Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2020ko martxoaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1514

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita ekintzaileei laguntzeko 2020ko dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2020ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2020ko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2020ko otsailaren 25eko bilkuran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2020KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.

Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.

Horretaz gainera, jarraipena ematen zaio sortutako dirulaguntzen lerroari, jarduera bati norberaren konturako langile gisa ekiteko asmoz aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsona horiei laguntza emateko, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten hura ezartzeko lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, baita ere, enpresa-jarduerari berriki ekin dioten pertsonetatik bultzada ekonomiko bat behar duten horiei, pertsona horiek gutxieneko errentagarritasun bat izango dutela ziurtatzeko eta, modu horretan, proiektua finkatzen laguntzeko.

Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.

Eurostat erakundeak 2019ko hirugarren hiruhilekoan emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,10ekoa da Europar Batasunean. Gure lurraldean, Eustaten datuen arabera, kolektibo horren langabezia-tasa % 17,10ekoa izan da 2019ko hirugarren hiruhilekoan, eta jarduera-tasa % 41,10ekoa. Aldiz, EAEko jarduera-tasa orokorra % 69,20koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Eustaten 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 8 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 65,30ekoa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,10ekoa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, pertsona ekintzaile finkatuen artean, 2017an, % 54,5 gizonezkoak izan ziren eta % 45,5 emakumezkoak.

Deialdi hau Enpleguaren Euskal Estrategia 2021 dokumentuko C.3 «Ekimen ekintzaileak modu integralean babestea» izeneko norabidearen baitan txertatzen da, non honako orientabide hauek proposatzen diren:

– Aholkularitzaren erabilgarritasuna azpimarratzea, laguntza ekonomikoen aldean.

– Bizkortzean eta egonkortzean enfasi handiagoa jartzea; izan ere, egungo zerbitzuak sorkuntza fasean zentratzen dira gehienbat.

– Genero-ikuspegia txertatzen duten ekintzailetza babesteko baliabide espezifikoak diseinatzea eta eskaintzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko saioan, ekintzaileei laguntzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, baldintza hauetan.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2020an eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:

a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten arduraldi osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan. (Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak).

b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak. (Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bat hasten duten pertsonetatik hura ezartzeko laguntza ekonomiko baten beharra duten horientzako laguntzak (Proiektua ezartzeko laguntzak).

d) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko laguntzak. Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak.

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 4.000.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.605.000 euro 2020. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2021erako konpromiso-kredituan sartuko dira 1.395.000 euro, 32110 – Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko, II. kapituluan arautuak: 260.000 euro, 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 143.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 117.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak finantzatzeko, III. kapituluan arautuak: 540.000 euro; horietatik, 270.000 euro 2020ko ordainketa-krediturako dira, eta, 270.000 euro, 2021eko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 297.000 euro –148.500 euro 2020ko ordainketa-krediturako eta 148.500 euro 2021eko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 243.000 euro –121.500 euro 2020ko ordainketa-krediturako eta 121.500 euro 2021eko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak: 900.000 euro, 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

d) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, V. kapituluan arautuak, 2.000.000 euro; horietatik, 1.000.000 euro 2020ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.000.000 euro, 2021eko konpromiso-krediturako.

e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 300.000 euro; horietatik, 175.000 euro 2020ko ordainketa-krediturako dira, eta, 125.000 euro, 2021eko konpromiso-krediturako.

Zenbateko hori honela banatuko da:

– 50.000 euro bideratuko dira (2020ko ordainketa-kredituari dagozkionak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako.

– 250.000 euro bideratuko dira (125.000 euro 2020ko ordainketa-krediturako eta 125.000 euro 2021eko konpromiso-aurrekonturako) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako.

3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza eta/edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek –eta horien mendeko erakundeek– egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza edota tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.

4.– Erakunde laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Dirulaguntza horiek 300 eurokoak (pertsonako) izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak (pertsonako) enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa eta 26. artikuluan xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan xedatzen dira.

5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaileen izaera lortzeko eskabideak, bai eta dagokion dirulaguntza emateko eskabideak ere, I. eranskinean jasotako eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus helbidean eskura daiteke), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, non hauek jasoko baitira: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

7.– Eskabideak aurkezteko epea 1 hilabete baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

8.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien dirulaguntza emango zaie.

Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da, laguntza-lerro bakoitzean, erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz (http:/www.lanbide.euskadi.eus). Era berean EHAAn argitaratuko da sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena dutenen zerrenda eta erakunde bakoitzak lagunduko dituen pertsona kopurua.

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, dirulaguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko dirulaguntza ere.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.

11.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

Hilabeteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena sinatu eta biharamunetik hasita, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.

13.– Hautaketa-prozesuan, erakundeak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

14.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 300 euroko ordainketa bakar bat egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2020ko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko dirulaguntza-eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2020ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.

II. KAPITULUA
ENPRESA-IDEIA BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.

1.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek bi hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak lan egindako egunak balira bezala zenbatuko dira. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak honako hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak–.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.

b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzaile gisa baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza edota tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edota tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edota tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Betekizun hori bete beharko da, baita ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Bideragarritasun-plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu lagun egite-fasearen barruan.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.

2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:

a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn jartzea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea inolako laguntzarik helburu berarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Sustatzaileei 1.500 euroko dirulaguntza emango zaie (sustatzaile bakoitzeko), enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza edota tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratuta.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 50, 2020ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, erakunde laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako betekizunak betetzen direla.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntzak (lokalak eskuratzea izan ezik).

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazioa prozesatzeko ekipoak.

g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

– Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

– Merkataritza-agenteen lanbideari lotutako joan-etorrietan erabilitakoak.

– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta onuradunek inbertsioak gauzatu beharko dituzte, 2020ko urtarrilaren 1etik eta dirulaguntza eskatu den egunera arteko epean.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza norbere izenean eskatzen bada.

2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2020ko urtarrilaren 1etik eta dirulaguntza eskatu den egunera arteko epean.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (fakturaren data).

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere ez 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak horrela aurkeztu beharko dira:

– Aurrez aurre: eredu ofiziala batez, IV. eranskinean dagoena. Halaber, eredu hori eskuragarri egongo da ondorengoetan: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideren enplegu bulegoetan.

– Modu elektronikoan: Egoitza elektronikoaren bidez, zeinetara https://euskadi.eus-etik sartuko baita eta bertara sartzeko esteka Lanbideren webgunean agertuko da. Modu elektronikoan eskatuz gero, eskabidearen ondorengo izapideak honela egin beharko dira: Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus). Bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus

Horrez gainera, eskabideak aurkeztu ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatutako moduetako edozeinetan ere.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.

d) Inbertsioen plana, diruz lagun daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskaera aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik eta 2020ko urriaren 30era arte.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagun daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

c) Web-orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.

d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

f) Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide partaide.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.

20. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza norbere izenean eskatzen bada.

2.– Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2019ko ekainaren 29tik eta dirulaguntza eskatu den egunera arteko epean.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Halaber, onuradunak honako hauetan alta emanda jarraitu beharko du diruz lagundutako aldia amaitu arte: EJZ eta autonomoen araubide berezia, dagokion norberaren konturako araubide berezia edo dagokion lanbide-mutualitatea c) apartatuan adierazitako taldeetakoren batean.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak horrela aurkeztu beharko dira:

– Aurrez aurre: eredu ofiziala batez, V. eranskinean dagoena. Halaber, eredu hori eskuragarri egongo da ondorengoetan: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideren enplegu bulegoetan.

– Modu elektronikoan: egoitza elektronikoaren bidez, zeinetara https://euskadi.eus-etik sartuko baita eta bertara sartzeko esteka Lanbideren webgunean agertuko da. Modu elektronikoan eskatuz gero, eskabidearen ondorengo izapideak honela egin beharko dira: Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus). Bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus

Horrez gainera, eskabideak aurkeztu ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatutako moduetako edozeinetan ere.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.

4.– Aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik eta 2020ko urriaren 30era arte.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 50a dirulaguntza ematea onartu ostean, 2020ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 50a. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurrez ikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.

4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

5.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

VI. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun diren pertsonak eta erakundeak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

II. eta III. kapituluetan araututako dirulaguntzen lerroetarako izan ezik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, orduan, betetzea egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan behar ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

3.– IV. eta V. kapituluetan araututa dauden dirulaguntzen lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik bada, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.

25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, eta eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak dauka, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.

2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzen eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

4.– Pertsona eta erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

26. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza eta/edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.

2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

3.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

4.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

5.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko egotz daitezkeen fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako (zergak kanpoan direla) gastuak frogatzeko fakturak eta agiriak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako.

27.– artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

– IV. kapituluan aurrez ikusi diren dirulaguntzen onuradunek diruz lagunduko den jardueran izena emanda egon behar dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun–taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik aurrera zenbatzen hasita (fakturaren data).

– V. kapituluan aurrez ikusitako dirulaguntzen onuradun izango diren pertsonek diruz lagunduko den jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon behar dute gutxienez hamar hilabetez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

– Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

– Erakunde onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 32. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

28. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

29. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein motatako dirulaguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.

IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira bata bestearekiko, baina ez dira bateragarriak izango beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

30. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez baldin badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurrez ikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, dirulaguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

– II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, emandako dirulaguntzaren % 50 itzuli beharko da.

– III. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, dirulaguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 26.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan, hurrenez hurren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.

4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute 27. artikuluan adierazitako gutxieneko epeetan. Hala ere, betekizun horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denboraren proportzioan.

5.– Baldin eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako gutxieneko 10 hilabeteko epeetan, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen pertsonari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez bada edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Borondatezko epetzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

32. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak erabiltzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).

33. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako dirulaguntzak 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende ere egongo dira.

34. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

I. ERANSKINA
ERAKUNDE LAGUNTZAILE GISA PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA LAGUNTZEKO
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA PROIEKTUA EZARTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO DIRULAGUNTZA-ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ENPRESA-JARDUERA HASITA, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO DIRULAGUNTZA-ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala