Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2018ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5292

EBAZPENA, 2018ko irailaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baita, emandako euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei diru-laguntzak emateko modua.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.a) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber dekretu horrek, bere 19. artikuluaren 3.b) letran aipatzen du, munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez, dela EEIaren eginkizunetako bat.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da munduko euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Euskal Etxeek emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.

Ebazpen honen baitan lagungarriak izango dira, 2018ko urria eta 2019ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

EEIren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 234.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 54.000 euro, 2018ko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 180.000 euro, 2019ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Euskal Autonomia Elkarteaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Euskal Etxeekiko harremanetarako den maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honen bidez arautzen diren diru-laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Eusko Jaurlaritzak edo hari loturiko erakunderen batek emandako diru-laguntzak oro zurituak edukitzea.

c) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

d) Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa edo zehapen-prozedura oro, eta ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

e) Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

2.– Betekizun akademikoak:

a) HABEk ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente.

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz egingo dira eta EEIaren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio hurrengo helbidean: Andre Zigarrogileak Plaza, 1, Tabakalera eraikina, 3. Solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskariek jaso beharko dute ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, diru-laguntzak egoki banatu ahal izateko, eskariek bereizi beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren. Eskariak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, diru-laguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

3.4.– Deialdiaren 3.1.a) artikuluko eskakizuna organo kudeatzaileak berak egiaztatuko du eta izapide hori egiteko eskatzailearen oniritzia duela joko da, prozeduran eskatzaileak kontrakorik ez badu adierazten. Kasu horretan berak egiaztatu beharko du dagokion agiria aurkeztuz, urriaren 1eko 39/2015 Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 28.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

6. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

EEIren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio deialdi honen bide emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien diru-laguntzen modulua 11,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, diru-laguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren Ebazpena.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentzia izango da eta EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.

2.– Esleipen-ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, EEIren zuzendari nagusiak kitapen ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz, proportzionaltasun printzipioaren baitan.

10. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Diru-laguntzen ebazpena ematen den momentuan 2018ko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2019ko martxotik aurrera, 2018ko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2019ko urtarril/irailerako erabakitako diru-laguntzaren % 60 ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako diru-laguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, EEIren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gain-finantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gain-finantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gain-finantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek diru-laguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako II. eranskinean edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz egingo dira, eta ondoko informazioa bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, hori guztia diru-laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik lortzea ezinezkoa bada, horrela adieraziko da erantzukizuneko aitorpenean (II eranskina).

2.– EEIren diru-laguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako diru-laguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honetako 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, halakorik lortzea ezinezkoa den kasuan, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

5.– Halaber, aplikagarria izango da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

6.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2018ko urritik abendura bitartekoak, 2019ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2019ko urtarril-iraila bitartekoak, 2019ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Diru-laguntza eman den helburu jakin hartako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazioa oro ematea.

c) EEIren esku uztea diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte EEIk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, diru-laguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

e) Halaber, aplikagarria da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudiak izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Diru-laguntza hauek bateragarriak dira barne-merkatuarekin, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluaren baitan (Salbuespenen erregelamendu Orokorra). Erregelamendu honek zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen ditu Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO L187).

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, deialdi honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiak «laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2011ko martxoaren 31ko Ebazpenaren bidez araututa dago eta fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2018 ko irailaren 17a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

I. ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUSKAL ETXEAK JASOTAKO DIRU-LAGUNTZA ZURITZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Zigor administratibo edo penalik ez dueneko erantzukizunpeko agiria
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BATERAGARRITASUN-ADIERAZPENAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala