74. zk., 2019ko apirilaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (304 KB - 7 orri.)
- EPUB (230 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
DEUSEZTATUTAKO XEDAPENA
XEDAPEN OROKORRAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1920
63/2019 DEKRETUA, apirilaren 9koa, komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzen dituena.
Biohondakinek Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako etxeko hondakinen frakzio oso handia hartzen dute. Biohondakintzat jotzen dira etxeetan etxeko jardueren ondorioz sortutako hondakinak, baita zerbitzu zein industrietan antzeko jardueren ondorioz sortutako hondakinak ere, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera. Etxeko hondakinen frakzio hori % 28koa da. Hala, 2016. urtean, guztira, 317.781 t izan ziren.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE zuzentarauak, hondakinei buruzkoak, estatu kideei eskatu zien behar ziren neurriak har zitzatela biohondakinak gaika biltzeko, hondakin horien konpostajea eta digestioa egiteko xedearekin.
Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, Autonomia Erkidegoaren politikak hondakinen gaiari buruz dituen printzipioak zerrendatzen dira (69. artikulua). Horien artean daude, esaterako, hauek, ordena hierarkikoan: a) jatorrian prebenitu eta minimizatzea, produkzioa eta kaltegarritasuna murriztuz; b) berrerabiltzea, birziklatzea eta balorizatzeko zein zikloak ixteko beste edozein forma sustatzea; c) balorizatu ezin daitezkeen hondakinak egoki deuseztatzea eta egoki kudeatzeko behar diren bitartekoak ezartzea.
Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak 24. artikuluan Europako Erkidegoaren agindua garatu zuen, eta aipamen berezia egiten dio, hondakinak kudeatzeko plan eta programen bidez, etxeko eta komunitateko konpostajea sustatzeko beharrari.
Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2020rako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planean, baita 2016ko haren berrikuspenean ere, xede espezifiko bat ezarri zen etxeko konpostajea eta komunitateko konpostajea sustatzeko, horrelako ekimenen jarduketa orokortuak dagozkien foru-planetan txerta daitezela programatuz.
Etxeko eta komunitateko konpostajea Europar Batasuneko estatu kideetan sustatzen diren jarduerak dira, baita Europar Batasuneko biohondakinen kudeaketari buruzko Liburu Berdea bezalako Europako dokumentu ofizialetan ere. Halere, kontzeptu horiek gero eta gehiago erabiltzen badira ere, ez daukate definizio positibaturik testu arauemaileetan, nahiz eta nolabaiteko isilbidezko adostasuna dagoen modalitate horietako bakoitzari buruz ulertu behar denaren inguruan. Egoera hori dela eta, kontzeptu horien lege-definizioa eta araubide juridikoa behar dira, eta hori da, hain zuzen, xedapen arauemaile honetan egin dena.
Europako Batzordeak prebentzio-kontzeptuaren interpretazio ireki bat onartu du, eta Hondakinen Prebentziorako Programak Prestatzeko Gidan hau adierazi du: «etxeko konpostajea (home composting) prebentziotzat jo daiteke zentzu zabalean» (2012ko urria).
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera horiek de facto ezarri eta garatzen ziren behar beste argitu gabeko araubide juridikorik gabe, hau da, zentzu zabalean hondakinak prebenitzeko horrelako jarduketen eta, beste baimen batzuen artean, hondakinak kudeatzeko baimena behar duten hondakin-tratamenduen bestelako jardueren artean mugak ezartzen dituen araubide juridikorik gabe.
Zenbait estatu kidek mota honetako konpostajea prebentzio-plan eta -estrategietan sartzen dute, nahiz eta berariaz onartzen duten neurri horiek, zentzu hertsian, ez dakartela prebentziorik.
Estatuan Hondakinen Plan Nazional Integralean agertzen da eta bertan prebentzio-neurri gisa hauxe jaso da: «etxeko eta komunitateko konpostaje-programekin jarraitu behar da eta horiek zabaldu behar dira». Era berean, Hondakinak Prebenitzeko Estatuko Programan hau adierazi da –prebentzio-neurri gisa aipatzen da Etxeko Jatorria duten Hiri Hondakinen Programan–: «etxeko eta komunitateko konpostaje-programekin jarraitu behar da eta horiek zabaldu behar dira».
Euskal Autonomia Erkidegoan, ildo horretako lehen urrats bat izan zen Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko urriaren 19ko 1/2015 Instrukzioa onartzea, EAEko lurralde-eremuan komunitateko konpostaje-instalazioek bete behar dituzten administrazio-prozedurei buruzkoa. Dokumentu hartan argitu zen komunitateko konpostajea, zentzu zabalean, hondakinak tratatzeko eragiketa bat izan gabe, hondakinak prebenitzeko jarduketa bat dela, betiere instalazioek konpostaje zentralizatuko instalazioetatik bereizten dituzten baldintza batzuk betetzen badituzte.
Dekretu honen xede nagusia da ingurumena eta pertsonen osasuna babestea. Horretarako, etxeko biohondakinak konpostatzen diren instalazio eta jarduerek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira, horiek hondakinak prebenitzeko jardueratzat hartu ahal izateko, zentzu zabalean. Hori dela eta, baldintzak ezarri dira alderdi hauen inguruan: komunitateko konpostajearen xede izan daitezkeen hondakinak, instalazioen kokapena eta ezaugarriak, prozesuaren kontrola eta lortzen den konpostaren kalitate-kontrola. Era berean, instalazioek titular bat eta teknikari arduradun bat izan behar dituzte, eta bien eginkizunak ere zehaztu egin dira.
Lortzen den konpostaren balizko erabilerei dagokienez, materialari emango zaion erabileraren arabera aplika daitekeen araudira igortzen du dekretu honek, eta ez badago araudi espezifikorik, nabarmentzen du lortutako konposta erabiltzaileek erabil dezaketela beren lursailetan, eta elikakatearekin erlazionatutako erabilerak saihesteko zuhurtzia izan behar dela.
Bestalde, horrelako instalazioek molestiak sor ditzakete, eta, beraz, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera sailkatutako jardueratzat jotzen dira. Halere, duten inpaktua garrantzi gutxikoa denez, dagokien administrazioaren esku-hartzearen araubidea aurretiazko komunikazioa behar duten jarduerena izan daiteke, Lege horretako II.B eranskinean aurreikusia.
Azkenik, adierazi behar da ikastetxeetan sortzen diren eta etxeetakoekin parekatu daitezkeen hondakinak ere konpostatu daitezkeela sortzen diren tokian, xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betez.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, nahitaezko aholku-organoei iritzia eskatuta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzea, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko helburuarekin.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoan komunitateko konpostajerako diren instalazio eta jarduerei, publiko zein pribatuei, aplikatuko zaizkie, dekretu honetan ezarritakoa betez, baldin eta ez badaude hondakinak tratatzeko eragiketen baimen-araubidearen mende, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeko 27. artikuluan aurreikusi bezala.
3. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honen ondorioetarako, kontzeptu hauek definitu behar dira:
a) Biohondakina: lorategi eta parkeetako hondakin biodegradagarriak, etxeetatik, jatetxeetatik, sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetatik eta txikizkako establezimenduetatik ateratako elikagai- eta sukalde-hondakinak, eta elikagaiak prozesatzeko instalazioetatik datozen antzeko hondakinak.
b) Konposta: gaika bildutako hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobikotik lortutako medeagarri organikoa.
c) Konpostajea: material biodegradagarri organikoen transformazio biologiko aerobiko eta termofiloaren prozesu kontrolatua. Horren bidez, ongarri edo medeagarri organikoak eta/edo produktu organiko mota batzuk lortzen dira.
d) Komunitateko konpostajea: sistema bat, zeinaren bidez hainbat erabiltzailek beren biohondakinak eremu komun batean konpostajearen bitartez tratatzen baitituzte, betiere dekretu honetako mugak eta baldintzak kontuan hartuta.
e) Material egituratzailea/osagarria: zurezko materiala edo landare-jatorriko lignifikatua, zeinak, biohondakinarekin proportzio egokian nahasten bada, airea nahasketan barrena ibiltzea ahalbidetzen baitu; izan ere, ez du trinkotzen uzten, karbonoa ematen du eta hezetasuna erregulatzen du.
f) Komunitateko konpostaje-instalazioa: konpostaje-prozesua osorik (deskonposizio- eta heltze-faseak barne, baita material egituratzailea biltegiratzea eta konposta lortzea ere) egiteko behar den eta leku jakin batean dagoen ekipamendua.
g) Lotea: komunitateko konpostaje-instalazio bateko edo batzuetako konpost heldua. Konpost horren prozesuan dekretu honetako 8. artikuluan ezarritako baldintzak bete dira. Lote bat konpost helduaren hainbat azpilotek osa dezakete, baldin eta bi baldintza hauek betetzen badira:
– Azpilote eta lote guztien trazabilitatea bermatzea.
– Titular beraren instalazio batetik edo batzuetatik eratortzea.
– Dagozkien degradazio-faseak era bereizi eta kontrolatuan amaituta izatea, gutxienez, 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Azpilotea: lote bat eratzen duten partidetako bakoitza, betiere horiek konpost heldutzat jotzen badira 8. artikuluaren arabera.
i) Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako erabiltzaileak: hondakin biodegradagarriak dekretu honetan zehaztutako komunitateko konpostaje-instalazioetan uzten dituzten pertsona fisikoak.
4. artikulua.– Komunitateko konpostajea hondakinak prebenitzeko eragiketa gisa.
1.– Zentzu zabalean, komunitateko konpostaje-instalazio eta -jarduerak hondakinen prebentzio-jardueratzat joko dira, baldin eta dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Instalazio eta jarduera horiei ez zaie aplikatuko hondakinak tratatzeko eragiketen baimen-araubidea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan aurreikusia dagoena.
3.– Baldintza horiek betetzen dituzten instalazio eta jarduerak aurretiazko komunikazioa behar duten jardueren araubidearen mendeko jarduera sailkatutzat joko dira, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 55. artikuluaren eta hurrengoen ondorioetarako. Aipatutako legearen II. B) eranskineko 14. apartatuan kokatuko lirateke.
5. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazioen kokapena.
Komunitateko konpostaje-instalazioak kokatuko dira instalazio horiek hartuko dituzten udalek ezarritako arauen arabera, pertsonei molestiak sortzea saihestearren eta, nolanahi ere, errespetatu egingo dira jabari publikoko guneak eta legez ezarritako zortasunak, baita unean-unean indarrean egon daitezkeen bestelako arauetatik eratorritako beste edozein muga ere.
6. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazioen ezaugarriak.
1.– Komunitateko konpostaje-instalazioek ez dituzte izango hamar metro kubiko baino gehiago, bolumenaren aldetik, konpostaje-prozesua egiteko.
2.– Bolumena neurtzeko, instalazioa osatzen duten ekipamendu guztiak izango dira kontuan, eta alde batera utziko dira material egituratzailea jasotzeko eta konposta biltegiratzeko ekipamenduak.
3.– Hainbat azpilote izanez gero, azpiloteak beren artean ez nahasteko eran diseinatu behar da instalazioa.
7. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazioetan onar daitezkeen hondakinak.
Komunitateko konpostaje-instalazioetan soilik biohondakin hauek konpostatu ahal izango dira:
(Ikus .PDF)
8. artikulua.– Komunitateko konpostaje-prozesua kontrolatzea.
1.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren titularrek bermatu egin beharko dute arrisku biologikoak eraginkortasunez arintzen direla prozesua baldintza egokietan mantenduta. Prozesu horri hurrengo apartatuan adierazten diren tenperaturaren eta edukitze-denboraren kontrolak egin beharko zaizkio.
2.– Lortzen den konpostaren higienizazioa ziurtatzeko, ezinbestekoa izango da konposta 55.ºC-tik gorako tenperaturetan egotea elkarren segidako hamalau eguneko gutxieneko denboraldi batean, patogenoak, parasitoak eta belar txarren haziak deuseztatu direla bermatzearren. Edozein arrazoi dela eta, ez badira baldintza horiek betetzen, lortzen den produktua, baldin eta berriro ere prozesuan sartzen ez bada, hondakin gisa kudeatu beharko da dagokion zerbitzu publikoaren bidez.
9. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea.
1.– Prozesua amaitzean, aurreko artikuluko baldintzak beteta, instalazioaren eta jardueraren titularrak bermatu beharko du lortutako konpost helduaren lote bakoitza kontrolatu egiten dela, lagin adierazgarri baten bidez, eta muga hauek betetzen direla bermatuko du:
a) Salmonellarik ez izatea (produktuaren 25 g-tan).
b) Escherichia coli < 1.000 kop. probableena produktuaren gramo bakoitzeko.
2.– Konpost helduaren lote bat hainbat azpilotek osatzen badute, horietako bakoitza banaka aztertu beharko da.
3.– Muga horiek gainditzen dituen konposta ez bada berriro prozesuan sartzen, hondakin gisa kudeatu beharko da dagokion zerbitzu publikoaren bidez.
10. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako titular eta teknikari arduradunaren betebeharrak.
1.– Instalazioen titularrak betebehar hauek izango ditu:
a) Ziurtatu beharko du jarduerak teknikari arduradun bat duela, hau da, dekretu honetako 8. eta 9. artikuluak betetzeko ardura duen teknikaria. Teknikari horrek behar besteko gaitasun teknikoa izango du ziurta dezan prozesua, hala instalazioak eta jarduerak nola lortutako konposta, ingurumena eta pertsonen osasuna babesten duten baldintzetan gauzatzen dela.
b) Jakinaraztea prozesuari edo produktuari eragin diezaioketen gertaerak instalazioa kokatuta dagoen udaleko arloko arduradunari.
c) Ziurtatzea konposta dekretu honetan aurreikusitako erabiltzaile eta erabileretarako soilik banatzen dela, konpostaje-prozesua amaitzen denean eta dekretu honetako 8. eta 9. artikuluetan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen denean.
d) Bermatzea hurrengo apartatuan aipatutako artxibo kronologikoak eskatutako informazioa duela eta udalaren esku egongo dela hiru urtean gutxienez.
2.– Instalazio bakoitzaren teknikari arduradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Kontrolatzea konpostatuko biohondakinen tipologia, dekretu honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Kontrolatzea konpostaje-prozesua, dekretu honetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Kontrolatzea agente patogenoak, dekretu honetako 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Komunitateko konpostaje-instalazioetan egindako jardueren artxibo kronologiko bat eramatea; bertan, informazio hau adieraziko da:
– Tenperaturaren eta edukitze-denboraren kontrol-emaitzak.
– Organismo patogenoen kontrol-emaitzak.
11. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren erabiltzaileen prestakuntza.
Komunitateko konpostaje-instalazioak eta jarduerak ezartzen diren tokietako udalak arduratuko dira erabiltzaileek prozesua era egokian eta, edonola ere, dekretu honetan ezarritakoaren arabera egin ahal izateko behar den prestakuntza edo gaitasuna izateaz.
12. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako konposta biltegiratzea.
1.– Lortutako konposta komunitateko konpostaje-instalazioetan biltegiratu ahal izango da, heltze-prozesutik lortutako konpostaren ezaugarriak ez direla aldatzen ziurtatzeko eran.
2.– Instalazioaren titularrak komunitateko konpostaje-instalazioetatik kanpo biltegiratzea erabakitzen badu, biltegiratze hori instalazioaren titularraren erantzukizunpean egingo da, kontainerizatuta eta/edo ontziratuta eta toki estalian, heltze-prozesutik lortutako konpostaren ezaugarriak aldatzen ez direla eta konposta erabiltzaileak ez direnen artean banatzen ez dela bermatzeko eran.
13. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueretako konposta erabiltzea.
1.– Lortutako konposta instalazioetako erabiltzaileek soilik erabiliko dute erabilera partikularrerako; ezingo dute bideratu elikakatearekin erlazionatutako erabileretarako.
2.– Udalek (titularrak diren instalazioetako konpostaren erabiltzaile gisa) instalazioetatik lortutako konposta erabili ahal izango dute, elikakatearekin erlazionatutako erabileretan izan ezik.
3.– Nolanahi ere, instalazioen titularrek ziurtatu beharko dute lortutako konposta era egokian erabiltzen dela, eta material horretaz baliatuko den erabilerak duen araudia betetzeko ardura izango dute.
14. artikulua.– Komunitateko konpostaje-instalazioak erregistratzea.
1.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 66.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, udalek udalerrian egiten den titulartasun publiko edo pribatuko komunitateko konpostajerako instalazioak eta jarduerak txertatu beharko dituzte jarduera sailkatuen udal erregistroan. Aipatutako erregistroan informazio hau jasoko da:
a) Instalazioaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren –publikoa izan edo pribatua izan– identitatea.
b) Arduradun tekniko gisa jarduten duen pertsonaren identitatea.
c) Instalazioetako erabiltzaileen identitatea.
d) Instalazioen kokapena.
e) Instalazioen edukiera.
2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez, komunitateko konpostaje-instalazioak barne hartuta dauden jarduera sailkatuen udal erregistroaren apartatuan edo atalean sexuaren aldagaia jaso beharko da, datuak bereiz bildu eta ustiatzeko.
3.– Udalek neurri egokiak hartuko dituzte instalazioetako titularrek dagokien informazioa eguneratuta mantentzen dutela bermatzeko.
15. artikulua.– Informazioa eskatzea udalei.
Estatistika ofizialak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ingurumen-organoak azken hiru urteetako informazioa eskatu ahal izango die instalazio horiek kokatuta dauden udalei beren eremu geografikoan dauden komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren inguruan.
16. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean edo Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatzea ekarriko du.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Konpostajea ikastetxeetan.
Ikastetxeetan sortzen diren eta etxeetakoekin parekatu daitezkeen hondakinak konpostatu daitezke sortzen diren tokian. Halere, konpostaje-kasu zehatz honetan, baldintza hauek ezartzen dira:
a) Hala prozesuak nola lortzen den konpostak betetzea dekretu honetako 8. eta 9. artikuluetan aipatutako prozesu-baldintzak eta organismo patogenoen kontrola.
b) Lortzen den konposta esklusiboki erabiltzea ikastetxean bertan, eta alde batera uztea elikakatearekin erlazionatutako erabilerak; eta konposta banatzea debekatuta egongo da.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lehendik dauden instalazioak egokitzea.
Dekretu hau indarrean jartzen denetik hiru urteko gehieneko epean, lehendik dauden komunitateko konpostaje-instalazioak eta -jarduerak dekretu honetan aurreikusitakora egokitu beharko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Dekretua garatzeko arau-gaikuntza.
Ingurumenaren arloan eskumenak dituen sailari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapen eta jarraibide tekniko guztiak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.