Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2019ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4945

AGINDUA, 2019ko urriaren 16koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioaren (BIOEF) Roche «Stop fuga de cerebros» doktoretza osteko laguntza arautu eta deialdia egiten baita.

Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF) Euskadiko osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza sustatzeko Osasun Sailak sortutako tresna da. Halaber, Fundazioak kolaborazio-, kooperazio- eta komunikazio-esparru bat osatzen du erkidegoetan, Estatuan eta nazioartean osasunaren ikerketan eta berrikuntzan diharduten hainbat sektoreren artean. Gainera, BIOEFek osasun-programak eta -politikak eta intersektorialak oinarritzen laguntzen du, osasun-sistemaren lehiakortasuna eta kalitatea areagotzeko, baita Euskal Herrian aberastasuna sortu eta haren garapen sozioekonomikoan laguntzeko ere. 80/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, dioenez (zeinaren bidez, Osasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala zehazten baita), BIOEF sail horren mendeko sektore publikoko fundazio bat da, eta Osasun Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritzari laguntzen dio zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.

Zenbait legek (14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 14/2007 Legea, uztailaren 3koa, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzkoa; eta 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzakoa) erreferentziako esparru erkide bat osatzen dute osasun-ikerketa sustatu eta haren funtzionamendu eraginkorragoa zehazteko.

Esparru horretan, Osasun Sailak osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2020 ere atera du, BIOEFekin batera, hura hedatu eta inplementatzeko. Agindu hau bi ardatz estrategikoren ildo berean dago: Pertsonen Ardatza, batetik, zeinak helburu hau duen: «Osasun sistemako profesionalek ikerketa eta berrikuntza jarduerak egin ditzaten sustatzea eta gaixoen eta herritarren inplikazioan aurrera egitea»; eta, bestetik, Baliabideen Ardatza, zeinak helburu hau baitu: «Osasun arloko ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzea, barruko zein kanpoko baliabideak erabiliz».

ROCHErekin helburu horrekin adostutako lankidetza-akordioaren ondorioz, BIOEFek ikerketarako laguntzen deialdi hau abian jartzeko beharrezko finantzazioa lortu du, publizitate, objektibotasun eta konkurrentzia lehiakorreko printzipioak jarraiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare barneko Eragilea den Osasun Ikerketa Institutu baten edo Euskadin kokatutako osasun arloko I+G elkarteren baten ikerketa-talde batean sartuko den doktoretza ondorengo ikertzailea kontratatzeko xedearekin.

Deialdi honetan doktoretza ondorengo laguntza bat eskaintzen da, 18 hilekoa, non doktoreak lan-kontratua sinatu behar duen Osasun Ikerketa Institutu batekin edo Euskadin kokatutako osasun arloko I+G elkarte batekin.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntza jarduerak ezartzen dituzten publizitate, konkurrentzia eta objektibotasun printzipioetan oinarrituta ebatziko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen testu bateginean bildutako terminoekin, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartua, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) oinarrizko baldintzen arabera, zeina uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudia onesten duen (DLOA), eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatuko zaizkien gainerako xedapenak ere beteko dituzte, eta Agindu honetan zehazten diren irizpideen araberako baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, gainera.

Deialdi honetarako ez da ezer egin beharko Europar Batasuneko erakundeetan, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzten jarduerak ekonomikoak ez direnez Estatuko laguntzei buruzko europar araudiaren aplikazio-esparrutik at geratzen baitira, I+G+b arloko Erkidegoko Esparruak biltzen duen bezala.

Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. atalean zehazten dena betez, apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea oinarri arautzaileak zehaztea eta ikertzaile doktore bat kontratatzeko laguntzaren deialdia egitea da, lehiakortasun konkurrentzia baldintzan, publizitate, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta ez baztertze printzipioetan oinarrituta, oinarrizko ikerketa proiektu bat edo ikerketa proiektu translazionala edo orokorra (ez klinikoa) egiteko, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sare barneko Eragilea den Osasun Ikerketa Institutu baten edo Euskadiko Autonomia Erkidegoan kokatutako osasun arloko I+G elkarteren baten ikerketa-talde baten lan-programaren esparruan.

2.– Programaren xedea ikertzaile gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan mantentzea da, eta gaixoari zein hiritarrei zuzendutako ikerketa erraztea, oinarrizko ikerketako proiektu translazional edo orokor baten bidez (ez klinikoa).

3.– Laguntzek jarduera ez ekonomikoak finantzatuko dituzte, Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritako baldintzei jarraikiz (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa); hain zuzen ere, 19. puntukoei (ikerketa-erakundeen eta ikerketa-azpiegituren jarduera nagusiak, eta ezagutza transferitzeko jarduerak).

4.– Beraz, deialdi honetan ez dira finantzatuko jarduera ekonomikoak. Horren haritik, hauek hartzen dira jarduera ekonomikotzat:

a) I+G zerbitzuak ematekoak eta enpresek burututako I+G jarduerak.

b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.

c) Beste edozein jarduera ekonomiko, Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa) jasotako eta xedatutako baldintzak betetzen ez baditu.

2. artikulua.– Erakunde onuraduna.

1.– Laguntza-eskabidea aurkezten den egunean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) Osasun Ikerketa Institutu gisa edo Euskadin kokatutako I+G elkarte gisa integratuta dauden eta horretarako ziurtatuta dauden Eragileek eskuratu ahal izango dituzte Agindu honetan biltzen diren laguntzak, 109/2015 Dekretuan, ekainaren 23koan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoan ezarritakoaren arabera.

2.– Erakunde onuradunak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, eta ezingo da izan artikulu horretako 2 eta 3 artikuluetan aipaturiko egoeraren batean.

Erakunde onuradun izatea debekatzen duten egoeratan ez egotea arrazoitzeko, azaroak 17ko 38/2003 Legearen 13.7 artikuluan aurreikusitako bideak erabili ahal izango dira.

Laguntza-eskabidea aurkeztuz gero, eragile eskatzaileak baimena emango du erakunde emaileak zuzenean eskura dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorreko Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, 18. artikuluan (zerga-betebeharrak betetzea) eta 19.ean (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea) adierazten duena betetzen dela ziurtatzen duen agiria.

Hala ere, eragile eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena; hori eginez gero, berak ekarri beharko du ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22. artikuluaren 1. puntutik 3.era bitartean ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza ezin izango da ordaindu erakunde onuradunak arestiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Laguntzaren guztizko zenbatekoa 60.000 euro izango da, Roche Farma SArekin «Stop Fuga de Cerebros» ikerketa-programa sustatzeko sinatutako lankidetza-akordioaren ondorioz BIOEFek jasotako funtsak, alegia.

4. artikulua.– Laguntzaren ezaugarriak.

1.– Kontratua:

Laguntzaren xedea lan-kontratuaren kostuak ordaintzea izango da, edozein motatako kontratua bada ere, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Aipaturiko kontratua sinatuz, ikertzaile doktoreak Osasuneko sailburuordearen Ebazpen bidez eman zaion laguntzari dagokion ikerketa proiektua soilik egiteko konpromisoa hartuko du.

2.– Iraupena: Kontratuak hemezortzi hile iraungo ditu, laguntzaren hasierako egunetik hasita zenbatu behar dena.

Aldi baterako ezintasunek, haurdunaldiko arriskuek, amatasunek, adopzioek edo haurrak hartzeak, edoskitzeko arriskuek edo aitatasunek, ikertzailearen kontratuaren indarraldia etengo dute. Kasu horretan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da, interesdunak aurretik eskatuta, laguntzaren esleipenaren 18 hilak igarotakoan, uko egin edo ezeztatu ez denean, Osasun Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritzak aurretik baimendu badu, eta gutxienez 60 eguneko berreskuratze-aldiak edo luzeagoak direnean, betiere aurrekontuek ahalbidetzen badute.

3.– Zenbatekoa: laguntza ordainketa gordinerako eta ikertzaileen Gizarte Segurantzako enpresa-kuota ordaintzeko erabiliko du erakunde onuradunak.

5. artikulua.– Ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak.

Ikertzaileek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako ekainaren 1eko 14/2011 Legean (aurrerantzean, ekainaren 1eko 14/2011 Legea) aipatzen diren eskubide eta betebeharrak izango dituzte, «Ikertzailearen Europako Gutuna»-ri eta «Ikertzaileak kontratatzeko jokabide-kodea»-ri dagokion 2005eko martxoaren 11ko Batzordearen Gomendioen arabera, betiere lotutako zentro eta erakundeetan zehaztutako baldintza zehatzen aurka egin gabe, ezta ekintza bakoitzaren deialdian zehar aurreikusitakoen aurka ere.

6. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

1.– Hurrengoak dira erakunde onuradunaren betebeharrak edo obligazioak langile ikertzailearekin zehazten den lan-harremanaren ondoriozkoez gain:

a) Laguntzaren erakunde onuradunak proposatutako langile ikertzaileak kontratatzea indarrean dagoen lan-legeriaren arabera eta Agindu honetan adierazitako iraupen, ordainsari eta bestelako baldintzak beteaz.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea laguntza ematearen hasierako egoeran gerta daitezkeen aldaketak, uko egiteak, eteteak eta aldaketak, eta bateraezintasunak, daudenean, eta baita haren helburua behar bezala betetzeko arazoak eragin ditzaketen gainerako ezustekoak ere, gertatu eta hile bateko epean, gehienez.

c) Agindu honen arabera kontratatutako ikertzaileei behar duten laguntza ematea eta ohiko jarduerak garatzeko beharrezkoak diren baliabide, tresna edo ekipamenduen erabilera erraztea.

d) Programa behar bezala doala zaintzea, kontratatutako ikertzaileei haien ikerketa gauzatzearekin lotuta ez dagoen jardueraren bat egitea ezingo zaiolarik eskatu.

e) Ikertzaileak ikerketa burutuko duten departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan sartzea ahalbidetzea.

f) Laguntza programa honen barruan erakunde onuradunaren eta pertsona ikertzailearen arteko kontratuetan «stop fuga de cerebros» Roche doktoretza ondorengo laguntzen finantza-laguntzak adierazi behar dira.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Auzitegiak eskatutako informazioa ematea, laguntzen jomugaren fiskalizazioko funtzioak beteaz.

h) Dirulaguntza jasoko duen egoeraren helburua edo ezaugarriak nabarmen aldatuko dituzten gertakizun guztiak jakinaraztea, eta laguntza kudeatzen duen organoarekin batera lan egitea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, segimendua egiteko eta kontrolatzeko prozeduretan.

2.– Erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen testu bateginaren VI. Tituluan bildutakoa bete beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko laguntzen eta dirulaguntzen ingurukoa, eta baita azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan adierazitakoa ere, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, alegia.

7. artikulua.– Laguntza onartzea.

Programa honetan araututako erakunde onuradunak 10 lanegun izango ditu ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinarazten denetik hari uko egiteko, idatziz. Bestela, onartutzat emango da.

8. artikulua.– Laguntzaren ordainketa eta kudeaketa.

1.– Laguntzaren organo kudeatzaileak berehala transferituko dio erakunde onuradunari emandako laguntzaren zenbatekoaren % 70. Gainerako % 30a amaierako jarraipen txostena jaso ondoren ordainduko da.

2.– Erakunde onuradunak, arrazoi sendoengatik, finantzatutako ikerketa proiektua bukatzerik ez badu, berehala jakinaraziko dio organo kudeatzaileari eta proiektuaren garapen zientifikoaren eta balantze ekonomikoaren egoerari buruzko txostena ere bidaliko dio.

Organo kudeatzaileak espedientea aztertuko du eta Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio laguntza kitatzeko ebazpena onartzea, eta itzuli beharreko kantitateak zehaztuko ditu, itzuli beharrekoak daudenean.

9. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Laguntzei uko egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du. Idatziz azalduko ditu arrazoiak eta haren data. Uko egitea gauzatzeko data baino 10 lanegun lehenago egin beharko litzateke jakinarazpen hori.

2.– Uko egiteak Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez onetsiko dira.

3.– Uko egiteak erakunde onuradunak kontratua finantzatzeko erabili ez dituen diru-kantitateak itzultzea dakar. Uko egite horren eragin ekonomikoak uko egiteko egunean bertan gauzatuko dira, beharrezkoak ez ziren ordainketen itzulerak baleude ere.

10. artikulua.– Bateraezintasun baldintzak.

1.– Programa horren barruan laguntzarik ezin da jaso, oro har, ez funts publikoenak ez pribatukoak, ezta inolako soldatarik ere.

2.– Kasu bakunen batean, irakaskuntza atazekin bateratu ahal izango da, erakunde berean edo beste batean (gehienez 80 ordura arte), interesdunak hala eskatzen badu eta bere erakundeak baimena ematen badio, eta Administrazio Publikoan ari diren langileen bateraezintasunen indarrean dauden arauak jarraitu beharko dira, baina irakaste ataza horiek ezingo dute ekintza honen xedea eragotzi. 24 orduko edo zatiko guardiekin batu ahal izango da, hilean 96 ordura arte.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzekotan, betiere laguntzaren helburua bete dela uste bada eta, hala dagokionean, Administrazio Publiko honek edo beste batek emandako bestelako laguntzekin batera lortu bada, laguntza ematearen ebazpena aldatuko da, haren onuraduna izateko dirulaguntzaren gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak hari dagokion likidazio-ebazpena esleituko du, non emandako zenbatekoak doituko diren, eta haiek emateko irizpideak zein mugak aplikatuko diren. Laguntza jasotzen duenak erabili ez duen zenbatekoa itzuli beharko du. Baldintzen aldaketa horren ondorioz emandako dirulaguntza edo haren zati bat itzuli beharko balitz, 15. artikuluan araututako itzulera-espedientea irekiko da.

12. artikulua.– Jarraipena.

Laguntzaren erakunde onuradunak nahitaez justifikatu beharko du laguntza zertarako erabiliko den. Horretarako, laguntzaren organo kudeatzaileari hurrengo dokumentazioa aurkeztuko dio exekuzio-epea bukatu eta hiru hileko epean:

– Memoria zientifikoa, non laguntza jaso den bitartean egindako jardueren deskribapen xehatua aurkeztuko den. Ikertzaileak, talde hartzailearen buruak eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko dute. Erabiliko den eredua II. eranskin gisa dator honekin batera.

– Memoria ekonomikoa, non kontratatutako pertsonaren urteko kostuaren xehetasunak emango diren. Honekin batera bidali: lan-kontratuaren kopia, TC1, TC2 eta dagozkien nominen kopia. Hautagaiak eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko dute. Erabiliko den eredua III. eranskin gisa dator honekin batera.

13. artikulua.– Ikuskaritza eta kontrola.

Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritzak ikuskaritza eta kontroleko beharrezko ekintzak egin ahal izango ditu Agindu honek jarraitzen dituen helburuak betetzea bermatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren betekizunak eragotzi gabe.

14. artikulua.– Ez betetzeak.

Laguntzaren erakunde onuraduna Euskal Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan bildutako kasuren batean egongo balitz eta, ondorioz, Agindu honetan eta aplikatuko diren besteetan bildutako baldintza edo obligazioak urratuko balitu, edo dirulaguntza emateko baldintzaren bat beteko ez balu, azaroaren 11ko 1/199 Lege-Dekretuaren 53. artikuluan zehaztutako baldintzak, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan zehaztutakoak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, eta dirulaguntza emateko ebazpenean datozenak ere, dirua itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

15. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidearen galera aitortzeko eta, dagokionean, dirua-itzultzeko prozedura.

Agindu honetan aurreikusitako urratze-kasuetan, hauxe izango da jarraituko den prozedura:

a) Osasuneko sailburuordeak aginduko du eta Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak jakinaraziko du prozeduraren hasiera. Prozeduraren hasierak oraindik egin gabe dauden ordainketak etengo ditu, daudenean.

b) Hasiera-ebazpen horrek haren oinarriak ere azalduko ditu, eta 15 eguneko epea emango du alegazio egokiak aurkeztu ahal izateko.

c) Alegazioak jasotakoan, edo epea bukatutakoan egin ez direnean, bukatutzat emango du prozedura Osasuneko sailburuordeak, ebazpen bidez.

Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa da.

Ebazpenean urraketak egon direla adierazten bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaio dirua, laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak gehituta, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta bi hileko epean. Epe hau boluntarioa izango da.

d) Dirua epe boluntario horretan itzuliko ez balitz, Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun eta Finantza-politika Sailburuordetzaren jakinean jarriko da, aplikatuko den lege-araudiak zehazten duena bete dezan.

16. artikulua.– Datu pertsonalak.

3/2018 Lege Organikoak, abenduaren 5ekoak, datu pertsonalen babesaren eta eskubide digitalen bermearen ingurukoak, eta Europako Parlamentuko eta Kontseiluko (EB) 2016/679 Erregelamenduak, apirilaren 27koak («Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra») xedatutakoaren arabera, deialdi honetan emandako datu pertsonalak:

– Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Eusko Fundazioak (aurrerantzean, «BIOEF») tratatuko ditu, interes publikoaren alde edo BIOEFi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra betez egotzitako ahalmen publikoak baliatuta burututako eginkizun bat betetzeko.

– Datu pertsonalak osasun arloko proiektuak eta ikerketak kudeatzeko, administratzeko, egikaritzeko eta garatzeko erabiliko dira, deialdi honetan datozen oinarrien arabera eta esleitutako xedeak betetzeko.

– Deialdiko kide guztien datu pertsonalak deialdi honekin lotura duten pertsona fisiko edo juridikoei lagako zaizkie, betiere lagapen horiek beharrezkoak diren neurrian adierazitako tratamenduaren xedeak eta deialdiaren helburua betetzeko.

– Datu pertsonalen tratamenduak deialdia indarrean dagoen bitartean iraungo du eta, behin deialdia amaituta, zerga helburuetarako, erantzukizunen helburuetarako eta jardueren kontrol helburuetarako legez xedatutako epean zehar ere.

– Proiektu honetako parte-hartzaileek une oro jakin ahal izango dute BIOEFek beren zein datu pertsonal erabiltzen dituen, eta araudiak ematen dizkion eskubideak zein diren, helbide honetan: BEC Dorrea (Bilbao Exhibition Centre) - Azkue Erronda 1, 48902 Barakaldo (Espainia), NANa atxikita. Are zehatzago, eskubide hauek baliatu ahal izango dituzu:

● Atzitze eskubidea: tratatuko diren datu pertsonalen inguruko informazioa ezagutu eta eskuratzea ahalbidetzen du.

● Zuzentze eskubidea: akatsak zuzentzea, zehatzak ez diren edo osorik ez dauden datuak aldatzea eta tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzea ahalbidetzen du.

● Ezabatze eskubidea: tratamenduaren xede diren datuak ezabatzea ahalbidetzen du kontratua burutzeko beharrezkoak izateari uzten diotenean.

● Aurka egiteko eskubidea: datu pertsonalen tratamendua ez burutzea eskatzeko edo hura etetea eskatzeko eskubidea, legezko arrazoiak izan ezean, edo egon daitezkeen erreklamazioen aurrean defendatzeko ez bada, non epe batez blokeatuko diren lege-obligazioek irauten duten bitartean.

● Tratamendua mugatzea: Zenbait egoeratan, interesdunek euren datuen tratamendua mugatzea eska dezakete. Kasu horretan, erreklamazioak jarri edo haietatik defendatzeko bakarrik gordeko dira.

● Banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egiteko barne): efektuak izan ditzakeen edo eragin handiak izan ditzaketen tratamendu automatizatuetan oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubidea.

● Datuen eramangarritasun eskubidea. Legez ezarritako egoeretan eta teknikoki posible denean.

– BIOEFek Datuen Babeserako Ordezkari bat du, araudia beteaz, eta harekin harremanetan jarri ahal izango da hurrengo helbidean: dpo@bioef.org

– Kontrol Agintaritzan erreklamazioak jarri ahal izango dira: Halaber, BIOEFek jakinarazten dizu Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (www.avpd.eus) edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es) ere aurkeztu ahal izango dela erreklamazioa, tratamendua indarrean dagoen araudiaren arabera egin ez dela uste baduzu.

17. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioari dagokio (BIOEF).

18. artikulua.– Eskabideen formalizazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskabidea elektronikoki aurkeztuko da euskadi.es egoitza elektronikoan azaldutako gidalerroei jarraiki.

Eskabidearekin batera Agindu honen 22. artikuluan adierazitako dokumentuak bidaliko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hile batekoa izango da.

3.– Hautagai bakoitzak eskabide bana baino ezingo du aurkeztu deialdi honetan.

4.– Eskabidea aurkeztutakoan, ezingo da aldatu Aginduan bildutako salbuespenak salbuespen.

19. artikulua.– Eskabidean egon daitezkeen gabeziak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskabideetako eremu guztiak beteta ez baleude, edo eskatzen den dokumentazio guztia ez baditu, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio hamar lanegunetan hori zuzendu edo falta diren dokumentuak bidaltzea, eta hala egiten ez badu eskaera ukatuko zaio eta Administrazioak ebatziko du eskaera horren inguruan eta hura jakinaraziko du, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 68. eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

20. artikulua.– Hautagaien eskakizunak.

Doktore titulua izatea.

21. artikulua.– Ikerketa-talde hartzailearen eskakizunak.

1.– Ikerketa-taldearen buruak estatutu, funtzionario-harreman edo lan-kontratu bidezko, edota Osasun Ikerketa Institutuarekin edo osasun arloko I+G elkartearekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen bidezko lotura izan beharko du ikerketa jarduera burutzen duen zentroarekin.

Horretarako, taldeko buru bat edo gehiagoren zuzendaritza zientifikoarekin lan egiten duen ikertzaileen lantaldea hartuko da talde hartzailetzat, zeinak argitalpenen erregistro komuna izango duen.

22. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Hurrengo dokumentuak aurkeztu beharko dira, 18. artikuluan adierazitako eskabide-orriarekin batera.

1.– Hautagaiaren doktore titulua, edo haren eskubideen ordainagiria, non tituluaren data agertuko den.

2.– Ikerketa proiektuaren proposamen-memoria. Deialdiarekin batera ekarritako eredu arautua bakarrik erabiliko da horretarako.

3.– Laguntza jasoko duen taldearen buruaren eta hautagaiaren Curriculum Vitae arautua (CVN), CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) automatikoki sortua edo FECYTren CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetik sortua. Haiek beteta, eskabidearekin batera aurkeztuko dira aplikazio informatikoaren bitartez.

4.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena (IV. eranskina).

Eskatutako dokumentuak EAEren hizkuntza ofizialetako batean edo ingelesez aurkeztu behar dira.

23. artikulua.– Ebaluazioa

1.– Jarraibideen arabera eta epearen barruan aurkeztutako edo zuzendutako eskakizunen ebaluazioa eta aukeraketa egiteko, 19. artikuluaren arabera, Balorazio Batzordea sortuko da, eta honako hauek osatuko dute:

a) Presidentea: Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendaria, Maria Aguirre Rueda.

b) Kideak:

– Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioa – BIOEF fundazioaren I+G+b arloko zuzendaria, Susana Belaustegui Ituarte.

– Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariordea.

c) Idazkaria: BIOEFen I+Grako laguntzen deialdiak kudeatzeko arduraduna, Olatz Sabas García-Borreguero.

2.– Balorazio Batzordearen kideen izendapenean gertatzen diren aldaketak publikoki jakinaraziko dira interesdunek duten kide horiek errekusatzeko eskubidea balia dezaketela bermatze aldera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

3.– Balorazio Batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du eta ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoaren inguruko txostenak burutuko dituzte, hautagaiaren eta talde hartzailearen profil zientifikoa kontuan hartuta.

4.– Proiektuak hautatzeko, honako balorazio-irizpide hauek erabiliko dira:

a) Hautagaiaren curriculumeko merituen balorazioa: 45 puntura arte.

– Hautagaiaren argitalpenak (gehienez 30 puntu): azken 10 urteotan argitaratutako lanak baloratuko dira, Journal Citation Report (JCR) 2017an indexatuak, mota hauetakoak: jatorrizko artikuluak eta zuzenketak (ez dira onartuko: case report-ak, zuzendariarentzako edo editorearentzako gutunak, editorialak, liburuen kapituluak, osagarrietako argitalpenak, epub-en argitaratutakoak, eta talde/partzuergoko sinadurak). Horrela egingo da baremazioa:

(Ikus .PDF)

– Doktoretza ondorengo hautagaiak azken hamar urteotan parte hartu izan duen esleitutako proiektuak (gehienez, 10 puntu). Hautagaiak hautatutako bost proiektu baloratuko dira gehienez, azken 10 urteotan nazioko zein nazioarteko deialdietan esleituak, non ikertzaile nagusi edo kolaboratzaile gisa parte hartu duen. Proiektu bakoitzari bi puntu emango zaizkio.

– Hautagaiaren doktoretza-ondorengo mugikortasuna (gehienez 5 puntu). Tesia aurkeztu ondoren gertatu diren egonaldiak kontuan hartuko dira.

(Ikus .PDF)

b) Ikerketa-proiektuaren balorazioa: 25 puntura arte.

– Kalitate zientifiko-teknikoa: 15 puntura arte.

– Proposamenak Euskal Osasun Sistemarako duen interesa: 5 puntura arte.

Puntu honetan proiektuak hauetara egokitu behar du: Osasun Sailaren 2017-2020 ildo estrategikoak, Euskadiko Osasun Plana 2013-2020, Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako 2013-2020 estrategia, Euskadi 2017-2020 Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak eta Osakidetza 2017-2020 erronka eta proiektu estrategikoak. Hemen aurki daitezke haiei dagozkien dokumentuak:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckpubl02/es/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/es_pub/publicaciones.html

– Osasun arazoak konpontzeko emaitzak transferitzeko ahalmena: 5 puntura arte.

c) Hautagaia hartuko duen ikerketa taldearen balorazioa, 2013ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epea bukatu arte: 30 puntura arte.

– Taldeko buruaren CVn bildutako argitalpenen balorazioa. Azken 10 urteotan argitaratutako lanak baloratuko dira, JCR 2017an indexatuak, mota hauetakoak: jatorrizko artikuluak eta zuzenketak (ez dira onartuko: case report-ak, zuzendariarentzako edo editorearentzako gutunak, editorialak, liburuen kapituluak, osagarrietako argitalpenak, epub-en argitaratutakoak, eta talde/partzuergoko sinadurak): 20 puntura arte. Horrela egingo da baremazioa:

(Ikus .PDF)

– Taldeak parte hartzen duen finantzatutako ikerketa-proiektuak: 10 puntura arte. Horrela egingo da baremazioa:

(Ikus .PDF)

5.– Bi hautagaik edo gehiagok puntu-kopuru berbera lortuko balute, hurrengo kategorietan lortutako puntuen arabera ordenatuko dira: a) kategoriaren barruan, hautagaiaren curriculumeko merituak. 1. argitalpenak eta, berdinketa hautsiko ez balitz, proiektuetan parte hartzea, doktoretza ondorengo mugikortasuna, doktoretzako aparteko saria, tesiaren zuzendaritza eta patenteak, berdinketa hausten den arte.

6.– Laguntzaren organo kudeatzaileak dokumenturik eskatuko balu merituak egiaztatzeko, organo kudeatzaileari adierazitako baliabideen bitartez eta adierazitako epean bidaliko zaio.

24. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako esleipenerako prozedura lehiaketa izango da.

2.– Balorazio Batzordeak deialdiaren oinarriak ongi betetzen diren ala ez aztertuko du, baliabideak esleituko ditu eta Osasuneko sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko du.

3.– Ebazpen-proposamenak hurrengoa hartuko du barne: erakunde onuraduna, pertsona onuraduna eta dagokion diru-kantitatea, eskuragarri dagoen kreditura mugatua, eta ordezkoen zerrenda puntu gehienetik gutxien dituenera ordenatuta.

25. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, baliabideak eta publizitaterako prozedura.

1.– Laguntzak ebazpen bakar bidez eman edo ukatuko ditu Osasuneko sailburuordeak, Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamenean oinarrituta.

2.– Aipaturiko ebazpenaren arrazoiak eman beharko dira, eta onuraduna nor den, emandako diru-kantitatea xehatua zein den eta ordezkoen zerrenda edukiko ditu.

3.– Emango den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, gehienez sei hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epea igarotakoan ebazpenik argitaratu ez bada, eskatzaileek eskaera baliogabetzat eman ahal izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluaren arabera, baita Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluen arabera ere.

4.– Ebazpenak ez dio bukaera ematen bide administratiboari, eta, haren aurka, erakunde eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak betez.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 laneguneko epean, erakundeek hari uko egingo diotela adierazi ahal izango dute. Aipaturiko epean uko egite hori aurkezten ez bada, deialdiari dagokionez, laguntza onartu dela ulertuko da.

6.– Beste norbaitek uko egindako laguntzak ordezkoen zerrendan agertzen diren eskatzaileei Osasuneko sailburuordeak ebatzita emango zaizkie esleipen-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan.

Emandako azken postuaren hurrengoan dauden pertsonei emango zaizkie laguntzak.

7.– Hautatutako hautagaia ebazpenetik bi hileko epean barneratuko da taldean gehienez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Herri Sektoreko Araudi Juridikokoa; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzkoa, eta haren Erregelamendua (DEO), uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua, oinarrizkotzat jotako manuen aplikazioari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dirulaguntzak izapidetzearen ondoriozko isunak jartzeak edo bestelako jarduerek administrazioaren eskumenak erabiltzea eragiten dutenean, Osasun Sailaren administrazio-organoaren edo organoen bitartez burutuko da, edo, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumena duten beste sailen bitartez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikulua eta hurrengoak beteaz, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien salan, bi hileko epean, EHAAn argitaratu den egunetik hasita, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak arautzen dituen uztailaren 13ko 29/1999 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluak beteaz.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 16a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala