199. zk., 2018ko urriaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (745 KB - 5 orri.)
- EPUB (266 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5057
AGINDUA, 2018ko urriaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserria monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen kultura-ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserriak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Uribarri baserria Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2018ko apirilaren 26ko Ebazpenaren bidez (maiatzaren 4ko EHAA, 85. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituta, eta aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Orozkoko (Bizkaia) Uribarri baserria Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea, monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa.
Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Eskaera egitea Orozkoko Udalari, higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuta.
Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Orozkoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hileko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 8a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua hartzen ditu barnean. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, bordaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 3 metrora trazatua.
Ekialdean, bordaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 5 metrora trazatua.
Hego-ekialdean, bordaren hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, bordatik 25 metrora trazatua.
Eta, azkenik, hego-mendebaldean, baserrira heltzeko bidearen kanpoko ertza eta haren jarraipena, iparraldeko mugarekin bat egiten duen lekuraino.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Orozkoko Urigoiti auzoko Uribarri baserriaren ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar baserriaren inguruko lur-eremuak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Uribarri baserriak lau angeluko oinplanoa du, iparralde eta hegoaldera orientatuta dago, eta bi isurialdeko estalkia du, gailurra fatxada nagusiarekiko zuta dela. Harlangaitz zarpiatuzko obra da. Fatxada nagusiaren aurrean, bolumen bat dago, ardi-korta gisa erabiltzen zena eta, egun, etxebizitza-erabilera duena; leku berean, beste bolumen bat dago, labea gordetzen duena.
Fatxada nagusian, beheko solairuan, alboko sarrera batetik kortetara sartzen da. Hurrengo solairuan, sarbide bat dago, eraikinaren fatxadako erdiko ardatzean dagoen harrizko eskailera batetik abiatzen dena. Halako kanpo-eskailerak ohikoak dira Orozkoko haraneko baserrietan. Solairu honetako baoen antolamendua irregularra da, eta ez dio inongo eskemari jarraitzen. Azkenik, ganbaran, bi bao txiki daude. Dinteldunak dira bao guztiak, eta harlandu sendoz inguratuta daude. Ipar-mendebaldeko fatxadatik sarbide bat dago lehenengo solairura sartzeko. Fatxada horretan, orobat, «artzainaren etxea» delakoaren irtengunea dago. Baditu, era berean, harlanduz inguratutako leiho-zuloak. Beste fatxadetako baoak txikiak dira, eta fatxada nagusikoen moduan eginda daude.
Beheko solairu osoan kortak daude. Lehen solairuak, berriz, etxebizitza-erabilera du. Sarreratik banaleku den atondora igarotzen da, eta, handik, eskuinaldera eginda, sukaldera, eta, ezkerraldera, maila beheraxeagoan dauden geletara sartzen da. Solairu horretan, gainera, beste gela batzuk eta biltegiratzeko espazio bat daude. Barne-eskailera batetik, ganbarara igotzen da, zeinak biltegi-erabilera baitu. Hirugarren solairu honetan, plataforma bat dugu, habearteen bao nagusia okupatzen duena. Ipar-mendebaldeko alboan, «artzainaren etxea» delakoa atxikitzen zaio; han, abereak ukuiluratzeko tokia dago, eta sukalde bat dago, laratza eta erdiko sua duena. Espazioen barne-banaketak hurritzezko edo gaztainazko adar-trentzatuz eginda daude, akabera luzituak dituztela.
Egitura zurezko portikoz eginda dago, eta pieza bakarreko haritz-zurezko zutoin handiz osatua. Sistemaren txarrantxatzea bi eratara eginda dago: batetik, zutoin eta habeak agerian mihiztatutako besoetan txarrantxatzen dira, dena ere zurezko ziri ia-zilindriko bidez lotuta dagoela; bestetik, estalkiaren egitura-sistema portikoen noranzkoa aldatuta osatu da, eta, hartara, beheko portikoak beren artean lotuta daude luzetara. Portiko-egiturak multzo bati eusten dio, zehazki haritzezko eskuairaldezko soliba-forjatuz eta gaztaina-zurezko xafla lodi eta handiz egindako oholtzaz osatutako multzo bati. Estaldurako hegala zurezko ohol mihiztatuz eginda dago, eta ohol horiek gapirio-multzoari lotzen zaizkio, zurezko ziri txiki asko «josita».
XVI. mendekoa da jatorrizko egitura. XVIII. mendean, erabilerak berrantolatu ziren, eta egitura osatu zen. XIX. mendean, «artzainaren etxea» delakoa erantsi zitzaion.