69. zk., 2020ko apirilaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (266 KB - 5 orri.)
- EPUB (198 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OSASUN SAILA
1834
AGINDUA, 2020ko apirilaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira SND/232/2020 Agindua aplikatzeko (SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak 3. artikuluan adierazten duenez, «euskal administrazio sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, prebentzioko eta osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, batez ere titularitate publikoko baliabideen dotazio, mantenimendu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez.»
Halaber, lege horren 14. artikuluak atentzio prebentiboa eta osasunaren sustapena ditu hizpide, eta, han azaltzen denez, «izen horien barruan jarduketa hauek daude: batetik, osasunari buruzko oinarrizko legeriak egiten duen esparru-zerrendarekin bat etorriz, osasuna babesteko, sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko egindako jarduketak, eta, bestetik, osasun indibidualari eta kolektiboari buruzko antolamendu juridikoan aitortutako interbentzio publikoko ahalmenak erabiliz egindakoak.»
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:
a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.
b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.
c) Zaintza epidemiologikoa.
d) Farmazia-antolamendua.
e) Droga-mendekotasunak.
f) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, 4.1 artikuluan, Osasuneko sailburuari esleitzen dizkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak, bai eta Osasun Sailari dagozkion funtzioen eta jardun-arloen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez (alarma-egoera deklaratzen duena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; 2020ko martxoaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 67. zk.), alarma-egoera deklaratu zen Estatuko lurralde osoan, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko. Hori hala egin zen, Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoak laugarren artikuluaren b) eta d) apartatuetan xedatutakoaren arabera.
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 12. artikuluak honela dio: «1.– Nazio-lurraldeko administrazio publikoetako osasun-agintari zibil guztiak eta gainerako funtzionario eta langileak Osasuneko ministroaren zuzeneko aginduetara geratuko dira, pertsonak, ondasunak eta lekuak babestu beharra izanez gero, eta beren iraupenagatik edo izaeragatik ezohikoak diren lanak agindu ahal izango zaizkie.
2.– Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazio publikoek beren osasun-zerbitzuak kudeatzen jarraituko dute, beren eskumen-eremuaren barruan, eta une oro ziurtatuko dute ondo funtzionatzen dutela».
Koronabirusaren mundu mailako pandemia dela eta, Osasun Sailak osasun publikoko larrialdi-egoera deklaratu behar izan du, eta Babes Zibilerako Euskadiko Plana (LABI) jarri da abian. Covid-19aren pandemiak eragindako inpaktuagatik eta Euskadiko morbimortalitatean dituen ondorioengatik sortu da egoera hau.
Bestalde, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak hartzen dira, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Neurri horiek autonomia-erkidegoek garatu beharko dituzte beren lurraldean, birusa duten pertsonak artatzeko behar beste profesional daudela bermatzeko. 232/2020 Aginduan ezarritako neurrietako batzuk gai hauetaz ari dira: prestakuntza egiten ari diren profesional sanitarioak (BAME eta BAEE), langile fakultatiboen eta ez-fakultatiboen salbuespenezko kontratazioa, erretiratutako profesional sanitarioak lanera itzultzea, lan sindikalak egiteko baimena zuten langileak lanera itzultzea, medikuntza- eta erizaintza-graduetako ikasleak kontratatzea, eta zerbitzu-prestazioaren erregimenari buruzko neurriak.
Martxoaren 27ko SND/299/2020 Aginduaren indarrez (agindu haren bidez aldatu egiten da martxoaren 15eko SND/232/2020 Agindua, zeinak giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen baititu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), neurri berriak hartzen dira, Covid-19k eragindako osasun-krisialdiaren bilakaeragatik. Ezarritako neurrietako batzuk gai hauekin lotuta daude: prestakuntzako azken urtean dauden egoiliarren luzapenak; 2020an osasun-prestakuntza espezializatuko plazak eskuratzeko 2019ko hautaketa-probak egin eta gutxieneko puntuazioa lortu zuten edozein titulaziotako profesionalak kontratatzeko posibilitatea; beste lanbide sanitario batzuen titulazioetan ari diren ikasleak kontratatzea, are lanbide-heziketako arlo sanitariokoak, laguntza emateko, eta osasun-profesional baten zaintzapean.
Arlo horretan, neurriak arian-arian hartzen joan beharra dago, Covid-19k eragindako krisialdiaren etengabeko bilakaeraren arabera eta asistentzia-antolamenduan dituen ondorioak kontuan harturik. Behar hori dela eta, berriro aldatu behar dago apirilaren 1eko SNV/319/2020 Agindua (agindu horren bidez beste agindu hau aldatzen da: SND/232/2020 Agindua, martxoaren 15ekoa, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dituena Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko). Aldaketa horren bidez erantzuten zaie giza baliabideen, bereziki prestakuntza egiten ari diren egoiliarren, kudeaketan dauden zailtasunei, beste osasun-langile talde batzuk Osasuneko Sisteman Nazionalean lanean hasteko aukera emanez.
Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 18ko Aginduaren bidez (2020ko martxoaren 20ko EHAA, 56. zk.), Zuzendaritza-batzorde bat sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatu eta koordinatuko dituena.
Horregatik guztiagatik, harik eta pandemiak sortu duen osasun-larrialdiko egoera onbideratu arte, martxoaren 18ko Aginduaren bidez sortutako Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 4.1 artikuluan organo horri eskuordetutako eskumenen arabera, eta martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren hamabigarren ebazpen-zatiaren bidez esleitutako gaikuntza baliatuz –agindu hura martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren babespean eman zen, zeinak alarma-egoera deklaratzen baitu Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Langile fakultatiboak eta ez-fakultatiboak salbuespenez kontratatzeko neurriak.
1.– Prestakuntza espezializatuko plazak eskuratzeko 2018-2019 eta 2019-2020ko hautaketa-probak egin eta gutxieneko puntuazioa eskuratu arren plaza lortu ez zuten profesionalak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldi baterako lan-kontratuak egin ahal izango ditu, salbuespenez, osasun-zientzietako espezializatuak prestatzeko egoitzaren lan-harreman berezia arautzen duen urriaren 6ko 1146/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu-motari jarraikiz. Lansariak lehen urteko langile egoiliarrentzat ezarritakoak izango dira.
Jarduera asistentzialaren areagotzeagatik sinatzen diren kontratuek hiru hilabeteko iraupena izango dute eta ondoz ondoko hiru hilabeteko aldiez luzatu ahal izango dira, premia asistentzialak mantentzen badira, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 3. atalean aurreikusitakoari jarraiki (agindu horrek giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen ditu, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).
2.– Europar Batasuneko kidea ez den estatu batean lortutako espezialista-titulua duten profesionalak, apirilaren 16ko459/2010 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen direnak, baldin eta kualitatiboki eta kuantitatiboki Espainiako espezialista tituluak ematen duen prestakuntzaren baliokidea lortu badu eta errege-dekretu horren 8.d) artikuluan aurreikusitako ebaluazio-fasean badago.
Izendapena zerbitzuak ohikotasunez emateko egingo da, eta izendapenaren arrazoia ohiz besteko zerbitzuak ematea izango da. Lansariak jardun behar duen lanpostuaren kategoriari dagozkionak izango dira.
Izendapenaren iraupenari ondoz ondoko luzapenak ezarri ahal izango zaizkio, izendapena eragin zuten inguruabarrak mantentzen badira. Luzapen bakoitzak gehienez ere hiru hilabete iraungo du.
Bigarrena.– Lan sindikalak egiteko baimena zuten langileak lanera itzultzea.
1.– Orain arte lan sindikalak egiteko lanaldi osoko liberazioa izan duten langileek, beren borondatez laguntza-funtzioak egiteko lanera itzuli nahi badute, hala jakinarazi beharko diote, posta elektronikoz, beren zerbitzu-erakundeari, behar den Langileen Zuzendaritzarekin harremanetan jarrita. Era berean, lanaldi partzialeko liberazioa izaten duten langileek beren borondatez uko egin ahal izango diote beren hilabeteko ordu-kredituari.
2.– Aurreikusi ezin diren gorabeherak tartean ez badira, ahalik eta arinen gertatuko da lanera itzultze hori.
3.– Laguntza-funtzioak egin bitartean, lanera itzultzen diren langileek jarraituko dute kobratzen lanaldi osoko liberatu sindikalak zirenean jasotzen zuten soldata, eta beren erakundeko Langileen Zuzendaritzak ez ditu inon alta eman beharko.
4.– Lanera itzultzen diren langileek, nahi badute, eskatu ahal izango dute sindikatuko liberatuaren egoerara itzultzea. Horretarako, beren Langileen Zuzendaritzari hala jakinarazi beharko diote; ez dute besterik egin beharko. Lehengo egoerara itzuliagatik, sindikatuko liberatuaren egoerak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren Langileen Zuzendaritzak bere egunean emandako baimena jasota dauka. Langileek arloko zuzendaritzek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko diote beren borondatez lanera itzultzea eskatu dutenen zerrenda.
5.– Nolanahi ere, eta osasun-agintariak pandemiaren amaiera deklaratu ondoren, lanera itzuli diren langile liberatuak berriro pasako dira, besterik adierazi ezean, lanaldi osoko sindikatuko liberatuaren egoerara. Berdin gertatuko da lanaldi partzialeko liberazioa izaten duten langileekin, beren hilabeteko ordu-kredituari.
6.– Langile liberatuak lanera itzultzeak ez du inola ere eragingo ordezkoa dagoen lanpostutik kentzea.
Hirugarrena.– Osatek SAko profesionalen lankidetzarako neurriak.
1.– Kokapenean eta baliabide-erabileran eraginkortasun handiagoz jokatze aldera eta osasun-larrialdi honetan asistentzia arloan behar bezala erantzuteko, Osatek SA sozietate publikoko profesionalak, larrialdi-egoerak dirauen bitartean, Covid-19aren pandemiaren inpaktuaren ondorioz zerbitzuak gainezka dauzkaten Osakidetzako ospitaleetara bidali ahal izango dira. Osatek SAren kapitalaren titular bakarra Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua da, jarduera etena du, eta, gaur egun, larrialdiko pazienteekin, ospitaleratuekin eta lehentasunezkoekin baino ez dihardu.
2.– Neurri horren bidez, Osatek SAn dituzten lanpostuari, kategoriari edo espezialitateari dagozkien funtzioak ez diren beste batzuk egiteko agindu ahal izango da, hala badagokio eta beti kontuan harturik neurriak eragindako pertsonen kualifikazio eta gaitasun profesionala.
3.– Neurri horrek eragindako langileek benetan lanean ari diren erakundeetako Zuzendaritza- eta kudeaketa-organoen jarraibideak betez eta haiekiko mendekotasun funtzionalean egingo dute lan, borondatezkotasuna lehenetsita betiere. Osatek SArekiko lotura juridikoari eutsiko diote, bai eta dituzten baldintza ekonomikoei ere, eta Osatek SAk jarraituko du bere lansariak ordaintzen, bai eta behar diren kotizazioak ere.
Laugarrena.– Medikuntza- edo erizaintza-graduko edo beste titulazio batzuetako prestakuntzako azken urtean ari diren ikasleak eta Erizaintzako Zaintza Gehigarrietako Teknikariaren Lanbide Heziketako ikasketak amaituak dituzten pertsonak kontratatzea.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak iraupen zehatz bateko lan-kontratuak sinatu ahal izango ditu medikuntza- eta erizaintza-graduko ikasleekin, bai eta martxoaren 15eko SDN/232/2020 Aginduaren seigarren bis ebazpenean aipatzen diren titulazioetako prestakuntzako azken urtean diharduten ikasleekin ere, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 15.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren babespean; testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.
2.– Era berean, iraupen zehatz bateko lan-kontratuak egin ahal izango dira Erizaintzako Zaintza Gehigarrietako Teknikariaren Lanbide Heziketako ikasketak bukatu dituztenekin, oraindik titulua eman ez bazaie ere, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren ebazpen-zatiaren seigarren.ter puntuan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Langile horiek postu hauetan jarduteko kontratatuko dira: medikuei laguntzeko laguntza sanitarioa, erizainei laguntzeko laguntza sanitarioa eta zaintzen teknikariei laguntzeko laguntza sanitarioa. Profesional sanitario baten zaintzapean jardungo dute. Postu horien lansariak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari dagozkionak dira.
4.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, eta, hala badagokio, Hezkuntza Sailarekin batera, koordinatuko du kontratazio hori.
5.– Kontratu horien iraupena hilabete batekoa izango da, eta luzatu ahal izango da horretarako beharra badago.
Bosgarrena.– Ondorio akademikoak egiaztatzea.
1.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, bere araudiari jarraikiz, agindu honetan aurreikusitako lan-kontratuak gauzatzean egindako jardueraren ondorio akademikoak egiaztatu ahal izango dizkie Medikuntzako Graduko azken urteko ikasleei eta Erizaintzako Graduko azken urtekoei, bai eta martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren seigarren bis ebazpenean aipatutako titulazioetan ari direnei ere, baldin eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz zaintzapeko/txandakako praktikak edo practicum delakoa eten bazaizkie eta praktika horiek Euskadiko osasun-sistemaren erakunderen batean egiten ari baziren.
2.– Lan-kontratua formalizatzen duen osasun-agintariak langileen arloan duen organo eskudunak emango dizkie, ofizioz, interesdunei egiaztapen horiek egiteko behar diren ziurtagiriak.
Seigarrena.– Indargabetzea.
Agindu honek osorik ordezten du Osasuneko sailburuaren martxoaren 30eko Agindua, zeinaren bidez neurriak hartzen baitziren SND/232/2020 Agindua aplikatzeko (SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).
Zazpigarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 6a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.