3. zk., 2019ko urtarrilaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (695 KB - 5 orri.)
- EPUB (240 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
57
AGINDUA, 2018ko abenduaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Villambrosan -Erriberagoitin- (Araba) kokatutako San Andres eliza monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Villambrosan -Erriberagoitin- (Araba) kokatutako San Andres elizak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2018ko urriaren 18ko Ebazpenaren bidez (urriaren 24ko EHAAn argitaratu zen, 205. zenbakian).
Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Villambrosan -Erriberagoitin- (Araba) kokatutako San Andres eliza Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian inskribatzea, monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa.
Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Eskaera egitea Erriberagoitiko Udalari, higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.
Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Erriberagoitiko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
Mugaketa.
a) Deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua barne hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, elizaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, 16 metrora trazatua.
Mendebaldean, alde horretatik pasatzen den bide publikoaren kanpoaldeko ertza.
Hegoaldean, elizaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, 50 metrora trazatua.
Eta, azkenik, ekialdean, jabegoaren alde horretako muga.
b) Justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago, Villambrosako San Andres elizaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu beharra dagoelako. Ondasun katalogatua behar bezala babesteko eta balioa emateko, ingurua ere mugatu behar izan da, eta horrek berekin dakar elizaren ondoko guneak babestea, hau da, inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea, elizaren izaera berezia iraunarazteko xedez. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
Deskribapena.
Villambrosako San Andres eliza oinplano errektangularreko tenplua da, nabe bakarrekoa, harlangaitzez egina, iparraldean lau kontrahorma dituela. Lau isuriko habe-estalkia dauka.
Elizaren iparraldean, alboan, hilerria dago, horma batez itxia. Tenpluaren mendebaldean erdi-puntuko hiru arkuko kanpai-horma bat dauka, bi kanpairekin. Kanpai-hormaren ondoan elizpea zegoen (gaur egun jausita dago): bi arku beheratu, erdian sekzio karratuko zutabe bat, eta habe-estalkia. Sarrera dintelatua dauka.
Barrualdea nabe errektangular bat da, bi tarterekin. Lehenengo tartea, ganga tertzeletedun batez estalita dago. Gangaren nerbioak mentsulen gainean jarrita daude. Bigarren tartea kanoi zorrotzeko ganga batez dago estalita. Antzina, tarte horrek ere ganga tertzeletedun bat zeukan estalkitzat, nerbioen hondarrek erakusten dutenez. Nabearen oinetan goiko korua dago. Hutsune zirkular bat dauka mendebaldeko horman, koruaren gainean. Erretaula barrokoa dauka, baita ur bedeinkatu ontzia eta bataiarria ere, iparraldeko aldean. Alde horretan, harlangaitzezko horma bat dago, espazio horri eutsi eta hura ixten duena. Hormaren lehen tartean, sakristia dago; oinplano errektangularrekoa, sabai aizuneko estalkiarekin.