Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2019ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5259

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 5ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez irekitzen baita euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko presazko deialdia.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Habanako Unibertsitateko egutegi akademikoa dela eta, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Habanako Unibertsitaterako (Kuba) irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren presazko deialdia egitea.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, unibertsitate honetan aritzeko:

– Irakurle bat Habanako Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Habanako Unibertsitaterako zortzi mila eta berrehun (8.200) euro ikasturteko.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletza mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da kasua bada ekarpenaren zenbatekoari kendu egingo zaizkiola indarrean dagoen araudiaren baitan dagozkion atxikipenak.

Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera. Gainera, bereziki baloratuko da euskara eta euskal kulturarekin lortutako argitalpen, jarduera-antolaketa edo gisakoetan eskarmentua izatea, eta irakurletza kokatua egongo den gizarte eta kulturaren ezagutza.

4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

Baldintzak:

Klase-orduak: Euskara eta Euskal Kulturako gutxienez hautazko ikastaro bana lehen eta bigarren seihilekoan, astean hamar ordu arteko lan-kargarekin.

Bisa: Kuban lan egiteko bisa akademikoa indarrean izatea egonaldiaren hasiera baino lehen.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatuak Habanako Unibertsitateari atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Kuban indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta Habanako Unibertsitatearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko Habanako Unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromiso hauek onartzea ekarriko du eta honako eskubide hauek izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroak kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Habanako Unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– 2020ko otsailaren hasieran, ikasturtearen bigarren seihilekoa hasi baino lehen Habanako unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea 2020-2021 ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

– 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak zuzenean irakurleari, bere kontu korrontean, egingo dizkio irakurletza mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren bulegoan (Andre zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

2.– Eskabideekin batera, hautagaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZena).

– II. eranskina, behar bezala beteta.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9.000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

Eskabideak aurkezteko, I. eta II. eranskinak EHAAn eta Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri, Word formatuan.

3.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta 40/2015 urriaren 1eko Legeak, Alor Publikoaren Araubide Juridikoak kide anitzeko organoei buruz esandakoa kontuan hartuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena baremo honen arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko irizpide hauen arabera:

A2 = 0.25 puntu.

B1 = 0.50 puntu.

B2 = 0.75 puntu.

C1 = puntu 1.

C2 = 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan irizpide hauak erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna, eta koherentzia atal hauetan: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia. Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, 10.2 atalean jasotzen direnetatik at, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana. Irakaskuntzako edo itzultzaile gisa egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du.

Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, Unibertsitateko ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, Habanako Unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Habanako Unibertsitatea izango da azken erabakia hartzen dutenak.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Unibertsitateak hala eskatzen badu Hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, Habanako Unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

14. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin irakurlea aukeratua izan denean, hautatuak izan ez diren hautagaiekin lan poltsa osatuko da eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du tokian tokiko irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei edo bestelako kasuetan egokia ikusiz gero sortutako beharrei erantzuteko.

Hautatuak 2020-2021 ikasturtea amaitu baino lehenago bere lanpostuari uko egiten badio, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan bere ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Tartean legezko betebeharrik ez bada, datuak ez zaizkio hirugarren bati lagako, baldin eta proposatutako hautagaienak ez badira, eta dagokien unibertsitateetara bidaltzeko badira.

Interesdunek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko, tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko ere. Interesdunak eskubide horiek egikari ditzake, dagokionean, Etxepare Euskal Institutura joz (Andre zigarrogileak plaza 1, 3. solairua, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia). Datuak Babesteko ordezkaria: dpd-dbo@euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Donostia, 2019ko azaroaren 5a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala