Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2018ko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
6265

179/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoan otsailaren 18ko 3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa (aurrerantzean HNL), lehendabiziko arauzko erreferente orokorra izan zen haurren gaia eta, bereziki, haurren eta nerabeen artapenaren eta babesaren gaia eta haien eskubideen nahiz erantzukizunen defentsaren, bermearen eta sustapenaren gaia jorratzerakoan.

Lege hori estatu-mailako legeria inspiratzen duten planteamendu eta printzipioetatik abiatzen da. Estatu-mailako legeria hori osatzen dutenak honako hauek dira: urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa, Adingabeen Babes Juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batean aldatzen dituena (aurrerantzean ABJLO); Kode Zibila bera; eta Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea. Gauzak horrela, aipatutako legeak arauzko testu bakarrean jasotzen ditu haurren eta nerabeen alde aintzatetsitako oinarrizko eskubideak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen esku-hartzea gidatu behar duten printzipioak ezartzen ditu haurrak eta nerabeak babesteko dituzten eskumenenen egikaritzan, eta, aldi berean, haurren gaiari buruzko eskumenen esparrua argitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Eusko Jaurlaritza), Foru Administrazioaren (foru-aldundiak) eta Udal Administrazioaren (udalak) artean.

Halaber, arrisku- edo babesgabezia-egoeran dauden haur eta nerabeen babesa izan zen erregulazio berrian protagonismorik handiena hartutako beste jarduketa-eremu nagusietariko bat. Horren inguruan, haur edo nerabe bati eragiten dioten duten arrisku- eta babesgabezia-egoeretan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek esku hartzeko duten betebeharrari dagokionez, aipatutako lege-testuak berak familia-harrera egituratzen zuen babes-erakunde berri gisa.

Filosofia horretatik abiatuz, EAEko administrazio publikoek egoera horiei aurre egiteko har ditzaketen babes neurrien artean, HNLk bereziki azpimarratzen ditu adingabea familiarengandik edo familia-ingurunetik bereizi beharra dakarten neurriak eta, zehatzago, familia-harrerari dagokion neurria; horretarako, aipatutako lege-testuaren III. tituluaren II. kapituluak haur eta nerabeen babesari buruzko 6. atalean garatzen ditu neurri zehatz horren gaineko arauzko xedapenak.

Bereziki, familia-harreraren babes-neurria kontzeptuatzeaz gain, familia-harreraren modalitateak zehazten ditu, horretarako Kode Zibilean jasotako xedapenei men eginez. Halaber, prozedurarako zenbait jarraibide ezartzen ditu familia harreragileen egokitasuna zehazten duten zirkunstantzien balorazioaren inguruan eta familia-harrera formalizatzeko prozeduraren inguruan, betiere neurriaren aplikazioan eta zehaztapenean gutxieneko uniformetasuna erdietsi nahian. Azkenik, zenbait xedapen jasotzen ditu familia-harrerako neurria amaitzeari buruz eta familia-harrerarako laguntzari eta haren ikuskapenari buruz.

Aurrekoa gorabehera, HNL duela hamahiru urte baino gehiago onartu zenetik, familia-harrerako neurria –egoitza-harreraren babes-neurria ez bezala– ez da arau bidez garatu denbora-tarte horretan guztian.

Gertakari hori oztopoa izan da hiru lurralde historikoek babes-eremu horretan batera eta modu paraleloan aurre egin ahal izateko. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan hutsune juridikoa sortu da, betiere foru-aldundiek euren tutoretzapean edo zaintzapean dituzten adingabeen familia-harreraren prozedura osoan zehar garatu beharreko jarduketak eta faseak argitzeko beharrezkotzat jotzen diren prozedura-irizpide, -gidalerro eta -jarraibideak zehazteari eta ezartzeari dagokionez; eta hori halaxe gertatu da ezarritako familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, hura indarrean egon bitartean eta amaitutzat eman ondoren ere.

Testuinguru horretan, kontuan hartzekoa da uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa eta uztailaren 28ko 26/2015 Legea onartu direla, biak ala biak haurren eta nerabeen babes-sistema aldatzekoak eta, besteak beste, jadanik gorago aipatutako ABJLO eta Kode Zibila aldatzea eragin dutenak.

Eta hori guztia, egindako aldaketen artean nabarmentzen direlako familia-harrerari dagozkionak eta familia-harrera egoitza-harreraren aldean lehenestea helburutzat dutenak. Horren oinarria da adingabeak familia-giroa behar duela nortasuna modu egokian garatzeko, alderdi horri dagokionez erabateko adostasuna baitago psikologiaren eta pedagogiaren eremuko profesionalen artean.

Aurreko premisatik abiatuta, ABJLOren 12. artikuluak lehenengo apartatuan honako hau ezartzen du: «botere publikoek adingabeak babestuko dituzte arrisku-egoerak prebenituz, atzemanez eta horiei konponbidea emanez, betiere horretarako egokiak diren zerbitzuak eta baliabideak ezarriz, zaintza egikarituz eta, babesgabezia deklaratuz gero, legearen ministerioak tutoretza bere gain hartuz. Edozein kasutan ere, babes-jarduketetan familia-arloko neurriak lehenetsiko dira bizileku-neurrien aldean, egonkorrak aldi baterakoen aldean eta adostuak ezarritako neurrien aldean».

Eta, horrekin bat etorrita, araudi-berrikuntza bat sartzen du, bosgarren eta seigarren apartatuetan. Hain zuzen, adingabeak babestu behar dituzten erakunde publikoei ezartzen die betebehar bat, hartutako babes-neurriak berariaz ezarritako epeetan berrikustekoa, arreta berezia jarrita bi urtetik gorako aldi baterako familia-harreran dauden haur eta nerabeengan. Hartara, haur edo nerabe bakoitzaren jarraipen pertsonala egitera eta hartutako babes-neurria berrikustera behartzen da.

Halaber, adingabeei dagokienez, ABJLOren 11.2 artikuluak botere publikoen jardunaren printzipio gidarien artean ezartzen du honako hau: «Jatorrizko familiari eutsiko zaio, baldin eta haren interesarentzat egokia bada; hala izan ezean, familia-babesaren aldeko neurri iraunkorrak hartzea bermatu beharko da, kasu horietan familia-harrera erakunde-harreraren aldean lehenetsiz».

Aurrekoarekin hertsiki lotuta, lege-testu beraren 20. artikuluak erraztu egiten du familia-harreraren eraketa –egoitzakoarekin parekatuta–, arintasunaren mesedetan eta adingabeen interesa zaintze aldera, nahiz eta aurretik gurasoen edo tutoreen adostasunik eduki ez, hargatik eragotzi gabe jurisdikzio-kontrola.

Bestalde, familia-harreraren formalizazioa lantzen du, bai eta harekin batera joan behar duen dokumentu erantsiaren edukia ere, eta pertsona edo familia harreragilearen egokitasuna aurretik baloratzeko beharra sartzen da, eta jarraian eta estatu-mailako lege-araudian lehen aldiz, balorazio hori egiteko jarraitu beharreko irizpideak zehazten dira; irizpide horiek, orain arte, ez dira estatu-mailako araudian jaso.

Eta, azkenik, familia-harreraren modalitateak birdefinitzen ditu, pertsona edo familia harreragilearen ezaugarriekin lotuta: adingabearen familia zabalak egiten duena edo beste familia batek egiten duena.

Horretaz aparte, ABJLOren 20 bis artikuluan pertsona edo familia harreragileen eskubideak eta betebeharrak zerrendatzen dira. Aitzitik, 21 bis artikuluak hartutako adingabeen eskubideak soilik jasotzen ditu, oro har, eta harreraren modalitateari –familiakoa edo egoitzakoa– erreparatu gabe, eta familia-harreran daudenean dituzten eskubide espezifiko batzuk eransten ditu.

Azkenik, azpimarratzekoa da ABJLOren 21. artikuluaren hirugarren apartatuaren edukia. Apartatu horrek, egoitza-harrera arautzeko artikuluaren baitan doanez, adierazten du familia-harrera gailendu behar zaiola egoitza-harrerari, eta, neurri hori bete, beteko dela ziurtatzeko, honako xedapen hauek ezartzen ditu, adingabeak babesteko betekizuna daukaten erakunde publiko guzti-guztiek bete ditzaten: umeak bizimodua familia-giroan egiteko bidea errazteko, lehentasuna emango zaio familia-harrerari egoitza-harreraren aurrean, edozein adingaberen kasuan, baina, bereziki, sei urtetik beherakoen kasuan; ez da erabakiko hiru urtetik beherakoei egoitza-harrera ematerik, ez bada familia-harrerako neurria une horretan bertan ezartzeko behar bezala egiaztatutako ezintasunagatik edo neurri hori adingabearen interes gorenari ondo ez badatorkio. Halaber, egoitza-harrera erabakitzeko hemen ezarritako muga hori sei urtetik beherakoei ere aplikatuko zaie ahalik eta eperik laburrenean, eta, nolanahi ere, adingabe horien egoitza-harrerak ezingo du hiru hilabetetik gora iraun.

Goian azaldutako aurreikuspen eta printzipioak, den-denak anbizio handikoak izanagatik ere, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko euskal antolamendu juridikoan ezinbestean txertatu beharrekoak dira; horrek premiazko eta derrigorrezkoago egiten du Euskal Autonomia Erkidegoaren familia-harreraren arauzko garapena, betiere ABJLOn eta Kode Zibilean ezarritako xedapenen edukiaren arabera –biei Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak emandako idazkeraren arabera–, eta HNLk ezarritakoari jarraituz, betiere aurreko legeek ezarritakoari kontrajartzen ez zaion edo harekin bateraezina ez den guztiari dagokionez.

Aurrekoa ikusita, eta HNLn ezarritako haurtzaroaren arloko eskumenen esparruarekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzari dagokio haurtzaroaren eta nerabezaroaren arloko lege-ekimena eta erregelamendu-ahala gauzatzea –104.1 artikulua–, eta azken xedapenetatik seigarrenean Eusko Jaurlaritza gaitzen du lege-testu horren erregelamendu bidezko garapena egiteko. Eta foru-aldundiei eta udalei, euren eskumenen lurralde-eremuan, hauek dagozkie, hurrenez hurren: babesgabetasun larriko egoeran edo babesgabezia-egoeran dauden eta arrisku-egoeran dauden haur eta nerabeak babestearen arloan lege horren III. tituluan esleitutako jarduerak egitea –104.2.a) eta 104.3.a) artikuluak–.

Halaber, 104.1.f), 104.2.e) eta 104.3.d) artikuluek Eusko Jaurlaritzari nahiz foru-aldundiei eta udalei, hurrenez hurren, iritzi publikoa sentsibilizatzeko funtzioak esleitzen dizkiete, haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak hedatzeko eta sustatzeko kanpainak antolatzearen bitartez; Eusko Jaurlaritzaren eta udalen kasuan, gainera, komunitate-arloan egin beharreko neurri positiboak zein diren adierazten da.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako gizarte-zerbitzuak egituratzen dituenak, Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalei emandako eskumenen esleipena antolatzen du, eta, besteak beste, berariaz ezartzen ditu foru-aldundiei eta udalei dagozkien eskumenak haurrak eta nerabeak zaintzearen eta babestearen arloan (39 eta 42 bitarteko artikuluak). Nolanahi ere, puntu horretan, eta foru-aldundien eta udalen eskumenei dagokienez, arrisku- edo babesgabezia-egoeran dauden adingabeak babestearen arloan, haurrak eta nerabeak zaintzearen eta babestearen arloan indarrean dagoenera jotzera mugatzen da, gaur-gaurkoz HNLk ezartzen duenera, alegia.

Aurreko araudia oinarri hartuta, dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko den testu arauemaile bakarrean jasotzen du lege-araudian –Estatukoan nahiz erkidegokoan– ezarritako familia-harrerako neurriari buruzko xedapenen garapena, haurrak eta nerabeak zaintzearen eta babestearen arloan; araudi hori arestian aipatutako HNLn, ABJLOn eta Kode Zibilean zehazten da.

Hori horrela izanik, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrerari buruzko araudiaren garapenari heltzen zaio, gaiaren izaerari eta bermerik handienak ezartzeko beharrari erreparatuz, bereziki, babesgabetasun-egoeran dauden eta foru-aldundien tutoretzaren edo zaintzaren pean dauden adingabeei begira; eta, horrekin bat etorriz, segurtasun juridikoa sendotu nahi da. Eta, jakina denez, foru-aldundiek duten esperientzia garrantzitsua kontuan hartuz, bai familia-harrera egiteko euren burua eskaintzen duten pertsonen egokitasuna aztertzean eta balioestean, bai harrera egindako adingabeari, familia harreragileari eta jatorrizko familiari berari aholkularitza-, prestakuntza- eta laguntza-neurriak, -programak, -baliabideak edo -zerbitzuak ematean, bai euren zirkunstantzia partikularrak kontuan hartuz adingabeari harrera egiteko egokientzat jotzen diren pertsona harreragileak hautatzeko eta adingabearen interes gorenari men eginez egokientzat jotzen den familia-harrerako neurria formalizatzeko jarduketak aurrera eramatean.

Beste alde batetik, gaia diseinatzeko eta garatzeko orduan, aintzat hartu da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren printzipioa diseinuan eta garapenean sartzeko beharraren ikuspuntua, bai eta genero-ikuspegia ere.

Horren guztiaren emaitza familia-harreraren oso erregulazio zehatza izan da, eta horretan protagonismo nabarmena du erabakitako familia-harrerako neurria eratzera eta formalizatzera zuzendutako prozedurak berak, eragin berezia baitu erabakitako neurria aldatzen, eteten edo bertan behera uzten den kasuetan.

Horren guztiaren xedea da biztanleengan eragina duen arau orori eskatu behar zaion segurtasun juridikoaren printzipio orokorra indartzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko guztietako herritarren arteko berdintasunaren printzipioa ere. Gainera, bermerik osoenak ezarri nahi dira bai babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzat eta pertsona edo familia harreragileentzat, bai guraso edo tutoreentzat eta, oro har, adingabearen jatorrizko familiarentzat, arreta berezia jarriz neba-arrebei.

Bestalde, esan beharra dago araudiaren garapena egiten dela 27/1983 Legearen 8. artikuluko 3. apartatuko a) eta b) letretan ezarritakoari kalterik egin gabe; izan ere, letra horien arabera, lurralde historikoetako foru-organoek erregelamendu-ahala izango dute, euren zerbitzuak garatzeko, eta administrazio-ahala izango dute. Eta hori kontuan hartuta, autonomia-erkidegoko erakunde erkideek euren legeria garatzeko emandako xedapen orokorrekin bat etorriz bideratuko da ahal horien egikaritza.

Beraz, foru-aldundiek exekuzio-eskumena dute, eta, horregatik, aldi berean ahalmenak dituzte jarduketa-prozedura orokorra bakoitzaren antolaketa propioaren arabera garatzeko eta egokitzeko, foru-autonomiaren printzipioa onartuz; izan ere, horren kariaz, foru-organoen antolaketa, araubidea eta jardunbidea onartzeko eskumen esklusiboa dute.

Horregatik, eta edukiaz denaz bezainbatean, dekretu hau hamahiru kapitulutan egituratzen da eta bi xedapen gehigarri ditu, bai eta xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat ere.

Lehenengo kapituluak Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harreraren erregulazioari aplikagarri zaizkion xedapen orokorrak jasotzen ditu.

Bigarren kapituluak familia-harreraren modalitateak zehazten eta garatzen ditu, gaur egun indarrean dauden ABJLOren 20. artikuluaren eta Kode Zibilaren 173 bis artikuluaren testuek jasotako iraupen-irizpidea eta helburu edo xedearen irizpidea aintzat hartuz; halaber, 8. artikuluan arreta berezia jartzen du familia-harrera espezializatu eta profesionalizatuaren modalitatea mugatzea eta egituratzea ahalbidetzen duten irizpide eta betekizunetan.

Hirugarren kapituluak harrerapeko adingabeen eta pertsona edo familia harreragileen eskubideak eta betebeharrak azaltzen ditu, bai eta adingabearen guraso edo tutoreenak ere.

Laugarren kapituluak foru-aldundien tutoretzaren edo zaintzaren pean dauden adingabeen familia-harrerarako prozedura egituratzen du, eta, bereziki, familia-harrerako neurria formalizatzeko beharrezkoak diren faseak deskribatzen ditu.

Bosgarren kapituluak pertsona harreragileen egokitasuna arautzen du. Horretarako, egokitasunaren kontzeptua zehazten du, eta gero, definizio hori abiapuntu hartuta, honako hauek zehazten ditu: egokitasunerako eskakizunak; egokitasuna baloratzeko irizpideak –bai orokorrak eta bai kasuan kasuko familia-harreraren modalitatearen araberakoak–; familia-harrerarako eskaintza ez onartzea dakarten egoerak; egokitzat ez jotzea dakarten egoerak; egokitasuna aztertzeko eta baloratzeko metodologia; familia-harrera eskaintzeko eskabidea aurkeztu aurreko eta egokitasunaren deklaraziorako prestakuntza-jarduketak; eta aurreko eskabide hori formalizatu ondorengo egokitasun-azterketa eta balorazio psikosoziala.

Aztergai ditu, halaber, egokitasun-deklarazioaren balorazioaren eguneratzea eta egokitasun-deklarazio horren galera. Horretarako, familia-harrerarako jada emandako egokitasunaren balorazioa eguneratzeko prozedura espezifikoa garatzen du, zeinaren amaiera izan baitaiteke egokitasun-deklarazioa mantentzea edo egokitasun-deklarazioa errebokatzea eta, ondorioz, eragina galtzea.

Seigarren kapituluak pertsona harreragileen hautaketaren gaiari arautzen du eta, horretarako, hautaketa-irizpide orokor eta zehatzak finkatzen ditu; jarraian, hautatzeko prozedura eta hautatutako pertsonak edo familiak esleitutako adingabea eta proposatutako harrera-modalitatea onartzeko prozedura garatzen ditu; eta, azkenik, familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko ebazpenari dagozkion xedapenak jasotzen ditu, eta, bereziki, emandako ebazpenari ezinbestean gehitu beharreko eranskinak (kontratua) bete beharreko gutxieneko edukia ezartzen du.

Zazpigarren kapituluak adigabearen egoeraren jarraipenari, familian izandako egokitzapenari eta ezarritako familia-harrerako neurriaren ebaluazioari dagozkien xedapenak jasotzen ditu.

Zortzigarren kapituluak ezarritako familia-harrerako neurriaren aldaketa arautzen du oro har, eta familia harreragilearen haustura-kasuetan, bereziki. Horrez gain, modalitatea aldatu eta aldi baterako familia-harrera behin betiko familia-harrera bihurtzeko aukera ere aztertzen du, Kode Zibilaren 173 bis artikuluaren bigarren apartatuaren c) letran jasota dauden edukien harira, horren arabera bai baitago modurik familia-harrera behin betiko bihurtzeko aldi baterako harrerak bi urte osatu eta gero, ikusten bada ezinezkoa izango dela adingabea bere familiara itzultzea.

Bederatzigarren kapituluak xedatzen du badagoela lehendik ezarritako familia-harrerako neurriren bat aldi baterako eteterik, eta horretarako etenaldiaren epe zehatza ezartzen du, bai eta etete horrek zer ondorio eta efektu izango dituen harrera egin duen pertsonaren edo familiaren betebehar eta eskubideetan.

Hamargarren kapitulua ezarritako familia-harrerako neurria bertan behera uzteari buruzkoa da, eta amaiera hori zer zirkunstantziak eragingo duten zehazten du, bai eta amaitzea dakarten kausak zein diren ere, eta amaiera nola deklaratu behar den.

Hamaikagarren kapituluak jatorrizko familiarekiko bisiten, harremanen edo komunikazioen araubideari heltzen dio, bai eta hura aldatzeko edo eteteko erabakia hartzeko aukerari ere, eta familia-elkargune edo bisita-tokiei buruzko aurreikuspenak jasotzen ditu.

Hamabigarren kapituluak arautzen ditu pertsona edo familia harreragileari eta harrerapeko adingabeari zuzendutako aholkularitza, prestakuntza, laguntza eta arreta tekniko espezializatuko neurriak, programak, baliabideak edo zerbitzuak, familia-harrera indarrean egon bitartean eta hura bukatu ondoren –eta bereziki, familia-harrerako neurriaren indarraldia bukatu ondoren, adin-nagusitasunera iritsi delako–; era berean, jatorrizko familiari zuzendutako bestelako zerbitzuak ere arautzen ditu, ezarritako familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, indarrean egon bitartean eta hura bukatu ondoren, baldin eta hori egitea egokia bada haur edo nerabearen interes gorenerako.

Horretarako, guraso edo tutoreak prestatzeko jarduketak biltzen ditu, bai eta adingabea etxean hartuko duen pertsona edo familia prestatzeko jarduketak ere, adingabearentzako familia-harrerako neurria ezartzea egokitzat jo ondoren. Bestalde, adingabea familia-harrerarako prestatzeko jarduketak, adingabea pertsona edo familia harreragileari egokitzeko programa, eta adingabea familia-harrerako neurriaren amaierarako prestatzeko jarduketak ere biltzen ditu.

Orobat, pertsona edo familia harreragileei laguntzeko neurriak ezartzen ditu, familia-harrera indarrean dagoen bitarterako naiz hura bukatu eta gerorako, bai eta bizimodu independenterako prestatzeko neurriak ere (ABJLOren 22 bis artikuluak aipatzen ditu neurri horiek zehatz-mehatz).

Azkenik, hamahirugarren kapituluak pertsona harreragileen erregistroa ezartzen du, erregistro horren bidez lortu nahi den helburua zehaztuz eta bertan inskribatutako datuak babestuz.

Xedapen gehigarriei dagokienez, lehenengoa adingabeen babeserako prozeduretan bildutako datuen babesari buruzkoa da; eta bigarren xedapena, berriz, foru-aldundien eta autonomia-erkidegoetan edo hiri autonomoetan adingabeen babeseko gaietan eskumena duten erakunde publikoen arteko jardueren koordinazioari buruzkoa da, familia-harrerako babes-neurrian dauden adingabeak lekuz aldatu behar diren kasuetarako.

Bestalde, xedapen iragankor bakarrak zehazten du zeintzuk diren dekretu honetan jasotako xedapenen aplikaziotik kanpo geratuko diren familia-harrerako prozedurak: dekretua indarrean jarri aurretik hasitakoak, eta izapidetzen ari direnak.

Eta, bukatzeko, azken xedapenak dekretua indarrean noiz jarriko den adierazten du.

Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da familia-harreraren modalitateak arautzea, bai eta foru-aldundiek euren tutoretzaren edo zaintzaren pean dauzkaten adingabeentzat eskaintzen dituzten familia-harrerako prozeduretan bete beharreko jarduketa-prozedura ere.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedapenak foru-aldundien tutoretzapean nahiz zaintzapean dauden adingabeen familia-harrerarako prozedura guztiei aplikatuko zaizkie, bai eta beste edozein autonomia-erkidego edo -hiritako adingabeak babesteko erakunde publikoek hasitako prozedurei ere, baldin eta familia-harrerako neurria Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekua duen pertsona nahiz familia batekin hartzen bada, eta lehenago erabaki bada kasuan kasuko foru-aldundiak formalizatu beharko duela familia-harrera.

2.– Era berean, xedapenak aplikagarri izango zaizkie beste autonomia-erkidego edo hiri autonomo batean adingabeen babesaren arloko erakunde publiko eskudunen tutoretzapean edo zaintzapean dauden adingabeen familia-harrerarako prozedurei, baldin eta adingabea, behin-behinean edo aldi batez, Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatu eta foru-aldundiei badagokie ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipena egitea eta adingabearen egoerari eta familian izandako egokitzapenari buruzko ebaluazio-txosten teknikoak egitea.

3. artikulua.– Printzipio gidariak.

Foru-aldundiek, adingabeen babesaren arloan dituzten eskumenak egikarituz esku hartzen dutenean eta, zehatzago, familia-harrerako neurriari dagokionez, jarduketa-printzipio hauei jarraitu behar diete:

a) Haur edo nerabearen interes gorena lehenestea, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, Kode Zibila eta Prozedura Zibilari buruzko Legea partzialki aldatzen dituenak, 2. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

b) Adingabeek dituzten eskubide guztiak bermatu eta errespetatzea.

c) Adingabea jatorrizko familian mantentzea, haren intereserako komenigarria ez denean izan ezik; azken kasu horretan, familia-arloko babes-neurri egonkorrak hartzea bermatuko da.

d) Adingabeak berriro familiaratu eta gizarteratu daitezen sustatzea.

e) Neba-arrebek elkarrekin jarrai dezaten ahalegintzea, haien zaintza pertsona edo familia harreragile berari emanez, hori haien intereserako komenigarria ez denean izan ezik.

f) Adingabeek jatorrizko familiarekin harremanak izan ditzaten sustatzea, bereziki neba-arreben artean, hori haur edo nerabearen interes gorenerako komenigarria ez denean izan ezik.

g) Familia-arloko babes-neurri egonkorrak hartzea, betiere familia-harrera egoitza-harreraren aldean lehenetsiz.

h) Hartutako babes-neurri guztiak hezitzaileak eta konpontzaileak izatea.

i) Tratamendu berdina eta irizpide berberak aplikatzea pertsona edo familia harreragileen egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosozialean, bai eta pertsona edo familia harreragileen hautaketan ere.

j) Babes-jarduketaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta segurtasun juridikoa bermatzea, eta adingabeak babesteko neurriak hartzerakoan izaera kolegiatua eta interdisziplinarioa bermatzea.

k) Herritarren partaidetza, elkartasuna eta sentiberatasuna sustatu eta bultzatzea babesgabetasun-egoeren aurrean eta egoera horretan dauden adingabeek familia- eta gizarte-ingurune egokian garatzeko duten premiaren aurrean.

l) Indarkeria mota guztien kontrako sentsibilizazioa, prebentzioa, detekzio goiztiarra, jakinarazpena, laguntza eta babesa.

m) Aukera-berdintasuna eta edozein inguruabarren ziozko diskriminaziorik eza bermatzea.

n) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa sustatzea eta betetzea, eta genero-ikuspegia integratzea.

ñ) Adingabeen nortasunaren garapen askea haien orientazio eta identitate sexualaren arabera.

o) Adingabeen askatasunaren eta duintasunaren begirunea eta balorazioa, bai eta nortasun-ezaugarri eta bereizgarri indibidual eta kolektiboena eta dibertsitate etniko eta kulturalarena ere.

p) Adingabeen eta, bereziki, desgaitasunen bat aintzatetsia duten edo artapen espezializatua behar duten pertsonen prestakuntza integrala eta haien gizarteratze eta partaidetza oso eta efektiboak oztopatzen dituzten traba guztiak kentzea.

q) Harrerapean egon ondoren adin-nagusitasunera iritsita babes-sistematik kanpo geratzen diren adingabeen laguntzara eta orientaziora zuzendutako programak eta baliabideak sustatzea, arreta berezia jarriz desgaitasunen bat aintzatetsita dutenengan.

r) Adingabeari lagun egitea eta hura egokitu eta prestatzea helduarorako eta bizimodu independenterako bidea egin dezan, betiere haren gaitasunak, ezaugarriak eta inguruabar pertsonalak eta sozialak kontuan hartuz.

s) Administrazio publikoen arteko lankidetza, koordinazioa eta baterako jarduketa, adingabeak babesteko orduan.

4. artikulua.– Eskumenak.

1.– Otsailaren 18ko 3/2005 Legearen (haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa) 104.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, foru-aldundiak dira euskal administrazio publiko eskudunak lege-testu horren III. tituluan ezarritako jarduerak egiteko, babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko.

2.– Arestian aipatutako III. tituluan ezarritako jardueren esparruan, eta otsailaren 18ko 3/2005 Legearen (haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa) 61.1 eta 67.1 artikuluetan ezarritako baldintzetan, foru-aldundiak haurraren edo nerabearen gainean duen tutoretzak indarrean jarraitzen duen artean, edo aldi baterako zaintza bere gain hartzen duenean, administrazio horrek haren artapena erabakiko du, beraren beharrizanei erantzute aldera, beste zaintza-modalitate batzuen artean, familia-harrerako neurri baten babesean.

3.– Otsailaren 18ko 3/2005 Legearen (haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa) 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, lege horretako 104.1.f), 104.2.e) eta 104.3.d) artikuluekin lotuta, eta haurrei eta nerabeei arreta koherente, antolatu eta osoagoa emate aldera, esku-hartze eraginkorragoak ahalbidetzeko eta baliabideen erabilera arrazoizkoagoa izateko, euskal administrazio eta erakunde publikoek lankidetzan jardungo dute eta euren jarduerak koordinatuko dituzte; bereziki, familia-harrera bultzatzeko eta errazteko helburua dutenean. Horretarako, dibulgazio-kanpainak antolatuko eta neurri positiboak sustatuko dituzte.

4.– Lankidetza eta koordinazioa, halaber, administrazio eta erakunde bateko sail eta zerbitzuetara ere luzatuko dira.

5. artikulua.– Kide anitzeko balorazio-organoa.

1.– Foru-aldundiek balorazioa egiteko kide anitzeko organo bana izango dute, eta diziplina anitzeko teknikariek osatu beharko dute nahitaez, zeinak espezializatuta egongo baitira haur eta nerabeentzako arretaren eta babesaren arloan.

2.– Organo horrek haur eta nerabeen arreta eta babesaren arloko arduradun tekniko gisa jardungo du, eta hura arduratuko da babeserako administrazio-espedientea osatzen duten agiri, jarduketa eta izapide guztiak aztertzeaz, berrikusteaz eta baloratzeaz.

3.– Era berean, bere zereginak gauzatzean, dagokion organoari helaraziko dio adingabeari bereziki eragiten dioten egintzei buruzko proposamen teknikoa.

4.– Bereziki, familia-harrerari dagokionez, ebazpen-proposamena egin beharko du, lantalde tekniko profesionalak dekretu honetan zehazten den txostena eman eta gero, honako gai hauek direla-eta:

a) Egokitasuna baloratzea edo balorazioa eguneratzea.

b) Pertsona edo familia harreragileak hautatzea.

c) Familia-harrerako neurria eratzea.

d) Familia-harrerako neurria aldatzea, etetea eta bertan behera uztea.

5.– Foru-aldundi bakoitzak antolaketaren, araubidearen eta funtzionamenduaren arloan dituen eskumenez baliatuz onesten dituen arauek zuzenduko dituzte kide anitzeko organo horren osaera eta funtzionamendu- eta antolaketa-araubidea.

6. artikulua.– Beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeak.

Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabetzat:

a) Neba-arreba taldeak edo familia elkartzekoak.

b) Zazpi urte edo gehiago dituzten haurrak.

c) Desgaitasun aitortua duten adingabeak.

d) Osasun-arazo bereziak edo arrisku-arazoak dituzten adingabeak.

e) Familian eta gizartean erabat integratzea eragozten duten jokabide- edo egokitze-arazoak dituzten adingabeak.

f) Bakarrik dauden edo familia-erreferenterik ez duten adingabe atzerritarrak.

g) Bestelako behar bereziak dituzten adingabeak.

II. KAPITULUA
FAMILIA-HARRERA

7. artikulua.– Familia-harreraren modalitateak.

1.– Familia-harrera sailkatzeko, Kode Zibilaren 173 bis artikuluan jasotako xedapenekin bat, kontuan hartzen dira haren iraupena eta haren bidez lortu nahi diren helburuak, bai eta adingabeak familia harreragilearekin duen lotura eta familia horren ezaugarriak ere.

2.– Familia-harreraren iraupenari eta helburuei erreparatuta, familia-harrerak honako modalitate hauek izango ditu:

a) Larrialdiko familia-harrera, bereziki sei urtetik beherako adingabeei zuzendua, dagokien familia-babeseko neurria erabakitzen den bitartean.

Harrera-modalitate horren iraupenak ezingo du inola ere gainditu sei hilabeteko epea.

b) Aldi baterako familia-harrera, behin-behinekoa izango dena, adingabearen egoera dela-eta aurreikus daitekeelako hura berriro sartuko dela bere familian, edo beste babes-neurri bat hartu bitartekoa delako, beste horrek izaera egonkorragoa izanik; esate baterako, familia-harrera iraunkorra edo adopzioa.

Modalitate horren gehieneko iraupena bi urtekoa izango da, haur edo nerabearen interes gorenak ez badu neurria luzatzeko eskatzen, aurreikusten delako familia-berrelkartzea laster gertatuko dela edo behin betiko babesa emateko beste neurri bat hartuko dela.

c) Familia-harrera iraunkorra, aldi baterako harreran emandako bi urteko epea amaitutakoan sortuko dena, adingabea familian berriro sartzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren, edo zuzenean sortuko dena, beharrizan bereziak dituzten adingabeak izanez gero, edo adingabearen eta haren familiaren zirkunstantziek hala eskatuz gero.

Foru-aldundiek epaileari eskatu ahal izango diote tutoretza-arloko ahalmenak eman diezazkien pertsona edo familia harreragile iraunkorrei euren ardurak betetzen laguntzeko, betiere aintzat hartuta haur edo nerabearen interes gorena.

3.– Adingabeak pertsona edo familia harreragilearekin duen lotura eta haien ezaugarriak kontuan hartuz, harrera honako modalitate hauetan egin ahalko da:

a) Adingabearen familia zabalean, familia edo pertsona harreragileen eta adingabearen arteko ahaidetasun-lotura dagoen kasuetan.

b) Besteren familian, familia zabaleko harrera modalitatearen barnean sartzen ez diren gainerako kasu guztietan.

Besteren familiako harrera espezializatua eta profesionalizatua izan ahalko da, baldin eta dekretu honetan ezarritako zirkunstantziak eta betekizunak betetzen badira.

8. artikulua.– Familia-harrera espezializatua eta profesionalizatua.

1.– Familia-harrera espezializatutzat hartuko da besteren familian eskaintzen dena, baldin eta sendi horretan kide bat badago gutxienez, beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeei begira eginkizun hori betetzeko gaitasun, esperientzia eta prestakuntza espezifikoak dituena.

2.– Pertsona edo familia harreragileek familia-harrera espezializatuari datxezkion funtzioak betetzeko gaitasun, esperientzia eta prestakuntza zehatzaren baldintzak dituztela joko da, baldin eta honako betekizun hauek konplitzen badituzte:

a) Gizarte Hezkuntza, Irakasle Ikasketa, Erizaintza, Medikuntza, Pedagogia, Psikopedagogia, Psikologia, Soziologia, Gizarte Lan edo Gizarte eta Kultura Antropologiako diploma, lizentzia edo gradua izatea edo, horren ezean, unibertsitatekoak ez diren baina osasun-arloarekin edo gizarte-komunitatearekin edo gizarte-hezkuntzarekin zerikusia duten bestelako prestakuntza-graduak.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia praktikoa izatea osasun-arloan edo gizarte-komunitatean edo gizarte-hezkuntzan; betiere, adingabeak artatzeko, zaintzeko, hezteko edo babesteko zereginetan.

c) Prestakuntza osagarri espezifiko bat izatea, beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeen familia-harrerak dakartzan erantzukizunak betetzeko egokia dena eta horretarako gaitasuna ematen duena, pertsona harreragileei ahalbidetzeko haur edo nerabearen interes gorenari begira beharrezkoa den laguntza eta artapen espezifikoa ematea (errehabilitaziokoa, terapeutikoa edo bestelakoa).

Prestakuntza espezifiko hori foru-aldundiak berak eman ahalko du zuzenean, edo profesional adituek edo erakunde laguntzaileek zeharka, betiere sektore publikoaren kontratazioari buruzko legeriak ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Familia-harrera espezializatuak berekin ekarriko du pertsona harreragileak funtzio hori dedikazio erabatekoz bete beharra; horren truke foru-aldundiak ezarritako konpentsazioa eta, hala badagokio, horretarako ezarritako laguntza ekonomikoa jasoko ditu, harrera gauzatzeko baldintza zehatzak eta beharrezkoa den laguntza teknikoa aintzat hartuta.

4.– Harreragileek familia-harrera espezializatuaren garapena bateratu ahalko dute norbere edo inoren kontura aurrera eraman dezaketen edozein lan-jarduerarekin, are lanaldi osoko araubidean ere, dagokion sektore-eremua kontuan hartuta.

5.– Harreragileak jasoko duen konpentsazioak edo, kasuan kasu, laguntza ekonomikoak ez du inondik ere lan-harremanik sortuko ez foru-aldundiarekin ez eta harreragilea hautatzeko edo familia-harrerako neurria nola doan begiratzen laguntzeko aldundiak kontratatutako erakundearekin ere.

6.– Kode Zibilaren 142. artikuluak adingabeari begira ezarritako mantenuaren kontzeptu juridikoa estaltzeko eman beharreko konpentsazio ekonomikoaz gain, foru-aldundiak ezar dezakeen laguntza ekonomikoaren xedea honako hau izango da: harreragileak betetzen dituen funtzioen ondoriozko kostuak estaltzea, adingabeak behar dituen laguntza teknikoen eta artapen hezitzaile edo terapeutiko espezializatuaren testuinguruan, eta bere gain hartutako betebeharrak estaltzea, foru-aldundiko pertsonal teknikoak finkatutako ohar, gidalerro, orientazio edo jarduketa-jarraibideen arabera; betiere, adingabearentzako laguntzari eta artapen bereziari eta haren bilakaeraren jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez.

7.– Harreragileak foru-aldundiari idatziz eta nahikoa xehetasun eta arrazoirekin jakinarazi beharko dio, babes-plan indibidualizatuan ezarritako aldizkakotasunaren arabera, harrerapeko adingabearen edo adingabeen bilakaeraren berri, baita familia-harrerako neurriaren iraunaldian gertatutako zio edo egoeren berri ere, neurriaren garapenari edo xedeari eragiten badiote.

8.– Foru-aldundi bakoitzak, bere eskumen propioak egikarituz, konpentsazioen eta, hala badagokio, laguntza ekonomikoen zenbatekoa zehaztu eta erregulatuko du, bai eta horiek jasotzeko betekizunak ere, formalizatutako familia-harrera espezializatuaren zirkunstantzia zehatzak kontuan hartuz.

9.– Haur edo nerabearen interes gorenari men eginez, eta familia-harrera espezializatua behar duten adingabeen hezkuntza-arloko artapen edo artapen terapeutiko indibidualizatua, espezializatua eta iraunkorra behar bezala bermatzeko, familia-harrera horren modalitate horretarako bere burua eskaintzen duen pertsonak edo familiak ezingo ditu aldi berean beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten bi haur edo nerabe baino gehiago hartu, salbu eta neba-arreben taldeak edo familia berriro elkartzeko prozesuan daudenak.

10.– Oro har, pertsona edo familia harreragile berberak aldi berean bateratu ahalko ditu familia-harrera espezializatua eta familia-harrera arrunta; hala ere, familia-harrera espezializatuan dauden adingabeek ezingo dituzte inola ere gainditu aurreko apartatuan ezarritako mugak.

11.– Familia-harrera espezializatua profesionalizatua izango da pertsona harreragileak, edo besteren familiako kideren batek, gaitasun, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa badu, artikulu honetako bigarren apartatuan ezarritako baldintzetan, beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeei begira zeregin hori betetzeko, eta, gainera, harreragileak erakunde publikoarekin lan-harremana badu.

III. KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

9. artikulua.– Harrerapeko adingabeen eskubideak.

Harrerapeko adingabeek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Entzunak izateko eskubidea, bai familia-eremuan, bai zuzenean inplikaturik dauden edozein prozedura administratibo edo judizialetan, horren ebazpenak esparru pertsonalean, familiakoan nahiz sozialean eragiten badie.

b) Babes-neurriak eta babesgabezia-egoeraren deklarazioa aurkaratzeko prozesuan alderdi izateko eskubidea, araudi aplikagarriaren arabera, behar besteko heldutasuna badute eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoak badira.

c) Doako laguntza juridikoaren onuradunak izateko eskubidea, babesgabezia-egoeran daudenean.

d) Ezarritako familia-harrerako neurria eratzeko, aldatzeko, eteteko eta bertan behera uzteko ebazpenen berri izateko eta horien jakinarazpena jasotzeko eskubidea, behar besteko heldutasuna badute eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoak badira.

e) Familia-harreraren prozeduran dituzten eskubide eta betebeharren berri izateko eskubidea, familia-harrerako neurria indarrean egon bitartean eta behin neurria amaitu ondoren.

f) Euren eskubideak defendatzeko eskura dituzten bitartekoen berri izateko eskubidea.

g) Foru-aldundira zuzenean jotzeko eta familia-harrerari buruzko edozein gertaera garrantzitsuren gainean informatuak izateko eskubidea.

h) Jatorrizko familiarekin, beste ahaide eta hurbileko pertsona batzuekin eta, bereziki, neba-arrebekin harremanak izateko eskubidea, betiere foru-aldundiak ezarritako bisita-, harreman- eta komunikazio-araubideari jarraikiz.

i) Arian-arian euren historia pertsonala eta zirkunstantziak ezagutzeko eskubidea, horien onarpena errazte aldera.

j) Pertsona edo familia harreragileen familia- eta gizarte-bizitzan bete-betean parte hartzeko eskubidea.

k) Pertsona edo familia harreragileekin harremanak izateko eskubidea, behin familia-harrerako neurria amaitu ondoren, baldin eta foru-aldundiaren iritziz adingabearen interes gorenerako komenigarria bada eta halaxe onartzen badute adingabeak (behar bezain heldua eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoak izanik), familia harreragileak eta jatorrizko familiak edo, hala badagokio, adopzio-familiak edo harrera iraunkorrekoak.

l) Artapen indibidualizatua eta pertsonalizatua izateko eskubidea, adingabearen beharrizanak oso-osorik errespetatuz, behin ebaluatuak izan ondoren, eta, betiere posible eta egokia denean, haren nahien arabera, bereziki faktore kultural eta erlijiosoak aintzat hartuz.

m) Desgaitasuna aintzatetsirik duten edo artapen espezializatua behar duten adingabeei dagokienez, euren eskubideak eraginkor bihurtzeko beharrezkoak diren informazioa, zerbitzuak eta laguntza orokorrak aldez aurretik jasotzeko eskubidea.

n) Familia-harreran izaten ari diren zirkunstantziei buruz egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak edo kexak Fiskaltzari jakinarazteko eskubidea.

ñ) Ezarritako familia-harrerako neurriaren amaierari buruzko informazioa eskatzeko edo amaiera bera eskatzeko eskubidea, horretarako behar besteko heldutasuna badute eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoak badira.

o) Haien interes gorenari begira beharrezkoa eta komenigarria den laguntza hezitzaile eta psikoterapeutikoa jasotzea administrazio publiko eskudunarengandik, betiere haien beharrizan edo zirkunstantzia bereziak aintzat hartuz edo jatorrizko nahasmendu psikosozialak gainditze aldera.

p) Euren espedientea eskuratzeko eta euren jatorriari eta ahaide biologikoei buruzko datuak ezagutzeko eskubidea, behin adin-nagusitasunera iritsita.

q) Osasuna sustatzeko eta babesteko eskubidea eraginkortasunez baliatzea; horrek berekin dakartza, batetik osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko eta, hala badagokio, behar den tratamendu medikoa hartzeko eskubidea, betiere adina, heldutasuna eta egoera psikologiko eta afektiboa kontuan izanik, eta bestetik baimena emateko edo ukatzeko eskubidea, azaroaren 14ko 41/2002 Legeak ezarritakoaren arabera (informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen oinarrizko legea).

r) Babes-espediente indibidualean azaltzen diren datuen konfidentzialtasunerako eskubidea, bereziki aurrekari pertsonalei, familiakoei eta sozialei dagokienez; eta datuok erreserbaz erabiltzekoa: berez, ezin izango dira inola ere erabili, pertsona edo familia harreragileek zaintzaren gainean hartzen dituzten zereginetatik harago.

s) Babes-espediente indibidualetan jasotako datuak segurtasun-baldintza egokietan kontserbatzeko eskubidea, eta, nolanahi ere, haien konfidentzialtasuna bermatzeko eskubidea; horrela bada, informaziorako irispide mugatuko prozedurak aplikatu beharko dira.

t) Euren duintasun pertsonala, nortasuna eta osotasun fisikoa errespetatuak izateko eskubidea, nortasuna libreki garatzekoa, intimitaterako eta irudi propiorako eskubidea, bai eta haiei datxezkien gainerako eskubideak eta oinarrizko askatasunak ere.

u) Pribatutasunerako eskubidea eraginkortasunez erabili ahal izatea, bereziki higiene pertsonalaren zaintzari eta norberaren gauza pertsonalak gordetzeari dagokienez.

v) Erreferentziazko profesional bat izendatua izateko eskubidea, artapen-ibilbideak eta esku hartzeko nahiz babes-espediente indibiduala baloratzeko prozesuaren koordinazioa, osotasuna eta jarraitutasuna bermatze aldera; eta babes-plan indibidualizatua izateko eskubidea.

10. artikulua.– Harrerapeko adingabeen betebeharrak.

Harrerapeko adingabeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Zaintzapean dituzten bitartean, pertsona edo familia harreragileei obeditzea eta betiere errespetatzea.

b) Pertsona edo familia harreragileen familia-bizitzan parte hartzea, haiek errespetatuz, bai eta haien seme-alabak eta beste senideak ere.

c) Etxea zaintzen eta etxeko zereginetan eta arduran parte hartzea, betiere adinaren, autonomia pertsonalaren mailaren eta gaitasunaren arabera, eta sexua edozein dela ere.

d) Pertsona edo familia harreragileen, horien senitartekoen edo familia-etxebizitzan bizi diren gainerako pertsonen kontzientzia-askatasuna, sinesmen erlijioso eta moralak, duintasuna, osotasuna eta intimitatea errespetatzea, inolako diskriminaziorik egin gabe honako hauek direla eta: jaiotza, adina, arraza, sexua, egoera zibila, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikikoa, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijioa, sinesmena, ideologia edo bestelako egoera edo zirkunstantzia pertsonal, ekonomiko edo sozialak.

e) Pertsona edo familia harreragileen pribatutasunerako eskubidea errespetatzea eta haien gainean ezagututako datuen konfidentzialtasunari eustea.

f) Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (adingabeen babes juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batean aldatzen dituena) 9 quater artikuluan eskola-arloari buruz ezarritako betebehar guztiak.

g) Urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak (adingabeen babes juridikoari buruzkoa, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea zati batean aldatzen dituena) 9 quinquies artikuluan gizarte-eremuari buruz ezarritako betebehar guztiak.

11. artikulua.– Pertsona edo familia harreragileen eskubideak.

Familia edo pertsona harreragileek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Familia-harreraren izaerari eta ondorio juridikoei buruzko informazio egokia, argia, ulergarria eta ahalik osatuena jasotzeko eskubidea, dekretu honek ezarritakoaren arabera, eta aldez aurreko prestakuntza, jarraipena eta laguntza edo artapen tekniko espezializatua jasotzekoa ere, ezarritako familia-harrerako neurria indarrean egon bitartean eta behin hura amaitu ondoren.

b) Babes-plan indibidualizatuaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta harrerapeko adingabeari dagokionez ezartzen diren eta familia-harrerarekin zerikusia duten neurriei eta aldizkako berrikuspenei buruzkoa ere.

c) Adingabearen babes-espedientearen informazioa eskuratzeko eskubidea, euren funtzioak betetzeko beharrezko zaien neurrian, eta haur edo nerabearen beraren informazioa eta haren gizarte- eta familia-ingurunearen informazioa barnean hartuta, baina betiere bazter utzita hirugarrenek intimitaterako duten eskubidearekin eta datu pertsonalen babesarekin zerikusia duten gaiak.

d) Ezarritako familia-harrerako neurria eratzeko, aldatzeko, eteteko eta bertan behera uzteko ebazpenen jakinarazpena jasotzeko eskubidea.

e) Harrerapeko adingabeak desgaitasunen bat aintzatetsia badu edo beharrizan bereziak baditu, haren zirkunstantzien araberako laguntza, aholkularitza, orientazioa eta laguntza edo arreta espezifikoa jasotzeko eskubidea, bai eta gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko beharrezkoa den berariazko prestakuntza jasotzekoa ere.

f) Foru-aldundiak entzunak izateko eskubidea, betiere hark harrerapeko adingabeari eragiten dion edozein ebazpen eman aurretik, bereziki jatorrizko familiarekiko bisiten, harremanen edo komunikazioaren araubidea aldatu edo aldi batez eten aurretik.

g) Harrerapeko adingabea babesteko neurriak eta babesgabezia-egoeraren deklarazioa aurkaratzeko prozesuan alderdi izateko eskubidea, bai eta formalizatutako tutoretza-funtzioak dituen familia-harrera iraunkorraren neurriarekin zerikusia duten aurkaratze-prozesu guztietan ere.

h) Foru-aldundian kexak edo iradokizunak formalki egiteko eskubidea eta entzunaldia eskatzeko eskubidea. Hogeita hamar egunetik beherako epean izapidetu beharko dira kexa edo iradokizun horiek, eta, entzunaldia eskatuz gero, epe hori izan aurretik entzun beharko zaie.

i) Foru-aldundiarekin lankidetzan jarduteko eskubidea, harrerarako ezarritako jarduketa- eta jarraipen-planetan.

j) Zaintzari datxezkion eskubide guztiak egikaritzekoa.

k) Harrerapeko adingabearen identifikazio-, osasun- eta hezkuntza-dokumentazio guztia izateko eskubidea.

l) Harrerapeko adingabeak errespetatuak izateko eskubidea.

m) Euren funtzioak betetzean, foru-aldundiaren laguntza eskatzeko eskubidea.

n) Harrerapeko adingabearekin batera bidaiak egiteko eskubidea, baldin eta foru-aldundiari jakinarazten bazaio eta hura bat badator.

ñ) Harrerapeko adingabearekin harremanak izateko eskubidea, behin familia-harrerako neurria amaitu ondoren, baldin eta foru-aldundiaren iritziz haur edo nerabearen interes gorenerako komenigarria bada eta halaxe onartzen badute jatorrizko familiak edo, hala badagokio, adopzio-familiak edo harrera iraunkorrekoak eta adingabeak (behar bezain heldua eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoak izanik).

o) Jatorrizko familiari dagokionez, euren datu pertsonalak babesteko eskubidea, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritakoari jarraikiz.

p) Foru-aldundiak pertsona edo familia harreragileentzat ezarritako konpentsazioak edo laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea edo, hala badagokio, ezarritako bestelako laguntzak jasotzekoa.

q) Ezarritako familia-harrerako neurria bertan behera uztea eskatzeko eskubidea.

r) Edozein kasutan ere, Administrazio Publikoak gainerako familia-unitateei aintzatetsitako gainerako eskubideak izatekoa.

12. artikulua.– Pertsona edo familia harreragileen betebeharrak.

Pertsona edo familia harreragileek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Harrerapeko adingabearen ongizatea eta interes gorena zaintzea, haiekin batera izatea, elikatzea, heztea, gizarte- eta osasun-artapena eskaintzea eta prestakuntza integrala ematea ingurune afektibo baten barnean.

b) Harrerapeko adingabearen segurtasun fisiko eta psikologikoa bermatzea eta errespetatzea.

c) Harrerapeko adingabearen partaidetza osoa bermatzea familiaren bizitzan.

d) Harrerapeko adingabeari lehendik jasotzen ari den arreta edo laguntza espezializatuak ematea, baldin eta desgaitasunen bat aintzatetsia badu edo beharrizan bereziak baditu, edo, hala dagokionean eta haur edo nerabearen interes gorenari men eginez, haren beharrizanak asetzeko egokiagoak izan daitezkeen bestelakok eskaintzea.

e) Harrerapeko adingabeari iritzia eskatzea berari eragingo dion edozein erabaki hartu aurretik, behar bezain heldua izanez gero, betiere hamabi urtetik gorakoa bada, inola ere baztertu gabe aitortutako desgaitasunen bat izateagatik edo arreta espezializatua behar izateagatik.

f) Foru-aldundiari jakinaraztea zeintzuk diren harrerapeko adingabeak bere heldutasunarekin egin ditzakeen eskaerak.

g) Foru-aldundiari jakinaraztea adingabeari buruz garrantzia duen edozein gertaera.

h) Harrerapeko adingabeak jatorrizko familiarekin, beste ahaide eta hurbileko pertsona batzuekin eta, bereziki, neba-arrebekin izan ditzakeen harremanak onartu, erraztu eta errespetatzea, pertsona edo familia harreragileen aukeren arabera eta betiere haren alde ezarritako bisita-araubideari jarraikiz eta, hala badagokio, familia berriro elkartzeko araubidearekin bat.

i) Foru-aldundiarekin aktiboki jardutea lankidetzan, adingabearekin aurrera eraman beharreko esku-hartze indibidualizatuan, adingabearen egoeraren ebaluazioan eta ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipenean, foru-aldundiaren ohar eta orientazioei jarraituz.

j) Laguntza ematea familia-harrerapean izandako adingabea bere jatorrizko ingurunera bueltatzeko aldaketa horretan zehar, edo, hala badagokio, adopziorako nahiz haur edo nerabearen interes gorenari begira egokientzat hartzen den familia-harrerako bestelako modalitate baterako aldaketa horretan zehar, bai eta babes-neurri egonkorragoa edo behin betiko babes-neurria hartu ondoren ezartzen den ingurura aldatzeko tarte horretan ere.

k) Familia-harrerako neurriaren garapenari buruz informatzea eta foru-aldundiko teknikariek eskatutako dokumentazioa aurkeztea horretarako ezarritako epeen barruan.

l) Foru-aldundiari jakinaraztea harrera eratzeko oinarri gisa aintzat hartu ziren datu eta zirkunstantziei buruz familia-egoeran izandako edozein aldaketa garrantzitsu, hori gertatzen den unean bertan.

m) Harrerapeko adingabearen aurrekari pertsonalei, familiakoei eta sozialei buruz eskuratu edo ezagutu diren datuen konfidentzialtasuna errespetatzea.

n) Harrerapeko adingabearen intimitaterako eta nortasunerako eskubidea eta haren irudi propioaren errespetua bermatzea, eta haren oinarrizko eskubide eta askatasunak bete daitezen begiratzea.

ñ) Proposatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea; bereziki, etengabeko prestakuntzarako esparruan proposatzen diren ekintzetan.

o) Kasu guztietan ere, Kode Zibilak edo aplikatu beharreko legeriak guraso-ahalaren titularrei ezartzen dizkien betebehar berberak, harrerapeko adingabeari dagokionez.

13. artikulua.– Guraso edo tutoreen eskubideak.

a) Ezarritako familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzen duen ebazpen administratiboaren eta haren aldaketaren edota amaieraren jakinarazpena jasotzeko eskubidea.

b) Harrerapeko adingabearekin bisitak, harremanak, komunikazioa eta, hala badagokio, egonaldiak izateko eskubidea, salbu eta horrek adingabeari arrisku handia edo kalte nabarmena badakarkio edo adingabearen interes gorenari begira komenigarria ez bada.

c) Adingabeari jatorrizko familiarekin itzultzen laguntzeko edo –hala badagokio– itzulera ahalbidetzeko eta gurasoen edo tutoreen eta adingabearen arteko harreman afektiboak hobetzeko xedea duen laguntza teknikoa jasotzeko eskubidea.

d) Foru-aldundiari babesgabezia-egoeraren deklarazioa errebokatzea eta adingabea jatorrizko familiarengana itzultzea eskatzeko eskubidea, betiere horretarako legez ezarritako epeen barruan.

e) Familia-harrerako neurria ezarri eta bi urte igarota, Fiskaltzari argibideak emateko eskubidea babesgabezia-egoeraren deklarazioa eragin eta familia-harrerako neurria ezartzea ekarri zuten zirkunstantzien aldaketari buruz, inguruabarrok berriro ere adingabearen guraso-ahala edo tutoretza bereganatzeko baldintzak ahalbidetu baititzakete.

f) Foru-aldundiak familia berriro ere elkartu ondorengo jarraipena egiteko eskubidea, bai eta familiari behar diren laguntza teknikoak ematekoa ere.

g) Edozein kasutan ere, haurrak eta nerabeak babesteko legerian eta aplikagarria den garapen-araudian aintzatetsitako gainerako eskubideak.

14. artikulua.– Guraso edo tutoreen betebeharrak.

a) Seme-alaben ongizatea eta interes gorena zaintzea.

b) Pertsona edo familia harreragileen pribatutasunerako eskubidea errespetatzea eta haien gainean ezagututako datuen konfidentzialtasunari eustea.

c) Kasua bada, foru-aldundiak onartutako diru kopuruak ordaintzea, horrela ekarpena egiteko, mantenu gisa eta euren baliabideen arabera, adingabearen zaintzaren eta artapenaren ondoriozko gastuetarako, bai eta adingabeari bere ekintzengatik egotz lekiokeen erantzukizun zibilaren ondoriozko gastuetarako ere.

IV. KAPITULUA
FAMILIA-HARRERAREN PROZEDURA

15. artikulua.– Prozeduran aplikatu beharreko araudia.

Foru-aldundiaren zaintzapean edo tutoretzapean dauden adingabeak familian hartzeko prozedurak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapenak bete behar ditu orokorrean, eta bereziki, dekretu honetan zehaztutako berezitasunak, zehazki, V. kapitulu honetakoak, betiere prozeduraren berezitasunak aintzat hartuta.

16. artikulua.– Familia-harrerako neurriaren faseak.

Familia-harrerako neurria formalizatzeko zenbait fase bete behar dira:

a) Adingabearen familia-harrerarako eskaintza-eskaera eta egokitasunaren deklarazioa aurkeztea.

b) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen edo familien egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosoziala egin behar dira; horretarako, besteak beste, alderdi hauek hartuko dira kontuan: familia-egoera eta gaitasun hezitzailea; kasuan kasuko adingabearen edo adingabeen era guztietako beharrizanak egokiro asetzeko gaitasuna; haien motibazioa bat etortzea harreraren izaerarekin eta helburuarekin, harrera modalitatearen arabera; eta prest egotea babes-plan indibidualizatuaren eta, halakorik egonez gero, familian berriro sartzeko planaren helburuak bete daitezen errazteko.

c) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen edo familien egokitasuna deklaratu behar da, eratu nahi den harrera modalitatea kontuan hartuz.

d) Egokitzat jotako pertsona edo familia harreragileak hautatu behar dira.

e) Ezarritako familia-harrerako neurria eratu eta formalizatu behar da.

17. artikulua.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaerak.

1.– Askatasunez eta euren borondatez familia-harrera egin nahi duten pertsona edo familiek familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkeztu beharko dute.

2.– Eskaerak kasuan kasuko foru-aldundiak horretarako onartutako eskaera normalizatuan egingo dira eta interesdunek aurkeztu beharko dizkiote bizi diren eta erroldaturik dauden lurralde historikoko foru-aldundiari.

3.– Salbuespen gisa, gerta daiteke behar bezala egiaztatutako zirkunstantziak izatea eta horiek justifikatzea eskaeraren aurkezpena egin ahal izatea benetako bizilekuaz eta erroldaz bestaldeko lurralde historiko bateko foru-aldundian; halako kasuetan, interesdunek bizi diren lurralde historikoko foru-aldundiari eskatu beharko diote baimena ematea eskaera egokientzat jotzen duten foru-aldundiari aurkezteko eta bertan izapidetzeko.

4.– Eskaerak aurkeztu ahalko dira kasuan kasuko foru-aldundian eta, nolanahi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusten dituen lekuetatik edozeinetan.

5.– Halaber, foru-aldundiak eskabideak bide elektronikoa erabilita aurkezteko aukera eman beharko du, foru-aldundiek euren erakundeen antolaketa-, araubide- eta funtzionamendu-gaietan dituzten eskumen propioak baliatuz erabakitzen duten moduan.

18. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskabideak osorik eta behar bezala beteta aurkeztu beharko dira, familia-harrera egiteko bere burua eskaini duen pertsonak sinatuta, edo, hala egokituz gero, bi bikotekideek sinatuta, eta honako datu hauek frogatzen dituzten agiriak erantsi beharko zaizkio:

a) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten eta eskabidea sinatzen duten pertsonen nortasunaren egiaztapena.

b) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen erroldaren egiaztapen eguneratua; haren barnean, etxebizitzan bizi diren bizilagun guztien zerrenda jasoko da, bai eta udalerrian erroldatu ziren data ere.

c) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonetariko bakoitzak zigor-aurrekaririk ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria, eta, aurrekariak izanez gero, haien ziurtagiria, bai eta familiaren etxebizitzan erroldaturik dauden gainerako pertsonena eta erroldaturik egon gabe bertan iraunkorki bizi direnena ere, bi kasuetan adin nagusikoak izanez gero.

d) Sexu-gaizkileen erregistro zentralaren berariazko egiaztagiria, adierazten duena bere burua familia-harrera egiteko eskaini duen pertsona bakoitzak ez ezik familia-helbidean erroldatuta dauden gainerako pertsonek eta, erroldatuta egon gabe ere, bertan iraunkorki bizi direnek ere –kasu batean zein bestean hamalau urtetik gorakoak izanda– ez dutela epai irmo bidezko kondenarik izan sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik –mota horretako delituen artean daude sexu-eraso eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, eta adingabeak galbideratzea, bai eta pertsonak salerostea ere–.

e) Erregistro zibilari buruzko indarreko araudiarekin bat etorriz, honako alderdi hauek ere frogatu beharko dira:

– euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien jaiotzak erregistro zibilean edo, atzerritarrak badira, horren baliokide den organo eskudunean inskribatu izana.

– euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen egoera zibila, edo agintaritza eskudunak emandako agiri baliokidea, atzerritarrak izanez gero.

f) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonak izatezko bikotea izanez gero, izatezko bikoteen erregistroaren egiaztapena, izatezko bikotearen eraketaren deklarazioa egiteko eskumena duen erregistroak emana; edo, hala badagokio, baldintza hori frogatzen duen agiri baliokidea, agintaritza eskudunak emana.

g) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duen pertsonetako bakoitzaren PFEZaren aitorpenari dagokion foru-ogasunen edo Zerga Administrazioaren egiaztapena (bai baterako aitorpena bai banakako aitorpena), aitortutako azken zergaldikoa edo, hala badagokio, azken zergaldiko aitorpena aurkezteko betebeharretik salbuetsita dagoela frogatzen duten ziurtagiriak, eta erreferentziazko zergaldian jaso dituen errenta nahiz PFEZari egotz dakizkiokeen etekin guzti-guztien adierazpena.

h) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonetako bakoitzaren txosten medikoa, bai eta familiaren etxebizitzan erroldaturik agertzen diren gainerako pertsonena eta erroldaturik egon gabe bertan iraunkorki bizi direnena ere, haien egoera fisikoa eta psikikoa egiaztatze aldera eta adingabearen zaintza galaraziko lukeen zirkunstantziarik ez dagoela bermatze aldera.

i) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonetariko batek edo biek autonomia fisiko, psikiko edo intelektualaren gabeziaren bat badute eta, horren ondorioz, eguneroko oinarrizko jarduerak aurrera eramateko pertsona baten edo batzuen laguntza behar badute edo bestelako laguntza garrantzitsuak, edo, gaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala duten bestelako pertsonei dagokienez, autonomia pertsonalerako laguntzarik behar badute, foru-aldundiak eskatu ahalko du autonomia pertsonalari buruzko egiaztagiria aurkezteko, betiere Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta artapena sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legea eta hura garatzeko arauak direla bide eman beharrekoa.

j) Pertsona edo familia harreragileak bere burua familia-harrera espezializatuaren modalitaterako eskainiz gero, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoaren baldintzak egiaztatzea, dekretu honen 8.2 artikuluak ezarritakoarekin bat.

k) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien erantzukizunpeko adierazpena, egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosozialaren prozesua onartuz, dekretu honek jasotako xedapenen arabera, bai eta ezarritako familia-harrerako neurriak eta harrerapeko adingabearen egoerak izandako bilakaeraren jarraipen teknikoari buruzkoa ere.

l) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien erantzukizunpeko adierazpena, seme-alabarik ez dutela edo seme-alabak badituztela adierazten duena, eta, hala badagokio, seme-alaben kopurua zehazten duena, bai harrera bideratzeko pertsonarekin dituzten seme-alabena, bai ezkontza edo ezkontzaren baliokidea den erlazio afektibo bat izan duten pertsonekin dituztenena; azken kasu horretan, seme-alaben gainean duten zaintza- eta jagoletza-araubidea adierazi beharko dute eta, hala badagokio, horri buruzko ebazpen judizialaren edo akordioaren kopia aurkeztu.

m) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien erantzukizunpeko adierazpena, honako zirkunstantzia hauen berri emanez:

– berak interesdun diren adopzio-prozeduraren bat –nazionala zein nazioartekoa– izapidetzen ari den ala ez;

– ea haur baten jaiotzaren zain dauden ala ez.

– ea laguntza bidezko ugalketa-prozesu edo -teknikarik erabiltzen ari diren.

– zenbat denbora igaro den euren azken semearen edo alabaren jaiotza edo adopziotik eskabidea aurkeztu arte.

n) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien erantzukizunpeko adierazpena, judizialki ez direla ezgaituak izan eta jarduteko gaitasun osoa dutela dioena.

ñ) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztien erantzukizunpeko adierazpena, zehaztuz ez dietela guraso-ahala edo tutoretza kendu edo eten eta ez dizkietela zaintza- edo hezkuntza-eskubideak kendu, ez osorik ez partzialki, ebazpen judizial edo administratibo batez.

o) Familia-harrerarako eskaintza egiten duten pertsonetako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, haurrak babesteko espedientea ireki eta seme-alabak edo tutoretzapeko adingabeak babesteko betebeharra urratzeagatik edo behar bezala ez betetzeagatik erantzukizunik egotzi ez zaiola adierazten duena.

2.– Dokumentuak ez dira baliozkoak izango, hiru hilabete baino gehiago igaro badira haiek eman edo konpultsatu zirenetik familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkezten den egunera arte.

19. artikulua.– Eskaera zuzentzea eta hobetzea.

1.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaerak eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioak ez badituzte betetzen dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, edo eskatutako agiriren bat aurkeztu ez bada, bere burua familia-harrerarako eskaini duen pertsona edo familiari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko; orobat, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta hura artxibatu egingo dela.

Horrek guztiak ez du eragotziko Administrazioak, eskabidea artxibatu baino lehen, hari buruzko berariazko ebazpen bat emateko eta jakinarazteko duen betebeharra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Hamar egun balioduneko epea gehienez beste bost egun baliodunez luzatzeko aukera izango da ofizioz edo interesdunek hala eskatuta, baldin eta eskatutako agiriak zuzentzeko edo aurkezteko zailtasun berezirik badago.

3.– Halaber, epea gehiago luzatu ahal izango da, betiere zuhurtziaz, interesdunak dokumentazioa jatorrizko herrialdeetan eskatu behar duten atzerritarrak izanez gero; nolanahi ere, luzapen hori hilabetekoa izango da gehienez.

4.– Eskaera bertan behera uztea eta ondoren artxibatzea ez dira oztopo izango eskaera bertan behera utzi duten pertsonek gerora beste eskaera bat aurkeztu ahal izateko.

20. artikulua.– Dokumentazio osagarria.

1.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko prozesuan edo egokitasunaren balorazio psikosozialaren prozesuan, gerta daiteke prozesu horretan parte hartzen duen lantalde tekniko profesionalak atzematea argibide gehiago behar direla interesdunengan azaltzen diren zirkunstantziei edo egoerei buruz eta horiek balorazio psikosozialean aintzat hartu behar direla, edo informazio gehiago behar dela eratu nahi den familia-harreraren modalitateari buruz; halako kasuetan, beste edozein dokumentu aurkezteko eskatu ahalko dute, euren burua familia-harrerarako eskaini duten pertsona edo familien egokitasuna ahalik eta zehatzen baloratzen laguntzeko.

2.– Aurreko artikuluak eskaera zuzentzeko eta hobetzeko ezarritako baldintzei jarraituz eskatuko da dokumentazioa, eta, halaber, eskatutako agiriren bat ez aurkezteak artikulu bereko lehenengo apartatuan ezarritako ondorio berberak ekarriko ditu berekin.

21. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera egin eta gero, foru-aldundiak azterketa eta balorazioa egingo du euren burua familia-harrerarako eskaini duten pertsonen zirkunstantzia pertsonalei buruz eta osasun-, gizarte- eta ekonomia-inguruabarrei buruz. Horretarako, 34. artikuluan aipatzen diren elkarrizketak eta, hala behar denean, ebaluaziorako probak edo teknikak baliatuko dira.

2.– Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen egokitasunaren balorazio psikosozialaren prozesuan zehar, pertsona horiei eskatu ahalko zaie dokumentazio osagarria aurkezteko, aurreko artikuluan ezarritako baldintzei jarraituz.

3.– Behin elkarrizketak eta, hala badagokio, ebaluazio-probak edo -teknikak egin eta aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu ondoren, prozesuan parte hartzen duen lantalde tekniko profesionalak beharrezkoak diren txostenak egingo ditu euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonengan azaltzen diren zirkunstantziei buruz; era berean, familia-harrerarako egokitasunari eta, hala badagokio, modalitateari buruzko balorazioa egingo dute eta, komenigarritzat jotzen badute, ezarri ahalko dute txosten horietako datuak argitzera edo gehitzera zuzendutako jarduketa osagarriak egin beharra.

4.– Prozedura izapidetu bitartean, euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonek alegazioak egiteko edo egokitzat jotzen dituzten bestelako dokumentuak edo iritzi-elementuak aurkezteko duten eskubideari kalterik egin gabe, behin prozedura bideratu eta, edonola ere, aurreko apartatuan aipatutako txostenak egin ondoren, eta dekretu honen 5. artikuluan aurreikusten den kide anitzeko balorazio-organoak ebazpen-proposamena onartu aurretik, espedientea ikusgai jarriko zaie, eta entzunaldi-izapidea hasiko da, hamar eguneko epean egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak eta frogagiriak aurkezteko.

5.– Nolanahi ere, gerta daiteke prozeduraren edozein unetan egiaztatzea euren burua familia-harrerarako eskaini duten pertsonengan azaltzea dekretu honen 30. artikuluan eskaintza ez onartzeko ezarritako zirkunstantzia erabakigarriak; orduan, egokitasuna baloratzeko prozedura egin beharrik izan gabe, ezespenerako ebazpen-proposamena idatzi ahalko da, interesdunei entzunaldi-izapidea eman ondoren, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera.

22. artikulua.– Prozedura ebazteko proposamena.

Entzunaldi-izapidearen ostean, dekretu honen 5. artikuluan aurreikusten den kide anitzeko balorazio-organoak aztertuko du egokitasunaren balorazio-prozesuaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalak egindako txostena, baita espedientean dekretu honek exigitutako baldintzak egiaztatzeko azaltzen diren dokumentuak eta prozedura izapidetu bitartean –entzunaldi-izapidean, bereziki– interesdunek egindako alegazioak edo ekarpenak ere. Horrenbestez, ebazpen-proposamena egingo du familia-harrerarako euren burua eskainitako pertsonen egokitasunari buruz, egokitasun hori deklaratzeko edo ezezkoa emateko.

23. artikulua.– Prozedura etetea.

1.– Egokitasuna deklaratzeko prozedura martxan dela, ikusiko balitz beren burua familia-harrerarako eskaini duten pertsonak edo familiak umea izateko direla, adopzio-aurreko elkarbizitzarako zaintza delegatu zaiela, adingaberen bat adopzioan hartzeko esleitu zaiela, laguntza bidezko ugalketarako prozesuren bat edo teknikaren bat jasotzen hasi direla edo duela gutxi seme-alabaren bat jaio zaiela edo adopzioan jaso dutela, halakoetan prozedura eten egingo da; zehatzago, egokitasunaren balorazioa eten egingo da.

2.– Aurreko kasuan bezalaxe jokatu behar da prozedura abian dela ikusiz gero koiunturazko gorabehera jakin batzuk gertatzen direla eta gorabehera horiengatik (aurreikusten zaien joeragatik, agian desagertu, konpentsatu edo aldatuko direlako) espedientea atzeratzea komeni dela. Behar bezala justifikatu beharko da erabaki hori.

3.– Etenaldiak zehazki zenbat iraungo duen zehazteko, lehenik eta behin etenaldia eragin duten gorabehera jakinak baloratu beharko dira, eratu nahi den familia-harrerako neurriaren modalitatea kontuan hartuta.

Edozein kasutan ere, etenaldia eragin dezaketen kausa bat baino gehiago sortzen badira ere, etenaldiak ezin izango du hamabi hilabeteko iraupena gainditu, etetea erabakitzen denetik.

4.– Etetea ofizioz burutu daiteke edo familiek nahiz prozedurako interesdunek eskatuta.

5.– Prozedura eteteko agintzen duen ebazpena eman aurretik, interesdunei entzun egin behar zaie. Ondoren, ebazpena jakinaraziko zaie; ebazpenean bertan azaldu beharko da zer epe zehatz izango duen etenaldiak, eta zer baldintza bete behar diren izapidea atzera ere martxan jartzeko.

6.– Espedientea atzera ere izapidetzeko, lehenik etenaldia eragin zuten arrazoiek desagertu behar dute edo euren burua familia-harrerarako eskaini zuten pertsona edo familiek formalki jakinarazi behar dute espedienteari berriro ekiteko ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

7.– Kasu bakoitzean prozedura eteteko ezarritako gehieneko epea igarotzen denean, eta espedientea berrabiarazteko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badira, ordura arte egindako izapideak artxibatu egingo dira, horretarako eman beharreko ebazpena aurretik emanda. Ebazpen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie.

24. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Foru-aldundiak berariazko ebazpena emango du pertsona interesdunen egokitasunari buruz –familia-harrerarako egokitasuna, eta, hala behar denean, familia-harreraren modalitate jakin baterako egokitasuna edo adingabe jakin batentzako egokitasuna–.

2.– Ebazpenak beti arrazoituko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera, eta, era berean, interesdunei jakinarazi beharko zaizkie lege-testu beraren 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera organo eskudunaren erregistroan izapidetzeko sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Edonola ere, ezarritako gehieneko epea igarotzen bada beren-beregiko ebazpena eman eta jakinarazi gabe, eskaera isiltasun administratiboaren bidez baietsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 24.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako eta Administrazioak ebazteko duen betebeharrari kalterik egin gabe.

4.– Epe horretan ez da zenbatuko espedientea etenda dagoen denbora-tartea; izan ere, espedientea etenda egon daiteke euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluak edo dekretu honen 23. artikuluaren 1. eta 2. apartatuek ezarritako arrazoiren batengatik.

5.– Ebazpenak eskaera ezesten badu, interesdunek ezin izango dute familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren beste eskaera bat aurkeztu harik eta ebazpen hori jakinarazten denetik gutxienez hiru urteko epea igaro arte. Epe berak igaro beharko du beste eskaera bat aurkeztu ahal izateko, aldez aurretik onartutako egokitasuna indarrik gabe uzten duen ebazpena ematen denean.

6.– Aurrekoa gorabehera, beste eskaera bat aurkeztu ahalko da hiru urteko epe hori bete aurretik, baldin eta eskaera ezesteko kontuan hartutako zirkunstantziak nabarmen aldatzen badira edo desagertzen badira; zirkunstantzia horiek behar bezala frogatu beharko dira eskaera berria aurkezteko orduan.

25. artikulua.– Ebazpenak aurkaratzea.

Familia-harrerarako egokitasuna aitortzeko edo hura ukatzeko emandako ebazpenen kontra, edo dagoeneko aitortuta dagoen egokitasuna ondorerik gabe lagatzeko ebazpenen, nahiz prozedura hori etetea edo eskatzailearen atzera egitea edo uko egitea erabakitzen duten ebazpenen kontra, edo prozedurazko nahiz formazko kontuetan oinarritzen diren ebazpenen kontra, arlo zibilari eragiten ez badiote behintzat, badago aurka egiterik, administrazio-errekurtsoak aurkeztuta (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusita daudenak).

V. KAPITULUA
PERTSONA HARRERAGILEEN EGOKITASUNA

26. artikulua.– Egokitasuna.

Familia-harrerako neurri bat garatzeko egokitasuntzat jotzen da zaintzari datxezkion erantzukizun guztiei aurre egiteko, adingabearen beharrizan guztiak estaltzeko eta ingurune afektibo batean artapen eta heziketa integrala emateko behar diren trebetasuna, gaitasuna eta motibazioa izatea, betiere haur edo nerabearen beharrizanei eta interes gorenari begira; era berean, egokitasunaren barruan, familia-harrerako neurriak berekin dakartzan ondorioak, berezitasunak eta erantzukizunak ere onartu beharko dira, hori dela medio adingabeari eskaini ahalko baitzaizkio haren garapen integrala ahalbidetuko duten egonkortasuna, maitasuna, estimulazioa, zaintza eta nortasun-ezaugarrien errespetua.

27. artikulua.– Egokitasunerako baldintzak.

1.– Adingabeen harrerarako euren burua eskaintzen duten pertsona edo familien balorazio psikosoziala egitean, betiere, haur edo nerabearen interes gorena lehenetsiko da, tartean izan litekeen beste edozein interes legitimoren gainetik.

2.– Familia-harrerarako egokia izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Bizimodua aurrera ateratzeko behar adina baliabide egonkor izatea.

b) Adingabea normaltasunez artatzea bermatzen duen osasun fisiko, psikiko edo intelektual egokia izatea.

c) Familia-harrerarako euren burua eskaintzen duten pertsonen kasuan, frogatzea ezkontza bidezko elkartea edo izatezko elkartea osatzen dutela eta gutxienez urtebetean jarraian elkarrekin bizi izan direla familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkeztu aurretik.

d) Ingurune eta familia- eta gizarte-bizitza egoki, egonkor eta normalizatua izatea, harrerapeko adingabearen garapen integrala eta familiartean eta gizarte-ingurunean bete-betean parte hartzea bermatuko dituena.

e) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonen edo familien historia pertsonaletan ez izatea adingabeari arriskua ekar diezaiokeen eta oraindik gainditu ez den inguruabar pertsonalik, familiarrik edo sozialik.

f) Jarreren malgutasuna eta egoera berrietarako moldagarritasuna erakustea.

g) Adingabearen egoerari datxekion zailtasuna ulertzea.

h) Adingabearen historia pertsonala eta familiarena errespetatu eta onartzea, bai eta haren nortasuna eta kultura ere.

i) Adingabearen eta jatorrizko familiaren arteko harremanak onartu eta erraztea, bereziki neba-arrebekiko harremanak, eta, hala badagokio, foru-aldundiak ezarritako bisita-araubidea ere bai.

j) Elkarlanerako eta konpromisorako jarrera positiboa agertzea adingabearen heziketari buruz, haren egoeraren jarraipen teknikoari buruz eta ezarritako familia-harrerako neurriaren bilakaeraren jarraipenari buruz.

k) Familia-unitateko kide guztiek partekatzea familia-harreraren eta adingabea familiaren barruan integratzearen aldeko jarrera.

l) Familia-harreraren aldeko motibazioa adieraztea, zeinean haur edo nerabearen interes gorena eta haren eskubideen babesa gailenduko baitira, betiere harrerapeko adingabearen garapen integrala eta hark familiaren baitan eta gizarte-ingurunean bete-betean parte hartzea bermatze aldera.

m) Adingabearen ongizatea, garapen psikiko edo emozionala edo segurtasun fisikoa arrisku larrian jar dezakeen zigor-aurrekaririk ez izatea ez euren burua familia-harrerarako eskaini duten pertsonek ez familiaren etxean erroldaturik agertzen direnek, ez eta erroldaturik egon gabe haiekin batera iraunkorki bizi direnek ere.

28. artikulua.– Egokitasuna baloratzeko irizpide orokorrak.

Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak baloratzeko, honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontuan:

a) Etxebizitza egokia izatea; horretarako, besteak beste, aintzat hartuko dira bizigarritasun- eta higiene-baldintzak, banaketa, bertan bizi diren pertsonen kopurua edo ekipamendu komunitarioak erabiltzeko aukera.

b) Bizitzeko behar adina baliabide izatea; horretarako frogatu beharko dute urtean, gutxienez, indarrean dagoen ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa (IPREM) adinako diru-sarrerak dituztela, 14 pagak barne. Bere burua familia-harrerarako eskaintzen duen pertsonaren edo familiaren elkarbizitza-unitatea bi kidek baino gehiagok osatzen badute (harrerapeko adingabea barne), diru-sarrerak kalkulatzeko, zenbateko horri IPREMaren laurden bat gehituko zaio bitik gorako kide bakoitzeko.

c) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonek osasun fisiko eta psikologiko ona izatea, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egitearekin bateragarria, adingabeari artapen edo zaintza egokia bermatuko diona eta adin-nagusitasunera iritsi arte haren ongizateari, erabateko garapenari edo gizarteratzeari kalterik egingo ez diona.

d) Erabakiak hartzeko autonomia izatea, gaitasun afektiboa, heldutasun emozionala, frustraziorako tolerantzia eta behar adina gaitasun pertsonal, zaintzari datxezkion funtzioak eta erantzukizunak egoki bete ahal izateko.

e) Familia-harrerarako jarrera, gaitasun, prestasun, itxaropen eta motibazio egokiak izatea, familiarteko baldintzatzailerik edo baldintzatzaile moral edo sozialik gabe, betiere adingabearen artapena maila guztietan ahalbidetzeko.

f) Adingabeen zainketari begira gizonen eta emakumeen artean beharrezkoa den erantzukidetasunerako irizpideak eta familiarteko harremanak berdintasunetik abiatuz ezartzeko beharra kontuan hartzen dituzten gaitasun eta trebetasun hezitzaileak izatea.

g) Trebetasun pertsonalak izatea adingabearekiko harremanen ondorioz sor daitezkeen egoera berriei heltzeko eta horietara egokitzeko.

h) Ezkontzaren gisako afektibotasun-harremanez iraunkorki lotutako ezkontide edo bikotekideei dagokienez, familia-harrera onartzeko eta adingabea babesgabezia-egoerara eraman zuten zirkunstantzia edo baldintzetatik babesteko borondate partekatua izatea.

i) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonekin iraunkorki bizi diren pertsonek haiekin partekatzea familia-harrerari begira aurreko d), e), f) eta g) letretan azaldutako jarrerak, gaitasunak, trebetasunak, itxaropenak, motibazioak eta borondate orokorra, eta haiekin elkarbizitza egokia eta positiboa izatea.

j) Pertsona harreragilea izatearen gertaera bereizgarria ulertzeko eta onartzeko gaitasunak eta prestasuna izatea eta horiei modu egokia aurre egiteko gauza izatea.

k) Adingabe bati familia berrian sartzeak dakarzkion zailtasunak eta adingabe horren historia pertsonala ulertzeko eta onartzeko gaitasuna izatea eta lotura emozionala ezartzeko gaitasuna ere izatea, adingabeari eragin zaion edo jasan duen kaltea konpentsatu edo konpondu ahal izateko.

l) Familia-harrerako neurria aldi baterako dela onartzeko gaitasuna izatea, bai eta laguntza emateko gaitasuna izatea ere adingabea jatorrizko ingurunera bueltatzeko aldaketa horretan zehar edo, hala badagokio, babes-neurri egonkorrago bat edo behin betiko neurri bat hartu ondoren (adopzioa, esaterako) ezartzen den ingurunera aldatzeko tarte horretan zehar.

m) Adingabearen desberdintasun etnikoak, kulturalak, linguistikoak eta sozialak eta haren aurrekari pertsonalak eta familiarenak errespetatzeko prest egotea.

n) Harrerapeko adingabeak jatorrizko familiarekin, beste ahaide eta hurbileko pertsona batzuekin eta, bereziki, neba-arrebekin izan ditzakeen harremanak onartzeko eta errazteko prest egotea, betiere adingabearen interes gorenari begira beharrezkotzat jotzen denean eta, hala badagokio, familia berriro elkartzeko araubidearekin bat.

ñ) Hurbileko ingurunean kanpoko laguntzak izatea, edo familia zabalak, familiaren inguruneko pertsona garrantzitsuek nahiz hirugarrenek laguntza edo babes soziala eman ahal izatea.

o) Familia-harreraren testuinguruan eskainitako prestakuntzari eta harrerapeko adingabea eta familia integratzeko prozesuaren aholkularitzari eta orientazioari dagokienez, jarrera positiboa eta prestasuna izatea.

p) Adingabearen egoeraren eta familia-harreraren bilakaeraren jarraipen teknikoan laguntzeko eta aholkularitza, orientazio, laguntza eta artapen tekniko espezializatu guztiak onartzeko zinezko borondatea azaltzea.

q) Osasun-estaldura egokia izatea.

r) Pertsona harreragilerik gazteenaren eta adingabearen artean dagoen adin-tartea, betiere aukeratutako familia-harreraren modalitatea aintzat hartuz.

29. artikulua.– Egokitasuna baloratzeko irizpideak.

1.– Egokitasunaren deklarazioa familia-harreraren zein modalitatetarako eskatu den erreparatuta eta hura zehazten eta definitzen duten ezaugarriak kontuan izanda, aintzat hartuko dira, aurreko artikuluan zerrendatutako irizpide orokorrez gain, hurrengo apartatuetan azaltzen diren balorazio-irizpide espezifikoak ere.

2.– Familia-harrera familia zabalean egiten denean, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Harrerarako bere burua eskaini duen pertsonaren ezkontidearen laguntza eta prestasuna edo, iraunkorki lotutako bikoteei dagokienez, ezkontzaren baliokidea den afektibotasun-erlazioan harekin bizi den pertsonarena, bai eta haren familia-unitatean iraunkorki bizi diren gainerako pertsonena ere, prestakuntza-prozesuan eta egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosozialeko prozesuan; eta pertsona horrek dekretuan ezarritako gainerako betekizunak eta irizpideak betetzea.

b) Euren burua harrerarako eskaini duten pertsonek adingabeari eman dioten edo ematen dioten arretaren kalitatea, inoiz haren egitatezko zaintza izan badute.

c) Euren burua harrerarako eskaini duten pertsonek aldez aurretik adingabearekiko azaldu duten zinezko interesa eta haien arteko lotura afektiboa.

d) Lehendik lotura edo bizikidetasun positibo eta egokia izatea adingabearekin eta haren guraso edo tutoreekin.

e) Adingabearen guraso edo tutoreekiko egungo harremanaren ezaugarriak, eta harreman hori kudeatzeko gaitasuna, adingabearen babesa sustatze aldera.

3.– Larrialdiko familia-harrera izanez gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Gutxienez euren burua harrerarako eskaintzen duten pertsonetariko baten prestasun iraunkorra harrera bat berehalakoan bere gain hartzeko eta, bereziki, zaintzari datxezkion erantzukizunak eta familia-harrerari lotutako zereginak betetzeko, bai eta, hala badagokio, adingabeak bere adinagatik beharrezko izan ditzakeen zainketak eta artapenak ere.

b) Harrera bat aldi batez bere gain hartzeko prest egotea.

c) Eskaintzan adierazitako adineko haurrak zaintzen eta hazten esperientzia izatea.

d) Lotura afektiboa azkar ezartzeko eta adingabearekiko lotura hori desegiteko gaitasuna.

e) Gerta daitezkeen aldaketek eragin dezaketen ziurgabetasunerako tolerantzia.

4.– Familia-harrera espezializatua izanez gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Dekretu honen 8.2 artikuluan ezarritako betekizunak betetzea.

b) Euren burua harrerarako eskaintzen duten pertsonen etengabeko prestasuna, bikoteen kasuan, zaintzari datxezkion erantzukizunak eta familia-harrerarekin erlazionatutako zereginak euren gain hartzeko.

30. artikulua.– Eskaintza ez onartzeko zirkunstantzia erabakigarriak.

Betiere, familia-harreraren eskaintza ez onartzeko zirkunstantzia erabakigarritzat hartuko dira honako hauek:

a) Guraso-ahalaren egikaritza kenduta edo etenda izatea ebazpen judizial edo administratibo bidez, edo hura kentzeko edo eteteko kausa batean erorita egotea.

b) Tutoretza-egoera batetik legez egotzia izatea.

c) Askatasuna kentzeko zigorra jaso izana, zigorra betetzen ari diren bitartean.

d) Epai irmo bidez kondenaturik egon izana giza hilketaren dolozko delituagatik (haren erak edo lesioak nolanahikoak izanagatik ere), askatasunaren, osotasun moralaren edo familia-eskubide eta -betebeharren kontrako delituagatik, genero-indarkeriarekin erlazionatutako delituagatik edota sexu-askatasunaren eta –ukigabetasunaren kontrako delituagatik (horren barnean, besteak beste, sartuz sexu-erasoa eta -gehiegikeria, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzeko ustelkeria eta gizakien salerosketa).

e) Genero-indarkeriaren, emakumeen aurkako indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindu bati lotutako kautelazko neurrien mende egotea.

f) Haurra jaiotzeko zain egotea, adingabea adopzioan jasotzeko izendatuta egotea, laguntza bidezko ugalketako prozesu edo teknikaren bat lantzen jardutea edo seme-alaba baren baten jaiotza- edo adopzio-prozesuan egotea, azken kasu horretan jaiotza edo adopziotik sei hilabeteko gutxieneko epea igaro gabe familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkezten den egunera arte.

g) Nolanahi ere, tutoretza egikaritu ezin izatea dakarten zirkunstantzia guztiak, Kode Zibilak ezarritakoari jarraikiz.

31. artikulua.– Egokitasun eza dakarten zirkunstantziak.

Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona edo familiei edo pertsonei dagokienez, balorazio psikosozialaren prozesuan jarraian zehazten diren zirkunstantziak ere kontuan hartuko dira, negatiboki baloratu ahalko dira eta, ondorioz, eragin dezakete, haien larritasuna edo nahitakotasuna kontuan hartuz, egokitasun ezaren deklarazioa edo prozeduraren etenaldia, edo emandako egokitasuna indarrik gabe uzteko ebazpena, inguruabar horien berri badago behin deklarazioa egin eta gero.

a) Familia-harrera aurrera eramateko egokiak eta beharrezkoak diren jarrera, gaitasun, prestasun, itxaropen, trebetasun eta motibazioen baldintzak ez betetzea, eta, horren kariaz, horrek behar beste berme ez ematea zaintzari datxezkion eta adingabearen arreta egokia ahalbidetzen duten funtzioak eta erantzukizunak maila guztietan betetzeko.

b) Baloraziorako garrantzitsuak diren datuak ezkutatu edo faltsutu izana; hori ez da oztopo izango horrek eragin ditzakeen legezko erantzukizunak egozteko.

c) Balorazio psikosozialaren prozesuaren garapena ez onartzea.

d) Espedienteari aplikagarri zaion prozedurari buruzko arauak ez betetzea, espedientearen izapideari traba egitea edo, hala badagokio, arauek ezarritako betebeharrak ez konplitzea.

e) Ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipen teknikoan eraginkortasunez laguntzeko borondaterik ez izatea, ez eta adingabeak babesteko erakunde publikoak jatorrizko familiarekin esku hartzeko ezarritako neurrietan ere.

f) Foru-aldundiak haur edo nerabearen interes gorenari begira eskainitako aholkularitza, orientazioa eta laguntza nahiz arreta tekniko espezializatua ez onartzea.

32. artikulua.– Egokitasuna aztertzeko eta baloratzeko metodologia.

1.– Egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosozialaren prozesuak bi fase izango ditu.

2.– Lehendabiziko fasea abian jarriko da pertsona harreragilea izateko eta familia-harreraren nondik-norakoak eta ondorioak ezagutzeko interesa formalki adierazten zaionean foru-aldundiari. Fase horretan aurretiazko prestakuntza-jarduerak egiten dira, familia-harrerari buruzko informazioa eta trebakuntza ematea helburu dutenak, hurrengo artikuluan azaltzen den moduan.

3.– Eta bigarren fasea, pertsona interesdunen egokitasuna aztertu eta baloratzekoa, familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkeztu eta gero garatuko da.

33. artikulua.– Aldez aurreko prestatze-jarduketak.

1.– Interesdunek, familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkeztu aurretik, foru-aldundiak antolatutako informazio- eta prestakuntza-saioetan parte hartu beharko dute.

2.– Informazio- eta prestakuntza-saioak foru-aldundiak berak eman ahalko ditu zuzenean, edo kanpoko profesionalen bidez edo erakunde laguntzaileen bidez zeharka, sektore publikoaren kontratazioari buruzko legeriak ezarritakoari jarraituz, eta haien helburua izango da harreragile gisa dituzten itxaropen eta motibazioak eta harreragileek aurre egin beharreko errealitatea lantzea eta, bereziki, horien inguruan hausnartzea eta gogoeta egitea.

3.– Foru-aldundi bakoitzak berak eskaintzen duen prestakuntzaren metodologia eratzeko autonomia osoa izango du; zehazki, prestakuntza-saioen iraupena, aldizkakotasuna eta edukia ezarri ahal izango ditu. Nolanahi ere, prestakuntza-saio horiek xedetzat izango dituzte honako gai hauek:

a) Familia-harrerari buruzko informazioa ematea, adingabeak babestera zuzendutako neurri juridikoa den aldetik; horren barnean, besteak beste, neurriaren izaera eta eragin juridikoak jorratuko dira, bai eta familia-harreraren modalitateak eta horien erregulazioa, familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko bete beharreko baldintzak eta izapideak, eta pertsona eta familia harreragileek nahiz adingabeek dituzten betebeharrak eta eskubideak ere. Informazio hori egokia, argia, ulergarria eta ahalik eta osatuena izango da.

b) Familia-harrerak berekin dakartzan ondorio, erantzukizun, zailtasun eta benetako arriskuei buruzko informazio gehigarria ematea, bai eta adingabeak zaintzeko, hezteko eta prestatzeko zereginean gizon eta emakumeen arteko erantzukidetasunari buruzkoa eta familiarteko harremanak berdintasunez ezartzeko beharrari buruzkoa ere.

c) Euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonei erabakiak hartzen laguntzea familia-harrera garatzeko prozesuan funtsezkoak diren hezkuntza-gaiei eta alderdi psikologiko, sozial eta bestelakoei buruz, harrerapeko adingabearen garapen integrala bermatzeko eta bai familian bai gizarte-ingurunean bete-betean parte hartuko duela ziurtatzeko.

4.– Prestakuntza-saioetan parte hartzea nahitaezkoa izango da euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsona guztientzat, eta ezarritako familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko aldez aurreko betekizun ezinbestekoa izango da, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Aparteko zirkunstantziak azaltzen direnean, behar bezala egiaztatu beharreko larritasun handikoak, eta horiek larrialdiko familia-harrera eratzea eragiten dutenean.

b) Eratu nahi den familia-harrera familia zabaleko harrera-modalitatearen pean egiten denean.

c) Adingabearen hurbileko pertsonak edo familiak badira; alegia, harekin aldez aurreko harreman edo bizikidetasun adierazgarri, positibo eta egokia izan dutenak.

5.– Prestakuntza-prozesua burutu izanaren egiaztagiria jaso ahal izateko, ikastaroko saio guztietara joan beharko da. Ondorioz, interesdunek, egotzi ahal zaizkien arrazoiengatik, saio guztietara edo saioren batera huts egiten badute eta gero familia-harrerarako eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera aurkezten badute, foru-aldundiak ezezkoa emango die.

6.– Aurrekoa gorabehera, interesdunak ezin izan badira saioetara joan justifikatutako arrazoiengatik, eskaera aurkeztu ahalko dute, baina beharturik egongo dira galdutako saioa berreskuratzera bestelako aukeraren bat baliatuz (adibidez, elkarrizketa pertsonal bat eginez).

34. artikulua.– Egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosoziala.

1.– Eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren eskaera egin ondoren, pertsona interesdunen egokitasuna aztertu eta baloratu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen diren elkarrizketak egingo dira egokitasun-deklarazioa lortzeko eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatze aldera. Kasu guztietan, elkarrizketetako bat, gutxienez, pertsona interesdunen etxean egingo da, familia-ingurunea bertatik bertara ikusi ahal izateko.

2.– Elkarrizketetan honako gai hauek jorratuko dira: interesdunen nortasuna, familia-egoera, egoera pertsonala eta osasuna, motibazioak, babesgabetasun-egoeren izaeraren eta edukiaren eta eragindako kalte emozionalaren ulermena, heziketarako gaitasunak, gaitasun emozionalak eta hirugarren pertsonekiko harremanetarako gaitasunak, bitarteko sozio-ekonomikoak, eta sexuen eta pertsonen arteko berdintasunarekin, oro har, eta familia-ingurunean, batez ere adingabeen zainketan eta heziketan, gizonek eta emakumeek erantzunkizunak partekatzearekin zerikusia duten balioak.

3.– Azterketa- eta balorazio-prozesuan zehar, eta balorazioan objektibotasunik handiena lortu nahian, euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonei ebaluazio psikometrikoen probak edo teknikak egin ahalko zaizkie; horien barruan galdera sortak sartu ahalko dira. Horien guztien emaitzak espedientean sartuko dira. Bestalde, euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonek edo familiek nahitaez egin beharko dituzte agintzen zaizkien probak edo, hala badagokio, galdera sortak bete.

4.– Edozein kasutan ere, egokitasunaren balorazio psikosoziala egingo dutenak haurren arloko gizarte-zerbitzu espezializatuak edo, hala badagokio, sektore publikoaren legerian ezarritakoaren testuinguruan zeregin hori betetzen duten kanpoko profesionalak edo erakunde laguntzaileak izango dira, eta balorazioak eragingo die euren burua familia-harrerarako eskainitako pertsonen familia-unitateko kide guztiei, bai eta etxebizitza berean bizi diren gainerakoei ere.

35. artikulua.– Egokitasun-deklarazioa eguneratzea.

1.– Familia-harrerarako egokitasun-deklarazioa eman ondoren, egindako balorazioa eguneratuko da honako kasu hauetan:

a) Egokitasunari buruzko ebazpenetik hiru urte igarotakoan. Hori ez zaie aplikatuko formalizatutako familia-harrera duten familiei, familia-harrerarako beste eskaintza bat egiten dutenean izan ezik.

b) Egokitasunaren deklarazioa eragin zuten zirkunstantziak nabarmen aldatzen direnean.

Horretarako, interesdunak edo interesdunek aldaketa nabarmen horiek jakinarazi beharko dituzte gertatzen diren unetik beretik, eta hala egin ezean, hurrengo apartatuaren c) letran jasotako egoerakotzat hartuko dira.

2.– Bestalde, egindako balorazioa eguneratuko da, eta, horren ondorioz, familia-harrerarako egoki deklaratutako pertsonek edo familiek izaera hori gal dezakete, hau da, egoki izateari utz diezaiokete, honako egoera hauek gertatzen badira:

a) Pertsona interesdunek hala eskatzen badute, eta, horretarako, egokitasun-deklarazioaren balorazioa eguneratzea zer arrazoik edo egoerak eragin duen adieraziko beharko dute.

b) Epe barruan jakinarazten ez badute familia-harrerarako izendatutako adingabearen onarpena, edo izendatutakoa justifikaziorik gabe onartzen ez badute.

c) Egiaztatzen bada interesdunek familia-harrerarako egokitasuna baldintzatzen zuten irizpideak betetzeari utzi diotela edo haren gaineko datu garrantzitsuak ezkutatu edo faltsutu dituztela.

d) Harrera amaitu dela erabakitzen bada harreragileen zirkunstantziak nabarmen aldatu direlako eta horrek eragin duelako egokitasun faltako kasuren batean egotea edo hautaketarako kontuan hartutako baldintza edo irizpideren bat betetzeari uztea, eta horrezaz guztiaz gain, dekretu honen 60. artikuluak familia-harrera amaitzeko ezarritako kasuren bat gertatzen bada.

3.– Egokitasun-deklarazioaren balorazioa eguneratzeak eragin dezake edo aurreko egokitasun-deklarazioari eustea edo hura errebokatzea, eta azken horrek esan nahi du egokitzat jotako pertsonek edo familiek egoki izateari utziko diotela, eta, beraz, familia-harrerarako ezin izango direla hautatu.

36. artikulua.– Deklaratutako egokitasuna automatikoki galtzea.

1.– Familia-harrerarako euren burua eskaintzen duten pertsonetako baten heriotzak edo heriotza-deklarazioak, eta familia-harrerarako euren burua eskaintzen duten pertsonen dibortzioak, ezkontza-deuseztatzeak eta banantzeak automatikoki eragingo du deklaratutako egokitasuna galtzea, baldin eta egokitasunaren deklarazioa egin ondoren ez bada familia-harrerako ezein neurriren eraketa formalizatu.

2.– Orobat, familia-harrerarako neurri bat ezartzeko asmoz proposatzen den izendapena onartzen ez bada, egokitasunaren deklarazioa galduko da edozein kasutan, baldin eta ez onartzeko arrazoia ondo justifikatzen ez bada.

3.– Horretarako, familia-harrerarako egokitasun-deklarazioaren prozedura ebazteko eskumena duen foru-aldundiko organoak berariaz eta behar bezala arrazoitutako ebazpena eman beharko du aurrez egindako egokitasun-deklarazioa errebokatzeko; organo horrek ez du zertan hurrengo artikuluan xedatutako prozedurari jarraitu, baldin eta aurreko zirkunstantziak berariaz jasota badaude espedientean.

4.– Organoak ematen duen ebazpena hamar eguneko epean jakinaraziko zaio ebazpenak eragiten dion pertsona edo familia harreragileari, eta, gainera, jakinaraziko zaio ebazpenaren aurka dagozkion errekurtsoak jartzeko aukera duela, indarrean dagoen legeriaren arabera.

5.– Aurrez egindako egokitasun-deklarazioa errebokatu zaion edo hura galdu duen pertsonak edo familiak, familia-harrerarako bere burua eskaini nahi badu, eskaintzaren eta egokitasun-deklarazioaren beste eskaera bat aurkeztu behar du; eskaera hori dekretu honetan xedatutakoaren arabera izapidetuko da.

37. artikulua.– Deklaratutako egokitasuna automatikoki ez galtzeko salbuespena.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, dekretu honen 36.1 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira jada formalizatuta dagoen familia-harrerako neurri baten garapenean zehar, foru-aldundi eskudunak beste ebazpen bat emango du, eta horren bitartez egokitu egingo dira aurretik eratutako familia-harrerako neurriaren baldintzak, pertsonen eta familien errealitate berriaren arabera.

2.– Halaber, aldatu egin beharko dira pertsona edo familia harreragileak sinatutako dokumentu erantsiaren (kontratuaren) baldintzak, eta aldatutako dokumentu hori erantsi beharko zaio familia-harreraren eraketa formalizatzeko ebazpen berriari.

3.– Betiere, aurreko apartatuetan deskribatutako jarduketak dekretu honen VIII. kapituluan xedatutakoaren arabera egingo dira, eta horrek ez du ezertan eragotziko familia-harrerarako egindako egokitasun-deklarazioaren balorazioa eguneratzeko prozedura abian jartzea, hurrengo artikuluan ezartzen den moduan.

38. artikulua.– Egokitasun-deklarazioaren balorazioa eguneratzeko prozedura.

1.– Dekretu honen 35. artikuluaren lehenbiziko eta bigarren apartatuetan adierazitako egoerak gertatuz gero, foru-aldundiak egokitasun-deklarazioari buruzko beste ebazpen bat eman beharko du, dela egokitasun-deklarazioari eusten zaiola adierazteko, dela egokitasun-deklarazioa errebokatu dela adierazteko; ebazpen berri horrek aurrekoa ordeztuko du.

2.– Horretarako, lantalde tekniko profesional egokiak honako hauek egiaztatu beharko ditu, espedientean dauden agiriak ikusirik, eta dekretu honen 28. eta 29. artikuluetan egokitasunaren baloraziorako ezarritako irizpideak kontuan harturik:

a) Egokitasun-deklarazioa ematea eragin zuten inguruabar pertsonalek eta familiakoek badirautela.

b) Familia-harrerarako egokia izateko baldintzak, dekretu honetan ezarritakoak, betetzen direla.

c) Egoki deklaratutako pertsonen egoera edo errealitate pertsonalean nahiz familiakoan gertatu den aldaketak egokitasun-falta eragiteko bezainbesteko garrantzirik ba ote duen.

3.– Espedientea aztertu eta baloratu ondoren, lantalde tekniko profesionalak entzunaldi-izapidea egingo die eragindako pertsona edo familiei, hamar eguneko epean alegazioak egiteko eta egoki irizten dieten agiri eta justifikazioak aurkezteko.

4.– Entzunaldi-izapidea amaitu ondoren, horren emaitzak aztertuta, txosten bat egingo dute. Bertan proposatuko dute, behar bezala arrazoituta, aurrez egindako egokitasun-deklarazioari eustea edo hura errebokatzea.

5.– Jarraian, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak, kontuan izanik lantalde tekniko profesionalak egindako txostena, espedientean bildutako agiriak eta pertsona interesdunek prozedura izapidetu bitartean eta, batez, ere, entzunaldi-izapidean egindako alegazioak edo ekarpenak, egokitzat jotzen duen ebazpen-proposamen teknikoa egingo du egokitasun-deklarazioari buruz. Bertan erabakiko du deklarazioari eustea edo hura errebokatzea.

6.– Ebazpen-proposamena egin ostean, foru-aldundiko organo eskudunak berariazko ebazpena emango du, eta haren bidez erabakiko da egindako egokitasun-deklarazioari eustea edo hura errebokatzea.

7.– Kasuan kasuko ebazpena behar bezala arrazoitu beharko da eta hamar eguneko epean jakinarazi pertsona edo familia harreragileari, eta ebazpen berean aukera eman behar zaie dagozkien errekurtsoak jartzeko, indarrean den legeriaren arabera.

39. artikulua.– Egokitasun-deklarazioa errebokatzea.

1.– Egokitasun-deklarazioa errebokatzeak aurrez egindako egokitasun-deklarazioaren ondorioak galtzea eragingo du, eta, horrenbestez, galera horrek eragiten dien pertsonak eta familiak ezin izango dira hautatu harreragile izateko.

2.– Inguruabar hori pertsona harreragileen erregistroan inskribatu beharko da.

VI. KAPITULUA
PERTSONA HARRERAGILEAK HAUTATZEA

40. artikulua.– Harreragileak hautatzea.

1.– Adingabe jakin batentzat familia-harrerako neurria ezartzeko beharra atzemanda, egokitasun-deklarazioa indarrean dutenen artean hautatzeko prozedura hasiko da ofizioz.

2.– Adingabeak bere ingurunean jarrai dezan sustatzeko, egokitzat jotzen den familia zabala egonez gero, ahaide horien artean egingo da hautaketa. Kontuan hartuko dira hurbileko pertsonak edo familiak ere; alegia, adingabearekin aldez aurretik harreman edo bizikidetasun adierazgarri, positibo eta egokia izan dutenak.

Edonola ere, familia-gune egoki bakarra egonez gero, ez da beharrezkoa izango hautaketa-prozedurari ekitea.

3.– Beharrezkotzat jotzen den harrera-modalitaterako egokitasun-deklarazioa nortzuek duten kontuan hartuta egingo da hautaketa.

4.– Hautaketa-prozeduran ez dira kontuan hartuko kasu hauetariko batean egonik euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonak edo familiak:

a) Egokitasun-deklarazioa etenda edukitzea.

b) Besteren familiako harrerarako hautaketa-prozesua izanik, hamabi hilabete baino gutxiago igaro izana:

– seme edo alaba bat jaio denetik;

– adopzioa eratzeari buruzko ebazpen judizialaren datatik, edo, hala badagokio, atzerriko agintaritza publiko eskudunak neurri edo ebazpen baliokidea eman duen egunetik; edo

– adopziorako zaintzaren eraketa administrazio-ebazpen bidez formalizatu denetik.

41. artikulua.– Hautatzeko irizpide orokorrak.

1.– Harrera-neurriaren xede den adingabearentzat egokiena den pertsona edo familia hautatzeko, honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontuan:

a) Hautaketa-prozesua hasi zaion adingabearen neba-arrebaren bat aurretik hartu izana.

b) Adingabearekin lehendik harreman edo bizikidetasun adierazgarri, positibo eta egokia izatea.

c) Pertsonaren edo familiaren gizarte- edo familia-inguruabarrak ondo egokitzea adingabearen ezaugarriekin eta beharrizanekin.

d) Adingabea garatu den ingurune soziokomunitariotik aldentzearen edo bertan jarraitzearen komenigarritasuna.

e) Pertsonaren edo familiaren ingurunean baliabideak izatea.

f) Adingabeak bere familia- eta gizarte-ingurunean erabili ohi duen hizkuntza jakitea.

2.– Irizpide horiek beharrezkotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera baloratu eta haztatuko dira, betiere haur edo nerabearen interes gorenari eta horren lorpenari begira.

3.– Ez da irizpide horiek aplikatu beharrik izango, salbuespenez, pertsona edo familia harreragilea hautatzeko prozedura hasi zaion adingabeak beharrizan edo zirkunstantzia bereziak baditu, halakotzat hartuz dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoak.

42. artikulua.– Hautatzeko irizpide espezifikoak.

1.– Eratu nahi den familia-harreraren modalitatearen arabera, aintzat hartu beharko dira, era berean, hurrengo apartatuetan adierazten diren irizpideak. Nolanahi ere, irizpide horiek beharrezkotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera baloratu eta haztatu beharko dira, betiere haur edo nerabearen interes gorenari eta horren lorpenari begira.

2.– Familia zabaleko familia-harrerako neurri bat eratu nahi denean, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Adingabearen familia-arazoen ulermen handiena.

b) Harrera-neurriaren aurretik adingabearengana erakutsitako interes edo arreta handiena.

c) Pertsonak edo familiak egonkortasun handiena eskaintzea harrera-neurria mantentzeko.

d) Pertsonak edo familiak gatazkarik gabeko harremana izatea adingabearen gurasoekin edo tutorearekin.

3.– Familia-harrerako neurria besteren familian eratu nahi denean, familia-gune egoki bat baino gehiago egonez gero, adingabearekin lotura afektiborik sendoena duen familiari emango zaio lehentasuna, edo adingabearekin lehendik harreman edo bizikidetasun positibo eta egokia izan duenari.

4.– Familia-harrera iraunkorreko neurria eratu nahi denean, egoki diren zenbait familia-gunek baldintza berberak izanez gero, lehentasuna emango zaie, hautaketaren unean, adingabearekin berrogeita bost urtetik gorako adin-aldea ez duten pertsonei. Bikotea izanez gero, bikotekiderik gazteenaren eta adigabearen arteko adin-aldea hartuko da kontuan.

5.– Familia-harrera espezializatuko neurria eratu nahi denean, lehentasunez hautatuko da harrera-neurriaren xede den adingabearen ezaugarriei eta beharrizanei ondoen egokitzen zaien pertsona edo familia, kontuan izanik beraren prestasuna, kualifikazioa edo esperientzia profesionala eta pertsonala –aurretik formalizatu den beste familia-harrera espezializatu batean egiaztatuak–.

43. artikulua.– Hautatzeko prozedura.

1.– Babes-espedientearen ardura daukan lantalde tekniko profesionalak, espedientea aztertu eta gero, txostena egingo du, eta bertan egokien irizten dion harrera-modalitatea proposatuko du, betiere haur edo nerabearen interes gorenari begira, bai eta hautagai egokiena iruditzen zaion pertsona edo familia ere, dekretu honen 41. eta 42. artikuluetan ezarritako irizpideak aztertu eta baloratu ondoren.

2.– Horretarako, txosten hori egin baino lehen, hautatutako pertsona edo familiari jakinarazi beharko zaizkio harreraren berezitasunak eta adingabearen ezaugarriak, bereziki osasun-egoerari eta alderdi psikologikoei, akademikoei, pedagogikoei eta sozialei buruzkoak.

Halaber, pertsona edo familia harreragile gisa adingabearekin dituen betebeharrak jakinaraziko zaizkio, bereziki aipatuz harrerak ez duela berekin ekartzen adingabearekiko behin betiko elkarbizitza.

Horren guztiaren xedea da hautatutako pertsona edo familiak proposatu den neurria onartzeko edo ez onartzeko duen prestasunaren berri izatea, eta, hala badagokio, beste pertsona edo familia bat hautatzeari ekiteko beharra aztertzea.

3.– Izapide hori aurrez aurrekoa izango da, funtzionario publikoaren aurrean egin beharreko agerraldian jasorik gera dadin; edonola ere, informazioa idatziz ere eman beharko da.

4.– Jarraian, aurreko izapidearen emaitza ikusirik, lantalde tekniko profesionalak txostena igorriko dio dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoari, babes-espedientea aztertu eta berrikusteko.

5.– Kide anitzeko organo horrek, lantalde tekniko profesionalaren txostena eta espedientean dauden agiriak baloratu ondoren, harrera-modalitateari buruzko eta harrera hori gauzatzeko hautatuko den pertsona edo familiari buruzko erabakia hartuko du.

6.– Azkenik, erabaki hori jakinaraziko zaie hautatutako pertsona edo familiari, bai eta adingabeari ere, behar bezain heldua bada eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoa bada, harrerarako adostasuna adieraz dezaten.

44. artikulua.– Prozeduraren berezitasunak larrialdiko familia-harrerari dagokionez.

1.– Salbuespenez, eratu nahi den familia-harrerako neurria, bere iraupenari eta helburuei erreparatuta, larrialdiko familia-harreraren modalitatekoa denean, ez da beharrezkoa izango aurreko artikuluan azaldutako izapideak egitea pertsona edo familia harreragilea hautatzeko.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, familia-harrerako neurria behin formalizatuta, dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko balorazio-organoari helarazi beharko zaio babes-espedientea, ezarritako neurriari dagokion dokumentazioarekin eta egokitzat jotzen den informazioarekin batera, aztertu eta baloratu ditzan.

3.– Kide anitzeko balorazio-organoari bere hurrengo bileran helarazi beharko zaio babes-espedientea, eta, nolanahi ere, hamabost eguneko epea amaitu aurretik.

45. artikulua.– Familia-harrera onartzea.

1.– Dekretu honen 43.6 artikuluan ezarritako izapidea egin eta biharamunetik zenbatzen hasita bost egun baliodunetik gorakoa izango ez den epe batean, hautatutako pertsona edo familia harreragileak proposatutako izendapena onartzen duela jakinarazi beharko du aurrez aurre, familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzen duen ebazpena eman dadin.

2.– Hautatutako pertsona edo familia harreragileak proposatutako izendapena onartu ezean, harekin aurrez aurre izapide hori bete duen pertsonak akta egingo du eta bertan izapidearen emaitza agerraraziko du, bai eta, hala badagokio, onartu ez izanaren arrazoiak edo zirkunstantziak ere; izan ere, ondoren, horren bidez zehaztu ahalko da ea bidezkoa den ala ez egokitasunaren deklarazioa galtzea.

3.– Hautatutako pertsona edo familia harreragilearen aldetik izendapenerako adostasunaren gaineko komunikaziorik ez badago aurreko apartatuan adierazitako epearen barruan, ulertuko da izendapena ez dela onartzen, eta horrek, edozein kasutan ere, egokitasunaren deklarazioaren galera ekarriko du berekin, baldin eta ukoa ondo justifikatzen ez bada.

46. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Hautatutako pertsona edo familia harreragilearen adostasuna eta neurriaren xede den adingabearena lortuta (betiere behar bezain heldua eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoa bada), ebazpena emango da eta haren bidez haur edo nerabearen interes gorenari begira egokientzat jo den familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatuko da.

2.– Ebazpenean zenbait alderdi arrazoitu beharko dira, hala nola babes-ekintza justifikatzen duen adingabearen babesgabetasun-egoera, familia-harreraren modalitatea, bai eta familia-harrerako neurriaren hasiera-data eta aurreikusitako neurriaren iraupena eta helburuak eta aplikatzekoa den legeriak ezarritako gainerako alderdiak ere.

3.– Edozein kasutan ere, emango den ebazpenari eranskin bat gehituko zaio (kontratua) eta horretan, gutxienez, jarraian azaltzen den edukia jasoko da:

a) Pertsona harreragileen nortasuna eta harrerapeko adingabeena.

b) Familia-harrerako neurriari buruz adierazitako adostasuna eta aldez aurretik beharrezkoak diren entzunaldiei, pertsona edo familia harreragileari eta adingabeari buruzko datuak.

c) Familia-harreraren modalitatea, eta familia zabaleko edo besteren familiako harrera den.

d) Familia-harrerako neurriaren hasiera-data, eta aurreikusten zaizkion iraupena eta helburuak.

e) Alderdietako bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak, bereziki honako hauek:

– Babesgabezia-egoeraren deklarazioa egonez gero, jatorrizko familiarekiko bisita, egonaldi, harreman edo komunikazioen araubidea. Araubide hori dekretu honen 63. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz ezarri beharko da, et foru-aldundiak aldatu ahal izango du, haur edo nerabearen interes gorenaren onerako.

– Adingabeak jasan ditzakeen edo hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko sistema, foru-aldundiak ezarri beharrekoa.

– Pertsona edo familia harreragileak mantenuko, hezkuntzako eta artapen soziosanitarioko gastuak bere gain hartzea.

f) Foru-aldundiak, harreraren helburuaren arabera, aurrera eramango dituen jarraipenaren eta jarduketen edukia eta jarraipen horrekin lankidetzan jarduteko konpromisoa, pertsona edo familia harreragilearen aldetik.

g) Desgaitasuna aintzatetsita duten adingabeei dagokienez, behar dituzten neurri, baliabide edo zerbitzu lagungarriak.

h) Pertsona edo familia harreragileak jasoko dituen konpentsazio ekonomikoa, laguntza teknikoak edota bestelako laguntzak, halakorik badago.

i) Familia-harrerako neurria berrikusiko den epea.

4.– Ebazpena hilabeteko epean jakinarazi beharko zaie pertsona edo familia harreragileari, harrerapeko adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei edo tutoreei.

47. artikulua.– Ezarritako familia-harrerako neurriari buruzko eranskina sinatzea.

1.– Familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko ebazpena jakinarazi dela egiaztatuta, foru-aldundiak pertsona edo familia harreragileari hitzordu bat ezarriko dio gehienez ere hamar eguneko epean ager dadin, ebazpenari gehitutako eranskina (kontratua) izenpetzearren. Horrek berekin ekarriko du bertan ezarritako konpromiso, betebehar eta obligazio guztiak onartzea.

2.– Eranskinean (kontratua) foru-aldundiaren, pertsona edo familia harreragilearen eta adingabearen adostasuna agertuko da, azken horrek nahikoa heldutasun badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gora baditu.

3.– Familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko ebazpena eta hari gehitu beharreko eranskina (kontratua), behin interesdun guztiek izenpetu eta gero, Fiskaltzari jakinarazi beharko zaizkio hilabeteko epean, hartutako neurriaren datatik zenbatzen hasita.

VII. KAPITULUA
ADINGABEAREN EGOERAREN ETA FAMILIAN IZANDAKO EGOKITZAPENAREN JARRAIPENA ETA EZARRITAKO FAMILIA-HARRERAKO NEURRIAREN EBALUAZIOA

48. artikulua.– Tutoretza-ahalmenak esleitzea.

1.– Familia-harrera iraunkorreko neurria eratzen den unean edo neurri hori garatu bitartean, eta adingabearen interes gorenak halaxe eskatzen duen guztietan, foru-aldundiak epaileari eskatu ahalko dio pertsona edo familia harreragileari bere erantzukizunak betetzea errazten lagunduko dioten tutoretza-ahalmenak emateko.

Horretarako, epaileari proposamen bat aurkeztu beharko dio eta horretan zehaztuko dira lortu nahi diren tutoretza-ahalmen horiek.

2.– Baldin eta, haur edo nerabearen interes gorenari men eginez, adingabea jatorrizko familiarengana itzultzeko aukera baztertzen bada, eta, pertsona edo familia harreragilearen baldintzak eta zirkunstantziak aintzat hartuz, komenigarritzat jotzen bada familia-harrerako neurria Kode Zibilean ezarritako arau arrunten arabera eratu beharreko tutoretza bihurtzea, foru-aldundiak horretarako proposamena egingo dio epaileari, eta proposamen hori ebatzi arte aurreko apartatuan aipatutako ahalmenak esleitzeko eskatuko dio.

3.– Familia-harrerako neurria aldatu eta tutoretza bilakatzen bada, horrek berekin ekarriko du pertsona edo familia harreragileak familia-harrerako neurriarengatik jasotzen zituen ordain edo laguntza ekonomikoak aurrerantzean ez jasotzea; baina aukera izango du bidezkotzat jotzen diren bestelako laguntzak jasotzeko, hori behar bezala justifikatzen duten baldintzak edo zirkunstantziak betetzen direnean.

49. artikulua.– Babes-plan indibidualizatua egitea.

1.– Familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatu ondoren, harrerapeko adingabe bakoitzari bere babes-plana egingo dio babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalak, non genero-ikuspegia txertatuta egongo den ukitzen dituen kontu guztietan.

2.– Plan hori egiteko ardura lantalde tekniko profesionaleko kideetako bati esleituko zaio, haur edo nerabearen erreferentziako pertsona izendatutakoari, hain zuzen. Hala ere, lantalde teknikoko gainerako kideen laguntza jasoko du plana egiteko, eta haiek irispidean izango dute planaren edukia.

3.– Babes-plan indibidualizatua egiteaz arduratuko den teknikaria, horrez gain, planean zehazten den familia-harrerako neurriaren jarraipena egiteaz arduratuko da, eta planean adierazitako moduan egingo du jarraipena.

Era berean, pertsona horri egokituko zaio plana berrikustea eta, horrekin lotuta, familia-harrerako neurria ahalik eta ondoen garatuko dela bermatzeko beharrezkoak diren eguneratzeak edo aldaketak egitea, betiere haurraren edo nerabearen interes gorenari jarraikiz.

50. artikulua.– Babes-plan indibidualizatuaren edukia.

1.– Babes-plan indibidualizatuak honako kontu hauek zehaztu beharko ditu, besteak beste, eta eratutako harreraren helburuari begira betiere:

a) Jarraitu beharreko jarduketa-ildoak.

b) Esku-hartzearen xedeak.

c) Formalizatutako harreraren jarraipena egiteko eta bai familia-gune harreragileari bai harrerapeko adingabeari eta jatorrizko familiari laguntza, sostengua eta orientazioa eskaintzeko kontuan hartu behar diren gidalerroak, dekretu honen 73.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.– Pertsona edo familia harreragileari plana bidaliko zaio, bere eginkizunak ahalik eta ondoen bete ditzan errazteko eta bermatzeko, baina ez dira planaren edukian ageriko adingabearen, familiaren eta ukitutako gainerako pertsonen intimitaterako eskubidearekin zerikusia duten kontuak, datuak edo informazioak, eta babestu egingo dira datu pertsonalak.

3.– Jatorrizko familiari ere planeko informazioa igorri ahalko zaio, horretarako behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude eta, betiere, komenigarria gertatzen bada, jatorrizko familiak bere seme-alabekin egiten ari den banakako esku-hartzearen garapenean modu aktiboan lagun dezan, egiten zaizkion oharrak eta orientazioak begiratuz, errespetatuz eta betez. Hala, bada, helburu horietarako garrantzitsu eta egokitzat jotzen den planeko informazioa eman ahalko zaio jatorrizko familiari.

51. artikulua.– Harreraren jarraipena.

1.– Ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipena egitearen xedea da harrerapeko adingabea ondo artatuta eta zainduta dagoela eta haren eguneroko oinarrizko beharrizanak asetzen direla egiaztatzea, eta dagozkion eskubideak ez ezik, betebeharrak ere egikaritzea bermatzen zaiola. Aldi berean, bermatu behar da familia edo pertsona harreragilea haur edo nerabearen behar material eta emozionalak asetzeko eta egonkortasuna emateko gai dela.

2.– Horretarako, harrerapeko adingabearen egokitzapena eta bilakaera egiaztatu beharko dira haren integrazioaren alderdi guztietan, heziketa- eta ikasketa-prozesuaren garapen eta aurrerapenean, pertsona edo familia harreragilearekiko eta jatorrizko familiarekiko harremanetan, gizarte-integrazioan eta garapen emozionalean; betiere, izan daitezkeen arazoak, zailtasunak, gabeziak eta alde positiboak atzemanez eta lortu beharreko helburuak planifikatuz.

3.– Jarraipena egiteko informazioaren iturri izango dira pertsona edo familia harreragilea, adingabea bera, horiekin harremanak dituzten profesionalak, eta etxera egindako bisitetan zuzenean egindako egiaztapenak, bai eta izandako elkarrizketak ere.

4.– Ezarritako familia-harrerako neurria amaitu arte iraungo du jarraipenak, eta babes-plan indibidualizatuan aurreikusten den periodikotasuna izango du, kasu bakoitzeko beharrizanen araberakoa. Hala ere, periodikotasun hori aldatu ahal izango da presa bereziko egoeretan, krisialdietan eta haur edo nerabearen interes gorenaren onerako beharrezkoa den guztietan.

52. artikulua.– Harreraren jarraipenari buruzko txostena.

1.– Familia-harrerako neurriari egindako jarraipena idatziz jasoko da espedientean; horrela, bada, ebaluazio-txostena egin beharko da dekretu honen 53. artikuluan babes-plan indibidualizaturako ezarritako periodikotasunarekin, gutxienez.

2.– Nolanahi ere, egiten den txostenean adierazi beharko da ezarritako familia-harrerako neurriak egokiena izaten jarraitzen al duen, haur edo nerabearen onura handiena helburu hartuta, eta familia edo pertsona harreragileak egokiena izaten jarraitzen al duen haurraren beharrei erantzute aldera.

53. artikulua.– Babes-plan indibidualizatua berrikustea.

Harreraren jarraipenari buruz egindako txostenaren emaitza ikusirik, babes-plan indibidualizatua berrikusi eta, behar izanez gero, eguneratu edo aldatu egingo da, periodikotasun honekin:

a) Familia-harrera ez-iraunkorraren modalitateetan ezarritako babes-plan indibidualizatuak hiru hilik behin berrikusiko dira, hiru urtetik beherako haurrei eragiten dietenean, eta sei hilik behin, hiru urtetik gorako haurrei eragiten dietenean.

b) Familia-harrera iraunkorren modalitateetan ezarritako babes-plan indibidualizatuak sei hilik behin berrikusiko dira lehendabiziko urtean eta hamabi hilik behin bigarren urtetik aurrera.

VIII. KAPITULUA
EZARRITAKO FAMILIA-HARRERAKO NEURRIA ALDATZEA

54. artikulua.– Pertsona edo familia harreragileak informatzeko duen betebeharra.

1.– Familia-harrera formalizatua duten pertsonak edo familiak beharturik daude, familia-harrerako neurria hasten den unetik bertatik, kasuaren jarraipenaz arduratzen den teknikariari jakinaraztera ea aldaketa nabarmenik izan den egokitasunaren deklaraziorako aintzat hartutako zirkunstantzietan: besteak beste, pertsona harreragileetariko baten heriotza edo heriotza-deklarazioa, banantzea, dibortzioa, ezkontzaren deuseztasuna edo batasunaren haustura edo ezkontzaren baliokidea den erlazio afektibo-sexualarena.

2.– Pertsona edo familia harreragilearen egoera pertsonal, familia-egoera edo gizarte-egoera berria ezagututa, beraren balorazioa egingo da harrerapeko adingabearen egoerari dagokionez; horrek berekin ekar dezake aldaketak egin beharra, harrera hori pertsona edo familia harreragilearen egoera pertsonal, familia-egoera edo gizarte-egoera berriaren arabera eguneratzen laguntzeko; edo, bestela, berekin ekar dezake pertsona edo familia harreragilearen egokitasunaren deklarazioan aldaketak egitea.

55. artikulua.– Familia-harrerako neurria aldatzea.

1.– Familia-harrerako neurri bat ezartzea eragin zuten inguruabarretan garrantzizko aldaketak gertatzen badira eta, ondorioz, haur edo nerabearen interes gorenaren onerako, lantalde tekniko profesionalean erreferentziako pertsona izendatutako kideak irizten badio beharrezkoa dela ezarritako familia-harrerako neurriaren funtsezko baldintzak aldatzea edo harrera modalitatea aldatzea, pertsona horrek txostena egingo du eta bertan honako hau justifikatuko du, arrazoiak azalduta:

a) Neurriaren aldaketa (lehendik ezarritako familia-harrerako neurriak izan behar lituzkeen baldintza berriak azalduko ditu).

b) Edo neurriak hartu behar lukeen modalitate berria.

2.– Txostena egin ostean, haren emaitza adieraziko zaie pertsona edo familia harreragileari eta, egoki izanez gero, adingabeari. Entzunaldi-izapidea emango zaie hamar egunez, egoki irizten dieten alegazioak egiteko eta agiri eta justifikazioak aurkezteko.

3.– Entzunaldi-izapidea burutu ostean, dekretu honen 5. artikuluan aurreikusten den kide anitzeko balorazio-organoari helaraziko zaio bigarren apartatuan adierazitako txostena, babes-plan indibidualizatu berriarekin batera. Dokumentu horretan zehaztuko dira planifikatutako esku-hartze edo jarduketak, baita entzunaldi-izapidean aurkeztutako alegazio, agiri edo justifikazioak ere, halakorik balego, balorazio-organoak kasua azter dezan, txostenean jasotako edukiari buruzko proposamen teknikoa egiteko.

4.– Edonola ere, familia-harrerako neurria aldatu baino lehen, eta neurri hori kide anitzeko balorazio-organoak proposatutakoa bada, neurriak ukitutako pertsonen adostasuna eskuratu beharko da, familia-harrerako neurriaren baldintza berriak onartzeko.

5.– Izapide hori gehienez ere bost eguneko epean burutu behar da, eta egin, aurrez aurre egin behar da. Izapidearen akta egin beharko da ondoren, emaitza zein izan den jasota geratzeko.

6.– Pertsona edo familia harreragileak familia-harrerako neurriaren baldintza berriak onartzen ez baditu edo adostasunari buruzko jakinarazpenik ez badago, tartean den adingabearen inguruan indarrean dagoen familia-harrerako neurria bertan behera geratuko da, dekretu honen 60 eta 62 bitarteko artikuluetan zehaztu bezala.

7.– Pertsona edo familia harreragileak baldintza berriei buruz adierazitako adostasuna eskuratuta, familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko eskumena daukan foru-aldundiko organoak ebazpena emango du, eta haren bidez erabakiko da lehengo familia-harrerako neurria aldatzea.

8.– Hamar eguneko epean, ebazpena jakinarazi beharko zaie pertsona edo familia harreragileari, harrerapeko adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei.

56. artikulua.– Familia-harrerako neurria aldatzea, familia harreragilea hautsiz gero.

1.– Familia-harrerako neurria ezartzea eragin zuten zirkunstantziak aldatzen badira pertsona harreragileen bizikidetasuna edo erlazio afektibo-sexuala hautsi delako banaketaren, dibortzioaren edo ezkontza-deuseztapenaren ondorioz, indarrean dagoen familia-harrerako neurria aldatzeko modua egongo da, haur edo nerabearen interes gorenaren mesedetan, bikoteko bi pertsonek zaintza eta jagoletza partekatu eta batera egikaritu ahal ditzaten.

2.– Horretarako, honako zirkunstantzia hauek gertatu beharko dira:

a) Harrerapeko adingabea gutxienez bi urtez bizi izana familia harreragilearekin.

b) Bi pertsonak egokiak izatea familia-harrerako neurria garatu ahal izateko.

c) Bi pertsonak hurbileko gune geografiko batean bizi izatea.

d) Bi pertsonek euren adostasuna agertzea familia-harrerako neurriaren baldintza berriei buruz.

3.– Indarreko familia-harrerako neurriaren baldintzen aldaketa aurreko artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz egin beharko da.

57. artikulua.– Familia-harreraren modalitatea aldatzea haren iraupenari eta helburuei erreparatuta.

1.– Larrialdiko edo aldi baterako familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatu den kasuetan, neurria indarrean egon bitartean edo hura amaitu ondoren harrerapeko adingabea jatorrizko familiarengana itzuli ezina egiaztatzen bada edo adingabearen eta haren familiaren zirkunstantziek halaxe eskatzen badute, babes-espedienteaz arduratzen den lantalde teknikoak proposatu ahalko du –haur edo nerabearen interes gorena kontuan hartuta, eta familia-harrerako neurriaren jarraipenean zehar eskuratutako informazioak egiaztatu badu neurriak garapen egokia izan duela– larrialdiko familia-harreraren modalitatea aldatzea aldi baterako modalitatera edo modalitate iraunkorrera, edo bestela familia-harreraren aldi baterako modalitatea aldatzea modalitate iraunkorrera, dagokionaren arabera.

2.– Larrialdiko edo aldi baterako familia-harrera baten indarraldia amaitzen denean, zirkunstantzia horren berri emango zaio pertsona edo familia harreragileari, eta hark adierazi ahalko du ez duela neurriarekin jarraitu nahi.

3.– Edozein kasutan ere, aurretik egondako familia-harrerako neurriak indarrean iraungo du, edo, hala badagokio, luzatu egingo da, harik eta familia-harreraren modalitatea aldatzea erabakitzeko ebazpena eman arte, edo, pertsona edo familia harreragileak familia-harreraren modalitate berriari buruz adostasunik agertu ezean, harik eta familia-harrerako neurri berriaren eraketa formalizatzeko ebazpena eman arte.

4.– Familia-harreraren modalitatea aldatzea (larrialdikoa dena aldi baterako edo iraunkor bihurtzea, edota aldi baterakoa dena iraunkor bihurtzea) dekretu honen 55. artikuluak ezarritako prozedurarekin bat etorriz egingo da.

IX. KAPITULUA
EZARRITAKO FAMILIA-HARRERAKO NEURRIA ALDI BATERAKO ETETEA

58. artikulua.– Familia-harrerako neurria etetea.

1.– Foru-aldundiak erabaki ahalko du, haur edo nerabearen interes gorenari men eginez, eta aldez aurretik pertsona edo familia harreragileari eta harrerapeko adingabeari entzunaldi-izapidea eginda, ezarritako familia-harrerako neurria aldi batez etetea; horrek eragingo du harrerapeko adingabea harreragilearengandik bereiztea, gerora berriro harengana itzultzeko aukerarekin.

2.– Horretarako, erreferentziako pertsona izendatutako lantalde tekniko profesionaleko kideak irizten dionean ezarritako familia-harrerako neurria eten behar dela, txostena egin beharko du. Txosten horretan, arrazoiak ondo azalduta, neurria aldi baterako etetea justifikatuko du, eta etenaldia zenbat denboraz luzatu behar litzatekeen ere adieraziko du.

3.– Txostena egin ostean, haren emaitza adieraziko zaie pertsona edo familia harreragileari eta, egoki izanez gero, harrerapeko adingabeari. Entzunaldi-izapidea emango zaie hamar egunez, egoki irizten dieten alegazioak egiteko eta agiri eta justifikazioak aurkezteko.

4.– Entzunaldi-izapidea burutu ostean, dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko balorazio-organoari helaraziko zaio bigarren apartatuan adierazitako txostena, baita entzunaldi-izapidean aurkeztutako alegazio, agiri edo justifikazioak, halakorik balego, balorazio-organoak kasua azter dezan, txostenaren edukiari buruzko proposamen teknikoa egiteko.

5.– Kide anitzeko balorazio-organoaren proposamena familia-harrerako neurria etetearen aldekoa bada, horren berri emango zaio familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko eskumena duen foru-aldundiko organoari, ebazpena eman dezan.

6.– Ematen den ebazpenean, familia-harrerako neurria etetea erabakiko da, eta hortaz, aldi baterako bertan behera geratuko dira neurriaren ondorioak eta pertsona edo familia harreragileari dagozkion betebeharrak eta eskubideak; bereziki, adingabearekiko bisita, egonaldi, harreman edo komunikazioen araubideari buruzkoak.

7.– Hamar eguneko epean, ebazpena jakinaraziko zaie pertsona edo familia harreragileari, harrerapeko adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei.

59. artikulua.– Familia-harrerako neurria etetearen funtsa eta ondorioak.

1.– Familia-harrerako neurria aldi baterako etenda dagoen bitartean, pertsona edo familia harreragileak ez ditu galduko harrerapeko adingabearekiko bisita, egonaldi, harreman eta komunikazioen araubideari dagozkion eskubideak, ez eta haur edo nerabearen interes gorenari begira beharrezkoak diren aholkularitza, prestakuntza, orientazioa, laguntza eta arreta tekniko espezializatua ere.

2.– Ezarritako familia-harrerako neurria aldi baterako eteteak ez du berekin ekarriko, inola ere, familia-harrerako neurriak indarra galtzerik.

3.– Aurrekoa gorabehera, familia-harrerako neurria etenez gero, aldi berean etenda geratuko da, automatikoki, foru-aldundiak ezarritako konpentsazioak edo, kasua bada, laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea.

4.– Familia-harrerako neurria aldi baterako etetea erabaki ondoren, etenaldiak irauten duen bitartean adingabearen zaintza izango duen baliabidea edo familia izendatuko da. Etenaldiak gehienez ere sei hilabete iraungo du, eta ezin izango da luzatu.

5.– Erabakitako etenaldia igarotzen denean, edo, kasu guztietan, gehienez ere sei hilabeteko epea igarotzen denean, erabakia hartu beharko da: adingabea pertsona edo familia harreragilearengana itzuli, edo, hori ezin bada, familia-harrerako neurria bertan behera utzi behin betiko, hasiera batean formalizatu zen terminoetan, dekretu honen 60.1.g) artikuluak aurreikusten duenarekin bat.

X. KAPITULUA
EZARRITAKO FAMILIA-HARRERAKO NEURRIA BERTAN BEHERA UZTEA

60. artikulua.– Familia-harrerako neurria bertan behera uzteko arrazoiak.

1.– Hauetako zirkunstantziaren bat gertatzen denean utziko da bertan behera familia-harrerako neurria, betiere horri buruz ebazpena eman eta gero:

a) Beharrezko iriztea haur edo nerabearen interes gorena babesteko, haren egoerari hobeto egokitzen zaiolako.

b) Haur edo nerabearen interes gorenagatik egonkorragoa edo behin betikoa den bestelako babes-neurria ezartzea komenigarri izatea.

c) Pertsona edo familia harreragileak hartutako konpromisoak, betebeharrak eta obligazioak larriki edo behin eta berriz ez betetzea.

d) Fiskaltzak proposatzea.

e) Hala eskatzea pertsona edo familia harreragileak berak, harrerapeko adingabeak, hamabi urte edo gehiago baditu, edo guraso-ahalari eusten dioten gurasoek, edo tutoreak, betiere tutoretza kendu ez bazaio, eta guraso-ahala edo tutoretza berriro ere beren gain hartzeko baldintzak betetzen badituzte, Kode Zibilaren 172.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Azken kasu horretan, foru-aldundiak aldez aurretik egiaztatu beharko du babesgabezia-egoeraren deklarazioa egiteko arrazoi izan ziren zirkunstantziak aldatu direla eta adingabea jatorrizko familiarengana itzultzea onuragarria izango litzatekeela haur edo nerabe horren interes gorenari begira.

f) Pertsona edo familia harreragilearen gaitasun edo motibazio falta atzematea adingabearen kargu egiteko.

g) Erabakitako familia-harrerako neurriaren etenaldia dagoeneko bukatuta egotea edo, kasua bada, etenaldirako ezarritako gehieneko epea, sei hilabete, dagoeneko beteta egotea, eta adingabea gune harreragilean berriz integratzea ezinezkoa dela egiaztatzea.

h) Pertsona harreragilea bakarra denean, hura hiltzea, hil dela deklaratzea, edo haren ezgaitasuna aitortzea, adingabearekiko hartutako konpromisoak, betebeharrak eta obligazioak betetzea eragozten diona.

i) Aldi baterako familia-harreraren modalitatea familia-harrera iraunkor bihurtzea, komenigarria bada haur edo nerabearen interes gorenari begira.

j) Familia berriro elkartu izana.

k) Banantzearen, dibortzioaren edo ezkontza-deuseztasunaren ondorioz elkarbizitza edo harreman afektibo-sexuala haustea, salbu eta bidezkoa denean indarreko familia-harrerako neurria aldatzea halako moduan non bikoteko bi pertsonek zaintza eta jagoletza partekatzen eta batera egikaritzen baitituzte, dekretu honen 56. artikuluan xedatutakoa betez.

l) Familia edo pertsona harreragileak ez onartzea familia-harrerako neurriaren baldintza berriak, edo neurri berriei buruzko adostasuna ez jakinarazi izana.

2.– Orobat, familia-harrerako neurria bertan behera utziko da berehala, baldin eta harrerapeko adingabea adopzioan hartzen bada edo tutoretza arrunta eratzen bada, adin-nagusitasunera iristen bada, emantzipatzen bada, hiltzen bada edo haren heriotza deklaratzen bada.

3.– Familia-harrerako neurria bertan behera lagatzeko, dela ofizioz dela alderen batek eskatuta, ezinbestekoa izango da foru-aldundiak horretarako ebazpena ematea.

4.– Esandakoak esan, ebazpena ematea ez da beharrezkoa izango familia-harrerako neurriaren amaiera etxean hartutako adingabea adoptatzeak eragiten badu, edo etxean hartutako adingabea adin-nagusitasunera iristen bada; halakoetan, besterik gabe amaituko da neurria, aipatutako zirkunstantziak gertatzen diren egunean bertan.

61. artikulua.– Familia-harrerako neurria bertan behera uztea.

1.– Lantalde tekniko profesionalean erreferentziako pertsona izendatutako kideak ikusiko balu, iritziko balio edo ziur jakingo balu, haur edo nerabearen interes gorenaren mesederako, familia-harrerako neurria bertan behera lagatzeko moduko zerbait gertatu dela, batez ere aurreko artikuluan jasotako zirkunstantzia horietakoren bat gertatu dela, txostena egin beharko du eta bertan justifikatu beharko du, ondo arrazoituta, komeni dela neurria bertan behera lagatzea.

2.– Txostena egin ostean, haren emaitza adieraziko zaie pertsona edo familia harreragileari eta, egoki izanez gero, harrerapeko adingabeari. Entzunaldi-izapidea emango zaie hamar egunez, egoki irizten dieten alegazioak egiteko eta agiri eta justifikazioak aurkezteko.

3.– Entzunaldi-izapidea burutu ostean, dekretu honen 5. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko balorazio-organoari helaraziko zaio bigarren apartatuan adierazitako txostena, baita entzunaldi-izapidean aurkeztutako alegazio, agiri edo justifikazioak, halakorik balego, balorazio-organoak kasua azter dezan, txostenaren edukiari buruzko proposamen teknikoa egiteko.

4.– Kide anitzeko balorazio-organoaren proposamena familia-harrerako neurria amaitzearen aldekoa bada, horren berri emango zaio familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko eskumena duen foru-aldundiko organoari, ebazpena eman dezan.

5.– Ematen den ebazpenean, familia-harrerako neurria amaitzea erabakiko da, eta hortaz, bertan behera geratuko dira haren ondorio guztiak eta, bereziki, pertsona edo familia harreragileak adingabearekiko dituen betebeharrak eta eskubideak.

6.– Familia-harrerako neurria bertan behera utzi behar den guztietan, berdin dio amaiera hori ebazpenik gabe erabaki bada ere, hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie pertsona edo familia harreragileari, harrerapeko adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei.

62. artikulua.– Familia-harrerako neurria bertan behera uzteko arrazoiak.

1.– Baldin eta familia-harrerako neurria bertan behera uzteko arrazoia pertsona edo familia harreragilearen egoera pertsonala nahiz familia-egoera aldatu eta familia-harrerarako eskaintza ez onartzea eragingo lukeen zirkunstantziaren bat gertatzea bada, dekretu honen 30. artikuluan xedatutakoari jarraituz, bertan behera uztea erabakitzen duen ebazpenak erabaki ahalko du, halaber, pertsona edo familia harreragilearen egokitasunaren deklarazioa errebokatzea, horretarako bete beharrik gabe dekretu honen 38. artikuluan ezarritako prozedura.

2.– Familia zabalean izandako harrera bertan behera uzteak pertsona edo familia harreragileari aldez aurretik emandako egokitasun-deklarazioa errebokatzea eragingo du automatikoki, eta hori argi eta garbi adierazi beharko da bertan behera uztea erabakitzen duen ebazpenean bertan. Edonola ere, kasu horretatik kanpo geratuko lirateke formalizatu diren beste familia-harrerako neurri batzuk bertan behera laga gabe amaitu litezkeen familia-harrerako neurriak.

3.– Besteren familian izandako harrera bertan behera uzteak, pertsona edo familia harreragileari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiengatik gertatuz gero, ez du berekin ekarriko pertsona harreragileen erregistroan haren egokitasunaren inskripzioa ezereztea.

XI. KAPITULUA
BISITA, HARREMAN EDO KOMUNIKAZIOEN ARAUBIDEA

63. artikulua.– Jatorrizko familiarekiko bisita, harreman edo komunikazioak.

1.– Foru-aldundiak, haur edo nerabearen interes gorena aintzat harturik, erregulatu egingo du harrerapeko adingabeak gurasoekin (guraso-ahala izan ez arren), tutoreekin edo zaintzaileekin, aitona-amonekin, neba-arrebekin eta gainerako ahaide eta hurbileko pertsonekin bisitak, harremanak edo komunikazioak izateko araubidea, adingabe horrek lotura afektiboei eutsiko diela bermatze aldera, baldin eta hori oztopo edo kaltegarria ez bada haren ongizaterako, garapen fisiko edo psikologikorako, integrazio pertsonalerako edo familia-, gizarte- eta hezkuntza-integraziorako, eta traba egiten ez badio garatutako babes-ekintzari.

2.– Horretarako, foru-aldundiak ahaleginak egingo ditu pertsona edo familia harreragile berari emateko neba-arreba guztien zaintza, elkarrekin jarrai dezaten. Hori ezin bada, haien guztien arteko kontaktuak erraztu eta, oro har, adingabearen harremanak bultzatuko dira jatorrizko familia osatzen duten pertsona guztiekin, dagokion bisita-araubideari jarraikiz, eta, edozein kasutan ere, haren bizitzan garrantzitsuak diren pertsona guztiekin.

3.– Edonola ere, bisita, harreman edo komunikazioetarako ezarritako araubidea berrikusi egin beharko da aldian behin, familia-harrerako neurriaren barruan prestatutako babes-plan indibidualizatua berrikusteko dekretu honen 53. artikuluak ezartzen duen periodikotasun berarekin.

4.– Jatorrizko familiarekiko bisita, harreman eta komunikazioen araubidea haur edo nerabearen interes gorenaren kontrakoa dela irizten bazaio, babes-espedienteaz arduratzen den lantalde teknikoak hori justifikatzeko txostena egingo du. Halaber, egoera horren berri jaso beharko da familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzen duen ebazpenean bertan.

64. artikulua.– Bisita, harreman edo komunikazioen araubidea aldatzea edo etetea.

1.– Babes-plan indibidualizatuaren jarraipena egiteaz arduratzen den teknikariak aldizkako txostenak egin beharko ditu. Txosten horietan, adingabeak jatorrizko familiarekin dituen bisiten, harremanen edo komunikazioen nondik norakoa zehaztuko du, eta horiek adingabearengan sortzen dituzten era guztietako ondorioak azalduko ditu, bai eta adingabearen ongizatean, garapen normalean eta integrazioan dituzten eraginak ere, halakorik bada.

2.– Halaber, pertsona edo familia harreragileak, adingabearekin harremanak edo komunikazioak dituzten ahaide eta hurbileko pertsonek eta kasuan inplikatutako profesionalek foru-aldundia jakinaren gainean jarri beharko dute baldin eta bisita, harreman edo komunikazio horiek adingabearengan eragin kaltegarria izatearen edozein zantzu hautematen badute.

3.– Bisita, harreman edo komunikazioek adingabearengan dituzten efektuei buruzko informazioa baloratu ondoren, foru-aldundiak modu arrazoituan erabaki ahalko du bisita, harreman edo komunikazioen araubidea aldatzea edo aldi batez etetea, haur edo nerabearen interes gorenari men eginez, haren familia-, gizarte- edo hezkuntza-egoera, adina edo baloratutako bestelako zirkunstantzia garrantzitsuak kontuan hartuz.

4.– Bisita, harreman eta komunikazioen araubidea aldatzea edo aldi baterako etetea erabaki aurretik entzunaldia eman beharko zaie ukitutako pertsonei, batez ere pertsona edo familia harreragileari, bai eta adingabeari ere, behar bezain heldua eta, edozein kasutan ere, hamabi urtetik gorakoa bada.

5.– Bisita, harreman eta komunikazioen araubidea aldatzen edo aldi baterako eteten duen ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie Fiskaltzari, pertsona edo familia harreragileari, harrerapeko adingabeari eta adingabearen gurasoei, tutoreei edo zaintzaileei.

6.– Ebazpenak ukitutako pertsonek, eta, bereziki, adingabeak, haren aurka egin ahalko dute eta indarreko legerian ezarritako errekurtsoak jarri.

65. artikulua.– Familia-elkargune edo bisita-tokiak.

1.– Bisita, harreman edo komunikazioen araubidea kasuan kasuko foru-aldundiak berariaz atondutako familia-elkargune edo bisita-tokietan gauzatu ahalko da, hori komenigarria baldin bada haur edo nerabearen interes gorenerako eta jatorrizko familiaren zein pertsona edo familia harreragilearen pribatutasunerako eskubiderako.

2.– Gurasoak askatasunaz gabetuta daudenean, haur edo nerabearen interes gorenerako komenigarria bada gurasoekiko bisita, harreman eta komunikazioen araubideari eustea, foru-aldundiak ahalbidetu beharko du adingabea espetxera joatea, pertsona edo familia harreragileak lagunduta edo, bestela, profesional batek lagunduta; profesional hori arduratuko da adingabea bisita horretarako prestatzeaz.

3.– Edozein kasutan ere, espetxerako bisita eskola-ordutegitik kanpo egin beharko da, eta adingabearentzat egokia den ingurune batean.

XII. KAPITULUA
LAGUNTZA-NEURRIAK.

66. artikulua.– Laguntza-neurriak.

1.– Ezarritako familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, neurriak iraun bitartean eta behin bukatu ondoren, foru-aldundiak pertsona edo familia harreragileei, adingabeari –bereziki, familia-harrera egiteko neurriaren indarraldia amaitu bada adin-nagusitasunera iristeagatik– eta jatorrizko familiari neurriak, programak, baliabideak edo aholkularitza, orientazio, laguntza eta artapen tekniko espezializatuko zerbitzuak eskaini beharko dizkie, neurria beharrezkoa bada haur edo nerabearen interes gorenari begira.

2.– Neurri horiek bereziki nabarmendu beharko dute pertsona edo familia harreragileei, adingabeari eta jatorrizko familiari berari informazio egokia eman beharko zaiela harrerarako neurria formalizatu baino lehen, ulertu ahal izan dezaten zer betebehar, betekizun eta erantzukizun hartzen dituzten euren gain, eta aurre egin diezaieten harreraren zailtasunei eta inplikazioei, prestatuta egonda harrerapeko adingabeari dagokionez dauzkaten ardurak ondo betetzeko.

3.– Lehen apartatuan aipatzen den familia-harrerako neurria formalizatu aurreko faseak barruan hartzen ditu bai familia-harrerarako egokitasun-deklarazioa lortu aurreko aldia, bai deklarazio hori egiten denetik neurria formalizatzeko familia-harrerarako prest agertzen den pertsona edo familia aukeratu arte igarotzen den aldia.

4.– Nolanahi ere, hautaketaren edo familia-harrerako neurri bat formalizatzearen zain daudenen artean egokitzat jotako pertsonei edo familiei emango zaien prestakuntza borondatezkoa izango da pertsona eta familia horientzat.

5.– Laguntza-neurri guztiak modu koordinatuan ezarri beharko dira erreferentziazko babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalaren koordinatzailearen zuzendaritzaren pean.

67. artikulua.– Gurasoak edo tutoreak prestatzeko jarduketak.

1.– Familia-harrerako neurria ezartzea komenigarritzat jotzen denean, adingabearen gurasoei edo, hala badagokio, tutoreari informazioa emango zaie, modu argi eta ulergarrian, neurriaren ezaugarriei eta edukiari buruz eta hura formalizatzeko prozedurari buruz, neurriaren beharra ulertarazteko eta neurriaren garapenean eta burutzapenean parte harrarazteko.

2.– Kasua aztertzen hasten denetik, gurasoei edo tutoreari laguntza emango zaie, erabakietan eta neurriaren planifikazioan, garapenean eta burutzapenean parte hartu ahal dezaten.

3.– Prestakuntza aita-amen edo tutorearen baldintzei eta guraso izateko dituzten gaitasunei egokituko zaie, bai eta adingabearen gain izan behar dituzten erantzukizunei, babes-plan indibidualizatuan zehaztutako helburuei, ezarritako familia-harreraren modalitateari eta neurria formalizatu den baldintzei ere.

4.– Prestakuntzak erantzun egingo die gurasoen edo tutorearen itxaropenei, motibazioei eta zalantzei, haien gaitasunak eta baliabideak aprobetxatuko ditu, eta barnean jasoko ditu orientazio orokorra eta laguntza zehatzagoak, honako hauek erraztuko dituztenak:

a) Gurasoek edo tutoreak neurriaren garapenean eta burutzapenean inplikatzea.

b) Neurriak berekin dakartzan denbora-aldaketak ulertzea.

c) Babes-espedientearen ardura duen lantalde tekniko profesionalarekin elkarlanean jardutea.

d) Adingabearekiko bisita, harreman edo komunikazioen araubideari eustea, bai eta pertsona harreragileekin izan behar dituzten harremanei ere, hala behar denean.

e) Etorkizunean familia berriro elkartzeko prest egotea.

5.– Prestakuntza hori adingabea ondo zaindu eta babesteko familiaren guraso-gaitasuna hobetzeko erabaki daitekeen esku-hartzearen osagarria izango da, eta adingabea jatorrizko familiara itzultzea posible izanda ere emango da prestakuntza hori. Gainera, aipatu esku-hartzea eta prestakuntza koordinatu egin beharko dira babes-plan indibidualizatuaren barruan.

6.– Aurrean aipatutako jarduketak ez dira aurrera eramango baldin eta gurasoen edo tutorearen egonlekua ezaguna ez bada eta, hasiera batean adingabea familia-gunetik banantzea erabaki den kasuetan, irizten bazaio prestakuntza aurrera eramatea ez dela komenigarria haur edo nerabearen intereserako edota proiektatu den babes-neurriaren helburuetarako.

7.– Adingabea familia-gunetik behin betiko banantzea erabakiz gero, babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalaren jarduketaren helburu nagusia izango du gurasoak edo tutorea prestatzea eta laguntza ematea, uko egin dezaten eta adingabea jatorrizko familiarengana itzul ez dadin.

68. artikulua.– Familia edo pertsona harreragileak prestatzeko jarduketak.

1.– Proiektatutako familia-harrerako neurria gauzatzeko egokientzat jotzen den pertsona edo familia hautatu ondoren, babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalak bilera izango du harekin, ahalik eta azkarren, eta betiere adingabea eman baino lehen.

2.– Ezarritako neurria familia-harrera espezializatua denean, pertsonaren edo familiaren hautaketa erakunde laguntzaile batek egin badu, erakunde laguntzaile horretako profesionalek ere bilerara joan beharko dute.

3.– Adingabea eman aurretik pertsona edo familia harreragileari emango zaion prestakuntzak barruan hartuko ditu honako hauek:

a) Ezarritako familia-harrerako neurriaren garapen planifikatuari buruzko aurreikuspena.

b) Babes-espedientearen jarraipenaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalarekiko komunikazioa eta harremanak.

c) Neurria garatu bitartean sor litezkeen galderak, gatazkak edo arazoak planteatzeko bideak.

d) Erabakiak hartzea, eta familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzen duen ebazpenari erantsitako dokumentuaren (kontratua) xedeei buruzko azalpena.

4.– Hala xedatzen bada, edo komenigarria edo beharrezkoa bada adingabearen ezaugarri edo alderdi berezien ondorioz, hautatutako pertsonek bere garaian harrerarako jasotako hasierako prestakuntza espezifikoa prestakuntza berezi batez osatu ahal izango da, eta hori kasu zehatzean oinarrituko da, aurrez jakiteko zein izango den adingabearen hasierako portaera, egokiro erantzuteko adingabearen beharrizan edo alderdi zehatzei, eta aurreikus edo sor daitezkeen arazo espezifikoei aurre egiteko.

5.– Aurreko apartatuan aurreikusitako prestakuntza berezia lehentasunezkotzat joko da dekretu honen 6. artikuluan zehazten diren eta beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeen kasuan.

6.– Pertsona edo familia harreragilearen prestakuntzarako hasierako bileran edo ondorengo jarduketetan parte hartu ahalko dute, halaber, kasuan aldez aurretik esku hartu duten profesionalek, bai eta, hala badagokio eta haur edo nerabearen interes gorenari begira bidezkoa bada, lehenago adingabearen harreragileak izan diren pertsonek ere.

69. artikulua.– Adingabea prestatzeko jarduketak.

1.– Adingabea harrerarako prestatzean, kontuan hartu beharko dira haren adina eta heldutasuna eta neurriaren beharra sortu duten baldintzak eta premiak. Nolanahi ere, prestakuntza horrek hasierako aldi bat izango du, adingabearekin batera, modu orokorrean eta arian-arian, familia-gunetik bereiztea eragin duten kausak eta proposatutako neurria ezartzearen komenigarritasuna azaltzeko eta adingabearen kasuan hartu beharreko erabakietan haren inplikazioa lortzeko, baldin eta haren garapenak ahalbidetzen badu, eta betiere haren heldutasuna edo adina aintzat hartuz.

2.– Pertsona harreragileen familia- edo elkarbizitza-gunean sartu aurretik, adingabeari azalduko zaio zertan datzan ezarritako familia-harrerako neurria, zein pertsonak hartuko duten bere zaintza eta zer motibaziok bultzatu dituzten horretara; era berean, jatorrizko familiarekin izango dituen bisita, harreman eta komunikazioen araubidea azalduko zaio.

3.– Halaber, sentimendu eta beldurren adierazpidea erraztuko zaio, eta ahaleginak egingo dira zalantzak argitzeko; aldi berean, adingabea arian ariko kontatuak izaten hasiko da, zuzenean edo modu sinbolikoan, harrera egin behar dioten pertsonekin eta, hala badagokio eta haur edo nerabearen interes gorenari begira komenigarria bada, elkarbizitza-gune edo ingurune berriarekin.

70. artikulua.– Adingabea pertsona edo familia harreragileari egokitzeko programa.

1.– Adingabea pertsona edo familia harreragileari egokitzeko neurriak honako bi fase hauetan garatuko dira, 71. eta 72. artikuluetan xedatutakoaren arabera:

a) Hasierako prestakuntza.

b) Egokiera.

2.– Hasierako prestakuntzaren eta egokieraren faseak moldatu egingo dira dekretu honen 6. artikuluan adierazitako beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeen ezaugarri edo egoera berezietara.

3.– Hasierako prestakuntzaren eta egokieraren faseak modu egokian eta adingabeari kalterik eragin gabe gauzatzeko, erabaki ahalko da, beharrezkoa denean, aldi baterako egoitza-harrera ematea horretarako aproposa den zentro batean.

71. artikulua.– Hasierako prestakuntzaren fasea.

1.– Adingabeari hasierako prestakuntza ematea babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalaren zeregina izango da. Nolanahi ere, ezarritako neurria familia-harrera espezializatua denean, pertsonaren edo familiaren hautaketa erakunde laguntzaile batek egin badu, hasierako prestakuntzan inplikatu ahalko dira erakunde laguntzaile horretako profesionalak ere.

2.– Halaber, hasierako prestakuntza horretan lagundu ahalko dute pertsona edo familia harreragileak eta jatorrizko familiak, baldin eta haur edo nerabearen interes gorenari begira komenigarritzat jotzen bada.

3.– Zirkunstantziek hala ahalbidetzen dutenean, eta bi urtetik beherako haurrei eta larrialdiei dagokienez izan ezik, adingabearen hasierako prestakuntza behar adina luzatuko da, harik eta egoera berrira behar bezala egokitu arte.

72. artikulua.– Egokiera-fasea.

1.– Hasierako prestakuntzaren fasea amaituta, adingabea eta pertsona edo familia harreragilea elkarrengana egokitzeari ekingo zaio.

2.– Horretarako, programatutako jarduketa batean, fase hauek beteko dira:

a) Lehenengo fasea, komunikazio, harreman eta bisitena, adingabeak harrera egingo dioten pertsonak onar ditzan.

b) Eta, elkarbizitza hasitakoan, bigarren fasea, laguntzena, adingabeari moldatzen laguntzeko, haren nortasunaren garapen egokia sustatzeko eta kidetasun-sentimenduen nahastea saihesteko.

3.– Adingabea pertsona edo familia harreragileari eman ondoren, eta haur edo nerabearen beharrizanen eta baldintzen arabera, harekiko esku-hartze indibidualizatua eta pertsona edo familia harreragilearekiko talde-bilerak mantenduko dira. Hori guztia, egokitze-prozesua errazteko eta neurria garatu eta gauzatu bitartean sor litezkeen gatazka edo arazo guztiak baloratu eta konpontzeko.

73. artikulua.– Pertsona edo familia harreragileei laguntzeko neurriak, familia-harrerako neurria indarrean egon bitartean.

1.– Babes-plan indibidualizatuan, edonola ere, honako neurri hauek jaso beharko dira:

a) Lantalde tekniko profesionalaren barruan plana egiteko ardura duen pertsonak adingabearen eta familia-gunearen egoeraren jarraipena egitea, aztertzeko zer bilakaera duen haur edo nerabeak arretaren, integratzearen eta garapenaren alderdi guztietan, bereziki honako hauei dagokienez: prozesu fisikoa, hezkuntza-prozesua, ikaskuntza, pertsona edo familia harreragilearekiko harremanak, jatorrizko familiarekiko harremanak, gizarteratzea eta garapen emozionala.

b) Hezkuntza-arloko esku-hartzea, orientazioa, laguntza psikoterapeutikoa eta adingabeari eta pertsona edo familia harreragileari lagun egitea, kasuan dauden beharren arabera.

c) Laguntza ekonomikoa, familia-harreraren modalitatearen eta harrerapeko adingabearen beharrizanen arabera, betiere foru-aldundi bakoitzaren araudiarekin bat etorriz.

2.– Orobat, beharrezkoa denean, zenbait arazo zehatz bideratzeko beharrezkoak izan daitezkeen kanpoko baliabideak bilatu eta horietarako deribazioak egingo dira.

74. artikulua.– Adingabea prestatzea familia-harrerako neurriari amaiera emateko.

1.– Ezarritako familia-harrerako neurriaren izaera eta xedea kontuan hartuz, formalizatu eta garatzen hasten denetik adingabea prestatu egingo da, haren adinaren eta heldutasunaren arabera, neurriaren behin-behinekotasuna ulertu eta arazorik gabe onar dezan haren amaiera, neurria bertan behera uzten den momentuan.

2.– Posible denean, behin ezarritako familia-harrerako neurria bertan behera uztea aurreikusi edo planteatuta, prestakuntza horri ekingo diote berariaz eta modu planifikatuan pertsona edo familia harreragileak, babes-espedienteaz arduratzen den lantalde tekniko profesionalak eta, hala badagokio, adingabea itzuliko den jatorrizko familiak; guztiek modu koordinatuan jardungo dute.

3.– Berariazko prestakuntzak alderdi hauek bilduko ditu, besteak beste:

a) Adingabeari informazio egokia eta nahikoa ematea gertatuko den aldaketari buruz.

b) Bere iritziak, zalantzak eta beldurrak adierazten laguntzea.

c) Dituen harreman pertsonalak moldatzen joatea.

d) Haren loturak berregituratzea eta haren itxaropenak egoera berriaren errealitateari egokitzea.

4.– Prestakuntza moldatu egingo da dekretu honen 6. artikuluan adierazitako beharrizan edo zirkunstantzia bereziak dituzten adingabeen ezaugarri edo egoera berezietara.

5.– Bertan behera uzteko unea ezustean iristen bada, jarduketak berariaz jorratuko du egoerak adingabeari sor diezazkiokeen eragin negatiboak minimizatzeko zeregina; hala, egoera horretara heltzeko arrazoien gainean azalpen argia eta zehatza eman beharko zaio, eta kasuan jarraitu beharreko esku-hartzea egoki prestatzeko eta planifikatzeko aukerak baloratuko dira.

75. artikulua.– Pertsona eta familia harreragileei laguntzeko neurriak, behin familia-harrerako neurria amaituta.

Familia-harreran egon eta hemezortzi urte bete dituzten adingabeen autonomia sustatzeko, pertsona edo familia harreragileei laguntzeko neurriak mantendu ahalko dira adingabeek hogeita bat urte bete arte, baldin eta adostasuna agertzen badute, gune harreragilearekiko elkarbizitza-egoerari eusten bazaio eta laguntza mota horiek arautzen dituen foru-aldundi bakoitzaren araudian ezarritako gainerako betekizunak betetzen badira.

76. artikulua.– Bizitza independenterako prestatzeko neurriak.

1.– Familia-harrerako neurriaren indarraldia amaituta, haur edo nerabea adin-nagusitasunera iritsi dela eta, foru-aldundiek emantzipatzeko eta bizitza independenterako prestatzeko programak eskaini beharko dizkiete pertsona horiei.

2.– Foru-aldundi bakoitza eskuduna izango da onartutako emantzipazio-programak eskuratzeko baldintzak zehazteko, bai eta horien garapenerako baldintzak eta betekizunak ezartzeko ere.

3.– Emantzipatzeko eta bizitza independenterako prestatzeko programak, betiere, adingabeentzako laguntza-neurri guztien luzetarako eta osoko ikuspegi batetik diseinatu beharko dira, bereziki kontuan hartuta familia-harreraren amaierarako prestatzeko neurriak.

4.– Bermatu beharko da, halaber, programen xede diren pertsonen gizarte- eta hezkuntza-jarraipena egitea, haien hezkuntza-gaitasun eta -trebetasunei eta ezaugarri eta inguruabar pertsonal eta sozial bereziei erreparatuta, eta ahalbidetu beharko zaie bizilekua izatea, gizarteratzea, laneratzea eta laguntza psikologikoa eta ekonomikoa jasotzea.

XIII. KAPITULUA
PERTSONA HARRERAGILEEN ERREGISTROA

Eratuko du eta haren erregulazioa eta edukia onartuko ditu. Erregistroaren xedeak honako hauek izango dira: euren burua familia-harrerarako eskaintzen duten pertsonak edo familiak inskribatzea; pertsonek familia-harrerarako duten egokitasuna baloratzeko txostena eta, hala badagokio, egokitasunaren adierazpena; eta ezarritako familia-harrerako neurriaren eraketa formalizatzeko, hura aldatzeko edo bertan behera uzteko ebazpenak, baldin eta interesdunak edo ukituak badira; eta eragiten dieten bestelako egintzak, hala nola foru-aldundiak proposamena egitea harrera bat egin dezaten, hura baztertu badute ere.

2.– Pertsona harreragileen erregistroan inskribatutako pertsona edo familiek aldez aurretik harreraren bat egin badute, harrera horren emaitza ere inskribatu beharko da.

3.– Erregistroan jasotako datu guztiak sexuaren arabera bereiziko dira.

4.– Erregistroan dokumentuak inskribatzea, hala badagokio, edo haietan dauden datuak inskribatzea, dokumentuok idatzita dauden hizkuntza ofizialean egingo da.

78. artikulua.– Datuen isilpekotasuna.

Pertsona harreragileen erregistroan inskribatutako datuak isilpekoak izango dira, haien konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatuko dira, eta adingabeen familia-harreraren prozeduretarako erabiliko direla ziurtatuko; horiek horrela, datuok datu pertsonalen babesari buruzko indarreko legeriak ezarritako kasuetan soilik komunikatu edo laga ahalko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legeriaren arabera jaso, tratatu eta lagako dira datu pertsonalak adingabeak babesteko prozedura guztietan, eta, bereziki, adingabearen egoera baloratzeko beharrezkoak direnak (haien barnean sarturik bai adingabeari dagozkionak bai familia- edo gizarte-ingurunearekin zerikusia dutenak, hala nola guraso, tutore, zaintzaile edo harreragileekin zerikusia dutenak).

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Familia-harrerako neurriari lotutako adingabeak lekualdatzeko jarduketen koordinazioa.

Adingabearen gurasoak edo zaintzaileak edo adingabea bera bizilekuz aldatzen badira eta familia-harreraren prozedurako esku-hartzea egiten ari zen autonomia-erkidegoaz kanpoko toki batera badoaz bizitzera, erkidego eta hiri autonomoetako adingabeen babesaren arloan eskudunak diren erakunde publikoen eta foru-aldundien arteko koordinazioa edo, hala badagokio, ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipen teknikoa bideratuko da adingabeak babesteko eskudunak diren erakunde publikoen jarduketak koordinatzeko protokoloak lekualdaketei buruz ezarritakoari jarraituz; protokolo hori Gizarte Zerbitzuetako eta Autonomiarako Mendekotasunaren Artapenerako Sistemako Lurralde Kontseiluaren Batzorde Delegatuak onartutakoa izango da edo, hala badagokio, aurrekoa ordezten duen protokoloa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu honetan jasotako xedapenak ez zaizkie aplikatuko berau indarrean jarri aurretik hasi diren eta izapidetzen ari diren familia-harrerako prozedurei.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala