Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2114

71/2020 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, zeinaren bidez onartzen baita 2020ko Urteko Estatistika Egitaraua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Estatistika Plana da jarduera hori aldi batez antolatzen duen tresna. Gaur egungo plana ekainaren 27ko 8/2019 Legearen bidez onartu zen, eta barnean hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak 2019-2022 aldian egin beharreko estatistika-eragiketak.

Era berean, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak bere 7. artikuluan dioenez, urteko estatistika-egitarauak dira plana garatzeko eta burutzeko tresnak, eta Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko dira. Egitarau edo programa horiek zerrenda batean biltzen dituzte estatistika-eragiketak eta izaera horretako beste jarduera batzuk, eta horietako bakoitzerako jasotzen dituzte, banakako fitxetan jaso ere, aipatutako legearen 7. artikuluaren 4. paragrafoan zehazten diren ezaugarriak.

Gainera, 4/1986 Legearen 8. artikuluaren babesean, hasiera batean 2019-2022 Euskal Estatistika Planean jaso ez ziren 5 eragiketa arautu dira: Osasun Sailak proposatuta, Desberdintasunak hilkortasunean, banakako posizio sozioekonomikoaren arabera eta Bizi-itxaropeneko eta hilkortasunako desberdintasun geografikoak eremu txikietan; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak proposatuta, Alokairu-merkatuaren estatistika; eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak proposatuta, Euskadiko merkataritza-banaketaren adierazleen monitorea. Horiez gain, Euskal Estatistika Erakundeak eginiko beste proposamen bat ere arautu da: Ingurumen-kontuak. Ingurumen-ondasun eta zerbitzuen kontua.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betez, Euskal Estatistika Erakundeak prestatu du 2020ko Urteko Estatistika Egitarauaren proiektua. Proiektuaren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta Euskal Estatistika Batzordeak eman du apirilaren 23ko 4/1986ko Legearen 34.b) artikuluak dioen nahitaezko txostena.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2020ko Urteko Estatistika Egitaraua onartzea.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatu duenarekin, 2020ko Urteko Estatistika Egitaraua onartzen da, zeina dekretu honen eranskin gisa doan eragiketa-multzoak osatzen baitu.

2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoarekin, estatistika-eragiketa bakoitzaren fitxan informatzaile gisa ageri direnek nahitaez bete behar dituzte 2020ko Urteko Estatistika Egitarauan sartutako estatistikak.

3. artikulua.– Estatistika ofizialen emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.

1.– 2020ko Urteko Estatistika Egitarauan sartzen diren estatistiken emaitzak argitaratu eta zabaldu egin behar dira, Euskal Estatistika Erakundearen web zerbitzarian gutxienez. Gainera, sail bakoitzaren erantzukizuneko estatistiken emaitzak sail horien atarietan argitaratu eta zabalduko dira, Euskal Estatistika Erakundeari horien edukiaren berri eman eta gero.

2.– Estatistika-eragiketa bakoitzaren ardura duen erakundeak Euskal Estatistika Erakundera bidali behar ditu lortu dituen emaitza nagusiak; bidali ere, argitaratzen diren egunean.

3.– Euskal Estatistika Erakundeak iragarki baten bitartez emango du emaitza horien berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4. artikulua.– Informazioa ematea Euskal Estatistika Erakundeari.

Euskal administrazio publikoetako erakundeek estatistikarako informaziorik emanez gero Estatuko Administrazioaren erakundeei, emandako informazioaren kopia bidaliko dute Euskal Estatistika Erakundera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia garatzea.

Ahalmena ematen zaio Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2020ko abenduaren 31ra arte izango du indarra.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarraldia luzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorrita, programa honen indarraldia amaitzen denerako onartu gabe badago urteko estatistika-egitarau berria, luzatutzat joko da, besterik gabe, egitarau berria indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeak edo aldiak direla-eta kanpoan utzi beharreko estatistika-jarduketak.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala