Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2018ko uztailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3418

AGINDUA, 2018ko ekainaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzak ematea arautzen baita, 2018ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko toki-eremuan jarduera fisikoa sustatzeko.

Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren atalak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasun-arloko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek osasunaren eta osasungarritasunaren kontrolerako eskumenak gauzatuko dituzte, zehazki antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoak haiei eskuordetutako eskumenak ere gauzatuko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira halako jarduera guztietan, eta EAEko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-mailako ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko osasun-sistemako langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatuko dira, eta, hala badagokio, behar diren koordinazio-organo espezifikoak sortuko.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, zenbait arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak toki-eremuan ematen dira; hortaz, politika horiek koordinatuz gero, sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea toki-eremuko jardueretan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako lan-eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Politika guztietan, osasun-estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

Jarduera fisikoa egiten ematen dugun denbora gehituz eta jarduera sedentarioetan ematen dugun denbora gutxituz, populazio aktiboagoa lortuko dugu; horrenbestez, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: biztanleen etengabeko zahartzea eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.

2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera. Proposatutako ekintzetako bat da sareak sortzea, hain zuzen ere tokian-tokian jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak koordinatzeko.

Osasun sailburuaren 2018ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez, zeina martxoaren 27ko Aginduaz aldatu egin baitzen, Osasun Sailaren 2018ko diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zen, eta euskadi.eus egoitza elektronikoan argitaratu zen. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.2 epigrafean, honako hau jasotzen da. «Jarduera fisikoa sustatzeko diru-laguntzak».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 2ko 5/2017 Legean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Horregatik, eta aurreko urteetako esperientzia oinarri hartuta, deialdi honen ardatza izango da herritarren egunerokotasunean jarduera fisikoa sustatzea eta toki-sareak ehuntzen laguntzea, gune modukoak izango direnak jarduera fisikoa sustatzeko gainerako estrategiak antolatzeko.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Diru-laguntzaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, tokiko erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako diru-laguntzak arautzea, helburu honekin: 2018an, jarduera fisikoa sustatzeko proiektuak garatzea, ingurune egokiak sortuz eta tokian-tokian ekintza komunitarioa sendotuz.

2.– Laguntza hauen xedea da honako hauek finantzatzea 2018ko ekitaldian:

a) Hirietan eta hiri-inguruetan ibilbideak edo pasealekuak egokitzeko eta dinamizatzeko programak eta esku-hartzeak, herritar guztiei zuzenduak; ibilbide horiek seguruak izango dira eta behar bezala seinaleztatuta egongo dira, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa errazteko eta aisialdi aktiboa sustatzeko.

b) Tokiko sare bat sortzeko beharrezkoak diren jarduerak. Tokian-tokian jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak lehenetsi, planifikatu eta garatuko ditu sare horrek, partaidetza-prozesuen bidez.

Tokiko sare bat egitura barnerakoi eta partaidetzazko bat da, komunitateko hainbat eragile biltzen dituena, hala nola administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasuna, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek eska ditzakete jarduera fisikoa sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko diru-laguntzak: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, tokiko erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.

2.– Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete beharko dituzte: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea diru-laguntzaren xedea den jarduera egiteko; egunean egotea Gizarte Segurantzari eta Ogasunari egin beharreko ordainketetan, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.

3.– Erakundeek, onuradun izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betekizunak bete behar dituzte; besteak beste, egunean egotea diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharren ordainketan.

3. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1. artikuluan adierazitako jarduera espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, berrehun eta laurogeita hamabi mila (292.000) eurokoa izango da.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezke honako jarduketak direla-eta sortutako gastuak:

a) Ibilbideak seinaleztatzea.

b) Ibilbideak egokitzea, erabiltzaileentzako seguruagoak, erakargarriagoak eta iristen errazagoak izan daitezen. Honako hauek barne hartzen dira: eserlekuak, iturriak, zuhaiztiak edo komunak, beste batzuen artean.

c) Ibilbideak dinamizatzea, gidatutako ibilaldiak antolatuz, ibiltari-taldeak gidatzeko pertsona boluntarioak prestatuz, jardunaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatuz, herritarrek ibilbide horietan parte har dezaten.

d) Horma-irudiak eta bestelako publizitate-euskarriak sortu eta jartzea, ibilbideari eta jarduera fisikoak eta ibiltzeak dakartzaten onurei buruzko informazioa emateko.

e) Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak dinamizatzea, komunitateko eragileak erakartzeko eta gizarte-sareak sortzea ahalbidetuko duten loturak ezartzeko.

f) Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak dinamizatzea, hain zuzen ere tokiko sareei laguntza emateko jarduerak lehenesten eta jarduera horiek martxan jartzea erraztuko duten premiak eta baliabide komunitarioak antzematen.

g) Toki-hedabideetan zabaltzea burutzen ari diren jardueren berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Langile-kostuak ordaintzekoak.

b) Banku-kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

c) Bestelako gastuak, baldin eta, balioespen-batzordearen ustez, laguntzaren xedearekin edo jardueraren exekuzioarekin bat ez badatoz, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak badira.

5. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa).

2.– Lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Diru-laguntzek honako gehienezko zenbatekoak errespetatu beharko dituzte:

a) 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 20 eman daiteke, eta gehienez ere 8.000 euro proiektuko.

b) 7.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, gehienez ere, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 50 eman daiteke, eta gehienez ere 8.000 euro proiektuko.

c) 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan edo udalerriz gaindiko erakundeetan, diruz lagundu daitezken gastuen zenbatekoaren % 80 eman daiteke, gehienez ere 8.000 euro proiektuko.

2.– Udalerri bakoitzeko biztanle-kopurua Eustaten datu berrienetatik aterako da.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean–, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jardueraren azalpen-memoria, agindu honen I. eranskinean adierazitakoari jarraikiz, behar bezala beteta. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 21. artikuluan, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoan, adierazitako moduan.

b) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den diru-laguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta jarduera finantzatzeko erakunde eskatzaileak egingo duen ekarpenarena, bestetik.

c) Tokiko sare batek koordinatzen badu proiektua, eta sare hori gizarteko, hezkuntzako, osasuneko eta/edo arlo soziosanitarioko eragile komunitarioek osatzen badute, azalpen-txosten bat aurkeztu beharko da, partaide diren alderdi guztiek izenpetuta, akordio hori justifikatzeko; txostenean, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:

● Agiria/Akta, non jasotzen baita dagokion udalerrian tokiko sarea edo sektorearteko koordinazio-mahaia eratu dela, honako hauek zehaztuta: ordezkatutako eragileak, osaera eta eratze-eguna.

● Jarduera-kronograma.

d) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gainera, jarduera gauzatuko den udalerrietako osoko bilkuraren edo osoko bilkuren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.

e) Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Proiektu bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen izapide elektronikoei buruzko 21.4 artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko dio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; horretarako, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako eran.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrez.

Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7. artikuluaren d) eta e) letretan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli behar duela diru-laguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeari dagokionez: 20 puntu, gehienez.

○ Proposatutako jardueraren justifikazioa, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta: 5 puntu, gehienez.

○ Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak: 5 puntu, gehienez.

○ Jarduera garatzeko faseen deskribapena: 5 puntu, gehienez.

○ Jarduera ebaluatzeko proposamena: 5 puntu, gehienez.

b) Ibilbideen egokitasuna eta dinamizazioa: 30 puntu, gehienez.

● Seinaleak: ibilbideak aurkitzeko seinaleak, osasunerako onurei buruzko seinaleak eta ikusteko moduko planoak, oinezkoek ibilbidea egiteko beharko duten denbora eta distantziak ageri dituztela: 10 puntu, gehienez.

● Zabalkundea: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, toki-hedabideetan publizitatea egitea: 10 puntu, gehienez.

● Beste eragile komunitario batzuekin koordinatzea, izan gizarte, hezkuntza, osasun eta/edo arlo soziosanitariokoak:

○ Eragile bakar batekin koordinatzea: 5 puntu, gehienez.

○ Eragile birekin edo gehiagorekin koordinatzea: 10 puntu, gehienez.

c) Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoa baliatzea, tokiko sareak sortu eta dinamizatzeko: 40 puntu, gehienez.

● Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak erabiltzea, tokiko sarea sortzeko prozesuan: 10 puntu, gehienez.

● Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak erabiltzea, komunitatearen premiak eta baliabideak identifikatzeko: 15 puntu, gehienez.

● Prozesu integratzaile eta partaidetzazkoak erabiltzea, jarduerak lehenetsi eta abian jartzeko: 15 puntu, gehienez.

d) Desberdintasun sozioekonomikoetan, genero-desberdintasunetan eta beste batzuetan arreta berezia jartzea: 10 puntu, gehienez.

● Desberdintasun sozioekonomikoak, gabezia-indizearen arabera neurtuak: 5 puntu, gehienez.

○ 1. gabezia-kintila: 1 puntu.

○ 2. gabezia-kintila: 2 puntu.

○ 3. gabezia-kintila: 3 puntu.

○ 4. gabezia-kintila: 4 puntu.

○ 5. gabezia-kintila: 5 puntu.

● Bestelako desberdintasunak (generoa, desgaitasuna, immigrazioa, etab.): 5 puntu, gehienez.

2.– Honako proiektu hauek bakarrik lagunduko dira diruz: guztira, 30 puntu edo gehiago eta a) atalean gutxienez 15 puntu lortzen dutenak.

12. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Miren Dorronsoro Iraeta andrea), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jn., Elena Albisua Cortazar and., Juan Carlos Fernández Crespo jn.).

2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.

6.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

7.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta han, honako hauek adieraziko dizkio: zer diru-laguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, finantzatuko den proiektu bakoitzari zenbat diru emango zaion eta, hala badagokio, zein diren diru-laguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta ematen den ebazpenean interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako diru-laguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakunde onuradunak, guztira zenbateko diru-laguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Prozedura ebatzi eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaio eskatzaile bakoitzari, modu elektronikoan.

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, izapide elektronikoei buruzko 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoko II. eranskinean jasotakoa.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.

c) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Agiri horiek egiaztatu behar dute diru-laguntza benetan ordaindu dela eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

e) Agiri osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk.

2.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2018. urtean sortutakoak badira.

3.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 31n amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

4.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 21.5 artikuluan azaltzen den moduan.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa zuzendu edo falta diren agiriak aurkez ditzan.

Errekerimendu hori ez badu betetzen garaiz eta forman, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

% 70 laguntza ematen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta onuradunak laguntza onartu ondoren.

Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, erakunde onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak ezarritakoa, agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek, diru-laguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean, berariaz laguntzari uko egiten ez badiote.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.

c) Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

d) Helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

e) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharko dute diru-laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

f) Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne– bost urtez gorde behar dituzte, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

h) Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://goo.gl/z10BRe

i) Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango diote Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

j) Erakunde eskatzailearen eta haren jardueren publizitatea baliabide komunitario gisa egitea Euskadi aktiboa plataformaren bitartez, https://goo.gl/KgiJDUweb orrian.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero diru-laguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, diru-laguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diru-laguntza jaso duen jardueraren segimendua.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasotzen dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 4ko Aginduan jasotzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak (EHAA, 201. zk, 2017ko urriaren 21ekoa, eta 220. zk., 2017ko azaroaren 17koa) Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/A544R9

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/pLkRtJ

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutza-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horretako a) atalean aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta burutuko du itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluak ezarritakoa aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 13a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala