Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2019ko irailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4371

EBAZPENA, 2019ko irailaren 19koa, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena; horren bidez, giza eskubideen urraketen biktima-izaera eta osasun-laguntza aitor daitezela eskatzeko eredu normalizatua onartu da eta eskariok aurkezteko epea ireki da, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoaren) arabera.

Uztailaren 28ko 12/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa, apirilaren 4ko 5/2019 Legearen bidez aldatua) xedea da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoera batean izandako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak errekonozitzeko eta, hala badagokio, erreparazioa emateko eskubideak eratzea, lege honetan aurreikusitako ondoreekin eta irismenarekin.

Aipatu Legearen 13.2 artikuluaren arabera, interesdunek eskariak aurkeztea errazagoa izan dadin, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko titularraren ebazpenak, eskariak aurkezteko epea zabalduko duenak, eskaera egiteko eredu normalizatua izango du. Era berean, 13.5 artikuluari jarraikiz, biktima-deklarazioa egiteko eskaerak bi urteko epean igorriko dira, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko titularraren ebazpena, eskariak aurkezteko epea zabalduko duena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Gainera, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, Lege hau atzeraeraginez eta salbuespen gisa betearaziko da 1960. urtera arte, lege honen 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete baina ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoak) babestu ez zituen giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko.

Apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuan (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoan) ezarritakoaren arabera, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari dagokio eskariak aurkezteko epea zabalduko duen ebazpena ezartzea, eta, bertan, eskaera egiteko eredu normalizatua jaso beharko da.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bi urteko epea zabaltzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek eskariak aurkez ditzaten, uztailaren 28ko 12/2016 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Eranskinean agertzen den eskaera-eredu normalizatua onartzea, interesdunek helbide honetan eskuratu dezaketena:

http://www.euskadi.eus/biktimei-errekonozimendua-prozedura-ohikoa-12/2016-legearen-arabera/web01-tramite/eu

Hirugarrena.– Urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez. Ondore horietarako, eskariak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira, honako helbide honetan:

http://www.euskadi.eus/biktimei-errekonozimendua-prozedura-ohikoa-12/2016-legearen-arabera/web01-tramite/eu

Izapidetze presentziala egiteko, eskariak helbide honetara bidal daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz; edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan aurkez daitezke, edota Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.– Giza eskubideen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuordetzaren edo idazkaritza nagusiaren titularrak ebatzi beharko du planteatutako eskaria, bai eta ebazpena jakinarazi ere pertsona interesdunei, gehienez 24 hilabeteko epean, salbuespeneko arrazoirik ez badago. Salbuespen-kasuetan, izan ere, hogeita lau orduko epea luzatu egingo da, indarreko araudian ezartzen diren mugei jarraikiz.

Epe horretan ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak Administrazioaren isilbidez ezetsitzat jo direla pentsatu ahalko dute interesdunek.

Bosgarrena.– Dagozkion konpentsazio ekonomikoak finantzatzeko 1.100.000 euroko zenbatekoa dago gordailututa Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan.

Hurrengo ekitaldietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeetan onartzen diren aurrekontu-esleipenetan agertzen dena izango da zenbatekoa. Eta behar bezala zabalduko da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, giza eskubideen arloan eskumena duen idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularraren ebazpena argitaratuta.

Seigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 19a.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala