194. zk., 2018ko urriaren 8a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (2182 KB - 23 orri.)
- EPUB (1501 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4899
AGINDUA, 2018ko irailaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko 2018ko deialdia egiteko dena.
Osasun Sailaren helburuetariko bat talde sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez zerbitzu sanitarioen kalitatearen hobekuntza sustatzea da, eta, beraz, epe ertain eta luzerako estrategia bat planteatu du Euskal Sistema Sanitarioko langileek duten gaitasuna areagotu dezaten praktika profesionalean.
Horrela, prestakuntza da kualifikazio optimoa bermatzeko eta langileen garapen profesionala garatzeko lanabesa. Berariaz sustatu nahi dira atzerriko prestakuntza-egonaldiak eta prestakuntza-jarduerak, bai eta estatuko unibertsitateetan gaitasun aurreratuak eskuratzea kudeaketa sanitario, osasun publiko, zainketa aringarrien eta familia- eta komunitate-medikuntzaren alorrean.
Laguntza-programa hau Osasun Sailaren 2018ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Osasuneko sailburuaren 2018ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu baitzen. Agindu horren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza diru-laguntzen jarduera-eremu handienekotzat hartzen da.
Horregatik, eta indarreko araudia aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da deialdia egitea osasunaren arloan 2018. urtean hasiko diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko bekak eta laguntzak emateko, eta haiek emateko modua arautzea. Honako modalitate hauek daude aukeran:
a) Atzerriko unibertsitateetan emandako gradu-ondoko ikastaroetan izatea edo epe mugatu batez atzerriko osasun-zentro edo ikerketa sanitarioko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egitea, osasun-zientziekin zerikusia duten arloetako ezagutza eta abilezia handitzera zuzendutako banan-banako prestakuntza-programa bat egiteko.
b) Atzerriko eta estatuko ikastetxeetako ezagutza-arloak ez dira berdinak; atzerrikoetan edozein gairen inguruko prestakuntza hartu ahalko da, eta osasun sailaren lerro estrategikoekin duen zerikusiaren arabera barematuko da.
c) Estatuko unibertsitateek emandako gradu-ondoko ikastaroetan izatea, gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratutako prestakuntza-jarduerak egiteko hiru arlo espezifiko hauetan:
– kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioak nahiz ospitalekoak kontrolatu eta kudeatzea; marketina; giza baliabideak; zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza; kalitatearen kontrola; arreta sozio-sanitarioa; arlo sanitarioko langileen arriskuak; erakunde sanitario motak; kudeaketa sanitarioaren politikak; plangintza estrategikoa eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.
– osasun publikoa: tresna metodologikoak (estatistika eta epidemiologia); plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia, ekitatea, adierazleak; gaixotasunak prebenitzeko eta horietatik babesteko estrategiak; osasuna sustatzea).
– zainketa aringarriak: alderdi kultural, sanitario, psikosozial, legal eta etikoak; zainketa aringarrietako zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.
– familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatu eta bultzatzea.
2.– Ikastaroek gutxienez 60 ECTS kredituko karga akademikoa izango dute eta titulua ofiziala zein propioa lortzera bideratuak izan daitezke.
3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.
2. artikulua.– Onuradunak.
Beka edo laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13. artikuluan xedatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain honako baldintzak betetzen dituztenek.
a) goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulua izatea.
b) beka edo laguntzarako eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.
c) 1. artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat burutzea.
d) ez egotea egoitza-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.
Gainera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera arauan eta deialdian ezarritako agiriak eta informazioa bidali beharko dute interesdunek; dena den, ez dute halakorik bidali beharko baldin eta administrazio jardulearen edozein organoren esku badaude eskatutako dokumentuak, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.
1.– Beka eta laguntza horiek finantzatzeko ehun eta zortzi mila eta hamar (108.010,00) euro erabiliko dira; horietatik laurogeita bat mila eta zortzi (81.008,00) euro 2018ko ekitaldiari dagozkio, eta hogeita zazpi mila eta bi (27.002,00) euro 2019koari.
2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka eta laguntzok.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako kategoria hauetan multzokatzen dira:
a) Beka: b) atalean adierazitakoez bestelako mantenu-gastuak eta prestakuntza-egonaldietan onuradunarekin bizi diren adin txikiko seme-alabek sortutako gastuak –bidaia izan ezik– ordaintzeko laguntza-osagarria hartzen ditu.
b) laguntza: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua eta ikasmateriala erosteko gastuak hartzen ditu.
2.– prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten duten pertsonek laguntzak soilik jaso ahalko dituzte, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenek laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte.
3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak:
a) ostatua: mila (1.000,00) euro hileko.
b) matrikula eta ikasmateriala: zortzi mila (8.000) euro.
c) bidaiak, guztira: bi mila (2.000) euro.
d) laguntza-osagarria: hirurehun (300) euro hileko seme-alaba bakoitzeko.
e) mantenua: bostehun (500,00) euro hileko.
f) beka edo laguntza, guztira, aipatu kontzeptu guztiak aintzat hartuta: mila eta bostehun (1.500,00) euro hileko.
4.– Beka edo laguntza gehienez ere urtebeterako emango da, baita egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-plana luzeagoa bada ere.
5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.
1.– Norgehiagoka-prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.
2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.
3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, honako ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:
a) Egingo den egonaldiak edo ikastaroak duen egokitasun-maila honako lehentasunezko arloekiko: zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa; osasun publikoa eta osasuna sustatu eta prebenitzea; zainketa aringarriak; kalitatea eta asistentzia-segurtasuna; kronikotasunaren, zahartzaroaren eta menpekotasunaren estrategia; familia eta komunitateko medikuntza; horren garapena sustatzea eta bultzatzea (30).
– egokitasun handia: 30.
– egokitasun ertaina: 15.
– egokitasun txikia: 5.
b) Egingo den egonaldi edo ikastaroaren prestakuntza-planak duen egokitasun-maila eskatzailearen lan-jarduerarekiko edo, eskatzailea langabezian badago, egin dituen ikasketekiko (30).
– egokitasun handia: 30.
– egokitasun ertaina: 15.
– egokitasun txikia: 5.
c) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20).
1) atzerriko unibertsitateetan emandako gradu-ondoko ikastaroetan izatea eta prestakuntza-egonaldiak egitea: ARWU Academic Ranking of World Universities sailkapenaren azken edizioan unibertsitate horrek duen postuaren arabera:
– lehenengo 100 postuen artean badago: 20.
– 101. eta 200. postuen artean badago: 15.
– 201. eta 300. postuen artean badago: 10.
– 301. eta 500. postuen artean badago: 5.
2) Estatuko unibertsitateek emandako gradu-ondoko ikastaroetan izatea: BBVA-IVIE Fundazioaren unibertsitate espainiarren U-sailkapenaren edizio eguneratuenean unibertsitateak duen mailaren arabera:
– lehenengo 3 mailak: 20.
– 4., 5., eta 6. mailak: 15.
– 7., 8., eta 9. mailak: 10.
– 10., eta 11. mailak: 5.
3) atzerriko unibertsitateaz kanpoko ikastegietan egindako prestakuntza-egonaldiak.
d) Eskatzailearen titulua/k (10).
– lizentziatura edo gradua: 5.
– masterra: 7.
– doktoretza: 10.
e) Euskadiko sistema sanitarioarekin duen lan-harremana eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen diren arteko datetan eskatzaileak (10).
– langile finkoa izatea edo espezialitatea –egoiliar gisa– amaitua izatea deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan: 10.
– bitartekoa: 5.
– behin-behinekoa edo ordezkoa: 2.
6. artikulua.– Eskabideak ebaluatu, zenbatekoak zehaztu eta ebazpena proposatzea.
1.– Eskabideak ebaluatzea, diru-laguntzen zenbateko indibidualak zehaztea eta diru-laguntza eman edo ukatu behar den proposatzea balorazio-batzordearen eginkizuna izango da. Batzordea artikulu honen 2., 3., eta 4. atalean xedatutakoaren arabera arituko da, eta honako hauek osatuko dute:
a) batzordeburu: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Miren Nekane Murga Eizagaechevarria.
b) bokalak: Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari Andoni Arcelay Salazar, eta Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburu Sebastian Martin Moreno.
c) idazkari: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikari Rafael Andrés Barruso.
2.– Eskabideak ebaluatzea eta zenbateko indibidualak zehaztea bi fasetan egingo da:
a) Lehenengo fasea: programa honen azken hiru (3) deialdietan beka edo laguntzarik lortu ez duten pertsonen edo, beka edo laguntza lortu izanik, 2017ko deialdian diruz lagundutako prestakuntza-jarduera batekin jarraitzeko beka- edo laguntza- eskabidea aurkeztu duten pertsonen eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.
b) Bigarren fasea: lehenengo faseko laguntzak emateko proposamenek ez badute aurrekontua agortu, gainerako eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.
3.– Eskabideak ebaluatu eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak honako hauek dira:
a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzenketa egiteko eskaria bete dela 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.
c) 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.
d) kanpoan uztea hirurogei (60) puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.
e) gutxienez hirurogei (60) puntu lortu dituzten eskabideei dagokien gastu diruz lagungarria kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin bat etorriko da.
f) zenbatekoak zehaztea, diruz lagun daitekeen gastuari honako portzentajeak aplikatuz.
– % 100: 85 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak.
– % 95: 70 eta 84 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.
– % 85: 60 eta 69 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak.
Diru-laguntzen lerro horretako laguntzen batura dagoen aurrekontua baino handiagoa bada, emandako laguntza bakoitza portzentaje berean gutxituko da.
4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, ebazpen-proposamena egin eta Osasuneko sailburuordeari bidaliko zaio. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira eskabide bakoitzari dagokionez:
a) diru-laguntza emango bazaio: onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta diru-laguntzaren zenbatekoa, kategoria zehaztuz.
b) diru-laguntza ez bazaio emango: eskatzailearen nortasuna, zer prestakuntza-jardueratarako egin duen eskaera, eta diru-laguntza ez emateko arrazoia.
7. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasuneko sailburuordeak ematen duen ebazpenarekin amaituko da prozedura, non 6.4 artikuluan zehaztutako datuak adieraziko baitira, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
2.– Ebazpena argitaratzeko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela.
3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Uko egitea.
Diru-laguntzari uko egin nahi dioten onuradunek diru-laguntzari uko egiteko idazki bat aurkeztu beharko diote Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren aurrean, 10.3 artikuluan ezarritako bideren bat erabilita, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar (10) eguneko epean.
Diru-laguntzari uko ez bazaio egiten epearen barruan, ulertuko da onuradunak diru-laguntza onartu egin duela, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketak arautzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluaren arabera.
9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.
1.– Bekak ez dira bateragarriak jarduera berbera finantzatzeko emandako bestelako diru-laguntzekin.
2.– Helburu bererako beste edozein diru-laguntzarekin bateragarria izango da laguntza hau, baina, guztizko zenbatekoak jarduerak sortzen dituen gastuak gainditzen baditu, emandako laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabidea egiteko, agindu honen eranskinetan jasota dauden eredu normalizatuak beteko dira –erabilgarri www.euskadi.eus webgunean– eta, horrekin batera, egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren prestakuntza-plana bidali beharko da, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.
Eskabidea aurkezteko egunean eskatzailea arlo sanitarioan ari bada lanean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; baimen horretan adieraziko da prestakuntza-egonaldiak edo gradu-ondoko ikastaroak eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duen egokitzapen-maila: handia, ertaina edo txikia.
– eranskinean jasota dauden eredu normalizatuak betetzea:
– eskabide-eredua eta, horrekin batera, eskatzailearen erantzukizun-adierazpena, non adieraziko baitu diru-laguntza hauen onuradun izateko deialdiaren oinarrietan eta indarreko araudian ezarritako baldintzak eta aipatutako I. eranskinean zerrendatutako betebeharrak betetzen dituela, horixe xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak.
– gogobetetze-mailaren galdetegia.
– prestakuntza-egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren prestakuntza-plana, non honako hauek jasoko baitira:
– egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren programa.
– programaren edukia.
– zer jarduera hartzen dituen.
– eskatzailearen curriculuma.
2.– Prestakuntza-jarduera bat baino gehiagorako diru-laguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.
3.– Eskabideak aurkez daitezke:
a) bitarteko elektronikoz, www.euskadi.eus webgunean.
b) bertaratuta: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten diren erregistro-bulegoetan.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar egun emango zaizkio interesdunari akatsak konpon ditzan, eta jakinaraziko zaio konpondu ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.
11. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Egin beharreko jarduera egin eta hura finantzatzeko funtsak horretarako erabili izana justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren aurrean, beken zein laguntzen kasuan:
– egindako gastuen zerrenda eta dagozkien fakturak eta ordain-agiriak.
– azken txostena, egindako prestakuntza-jardueraren deskribapen zehatza jasotzen duena.
– gogobetetze-mailaren galdetegia, III. eranskinean zehazten dena.
– zentroak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.
2.– Agiriak 2019ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira, 10.3 artikuluan ezarritako moduren batean.
12. artikulua.– Ordainketa.
Ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) 8. artikuluan zehaztutako epea igaro eta gero ordainduko da.
b) Gainerakoa, 11.1 artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztu eta gero ordainduko da.
Salbuespenez laguntzaren % 75 aldez aurretik ordaintzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1.h) artikuluari jarraituz egingo da.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek indarreko lege- eta erregelamendu-arauak eta agindu honetako artikuluek ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta bere gain hartzen dute honako konpromisoa:
a) beka edo laguntza jaso izanaren adierazpena jasotzea diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egin ondorengo hedapen-agiri edo -ekintzetan.
b) diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabiltzeko aukera ematea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, bere hedapen eta komunikazio korporatiboko planak lantzeko, eta parte hartzea hark antolatzen dituen hedapen-ekintzetan.
c) jardueraren garapenari buruzko hiruhileko txosten bat bidaltzea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, baldin eta jarduera gauzatzeko epea hiru (3) hiletik gorakoa bada.
Gainera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, honako hauek bereziki:
a) jarduera burutzea edo diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.
b) diru-laguntza ematen duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza jasotzeko edo baliatzeko ezarritako betekizun edo baldintza guztiak betetzen dituela, eta egin beharreko jarduna egin duela.
c) diru-laguntza ematen duen erakundeak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketen mende geratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketen mende eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitako jardueren mende ere.
d) laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik bestelako diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.
e) diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea laguntza eman dion erakundeari.
Era berean, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, esaterako:
a) jasotako diru-laguntza zertan erabili den justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
b) jasotako funtsak itzultzea Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluaren arabera, diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzeak eta, nolanahi ere, helburu berarekin bestelako herri-administrazio, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzak edo diru-laguntzak onartzeak diru-laguntza baimendu eta xedatzeko agindua aldatzea ekar dezake, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 19.4 artikuluaren arabera. Bestalde, proiektuaren testuak diru-laguntza aldatzeko aukera ematen du baldin eta haren helburua betetzen bada eta aldi berean beste laguntza batzuk lortzen badira. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du gutxitze- edo ukatze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hura ebaztekoa.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna, edo agindu honetan nahiz aplika daitekeen gainerako araudian edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osasuneko sailburuak ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak –diru-laguntza ordaindu zenez geroztikoak– Euskal Autonomia Erkidegoko Altxortegi Orokorrera itzuli behar direla, hargatik eragotzi gabe bidezkoak izan litezkeen gainerako ekintzak.
Dirua itzuli behar izanez gero, jasotako zenbatekoa osorik edo zati batean eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.3 artikuluaren arabera. Gainera, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikuluak itzulketa partziala aitortu eta horretarako mailakatze-irizpideak ezartzen ditu.
Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta hauxe izango dute erantzukizun-araubide: Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa.
16. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu honetan aurreikusitako bekak edo laguntzak eskatzean emandako datuak ez zaizkie emango hirugarren pertsona edo erakundeei, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak erabili ahalko ditu datu horiek, eskatutako laguntzak kudeatzeko soilik; zuzendaritza hori izango da datuen trataeraren erantzule, eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoak eta 2016/679 Erregelamenduak (EB) xedatutakoaren mende egongo da. Nahi dutenek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzakete, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko diote Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta berau garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezarritakoa aplikatuko zaie. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 18a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.