Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2020ko urtarrilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
31

AGINDUA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez, onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan erizainek giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko baldintzak betetzen dituztela akreditatzera bideratutako prozedura.

Urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuak, urriaren 22ko 1302/2018 Errege Dekretuak emandako idazkerarekin, erizainek giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatu, erabili eta banatzeko baimena arautzen du, osasunaren arreta integralaren printzipioen esparruan asistentziari eta pazienteen segurtasunari jarraipena emateko, bat etorriz sendagaien eta produktu sanitarioen bermeen eta erabilera zentzuzkoari buruzko Legearen testu bateginaren (uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) 79. artikuluan aurreikusitakoarekin, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko Legearen (44/2003, azaroaren 21ekoa) 7. eta 9.1 artikuluekin lotuta.

Zehazki, hauek hartzen ditu barnean:

a) Erizainek beraien lanean erabiltzen dituzten giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko jarduketak.

b) Erizainek medikuaren preskripzioa duten sendagaiak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko praktika klinikoko eta asistentzialeko gidak eta protokoloak egitea eta baliozkotzea.

c) Erizainak akreditatzea, bai zainketa orokorren arduradunak bai zainketa espezializatuen arduradunak, aurretiko eta nahitaezko baldintza izango da 2. eta 3. artikuluetan aipatu diren jarduketak osorik gauzatu ahal izateko.

3.1 artikuluak adierazten du erizainek, euren lanbidean jardutean, medikuaren preskripzioa duten sendagaiak indikatu, erabili eta ematea baimendu ahalko dituztela, 6. artikuluak aipatzen dituen praktika klinikoko eta asistentzialeko giden eta protokoloen arabera eta dagokien banaketa-aginduaren bitartez. Bestalde, artikulu horren 2. puntuak adierazten du elkarlaneko jarduketa horiek gauzatzeko, bai zainketa orokorretako erizaina bai zainketa espezializatuetako erizaina, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskudunak ematen duen akreditazioaren titularrak izan behar direla. Xedapen hori 8.1 artikuluan berresten da, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskudunaren titularrari ahalmena ematen dionean, bai zainketa orokorrez arduratzen diren erizainak, bai zainketa espezializatuez arduratzen direnak, medikuaren preskripzioa duten gizakientzako sendagaiak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko, aipatutako Errege Dekretuaren 9. eta 10. artikuluetan araututako baldintzak eta prozedura betez.

Halaber, 9. artikuluak erizainek giza erabilerako sendagaiak agintzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko akreditazioa lortzearren bete behar dituzten baldintzak azaltzen dira, bai zainketa orokorren eremuan, baita zainketa espezializatuen eremuan ere; besteak beste, titulazioa eta gutxieneko esperientzia profesionala, eta, azken hori izan ezean, administrazio sanitarioak doan ematen duen egokitzapen-ikastaroa gainditzea.

Lege-testu horren 10. artikuluak xedatzen du autonomia-erkidegoek arautuko dutela, euren eskumenen esparruan, erizainak akreditatzeko prozedura.

Azaldutako guztiagatik, honako agindu hau eman da, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan eskatutako baldintzak betetzeagatik ematen den akreditazioa onartzeko.

Horiek horrela izanik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluak erakunde honi administrazio-xedapen orokorrak emateko esleitzen dizkioten eskumenez baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Honako agindu honek erizainek giza erabilerako sendagaiak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko baldintzak betetzen dituztela akreditatzera bideratutako prozedura arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, bai zerbitzu sanitario publikoen eremuan, bai osasun pribatuaren eremuan.

2. artikulua.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eremuan jarduten diren pertsonak akreditatzeko prozedura.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan zerbitzuak ematen dituzten edo eman dituzten profesionalen kasuan, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egingo du akreditazioa. Baina, hori egin aurretik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak langileen erregistroan dauden datuen bidez egiaztatu beharko du, agindua indarrean jartzen den egunean betetzen ote diren urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluek eskatzen dituzten titulazio-baldintzak eta esperientzia profesionalaren gutxieneko iraupena, eta aipatu zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, ondorio horietarako.

3. artikulua.– Osasungintzaren beste eremu batzuetan jardun diren pertsonak akreditatzeko prozedura.

1.– Osasun Sailaren akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzak, akreditazioa egin baino lehen, dagokion profesionalen elkargoak osasun publikoaren edo pribatuaren eremuan zerbitzuak ematen dituzten edo eman dituzten pertsonen erregistro publiko profesionaletan dauden datuen bidez egiaztatuko du urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatutako baldintzak betetzen direla, baldin eta ezin bada egiaztatu aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Horretarako, interesdunek izena emanda dauden elkargora jo beharko dute, edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko profesionalen elkargoren batera, bere akreditazio-eskaera egiteko. Eskaerarekin batera, titulazio-ziurtagiri ofiziala eta, esperientzia profesionala egiaztatzeko, lan-bizitzaren agiria (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ematen du) aurkeztu beharko ditu; eta, beharrezkoa denean, egokitzapen-ikastaroa gainditu duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Hori guztia egingo da elkargoak, ondoren, Osasun Sailaren akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzari jakinaraz diezaion aurreko puntuan adierazitako baldintzak betetzen direla.

3.– Elkargoak, baita ere, Osasun Saileko akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzari jakinaraziko dio bere erregistroetan izena emanda dauden zer profesionali eman dizkioten beste autonomia-erkidego batzuetako akreditazioak, eta nork gainditu duen Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ematen ez den egokitzapen-ikastaroa, jakinaren gainean egon dadin.

4. artikulua.– Urtebeteko lana egiaztatuta ez duten pertsonak akreditatzeko prozedura.

1.– Erizaintzako graduatu-titulua, diplomatu-titulua edo laguntzaile sanitario teknikoaren titulua edo titulu baliokide bat dutenek eta 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1.b.1 edo 9.2.b.1 artikuluetan zehaztutako esperientzia profesionalaren gutxieneko iraupena egiaztatuta ez dutenek egokitzapen-ikasturte bat gainditu beharko dute giza erabilerako sendagaiak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko akreditazioa lortzearren, behar dituzten baldintzak beteko badituzte, urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1.b.2 edo 9.2.b.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Errege Dekretu horrek erizainek giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen du. Ikastaroa doakoa izango da, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) etengabe eskaini eta emango du.

2.– Prestakuntzaren edukiak aipatu Errege Dekretuan ezarritako konpetentziak izan beharko ditu, eta, gainera, erizaintzako titulu ofizialak lortzeko prestakuntza arautuan txertatzea sustatuko da. Titulu ofizial horiek UPV/EHUk ematen ditu, Eusko Jaurlaritzan irakaskuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez.

3.– UPV/EHUk Osasun Sailari bidaliko dizkio aipatu Errege Dekretuaren 9.1.a edo 9.2.a artikuluetan eskatutako titulazioa duten eta egokitzapen-ikastaroa gainditu duten pertsonen akreditazio-eskaerak, giza erabilerako sendagaiak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko akreditazioa lortzearren, bai zainketa orokorren eremuan, baita zainketa espezializatuen eremuan ere.

5. artikulua.– Ebazpena eta ondorioak.

1.– Osasun Sailaren akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzako titularraren bidez egingo da akreditazioa, eta zainketa orokorrez arduratzen diren erizainak eta zainketa espezializatuez arduratzen direnak gaituko ditu, beraien lanean erabiltzen dituzten giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko. Hori guztia, erizainek giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatu, erabili eta banatzeko baimena arautzen duen urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

2.– Organo beraren ebazpenaren bidez, urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ezin diren eskakizunak ukatuko dira.

3.– Agindu honen 2. artikuluan adierazten den prozedura ebazteko epea, gehienez, hiru hilabetekoa izango da. 3. artikuluan araututako prozeduren kasuan, sei hilabetekoa izango da epea. Adierazitako epeetan ez bada ebazpenik egiten, baiespen-ondorioak izango ditu.

4.– Osasun Sailaren akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzako titularrak onartu duen akreditazio-ebazpena jakinaraztearren, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, honako web-helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Horrez gain, Osasun Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/osasun-saila/hasiera/

5.– Halaber, ematen diren akreditazioak interesdunen eskura egongo dira, bide elektroniko hauen bitartez:

http://www.euskadi.eus/micarpeta/

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Ezarritakoaren aurka egin gabe, egindako jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie Osasun Sailaren akreditazio teknikoa eta profesionala emateko eskumena duen zuzendaritzak interesdunei; hartarako, SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

5.– Era berean, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioari jakinaraziko zaio, Osasun Profesionalen Estatuko Erregistroan sar dezan.

6.– Aipatu ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Osasun Sailburuordetzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Lanpostuaren baldintzei kalterik ez egitea.

Erizainek giza erabilerako sendagaiak eta produktu sanitarioak indikatzeko, erabiltzeko eta ematea baimentzeko akreditazioa lortzeak ez du berez lanpostu-aldaketa eragingo, baina lanpostuak betetzeko merezimendu gisa balora liteke, kasuan kasuko deialdiak edo araudiak hori aurreikusten badu.

7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko erizaintzako profesionalen elkargoekin elkarlanean.

Lankidetzako hitzarmenak egingo dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko elkargo ofizialekin elkarlanean. Helburua da lankidetza-eremua zehaztea, agindu honen 3. artikuluan ezarritako beste osasungintza-eremu batzuetan jarduten diren pertsonak akreditatzeko prozedurarako ezarri diren jarduketetan.

8. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean.

1.– Lankidetza-hitzarmenak egingo dira Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin, lankidetza-eremua zehazteko, bai eta 954/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluak aipatzen duen egokitzapen-ikasturtea prestatzeko eta emateko ere.

2.– Izenpetzen diren lankidetza-hitzarmenetan, bide egokiak ezarriko dira unibertsitateak agindu honen 4. artikuluari buruzko guztiaren berri eman diezaion Osasun Sailari.

9. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Agindu honek kalte egiten dien datu pertsonalen tratamendua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EE) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakora egokituko da, baita aplika daitekeen beste arau batzuetara ere. 2016/679 Erregelamendua datu pertsonalen prozesamenduan eta datu horien zirkulazioan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du; 3/2018 Lege Organikoa, berriz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Araudi aplikagarria.

Dekretu honetan aurreikusten ez den guztian, prozedura gauzatzeari buruzko xedapenak aplikatuko dira; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Preskripzio-sistemak eguneratzea.

Osasun Sailak eguneraketa teknikoa egiteko jarduketak sustatuko ditu. Horrela, erizaintzako langileen banaketa-agindu elektronikoa eraginkorra izateko, gaur egungo preskripzio-sistemen barruan (orain arte medikuentzat bakarrik ziren).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala