Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2020ko maiatzaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1941

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 5ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez indargabetzen baita 2020ko martxoaren 18ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, zuzendaritza-batzorde bat sortzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatzeko eta koordinatzeko.

Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 18ko Aginduaren bidez (2020ko martxoaren 20ko EHAA, 56. zk.), zuzendaritza-batzorde bat sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatzeko eta koordinatzeko.

Organo horren eginkizun nagusia da martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduan giza baliabideen eta bitartekoen arloan ezartzen diren neurri bereziak ezartzeko proposamena egitea Osasuneko sailburuari, neurri horiek har ditzan. Agindu horrek, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen ditu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak (Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) aurreikusitakoa garatzeko eta aplikatzeko eman zen.

Pandemia hainbat astetan kudeatu ondoren, haren bilakaeraren egungo adierazleek egun euste-fasean gaudela diote (esaterako, oinarrizko birsorkuntza-zenbakia (R0) 1,75 zen batzordea sortu zen egunean, eta 0,80 ingurura jaitsi da, 2020ko apirilaren 29an). Fase honetan, azken helburua da kurba epidemiologikoak goranzko joera duen egoera batera itzultzea eragoztea.

Fase-aldaketa honetan, salbuespenak salbuespen, dagoeneko ez da beharrezkoa baliabide sanitario pribatuak erabiltzea sistema sanitario publikoa osatzeko. Halaber, orain ez da beharrezkoa euste-fasea kudeatzea, eta zuzendaritza-batzordeak ez du bere eginkizunen artean izango boluntariotza eta antzeko baliabideak kudeatzea.

Azkenik, Osasuneko sailburuari aholkularitza emateko lanak –aipatutako aginduan ere jasota daudenak– 80/2017 Dekretuan aurreikusitako organoek gauzatuko dituzte, dekretu horretan ezarritako eran (apirilaren 11ko 80/2017 Dekretua, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Gainera, agindu hori lehendik aldatuta zegoen Osasuneko sailburuaren 2020ko apirilaren 17ko Aginduaren bidez (2020ko apirilaren 27ko EHAA, 79. zk.), indarrik gabe uzteko haren bosgarren ebazpen-zatian ezarritakoa eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko organoen esku uzteko bere garaian Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion eginkizunak.

Orobat, 2020ko martxoaren 18ko Aginduak berak, zazpigarren ebazpen-zatian, honela dio: «Agindu hau indarrean egongo da, Estatuko Gobernuak dekretu bidez deklaratu duen alarma-egoerak irauten duen bitartean eta krisialdia dela-eta sektoreak koordinatzeko premia duen bitartean».

Adierazitako guztia dela eta, ondorioztatu behar da egun ez dagoela halako koordinazio-premiarik, eta 2020ko martxoaren 18ko Agindua indarrean jarri aurretik sortuta zeuden organoek bete ditzaketela koordinazio-lana eta aginduan jasotako gainerako zereginak. Hortaz, egun ez da beharrezkoa agindu horrek sortutako zuzendaritza-batzordea.

Horregatik guztiagatik, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 4. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan organo horri eskuordetutako eskumenen arabera, eta martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren ebazpen-zatiaren bidez esleitutako gaikuntza baliatuz –agindu hura martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren babespean eman zen, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Indarrik gabe uztea Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 18ko Agindua, zuzendaritza-batzorde bat sortzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatzeko eta koordinatzeko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 5a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala