71. zk., 2020ko apirilaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (464 KB - 14 orri.)
- EPUB (475 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1852
EBAZPENA, 2020ko apirilaren 8koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat argitaratzeko dena; dirulaguntzen hartzaileak norberaren konturako langileak edo langile autonomoak izango dira, zehazki beren jarduerak etenda dituztenak Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma-egoera dela eta.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 7ko bileran hartutako Erabakiaren bitartez, aparteko dirulaguntzetarako deialdi bat onartu du, norberaren konturako langileentzat eta langile autonomoentzat; zehazki, baldintza hau betetzen dutenentzat: haien jarduerak etenda geratu izana, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea norberaren konturako langileei eta langile autonomoei aparteko dirulaguntzak emateko deialdia. Langile horiek baldintza hau bete beharko dute: haien jarduerak etenda geratu izana, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Deialdi hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2020ko apirilaren 7ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean jasota dago.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 8a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
APARTEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA, HONAKO BALDINTZA HAU BETETZEN DUTEN NORBERAREN KONTURAKO LANGILEEI ETA LANGILE AUTONOMOEI ZUZENDUA: HAIEN JARDUERAK ETENDA GERATU IZANA, COVID-19AK ERAGINDAKO OSASUN-KRISIALDIA KUDEATZEKO DEKLARATUTAKO ALARMA EGOERA DELA ETA
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratzen da, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Errege-dekretu horretan bildutako neurriek txikizkako lokal eta establezimenduak jendearentzat irekitzeko etenaldia ezartzen dute, eta eteten dute, halaber, errege-dekretu horretan behar-beharrezkotzat jotzen ez diren jardueren garapena. Neurri horien ondorioz, norberaren konturako langile askok eten behar izan dute beren jarduera.
Bestalde, begi bistakoa denez, negozioak ixteak berekin ekarriko du enpresaburu askok negozio-lokalen alokairua ordaindu ezina, hain zuzen ere etendako jarduera ekonomikoak ematen baitio aukera negozioa ustiatzen duen errentariari errenta ordaintzeko behar dituen diru-sarrerak lortzeko.
Bada, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundu nahi dute negozioak aldi baterako ixteak zuzenean eragindako galera ekonomikoa arintzen, eta, ahal den neurrian, halako negozioak behin betiko itxi beharra ekiditen.
Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko apirilaren 7an egindako bilkuran, norberaren konturako langileei eta langile autonomoei aparteko laguntzak emateko deialdia onartu du; langile horiek baldintza hau bete beharko dute: haien jarduerak etenda geratu izana, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta. Hona deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da arautzea nola eman behar diren norberaren konturako langileentzako eta langile autonomoentzako laguntzak, zuzeneko galera ekonomikoa arintzea xede dutenak; laguntzen hartzaileek jarduera ekonomikoa etenda izan behar dute Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratutako alarma egoera dela eta, eta laguntza hauek jarduerari eusten laguntzeko emango zaizkie.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko, 3.000.000 euro bideratuko dira, 2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak.
Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu kopurua, edo hura handitzetik ateratzen dena, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, aldaketaren bat onartuz gero, horren berri argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluan araututako aparteko prestazioaren titular diren pertsonak, baldin eta haien jarduerak etenda geratu badira. Prestazio hori jarduera etenda izateagatik ematen zaie Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoeraren deklarazioaren eraginpean daudenei. Onuradunek, betiere, kolektibo hauetakoren batekoak izan behar dute:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza norbere izenean eskatzen bada.
2.– Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte, 2020ko martxoaren 14an:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
c) Negozio-lokal baten errentari izatea, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea eskatzailearen etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak deialditik kanpo geratzen dira.
d) Esklusiboki jardutea etenda geratu den jardueran.
3.– Aurreko apartatuko a), b) eta d) letretako betekizunak alarma-egoerak irauten duen bitartean bete beharko dira, bai eta, gutxienez, egoera hori amaitu ondoko lau hilabeteetan ere. Halaber, onuradunak alta emanda egon beharko du –aldi horretan, gutxienez– EJZn eta Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Berezian, 1. apartatuan adierazitako kolektiboren batean.
4.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoez gainera, onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.
c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
5.– Lanbidek laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.
Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
6.– Laguntza ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik bada, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako hauek lagundu ahal izango dira deialdi honetan bildutako dirulaguntzen babesean:
a) Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak.
b) Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea eskatzailearen etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak deialditik kanpo geratzen dira.
2.– Diruz lagundutako aldia:
a) Aurreko paragrafoko a) letran aipatzen diren diruz lagundu daitezkeen gastuak alarma-egoera bukatu ondoko bi hilabeteei dagozkienak izango dira.
b) Aurreko paragrafoko b) letran aipatzen diren diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko martxotik (hil hori barne) alarma-egoera bukatu ondoko bi hilabeteetara bitarteko aldiari dagozkionak izango dira.
3.– Zeharkako zergak ez dira inoiz dirulaguntza jasotzeko modukotzat hartuko, berreskuratu edo konpentsatu ahal baldin badira.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Gehienez, 3.000 euroko laguntza emango zaie onuradunei.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten bazkideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 3.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 3.000 euroei.
6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak eranskineko ereduaren arabera aurkeztu behar dira, egoitza elektronikoaren bidez, webgune honetan: https://euskadi.eus. Webgune horretara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian bertan: https://www.lanbide.euskadi.eus
Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus. Hor, eskuragarri daude zenbait zehaztapen, izapideak bide elektronikoz nola egiten azaltzen dutenak.
Eskatzaileak ez badauzka beharrezko diren bitarteko elektronikoak, aukera izango du eskabidea Zerbitzu Zentraletan aurkezteko, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein bulegotan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideren bat erabiliz.
Alarma-egoeraren deklarazioa dela eta hartutako neurrien ondorioz ezinezkoa baldin bada aurreko paragrafoan aipatutako bide presentzialak erabiltzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere web-orrian argitaratutako iragarki baten bidez jakinaraziko du nola aurkeztu dezaketen eskabidea, behin behinean, izapide elektronikoa egiteko behar diren bitartekoak ez dauzkaten pertsonek.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Jarduera eteteagatik aparteko prestazioa ematea onartzen duen ebazpena; prestazio horren hartzaile izango dira Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoeraren deklarazioaren eraginpean dauden pertsonak.
b) Negoziorako lokala alokatzeko gastuak.
c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izana egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.
3.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2020ko irailaren 30ean amaituko da.
5.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.
7. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.
Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.
8. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.
1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.
2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez hiru hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; eta epe hori amaitutakoan, dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
5.– Bestalde, onuradunei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzengatik zigor-prozedura batean edo dirulaguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
9. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Laguntzen onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, denak batera, 2021eko urtarrilaren 29a baino lehen:
– Negozio-lokalaren errentamenduaren ordainagiriak, alarma-egoeraren aldiko hilabeteei dagozkienak, bai eta egoera hori amaitu ondoko bi hilabeteei dagozkienak ere. Ordainketak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria.
– Egiaztatu behar da, halaber, ordainduta daudela Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa egin beharreko kotizazio-kuotak, alarma-egoera amaitu ondoko bi hilabeteei dagozkienak.
2.– Ez dira diruz lagunduko aurreko apartatuan adierazitako gastuak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundutakoak badira.
3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako gastuen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.
4.– Justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada emandako dirulaguntza baino, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da, dagokion prozedura izapidetu ondoren.
5.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, aurreko apartatuan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoa itzuli beharra adierazteko, horretarako errekerimendua egin ondoren.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Alarma-egoera bukatu ondoren, lan-jarduerari berriro ekitea, harekin jarraitzea, eta 3.1 artikuluan adierazitako kolektiboren batean mantentzea, lau hileko epean gutxienez, jarduera berriz ekiten zaionetik hasita.
b) Esklusiboki aritzea dagokion jardueran, lau hilabetez, alarma-egoera bukatzen denetik hasita.
c) Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.
d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
f) Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
h) Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
11. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin.
13. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona onuradunek ez baldin badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, dirulaguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du). Bestalde, horrela itzulitako dirulaguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.
4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.
5.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
14. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua,
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta daiteke helbide honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/información/condiciones de uso y política de privacidad/
15. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (2013-12-24ko L352 EBAO). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» laguntzetan emandako guztizko zenbatekoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.
16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.