Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2019ko maiatzaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2204

ERABAKIA, 2019ko apirilaren 11koa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUren Doktorego Eskolaren Arautegia onartzeko dena.

Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegiaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, egungo Master eta Doktorego Eskolak 2019/20 ikasturtea baino lehen egokitu behar zuen bere barne arautegia oinarrizko arautegira.

2019ko apirilaren 3an, Master Eskolako Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen Gobernu Kontseiluari aurkezten zaion testu hau, eta testuak lege-zerbitzuaren aldeko txostena jaso du.

Hori guztia kontuan hartuta, administrazio-espedientea behin izapidetuta, idazkari nagusiak proposatuta, eta Gobernu-taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazten eta eskumenak eskuordetzen dituen UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakian oinarrituta, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUren Doktorego Eskolaren Arautegia, I. eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agintzea UPV/EHUren Doktorego eskolaren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.

Leioa, 2019ko apirilaren 11.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

UPV/EHUKO DOKTOREGO-ESKOLAREN ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Azalpena.

1.– UPV/EHUko Doktorego Eskola UPV/EHUko doktorego programak eta Graduondoko Sare Latinoamerikarreko masterrak koordinatzeko eta gestionatzeko ardura daukan zentroa da.

2.– Doktorego Eskolak bere estrategia garatuko du UPV/EHUren estrategia orokorrari loturik, eta, hala dagokionean, erakunde publikoen eta gainerako erakunde eta entitateen estrategiekin uztarturik.

II. KAPITULUA
UPV/EHUKO DOKTOREGO ESKOLAREN EGINKIZUNAK, ARAUBIDEA ETA EGOITZA

2. artikulua.– Doktorego Eskolaren eginkizunak.

Honako hauek dira Doktorego Eskolaren eginkizunak:

a) Doktoregoko edo, egoki denean, masterreko programa berriak ezartzeko, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, ikasketa horietarako proposamenak egiteko bete beharreko arautegiei jarraituz.

b) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea, eta, hala dagokionean, eskolako masterretako ikasleena.

c) Doktorego programetan, eta, hala dagokionean, eskolako masterretan, izena emateko prozesua eta matrikula prozesua antolatzea.

d) Jarraipena egitea doktorego titulazioei, eta masterrekoei halakorik dagoenean, eta ebaluatzea eskolan ematen diren ikasketen irakaskuntzaren kalitatea.

e) Aurrekontua kudeatzea Estatutuei eta aurrekontuak gauzatzeko UPV/EHUn indarrean dauden arauei jarraikiz.

f) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.

g) Eskolak zuzenean eskuratutako funtsez osatutako laguntzen deialdiak egitea, kudeatzea eta ebaztea beren ardurapeko doktorego eta masterreko ikasleentzat, Gobernu Kontseiluak Graduondoko Batzordearen proposamenez onartutako arautegian zehazten den legez.

h) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.

i) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.

j) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktorego programak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.

k) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego Eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.

l) Doktoregoko sari bereziak emateko proposamena egitea.

m) Honoris causa doktore izendapenak proposatzea.

n) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Doktorego Eskolak, bere jardunean, honakoak bete beharko ditu: indarreko legeriaren, UPV/EHUko Estatutuak, UPV/EHUko Doktorego Eskolen Oinarrizko Arautegia, eta honako arautegi hau.

4. artikulua.– Doktorego Eskolaren egoitza.

UPV/EHUko Doktorego Eskolak Bizkaiko Campusean, Leioako eremuan, izango du administrazio egoitza.

III. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLAREN OSAERA ETA EGITURA

5. artikulua.– Doktorego Eskolako kideak.

1.– Doktorego Eskolako kideak dira:

a) Doktorego Eskolan irakasten duten irakasle eta ikertzaile doktoreak.

b) Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

c) Doktorego programetako doktoregaiak, eta, beste ikasketarik ematen denean, ikasketa horietako ikasleak.

2.– Doktorego Eskolako kide guztiek bete beharko dute eskolaren jardunbide egokien kodea.

6. artikulua.– Doktorego Eskolako gobernu eta ordezkaritza organoak.

1.– Doktorego Eskolako kide anitzeko organoak dira Zuzendaritza Batzordea, eta haren Kontseilu Iraunkorra.

2.– Hauek dira Doktorego Eskolako kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak: Doktorego Eskolako zuzendaria, idazkari akademikoa eta zuzendariordeak.

7. artikulua.– Doktorego Eskolako zuzendaria.

1.– Doktorego Eskolako zuzendaria UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da, itzal handikoa eta gutxienez ikerketako hiru seiurteko dituena. Zuzendaritza Batzordeak aukeratuko du eskolara atxikitako doktorego programen arduradunak diren edo izan direnen artetik, eta errektoreak izendatuko du.

2.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da. Gehienez ere bi agintaldi bete ditzake segidan.

3.– Hauek izan daitezke zuzendariak kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kentzea, dimisioa, Doktorego Eskolakoa edo UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea, eta Zuzendaritza Batzordeak haren kontrako zentsura mozioa onartzea.

8. artikulua.– Doktorego Eskolako zuzendariaren eginkizunak.

Doktorego Eskolako zuzendariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Doktorego Eskolaren jarduna gidatu eta koordinatzea eta beraren helburuei jarraipena ematen zaiela eta bete egiten direla bermatzea.

b) Doktorego Eskolaren ordezkaria izatea UPV/EHUko gobernu organoen aurrean eta behar den leku guztietan.

c) Zuzendaritza Batzordearen edo Kontseilu Iraunkorraren erabakiak betetzea eta betearaztea.

d) Administrazioaren eta aurrekontuaren kudeaketa gidatzea, bai eta Doktorego Eskolako gainerako zerbitzu guztiak ere.

e) Kredituak baliozkotu, aitortu eta transferitzeko espedienteak ebaztea, eskolaren menpeko masterretako batzorde akademikoen proposamenei jarraituz.

f) Doktorego Eskolari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

g) Urteko txostenak, plan estrategikoak eta aurrekontuari buruzko jarraibideak prestatzea, aurreko urteko ekitaldi ekonomikoaren itxiera egitea, eta guztiak Zuzendaritza Batzordeari eta Kontseilu Iraunkorrari bidaltzea onartzeko.

h) Gidari izatea doktorego eskolako langileek jardunbide egokien kodea eta beren eginbeharrak bete ditzaten, eta hala egin dezaten gainbegiratzea. Era berean, behar diren neurriak hartzea sor litezkeen arazoak konpontzeko.

i) Arduratzea eskolako giza eta gauza baliabideak egokiak izan daitezen eskolak bere zereginak ondo betetzeko.

j) Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzordeari eta Kontseilu Iraunkorra, bere gestioen berri ematea unean-unean.

k) Doktorego Eskolako kideak jakitun edukitzea beraiengan eragina izan lezaketen eskolako kontu guztiez.

l) Doktorego Eskolarekin zerikusia duten eta beste edozein organori modu agerian eman ez zaizkion beste zeregin guztiak, eta unibertsitateko arautegiek zuzendariari esleitutakoak edo Zuzendaritza Batzordeak, Kontseilu Iraunkorrak edota UPV/EHUko gainerako gobernu organoek eskuordetutakoak.

9. artikulua.– Zuzendariordeak.

1.– Errektoreak, zuzendariaren proposamenari jarraituz, zuzendariordeak izendatuko ditu UPV/EHUko doktorego programaren bateko ikasketetan ari diren izen handiko irakasle-ikertzaile doktoreak izanik baldintza hauek betetzen dituztenen artetik: arduraldi osoan aritzea eta irakaskuntzan eta ikerketan esperientzia izatea.

2.– Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetutako eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Zuzendaritza Batzordeari, eta, horretaz gain, argitara emango dira.

3.– Doktorego Eskolako zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, edo kargua hutsik geratuz gero, beren-beregi horretarako zehaztutako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Horrelakorik jasota ez dagoenean, Zuzendaritza Batzordeak -antzinatasun handieneko kidea buru dela-, aukeratuko du zuzendariaren ordezko izango den zuzendariordea. Egoera horrek sei hilabete baino gehiago iraunez gero, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo du.

4.– Honako hauek izango dira zuzendariorde kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko edo Doktorego Eskolako kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

10. artikulua.– Doktorego Eskolako idazkari akademikoa.

1.– Doktorego Eskolako idazkari akademikoa itzal handiko UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea izango da eta errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta.

2.– Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

3.– Idazkari akademikoari dagokio Doktorego Eskolako idazkaritza akademikoari berezkoak zaizkion eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

4.– Idazkariak Doktorego Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola Doktorego Eskolako dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

11. artikulua.– Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzordea.

1.– Zuzendaritza Batzordeak honako osakide hauek izango ditu gutxienez: Doktorego Eskolako zuzendaria, zuzendariordeak, eskolako idazkari akademikoa, Doktorego Eskolako doktorego programetako eta masterretako koordinatzaileak, Doktorego Eskolan ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari, jakintza adar bakoitzeko ikasleek bi ordezkari eta doktorego programekin indarreko hitzarmenen bat daukaten erakunde lankideen bost ordezkari bat.

Ikasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek Zuzendaritza Batzordean aukeratuko dituzten beren ordezkariak.

Erakunde laguntzaileen ordezkariek beren artetik aukeratuko dituzte Doktorego Eskolako ordezkaritza eta zuzendaritza organoetan izango dituzten ordezkariak.

Bestalde, Graduondoko Sare Latinoamerikarreko zuzendariak parte hartu ahal izango du Zuzendaritza Batzordearen bileretan: ahotsa izango du, baina ez botorik.

2.– Eskolari atxikitako doktoregaiek eta UPV/EHUko doktorego eskolari atxikitako masterren batean matrikulatuta dauden ikasleek eskubidea izango dute hautesle eta hautagai izateko Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeetan.

Doktoregaiak, UPV/EHUrekin kontratua izan edo izan ez, ikasleen taldekoak izango dira Doktorego Eskolako gobernu eta ordezkaritza organoetako kideak aukeratzeko egingo diren hauteskundeetan.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kideak lau urterako aukeratuko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiek bi urterik behin berritu behar baitira.

12. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

1.– Doktorego Eskolako zuzendariak egingo du deia eskolako Zuzendaritza Batzordea biltzeko. Zuzendaritza Batzordeak antolaketa eta kudeaketa eginkizun hauek izango ditu:

a) Doktorego Eskolako zuzendaria hautatzea.

b) Kontseilu Iraunkorreko kideak aukeratzea.

c) Barne arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

d) Beste doktorego eskola batzuekiko eta beste ikergune batzuekiko lankidetza bultzatzea.

e) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.

f) Doktorego programen eskaintza zabaldu eta hedatzea, baita masterrena ere, halakorik dagoenean.

g) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta, hala dagokionean, masterrak, bultzatzea, bai eta doktoregoko eta, kasuan kasu, masterreko ikasleen trukeak ere.

h) Jardunbide egokien kodea bere egitea. Doktorego Eskolako kide guztiek kode hori betetzeko konpromisoa izango dute.

i) Doktorego Eskolan doktoregoko edo, egoki denean, masterreko programa berriak ezarri, edo lehengoak aldatu nahiz kentzeko proposamenak onartzea, ikasketa horietarako proposamenak egiteko bete beharreko arautegiei jarraituz.

j) Doktoregoko eta masterreko (masterrik badago) titulazioei jarraipena egitea, eta bermatzea Doktorego Eskolan ematen diren graduondoko ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela.

k) Onartzea Doktorego Eskolak esleituta dituen graduondoko ikasketen jarraipenerako eta akreditazioak berritzeko autotxostenak.

l) Doktoregaien prestakuntza eta garapenerako jardueren eskaintza planifikatzea.

m) Doktorego Eskolako doktorego programetan, eta, hala dagokionean, Doktorego Eskolako masterretan, izena emateko prozesua eta matrikula prozesua antolatzea, arautegien babesean eta Graduondoko Batzordearen proposamenari jarraituz masterren eta doktoregoko ikasketen gestiorako onartutako egutegiari jarraituz.

n) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

o) Zuzendariari aholku ematea nazioarteko aholku batzordeko kideak proposatzeko.

p) Berdintasun politikak sustatu eta ezartzea Doktorego Eskolako bizitzarekin eta kudeaketarekin zerikusia daukaten alor guztietan.

q) Indarreko legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta unibertsitateari buruzko arautegiek ematen dizkioten gainerako guztiak.

2.– Zuzendaritza Batzordeak Kontseilu Iraunkorrari eskuordetzen dizkio bere eginkizun guztiak, artikulu honetako a), b) eta c) ataletan zehaztutakoak izan ezik.

13. artikulua.– Kontseilu Iraunkorra.

1.– Doktorego Eskolako Kontseilu Iraunkorrak kide hauek izango ditu: Doktorego Eskolako zuzendaria (kontseiluko burua izango da), idazkari akademikoa (idazkari lanak egingo ditu), zuzendariordeak, ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, doktorego programetako koordinatzaileen bi ordezkari jakintza adar bakoitzeko, masterretako programetako ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari, eta erakunde lankideen ordezkari bat. Talde bakoitzak Zuzendaritza Batzordean dituen kideen artetik aukeratuko ditu ordezkariak. Edozelan ere, Zuzendaritza Batzordean ordezkaritza daukaten talde guztiek izan behar dute ordezkariren bat Kontseilu Iraunkorrean.

2.– Kontseilu Iraunkorreko kideak lau urterako aukeratuko dira, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiek bi urterik behin berritu behar baitira.

V. KAPITULUA
BATZORDEAK

4.– Doktorego Eskolako Kalitate Batzordea.

1.– Doktorego Eskolako Kalitate Batzordeak eskolako jardueraren kalitatea bermatzeko xedez ezarritako prozeduretan zehaztutako deseinu eta ebaluazio eginkizunak izango ditu, betiere, UPV/EHUko araudiari jarraituz.

2.– Kalitate Batzordeko kide izango dira: zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona (bera izango da batzordeburua); zuzendariorde bat (batzordeko idazkari izango da); doktorego programetako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat jakintza adar bakoitzeko; masterretako IRIen ordezkari bat; kalitateko teknikaria; ikasleen ordezkari bat.

3.– Hauek dira Doktorego Eskolako Kalitate Batzordearen eskumenak:

a) Titulazioak kalitatea bermatzeko sistemaren bidez diseinatu, martxan jarri eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea.

b) Irakasleen lanaren ebaluazioan parte hartzea, Gobernu Kontseiluak zehazten dituen arauei jarraikiz, UPV/EHUko Estatutuetako 107. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

c) Proposamenak egitea, ekintzak burutzea eta, oro har, lankidetzan jardutea unibertsitateko organoekin doktorego eskolaren jarduerak hobetu eta berritzeko eta ikastegiko kideen kualifikazioak hobetzeko.

d) Behar dituen laguntza batzordeak sortzea.

e) Arautegien edo eskuordetzaren bidez ematen zaizkion gainerako guztiak.

4.– Doktorego Eskolako Kalitate Batzordeak, bere eskumenen alorrean, ebaluazioa egiteko behar duen informazioa eskuratu ahal izango du. Edonola ere, konfidentzialtasuna eta sekretua gorde beharko ditu, ezinbestean, emandako informazioa erabiltzean.

15. artikulua.– Gatazkak Konpontzeko Batzordea.

1.– Kontseilu Iraunkorrak bere kideen artetik bost aukeratuko ditu, horietako bat doktoregoko ikasle bat, Gatazkak Konpontzeko Batzordea eratzeko.

2.– Batzorde honen eginkizuna da programak garatzean edo jabetza intelektualaren inguruan sortzen diren gorabeherak ebazteko aholku ematea zuzendariari.

16. artikulua.– Batzordeen eginkizunak.

Batzordeak Doktoregoko Eskolako kide anitzeko organoen bileretarako zehaztutako arauei jarraituz jardungo dute (VI. kapitulua).

VI. KAPITULUA
DOKTOREGO ESKOLAKO KIDE ANITZEKO ORGANOEN ARAUBIDEA

17. artikulua.– Xedapen orokorra.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legeari jarraituz, doktorego eskolako kide anitzeko organo guztiak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta bilerak egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada. Kide anitzeko organoek urrutitik egindako bileretan, aipatutako legean jasotakoak bete beharko dira, eta, beraz, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla.

18. artikulua.– Bilera motak eta bileren maiztasuna.

1.– Doktorego Eskoletako kide anitzeko organoen bilerak ohiko eta ezohikoak izan daitezke.

2.– Ohiko bilerak, gutxien dela, urtean behin egingo dira.

3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin da aurreko akten onarpenik agertu, ez eta galde-erregurik ere.

4.– Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin beharko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

19. artikulua.– Bilerarako deia egitea.

1.– Kide anitzeko organoko buruak egin behar du bilerarako deia. Gainera, kide anitzeko organoko kideen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin beharko da. Bilera horiek ezohikoak izango dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin beharko dira gehienez. Kide anitzeko organoko kide guztiak edo horiek ordezten dituzten pertsonak bildurik daudenean, aurrez aurre edo urrutitik, modu baliodunean era daitezke kide anitzeko organo gisa, bilkurak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.

2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, denbora nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein egunetan, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Arrazoi justifikaturik egonez gero, aztergaien zerrendan puntu gehiago sartu ahal izango dira, bilera baino 48 ordu lehenagora arte.

Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, nolanahi ere, bilera baino 48 ordu lehenago.

3.– Edonola ere, aztergaien zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoak.

4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoaren egoitzetan eta bere jarduna betetzen duen gainerako toki guztietan, argitara eman ere organoko kideei bilerarako deia bidaltzen zaien egun berean.

5.– Kontseilu Iraunkorraren bileretarako aztergaiei buruzko informazioa Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzordeko kide guztien eskura jarriko da.

20. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.– Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuen 166. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari. Taldeen ordezkari direnak, kide anitzeko organoko kide izateari utziko diote elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts eginez gero. Ikasleen kasuan, ordezkari izateari utziko dio baldin eta elkarren segidako bi bileratara edo txandakako lau bileratara justifikatu gabe huts eginez gero, bat etorrita UPV/EHUko Ikasleen Arautegiarekin.

2.– Organoa behin eratuta, bete gabe geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

21. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

2.– Doktorego Eskolak kide anitzeko organoetako kide guztien eskura jarriko du beren eginkizunak betetzeko behar duten informazio eta dokumentazio guztia, eta jarri ere, bilerak baino 48 ordu lehenago jarriko du. Dokumentazio edo informazio gehiago behar izanez gero, idatziz egin beharko dute eskaria gutxieneko azalpen batekin arrazoitzeko zergatik den beharrezkoa beren funtzioak betetzeko. Eskatzaileak eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean, gehienez ere, haren esku jarriko da doktorego eskolak daukan dokumentazioa eskolako idazkaritzan.

22. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Deialdi bion artean 30 minutuko tartea egon beharko da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, beren ordezkoek.

2.– Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 24. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

3.– Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma botazio guztietan izango da beharrezkoa.

4.– Hauteskunde prozesu baten ondorioz edo bat-bateko arrazoiengatik kide anitzeko organoan lekuren bat bete gabe badago eta ezinezkoa bada betetzea, organoa balioz eratzeko beharrezkoa den kopururako betetako lekuak baino ez dira kontuan hartuko.

23. artikulua.– Bileren nondik norakoa.

1.– Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala burutuko dela, eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

2.– Eztabaidak aztergaien zerrendari jarraikiz egin behar dira. Dena dela, komenigarria izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak hala proposatuta.

3.– Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere. Edozelan ere, bermatu egingo da talde guztiek iritzia eman ahal izatea.

4.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan. Gonbidatuek ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

24. artikulua.– Botazioa.

1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, Doktorego Eskolaren arautegiak edo bestelako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitateko botoak erabakiko du.

2.– Botazioa isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen duenean, eta pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.

3.– Aurkako botoa eman eta aktan hala jasoarazten dutenek edo abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Horrela, botazioa isilpekoa denean, botazioaren unean boto txartela eman beharko zaio organoko idazkariari, edo abstenitzeko asmoa adierazi. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.

4.– Hauteskunde prozesuetan izan ezik, kide anitzeko organoetako kideek botoa eskuordetu ahal izango diote organo bereko beste kide bati. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.

5.– Kide anitzeko organoko kideek aktan agerraraz dezakete euren boto partikularra eta boto hori emateko arrazoiak. Halakorik egiteko asmoa izanez gero, bileran bertan adierazi beharko dute eta idatziz aurkeztu, bilera bukatu eta 48 orduko epean, aktan jasota gera dadin. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

25. artikulua.– Bileretako aktak.

1.– Bileren aktak bi hizkuntza ofizialetan jasoko dira. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu beharko da. Idazkariak bide elektronikoen bidez bidaliko die aktaren zirriborroa kide anitzeko organoko kideei. Kide horiek bide horien bidez adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.

2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik ezin etorria adierazi dutenen aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta haien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta eztabaiden puntu nagusiak.

Kide anitzeko organoak egindako bilera guztiak grabatu ahalko dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bileran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilerako aktarekin batera jarri ahalko dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko premiarik izan gabe.

3.– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

26. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Kide anitzeko organoko idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– Doktorego Eskolak hiru egun balioduneko epean emango ditu argitara iragarki-ohol birtualean, onartutako erabakiak, betiere, batuen babesari buruzko araudiari jarraituz, eta, bermatu beharko du erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Edozelan ere, eragindako zuzenek erabakien jakinarazpena hartuko dute aipatutako epean.

27. artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.

1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman beharko zaie dagokien organoei.

2.– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslana esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

3.– Arautegi honetan aipatutako kide anitzeko organoen erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

VII. KAPITULUA
DOKTOREGAIAK, TUTOREAK ETA TESI ZUZENDARIAK

28. artikulua.– Definizioa.

UPV/EHUko doktoregaia izango da, indarreko arauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituela frogatu ondoren, UPV/EHUko doktorego eskola bateko doktorego programan onartua izan den eta bertan matrikulatu den pertsona.

29. artikulua.– Doktoregaien eskubideak.

UPV/EHUko Doktorego Eskolako doktoregaiek honako eskubide hauek izango dituzte, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan aitortzen zaizkienez gainera:

a) Kalitateko ikertzaile prestakuntza jasotzea, bikaintasun zientifikoa sustatuko duena eta gizarte erantzukizuna eta zuzentasuna aintzat hartuko dituena.

b) Prestakuntza prozesuan gidatuko duen tutorea edukitzea, bai eta tesia zuzenduko dion zuzendari bat (edo gehiago) edukitzea ere, ikerketan esperientzia frogatua duena.

c) UPV/EHUk eta doktorego eskolek beren doktorego programetan doktoregaiak ikertalde eta ikerketa sareetan sartzea sustatzea.

d) Ikerketako karrera profesionala ezagutzea; halaber, UPV/EHUk bere programetan ikerketa karrera garatzeko aukerak sustatzea.

e) Ikerketako prestakuntzarako eta mugikortasun nazional edo nazioartekorako programa eta laguntza deialdietan parte hartzeko eskubidea.

f) Prestakuntza jardueren ebaluazioa eta jarraipena egiteko arauen berri jasotzeko, besteak beste doktorego tesia egin, gordailuan utzi eta defendatzeko arauen berri.

g) Beren prestakuntza jardueren ebaluazioa egin dakien, irizpide publiko, objektibo, garden eta aurrez ezarrien arabera, eta kontuan harturik ikerlanek orokorrean erakusten duten sormena eta ikerketen emaitzak, hala nola argitalpenak, patenteak eta bestelakoak, eta hori guztia doktoregaiaren prestakuntzaren eboluzioaren testuinguruan azterturik.

h) Bere prestakuntzan zehar egindako lanen egiletza aitor dakien, eta haien jabetza intelektuala babes dakien, bereziki doktorego tesiaren eta haren aurretiko ikerlanen emaitzak, gai honi buruz indarreko legeriak zehazten dituen baldintzetan.

i) Egilekidetza aitortu eta ondo balora dadin, ikerketaren ikuspegi konstruktiboari dagokion bezala.

j) Ikerketa egiten duteneko erakundeen izenak erabiltzea, betiere UPV/EHUk «Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» izena eta bere erakunde irudia erabiltzeko zehaztuta dituen baldintzak errespetatuz.

k) Askatasuna izatea arazoak konpontzeko metodoak proposatzeko, jardunbide eta printzipio etiko onartuen eta jabetza intelektualari buruzko arauen barruan betiere, eta kontuan hartuta kasuan kasuko zirkunstantzien mugak, hala nola ikerketarenak eta ingurunearenak, gainbegiratze, orientazio eta kudeaketa lanarenak, aurrekontuarenak edo azpiegiturarenak.

l) Doktorego programen jarraipenean eta erakundearen ebaluazio prozesuetan parte hartzea, indarreko legeriak aurreikusita legez.

m) UPV/EHUrekin doktorego aurreko kontratu bat egitea, indarreko legerian eta doktoregoko ikasketen gestio arautegian ezarritako baldintzetan.

n) UPV/EHUko gobernu organoetako ordezkaritza eskubideei dagokienean, prestakuntza bidean dauden ikertzaile izaera aitor dakien, zientzia eta ikerketari buruzko legerian ezartzen denaren arabera.

o) Doktoregoko ikasle guztiek eskubide eta betebehar berberak izatea, alde batera utzita zein doktorego programatan dauden matrikulaturik.

p) Doktoregaiek eskubidea izango dute aitor dakizkien doktorego programan sartu aurretik eskuratuak zituzten ezagutzak eta gaitasunak edo lan esperientzia, indarreko legerian eta UPV/EHUko Estatutuetan eta haiek garatzeko arauetan aurreikusitako baldintzetan, eta mugikortasunerako eskubidea bermatze aldera. Aitorpen hori tituluaren gehigarri europarrean sartuko da, haren garapen arauetan hala zehazten bada.

q) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

30. artikulua.– Doktoregaien betebeharrak.

UPV/EHUren Doktorego Eskolako doktoregaiek, indarreko arautegietan eta UPV/EHUko Estatutuetan zehaztutako betebeharrez gain, honako hauek izango dituzte:

a) Ikastea eta bere hezkuntza osatuko duten jarduera akademikoetan modu aktiboan parte hartzea. Zehazki, harreman egituratua eta erregularra izatea tutoreekin eta tesi zuzendariekin, eta jardueren dokumentua eguneraturik izatea, indarreko arauei jarraikiz. Era berean, lehen urtea amaitu baino lehen ikerketa plan bat egin beharko dute, eta bertan honako hauek zehaztu gutxienez: helburuak, baliabideak eta denbora plana. Plana hobetu edo zehaztu ahal izango dute programan zehar, eta tutorearen edo zuzendariaren bermea eduki behar dute.

b) Beren arloan onartutako jardunbide etikoei eta oinarrizko printzipio etikoei men egitea, bai eta estatuko, sektoreko edo erakundeko kode deontologikoetan jasotako arau etikoei ere. Konpromisoa sinatu beharko dute doktorego eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko.

c) Datuen jabetza intelektualaren edo jabekidetzaren printzipioa errespetatzea, ikerketa egiten dutenean gainbegiratzaileekin edo beste ikertzaile batzuekin batera.

d) Segurtasun eta osasunari buruzko barne arauak ezagutu eta betetzea, bereziki laborategiak erabiltzeari, landa lanari eta ikerketaren bestelako inguruneei dagozkienak.

e) Ordezkaritza karguren baterako hautatua izanez gero, horri dagozkion eginbeharrak betetzea.

f) UPV/EHUren izena eta bere jardun zientifikoan zerbitzua ematen dien erakundeen izena erabiltzea, erakundeon barne arautegiari jarraikiz eta sinatzen dituzten hitzarmenen arabera.

g) Konfidentzialtasun betebeharra: Doktoregaiak isilpean gordeko du UPV/EHUk emandako informazioa, edozein modutan emandakoa dela ere, bai eta UPV/EHUko instalazioak, ekipoak edo azpiegiturak erabiltzean edo bertan lanean jardutean bereganatutako informazioa ere. Informazio hori publikoa ez den informazio guztia da, hala nola: UPV/EHUren sekretu industrialak, eskatutako patenteak, teknikak, prozesuak, protokolo esperimentalak, diseinuak, jarduerak edo azterlanak. Aurreko paragrafoetan adierazitako informazio guztia informazio konfidentziala da. Konfidentzialtasun betebeharra indarrean egongo da informazio hori publikoaren esku jartzen den arte.

Ez da konfidentziala izango honako informazio hau:

1.– Lankide akademikoak jakiten duenerako publikoa den informazioa, edo jakitera ematen dena bi aldeetako inork leialtasunari huts egin barik.

2.– Jakitera ematen den momentuan bi aldeek dagoeneko ezagutzen zuten informazioa, baldin eta eskuratu ez badute betebehar legalen bati huts egitearen ondorioz.

3.– Aldeetako batek epailearen aginduz jakinarazten duen informazioa.

h) UPV/EHUko Estatutuak eta haiek garatzeko arauak bete beharko dituzte.

31. artikulua.– Master ofizialetako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

Doktorego eskola bati atxikita dauden master ofizialetako ikasleek indarreko legeriak aitortzen dizkien eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

32. artikulua.– Tutorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Doktorego Eskolako doktoregai baten tutorea izango da bertako doktorego programa bateko batzorde akademikoak izendatzen duena doktoregaiaren eta doktorego programaren arteko harremanak bideratzeko. Tutorea izateko, ezinbestekoa izango da doktoregoaren gestiorako UPV/EHUko arautegian horretarako zehaztutako baldintzak betetzea.

2.– Tutoreek izan beharko dute behar den denbora, jakintza, esperientzia, gaitasun teknikoa eta ardura doktoregaiei laguntza egokia emateko; gainera, tutoreek aplikatzen jakin beharko dute doktoregaiek lanean aurrera egiteko eta egindakoa berrikusteko prozedurak eta erreakzio mekanismoak.

3.– Tutorearen eskubideak dira:

a) Doktorego Eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, bertako doktorego programetarako zehaztutako arauei jarraikiz.

b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta bere tutore lanerako baliabide material egokiak izatea.

c) Doktorego Eskolak tutoreentzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, beren doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.

d) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

4.– Tutorearen betebeharrak dira:

a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.

b) Doktoregaiei laguntzea beren prestakuntza prozesuan, ikasteko behar duten informazioa, orientazioa eta baliabideak emanez.

c) Doktoregaiei beren curriculum ibilbidea eratzen laguntzea.

d) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.

e) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.

f) Doktoregaiak bultzatzea lan mundura sartzeko, ibilbide profesionalari hasiera emateko eta etengabeko prestakuntzari ekiteko.

g) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.

h) Doktorego Eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

i) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.

33. artikulua.– Tesi-zuzendarien eskubide eta betebeharrak.

1.– Tesi zuzendariaren ardura izango da doktoregaiaren prestakuntza jarduerak koherenteak eta egokiak izatea, eta tesiaren gaiak bere arlora berrikuntza ekartzea eta eragina edukitzea. Era berean, zuzendariak doktoregaia gidatuko du tesirako lanak planifikatzean eta, hala dagokionean, lanok egokitzean doktoregaiaren gainerako proiektu eta jarduerekin ondo moldatzeko.

2.– Tesi-zuzendariek eskubide hauek dituzte:

a) Doktorego Eskolaren egitura eta jardueretan bete-betean txertatzea, arautegi honetan bertako doktorego programeterako zehaztutako arauei jarraikiz.

b) Instalazio akademiko egoki eta erabilerrazez baliatzea, eta tesiak zuzentzeko baliabide material egokiak izatea.

c) Tesi zuzendaritzan egindako lanen aitorpen akademikoa jasotzeko, doktorego programak proposatzeko arautegian ezarritako baldintzetan.

d) Doktorego Eskolak tesi zuzendarientzat eskaintzen dituen prestakuntza jardueretan parte hartzea, bere doktoregaien lana behar bezala gainbegiratu ahal izateko.

e) Indarreko legeriak eta UPV/EHUko Estatutuek eta gainerako arauek aitortzen dizkieten eskubide guztiak.

3.– Tesi-zuzendariek betebehar hauek dituzte:

a) Beren doktoregaien lana gainbegiratzeko konpromiso dokumentua sinatzea, UPV/EHUk zehazten duenaren arabera.

b) Doktoregaiekin harreman konstruktibo eta positiboa eratzea, baldintza egokiak sortzeko jakintzaren transferentzia eraginkorrerako eta doktoregaiek etorkizunean ikertzaile karrera ondo garatzeko.

c) Beren doktoregaien jarduera dokumentu pertsonalizatuak aldiro berrikustea.

d) Doktoregaien ikerketa planaz aldiro txostena egitea eta hari bermea ematea.

e) Arduratzea beren doktoregaiek ezagutu ditzaten beren jardueraren eremuaren helburu estrategikoak eta finantzabideak, eta behar diren baimenak eska ditzaten lanari ekin aurretik edo baliabideak eskuratu aurretik.

f) Arduratzea beren doktoregaien ikerketak emankorrak izan daitezen eta emaitza horiek hedatu eta aprobetxa daitezen, adibidez komunikazioen bidez, beste ikerketa batzuetara transferituz edo, hala dagokionean, merkaturatuz.

g) Bidea erraztea beren doktoregaien ikerketak gizarte osora zabal daitezen, adituak ez direnek ulertzeko moduan, hartara jende guztiak hobeto ezagutu ditzan.

h) Arduratzea beren doktoregaiek modu seguruan lan egin dezaten beti, estatuko legeetan zehaztutako jarraibideak betez. Era berean, arduratzea beren doktoregaiek behar diren neurriak har ditzaten datuen babesari eta konfidentzialtasunari buruz legeak agindutakoa betetzeko.

i) Ezgaitasunak dauzkaten doktoregaien premiak aintzat hartzea, UPV/EHUk ezarritako jarraibideen arabera.

j) Doktorego Eskolaren jardunbide egokien kodea betetzeko konpromisoa sinatzea.

k) Indarreko legeriak ematen dizkien gainerako guztiak.

VIII. KAPITULUA
NAZIOARTEKO AHOLKULARIEN BATZORDEA

34. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordea sortzea.

Doktorego Eskolak Nazioarteko Aholkularien Batzordea sortu ahal izango du. Batzordean egongo da eskolan lantzen diren jakintza adar bakoitzeko edota jakintzaren transferentziaren arlo bakoitzeko pertsona bat gutxienez, eta osakide guztiak itzal handikoak izango dira.

35. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordeko kideak izendatzeko proposamena.

Doktorego Eskolako zuzendariak proposatuko dizkio errektoreari, eskolako Zuzendaritza Batzordearen iritzia entzun eta gero, Nazioarteko Aholkularien Batzordea osatuko duten pertsonen izenak.

36. artikulua.– Nazioarteko Aholkularien Batzordearen eginkizunak.

Doktorego Eskolako Nazioarteko Aholkularien Batzordeak eskolaren jarduera akademikoen eta jardun ildoen ebaluazioa egingo du urtero; gainera, kontseilu iraunkorrak eskatzen dizkion gainerako txostenak ere egingo ditu.

IX. KAPITULUA
HAUTESKUNDEEI BURUZKO ARAUBIDEA

37. artikulua.– Hauteskundeetarako deia.

1.– Doktorego Eskolako zuzendariaren eskumena da, Zuzendari Batzordeak aldez aurretik erabakia hartuta, kide anitzeko organoetako kideak aukeratzeko hauteskundeetarako deia eta egutegia onartzea. Egutegian honakoak zehaztu beharko dira: hautagai zerrendak aurkezteko epea; inpugnazioak; botazio egunak; behin-behineko eta behin betiko emaitzak aldarrikatzeko eguna. Guztia bat etorrita UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrarekin.

2.– Doktorego Eskolako Hauteskunde Batzordearen osakide izango dira doktorego eskolako zuzendaria, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da) eta eskolako idazkaria (batzordeko idazkaria izango da).

Gainera, osakide hauek ere izango ditu zozketaz aukeratuak:

a) Doktorego Eskolara atxikitako graduondoko programetako koordinatzaileen ordezkari bat.

b) Ikasleen ordezkari bat.

c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Gobernu organorik ez balego, Hauteskunde Batzordea honela eratuko da:

a) Burua: eskolako graduondoko programetako koordinatzaileen artean kategoria eta antzinatasun handiena daukana.

b) Idazkaria: eskolako graduondoko programetako koordinatzaileen artean kategoria eta antzinatasun handiena daukana.

Hauek guztiek botorako eskubidea izango dute hauteskundeetan.

3.– Doktorego Eskolako hauteskundeetan, honakoak izango dira barrutiak:

a) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko, hauteskunde barruti bakarra egongo da: Doktorego Eskola.

b) Ikasleen eta graduondoko programetako koordinatzaileak aukeratzeko, Doktorego Eskolako jakintza adar bakoitzeko barruti bat egongo da.

Hautesleen erroldak eta hautagai zerrendak hauteskunde barrutiaren araberakoak izango dira.

38. artikulua.– Hauteskunde egutegia.

1.– Hautesleen erroldak gutxien dela 6 egunean egon behar dira jendaurrean doktorego eskolak irakaskuntza daukan ikastegi guztietan (iragarki ohol fisikoetan eta elektronikoetan), bai eta Doktorego Eskolaren administrazio egoitzan bertan ere. Erroldan akatsik egonez gero, doktorego eskolak zuzenduko ditu ofizioz, edo interesdunak horretarako epean inpugnazioa aurkeztuta, eta eskolak akatsa dagoela egiaztatu eta gero.

Zuzendaritza Batzordeko hauteskundeetarako, hautagai zerrendak aurkezteko epea gutxienez zazpi egunekoa izango da, eta gutxien dela botazio eguna baino hamar egun lehenago amaituko da.

2.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18 eta 19. artikuluen ondorioetarako: artikulu horietan ikastegiko dekanoa edo zuzendaria aipatzen denean, Doktorego Eskolako zuzendariaz ere ari dela ulertu beharko da.

Artikulu horietan Ikastegiko Batzarra aipatzen denean ulertu beharko da Doktorego Eskolako Zuzendaritza Batzordeaz ere ari dela.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jakintzaren adarrak.

Jakintza adarrak dira urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoak:

Arteak eta Giza Zientziak

Zientziak

Osasun Zientziak

Gizarte eta Lege Zientziak

Ingeniaritza eta Arkitektura

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Doktorego Eskolako Ikasleen Kontseilua.

Doktorego Eskolak Ikasleen Kontseilua eratuko du, Zuzendaritza Batzordean ikasleek duten ordezkariek osatutakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau subsidiarioak.

Arautegi honetan zehaztuta ez dagoen guztirako doktorego programetako ikasketei buruzko arau akademikoetan zehaztutakoa ezarriko da, eta, egoki denean, master ofizialei buruzkoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikasketak Master eta Doktorego Eskolan hasita dituzten ikasleek iraute arauetan zehaztutako epea izango dute Doktorego Eskolan ikasketak bukatzeko, eta eskola hori izango da epe horretan sortzen diren gorabeherak ebazteko arduraduna, egoki izanez gero, aldez aurretik masterreko batzorde akademikoarekin adostasunera helduta.

Era berean, Master eta Doktorego Eskolako ikasleen espedienteak Doktorego Eskolaren zaintzapean geratuko dira, eta eskola honek egingo ditu ziurtagiriak eta izapidetuko ditu kasuan kasuko tituluak.

AZKEN XEDAPENA

Honako arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala