Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2020ko maiatzaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2092

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, euskal merkataritza-sektorerako «COVID-19» dirulaguntzak arautzen dituena eta 2020ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

COVID-19aren hedapen bizkorrak aurrekaririk gabeko osasun-alerta bat ekarri du, eta eragindakoen kopuru handiek etengabeko borroka sortu dute haren hedapenaren aurka, pertsonen osasunean duen eragina dela-eta.

COVID-19ak sortu duen krisiari modu koordinatuan aurre egiteko xedez otsailaren 27an sortutako Sailarteko Mahaiaren eta instituzioen arteko foruen bidez, Eusko Jaurlaritza etengabe monitorizatzen ari da egoera, EAEn birusaren hedapena eta eragina mugatzeko neurriak, gomendioak eta betebeharrak ezarrita.

Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bidez, COVID-19ak euskal merkataritza-sektorean sortutako egoera monitorizatzen ari da, merkataritza-enpresen sareak eta elkartze-sareak emandako datuak bilduta, pandemiaren eraginari buruzkoak; informazio horri esker, eraginaren irudi dinamikoagoa eskuratzen da, euskal merkataritza-sektorearen hainbat jarduera biltzen dituena.

COVID-19 pandemiari eusteko ezarritako neurriek ia merkataritza-saltoki guztiak ixtea ekarri dute, aipatutako 463/2020 EDren 10. artikuluan bildutako kasu espezifikoak salbu: elikagai, edari eta lehentasuneko produktu eta ondasunen txikizkako merkatariak; farmazia, osasun, albaitaritza, optika eta ortopedia arloetako saltoki edo zentroak; higiene-produktuak; prentsa eta paper-dendak; ibilgailuetarako erregaia; tabako-dendak; ekipo teknologikoak eta komunikabideak; etxe-animalientzako elikadura; Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza; tindategiak eta garbitegiak.

Egoera honen ondorioz, Espainiako ekonomiaren eskaera eta eskaintza nahastu egin dira, eta merkataritza-sektorean bereziki izan du eragina, salmenta nahiz enpresen jardueran. Horrek likidezia izateko egoera larritu du, eta kaudimen arazoak eta lanpostuak galtzea ekar lezake, egoera egonkortzeko presazko neurriak ezartzen ez badira.

Zentzu horretan, Euskal Merkataritza-sektorerako COVID-19 Dirulaguntzen Programak erakundeen izaera ekonomikoko neurriak osatzen ditu; horrenbestez, bateragarria da guztiekin.

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapena mugatzea eta biztanleen osasuna den, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila kontziente izan behar da krisiak sektorean dituen ondorio eta eraginez; izan ere, enplegu eta ongizatearen iturria da euskaldunentzat.

Larrialdi ekonomikoko egoera honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasun nagusia da euskal txikizkako merkataritza-sektorea babestea eta laguntza eskaintzea, eragina murrizteko, eta, behin osasun-alarma amaitzean, jarduera ohiko egoerara itzultzeko. Helburua da ondorio negatiboak iragankorrak izatea eta behin betiko edo egiturazko inpaktuak saihestea, eskaintzaren beherakadak sortutako istorio amaigabea dela eta.

Zentzu horretan, merkataritza-sektorearen garrantzi sozioekonomikoa zenbakiekin egiaztatzen da; bai Barne Produktu Gordinean (% 10,67), baita enplegua sortzeko gaitasunean ere. Guztira, 138.000 afiliatu erregistratu ziren 2019. urtearen amaieran (83.868 afiliazio txikizkako merkataritza-sektoreari lotuta zeuden).

Nahiz eta txikizkako merkataritza-sektoreak izaera heterogeneoko eta ezberdineko jarduerak izan (pertsonentzako salgaiak, etxerako, elikadura...), jarduera horiek eratzeko aktoreek antzeko bi alderdi partekatzen dituzte:

Mikro ETE-en sareez (merkataritza-enpresen % 78 inguruk 2 langile baino gutxiago dituzte, eta % 93 inguruk 5 langile baino gutxiago) eta autonomoen kolektiboez (txikizkako merkataritza-sektorean sortutako enpleguaren % 34 osatzen du kolektiboak) babestutako enpresa-egiturak.

Jarduera-ezak, salmenten edo eskaeren murrizketak edo hornikuntza-katean eteteak egoteak likidezia-arazoak eta galerak ekar ditzakete orain eta datozen hilabeteetan; honela, ohiko funtzionamendua eta, batzuetan, bideragarritasuna kolokan jar dezakete. Egoera guzti horiek munduan bizi dugun ezohiko testuinguru batean kokatu behar dira, aldi baterako itxierek salmenten beherakadei eta 12.600 euskal txikizkako merkatariei eragiten diena.

Borroka honek kaltetutako enpresaburuek eta langileek egindako esfortzuekin bat egiteko asmoz COVID-19ak sortutako krisitik eratorritako eragin ekonomikoei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die enpresa eta sektore horiek sendotzen. Izan ere, lehiakorrak izan daitezke, dagoeneko produktua eta merkatua dutelako, baina munduan gertatzen ari zaigun ezohiko egoera honen ondorioak pairatzen ari dira.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babeserako estrategia osagarri hori dagoeneko ezarritako neurriei gehitzen zaie, bi zatiko jardunbide-tarte batean. Lehen zatian, berehala ezarriko dena, euskal txikizkako merkataritza-sektorea osatzen duten pertsona fisiko eta juridikoen erresistentziari laguntza ekonomikoa eskaini nahi zaio, jarduerarik ez badute edo beherakada nabarmena izan badute COVID-19ak sortutako pandemia dela eta.

Ondorioz, dirulaguntzen programa hau autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzentzen zaie, baldin eta haien jarduera nagusia txikizkako merkataritza bada; izan ere, erakunde handiagoek gaitasun handiagoa dute beste dirulaguntza batzuk lortzeko.

Erresistentzia-fase horren ondoren, kontsumoa eta txikizkako merkataritza-jarduera berpiztea da asmoa, sektoreari ekonomikoki eta instituzionalki lagunduta.

Horrela, likidezia neurrien eta garatu daitezkeen beste batzuen osagarri gisa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beharrezkoa ikusten du dirulaguntza-lerro bat sortzea dirua itzuli behar gabe, euskal txikizkako merkataritza-sektoreari bizirauten laguntzeko, pandemiatik eratorritako berehalako ondorioen aurrean. Laguntza horrek, bere soldata-kostuak gorabehera, dagoeneko irekita dauden lerro batzuen bidez babestuta daude, eta babesa emango die txikizkako merkataritza-sektorearen ustiapen-kontuetan eragin nabarmena duten gastu arrunteko beste partida batzuei. Partida hauen kasua da, besteak beste, txikizkako merkataritza-jarduera garatzeko lokalen edo instalazioen alokairua edo hornikuntzaren edo kanpoko beste zerbitzuen kostua (banaka edo agregatua), enpresaren soldata-kostua gainditzen edo gaindi dezakeenean.

Prozeduratik abiatuta eta administrazio-kudeaketak errazteko asmoz, agindu honen bidez espedienteak modu telematikoan kudeatzea aukeratzen da. Enpresa onuradunekin aurretiazko programetan izandako kudeaketa-esperientziatik abiatuta, egiaztatu da prozedura aurrerapen bat izango dela, enpresen lehiakortasuna areagotzeko, horrek inolako bereizketarik edo kalterik sortu gabe.

Dirulaguntza programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Aurrekontu Orokorretan.

Ondorioz, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari konpetentziak ematen dizkieten lege hauek erabilita, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.2 artikulua,

honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da oinarriak ezartzea euskal txikizkako merkataritza zuzenean babesteko eta laguntza ekonomikoa eskaintzeko, batez ere norberaren kontura lan egiten duten pertsonei edo autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei laguntzeko, COVID-19aren eragina murrizteko eta merkataritza-jarduera ahalik eta azkarren berpizten laguntzeko.

2.– Helburu horren arabera, dirulaguntza zuzenen lehen lerroaren xedea da eragiketen eta ohiko gastuekin laguntzea 3. artikuluan adierazitako erakunde onuradunei, fakturazioa ez badute edo oso eskasa bada COVID-19 pandemia dela eta.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako helbururako baliabide ekonomikoen zenbatekoa 7.500.000 euro da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak lor ditzakete norberaren konturako langile edo autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, txikizkako mikroenpresek eta enpresa txikiek (negozio-bolumena ikusita jarduera nagusia txikizkako merkataritza bada). Horien guztien egoitza fiskal eta soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko da, eta jarduera erabat etenda egon beharko da edo hileko diru-sarrerak gutxienez % 75 murriztu 2020ko martxoaren 14aren eta apirilaren 13aren artean, 2019ko aldi berari dagokionez (hots, 2019ko martxoaren 14tik apirilaren 13rako aldiarekin alderatuta), edo bestela, alarma-egoera aitortu aurreko hilabeteari dagokionez (hots, 2020ko otsailaren 14tik martxoaren 13rako aldiarekin alderatuta), martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan COVID-19ak sortutako osasun-krisia kudeatzeko aitortutako alarma-egoera dela-eta.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako enpresek Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan ezarritako betekizunak bete behar dituzte, mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzen dituena, edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenenak.

3.– Deialdi honetan adierazitakoaren arabera, txikizkako merkataritza-jarduera da helburu horretarako eskuratutako produktuak edo salgaiak merkatuan eskaintzea, horiek nabarmen aldatu gabe, baita ekoizle, artisau edo industriek zuzenean sortutako kontsumorako ondasunak saltzea. Ondasunok ez dira integratzen hirugarrenen ekoizpen, merkataritza edo zerbitzu-prozesuetan.

4.– Edozein kasutan, kanpo geratzen dira sozietate publiko edo eskubide publikoko erakundeak.

5.– Txikizkako merkataritza-enpresako titularrak 2020ko martxoaren 14a baino lehenagotik egon behar du Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda.

6.– Era berean, ezingo dira izan erakunde onuradunak armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen dituztenak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legearen arabera.

7.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak har daitezke pertsona onuradun gisa. Horrenbestez, agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintza guztiak bete beharko dituzte. Edonola ere, taldearen ordezkari bat izendatu behar da, botere nahikoarekin talde onuradunari dagozkion betebeharrak bete ahal izateko. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro baino lehen desegiten bada taldea, emandako dirulaguntza itzuli beharko du.

8.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, pertsona edo enpresa onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betebehar horiek betetzen direla eta Gizarte Segurantzaren aurrean egunean zaudela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, dirulaguntza eman eta ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak aurka egin diezaioke egiaztapen horri. Hala egiten badu, eguneratutako ziurtagiriak eman beharko ditu, egoera justifikatzeko.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

4. artikulua.– Diruz laguntzen diren kontzeptuak.

1.– Agindu honetan oinarrituta, honako hauek jaso ditzakete dirulaguntzak:

a) Merkataritza-jarduera egiteko erabiltzen den lokal edo hiri-finka bakar baten alokairu-gastuak (ondoz ondoko 3 hilabetetakoak), alarma-egoera indarrean jarri zenetik (2020ko martxoaren 14a) 2020ko abuztuaren 31ra artekoak badira, baldin eta lokal edo hiri-finka ez bada eskatzailearen etxebizitzaren parte, edo beste enpresa batekin partekatzen bada eta lokalaren alokatzailearekin 2. mailako odol-ahaidetasunik/ahaidetasunik ez badu, edo alokatzailea den pertsona fisiko edo juridikoaren kide edo partaidea ez bada. Era berean, kanpo geratzen dira coworking guneak.

b) Merkataritza-jarduera egiteko erabiltzen den lokal edo hiri-finka erosteko hipoteka-maileguaren edo mailegu pertsonalaren kuotak (amortizazioa + interesak), ondoz ondoko 3 hilabetetakoak, alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31ra artekoak badira.

c) 2020ko udaberri-udara sasoiko produktuen stocka erostearen gastua, osasun-alarma indarrean jarri baino lehenago (2020ko martxoaren 14a) erosi eta jaso bada.

d) Ohiko gastu hauek zuzenean lotuta daude diruz lagundu behar den merkataritza-jarduerarekin:

1.– Energia-hornikuntzako gastuak, telekomunikabide-zerbitzuak (telefonoa, Interneta) eta aseguruen primak (ondoz ondoko 3 hilabetetakoak), alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31ra artekoak badira. Kontratatutako zerbitzuaren fakturazioa hilero egiten ez bada, adierazitako epeari dagokion zenbatekoa ordainduko da.

2.– COVID-19ari lotutako dirulaguntzetarako aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak kontratatzetik eratorritako gastuak txikizkako merkataritza-enpresetan, alarma-egoera aitortu zenetik agindu honen laguntza eskatzen den arteko tartean, gehienez 150 euro.

3.– Merkataritza-jarduera babesteko eta dinamizatzeko jarduerak errazteko asmoz ondorengo berpizte eta berraktibazio faseetan, tokiko, eskualdeko, probintziako eta euskal merkataritza-elkarteetarako afiliazio-kostuak (ondoz ondoko 3 hilabetetakoak), alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31ra artekoak badira.

2.– Ez da inolaz ere kontuan hartuko gastu gisa fakturetako Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

3.– Ez dira onartuko 100 euro baino gutxiagoko gastuak, zenbateko garbian eta BEZik gabe.

5. artikulua.– Dirulaguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntza itzulgarrien bidez kudeatuko dira.

2.– Aurkeztutako kontzeptuen % 100 ordainduko da.

3.– Aurkeztutako gastuengatik gehienez jaso daitekeen dirulaguntzak ezin du gainditu 3.000 euro, erakunde bakoitzeko.

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kideen kasuan, dirulaguntzak ez du inolaz ere gaindituko gehieneko zenbateko hori, kide guztientzat. Kide bakoitzeko dirulaguntza kalkulatzeko, eskakizunak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetzaren ehunekoa kalkulatuko da 3.000 euro-etatik.

4.– Laguntzeko aurkeztutako eta onartutako gastuen guztizkoa ez da izango, inolaz ere, 750 euro baino gutxiagokoa, BEZik gabe, erakunde bakoitzeko.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da erakunde bakoitzeko, eta gastuak lantoki edo saltoki bakar batenak izango dira. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago egingo balu, erregistratu den lehena onartuko da eta gainerakoak artxibatu egingo dira.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea (eranskina) eta aurreikusitako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte, tartean:

3.1.– Alderdi hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat:

a) Deialdi honetan ezarritako erakunde onuraduna izateko betekizunak betetzen dituena.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren edozein debeku-egoeretan pertsona edo erakunderik ez duena, eragotzi egiten baitute pertsona onuradun izatea.

c) Enpresa bada, beharrezko baldintzak betetzen dituena mikroenpresa edo enpresa txikia izateko:

1) 50 langile baino gutxiago izatea eta deialdi honen aurreko ekitaldiko abenduaren 31n negozio-bolumena 10 milioi euro baino gehiago ez izatea.

2) % 25eko edo gehiagoko partaidetzak ez izatea edo 50 langile edo gehiago izatea, 10 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumenarekin.

d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik ez izatea, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik izatea ere.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean ez egotea.

f) Bestelako laguntzei dagokienez:

a) Beste erakunde publiko edo pribatutatik eskatu edo lortutako gastu beretarako laguntzak.

b) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako minimis laguntzak, laguntza eskatu den azken urtea hartuta erreferentzia gisa azken urterako.

g) Ez zigortuta egotea dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten beharrezko dokumentazioa, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

3.2.– Gastuen zerrenda, eskabideari atxikita, honako hauek zehazten: kontzeptua, dirulaguntza eskatzeko denbora-tartea eta bakoitzaren zenbatekoa (BEZik gabe).

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, kide bakoitzaren partaidetza-ehunekoa zehaztuko da.

4.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau gehitu beharko diote eskabideari:

a) Pertsona juridiko eskatzailearen IFZ.

b) Enpresa eratzearen eskriturak eta izandako aldaketak.

c) Ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak: eraketa-kontratua.

d) Laguntza eskatzen duen enpresak Ekonomia-jardueren gaineko Zergan izandako alten eta bajen ziurtagiria.

5.– Administrazioak laguntzak ordain ditzan, eskatzailea Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko da.

Pertsona ez badago erregistratuta edo Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, bete egin beharko du inprimakia, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

6.– Erakunde interesdunak ez ditu nahitaez entregatu behar Administrazioren batek egindako dokumentuak, baldin eta baimena eman badu laguntzen deialdi honen organo kudeatzaileak dokumentu horiek kontsultatzeko edo biltzeko. Aintzat hartzen da interesdunak dokumentuen kontsulta edo eskuraketa baimentzen duela, prozeduran bere aurkaritza erakusten ez badu.

Era berean, ez da nahitaezkoa aurkeztea dagoeneko Administrazio batean aurkeztu diren dokumentuak. Eragin horietarako, adierazi egin behar da noiz eta zein administraziotan aurkeztu ziren dokumentuak. Laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak dokumentu horiek eskuratu behar ditu modu elektronikoan, korporazio- edo kontsulta-sareen bidez, datuen bitartekaritza-plataformetan edo horretarako gaitutako sistema elektronikoetan. Aintzat hartzen da enpresa interesdunak kontsulta baimentzen duela, prozeduran bere aurkaritza erakusten ez badu. Ezohiko kasu batean dokumentu horiek ezin badira eskuratu, dokumentuak berriro aurkeztea eska diezaioke organoak enpresari.

7.– Agindu honetako eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako kudeaketak modu elektronikoan egingo dira. Eskabidea atzitzeko eta betetzeko, egoitza elektronikoaren bidez egingo da esklusiboki: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1103201/

Kanal elektronikoaren bidez izapideak egiteko xehetasunak eta eskabide-eredua aipatutako egoitza elektronikoan daude erabilgarri.

Eskabidea erregistro elektronikora sartzen den egun eta orduan aurkeztu dela balioetsiko da.

Espedientea, jakinarazpenak, dokumentuen aurkezpena eta prozeduraren gainerako izapideak «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira esklusiboki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu//)

Eskatzailearen ordezkari izateko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen onartutako sinadura elektronikoaz gain, eskabidean egongo dira bertan gehitu beharreko dokumentu oro, baita Administrazioak eska ditzakeenak ere, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Ordezkatzeko baimena eskain diezaiokezu beste pertsona bati zure ordez jarduteko medio elektronikoen bidez, agindu honi lotutako prozedura guztietan, hauek erabilita:

– edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoa (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/)

– edo «Borondatezko Ordezkaritza Egilestearen inprimaki normaldua» (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) behar bezala beteta, eskabidearekin batera. Gainera, pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia bat erantsi beharko diote eskabideari, edo beste pertsona bat ordezkari legala izateko ahalorde-emaileari botere hori eskaintzeko legitimazioa ematen dioen baliozko beste dokumentu bat.

Ordezkariak (pertsona fisikoa edo juridikoa) onartzen den identifikazio elektronikorako medio bat izan beharko du.

8.– Laguntzaren eskabidea, eskatutako dokumentuekin batera, nahi den hizkuntzan aurkez daiteke. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

9.– Eskabideak aurkezteak deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzea dakar.

7. artikulua.– Zuzenketa.

1.– Eskabidea ez baldin badago osorik beteta, edo 7. artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa ez balu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean falta dena osatzea edo beharrezko dokumentuak aurkeztea. Gainera, jakinaraziko zaio hala ez badu egiten ez zaiola onartuko eskabidea, eta dagokion ebazpena emango dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemari esker, erraz egiazta daitezke interesdunari egindako jakinarazpenaren data eta ordua, baita haren edukia ere; bidaltzen denetik aurrera, ulertzen da jakinarazpena eman dela. Jakinarazpena egin dela jakitean eta edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

8. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.

1.– Ebaluazio-batzorde batek espedienteak aztertuko ditu, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, artikulu honen hurrengo puntuan bildutako irizpide eta haztapenen arabera baloratuko ditu, eta prozeduraren ebazpen-proposamena egingo dio eskumena duen organoari, eman beharreko laguntzak eta ukatu beharreko eskabideak jasota. Horretarako, beharrezkoa uste duen edozein dokumentu edota informazio osagarri eska dezake, ondo ulertzeko eta ebaluatzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako bost pertsonak osatuko dute Ebaluazio Batzordea.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua 3.000 euro garbikoa dela aintzat hartuta, eskabidearen analisia zenbateko horretara iristen denean, amaitutzat joko da, eta kopuru hori gainditzen duten gastuak ez dira kontuan hartuko.

2.– Norgehiagokaren prozeduraren bidez emango dira dirulaguntzak. Eragin horietan, laguntzak emango dira aurkeztu diren eskabideak alderatuta, eskabideen artean lehentasunak ezartzeko, baremazio-betekizun hauen arabera:

a) 1. irizpidea: Jarduera etetearen eraginaren estimazioa urteko salmentetan. 2019ko lehen eta bigarren hiruhilekoek urteko salmentetan izandako ehunekoa baloratuko da, ekitaldiaren urteko salmentaren guztizkoarekin

Lehen hiruhilekoa (LH): 2019ko hiruhileko horrek 2019. urteko salmenten guztizkoan izandako ehunekoarekin emango dira puntuak.

Bigarren hiruhilekoa (BH): Lortutako puntuak izango dira 2019ko hiruhileko hori izan zen urteko salmenten ehunekoa 2019. urteko salmenten guztizkoan, 1,3-rekin haztatua.

1. irizpidea guztira= LH + BH x 1,3

Salmenten ehunekoak bi dezimalekin adieraziko dira. Ondorioz, hirugarren dezimala zero ez bada, balioa bigarren dezimalera borobilduko da, goraka.

Ehuneko horien egiazkotasuna erakutsi behar da, agindu honen 10.4.f) artikuluan adierazitako eskatutako dokumentazioarekin.

2018ko abenduaren 31ren ondoren eratutako merkataritza-jardueretan, eskaeren batez besteko puntuatzea esleituko da, erakunde eskatzaileak benetako fakturazioari dagokion puntuatzea hautatzen badu salbu.

b) 2. irizpidea: karguen eragina edo eragiketa-gastuak.

Eskaeren aurkezpena honela baloratuko da agindu honen diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera, 4. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan bilduak.

(AedoB): a) edo b) apartatuetan eskabidea izateagatik lortutako puntuak: 25 puntu.

(C): c) apartatuan eskabidea izateagatik lortutako puntuak: 20 puntu.

(D): d) apartatuan eskabidea izateagatik lortutako puntuak: 15 puntu.

4. artikuluko a) eta b) apartatuak ezin dira gertatu aldi berean.

2. irizpidea guztira= (AedoB) + C + D

c) 3. irizpidea: jarduera-denbora.

Honela baloratuko da denboraren eragina edo jarduera-ibilbidea:

– Urtebete baino gutxiago, jarduera hasi zenetik 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera aitortu zen arte: 8 puntu.

– Urtebete eta bost urte bitarte, jarduera hasi zenetik 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera aitortu zen arte: 4 puntu.

– Bost urte baino gehiago, jarduera hasi zenetik 2020ko martxoaren 14an alarma-egoera aitortu zen arte: 2 puntu.

3.– 1., 2. eta 3. irizpideetan lortutako puntuazioen baturari esker, sailkapen ordenatu bat lortuko da, puntuazio handienetik txikienera; horren arabera esleituko dira laguntzak, aurrekontua amaitu arte.

Puntuazio-berdinketak medio ezin badira esleitu laguntzak behar bezala, irizpide hauen arabera esleituko dira.

a) Lehen irizpidea izango da 2019ko salmenta-kopurua, txikienetik handienera. 2020an eratutako erakundeekin, 2020ko martxoaren 14ra arte egindako salmenten kopurua hartuko da kontuan.

b) Oraindik ere berdinketarik balego, 8.5 artikuluan agertzen diren baremazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da, modu jarraian eta independentean aplikatuta. 1. irizpidean lortutako puntuazioa aplikatzen hasiko da, eta hurrengo irizpidea aplikatzeari ekingo zaio, berdinketarik balego.

c) Berdinduta jarraituz gero, Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emandako eguna hartuko da kontuan, eta berrienari emango zaio lehentasuna.

4.– Eskabideak baloratu ondoren, Batzordeak Merkataritzako zuzendariari igoko dio ebazpen-proposamena. Bertan, onestea edo ezestea proposatutako dirulaguntzak jasoko dira; onetsitakoetan, erakunde onuradunen izenak eta bakoitzarentzat proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira.

9. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzaren titularrak, aurreko artikuluan aipatutako proposamena ikusita, gehienez ere sei hilabetetan ebatziko ditu eskabideak, laguntza eskatzeko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

Ondasun-erkidego edo sozietate zibilen laguntzak ematearen ebazpenetan, adierazi egingo da kide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

2.– Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) agindu hau indarrean jarri eta sei hilabetetan gehienez, eta jakinarazitzat joko da argitaratu eta biharamunean. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe diruz lagundutako eskaeren zerrenda argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo hilabetean argitaratu ere.

Sei hilabete igarotzen badira inolako ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, interesdunak uler dezake ez dela onartu bere eskabidea; edonola ere, horrek ez du esan nahi administrazio-organo eskudunak ebazpenik eman behar ez duenik.

3.– Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere izango jakinarazpen eginaren ondoriorik.

4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatu gisa.

5.– Laguntza esleitu eta berariaz onartu ondoren abonatuko da zenbatekoa, ordainketa bakarrean, edo aginduaren 13.1 artikuluan ezarritako epea igarotzean.

6.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak pertsona onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

10. artikulua.– Gastuen justifikazioa.

1.– Eskabidea eskatu eta betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin daiteke: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Onuradunak egin beharreko laguntzaren justifikazioa 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen egin beharko da, justifikazio-kontu sinplifikatu baten bidez, justifikazio-memoria ekonomiko batekin, dokumentu hauek dituena:

a) Diruz lagundutako gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, fakturaren zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-eguna.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena.

3.– Soilik onartuko dira diruz lagun daitezkeen gastu-kontzeptuak argi eta garbi identifikatzen dituzten egiaztagiriak; ez dira onartuko kontzeptu kodifikatuak.

4.– Jarraian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek egiaztatuko dituzte egoki iritzitako egiaztagiriak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten; horretarako, fakturak eta ordainagiriak bidaltzea eskatu ahal izango diote enpresa onuradunari. Hauek, hain zuzen:

a) Jarduerarako erabiltzen den negozioari dagokion lokalaren indarrean dagoen alokairuaren kontratua, faktura eta bankuko ordainketen egiaztagiriak, diruz laguntzeko hilabeteenak, 4.1.a) artikuluan jasotako denbora tartean.

b) Jarduerarako erabiltzen den negozioari dagokion lokalaren jabetza-eskriturak eta hipoteka-maileguaren eraketarenak, diruz laguntzeko hilabeteenak, 4.1.b) artikuluan jasotako denbora tartean.

c) Udaberri-uda sasoirako erositako produktuen zerrenda duen faktura (zerrenda hori xehatuta agertzen ez bada, emate-agiria agertu beharko da) eta sasoiko produktuen stocka erostearen bankuko ordainketa-ziurtagiria, 4.1.c) artikuluan jaso gisa.

d) 4.1.d) artikuluan agertzen diren ohiko gastuen fakturak eta bankuko ordainagiriak, diruz laguntzeko hilabeteenak, apartatu horretan bildutako denboraldiaren baitan.

e) 2019ko martxoaren 14a baino lehen eratutako entitateek 3.1 artikuluaren biltzen den diru-sarreren murrizketa egiaztatu beharko dute, eta kontularitza-informazio hau aurkeztuta egingo da hori: 2020ko martxoaren 14tik apirilaren 13ra bitartean eta 2019ko martxoaren 14tik apirilaren 13ra bitartean jasotako eta egindako fakturen erregistro-liburuaren kopia, aldi bereko diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburuaren kopia, aldi bereko salmenten eta diru-sarreren liburuaren kopia edo aldi bereko erosketa eta gastuena.

2019ko martxoaren 13tik aurrera eratutako entitateek, berriz, alarma-egoera aitortu aurreko hilabeteko fakturazioa aurkeztu beharko dute konparaketa egiteko (2020ko otsailaren 14tik martxoaren 13ra bitartekoa).

Jarduera-bolumena egiaztatzeko liburuak izatearen betebeharra ez duten autonomo nahiz enpresek diru-sarreren murrizketa egiaztatu beharko dute, onar daitekeen edozein frogaren bidez.

f) Urteko salmentetan jarduera eteteagatik jasandako eragin-maila egiaztatzeko, kontularitza-informazioa aurkeztuko da, besteak beste: jasotako eta egindako fakturen erregistro-liburuaren kopia, diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburuaren kopia, salmenten eta diru-sarreren liburuaren kopia edo erosketa eta gastuena, 2019koa. Jarduera-bolumena egiaztatzeko liburuak izatearen betebeharra ez duten autonomo nahiz enpresek 2019ko lehen eta bigarren hiruhileko salmentek ordezkatzen duten urteko salmenten %a egiaztatu beharko dute, onar daitekeen edozein frogaren bidez.

5.– Justifikatutako kopurua emandako dirulaguntza baino gutxiago bada, egokitu egingo da eta diferentzia ordaindu beharko da, aldez aurretik dagokion prozeduraren izapideak eginda.

11. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

1.– Agindu honen pean lortutako dirulaguntza ez itzulgarriak bateragarriak dira beste Administrazio publiko edota erakunde pribatu, eskualdeko, nazional edo nazioartekoren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu kontzeptuaren kostua diruz lagundutako denboraldian, beste administrazio publiko edo erakunde pribatu nahiz publikoen dirulaguntzekin gehitzean. Kasu horretan, soberakinari dagokion kopuruan murriztuko da agindu honi jarraikiz emandako laguntza.

3.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis-araubidea aplikatu beharko zaie agindu honetan ezarritako laguntzei.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 ekitaldi fiskalez osatutako epean, erreferentzia gisa hartuta laguntza eskatzen den ekitaldia.

Muga hori gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa horren arabera emandako zenbatekotik.

12. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea, beste organo batzuei espezifikoki esleitutako kasuetan izan ezik.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak ez ezik, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen enpresa onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Hartara, enpresa onuradunak dirulaguntza eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamar egun igarotakoan, enpresak berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egin ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

3.– Behin alarma-egoera amaitzean, merkataritza-jarduera altan emanda mantentzea, une hartatik aurrera, gutxienez 4 hilabetez.

4.– Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia beren eginkizunen barruan deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia ematea.

5.– Agindu honen aldi berean eta kontzeptu berak estaltzeko helburua duen laguntza edo dirulaguntza jasoz gero, horren berri ematea.

6.– Diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik hasi eta lau urtez gordetzea jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten dokumentu eta faktura guztiak, dokumentu elektronikoak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haien egiaztapen- eta kontrol-lana egin ahal izan dezan.

7.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta esandako 4/2005 Legeak Administrazioarekin hitzarmenak egiten edo Administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak onartzea.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen bat aldatzen bada, onuradun izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko betekizunak babesten badira betiere. Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokion aldaketa-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzen zenbatekoa egokitzeko.

15. artikulua.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu; erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute. Funtsean, egiaztapen horretan aztertuko da ea aurkeztutako fakturen gastuak eta merkataritza-enpresari lotutako gastuak bat datozen, baita jarduera 4 hilabetez gutxienez irekita mantentzearen betebeharra ere alarma-egoera kentzen denetik.

Ikuskaritza hauek laguntzak izapidetzeko larrialdi-irizpideen arabera egingo dira, kudeaketa ahalik eta eraginkorren izan dadin eta kontuan izanda onuradunak bete egin behar duela 13.6 artikuluan adierazitako betebeharra.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuraduna Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zehaztutako kasuetako batean dagoenean, Merkataritza zuzendariak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubide osoa edo partziala iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzaren kopuru osoa edo partziala, ez-betetzearen mailaren arabera, eta berandutze-interesak itzuli behar dizkiola Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, hauetan ezarritakoari jarraiki: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta itzultze partzialaren kasuan, 38/2003 Legearen 37. artikulua. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Justifikatutako eta onartutako gastua emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada baina 750 euro baino gehiagokoa bada, egokitu egingo da, eta diferentzia ordaindu beharko da, aldez aurretik dagokion prozeduraren izapideak eginda.

3.– Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez esklusiboki kudeatuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Oinarrietan aurreikusi ez den guztian, honako lege hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, eta, prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarrai ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 19a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala