173. zk., 2019ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (299 KB - 7 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4171
EBAZPENA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariarena, euskaratik ingeleserako eta ingelesetik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lortzeko probetarako deialdia egiten duena.
Kultura sailburuaren apirilaren 21eko 88/2009 Dekretuaren bidez zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautu zen.
Dekretuaren 4. artikuluan adierazitakoaren arabera, «une bakoitzean hizkuntza-politikan eskuduna den organoak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) gutxienez hiru urtez behin egingo dute probetarako deialdi bateratua».
Hori dela eta, 88/2009 Dekretuari jarraituz, honako hau
EBATZI DUGU:
Lehenengoa.– Bai euskaratik ingeleserako eta bai ingelesetik euskararako itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lortzeko probetarako deialdia egitea.
Bigarrena.– Deialdiaren oinarriak argitaratzea (Ebazpen honen I. eranskina).
Hirugarrena.– Epaimahaiaren osaera eta funtzionamendua zehaztea (Ebazpen honen II. eranskina).
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren aurrean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
MIREN DOBARAN URRUTIA.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
Sinatuta IVAPeko zuzendaria kanpoan dagoelako (200/2012 Dekretuaren 8.2.f artikulua.; eta 40/2015 Legearen 13. artikulua).
IVAPeko idazkari nagusia,
FULGENCIO ALEDO AMORÓS.
I. ERANSKINA
Bai euskaratik ingeleserako eta bai ingelesetik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lortzeko proben deialdiaren oinarriak.
1.– Proben hartzaileak.
Probetan parte hartzeko beharrezkoa da adinez nagusi izatea eta gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa, gradua edo baliokidea den beste tituluren bat izatea. Atzerriko tituluren baten jabe izanez gero, homologatutakoa izan beharko du.
Izangaiek baimena eman beharko diote IVAPi, alegatutako titulu akademikoa egiazta dezan dagokion erregistroan. Titulua erregistroan agertu ezean beharrezkoak diren datu guztiekin, edo egiaztatzeko baimena eman ezean, interesdunek tituluaren kopia digitalizatua ekarri beharko dute epaimahaiak ezartzen duen epean eta eran.
2.– Prozesuan onartua izatea.
Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute. Onartuak izateko eta, hala dagokionean, probetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte batetik eta, bestetik, eskabidea epe barruan aurkeztu beharko dute. Gainera, eskatutako baldintzak esandako epea bukatzen den egunerako betetzen dituztela adierazi behar dute.
3.– Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 10 eguneko epean aurkeztu behar dira.
4.– Eskabideak aurkezteko era.
Probetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Internet bidez egin beharko dute, helbide elektroniko honetan dagoen eredua betez: www.ivap.euskadi.eus
Internet bidezko eskaera Eusko Jaurlaritzako KZGunea zentro publikoen bidez egin ahal izango da. KZGuneen zerrenda eta kokagunea eskuragarri daude honako helbide elektroniko honetan: www.kzgunea.eus
Eskabideak aurkez daitezke, halaber, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan ezartzen dituen tokietan.
5.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.
5.1.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak onartutakoen behin-behineko zerrenda onartuko dute. Zerrenda hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) eta bere lurralde ordezkaritzetan argitaratuko da bai eta Interneteko helbide honetan ere: www.ivap.euskadi.eus
5.2.– Zerrenda argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita, 10 eguneko epea izango dute eskatzaileek aurkeztutako eskabidea zuzendu edo/eta osatzeko.
5.3.– Eskabideak zuzendu edo/eta osatzeko epea bukatu eta gehienez 3 eguneko epean behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zerrenda hori 5.1. atalean zehaztutako tokietan egongo da.
6.– Proben egitura eta edukia.
6.1.– Zinpeko itzultzaile lanetarako habilitazioa.
Zinpeko itzultzaile lanetarako habilitazioaren kasuan hiru proba egingo dira, guztiak gainditu beharrekoak:
6.1.1.– Zuzenbidea.
Erantzun anitzeko 50 galderak osatutako test moduko azterketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrazioko goi-mailako kidegoari dagokiona. Hona hemen gai-zerrenda:
1) 1978ko Espainiako Konstituzioa. Aitzin titulua, I. titulua (Oinarrizko eskubide eta betebeharrak), VI. titulua (Auzi Boterea), IX. titulua (Konstituzio Auzitegia).
2) Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena. Atariko titulua, I. titulua (Euskal Herriaren eskumenak), II. titulua (Euskal Herriaren aginteak) eta III. titulua (Ogasuna eta ondarea).
3) Azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legea, euskararen erabilera arauzkotzekoa.
4) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Atariko titulua (Xedapen orokorrak), I. titulua (Prozeduran interesdun direnak) eta II. titulua (Administrazio publikoen jarduera).
5) 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena. Atariko titulua (Xedapen orokorrak), I. kapitulua (Legearen xedea eta aplikazio-eremua) eta II. kapitulua (Sektore publikoko kontratuak).
6) Ogasuna: Aurrekontua eta gastu publikoa. Printzipioak, kontzeptuak eta motak.
7) 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa. Atariko titulua (Xedea, aplikazio-eremua eta printzipio orokorrak) eta II. titulua (Euskal herri administrazioen eta aginteen jarduketan genero ikuspegia integratzeko neurriak).
8) Izaera pertsonaleko datuen babesaren oinarrizko alderdiak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. I. titulua (Xedapen orokorrak), II. titulua (Datuak babesteko printzipioak) eta III. titulua (Pertsonen eskubideak).
Zuzenbideko probatik salbuetsita egongo dira Zuzenbidean lizentziatuak, Zuzenbidean gradu mailako edota zuzenbideari loturiko graduondoko titulazioaren jabe direnak.
Onartu eta baztertutako eskabideen argitaratze egunaren eta aipatu probaren egunaren artean adierazitako agiriaren jabe eginez gero, proba hau egitetik salbuetsita geratuko da eskatzailea.
6.1.2.– Euskara: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 mailari dagokiona.
Izangai hauek ez dute proba hori egin beharko:
a) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagiriren bat dutenak.
b) Itzulpengintzan eta Interpretazioan euskara A hizkuntza izanik, lizentziatuak edo gradu mailako titulazioaren jabe direnak.
C2 maila honela egiaztatuko da:
● Eskabidean konprobatu behar da titulua edo egiaztagiria Euskara Ziurtagiri eta Tituluen Erregistro Bateratuan dagoen. Sistemak egiaztatuko du erregistroan dagoen informazioa eta eskabidean atxikituko du. Agertzen diren datuak zuzenak badira, ez da besterik egin behar.
● Daturik ez badago edo daudenak okerrak direla uste baduzu, honakoa egin beharko duzu:
1) Daukazun Euskara Titulu edo salbuespena eskarian alegatu. Horretarako, dagokion laukitxoa markatu beharko da, eta dagokiona aukeratu.
2) Dokumentazioa bidali:
Salbuespenen bat izan ezkero, alegatzen den ziurtagiria aplikaziora igo ahalko duzu eskaera epe barruan edo, data horren ondoren, hurrengo paragrafoan agertzen diren argibideak jarraituz bidali.
Euskarazko beste tituluren bat izanez gero, posta elektroniko bidez bidali beharko duzu hautaketa@ivap.eus helbide elektronikora, ebazpenaren izena eta bidalitako profila Gaian argi jarriz, eta Mezuaren gorputzean eskaria egiten duenaren datuak, kontaktu datuak barne, bidalitako dokumentua eta aurkezten den deialdiaren izena zehaztuz.
● Agiriak prozesuko lehenengo probaren eguna baino lehenago aurkeztu behar dira. Nolanahi ere, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren lortutako ziurtagiriak kontuan hartuko dira, Euskara proba eguna baino lehenago aurkezten badira.
6.1.3.– Itzulpena.
a) Ingelesetik euskarara: ordu eta erdiz bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.
b) Euskaratik ingelesera: ordu eta erdiz bi orrialdeko testu administratibo, juridiko edo ekonomiko bat itzultzea, hiztegiak erabilita.
6.2.– Zinpeko interprete lanetarako habilitazioa.
Zinpeko interprete lanetarako habilitazioaren kasuan, berriz, aurreko hiru probak gainditzeaz gain, interpretazioarena ere gainditu beharko da.
Interpretazioa: gehienez ere hamabost minutuko mintzaldi bi interpretatzea, euskaratik ingelesera eta ingelesetik euskarara. Aldibereko proba hau interpretazio-kabinan egingo da eta grabatu egingo da.
7.– Datak eta tokiak.
7.1.– Zuzenbideko proba.
Toki, egun eta orduaren berri emango da 5.3. atalean aipatzen den behin betiko zerrenda argitaratzen denean, probaren eguna baino 10 egun lehenago gutxienez.
Zuzenbideko proba egin eta gehienez ere 3 eguneko epean argitaratuko dira probaren emaitzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) eta bere lurralde ordezkaritzetan. Horiekin batera Euskara proba egiteko onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da, bai eta proba hori egiteko tokia, eguna eta ordua ere.
7.2.– Euskara proba.
Toki, egun eta orduaren berri emango da 7.1. atalean aipatzen den zerrenda argitaratzen denean.
Euskara probaren emaitzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) eta bere lurralde ordezkaritzetan argitaratuko dira. Horiekin batera itzulpen proba espezifikoa egiteko onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da, bai eta proba hori egiteko tokia, eguna eta ordua ere.
7.3.– Zinpeko itzulpen proba espezifikoa.
Toki, egun eta orduaren berri emango da 7.2. atalean aipatzen den zerrenda argitaratzen denean.
Itzulpen probaren emaitzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) eta bere lurralde ordezkaritzetan argitaratuko dira. Horiekin batera interpretazio proba egiteko onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da, bai eta proba hori egiteko tokia, eguna eta ordua ere.
7.4.– Zinpeko interpretazio proba espezifikoa.
Toki, egun eta orduaren berri emango da 7.3. atalean aipatzen den zerrenda argitaratzen denean.
Interpretazio probaren emaitzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) eta bere lurralde ordezkaritzetan argitaratuko dira.
8.– Erreklamazioak.
Proba bakoitzeko emaitzak argitaratu ondoren 3 eguneko epea izango da erreklamazioak egiteko. Erreklamazioa aurkezten dutenek aukera izango dute hurrengo proba egiteko, baina ez da beren azterketa zuzenduko erreklamazioa erabaki bitartean.
9.– Izendapenak.
Bai itzulpen bai interpretazio probak gainditu dituztenek, interpretazio probaren behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, astebeteko epea izango dute honako agiri hauek aurkezteko:
1) NANaren kopia.
2) Diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa, gradua edo baliokidea den beste titulu baten kopia.
3) Zuzenbideko probatik salbuetsita geratu direnek: Zuzenbideko lizentziatura edo Zuzenbidean gradu mailako edo graduondoko titulazioaren kopia.
4) Euskara-maila frogatzetik salbuetsita geratu direnek: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 maila egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo, Itzulpengintzan eta Interpretazioan euskara A hizkuntza dutenek lizentzia edo gradu mailako titulazioaren agiriaren kopia.
Agiriak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan (Vitoria-Gasteizen) aurkeztuko dira. Izendapenak EHAAn argitaratuko dira.
10.– Erregistroa.
Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 24ko Aginduaren bidez Zinpeko itzultzaileen eta interpreteen erregistroa sortu zen. Administrazioak ofizioz erregistratuko ditu habilitazioa lortzen duten zinpeko itzultzaileak zein interpreteak. Halaber, habilitazioa lortzen dutenek zinpeko itzultzaileen edota interpreteen habilitazioaren agiria jasoko dute, hala eskatuz gero.
11.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudiak (EB), 2016ko apirilaren 27koak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoak (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) eta datuen babesari buruz indarrean dagoen gainontzeko araudiak ezarritakoa betez, izaera pertsonaleko datuak «Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitaziorako prozesuen kudeaketa» izeneko tratamendu-jarduerara ekarriko direla ematen da aditzera.
Tratamenduaren arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako zinpeko itzulpen nahiz interpretazio lanetarako habilitazioa lortu dutenen erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Horrekin batera, habilitazioa lortzeko abian jarriko diren prozesuetan parte hartzen duten norbanakoen eskaerak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizun bat betetzeko; zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko apirilaren 21eko 88/2009 Dekretuan aurreikusitako eginkizuna, hain zuzen.
Informazioaren hartzaileak: ez da datuen lagapenik egingo.
Eskubideak: datuak atzitzea, zuzentzea eta ezabatzea, eta informazio osagarrian adierazten diren eskubideak.
Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarri zehaztua webgune honetan kontsulta daiteke: http://www.euskadi.eus/zinpeko-itzultzaile-nahiz-interprete-lanetarako-habilitazioaren-datu-babesa/web01-a2euzer/eu
II. ERANSKINA
Bai euskaratik ingeleserako eta bai ingelesetik euskararako zinpeko itzultzaile nahiz interprete lanetarako habilitazioa lortzeko epaimahaiaren egitekoak, funtzionamendua eta osaera.
1.– Epaimahaiaren egitekoak.
a) Euskarari, zuzenbideari eta itzulpenari zein interpretazioari buruzko probak diseinatzea, lantzea, kudeatzea, zuzentzea eta baloratzea.
b) Emaitzak onartzea.
c) Berrikusketarako eskaerak erabakitzea.
2.– Epaimahaiaren funtzionamendua.
Epaimahaiaren funtzionamendua urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritakoari lotuta egongo da.
Epaimahaiak ahalmena du oinarri hauetan ezarrita ez daudenei buruz azaltzen diren zalantzak ebatzi eta hautaketa-prozesua behar bezala burutzeko beharrezko erabakiak hartzeko.
Epaimahaiak, hala erabakiz gero, bere eginkizunak hobeto betetzeko, une bakoitzean hizkuntza-politikan eskuduna den organoko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko edo kanpoko zerbitzu teknikoen laguntza izan dezake.
Epaimahaiko kideek dietak edota konpentsazioak jasotzeko eskubidea izango dute organo horretan parte hartzeagatik izandako gastuengatik. Ordainketa horiek Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta indarrean den araudian ezarritakoaren arabera egingo dira.
3.– Epaimahaiaren osaera.
a) Presidentea: Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arloko arduradunak izendatua, gutxienez zuzendari mailakoa: Joseba Lozano Santos jauna. Ordezkoa: Josune Zabala Alberdi andrea.
b) Presidenteordea: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) ordezkaria: Garbiñe Doval Garcia andrea. Ordezkoa: Manu Arrasate Mugertza jauna.
c) Idazkaria: Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko (IZO) kidea, botorik gabe. Maite Imaz Leunda andrea. Ordezkoa: Itziar De Blas Fernandez De Gamarra andrea.
d) Euskal Herriko Unibertsitatearen proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena: Naroa Zubillaga Gomez andrea.
e) Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen (EIZIE) proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena: Leire Ibarra Garcia andrea.
f) Euskaltzaindiaren proposamenez izendatutako ordezkari bat, lege-, administrazio- edo ekonomia-arloetako itzulpengintza edo interpretazioaren ezagutza duena: Xabier Paya Ruiz jauna.
g) Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, IVAPekin adostuta izendatutakoak, itzulpengintzan zein interpretazioan ospe aitortua duten pertsonen artean aukeratutakoa: Mikel Morris Pagoeta jauna.