Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2018ko urriaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5231

AGINDUA, 2018ko urriaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Bergarako (Gipuzkoa) Eguren baserria monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Bergarako Basalgo auzuneko (Gipuzkoa) Eguren baserriak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Eguren baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2018ko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez (uztailaren 4ko EHAAn argitaratu zen, 128 zenbakian).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren alegazio bat aurkeztu zen. Alegazio hau onartu egiten da eta horregatik II. eranskina egokitu eta osatu egiten da.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bergarako (Gipuzkoa) Eguren baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Eskaera egitea Bergarako Udalari, higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Bergarako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Deskripzioa.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, baserritik 30 metrora trazatua.

Mendebaldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, baserritik 55 metrora trazatua, fatxadaren luzapenarekiko intersekzioraino; hortik aurrera, aurrekotik 45º-ra trazatutako lerro bat, hegoaldeko mugarekin bat egiten duen lekuraino.

Hegoaldean, baserriaren fatxadatik 30 metrora kokatutako sestra-kurba.

Eta, azkenik, ekialdean, baserriaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, baserritik 30 metrora trazatua, baserriaren fatxaden luzapenarekiko intersekzioraino; hortik aurrera, 45º-ra trazatutako lerro bana, iparraldeko eta hegoaldeko mugekin bat egiten duten lekuraino.

b) Justifikazioa.

Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Bergarako Basalgo auzuneko Eguren baserriaren ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar baserriaren inguruko lur-eremuak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIOA

Oinplano errektangularreko eraikina, 25,50 m x 18,00 m-koa; bi isurkiko egurrezko estalkia dauka, eta gailurra fatxada nagusiarekiko (hegoaldera begira dago) perpendikularra da. Hodi bikoitzeko teiladuna da estalkia. Bi solairu, ganbara eta sotoa ditu. Lau fatxadak harlangaitzez eginak dira eta harlanduzko eskantzuak dauzka (hareharrizkoak). Beheko solairuan erdi-puntuko bi arkudun portada dauka; ez daude zentratuta, mendebalderantz baitaude. Horien atzealdean atari irekia daukagu. Lehenengo solairuan hiru leiho-zulo daude, lerrokatuta, eta horien artean erdian armarri bat dago. Hormapikoan, estalkiaren ondoan, bi bao errektangular berdin-berdin dauzka. Bao horiek harlanduz inguratuta daude (hareharrizkoak). Mendebaldean, sotorako sarrera dago; atalburudun ate batetik sartzen da. Mendebaldeko fatxadan, hegoaldeko aldean, erdi-puntuko arku bakar batetik (eta lehen aipatutako arkuetatik) eraikinaren hego-mendebaldean kokatuta dagoen atari handira sartzen da. Ekialdeko fatxadan, lau leiho-bao errektangular daude, lerrokatuta, eta hareharrizko harlanduz inguratuta, eraikin osoan bezala. Leihoen azpian lau gezileiho luze daude, soto edo bodegari argia ematen diotenak.

Barrualdera ataritik sartzen da, atalburudun ate batetik. Sukaldera eta etxebizitzara sartzen da bertatik. Inguru horretan eraikinaren ekialdeko sektoreko beheko solairua dago.

Eraikinaren barrualdeko egiturak suaren kontrako karga-horma bat dauka, eraikinaren ekialdeko muturreko hormartea banantzen duena. Gainerakoa luzetarako bost hormarte eta zeharkako hiru hormartetan egituratzen da. Hormarte horien ardatzetan pieza bakarreko zutoinak eta zutoin partzialak daude. Zutoin horiek habe handi batzuez lotuta daude, eraikinaren egitura osatuz. Gailur nagusiaren pean habe-dolare baten bi pilare mantentzen dira.

Baserri hau XVI. mendean eraiki zuen, eta garai horretakoak dira egituraren zatirik handiena eta soto handia. XVIII. mendean habearte bat gehitu zitzaion hegoaldean (portadari eta egungo sukaldeari dagokiena), eta beste bat mendebaldean. Hiru arku eta ezkutua dituen portada eta gainerako leihoek eraikuntza-kalitate handia dute. 1995ean zaharberritu zen, oso modu egokian.


Azterketa dokumentala