Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2020ko apirilaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1804

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Larke 360 SL enpresak Azkoitian (Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2019ko azaroaren 6an, Larke 360 SL sozietateak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera bete zuen, zehazki, Azkoitia udal-mugartean (Gipuzkoa) kokatuta dagoen hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioari buruzkoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat, aipatu proiektua arau horren II. eranskineko 9. taldeko b) apartatuan jasota dagoenez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2019ko abenduaren 16an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Bestalde, egiaztatu da, aipatutako txostenen arabera, ingurumen-erakundeak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Larke 360 SL enpresak Azkoitian (Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik duen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998ko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Larke 360 SL enpresak Azkoitian (Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren gainean, baldintza hauetan:

A) Aztergai den proiektuaren xedea proposatzen den instalazio berrian hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko jardueraren garapena da.

B) Ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Larke 360 SL enpresak hondakin ez arriskutsuen kudeaketa-jarduketa gauzatu nahi du Azkoitia udalerrian (Gipuzkoa) kokatuta egongo den instalazio berri batean.

Lursailak, orotara, 36.898 m2-ko azalera du. Kokagunearen ekialdeko zatia, gaur-gaurkoz, betelanetarako erabiltzen da; beraz, instalazioak bi fasetan eraiki nahi dira. Lehen fasean, mendebaldeko zatia egokituko da (11.696 m2), hala nola sarbideko errepidea, bulegoak, baskula eta komun kimikoa (3.685 m2). Bigarrenean, behin betelan-jarduketa amaituta, mendebaldeko zatia egokituko da (21.517 m2). Lehen faseko instalazioei buruzko informazioa bakarrik aurkeztu da.

Lehen fasean, instalazioak bi eremu bereizi izango ditu:

– Harrera-eremua: instalazioen sarreran, bi baskula jarriko dira kamioiak pisatzeko, eta edukiontzi modular bat egongo da, zeinetan bulegoak eta komun kimikoa kokatuko baitira.

– Zabaldia: jarduketa-eremu nagusia lan-gunetan banatuta egongo da:

– Hondakinak soltean edo edukiontzietan biltegiratzeko gunea. Soltean biltegiratuko diren hondakinak New Jersey hormigoi-hesiz zedarrituko dira.

– Birringailuaren lan-gunea.

– Pala kargatzailearen lan-gunea.

– Triaje-zintaren lan-gunea.

– Hondakinak arriskutsuak biltegiratzeko gunea; etxola prefabrikatu bat da.

Zabaldi horretako lurzorua irazgaiztu beharko da, hormigoizko zolata ipinita (HM-20, 15 cm-koa, 15x15x6-ko sare elektrosoldatuarekin). Gainera, euri-ur garbiak eta zabaldiko euri-urak nahastea ekidin nahi da, sakangune baten bitartez. Horrela, zabaldiko arraste-urak saneamendu- eta arazte-instalazioetara bideratuko dira; alegia, dekantazio-tanga batera eta hidrokarburoen bereizgailu batera.

Kudeaketa-jarduera hauek egin nahi dira:

Hondakin ez arriskutsuak karakterizatzea Larkek beharrezkoa baderitzo, hondakina hartu aurretik, ekoizleari karakterizazio-proba egiteko eskatuko zaio, hondakina kudeatzea bideragarria dela bermatzeko. Hondakin ez arriskutsua kudeatu daitekeela zehaztuta, hondakinaren harrera-agiria egiten da.

Biltzea eta garraiatzea. Hondakina enpresa ekoizletik hartzen da, garraio propio baimenduaren eta azpikontratuaren bitartez. Garraio propioaren kasuan, hondakin ez arriskutsuen garraiolariaren adierazpenean zehazten diren ibilgailuak erabiliko dira. Kasua zein den, hondakinaren ekoizleek beraiek entregatuko dute hondakina Larkeren instalazioetan.

Instalazioetan hartzen diren hondakinak erregistroan jasoko dira, jatorriaren eta garraioaren datuak adierazita. Hondakina arriskugabea dela ziurtatu ondoren, ibilgailua pisatuko da. Horretarako, baskula bat jarriko da lur arrasean.

Horren ostean, materiala deskargatzeari ekiten zaio.

– Kasuan kasuko biltegiratzeak, hondakin bakar bat hartzen denean (gaika deskargatzea).

– Sailkapen-gunea, hondakinen nahasteak hartzeko.

Sailkatzea eta nahastea. Hondakin-nahasteak sailkapen-gunean deskargatu ondoren, gaika bereizten dira, hondakin motaren arabera, baldin eta hondakin mota desberdinak hartu badira.

Bereizteko lanetan, hondakinak motaren arabera bereiziko dira, batera biltzeko. Horretarako, Larkek pala kargatzaile bat du.

Materiala sailkatuta, biltegiratzeko prest dago, tarteko edo azken kudeatzaile baimendu baten instalazioetara garraiatzeko, edo egurraren edo eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kasuan, birringailuetan tratatzeko. Tratatu den material biltegiratu egingo da, batik bat soltean, bigarren fasean eraikiko den zabaldian.

Biltegiratzea. Hondakinak motaren arabera biltegiratzen dira eta nahastu eta taldekatu egingo dira EHZ kodeen arabera, horretarako ezarritako guneetan. Hondakina zein den, honela biltegiratuko da: 20 m3-ko edukiontzi metalikoetan, big-bag zakuetan, bolumen txikiko hondakinak, edo soltean, hormigoi irazgaiztuko zolatan.

Instalazioen mantentze-lanetan sortzen diren hondakin arriskutsuak, beren izaeragatik likido kutsatzaileen lixibiatuak eragin ditzaketenak, etxola modular batean gordeko dira, zabaldian, kutsatzaileak instalazioetan barreiatzea ekiditeko, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ezarritako betekizunak betez.

Prestatzea. Hondakinak motaren arabera sailkatuta, hondakin ez arriskutsuen zati bat balorizatuko da, eta sortuko den produktua tratatu den materialaren propietateen, granulometriaren, hezetasunaren eta makinari emandako aginduen araberakoa izango da. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak prestatzeko, instalazioak bitarteko hauek ditu:

– Trakpactor 320 birringailua, alokairuan.

– Triaje-lerro bat, 17 x 6 m-koa, zintaduna, 20 m.

Egur-hondakinak prestatzeko, Larkek bitarteko hauek ditu:

– Hammel VB 650 D birringailua.

Kalitate-kontrola. Agregakin birziklatuek eta eraikuntza-materialek, esaterako, Larkek egindako balorazio-eragiketen produktuek, helmugako erabileraren arabera dagozkien betekizun tekniko eta legezkoak bete beharko dituzte.

Bidalketa. Balorizatu diren hondakinak obra baimendunetara garraiatuko dira, baldin eta hondakinok obra horietan erabiltzea bideragarria bada. Gainerako hondakinak kudeatzaile/balorizatzaile baimendu bati eramango zaizkio, garraiolari baimenduen bitartez.

Erakundeak hondakinen kudeatzailearen baimena eskatu du, urtean gehienez 183.390 tona kudeatzeko gaitasuna adierazita. Hauek dira Larkek instalazio berrian kudeatu nahi dituen hondakinak, kudeatu nahi duen hondakin mota bakoitzaren gehieneko gaitasuna adierazita:

Nekazaritzaren, barazkigintzaren, akuikulturaren, basogintzaren, ehizaren eta arrantzaren hondakinak.

– 02 01 07 Basogintzako hondakinak 170 t/urte R12-R13.

Zura eraldatzearen, eta taulak eta altzariak ekoiztearen ondorioz sortutako hondakinak.

– 03 01 01 Azalaren zein kortxoaren hondakinak 100 t/urte R12-R13.

– 03 01 05 Zerrautsa, txirbilak, ebakinak, zura... 100 t/urte R12-R13.

Paper-orea, papera eta kartoia sortu eta eraldatzearen hondakinak.

– 03 03 01 Azalaren zein zuraren hondakinak 510 t/urte R12-R13.

Plastikoak, kautxu sintetikoak eta zuntz artifizialak fabrikatzean, formulatzean, banatzean eta erabiltzean sortutako hondakinak.

– 07 02 13 Plastikozko hondakinak 850 t/urte R12-R13.

Produktu zeramikoak, adreiluak, teilak eta eraikuntza-materialak fabrikatzean sortutako hondakinak.

– 10 12 08 Zeramiken, adreiluen, teilen hondakinak 425 t/urte R12-R13.

Eraikuntza materialen.

Zementua, karea, igeltsua eta produktu eratorriak fabrikatzean sortutako hondakinak.

– 10 13 01 Nahaste-prestakinen hondakinak, 50 t/urte R12-R13.

Egozte-prozesua baino lehen.

– 10 13 11 Material konposatuen hondakinak 30 t/urte R12-R13, 10 13 09 eta 10 13 10 zementuez bestelakoetatik eratorritako.

– 10 13 14 Hormigoi-hondakinak eta hormigoi-lohiak 425 t/urte R12-R13.

Metalen eta plastikoen gainazal-tratamendu fisiko eta mekanikoaren eta moldekatzearen hondakinak.

– 12 01 05 Plastikozko txirbilak eta bizarrak 85 t/urte R12-R13.

Ontziak (udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak barne).

– 15 01 01 Paper eta kartoizko ontziak 170 t/urte R12-R13.

– 15 01 02 Plastikozko ontziak 170 t/urte R12-R13.

– 15 01 03 Zurezko ontziak 170 t/urte R12-R13.

– 15 01 04 Ontzi metalikoak 170 t/urte R12-R13.

– 15 01 07 Beirazko ontziak 170 t/urte R12-R13.

Hormigoia, adreiluak, teilak eta material zeramikoak.

– 17 01 01 Hormigoia 12.584 t/urte R5-R12-R13.

– 17 01 02 Adreiluak 22.963 t/urte R5-R12-R13.

– 17 01 03 Teilak eta material zeramikoak 3.061 t/urte R5-R12-R13.

– 17 01 07 Hormigoi-nahasketak, adreiluak... 33.679 t/urte R5-R12-R13.

Egurra, beira eta plastikoa.

– 17 02 01 Egurra 10.150 t/urte R12-R13.

– 17 02 02 Beira 230 t/urte R12-R13.

– 17 02 03 Plastikoa 3.092 t/urte R12-R13.

Nahasketa bituminosoak, harrikatz-mundruna eta beste produktu mundruneztatu batzuk.

– 17 03 02 Nahasketa bituminosoak, 17 03 01 motakoez bestelakoak, 10.000 t/urte R12-R13.

Metalak (euren aleazioak barne).

– 17 04 01 Kobrea, brontzea, latorria 31 t/urte R12-R13.

– 17 04 02 Aluminioa 31 t/urte R12-R13.

– 17 04 03 Beruna 31 t/urte R12-R13.

– 17 04 04 Zinka 31 t/urte R12-R13.

– 17 04 05 Burdina eta altzairua 168 t/urte R12-R13.

– 17 04 06 Eztainua 15 t/urte R12-R13.

– 17 04 07 Metal-nahasketak 19 t/urte R12-R13.

– 17 04 11 Kableak, 17 04 10 motakoez bestelakoak, 15 t/urte R12-R13.

Lurra (eremu kutsatuetan induskatutakoa barne), harriak eta drainatze lohiak.

– 17 05 04 Lurrak eta harriak, 17 05 03 motakoez bestelakoak, 11.895 t/urte R12-R13.

– 17 05 08 Trenbidetako balastoa, 17 05 07 motakoaz bestelakoa, 700 t/urte R12-R13.

Amiantoa duten isolamendu eta eraikuntza-materialak.

– 17 06 04 Isolamendu-materialak, 1.510 t/urte D15, 17 06 01 eta 17 06 03 kodetakoez bestelakoak.

Igeltsutik ateratako eraikuntzako materialak.

– 17 08 02 Igeltsutik ateratako eraikuntzako materialak 10.716 t/urte D15, 17 08 01 kodekoez bestelakoak.

Eraikuntzako eta eraisketako beste hondakin batzuk.

– 17 09 04 Eraikuntzako hondakin nahasiak 42.864 t/urte R5-R12-R13 eta eraispenekoak, 17 09 01, 17 09 02 eta 17 09 03 kodetakoez bestelakoak.

Beste kategoria batean zehaztu gabeko hondakin-urak tratatzeko instalazioen hondakinak.

– 19 08 01 Baheketaren hondakinak 200 t/urte R12-R13.

– 19 08 02 Harea kentzearen hondakinak 100 t/urte R12-R13.

Beste kategoria batean zehaztu gabeko hondakinen tratamendu mekanikoko hondakinak.

– 19 12 01 Papera eta kartoia 289 t/urte R12-R13.

– 19 12 02 Burdin metalak 289 t/urte R12-R13.

– 19 12 03 Burdinazkoak ez diren metalak 272 t/urte R12-R13.

– 19 12 04 Plastikoa eta kautxua 289 t/urte R12-R13.

– 19 12 05 Beira 10 t/urte R12-R13.

– 19 12 07 Egurra, 19 12 06 motakoaz bestelakoa, 289 t/urte R12-R13.

– 19 12 08 Ehunak 272 t/urte R12-R13.

– 19 12 09 Mineralak 100 t/urte R12-R13.

Lurzoruak eta lurpeko urak oneratzearen ondoriozko hondakinak.

– 19 13 02 Lurzoruak oneratzearen hondakin solidoak 100 t/urte R12-R13, 19 13 01 kodean zehaztuta ez daudenak.

– 19 13 04 Lurzoruak oneratzearen lohiak 100 t/urte R12-R13, 19 13 03 kodean zehaztuta ez daudenak.

Gaika jasotako frakzioak (15 01 azpikapituluan zehaztutakoak salbu).

– 20 01 01 Papera eta kartoia 1.785 t/urte R12-R13.

– 20 01 02 Beira 1.785 t/urte R12-R13.

– 20 01 10 Jantziak 1.785 t/urte R12-R13.

– 20 01 11 Ehunak 1.190 t/urte R12-R13.

– 20 01 38 Egurra, 20 01 37 motakoaz bestelakoa, 1.190 t/urte R12-R13.

– 20 01 39 Plastikoak 1.785 t/urte R12-R13.

– 20 01 40 Metalak 2.380 t/urte R12-R13.

Parke eta lorategietako hondakinak (hilerrietako hondakinak barne).

– 20 02 01 Hondakin biodegradagarriak 200 t/urte R12-R13.

– 20 02 02 Lurrak eta harriak 200 t/urte R12-R13.

– 20 02 03 Beste hondakin biodegradagarri batzuk 200 t/urte R12-R13.

Bestelako udal-hondakinak.

– 20 03 01 Udal-hondakinen nahasketak 100 t/urte R12-R13.

– 20 03 03 Errepide-garbiketako hondakinak 100 t/urte R12-R13.

– 20 03 07 Hondakin handiak 100 t/urte R12-R13.

Jarduera egunean zortzi ordukoa izatea aurreikusi da, urtean 220 egunez. Lanaldi bakarra egongo da, beraz, urtean 1.760 orduz egongo da jardunean. Hasiera batean, instalazioak lau langile izango ditu.

Espero den guztizko urteko energia-kontsumoa 6.676,21 MW-koa da.

Bestalde, gasolioa erabiliko da jarduera garatzeko, eta urtean 68.238 litro kontsumitzea espero da.

Halaber, instalazioak lurpeko ur-andela bat izango du, 10.000 litroko edukierakoa. Andela hori hornitzeko, zundaketa bidezko hargune bat egingo da edo Gipuzkoako Urak partzuergoak kudeatzen duen Azkoitiko andela erabiliko da.

Sortzen diren hondakin-urei dagokienez, komun kimiko bat instalatzea hautatu da, beraz, hondakin-ur horiek kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu. Hala, sortuko den hondakin-isuri bakarra, euri-ur edo ureztatze-ur lixibiatudunak izango dira. Kanpoaldeko zabaldian sortuko da ur hori, euri-urak edo ureztatze-urak pilatutako materialekin kontaktuan jartzearen ondorioz. Sortzen den efluentea zolataren maldaren eta ubideen bitartez eroango da instalatu nahi den hidrokarburoen bereizgailura. Proposatzen diren tratamendu-sistema horien bitartez (dekantagailua, harea kentzekoa eta azpialde sabelduneko bereizgailua, ekaitzen hustubide-bypassa, iragazki koaleszentea eta obturatzailea), sortzen diren hondakin-urek ahalik eta eduki kutsatzaile txikiena izatea lortu nahi da.

Tratatu ondoren, hondakin-urak Adazabal jariatze-uretara isuriko dira bi puntutan. Larkek dagokion baimena eskatu dio Uraren Euskal Agentziari, isuri ahal izateko.

2.– Proiektuaren kokapena:

Instalazioak Azkoitia udal-mugartean kokatuta daude, Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen GI-2634 errepidearen hegoaldean, Azkarate gaineko tunela baino lehen. Hiri-lurzoru urbanizaezina da, lurrekin eta harri naturalekin betelanak egin direna. Lehendik morfologikoki eraldatutako lursaila da; hortaz, erabilera berria sartzeak ez du ekarriko habitat naturalik galtzea. Aztertu den dokumentazioaren arabera, betelanak egiteko, bi hondoko draina egin dira, jatorrian ingurunea zeharkatzen zuten bi erreka edo jariatze-ur bideratu asmoz. Gainera, Aldazabal errekaren ibilbidea aldatu zen, kokagunearen hegoaldera desbideratuta.

Lurzatia akuiferoaren kutsadurarekiko urrakortasun oso txikiko eremu batean kokatuta dago. Ez da identifikatu natura-arrisku adierazgarririk.

Eremua ez dago inolako naturagune babesturen barnean. Izarraitz-Arno lotura-igarobidearen geldotze-eremuan kokatuta dago, EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen arabera.

Proiektua egin nahi den lurzatiak ez daude sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Jarduerak eragin ditzakeen inpaktu adierazgarrienak kutsadura atmosferikoari lotutakoak dira –hondakinak erabiltzean (zamalanetan eta garraioan) hautsa harrotuko da–, eta balorizazio-prozesuari lotutakoak, hala nola garraioaren ondoriozko kutsatzaile-emisioei (kamioiak, pala kargatzailea, atzerako hondeamakina) eta balorizazio mugikorreko instalazioaren funtzionamenduari.

Bestalde, aipatu jarduerek, halaber, inguruko soinu-maila handitzea ekarriko dute jarduera funtzionatzen hastean. Bibrazioak ere sortu ditzake.

Instalazioak, hondakin balorizatuaz gain, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko ditu jardun ahala, eta horiek motaren arabera sailkatu, eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Azkenik, ura (euri-urak eta ureztatze-urak) solido esekiekin kutsatu daitekeela kontuan hartu behar da, eta lurzorua, istripuzko olio- edo gasolio-isuriekin.

Bigarrena.– Sustatzaileak ingurumen-organoari aurkeztutako dokumentazioan azaldu dituen babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta sektorekako baimenetan adierazitakoak aparte utzi gabe, honako baldintza hauek aintzat hartu beharko ditu sustatzaileak berak:

Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Eta adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko. Zentzu horretan, gurpilak garbitzeko sistemak ur guztia berreskuratzeko sistema bat izan behar du.

– Drainatze-sarera isurtzen diren hondakin finen kopurua minimizatu beharko da, eta uraren kalitatean eraginik ez dutela bermatu.

– Ezin izango da lurrazaleko edo lurpeko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

– Lurpeko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legeria eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, teknika erabilgarri onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

– Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Kanpoko landare-espeziak sartzen eta zabaltzen direla hauteman eta saihesteko neurriak hartuko dira, batik bat espezie exotiko inbaditzaileei dagokienez.

– Lurraldearen iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko, perimetroko itxiturak behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat cm bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.

– Proposatutako luzetarako drainatzearen ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.

– Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.

– Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Airearen kutsadurari dagokionez, bete egin beharko da Atmosfera Kutsa dezakeen Jarduera gisa duen baimenean ezarritakoa eta arreta berezia jarriko dio hautsa gutxi sortzeari. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

– Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

– Uda garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

– Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

– Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Biltegiratze-baldintzei dagokienez, neurriak hartuko dira haizeak hondakinak arrastatu ez ditzan, eta hondakinak edo haien osagaiak gal ez daitezen. Metaketen altuera kontrolatuko da.

– Materialak kanpoaldean pilatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin garbiak txikitzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Makineriak ez du gaindituko orduko 20 km-ko abiadura, atmosferan partikulen esekidura ahal den txikiena izan dadin.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari, behar diren neurriak har ditzan.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Birlandaketa-planak barnean hartuko du jarduerak eragindako eremu osoa. Hala, kendutakoa konpentsatu ahalko da, hariztia/baso misto atlantikoa birlandatuta, gutxienez, kendutako azalera beste, eta, ahal dela, Arnoren eta Izarraitzen arteko igarobidearen barneko eremu narriatu batean.

Aldazabal errekari dagokionez, ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu egin dela egiaztatu da. Erreka horren funtzionaltasuna bermatzearren, lotura-interes bereziko ibai-zatia den aldetik, erribera-basoa birlandatuko da, haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliz, proiektu-eremuarekin mugakidea den tarte osoan.

Eskatutako landaketak ahalik eta lasterren egin beharko dira, eta datu espezifikoak (konpentsatu behar den eremua, erabiliko diren espezieak, landaketa-esparrua, metodologia, mantentze-lanak, etab.) txostenetan jasoko dira. Txostenok organo substantiboari helaraziko zaizkio, egiaztatu ditzan.

Gainera, jarduera igarobide ekologikoarekin mugakidea den eremu batean ustiatzeari dagokionez, funtsezkoa da prebentzio-neurriak hartzea, hondakinak, batik bat, arinenak, haizeak ez ditzan eraman kudeaketa-zentrotik kanpora, habitata narriatzea eta bere funtzionaltasun ekologikoa galtzea eragin dezakete eta. Horrenbestez, behar diren neurriak hartuko dira, esaterako, altuera handiko hesiak jartzea mendebaldean, ohikoak baino horma altuagoko edukiontziak erabiltzea edo edukiontziok estaltzeko sistemak baliatzea, edukia ez irteteko. Neurri horiek proiektuan zehaztea eta horien aurrekontua adieraztea eskatzen da, baimentzeko.

Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Larke 360 SL enpresak Azkoitia udal-mugartean sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala