteak.

Arau honen aurreko xedapenek arautuko dituzte arau hau indarrean jartzen den unean izapidetzen ari diren diziplina-espedienteak, salbu eta arau honetako xedapenak espedientepekoaren aldekoagoak badira.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Oinarrizko Eskalako langileak integratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako langileek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri aurretik ezarritako prozeduretan lortu badute Ertzaintzaren edo Udaltzaingoko kidegoen Oinarrizko Eskalako agenteen izendapena, lege honetan aurreikusitako kategoria eta sailkapen-talde berrietan integratuko dira ondore guztietarako; horretarako, kontuan hartuko da abenduaren 13ko EDU/3497/2011 Aginduan ezarritako baliokidetza egiaztatua (abenduaren 26ko BOE). Agindu horren bidez hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketako teknikarien tituluaren parean ezarri da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agenteen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoetako agenteen baliokidetza.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udaltzaingoko funtzionarioak Goi-mailako Eskalan integratzea.

1.– Intendenteen kategoriako Udaltzaingoko funtzionarioak berez integratuko dira Goi-mailako Eskalan. Orobat, komisarioen eta komisariordeen kategoriako funtzionarioak berez integratuko dira Betearazpen Eskalan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean jarri aurretik A mailako plaza lortu badute eta, haren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, lortutako plazaren mailatik beherako kategorietan integratu baziren, Goi-mailako Eskalan integratuko dira Udaltzaingoko kidegoetako funtzionario horiek, eraginpeko kategoria bakoitzeko hurrenkera hierarkikoaren arabera; horretarako, eskala horri dagokion titulazio akademikoa izan beharko dute betiere.

3.– Integrazio horrek ezin izango du ez gastu publikoa handitu, ez jasotzen diren lansari guztien urteko zenbatekoa aldatu; beraz, bestelako lansari osagarrien bidez xurgatuko da aldaketa horrek oinarrizko lansariei eragindako gehikuntza.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udaltzaingoko burutza-postuak egokitzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri eta hiru urteko epean, polizia-kidegoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek kidego horietako burutza-postuak egokitu beharko dituzte, lege honek agindutakoarekin bat etortzeko.

2.– Udaltzaingoko funtzionarioek, lege honetan adierazitakoaren arabera egokitu behar diren kidegoko burutza-postuak betetzen badituzte, postuotan segituko dute izendatu zituztenean ezarritako baldintza beretan, eta betetzen duten lanpostuari benetan esleitutako lansariak jasoko dituzte.

Birkalifikatutako postuari dagokion kategorian integratuko dira langile horiek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte: behin betiko destino hori eduki izana Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri aurretiko bost urteetan; kategoria horri dagokion titulua izatea, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako egiaztapen profesionaleko ikastaro teoriko-praktikoa gainditzea, zeinean kontuan hartuko baitira esperientzia profesionala, espezializazio- eta gaikuntza-ikastaroak eta aldez aurretik eskatutako jakintza.

Integrazio horrek ezin izango du ez gastu publikoa handitu, ez jasotzen diren lansari guztien urteko zenbatekoa aldatu; beraz, bestelako lansari osagarrien bidez xurgatuko da aldaketa horrek oinarrizko lansariei eragindako gehikuntza.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aguazilak.

1.– Udaletan aguazil, herrizain edo antzeko izenez ezagunak diren funtzionarioak C taldean, C1 azpitaldean eta Udaltzaingoaren zerbitzuko agenteen kategorian integratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean. Hala ere, horrek ez du nahitaez eragin behar ez gastu publikoa handitzea, ez funtzionarioen urteko guztizko lansariak aldatzea, hargatik eragotzi gabe funtzionarioen ordezkari sindikalen eta udalen arteko negoziazioak, eta beti errespetatu beharko dira ekitaldi bakoitzean aurrekontu-legeak administrazio publiko guztietarako ezarritako oinarrizko mugak.

2.– Agenteen kategorian sartzeko eskatzen den titulazioa ez duten langileak kategoria horretan sailkatutakotzat hartuko dira, baldin eta 10 urteko antzinatasuna egiaztatzen badute aguazil-lanetan, edo 5 urteko antzinatasuna izan eta prestakuntza-ikastaro espezifiko bat gainditzen badute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

3.– Titulazioaren edo antzinatasunaren eskakizuna egiaztatzen ez duten langileak, edo aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ikastaro espezifikoa gainditu dutela egiaztatzen ez dutenak, dagokien kategorian sailkatutakotzat hartuko dira lansariak jasotzeko soilik.

4.– Langile lan-kontratudun finkoek, lege honen arabera aguazil gisa eratutako postuak betetzen badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jartzen denean, jardun horietan jarraitu ahal izango dute, eta lege honek Udaltzaingoaren zerbitzuko agenteei ematen dien babes juridikoa izan.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri eta hiru urteko epean, bi deialditan gehienez ere, parte hartu ahal izango dute oposizio-lehiaketaren sistemaren bidezko deialdietako barne-sustapeneko hautaketa-prozesuetan, udaltzainak izateko lehia askeko hautaketa-prozesuekin batera zein bereiz izan. Horretarako, posturako behar den titulazioa izan behar dute eta gainerako eskakizunak bete behar dituzte; hala ere, salbuetsita egongo dira adinaren eskakizunetik, eta merezimendu gisa baloratuko zaie lan-kontratudun langile gisa emandako benetako zerbitzuak eta lan-kontratuduna izateko gainditutako hautaprobak.

ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aguazilak Udaltzaingoan integratzea.

Udaltzaingoa sortzen denean udalean zerbitzuak ematen dituzten aguazilak Udaltzaingoan integratuko dira; horretarako, lehiaketa mugatu bat gainditu behar dute, non adinaren eta altueraren eskakizunetatik salbuetsita egongo baitira, eta, horrekin batera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ezarritako ikastaroa ere gainditu behar dute.

Udaltzaingoko kidego berrian integratzeko prozedura gainditzen ez dutenek jarraituko dute ezabatu beharreko postuetan egiten dituzten eginkizunetan.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udaltzaingoko kidegoetako enplegua kontsolidatzeko hautaketa-prozesuak.

1.– Udalerriek, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jarri ondoren, behin eta salbuespenez, hautaketa-prozesuak egin ahal izango dituzte Udaltzaingoaren egitura-lanpostuetako aldi baterako enplegua kontsolidatzeko, kontuan hartuta zer-nolako muga aplikagarri dauden oinarrizko estatu-arauetan. Hautaketa-prozesu horiek lehiaketa-oposizioaren erakoak eta irekiak izango dira. Hor, baloratuko dira bai Udaltzaingoko postuetako esperientzia orokorra, bai deialdia egin duen Administrazioan emandako zerbitzuen esperientzia espezifiko, bereizi eta osagarria, hautaketa-prozesuaren deialdiko lanpostuen arabera. Lehiaketa-fasearen balorazioa ezin izango da izan hautaketa-prozesuan lortu daitekeen gehieneko puntuazioaren % 40 baino handiagoa, euskarak merezimendu gisa duen balorazioa alde batera utzita.

2.– Enplegua kontsolidatzeko prozesu berezian, Udaltzaingoko kidegoko kategoria jakin horretako bitartekotasun-ehunekoa % 40 baino handiagoa bada, sarbide-txanda berezi bat txertatu ahal izango da gutxienez zortzi urteko antzinatasuna egiaztatzen dutenentzat. Hain zuzen ere, deialdia egin duen Administrazioan eta deialdiko plazei dagokien Udaltzaingoko kategorian izandako antzinatasuna izango da hori, eta eskainitako plazen % 60 erreserbatu ahal izango da gehienez sarbide-txanda bereizi horretarako.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatu diren enplegua kontsolidatzeko prozesuetan, adinaren gehienezko muga konpentsatu ahal izango da Udaltzaingoko kidegoetan emandako zerbitzuekin. Muga hori ezin izango zaie aplikatu deialdia egin duen Administrazioan eta deialdiko plazei dagokien Udaltzaingoko kategorian gutxienez zortzi urteko esperientzia egiaztatu duten langileei.

HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lanpostu-zerrendak.

Eginda ez badauzkate, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoak mendean dauzkaten administrazioek bi urteko epea izango dute lanpostu-zerrendak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jartzen denetik aurrera.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Barne-sustapena.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legea indarrean sartu zen egunetik aurrera kategoria bakoitzerako egiten diren lehen hiru deialdietan, barne-sustapenaren bidez sartzeko gutxieneko iraunaldiaren betekizuna eskatuko da Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloko eskumena duen sailak eta toki-erakundeko organo eskudunak ezartzen duten neurrian, dagokion polizia-kidegoa garatzeak eskatzen dituen beharren arabera.

Deialdi horietan, barne-sustapeneko txandan parte hartu ahal izango dute, lege honen arabera barne-sustapenean sartzeko eskatu behar diren betekizunak betetzen dituzten funtzionarioez gain, beheragoko hurrengo eskalako edozein kategoriatakoak direnek, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dagokion kategorian sartzeko eskatu behar den titulazio akademikoa izatea.

b) Eusko Jaurlaritzan segurtasun-arloko eskumena duen sailak edo toki-erakundean eskumena duen organoak zehazten duen benetako zerbitzu-denbora beteta izatea jatorrizko eskalan. Denbora hori ezin izango da inola ere izan beheragoko hurrengo kategoriatik lehiatzeko eskatu beharrekoa baino laburragoa.

c) Ez dute zehapenik izan behar falta astuna edo oso astuna egin izanagatik, edo, zehapenik ezarri bazaie, zehapen hori ezereztuta egon behar da.

AZKEN XEDAPENAK
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 48. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«48. artikulua.– Lankidetza-hitzarmenak.

1.– Polizia-zerbitzuaren urte-sasoiko premien, inguruabar berezien edo aparteko egoeren kasuetan, mugakide diren udalerri interesdunek edo hurbiltasun geografikoa dutenek lankidetza-akordioak formalizatu ahal izango dituzte elkarren artean, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen sailaren aldez aurreko baimenarekin, udaltzaingoko funtzionarioek, banaka zehaztuta, aldi baterako jardun ahal izan dezaten udal interesdunaren lurralde-eremuan, funtzio publikoari buruzko legerian aurreikusitako mekanismoak aplikatuz. Akordio horiek jarduteko eremua edo eremuak ezarri beharko dituzte, eta erregelamendu bidez zehaztuko diren baterako jarduketarako irizpideak errespetatu beharko dituzte.

2.– Artikulu honen arabera udal-mugartetik kanpo egiten diren zerbitzuak jarduten duten udalerriko alkatearen buruzagitzaren pean egingo dira. Alkateak izendatuko du aginte operatiboa, zerbitzuaren izaeraren eta berezitasunen arabera.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamendu-garapena.

Gobernu Kontseiluak egin eta onartuko ditu lege honen xedapenak garatzeko erregelamenduak, 12 hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jartzen denetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Garapen profesionalerako sistema ezartzea Ertzaintzan.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren ekainaren 27ko 7/2019 Legea indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, Ertzaintzako garapen eta karrera profesionaleko sistema garatzeko dekretua onartuko du, eta hura martxan jartzeko mekanismoak garatuko ditu, xedapen honetan agertzen diren parametroei jarraituz sistema hori ezartzeko faseen arabera.

2.– Dekretuak hasierako ezarpen-fase bat jasoko du, 2023ko abenduaren 31n amaituko dena. Fase horretan, mailaketa-prozedura bakar baten deialdia egingo da lehen hiruhilekoan, garapen-dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, eta horren ebaluazioa bi faktoreren arabera egingo da:

a) Ertzaintzan duen antzinatasuna; benetan lan egindako zerbitzu-denborak zenbatuko dira, ondorio horietarako legean adierazitakoaren arabera.

b) Lana eta kualifikazioa; hauek baloratuko dira, batera:

– Zerbitzu aktiboan eta bigarren jardueran benetan lan egindako zerbitzuen denbora, bai eta antzinatasunaren ondorioetarako zenbatu behar diren gainerako egoeretan ere.

– Kualifikazio profesionala, hauek barnean direla: prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak, titulazio akademiko ofizialak eta hizkuntzak.

– Merezimenduzko jardunak, hala nola: polizia-lana aintzatesteko dominak, polizia-zerbitzuari emandako diploma, diziplina-zehapenik ez izatea, Ertzaintza ordezkatuz ekitaldietan parte hartzea, edo goragoko kategoriako eginkizunetarako izendatzea.

– Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa, honako hauetan islatuta: presentzia-ehunekoa; jardueretan, lantaldeetan edo hobekuntza-ekimenetan izandako partaidetza-maila; talde-lanerako gaitasuna; hobekuntza eta aldaketara egokitzea sustatuko duten sistemen, ereduen eta lan-metodologien ekarpena.

3.– Eskala bakoitzaren dimentsioen ebaluazioa, guztizko puntuazioari dagokionez, haztapen hauen arabera egingo da:

(Ikus .PDF)

4.– Mailaketaren ebaluazioa gainditzeko, Ertzaintzako funtzionarioak % 50etik gorako puntuazioa izan beharko du bi ebaluazio-faktoreetako bakoitzean.

5.– Erregelamendu bidez zehaztuko dira garapen profesionaleko osagarria ordaintzeko behar diren parametroak eta urteko jarduna ebaluatzeko modua, bai eta maila eta eskala bakoitzari dagozkion zenbateko ekonomikoak ere.

6.– Ezarpenaren lehen urtean, honako zenbateko hauek jasoko dira karrera profesionalaren osagarri gisa maila eta eskala bakoitzerako, ezarpen-fasea amaitzen denetik aurrera osagarri horri dagokion zenbateko osoaren % 25; hain zuzen ere, eskala bakoitzeko beheragoko mailei buruzko kopuru hauei dagokiena:

– Oinarrizkoa: 344,5 euro.

– Ikuskapen Eskala: 409,9 euro.

– Betearazpen Eskala: 469,84 euro.

– Goi-mailako Eskala: 584,85 euro.

Ehuneko hori urtez urte igoko da ezarpen-fasean, progresio honen arabera: bigarren urtean % 50 izango da, hirugarrenean % 75 eta laugarrenean % 100. Zenbatekoak eguneratu ahal izango dira, aurrekontu-legeek edo aplikatu beharreko xedapenek xedatutakoaren arabera.

7.– Gobernuari baimena ematen zaio beharrezko aurrekontu-aldaketak egin ditzan, garapen profesionalerako sistema ezartzeak –produktibitatea hobetzeko proiektu gisa– eragin ditzakeen kreditu-sorkuntza edo -gaikuntzak eta sarrera- eta gastu-egoerak egokitzeko. Neurri horiek guztiek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloan ekitaldi horietarako hartu dituen konpromisoak eta helburuak.»

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalaren garapena.

Azken xedapenetako bigarrenak aipatzen duen epe berean garatuko da Fakultatiboen eta Teknikarien Eskala, eta beharrezkoak diren unitateak eta plazak ezarriko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Gehieneko adinaren betekizunetik salbuestea.

1.– 2014ko, 2015eko eta 2016ko deialdietan Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian sartzeko eskatutako gehieneko adinaren betekizuna betetzetik salbuetsita geratzen dira aipatutako hautaketa-prozesuetan kautelaz parte hartu eta oposizio-fasea gainditu duten eta kautelaz praktiketako funtzionario izendatu dituzten izangaiak.

2.– 2016an deitutako Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian sartzeko hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gainditu duten izangaiek, baldin eta adinagatik prozesu horretatik kanpo geratu direlako hautaketa-prozesua amaitu ez badute, eskubidea izango dute hautaketa-prozesua amaitzeko.

3.– Xedapen hau indarrean jarri eta hurrengo bi hilabeteen barruan, edo, hala badagokio, praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta interesdunek berek berariaz uko egin ezean, Ertzaintzako karrerako funtzionario izendatuko dira, Oinarrizko Eskalako agenteen kategoriarekin, honako egoera hauetan dauden izangaiak:

a) 2014an, 2015ean eta 2016an deitutako hautaketa-prozesuetan behin-behinean parte hartu dutenak, aipatutako deialdiak egiteko unean 35 urte baino gehiago izan arren.

b) Hasieran eskatutako gehieneko adinaren betekizuna kontuan hartu gabe, dagokion hautaketa-prozesua gainditzen dutenak edo gainditu dutenak.

Beraz, Legegintzako Dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 27a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala