137. zk., 2018ko uztailaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (349 KB - 7 orri.)
- EPUB (418 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3694
EBAZPENA, 2018ko ekainaren 18koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, zeinaren bidez zehazten baita zein diren 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako arau teknikoekin bat ez datozen goi-tentsioko aireko linea elektrikoak.
Energia-eskari gero eta handiagoak natura-ingurunean linea elektriko gehiago jartzea dakar, eta horrek elektrokuzio- eta talka-arrisku handia eragiten dio hegazti-faunari. Gaur egun, arazo horixe da ornodun-multzo honen hilkortasun ez-naturalaren arrazoi nagusietako bat.
Aipatutako azpiegiturek hegaztiei eragiten dizkieten eragin negatiboak gutxitzeko, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua argitaratu zen, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena.
Arau horren esparruan, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Agindua onartu zen. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratzen dira –non aplikatuko baitira ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako neurriak–, baita baldintza hauek ezartzen ere:
a) Derrigorrezkoak izango dira goi-tentsioko aireko linea berrietan edo aipatutako 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan sartzerakoan betearazpen-proiektu onarturik ez dutenetan, bai eta dagoeneko badauden goi-tentsioko linea elektrikoen hedapen eta aldaketetan ere.
b) Aipatutako agindua indarrean sartzerakoan bazeuden goi-tentsioko aireko linea elektrikoetarako, derrigorrezkoak izango dira elektrokuzioaren aurkako babes-neurriak; talken aurkako babes-neurriak, berriz, borondatezkoak izango dira.
2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten da Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak ezarriko duela, ebazpen bidez, dauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoetatik zein ez datozen bat 1432/2008 Errege Dekretuaren eranskinak ezarritako arau teknikoekin. Horren ondorioz, horrela zehaztutako lineen titularrek urtebeteko epea izango dute, eskudun organoaren aurrean, horiek egokitzeko proiektua aurkezteko, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hori aipatutako Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan eskatutakoari erantzuteko eta hori betetzeko.
Lehendik zeuden linea elektrikoak identifikatzeko lan teknikoa amaitutakoan, eta lehendik zeuden lineetatik Errege Dekretuaren 5.2 artikuluak eta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bigarren xedapen gehigarriak zein eragiten dituen zuzenean jakinarazi eta EHAAn argitaratu baino lehen, linea elektrikoen titularrei entzunaldiko izapidea eman zitzaien, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 4ko ebazpenaren bidez, zuzenbidearen arabera zegokiena alegatu ahal izan zezaten.
Aipatutako ebazpenak ezarritako hilabeteko aldia igarota, Iberdrola Distribución Eléctrica (IDE) eta Red Eléctrica de España (REE) enpresek, 2017an, Eusko Jaurlaritzari igorritako informazioa aztertu zen. Babes-eremuetako goi-tentsioko aireko lineen inbentarioa zein arrisku-diagnostikoa eta kartografia, kategoriaren eta jabetzaren arabera, eguneratu ondoren, eta 1432/2008 Errege Dekretuaren 5.2 artikulua aplikatuz, autonomia-erkidegoko eskudun organoak arrazoietan oinarritutako ebazpena jakinarazi behar die titularrei, eta hura dagokion egunkari ofizialean argitaratu behar du. Ebazpen horren bidez Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan zein haren eranskinean ezarritako arau teknikoekin zer linea elektriko ez datozen bat zehaztuko du, eta haietan, gainera, jarduteko lehentasuna ere ezarriko du.
Azaldutakoagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 9.1.g) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagokionez, eta zehazki, haren Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoa dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan xedatutakoa betez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onestea lehendik dauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoetatik abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan eta eranskinean ezarritako arau teknikoekin bat ez datozenen zerrenda (dekretu horren bidez, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dira), betiere linea horiek aipatutako Errege Dekretuan talken eta elektrokuzioen aurka babesteko ezarritako neurriak aplikatzekoak diren EAEko hegazti-faunaren babes-eremuetan badaude, eta tentsio izendatuaren eta jardun-lehentasunaren arabera ordenatuta.
Bigarrena.– Zerrenda hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, ebazpen honen eranskin gisa, 1432/2008 Errege Dekretuaren 5.2 artikulua betez.
Hirugarrena.– Lineen jabetza duten pertsonei edo erakundeei jakinarazpena bidaltzea, urtebeteko epearen barruan, ebazpena jakinarazten denetik, haiek egokitzeko proiektu egokia aurkez dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 18a.
Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria,
AITOR ZULUETA TELLERIA.