225. zk., 2018ko azaroaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (662 KB - 20 orri.)
- EPUB (305 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5738
EBAZPENA, 2018ko azaroaren 2koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, Euskal Herriko Unibertsitatean lan kontratudun langileak sartzeko hautaketa prozesuen oinarri orokorrak argitaratzekoa. Hautaketa prozesuok Gobernu Kontseiluaren 2016ko uztailaren 7ko eta 2017ko abenduaren 14ko erabakien ondorio dira, erabaki haien bidez onartu baitziren administrazio eta zerbitzuetako langileentzako 2016rako eta 2017rako lan eskaintza publikoak.
UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2016ko uztailaren 7ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen 2016. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2016ko abuztuaren 10eko EHAA, 150. zk.).
Bestalde, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 14ko Erabakiaren bidez, administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileen 2017. urteko lan eskaintza publikoa onartu zen (2017ko abenduaren 26ko EHAA, 244. zk.).
Kudeaketaren ekonomia, eraginkortasun eta efizientziaren alde, 2016ko eta 2017ko lan eskaintza publikoak prozesu bakarrean egingo dira, halaxe adostu baitzen AZPko lan kontratudunen eta funtzionarioen negoziazio mahaien 2016ko ekainaren 30eko baterako Akordioan, zeinaren bidez gutxieneko irizpideak zehaztu baitziren arautzeko sarrera prozesuetako hautapen proben deialdiak, AZPko funtzionarioaren eta lan kontratudunen negoziazio mahaiek 2016ko ekainaren 9an hartutako akordioan aurreikusitakoak. Dokumentu honen bidez ezartzen dira lan eskaintza publiko horietarako oinarriak.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langile finkoak Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko hautaketa prozesu globalaren oinarri orokorrak. Hautaketa prozesu horretan sartuko dira Gobernu Kontseiluaren 2016ko uztailaren 7ko eta 2017ko abenduaren 14ko erabakien bidez 2016rako eta 2017rako onartutako AZPkoen lan eskaintza publikoak.
Bigarrena.– Erabaki honen kontra aukerako berraztertze errekurtsoa jar dakioke UPV/EHUko errektoreari hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke, erabakia argitaratzen denetik bi hilabeteko epean, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan / Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 123. art.) eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzeko Legea betez (29/1998 Legea, uztailaren 13koa). Kontuan har bedi aukerako berraztertze errekurtsoa jarriz gero, ezin izango dela administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri harik eta hura modu espresuan ebatzi arte, edo haren presuntziozko ezespena gertatu arte.
Leioa, 2018ko azaroaren 2a.
UPV/EHUko errektorea,
NEKANE BALLUERKA.
I. ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Helburua.
1.1.– Oinarri hauen bidez arau orokorrak ezarriko dira hautaketa prozesuen alderdi komunak gobernatzeko. Hautaketa prozesuok lehiaketa-oposizio sistemaren bidez egingo dira, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan adieraziko diren lanpostuak betetzeko, eta, betiere, sektore publikoko lanpostuak eskuratzeko sistema arautzen duten printzipioei men eginez egingo dira.
1.2.– Oinarri orokor hauek eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoek arautuko dute prozesua, eta indarra izango dute administrazioa, epaimahaiak eta hautagaiak behartzeko. Horrek, hala ere, ez du eragotziko behar izanez gero oinarriok berraztertzea, administrazioak bere kabuz edo norbaitek errekurtsoa jarrita.
1.3.– Halaber, konpromisoa adierazten da sexuen arteko aukera berdintasunarekin, langileak Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzura sartzeko prozeduraren beraren oinarrian baitago.
Bigarrena.– Plazak banatzeko arau orokorrak.
2.1.– Eskainiko diren plazen totaletik % 7 gutxienez gordeko dira desgaitasuna duten pertsonentzat. Halakotzat joko dira desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien inklusio sozialari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean zehaztutakoak (4. artikuluko 2. atala). Gutxieneko % 7 horretatik % 2 gordeko dira desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonentzat, eta gainerakoa, berriz, bestelako desgaitasuna egiaztatzen dutenentzat. Hori guztia egingo da betetzeko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bateratuko 59. artikulua.
Aurreko atalean aipatutako ehunekoa gordeko da lan kontratudunen talde eta kategoria profesionaletan, kasu bakoitzean oinarri espezifikoek zehazten duten banaketaren arabera.
Bermatuko da desgaitasuna duten pertsonek gainerako hautagaien baldintza berdinetan egingo dituztela probak.
2.2.– Hautagaiek txanda bakarrean parte hartu ahal izango dute kategoria bereko plazetara aurkezteko: edo txanda librean edo desgaitasuna duten pertsonen txandan. Eskaria egitean zehaztu beharko dute zein txandatan aurkezten diren. Aukera zehaztu ezean edo kategoria bererako aukera bat baino gehiago jarriz gero, ulertuko da hautagaiak txanda librea aukeratu duela.
2.3.– Desgaitasuna duten pertsonentzako txandan aurkeztutako hautagairen batek probak gainditu bai baina lanposturik lortuko ez balu, eta bere puntuazioa handiagoa balitz txanda librean aurkeztutako beste hautagai batzuena baino, desgaitasuna duen hautagaia txanda librekoen sailkapenean sartuko litzateke, bere puntuazioari dagokion ordenan.
2.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetatik betetzen direnak ez balira helduko deialdiko plaza guztien ehuneko zazpia izatera, ez delako nahiko hautagairik aurkeztu edo hautagaiek probak gainditu ez dituztelako, bete gabe geratzen diren plazak txanda librera pasatuko dira.
Hirugarrena.– Hautaketarako baldintza orokorrak.
3.1.– Kontratua behin sinatuta, hautatutako pertsonak Euskal Herriko Unibertsitateko lan kontratudun finko izango dira eta arlo horretan indarrean dauden xedapenek emandako eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.
3.2.– Prozesu honen ondorioz UPV/EHUko lan kontratudun finko bihurtzen direnei alta emango zaie Gizarte Segurantzan, edo, behar izanez gero, bertan afiliatu, lan kontratua sinatzen duten egunetik aurrerako eraginez.
3.3.– Nolanahi ere, lanpostuen hizkuntza eskakizunak derrigortasun data gainditua daukanean, ezinbestekoa izango da oinarri hauetan zehaztutakoari jarraituz hizkuntza eskakizuna egiaztatua izatea lanpostua betetzeko. Era berean jokatuko da lanpostuen zerrendan zehaztutako gainontzeko betebeharrekin.
Laugarrena.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.
4.1.– Hautagaiek hurrengo puntuetan adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta, haiei lanposturik esleituz gero, kontratua sinatu artean mantendu beharko dituzte.
4.2.– Lehiaketa-oposizio honetako probetan onartua izateko betebeharrak honako hauek dira:
a) Europar Batasuneko herritarra izatea edo EBko herritar baten ezkontidea izatea (bikotea zuzenbidez banaturik ez badago), edo halako herritar baten edo haren ezkontidearen ondorengoa izatea (bikotea zuzenbidez banaturik ez badago), baldin eta ondorengook 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik goragokoak izan arren, haien pentsura bizi badira.
b) Hamasei (16) urte beterik izatea eta nahitaezko erretirorako adina bete gabe izatea.
c) Egin beharreko lanak egiteko gaitasun funtzionala izatea. Edozelan ere, beti aplikatuko da Desgaitasuna daukaten pertsonen eskubideei eta haien inklusio sozialari buruzko Lege Orokorraren testu bategina (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa). Hautaketa prozesua behin gaindituta, hautagaiak gaitasun funtzionala duela egiaztatu beharko du medikuaren ziurtagiria aurkeztuz edo osasun azterketa eginez. Baldintza hori bete beharko du lan kontratua sinatzeko.
d) Diziplina espedientearen bidez desgaituta ez egotea funtzio publikoak betetzeko edo aldenduta ez egotea administrazio publikoen zerbitzutik. Beste estatu batzuetako nazionalitatea izanez gero, diziplina zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikora sartzea eragozten dionik.
e) Kasuan kasuko deialdian eskatutako titulu ofiziala edo titulu homologatua izatea, edo hura lortzeko eskubideak ordainduta izatea, eskariak aurkezteko epean. Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala izatea.
f) Indarreko legeriari jarraituz, legezko desgaitasuna edo bateraezintasuna dakarren egoera batean ez egotea; edozelan ere, legeak ematen duen aukeratzeko eskubidea errespetatuko da.
g) Hautaketa prozesuan izena emateko ordaindu beharreko tasa ordainduta izatea, indarreko arauei eta haien eguneratzeei jarraituz. Tasok 5.4 oinarrian daude zehaztuta.
h) Kasuan kasuko lanposturako lanpostuen zerrendan zehaztutako beste edozein baldintza betetzea, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan adierazitakoaren arabera.
4.3.– Desgaitasuna duten pertsonak.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izan beharko dute, administrazioko organo eskudunak aitortua (foru aldundiko organo eskudunak, Imsersok edo pareko organoak), eta aitorpenak ondorioak izan behar ditu eskariak aurkezteko epearen azken egunean. Egoera hori egiaztatzeko desgaitasuna aitortzeko emandako erabakiaren kopia erkatua aurkeztu behar da.
Bosgarrena.– Eskariak aurkeztea.
5.1.– Eskariak aurkezteko epea eta era.
Deialdi honetatik sortutako hautaketa prozesuetan parte hartzeko eskariak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, oinarri orokor hauek eta oinarri espezifikoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita.
Eskariak eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztuko dira (eranskinean jasoa), bide hauetako bat erabiliz:
a) Internetez, oinarri hauetako 5.2 atalean aipatutako inprimakia betez eta bidaliz. Bide hau aukeratuz gero, eskatzaileak irakurragiria eskuratuko du erreferentzia zenbaki batekin, eta tasak ordaintzeko xehetasunekin.
b) Oinarri hauetako 5.3 atalean adierazitako bulegoetan inprimakia eskuratuz eta betez.
c) Interneteko helbide honetan eskura daitekeen inprimakia betez: www.ehu.eus
5.2.– Onartuak izateko eta probetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek 1) eskariaren atal guztiak bete beharko dituzte; 2) epearen barruan aurkeztu beharko dute eskaria eta 3) ordainduta eduki beharko dituzte tasak. Era berean, hautagaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere.
Eskarian honako datu hauek eman beharko dira, dagozkien ataletan:
a) Datu pertsonalak, prozesua behar bezala gestiona dadin.
b) Hautagaiak zein txanda aukeratzen duen: a) txanda librea edo b) desgaitasuna duten pertsonen txanda, oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera. Hautaketa prozesu bakoitzean txanda bakarraren bidez hartu ahal izango da parte, oinarri hauetako 2.4. ataleko salbuespenarekin.
c) Zein plazatara aurkezten den.
d) Oposizio faseko ariketak zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituen: euskaraz ala gaztelaniaz. Atal hori bete ezean, proba gaztelaniaz egin nahi dela ulertuko da.
e) Desgaitasun maila daukaten pertsonen txandan parte hartzen dutenek hala adierazi beharko dute eskarian, eta egokitzapen teknikorik edo denbora eta baliabideak egokitzerik behar badute, hala adierazi beharko dute probak berdintasunean egin ahal izateko.
Denboraren egokitzapena izango da ariketak egiteko denbora gehiago ematea, eta hori egingo da ekainaren 9ko PRE-1822/2006 Aginduari jarraituz, zeinaren bidez irizpide orokorrak ezartzen diren desgaitasuna duten pertsonei denbora gehigarria emateko sektore publikoan sartzeko hautaketa prozesuetan.
Hautagai bakoitzaren premiak behin aztertuta, epaimahaiak neurri zehatzak hartuko ditu hala behar den kasuetan.
f) Alegatutako titulazioa. Deialdi bakoitzeko oinarrietan eskatutako titulua edo hura lortzeko ordaindu izanaren agiria edo kopia.
g) Tasak ordaintzea.
h) Zinpeko adierazpena, non hautagaiak ziurtatuko duen baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete ere.
5.3.– Eskariak aurkezteko lekuak.
Eskariak bulego hauetako erregistroetan aurkeztu ahal izango dira:
Araba: Campuseko Errektoreordetza (Izardui Komandantearen kalea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
Gipuzkoa: Campuseko Errektoreordetza (Ignacio María Barriola eraikina, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia).
Bizkaia (Leioa): Errektoregoa, Sarriena auzoa z.g., 48940 Leioa.
Bizkaia (Bilbo): Larrako/Zubiria Etxea (Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbo).
Era berean, eskariak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aipatzen diren bideak erabiliz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 16.4 art.), lege horrexetako azken xedapenetako zazpigarrenak erregistro elektronikorako ezartzen duen salbuespenarekin (hau da, erregistro elektronikoari dagozkion xedapenak hasiko direla ondorioak sortzen legea indarrean sartu eta bi urteren buruan).
Eskaria posta ziurtatuaz aurkezten dutenek gutun azal irekian eraman beharko dituzte posta bulegora, bertako funtzionarioek data eta zigilua jar diezazkieten.
5.4.– Tasak.
Oinarri hauetako 5.2.g) oinarrian zehaztutako baldintza betetzeko, tasak eskariak aurkezteko epearen barruan (ikus 5.1 oinarria) ordaindu beharko dira kutxabank erakundean.
Eskaria UPV/EHUko webgunearen bidez aurkezten dutenek (5.1 a oinarria) «ordainketa pasabidearen» bitartez ordaindu ahal izango dituzte tasak, sisteman bertan zehazten diren baldintzak betez. Bestela, kutxabank erakundean ere ordaindu ahal izango dituzte, ordainagiria inprimatuta.
Hauek dira tasen zenbatekoak:
TITULAZIO TALDEA
I. taldean: 22,57 euro.
II. taldean: 18,82 euro.
III. taldean: 15,03 euro.
IV. taldean: 11,27 euro.
Hautagaiei ez zaie tasen dirua itzuliko prozesutik kanporatuak badira beren jokabideagatik edo dokumentuen bidez ez egiaztatzeagatik benetan betetzen dituztela oinarrietan eskatutako baldintzak, nahiz eta hala egiten dutela ziurtatu eskariarekin batera aurkeztutako adierazpenean.
Eskariarekin batera azterketa egiteko tasa osorik ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Eskariak aurkezteko epean tasak ordaindu ezean, hautagaia prozeduratik kanpo geratuko da, oinarri hauetako 4.2.g) atalean prozesuan onartua izateko zehaztutako baldintzak ez betetzeagatik.
Hala eta guztiz ere, hautagaiak okerreko zenbatekoa ordainduko balu, unibertsitateak jakinaren gainean jarriko luke hamar egun balioduneko epean okerra zuzen dezan.
Tasa ordaindu eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; ezinbestekoa izango da eskaria behar den epean eta eran aurkeztea, 5.1 oinarrian zehazten den bezala.
Tasak ordaintzetik salbuetsita egotea: Enplegu bulegoetan lana bilatzeko izena emanda dauden eta inongo prestaziorik jasotzen ez duten pertsonak salbuetsita egongo dira azterketaren tasak ordaintzetik. Beren eskubide hori frogatzeko, eskariarekin batera aurkeztu beharko dute/dituzte eskariak aurkezteko epearen barruan lan bila dabiltzala eta prestaziorik jasotzen ez dutela egiaztatzen duen/duten ziurtagiria(k).
Seigarrena.– Hautagaien onarpena eta erreklamazioak.
6.1.– Eskariak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, UPV/EHUko gerenteak erabaki bat emango du prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartzeko eta argitaratzeko, baztertuen kasuan horretarako arrazoiak adierazita.
6.2.– Behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar (10) egun baliodunen barruan, baztertutakoek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute eta, hala badagokio, baita akatsak zuzendu ere. Egitatezko errakuntzak edozein unetan zuzenduko ahal izango dira, administrazioak bere kabuz edo interesdunek eskaturik.
6.3.– Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horien inguruko erabakia hartu ondoren, UPV/EHUko gerenteak erabakia emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzeko.
6.4.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko erabakiaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko gerenteari; horretarako, hilabeteko epea egongo da erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Probak egiteko eguna iritsi eta errekurtsoa ebatzi gabe badago, errekurtsoa jarri duten hautagaiek azterketa egin ahal izango dute kautelaz, baina errekurtsoa ezetsiz gero, azterketak ez du baliorik izango.
6.5.– Oinarri honetan aipatutako erabakiak UPV/EHUko iragarki oholetan argitaratuko dira, bai eta unibertsitatearen webgunean ere: www.ehu.eus
6.6.– Zerrendetan hautagaien izen-deiturak eta NAN zenbakiaren azken lau zenbakiak, atzerritarren identifikazio zenbakiaren edo pasaportearen edo dokumentu baliokidearen zenbakiak agertuko dira eta, hala dagokienean, onartuak ez izatearen arrazoia.
6.7.– Hautagaiek zein hurrenkeratan hartuko duten parte probetan: Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan hala aurreikusten denean, hautagaiek probak egiteko hurrenkera hasiko da Estatu Idazkaritzak urtero egiten duen zozketan ateratzen den letratik (364/1995 ED, martxoaren 10ekoa, Estatuko administrazio orokorrean sartzeari eta estatuko administrazio orokorreko funtzionario zibilen lanpostu hutsak betetzeari eta haien promozio profesionalari buruzko Arautegia onartzen duena, 17. artikulua).
Zazpigarrena.– Epaimahaia.
7.1.– Izendapena.
UPV/EHUko gerenteak emandako erabakiaren bidez izendatuko dira hautaprobetako epaimahaietako kideak.
7.2.– Epaimahaien osaera.
Epaimahaiek kide kopuru bakoitia izango dute, eta betiere epaimahaiko buru bat eta epaimahaikide batzuk izango dituzte. Epaimahaikideetako bat idazkari izendatua izango da. Epaimahaiko kide guztiek ordezko bana izango dute.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari jarraituz (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), epaimahaiak edo hautaketa organoak osatzean inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak bete beharko dira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko paritatea lortzeko ahalegina egin beharko da; gainera, ezin izango dira epaimahaikide izan hautespen edo izendapen politikoko langileak, bitarteko funtzioarioak eta behin-behineko langileak. Hautaketa organoetako kideak norberaren izenean arituko dira beti, eta ezin izango da inoiz inoren ordezkari edo inoren kontura izan hautaketa organoetako partaide. Era berean, ezin izango dira epaimahaikide izan deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaketa probetarako hautagaiak prestatzen ibilitako plantillako langile finkoak edo karrerako funtzionarioak.
Epaimahaikide guztiek izan beharko dute deialdian ateratako plazetarako eskatzen den titulazioaren maila berekoa edo goragokoa, eta gainera administrazio publikoko langile finkoak edo karrerako funtzionarioak izan beharko dira. Epaimahaiko kide gehienak ezin izango dira izan kasuan kasuko plazaren kategoria edo espezialitate bereko langile finkoak edo karrerako funtzionarioak.
Zailtasun teknikoengatik edo bestelakoengatik hala komeni denean, epaimahaiek aholkularien laguntza baliatu ahal izango dute proba batzuetarako edo guztietarako, deialdiko oinarri espezifikoen arabera. Aholkulariok beren espezialitate teknikoaz baino ez diote lagunduko epaimahaiari, eta hitza izango dute, baina ez botorik. Era berean, epaimahaiek laguntzaileak eduki ahal izango dituzte probak aurrera eramateko. Organo eskudunari proposatu beharko diote aldez aurretik, hark baimendu dezan laguntzaile kopurua.
Aholkulari espezialisten eta laguntzaileen izendapena UPV/EHUko iragarki oholetan eta unibertsitatearen webgunean argitaratuko da.
7.3.– Abstentzioa eta errekusazioa.
Epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak prozeduran parte hartzetik abstenituko dira, eta deialdia egin duen agintariari emango diote horren berri, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. artikuluan aipaturiko egoeraren batean badaude (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa). Era berean, abstenituko dira deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautagaiak trebatzen aritu badira deialdiko plazaren edo plazen kategoria bereko edo pareko hautaketa probetarako, edo epe horretan moduren batean kolaboratu badute deialdiko plazen kategoriako oposizioetarako prestakuntza ematen duten zentroekin.
Epaimahaia eratzeko egiten den bileran, epaimahaiko buruak epaimahaikideei eskatuko die adierazpen formal baten bidez ziurtatzeko ez daudela halako egoeraren batean. Aholkulari espezialistek eta laguntzaileek ere egin beharko dute adierazpen hori.
Era berean, epaimahaikideak, aholkulariak eta laguntzaileak goian aipatutako egoeretakoren batean daudenean, interesdunek errekusatu ahal izango dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 23. Artikuluaren babespean eta 24. artikuluan zehaztutako prozedura betez (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.4.– Jarduteko arauak.
Epaimahaiek beti jokatuko dute administrazio prozedurari buruzko legeetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, epaimahaiko buruak agindurik eta idazkariak aldez aurretik deituta, epaimahaia probak hasi aurretik bilduko da, behar besteko tarteaz. Epaimahaia balioz eratzeko ezinbestekoa izango da epaimahaiko burua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez epaimahaikideen erdiak bertaratzea. Konputu horretatik kanpo geratuko da idazkaria.
Epaimahaiko edozein kideren kargua hutsik balego edo pertsona kanpoan edo gaixorik balego, edota arrazoi legal batengatik epaimahaian ezin balitz egon, antzinatasun eta adin handieneko epaimahaikidea izango litzateke ordezkoa, hurrenkera horretan.
Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoaz hartuko dira. Epaimahaikide guztiek izango dute botoa eta hitza, idazkariak izan ezik. Berdinketak epaimahaiko buruaren kalitate botoarekin hautsiko dira.
Epaimahaien erabakiak aurkeztu ahal izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako kasuetan eta moduan (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa).
7.5.– Epaimahaiaren ahalmenak.
Epaimahaiek erabateko autonomia funtzionalaz jardungo dute, prozeduraren legezkotasuna zainduta eta objektibotasuna bermatzeko erantzukizuna beren gain hartuta.
Bestalde, ordenamendu juridikoari jarraituz, oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantza eta gorabehera guztiak argituko dituzte, prozesu bakoitza zuzen betetzeko behar diren erabakiak hartu, eta irizpideak ezarriko dituzte deialdietan jasota ez dauden kasuak sortzen direnean.
Epaimahaiburuek behar diren neurriak hartuko dituzte oposizio faseko ariketen konfidentzialtasuna bermatzeko. Ariketak, ahozkoak izan ezik, irakurle optikoekin edo exekuzio praktiken bidez zuzenduko dira, eta, zuzendu ere, hautagaia nor den jakin gabe zuzenduko dira.
Azterketariak probetara onartzearen inguruan sor litezkeen gorabeherak epaimahaiak ebatziko ditu, eta organo eskudunari jakinaraziko dizkio bere erabakiak.
Epaimahaiko kideek prozesuko edozein momentutan eskatu ahal izango diete hautagaiei deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten egiaztagiriak aurkezteko. Epaimahaia helduko balitz jakitera hautagairen batek ez duela baldintza bat edo gehiago betetzen, lehendabizi entzunaldia emango lioke interesdunari eta gero, hala badagokio, pertsona hori hautaketa prozesutik kanporatzeko proposamen arrazoitua egin beharko lioke hautagai onartuen behin betiko zerrenda onartu duen organoari, eta, era berean, hautagaiak eskarian emandako datu okerrak edo faltsuak jakinaraziko lizkioke, dagokien ondorioei begira. Administrazioaren organo eskudunaren erabakiaren kontra administrazioarekiko kasuan kasuko errekurtsoak jarri ahal izango dira.
Era berean, hautaketa prozesuan zehar epaimahaia jakitera helduko balitz zalantza sendoak daudela hautagairen batek gaitasun funtzionalik ba ote duen deialdiari dagokion kategoriako zereginak betetzeko, txostena eskatu beharko die, nahitaez, organo tekniko eskudunei. Organook hamar (10) eguneko epearen barruan eman beharko dute txostena, eta haren edukia erabakigarria izango da. Interesdunari honen guztiaren berri emango zaio, nahi dituen alegazioak egin ditzan.
Txostenak badio hautagaiak ez daukala gaitasun funtzionalik, epaimahaiak lehendabizi entzunaldia emango dio interesdunari, eta gero pertsona hori hautaketa prozesutik kanporatzeko proposamen arrazoitua egingo dio organo eskudunari.
Organo eskudunak erabakia eman artean, hautagaiak hautaketa prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du, modu baldintzatuan.
Epaimahaiek prozesutik kanpo utzi ahal izango dituzte azterketa orrietan markak eta ikurrak jarri eta horrela nor diren jakitera eman dezaketen hautagaiak, edo probetan edonolako iruzurra egiten saiatzen direnak, ariketak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz egingo baitira. Era berean, hautaketa prozesuko edozein proba egiten den bitartean, ezin izango da eduki edo erabili lehenago aipatutako printzipioak saihesteko erabili ahal den gailu edo baliabide teknologikorik. Hautagairen batek agindu horiek betetzen ez baditu, probatik eta hautaketa prozesutik kanporatua izango da, berehala, eta, beraz, ez da sartuko prozesu horretatik sortzen den lan poltsan.
Epaimahaien erabakiak lotesleak dira administrazioarentzat, nahiz eta administrazioak, egoki deritzonean, berrikusi ahal izango dituen erabaki horiek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 106. art. eta hurrengoak). Hori gertatzen denean, berriz egin beharko dira kasuan kasuko probak edo tramiteak.
7.6.– Egoitza.
Jakinarazpen eta gainontzeko gorabeheretarako, epaimahaien egoitza hau izango da: Errektoregoaren eraikina, Pertsonaleko Gerenteordetza, Sarriena auzoa, z.g., 48940, Leioa.
7.7.– Zerbitzu ordainak.
Epaimahaiko kideek zerbitzu ordainak jasoko dituzte egindako lanengatik, bertaratzea barne, arlo horretan indarrean dauden arauei jarraituz.
Zortzigarrena.– Hautaketarako prozedura.
8.1.– Lehen oinarrian adierazi bezala, lehiaketa-oposizio sistema erabiliko da hautaketa prozesuan, eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak betetzen direla bermatuko da.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek oinarri orokor hauek osatu eta garatuko dituzte. Oinarri orokor hauek arautuko dute oinarri espezifikoetan beste era batera arautzen ez den guztia.
Hautaketa prozesu bakoitzaren berezitasunak oinarri espezifikoetan arautuko dira, hau da: plazen izaera eta ezaugarriak, eduki beharreko titulazioa, probaren nondik norakoak, oposizio faseko ariketa edo probak kalifikatzeko sistema, eta lehiaketa faseko merezimenduen balorazioa eta egiaztapena.
Hautaketa prozesu bakoitzean bereziki zainduko da gainditu beharreko probak bat etortzea lanpostuan bete beharreko zereginekin, eta, hala dagokionean, behar diren proba praktikoak egingo dira.
8.2.– Oposizio fasea.
Oposizio fasea deialdiaren oinarri espezifikoetan adierazten den ariketak eratuko du, edo, egoki denean, adierazten diren ariketek eratuko dute.
8.3.– Lehiaketa fasea.
Lehiaketaren fasean, oposizio fasea gainditu duten hautagaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, merezimendu bakoitzari puntuazioa esleituz, deialdi bakoitzaren baremo espezifikoaren arabera.
Deialdi bakoitzean, merezimenduen baremoak atal hauek izango ditu:
a) Merezimendu profesionalak.
b) Merezimendu akademikoak.
Kontuan hartuko diren merezimendu bakarrak izango dira eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortutakoak.
Ez da baloratuko, inolaz ere, epez kanpo aurkeztu eta egiaztatutako merezimendurik.
Oposizio fasearen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar (10) egun baliodunen barruan, hautagaiek, lehiaketa fasean gehitu daitezkeen merezimenduak, alegatu eta egiaztatu beharko dituzte.
Horretaz gainera, desgaitasuna duten pertsonen txandan lehiatzen direnek aurkeztu beharko dute desgaitasun maila zehazteko eskumena duen organo teknikoaren irizpen tekniko fakultatiboa, zeinak adieraziko duen zein urritasun iraunkor daukan hautagaiak desgaitasun maila hori aitortua izateko, eta haren fede emango duen. Epaimahaiak, horren argitan, eskatutako egokitzapena bidezkoa den ala ez erabakiko du. Horretaz gain, hala ere, epaimahaiak txostena edo aholkua eskatu ahal izango die gizarte zerbitzu edo osasun zerbitzu eskudunei.
Lehiaketa fasea ez da baztergarria izango, eta fase horretan lortutako puntuazioak ez du balio izango oposizio faseko ariketak gainditzeko.
Euskara
Euskara azterketa nahitaezkoa eta baztertzailea izango da hizkuntza eskakizunerako derrigortasun data gaindituta daukaten plazen kasuan, eta borondatezkoa eta ez baztergarria bestelako plazetarako. Euskara azterketa nahitaezkoa eta baztergarria denean, azterketa gainditzen ez duten hautagaiek edo azterketa egiten ez dutenek aurrera jarraituko dute hautaketa prozesuan, baina derrigortasun datarik ez daukaten plazetan lehiatuko dira; egoki izanez gero, kontuan hartuko da azterketan lortutako kalifikazioa.
Hizkuntza eskakizuna UPV/EHUn egiaztatuta dutenek, ez dute berriz ere egiaztatu beharko.
Hala ere, bai aurkeztu beharko da erregistro horretan sartuta ez dagoen beste edozein titulu edo ziurtagiri, betiere, baliozkotuta badago bat etorrita 297/2010 Dekretuak, azaroaren 9koak, Euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak, zehaztutakoarekin.
Bestalde, ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko dute hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko oinarri hartzen dutenek apirilaren 3ko 47/2012 Dekretua, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.
Eskatutako lanpostuaren hizkuntza eskakizunak derrigortasun data gainditua daukanean, hizkuntza eskakizun hori egiaztatua dutenek GAI kalifikazioa izango dute atal horretan.
Eskatutako lanpostuaren hizkuntza eskakizunak derrigortasun data gainditurik ez daukanean, euskara merezimendutzat hartuko da, betiere, hizkuntza eskakizuna eskariak aurkezteko epea amaitu baino lehen lortu bada.
Horren bidez lortu ahal izango diren puntuazioak oinarri espezifikoetan zehaztuko dira, puntuazio osoaren ehuneko hauen arabera:
Lanpostuak 1. HE badu:
– 1. HE edo goragokoa izateagatik, % 5.
Lanpostuak 2. HE badu:
– 1. HE izateagatik, % 5.
– 2. HE izateagatik, % 10.
Lanpostuak 3. HE badu:
– 1. HE izateagatik, % 5.
– 2. HE izateagatik, % 10.
– 3. HE edo goragokoa izateagatik, % 15.
Lanpostuak 4. HE badu:
– 1. HE izateagatik, % 5.
– 2. HE izateagatik, % 10.
– 3. HE izateagatik, % 15.
– 4. HE izateagatik, % 20.
8.4.– Oposizio fasearen hasiera eta garapena.
Hautaketa prozesua oposizio fasearekin hasiko da, eta gutxien dela hiru (3) hilabete igaro beharko dira oinarri espezifikoetan adierazitako galdera sortak argitaratzen direnetik; galdera sortak, edozelan ere, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratzen diren egunean argitaratuko dira.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzen duen erabakian zehaztuko dira lehenengo ariketa egiteko tokia, data eta ordua.
Deialdi bakarra egingo da oposizio faseko ariketa bakoitzerako, baina baliteke ariketa bakoitza saio batean baino gehiagotan banatzea. Hautagai bakoitza deitu zaion saiora agertu beharko da. Bere burua identifikatzeko, hautagaiak eraman beharko du ariketara Nortasun Agiri Nazionala, gidatzeko baimena edo epaimahaiak onartzen duen beste edozein agiri.
Ariketetara agertzen ez diren hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira, salbu eta joan ezina aldez aurretik alegatu eta justifikatzen dutenean. Epaimahaiak erabaki arrazoitu bat eman beharko du halakoen inguruan. Hautagaia nahitaezko ariketaren batera agertzen ez bada deitzen zaionean, automatikoki galduko du ariketa hori eta hurrengoak egiteko eskubidea, eta, hortaz, hautaketa prozesutik kanpo geratuko da.
Hautagairen batek ezin badu hautaketa prozesuarekin jarraitu haurdunaldiko arrisku egoeragatik edo erditzeagatik, eta hori behar bezala egiaztatzen badu, atzeratu egingo zaizkio falta zaizkion faseak, eta horiek gainditzearen baldintzapean geratuko da. Dena dela, atzerapenak ezin izango du kaltetu beste hautagaien eskubidea prozesua arrazoizko epe batean ebatzia izateko. Epaimahaiak baloratu beharko du hori, eta, edozelan ere, atzeratutako probak beti egin beharko dira prozesua gainditu duten hautagaien zerrenda argitaratu aurretik.
Hautaketa probak behin hasita, ariketak egiteko iragarkiak UPV/EHUko Gerentziak argitaratuko ditu unibertsitateko webgunean eta iragarki oholetan, ariketak hasi baino bost (5) egun natural lehenago, gutxienez.
Epaimahaiek ariketak egiteko denbora edo/eta baliabideak egokituko dituzte desgaitasuna duten hautagaientzat eta haurdun daudenentzat, baldin eta egokitzapena behar badute eta hala adierazi badute eskarian, hartara gainerako parte hartzaileen baldintza berberetan aritu daitezen azterketetan, baina probaren edukia eta funtsa hutsaldu gabe eta gainditzeko eskatzen den maila apaldu gabe.
Oposizio faseko ariketa/ariketak behin zuzenduta, epaimahaiak honako behin behineko zerrendak osatuko ditu kalifikazioa oinarri hartuta lortutako puntuazioren arabera:
a) Desgaitasuna duten pertsonen txandan gainditu duten hautagaien zerrenda.
b) Txanda librean gainditu duten hautagaien zerrenda.
Gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak jartzeko.
Gainera, epe horren barruan, hautagaiek lehiaketa fasean gehitu daitezkeen merezimenduak, alegatu eta egiaztatu beharko dituzte.
Oposizio faseko behin-behineko emaitzen kontrako erreklamazioa aurkezten dutenek erreklamazioarekin batera merezimenduak eta haien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Erreklamazioak ebatzi ondoren, oposizio fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
8.5.– Lehiaketa fasearen hasiera eta garapena.
Lehiaketa fasea oposizio fasean amaitu ondoren hasiko da.
8.5.1.– Agiriak aurkeztea:
1.1.– Alegatutako merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak eta kopiak aurkeztu beharko dira erkaketa egiteko, edo, bestela, organo eskudunak behar bezala erkatutako kopia.
Baldintza horietan berberetan aurkeztu beharko dituzte egiaztagiriak, kautelaz, oposizio fasea gainditu ez dutenek, baldin eta errekurtsoa aurkeztu badute eta horrek hasierako fasea gainditzea ekar badezake.
1.2.– Bestalde, UPV/EHUk ofizioz aurkeztuko ditu UPV/EHUn zerbitzuak bete dituzten hautagaien egiaztagiriak, baldin eta eskari orrian horrela adierazi badute.
1.3.– Gainontzeko zerbitzuak egiaztatu egin beharko dira egiaztagiri bidez, eranskinean jasotako ereduari jarraituz.
8.5.2.– Dokumentazioa ez aurkeztea:
Alegatutako merezimenduak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu ezean, ez dira merezimenduok baloratuko. Era berean, egiaztagiriak aztertuta ikusiz gero hautagaiak ez duela alegatutako merezimenduren bat, ez da baloratuko merezimendu hori, gainontzekoak bai baloratuko diren arren.
Bat etorrita 39/2015 Legeko 68. artikuluak adierazitakoarekin, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak falta badira, UPV/EHUk iragarki argitaratuko du web gunean jakinarazteko interesdunei hamar (10) egun balioduneko epea daukatela akatsak zuzendu edo falta diren nahitaezko dokumentuak bidaltzeko, eta, horrela egin ezean, merezimenduok ez direla kontuan hartuko lehiaketa fasean.
8.6.– Hautaketa proben kalifikazioa.
Oposizio faseko ariketak deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten denaren arabera kalifikatuko dira.
Lehiaketa fasean merezimenduak baloratuko dira. Deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutako baremoen arabera, puntuak esleituko zaizkio merezimenduen atal bakoitzari, eta atal guztietako puntuen batura izango da fase honetako balorazio orokorra.
Hautaketa prozesua amaiturik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen behin behineko zerrenda argitaratuko du, hilabeteko epean gehienez ere, UPV/EHUko iragarki oholean eta unibertsitateko webgunean. Interesdunak puntuazioaren araberako hurrenkeran azalduko dira, eta zerrendan zehaztuko dira bakoitzaren izen-deiturak eta NAN zenbakiaren, atzerritarren identifikazio zenbakiaren edo pasaportearen edo dokumentu baliokidearen zenbakiaren azken lau zenbakiak, eta prozesuko fase eta atal bakoitzean lortutako notak.
Gainditu duten pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak jartzeko.
Epe horretan bertan, gainditu duten hautagaiek lanpostuak eskatuko dituzte, beren preferentzien araberako hurrenkeran.
Hautaketa prozesuaren azken kalifikazioa oposizio fasean eta lehiaketa fasean lortutako puntuazioen batura izango da.
Prozesua gainditutakoen artean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauen arabera erabakiko da hurrenkera:
1.– Lanpostuetan igarotako denbora handiena, egunetan zenbatua, UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Lan Kontratudun Langileen Hitzarmenaren aplikazioaren eremuan, deialdiari dagozkion kategorian eta espezialitatean.
2.– Lortutako puntuaziorik handiena, administrazio publikoetan emandako zerbitzuen atalean.
3.– Lehiaketa fasean lortutako puntuaziorik handiena.
4.– Oposizio fasean lortutako puntuaziorik handiena.
5.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legeak 27.2 artikuluan zehaztutakoari jarraituz, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, emakumeek izango dute lehentasuna beren presentzia % 40ren azpitik dagoen administrazioko kidego, eskala, maila eta kategorietan, salbu eta beste hautagai bat dagoenean, neurri hau ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituena, adibidez sexu diskriminazioaz bestelako arrazoiengatik lana lortzeko oztopo bereziak dituen talde bateko kidea izatea.
6.– Irizpide hauek aplikatuta ere berdinketa hautsi ezin bada, alfabetoaren araberako hurrenkera aplikatuko da, eta lehen pertsona izango da lehen abizena hasten zaiona Estatu Idazkaritzak urtero egiten duen zozketan ateratzen den letrarekin, oinarri hartuko den zozketa deialdia argitaratzean indarrean dagoena izanik (364/1995 ED, martxoaren 10ekoa, Estatuko administrazio orokorrean sartzeari eta estatuko administrazio orokorreko funtzionario zibilen lanpostu hutsak betetzeari eta haien promozio profesionalari buruzko Arautegia onartzen duena, 17. artikulua).
Bederatzigarrena.– Hautatutako pertsonen zerrenda. Lanpostuak aukeratzea eta esleitzea.
9.1.– Erreklamazioetarako epea amaituta, eta erreklamaziook ebatzi ondoren, hautatutako pertsonen eta esleitu zaizkien lanpostuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Zerrenda argitaratzearekin batera, epaimahaiak organo eskuduneko titularrari ere helaraziko dio.
9.2.– Epaimahaiak ezin izango ditu deialdian ateratako plazak baino hautagai gehiago aukeratu, eta muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusezak izango dira.
Hala ere, gerta liteke aukeratutako hautagairen batek uko egitea plazari, edo aurkezten duen dokumentazioan agerian geratzea ez dituela eskatutako betekizunak betetzen, edo ezusteko arrazoiengatik plaza ezin betetzea. Hori dela eta, epaimahaiak proposatutako kontratu kopurua deialdian eskainitako plazen kopuru bera denean, plaza guztiak beteko direla ziurtatzeko, kontratua sinatu aurretik organo eskudunak epaimahaiari eskatu ahal izango dio proposatu dituen hautagaien hurren geratu diren pertsonen zerrenda emateko, hartara horiek ordezkatu ahal izan ditzaten hasieran proposatutakoak, behar izanez gero.
Hautaketa prozedurari amaiera ematen dion ekintza arrazoitua izan beharko da. Epaimahaiak legeetan, arautegietan eta deialdiaren oinarrietan zimendatuko idu bere ekintzen arrazoibidea, bere diskrezionalitate teknikoa erabiliz balorazioak egiten dituenean.
9.3.– Plazak behin betiko kalifikazioaren arabera osatutako zerrendaren hurrenkerarik jarraituz aukeratuko dira.
Horretarako, zerrenda bakarra osatuko da oposizio fasea gainditu duten hautagai guztiekin, hautaketa prozesuan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta kontuan izan gabe zein txandatan hartuko duten parte.
Zerrenda egoki osatze aldera, euskarazko nahitaezko azterketa gainditu dutenei edo eskatutako hizkuntza eskakizuna egiaztatu dutenei, GAI kalifikazioaren ordez oinarri espezifikoetan hizkuntza eskakizun bakoitzerako zehaztutako puntuazioa emango zaie.
9.4.– Lanpostua oinarri honetan zehazten den epean eta eran aukeratzen ez duten pertsonek galdu egingo dituzte hautaketa prozesuan parte hartzeagatik bereganatutako eskubideak.
9.5.– Hautaketa prozesu honetatik sortutako zerrendak gehituko zaizkie UPV/EHUn aldi baterako zerbitzuak betetzeko erabiltzen diren lan poltsei. Edozelan ere, errespetatu egingo dira, alde batetik, 2016ko ekainaren 30eko baterako Akordioa, zeinaren bidez adostu ziren sarrera prozesuetako hautapen proben deialdiak arautu behar dituzten gutxieneko irizpideak, eta zehazki haren 4.C puntuko konpromisoa, eta, bestetik, 2017ko uztailaren 18ko Akordioa, Lan Poltsak Eratzeari eta Kudeatzeari eta Lanpoltsetako Kideak Ordenatzeari buruzkoa.
Hamargarrena.– Dokumentazioa aurkeztea.
10.1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
10.1.1.– Hautatuen behin betiko zerrendako pertsonek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte beren gaitasuna egitaztatzeko eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko:
a) Indarreko NANaren, pasaportearen edo nazionalitatea egiaztatzen duen beste edozein dokumenturen fotokopia erkatua.
b) Atzerriko hautagaiek administrazioaren jakinarazpen bat jasoko dute, esateko zein dokumentu zehatz aurkeztu behar duten, beren egoera dela eta.
c) Uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa, 43. artikuluan adierazitako tituluen fotokopia erkatuak; titulu horiek, era berean, deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan daude zeaztuta.
d) Zinpeko aitorpena edo agindua, non interesdunak ziurtatzen duen ez dagoela desgaitua funtzio publikoak betetzeko eta ez dela diziplina espedientearen bidez aldendua izan administrazio publikoetatik, eta ez dagoela legezko desgaitasuna edo bateraezintasuna dakarren inongo egoeratan, kontuan hartuta: administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruzko Legean zehazten dena (53/1984 Legea, abenduaren 26koa) eta Estatuko Administrazioko, Gizarte Segurantzako eta Menpeko Erakunde eta Enpresetako Langileen Bateraezintasunei buruzko apirilaren 30eko 598/1985 Errege Dekretua.
Espainiar nazionalitatea ez dutenek zinpeko aitorpena edo agindua aurkeztu beharko dute, non ziurtatzen duten ez daukatela diziplina zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikora sartzea eragozten dienik.
e) UPV/EHUko Osasun Zerbitzuak emandako medikuaren ziurtagiria, dioena interesdunak ez duela gaixotasunik edo akats fisikorik, eskatu duen lanpostuko zereginak betetzea eragozten dionik.
f) Lehiaketa fasean alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko dokumentuak edo haien fotokopia erkatuak.
g) Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskatzen diren gainerako betekizunen egiaztagiriak, besterik eskatuko balitz.
h) Hautaketa prozesuan parte hartu izanik desgaitasuna duten pertsona guztiek aurkeztu beharko dute desgaitasun maila frogatzen duen indarreko egiaztagiria, autonomia erkidegoko organo eskudunak emana. Edozelan ere, beren desgaitasuna kasuan kasuko zereginak betetzearekin bateragarria dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
10.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuen arabera aurkezten diren dokumentuak jatorrizkoak edo kopia erkatuak izan behar dira. Bestalde, balioa izateko, honako datu hauek agertu beharko dituzte: erkaketaren data, eta dokumentua erkatu duen pertsonaren izen-deiturak, NANa eta sinadura irakurgarria.
10.1.3.– Hautagaiak ezin baditu dokumentu horiek aurkeztu eta hala justifikatzen badu, zuzenbidean onartzen den beste edozein modutan frogatu ahal izango du deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela.
10.2.– Dokumentuak aurkezteko tokia eta epea.
Dokumentuok hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, hautaketa prozesuaren behin betiko eta azken kalifikazioa argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, Pertsonaleko Gerenteordetzan (UPV/EHUko Errektoregoko eraikina, Sarriena auzoa z. g., 48940, Leioa).
10.3.– Dokumentazioa ez aurkeztea.
Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, hautagaiek epe horretan dokumentazioa aurkezten ez badute edo aurkezten duten dokumentazioa aztertzean ikusten bada ez dutela betetzen laugarren oinarrian zehaztutako baldintzetakoren bat, edo ez daukatela gaitasun fisiko edo psikikorik kasuan kasuko zereginak betetzeko, ez zaie kontraturik egingo, eta deuseztatuta geratuko dira haien ekintza guztiak, eskarian gezurra esateagatik eska lekizkiekeen erantzukizunez gainera.
Halakoetan epaimahaiak hurren sailkatutako pertsona proposatuko du, prozesua gainditu duten hautagaien behin betiko zerrendako hurrenkeran, zortzigarren oinarrian adierazitako irizpideen arabera. Horretarako, epaimahaiak hautatutzat joko ditu aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiengatik hutsik geratu diren plaza adina hautagai.
Hamaikagarrena.– Hautatuei lanpostu hutsak esleitzea eta lan kontratu finkoa egitea.
Hautaketa prozesua gainditu eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkezten dituzten pertsonei plantillako lan kontratu finkoa egingo zaie hilabeteko epean gehienez ere, 10.2 oinarrian esandakoaren arabera.
Langile berriei lanpostuak esleituko zaizkie kontuan hartuta eskaini zaizkien lanpostuen artean adierazi dituzten lehentasunak, hautaketa prozesuan lortu duten postuaren arabera.
Nahiko hautagai ez dagoenean edo daudenek ez dituztenean betetzen prozesua gainditzeko gutxieneko baldintzak, epaimahaiak organo eskudunari eskatuko dio bete ez diren plazak hutsik uzteko.
Hamabigarrena.– Komunikazioak eta gorabeherak.
12.1.– Hautaketa prozesu bakoitzeko ekintzak eta akordioak UPV/EHUko iragarki oholean argitaratuko dira. Horretaz gain, unibertsitataren webgunearen bidez ere zabalduko dira.
Iragarki oholean egiten diren argitalpenak lotesleak izango dira oposizio faseko ariketak egiteko deialdietarako, eta, hala dagokionean, baita lehiaketarako ere. Era berean, argitalpen horien datak emango die hasiera deialdian ezarritako epeei eta oinarrien eta epaimahaiaren ohiko jardunaren arabera ireki behar diren kasuan kasuko epeei.
12.2.– Hautagaiek epaimahaiari eta UPV/EHUko organo eskudunari helarazi ahal izango diete epaimahaiko kideen edo gainerako hautagaien ekintzen inguruan sor litezkeen gorabeheren berri. Era berean, hautaketa prozesuaren inguruko kexak, eskariak edo iradokizunak helarazi ahal izango dizkiete.
Hamahirugarrena.– Datu pertsonalak babestea hautaketa prozesuaren gestioan.
13.1.– Hautaketa prozesuaren gestioan, datu pertsonalak «Lanpostuen aukeraketa eta hornitzea» eta «Langileen espedienteak» izeneko fitxategietan gorde eta tratatuko dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez sortu ziren (unibertsitateko datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu eta ezabatzeari buruzko erabakia, 2007ko apirilaren 11ko EHAA), eta haien administrazio organo arduraduna Euskal Herriko Unibertsitatea bera da; interesdunek bertako DBLO segurtasun arduradunarengana jo beharko dute baliatu nahi badute beren eskubidea beren datuen kontra egiteko, beren datuetan sartzeko, edo haiek zuzendu edo ezabatzeko.
13.2.– Bosgarren oinarrian eskariak aurkezteko aipatzen diren modalitate guztietan horri buruzko informazio klausula bat jarriko da.
13.3.– Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioko langileek, epaimahaietako kideek eta horiei laguntasuna ematen dieten adituek, halakorik egonez gero, isilpean gordeko dute prozesuaren gestioan zehar euren eskuetara heltzen diren datu pertsonalen informazioa.
13.4.– Oinarriei jarraituz hautaketa prozesuko faseetan argitara ematen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan datu pertsonal gutxi agertuko dira, zabalkunde printzipioa betetzeko beharrezkoak direnak baino ez. Zerrenda horiek prozesua amaitu arte egongo dira ikusgai eta, era berean, erreklamazioak edo errekurtsoak jartzeko beharrezkoa izan daitekeen denbora guztian.
Zerrenda horietan klausula bat jarriko da, esateko datuak pertsonalak direla, zerrendak bete egiten duela datuak babesteko alorrean indarreko legeriak dioena, eta zerrendaren helburu bakarra dela hautaketa prozesuko kasuan kasuko fasearen berri ematea eta parte hartzaileak jakinaren gainean jartzea. Era berean, paragrafo batean adieraziko da zerrenda horiek ez direla egongo herritarren esku; ezingo direla kopiatu, ez osorik ez zati batean; eta ezingo direla ez transmititu ez erregistratu informazioa berreskuratzeko inongo sistemarik erabilita, baldin eta interesdunek horretarako baimenik ematen ez badute.
Hamalaugarrena.– Arauen lehentasuna.
Arauen lehentasunari dagokionez, espezialitate printzipio orokorra aplikatuz, kontraesanik sortzen bada oinarri orokor hauen eta deialdietako oinarri espezifikoen artean, oinarri espezifikoek izango dute lehentasuna.
AZKEN XEDAPENA.– Oinarriok indarrean sartzea.
Oinarri orokor hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunean sartuko dira indarrean.